www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ezkontza

 

        Etxezuriko neskatilla ez zan motza, polita baiño. Aren ederrari nengoan aldi luzeetan, baita beste bat be. Basetxe andiko semea zan ezkero, Joseberen ameak ez eutson begikuna txarra egiten, ezta erdirik be! Alabeak ostera neuri begiratuten eustan, beste morroskoari baiño kutunkiago.

        Zelan baiña, bidetik kenduko neban jauntzaren semea? Ez zan erreza be. Ameak ez eutson itzai ardura andirik egiten, txindi otsai baiño. Landa zabalak ikusten ebazan neure arerioren eskuetan. Mendietan be; nai aiña, beiak eta idiak eta erdiak, bazkatuteko. Zaldi zuurrak eukazan arek, aizea be atzean itxiten ebenak.

        Burruka gorria asi genduan ba, bion artean.

        —Kenduko zaitut, laster kendu be, astotzar ori —esan neutson olako baten.

        —Tximiño aurpegi orregaz nor kenduko dok ik! Joten ba aut...

        —Uste dok lau txanpon daukokalako erregea baiño gorengoa azala... Lelotzar jebo ori.

        Egunak aurrera egiten eben eta aldia galduten egoteko gurarik ez neukon. Erabaki bear zan gauza a. Joseberi itz asko esan neutsozan, baiña alperrik. Ameak esaten eutsona egin bear ebala, berak iñostan.

        Amaikatxo gauza bururatu jatazan. Etsai areri tiro bat emongo ez ete neutson? Ez zan bidezkoa ori. Ezkongaia ostu eta neurekin eroango ete neban urrusera? Txakurkeri bat zan au be. Txindi billa urrunera joan eta aberastu ostean eskatuko neban aren eskua. Baiña artean ezkonduten bazan? Buruko min asko nerabillan. Azkenean auxe egin neban. Ondo edo txarto egiña dan zeuk erabagi, irakurle.

        Gaba askotan neure aurkakoa joaten zan Joseberen leiora, neu be bai batzuetan. Aren ameak laster susmatu eban ni an negoala ta deadarka jaurtiten ninduan. Bestearentzat labankeri asko eukon.

        Olako baten eldu nintzan leiora, baina otsik ez neban egin. Eta an atzamar luzea sartu agora ta tripak jaurti arte ekin neban. Gomitau neban guztia. Ardao askotxo edan nebalako, dana egoan loi ta zikin. Mozkorti galanta izango zan an oka egin ebana.

        Urrengo egunean goizetik jagi nintzan eta Joseberen etxeruntz niñoian. Jaupatik etorren neskatilla aren amea.

        —Egun on.

        —Jaungoikoak emon.

        —Etxera ezta, etxera?

        —Bai etxera.

        —Aro ederra dauko ta.

        —Bai aro ederra daukagu.

        —Eta bart zer jazo zan zuen etxe ondoan edo? Lotsagarria da gero olako bateri etxe ondora etorten itzitea be!

        —Zer dinostazu? Bart zer jazo da geure etxean ba?

        —Ez dakizu ezer? Alabearen ama ona zagoz! Erri guztian zabaldu da or jazo dana.

        —Mesedez esan egistazu. Larri-larri nago.

        —Oraintxe ikusiko dogu zer jazo dan. Goazen zuen etxe ondora. Antxe idoroko doguz atzoko jazokunaren urratzen batzuk.

        Arin-arin egin genduan Joseberen etxeragiño. Ama gaixoa larri etorren neuk esan neutsozanak entzun ostean.

        —Ikusten dozu au? —Joseberen leio azpira begira esan neutson.

        —Au da txarrikeria! Mozkorti galantak ibilli dira bart emen. Jesus! Nortzuk baina ausartu dira neure etxeragiño etorten olan?

        —Ara an goian dagoan jauntzea. Ango mutilla emen izan zan bart. Illuntzean ikusi neban mozkor ikaragarri bategaz. Oka egin dau emen gero. Lotsarik be ez dauko. Igande guztietan mozkortuta dabil.

        Joseberen ameak ixillik entzun eustan guztia. Ikaratuta egoan. Bere alabearentzat autatu eban mutilla mozkortia zala jakin eban. Ziñaldari antxe egoan txarrikeri guztia.

        —Gura dozu geure etxean sartu?

        —Pozik be bai!

        —Erdu ba, batek edo batek pozik ikusiko zaitualako.

        Alantxe izan zan. Josebek pozik artu ninduan. Laster ezkontzako arazoak zuzendu ta bakea. Martin neure etsaia ikusten dauan bakoitzean amaginarrebak «pug» egiten deutso. Mozkorti bat dalakoan dauko. Egia baleki!

1931-XII-13

 

aurrekoa hurrengoa