www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Joko barria

 

        —Yo-yo barik zatorz? —itaundu deuste. Baiña batere barik ez naz etorri. Ondartzetan beste gauzarik ez bada ikusten izan! Zer dan?

        —C'est le yo-yo —ots egiten eban oraingo ume madari batek. Bere ondoan speaker bat eroian. Eta onen itzak dancing barruan entzuten ziran bitartean, praka zuridun jersey oztindun gazteak jolas eragion yo-yo bati.

        Zura edo ool bi erditik lotuta dagoz. Zura orrein erdikoa, burdiaren ardatza edo gurtzillaren antzekoa da. Lokitxo bategaz ardatza lotu ta dantzarazten jako ezerez dan ooltxoari. Atzamar baten bidez lokiari eragin eta zura ikotika dabil.

        Gauza erraza dala esan bearko. Baiña zail egiten da, asieran beintzat. Gizonezkoak eta andrazkoak, zaarrak eta gazteak beste zeregiñik ez dabe izan.

        Edonon yo-yo bat ikusten zan. Ondartzan erdi billozik ziranak bere, joko barri au erabillen. Nork esan orregaz jolastu daikenik? Eta olakoxea dozu gizakumea.

        Gizonaren gogoan biurri asko aurkitu gurarik ibilten gara, baiña ez dago ume baten bakantasuna baiño. Loki zati bategaz eta zuratxo bigaz, ederto jolastuten izan dira ondartzako notiñak.

        Eurentzat beste buruko miñik ez dago. Laterriak nora jo ez dakiela, batzar lebadunak egiten ibilliko ziran. Lan urritasunari bide bat emoteko ustez, beste asko neketuko ziran. Baina yo-yo bat artu eskuan eta udea igaroten izan diranak, jolas ta jolas egon dira. Zertarako buruak neketu? Joko au nondik sortu dan be ez dakie. Zer egin ez dakiela edestia idazten asten diranak, yo-yotzaz idazten ekingo dabe. Japondarrak asmau ei eben.

        Olako joko gatz bakoak ostera, edonon dira. Aldia igaroteko joko bat edo arazo bat bear izaten doguz. Garrantzirik ez badauko, obeto. Oraingoan elburu bati dagoz geienak: ondoen zelan orduak igaroko dabenentz.

        Eta orretarako batzuk artaziakaz ingiak ebagiten dagoz. Beste batzuk ondartzako areaz pilloak egiten, gero ostikada bategaz dana ezereztuteko. Lokarnon batzen dira gizon bizardunak bere besterik ez dagie. Aldia olantxe igaroten dabela ondoen, eta an dagoz. Laterrietako goraberarik ez dabe aztertuten, baiña eurak ederto egunak eta gabak igaroten dabez. Aldakuntzarik ez dago yo-yo bategaz jolastuten diranen eta beste gizon ben-ben onein artean.

        Gizadiari onik ez dakartsola yo-yo batek? Bai, arranotan. Oldar edo une baten zoriontsu badira ainbat zaar eta gazte jokotxo onegaz, naiko onurarik ekarri dakar.

        Bizitzea naastu gura deuskue batzuk, baiña bakantasunera joten dogu. Gauza argia baiño argiagoa dalako bizitzea. Aal danik ondoen igaro unea ta kito. Akeita-etxean aspertuten dira batzuk eta idaztiak egiten doaz. Ez daukoe neke andirik. Beste batzuk bakean egon eziñik, errietan dabiltz. Baiña iñork ez dau bere izatearen aurkako lanik artuten.

        Zeure jolaskide izan dala beste gomutarik ez dau izango. Eta yo-yo jokotxo au goralduteko dantza-eresia bere egin deutsoe. Le yo-yo stop ots egin eta ereslariak asiko jatzuz soiñu utsean.

        Emakume lodikoteak bere etxera eroaten izan dabe irakasle bat. Yo-yo jokoa ikasi gura eben. Mackinzie irakaslea Biarritzen izan da. Europako gizonik ben-benenak antxe egozan begiak zabalik, loki baten dantzan ebillan ooltxoari adi-adi. Oraingo artegatasuna edo ikusten eben jolas orretan?

        Yo-yo bat erosteko aolkua guztiontzat. Nekeko ordu luzeetan, zer egin ez dakizuenetan, jolas ori artu ta aldia igaroko dozue.       

        Beste zeregiñik zer daukagu ba? Bazterretan gosea dala? Ara izparra. Ardurarik ez deust orrek. Aberri bat iñoren menpean datzala? Kendu, kendu olako oldozkunak eta artu yo-yo bat eta jolastu zadi. Jolas ordu guztietan eta egun osoan. Bizitea jolas bat baiño ez dalako.

        Ondartzan etzunik eta yo-yo bategaz ibilli diranak, joango ziran euren etxeetara. Goserik igaro ba daben edo ez, gomutan ez daukoe. Jolastu dirala ostera, gomutan daukoe.

1932-X-5

 

aurrekoa hurrengoa