www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Muslariak

 

        Geure erritxoetan musean ondo jokatuten dabenak eurrez dira. Txapelketak sarri izaten dira. Igande arratsaldeetan ardandegian sartuten jatzuz agureak eta txikitotxo bana artuten daben artean eta pipeari tiratu, or dabiltz mus ta mus.

        —Lau txikerrera! batek esaten dauanerako, besteak, lau geiago, erantzuten deutso. Aundia pasoan jaonda. Iru errege daukozanak, txikira jo dau, gero pareetara elduteko.

        —Parea bai.

        —Bai.

        —Bost enbido! Bostak gura!

        —Jokorik ez. Zer? Jokorik ez ta zeuk kendu eskua? Zelako muslaria zara zeu gero!

        —Jokoa bai. Albokoak bere ba dauko.

        —Orduan iru! Irurak gura!

        Olantxe igaroten dabe aldia geure agureak eta agure ez diranak. Amaikatxo tranpa ta ziri alkarri sartuten deutsez. Eta bapo arratsaldea igaro be. Baiña agure orreik gauza bat daukoe begietan. Eurak baiño obarik ez dagoala ludian. Agure bati ez egiozu esan txarto jokatuten dauala. Asarre jarriko jatzu.

        Euren panparroikeriak zabalduten dabiltz beti. Olakoxe bat egoan geure itxasertzeko uritxo baten be. Gizon ona zan onik badago, baiña muslari puntarengoa zala ta, bere purrustadeak anditxoak ziran.

        —Ondiño batzokian akeita zenbat ordainduten dan ez dakit, esaten eban arrotxo. Eta egunero akeita artuten eban. Itz orreikaz azalduten eban berak musean irabazten ebala.

        Bere lagun zanak be askotxori musean egin gura izaten eutsen. Biak ei ziran txapeldun. Eta erri guztikoak bildurturik eukezan. Olako baten musean sekulan egin ez dauan gazte batek, berak egingo deutsela esan eutsen.

        —Kendu adi ortik, txotxo, i ez az guretzako ta! —erantzun eutsen eurak.

        Baiña artu lagun bat eta asi ziran musean.

        Geure muslariak egun aretan akeita, txola ta txokorra artu ebezan, besteak ordainduteko zirala ta. Gazteak be akeita ta txola, onen lagunak ostera irurak.

        Batzokikoak ez eban irabazte makala euki. Asi jatzuzan jokoan laurok. Zaarrak beti tranpakaz ta kíñuakaz. Eskuari beti kenduten eutsoen bada ezpadan. Asikerean eurak ziran buru. Arein pozak eta barreak! «Zoaze» esaten eutsoen gazteai, «zoaze ta ordaindu bakean, ezpabe emen galduko dozuez zeuen ogasunak».

        Besteak ekin eta ekin. «Ez ba, zuei irabazteko aiña ba gozak eta!» Joko bi ta baperez ziran.

        Nork sosegau agureak? Alkarri begiratu ta barre egiten eben. Txola be iñoz baiño gozoago ei egoan. Alako akeitik ez ebela artu bizitzean esaten eben.

        Irugarren jokaldian asi ziraneko, gazteok bizkortu zíran eta rapa-rapa irabazi eutsen. Bigarrena be bardin. Zaarren zaratak! «Euk daukozak erruak. Joko barik kenduko dok ba! Iru errege daukozala ta, neuri esan barik pareetara gura izango eutsen ba!».

        Alkarri errua jaurtiten eutsen.

        Gazteak barre. Zer egingo eben ba? Barre ta ondo jokatu.

        Iru jokoak erraz irabazi eutsezan zaarroi. An izan ziran barreak ta pozak kaian be entzun ziran! Ixillik ordaindu eben, lenengoz seguru be, akeita, txola ta txokorra. Propina andirik ez eutsoen emon batzokiko neskameari. Tripak jaten ei dabez orain.

        Ikasi dabe eurak baiño obeak be ba dirala ludion!

1932-X-23

 

aurrekoa hurrengoa