www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eztabaidea

 

        Idi buzterria askatu eban eta golde ondoan itzi ebazan idi ta buzterria. Narru ganean ostera, prontera biak euren borla gorriakaz. Soi galanta atera eban eta atsegiñez beterik geratu zan geure Peru. Oillo batzuk ar baten ebiltzan. Garia erein bear danean ixo-ixoka ibilli bearra dago, baiña oraingoan ez eben kalterik egiten.

        Idi biok munaz muna ibilli ziran bitartean, gure Peruk, akulu kontra bere gorputza ebala, zuur begiratuten eutsen. Alboko sekulabedarra jan ez egien be. Naiko drogarik eukan Txomin Errotazurikoagaz!

        Alako arratsalde epelak! Mendi areitako geriza jausten zan ibar ganetara. Etorriko ete zan abogadua? Orretan geratu ziran goizean ba. Aztrapalada utsa erabilli eben alkar artean. Eta guztiak solo ertz bategaitik!

        —Papelak neurea dala diñoe.

        —Zereko papelak! Iñuzentetzat naukozu ala? Neure aititari entzuna daukotsat solo au Errotazurikoena dala. Erremata baten erosia. Entzun dozu?

        —Zer entzun eta entzun ez! Lur bazter onegaitik ez deust ardurarik, baiña ez zara zeureaz urtengo. Ez, barrabas bazara be!

        —Zeu lako astokillo batek ez deust ba burlarik egingo! Kalabaza bi ereiteko aiña ez da lur au, baiña milla erreal gastauteko be prest nago.

        —Nik bi milla gastauko dodaz.

        —Bi milla ez daukozuz pintauta be!

        —Ez, zeuenean dagoz! Ugerra baiño ez daukozue ta!

        Olakoxe asarrakuntza gorria izan eben gure gizonok. Solo artean egoan gizalan lauren bategaitik burrukan ebiltzan. Norena zan? Ez dakigu! Baiña urrengo egunean gure Peru ta Txomin erriko estaziñoan egon ziran. Brusa be barriena ekarren. Alkarri berbarik be ez eutsoen egin. Ondo ekien norantza joiazan! Zorioneko abogaduren baten billa! Demandea sortu bear zala ta...

        Bilbora eldu ziranean, bata Askaotik eta bestea Arenal aldetik aldendu ziran. Non egon ziran ez dakigu. Somerako zein tabernatan bazkaldu ziran bere ez. Jakizu! Markosenean edo. Dana dala, arratsaldeko irurak inguruan estaziñoan egozan puru eder banari tira ta tira.

        Alkarri egin eutsoen begirakuneak zeozer esan gura eban: Ikusiko dok txarri orrek! edo olakoren bat zan.

 

 

II

 

        Ori jazo zanetik ainbat egun igasi ziran. Peruk gomutan eukan, orregaitik illun begiratzen eutsen idiai. Alboko solora sortu zan «Gorri» eta ikaragarrizko sokilla jaurti eutson. Tripe-tripean jo be egin eban jo! «Zentailla ori, joaten banok orra!» egin eta atera eban idia auzoko solotik.

        Onetan dagoala, Txomin eta kapeladun bat agertu ziran. «Nora demoniño doaz eurok gero? Ori Txomin ori intentziño txarreko gizona da, izan be!» Esku zabala imiñi bekoki ganean eta urrunera begira jarri zan. «Zer? Orixe ez da don Bernardo abogadua? Bai zentailletan! Neure abogaduagaz jatork txakur peste ori!».

        Olako pentsamentuetan egoan bitartean, gure Txomin eldu zan eta asi jakon solo bazterreko kontuak kontetan beragaz etorran abogaduari.

        —Ara jauna, auxe bazter au da. Papelak neurea dala diñoe. Orrek bestaldeko orrek, barriz, berea dala diraust. Deituko deutsat ala?

        —Bai, dei egiozu. Ia zer diñoan...

        Gure Peru etorri zan idiak bertanbera itxita. Txapela kenduta:

        —Arratsaldeon daukola berorrek jauna, esan eutson abogaduari.

        —Baita zeuk be. Emen nator gero, bakeak egiten doguzan edo.

        —Bakerik ez dago solo bazter au neuretzat emoten ez bajat, erantzun eutson Txomiñek.

        —Ez orixe! Au ez da zuretzat izango, tatarrez eroaten ez banozu kanposantura! jardetsi eutson Peruk. Ganera nora zatorz zeu don Bernardokin, neure abogadua bada! Traiziñoa baiño ez da ori!

        —Neuk ez neban elejidu ala! Bilbaora zetan joan nintzan ba?

        —Eta neu?

        Areen eztabaidari adi-adi, barre-barreka egoan don Bernardo ori. Gizon on-ona zan eta drogarik ez eban gura. Bakeak egiteko prest etorran bai? eta bakeak egin bear ziran. Abogadu zelebrea zan izan be, batez be baserritarren artean, gauza andirik kendu be ez eutsen kenduten eta.

        —Tira, erreitarik ez dot gura. Laster erabakiko dogu norena dan bazter au. Ni lako abogadu bat ez doa Bilbaora gauzak arteztu barik.

        Txomin eta Peruk artega begiratu eutsoen. Onek abogaduok barrabasak daukez gero! Zelanyemoniño arreglauko eban ba!

        —Txomin, esan eutson abogadu jaunak —salduko zeuskit solo bazter au?

        —Neurea dan ezkero, ekarri egistazuz eun peseta ta artu zeuretzat. Olantxe droga guztiak uxatuko dodaz eta.

        Baiña Peruren zaratak ez ziran makalak izan!

        —Ez dozu salduko, neurea da ta! Samea kendu bear izango deustazu, ori egin baiño leenago!

        —Ez zaite artegatu gizona, jardetsi eutsan abogaduak —zenbatean salduko zeuskit zeuk ba? Beste eun pezetagaitik bai?

        —Bai. Ekarri egistazuz eun peseta ta zeuretzat soloa.

        Don Bernardo abogaduak biai begiratu eutsen. Aren barre ixillak ernegatu ebazan geure baserritarrok!

        —Bueno gizonak, eutsiez euna peseta bai? eta neuretzat soloa. Olan ez daukozue demandan joan bearrik ba. Bere karterea zabaldu eta eun pezetako papel zuri eder bana emon eutsen. Gure gizonok bitsetan egozan. Areen poza! Baiña ondorengorik ez eben pentsau. Don Bernardo orrek barreka esan eutsen.

        —Orain gizonak, neure kontutxoa egin bear dogu. Kotxean etorri naz onaiño, egun erdia galdu dot. Baiña zuek adiskideak zaree bai? eta gitxitxo kobrauko deutsuet. Euna peseta asko deritxazue? Ez, ezta? Tira ba, euneko papel banagaz nigazkoa eginda daukozue.

        Peru eta Txomiñek atera ebezan atzera don Bernardok emoniko papelak eta belarri atzeai azka-azka, pagau eutsoen. Solo barik eta diru barik geratu ziran! Ederrak emon eutsezan Don Bernardo jaunak!

        Baiña gizon txarra be ez zan eta esan eutsen:

        —Tira mutillak, solo au neurea da ezta? Orduan neuk gura dodana egin neike.

        —Bai ba, gure kokolo-mokoloak erantzun eutsoen.

        —Solo bazter au neurtu edo medidu daigun soka bategaz.

        Ikaratuta egozan gure baserritarrok! Ze barrabaskeri egingo ete eban arek! Idi buzterriari kendu ede bat eta arexegaz medidu eben solo ori.

        —Erdia ez da auxe?

        —Bai jauna.

        —Txomin, zeuretzat. Alboko solo orregaz bat egin ta ederto solo osoa eukiko dozu.

        —Eskerrik asko, don Bernardo, erantzun eutson Txomiñek.

        —Eta Peru, beste erdi au zeuretzat. Pozik zagoz?

        Txomin eta Peruk barre-barreka begiratu eutsoen don Bernardori. Arek eukon talentua! Euren drogea iñork baiño obeto konpondu eban! Antxe bertan adiskidetu ziran gure gizonok eta don Bernardokin bazkari eder bat egitera joan ziran, idiak bertanbera itxita joan bere gero! Txomiñen soloko sekulabedar guztia jan eta laskitu eban Peruren idiak, baiña orregaitik ez ziran asarratu geiago!

        Oindikarren don Bernardoren talentua goralduten diñardue! Izan be ez zan gitxiagorako!

1934-IV-8

 

aurrekoa hurrengoa