www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMASEIGARREN DOTRIÑA

 

Sakramentuen gañean, eta irugarrena
Aldareko Sakramentu guztiz Santuaren gaiñean.

 

        Aditu dezuen ezkero aurreko dotriña bietan, zer errezibitzen degun komulgatzen geranean; zertako errezibitzen degun, eta nolako prestaera edo disposizioarekin komulgatu bear geran; gaur erakutsi nai dizuet, komunio ondoko denpora preziatua, zertan igaro edo enpleatu bear dezuen; komunio santutik bear dan frutua edo probetxua ateratzeko; bada nere artean askotan lotsatu, eta tristatu naiz, ikusirik Kristau asko, komulgatu ta bereala Elizatik irteten; zer mesede andia Jesu-Kristok egin dien pensatzen, eta berari eskerrak ematen, eta bear dituen laguntasunak aurrerako eskatzen, gutxienaz ordu laurden bat aritu bage; eta nola utsegite ori datorren askoren ignoranziatik, zer egin bear duen astiro, esan nai diet: eta orren ondoren sarri, eta ondo kumulgatzea zein gauza probetxugarria dan, eta sarri komulgatzeko nolako disposizioa bear dan, laburtxo esango dizuet.

        G. Zer egin bear degu bada, Jesu-Kristo gure Jauna Komunioan errezibitu degun ondoan? E. Ez gera izan bear desatentoak, deskortesak, eta esker bageak Jesu-Kristorekin, Kristau, fede laburra, eta debozio laburragoa duen asko bezela; badirudi, eztakiela nor dauken eren biotzetan, zergatik gorputzeko begiakin ikusten eztuen, eta gutxiago dakitela, zenbat zor dioben, nolako mesede, eta honra egin dien, eta nolako premian dauden, ondo biziko badira, eta salbatuko badira, mesede berriak, eta grazia, eta laguntasun berriak Jesu-Kristori eskatzeko, eta beragandik iristeko. Erregearen Majestadea bera zuen etxera zuek honratzera, eta mesedez betetzera etorri, eta zuen maian jarri orduko, hitzik ere egin bage, ezer eskatu bage, eta eskerrik ere eman bage, bakarrik utziko bazenduke, eta alde egingo bazenduke, egunoroko zuen beste lan, gutxi inporta duenak egiteagatik; Nolako sentimentua emango etziñioke? Nolako desprezioa egingo zinioke? Nolako kalteak zeuron buruai ekarriko etzinieke? Eta ain esker gaiztoarekin tratatzen dezuen zuen Kriadoreagandik mesede berriak esperatzera, eta eskatzera ere, nola atrebituko ziñateke? Piztu ezazue bada arren zuen fedea, eta sinisten dezuen ezkero, Jesu-Kristo bera, Errege guzien Erregea, Zeruaren, eta lurraren Jabe Soberanoa, eta zuen Aita, eta Ongille guztiz maitagarria, egiaz, eta ez nolanai, ezpada bere persona bera, gizatasun, eta Jaungoikotasun guziarekin zuen biotzean daukazuela, ongi-etorri egiozue, eskerrak betaz emaiozue, zuen premiak edo nezesidadeak, ala espiritualak edo animarenak nola gorporalak edo gorputzarenak, erakutsi egiozkatzue; guzien erremedioa, humiltasunaz bai, baña konfianza oso batekin eskatu egiozue; eta zuen buruak edo zuen biotza, eta borondatea osoro konsagratu egiozue. Eta orduan bai Jesu-Kristori atsegin andi bat emango diozuela, eta txit ugari aren doaiak, eta bear dituzuen laguntasun guziak errezibituko dituzuela. Zergatik uste dezue, ainbeste Kristau epel birtutean aurreratu bage arkitzen dirala? Beti, bere pasio, eta griña gaiztoak ezi bage, beti puntua darienak, aserrekorrak, enbidiosoak, nagiak, jan-edanera geiegi emanak, gorputz-gilleak, ezertan mortifikatu nai eztuenak, egiazko humiltasuna, pazienzia, eta alkarrekiko karidadea ejerzitatzeko ain nekezak, ondo ikasi bageak, eta gutxi usatuak? Galdetu egiozue Santa Teresa de Jesus, gauza espiritualetan ain Doktorea, erakusle edo Maistra andi, eta argituari; eta esango dizue, ori guzia datorrela, komunio ondoan bear dan bezela Jesu-Kristori eskerrak eman bagez, eta gure animako premien edo nezesidadeen erremedioa ondo eskatu bagez.

        Ebanjelio santuan irakurten degu, Samaritana bat, lenago emakume galdua, Jesu-Kristorekin denpora piska bat hitzketan edo konbersazioan egon zalako, alako denporan trukatu edo mudatu zala, nun ez bakarrik fede bizi bat, eta Jesu-Kristoganako amorio irazeki bat iritsi zuen; baizik, bere erritar, eta ezagun guziak Jesu-Kristoren ezaguerera, eta amoriora erakarteko, alegin andiak egin zituen. Orobat, Zakeoren etxean Jesu-Kristo sartu zalako, eta maian eduki zuelako, Zakeo bera, eta bere etxeko guziak bendizioz, eta mesedez bete zituan. Nai dituzuen tesoro guziak diru-tokitik ateratzeko giltza emango balizue; Nolako alegiñak egingo etzinduzke, al dituzuen guziak ateratzeko? Bada Jesu-Kristo gure Jaunak, tesoru espiritual guzien Jabeak, bere gorputza, odola, anima, eta Jaungoikotasuna emanaz, bere kabubageko merezimentuak, eta ondasun espiritual guziak ateratzeko, eta zeuronganatzeko giltza ematen dizue; fedea, esperanzea, eta karidadea berritu, piztu, eta exerzitatu baizik eztezue.

        Baña batzuok esango didazue, gu, jakiñez edo ignorante batzuok gera; Jesu-Kristori zer esan, eztakigu, komulgatu ezkero, beste zer egiñik eztegula uste degu; etxerako presa degu, eta geiena, komunio ondoan estazioak errezatu edo Aldareak bisitatu ezkero, asko egin degula uste degu; Zer geiago egin bear degu? Eta zuek Kristauak zerate? Kristauaren fedea edo sinistea, alperrik edukitzeko, eman dizuela uste dezue? Bada sinisten dezuen ezkero, Jesu-Kristo gure Jauna bera, zuen biotzera, zuek merezi bage, egiaz etorri zatzuela, mesede andi ori nolabait ezagutzen dezuela, aditzera emateko, zuen pensamentu guziak, zuen deseo guziak, zuen amorio guziak, zuen barruan daukazuen Jesu-Kristogana itzuli itzatzue; eta errespeto guztiz andi batekin esaiozue; Jauna, nundik niri onenbeste ditxa, eta fabore! Izanik zu Zeruaren, eta lurraren Jabe Soberanoa, iñoren bearrik ezertako eztezuna, eta izanik ni kriatura billau bat, itxu, pobre bat, esker gaiztoko bat, ala ere nere biotz gogor orietara etorri nai izan dezu! Zerk Jauna ekarri zaitu ain toki txar batera? Nere anima tristeari diozun amorio geiegiak baizik? Ongi-etorria izan zaitezela bada; nik adoratzen zaitut, eta nere Jaungoikotzat, eta nere Jabe Soberanotzat ezagutzen zaitut; Zeruko Aingeru, eta Santu guziak, eta aen Erregiña andi Maria Birjiña Santisimak arren alabatu, eta bedeinka zaitzela, eta nere ordez, zor dizudan alabanzak, eta eskerrak eman degizuela; onela edo al dezuen moduan, biotz, eta borondate onarekin erakutsi egiozue Jesu-Kristori zuen esker ona; bada esker gaiztokoak igui dituan bezela, esker onekoak txit maite ditu, eta mesedeak estimatzen dakiztenai, mesede berriak egiten dizte, eta esker bageai ukatzen dizte. Baña, eskerrak ematearekin etzerate kontentatu bear; bera obeto amatzeko, esker onez eranzuteko, eta bere borondatea ondo egiten ikasteko, eta kunplitzeko; zeuronez ain itxuak, eta pobreak zeraten ezkero, humiltasun, eta konfianza andi batekin eskatu egiozue, arren zuen adimentuak argitu ditzala, berak erakutsi dizkigun bere Ebanjelio eta dotriña santuko egia andiak ezagutzeko, eta bere graziarekin zuen borondateak bere amorioan berotu ditzala, eta indartu ditzala, aren nai santua, au da, aren lege santua gogotik, eta osoro gordetzeko. Orretarako, beti, baña batez ere komunio ondoko denpora preziatu orretan Jesu-Kristori biotzetik esan egiozue... Jauna, zuk itxuak sendatu dituzu, animako, eta gorputzeko argia, eta bista emanarekin; eta orobat elbarrituai, errenai, gorrai, mutuai, eta eri mota guziai osasuna, eta indarra ematen ziñien. Ona bada gu egiazko itxuak, eta eriak; munduak, deabruak, gure aragiak, eta gure amorio propio erabageak, eta emendik datozkigun gure griña edo erabageko pasioak, gure andinaiak, gure gutiziak, gure kolera edo irak; gure enbidiak, gure nagitasunak, eta ez fedearen, eta arrazoiaren argiaz batera, ezpada gure sentiduen gurariaz eta apetitoaz batera garabiltzan gure deseoen itxumenak, gure adimentuak dauzkate illundurik; eta gure obligazioak, eta bearren ditugun salbazioko egia andiak ezagutzea eragozten digue, eta gure borondatea beragana daramate; argitu gaitzatzu bada arren Jauna, eta itxumen onetatik libra gaitzatzu; eta orobat gure eritasunetatik, eta argaltasunetatik sendatu gaitzatzu; iguzu arren bear degun grazia, eta indarra gure borondate gaiztoa, eta deseo erabage guziak ukatzeko, eta zure borondatea ezagutzeko, eta gauza guzietan egiteko; eta batez ere, egin gaitzatzu zure anzekoak, humillak, mansoak, sufrituak, pakeosoak, eta orretarako sortu ezazu, eta geitu ezazu gure biotzetan guganako amorio santua, eta gure lagun projimo guziakiko egiazko karidadea, errukia, eta miserikordia. Ona N.K. guk bearren ditugun animako ondasunak, betiko zoriona ekarriko digutenak, eta Jesu-Kristori gogotiena, eta sarriena, eta batez ere komunio ondoan eskatu bear diozkagunak. Eta orren ondoren eskatu ere deizkiogu, bera obeto serbitzeko, eta gure animako salbaziorako konbeni bazaizkigu gorputzeko osasuna, eta bear ditugun ondasunak, bizitza miserable au ondo igarotzeko, eta obra onak egiten enpleatzeko. Baña guzien gañean billatu, eta deseatu bear degu, Jaungoikoaren borondate santua egitea, Jesu-Kristok egin zuan bezela. Eta ori obeto egiteko, ona komunio ondorako beste exerzizio bat guztiz egokia, Jaungoikoarenzat txit atsegingarria, eta honragarria, eta guretzat txit probetxugarria; eta orretara orain oitu, eta azkeneko gaitza datorkigunean, Biatiko santuaren ondoren egiten badegu, eriotza on bat iristeko, txit asko balioko diguna.

        G. Zer exerzizio da ori? E. Da gere buruen, eta gere gauza guzien sakrifizio edo ofrenda oso bat Jaungoikoari egitea; bada ez nolanai, baizik, Jesu-Kristok Kurutze santuan egin zion bere biziaren sakrifizioarekin uniturik; zuen intenzioa bada, Jesu-Kristorenarekin bat egiñik, esan deikeozue Aita Eternoari; ona nere Jaungoiko Soberanoa, zure kriatura bat, duen guzia zuri zor dizuna: baña eginal guziarekin, zure Majestade Soberanoari, eta ontasun neurribageari zor dionari, ezin berez eranzun leikiona; baña zure Seme maitea bera, bere merezimentu infinitoakin eman didazun ezkero, nere buruaren ofrenda pozik egiten dizut, Jesu-Kristok egin zizun ofrenda edo sakrifizioarekin batera; ura bakarrik da, zure Majestadearen diñakoa; naizan guzia bada, nere anima, eta gorputza, nere memoria, adimentu, eta borondatea, eta nere sentidu guziak, eskintzen, eta ofrezitzen dizut, Jesu-Kristok Gurutze santuan egin zizun, bere buruaren sakrifizio guztiz baliosoarekin batera. Lenbizikoa, guzion, eta nere egille, nere Jabe, eta nere Jaun, eta Errege Soberanoari bezela; ezagutzen det alabaña, O! nere Jaungoiko guztiz poderoso, eta andia, zor zatzula honra, eta gloria guzia, eta ala zure borondatea gauza guzietan egin nai det, eta eztet neretzat bizi nai, ezpada zuretzat. Eta bigarrena, ofrenda ori bera egiten dizut, Jauna, nere ongille guztiz maitagarriari bezela; bada ezagutzen det, ezin esan alak dirala, nik merezi bage, egin dizkidazun mesede, onarte edo benefizioak; ala naturalak, nola graziazkoak edo naturalezaz gañekoak. Kriatu nazulako, konsertatu nazulako, erredimitu nazulako, deitu nazulako, justifikatu edo pekatutik atera, eta zure grazia eman didazulako; eta askotan, eta andizkiro, zure Majestadea ofenditu arren, eta betiko gloria galdu, eta betiko infernua merezitu ezkero, kondenatu izan ez nazulako; eta berriz, eta berriz, eta askotan Sakramentu santuetan pekatuaren barkazioan eta zure grazia, eta adiskidetasuna, eta zure Seme maitea bera komunio santuan janaritzat eman didazulako, Zerekin bada eranzungo diet onelako mesedeai, eta oriek eragin dizkitzun niganako amorio ain andiari? Milla bizitza banitu ere, eta guziak zugatik sakrifikatuta ere, beti zordun geldituko nitzake, nere burua baizik zer ofrezitu ezpanu; baita naizan apur au, lurreko ar bat baño ere gutxiago izanik zure Majestade Soberanoaren aldean, pozik eskeintzen, eta ofrendatzen naitzatzu osoro, egin dizkidatzun mesede andien esker onerako, Jesu-Kristok guziokgatik, eta nigatik eman zizkitzun esker guztiz atsegingarriakin eta egin zizun bere biotzaren ofrendarekin batera, eta indazu arren zure grazia, oraindaño baño esker obekoa aurrera izateko. Eta irugarrena, barkaitzkidatzu oraindañoko nere esker bagetasunak, eta egin dizkitzudan ofensa guziak; bada nik ez merezi arren, zure Seme maiteak berak guzien pagua edo satisfazioa eman zizun, gurutzean egin zigun ofrenda guziz preziosoarekin; eta arekin batera ofrezitzen dizut nere bizitza, nere obrak, eta nere neke, eta trabaju guziak nere pekatuen satisfakziorako. Eta laugarrena, nola zure graziaren laguntasun bage, ezin gauza onik egin dezakedan, eta ori ere Jesu-Kristok bere ofrenda guztiz baliosoarekin irabazi zigun, ofrenda ura bera, eta arekin batera, nere eginal guziak ofrezitzen dizut, eta Jesu-Kristoren izenean eskatzen dizut, lenbizikoa, nere oraindañoko pekatuen egiazko damutasunean, eta ez berriz pekaturik egiteko propositoan irauteko doaia, eta indarra. Bigarrena, nere oitura gaizto guziak, eta batez ere geiena pekatura ekarri oi nabena goitzeko, eta menderatzeko grazia. Irugarrena, birtuteari, eta bizimodu on bati jarraitzeko gogo bizia, eta batez ere humiltasuna, pazienzia eta karidadea gogotik exerzitatzeko, eta nere karguko obligazio edo egiteko guziak, ala jeneralak, nola partikularrak, ondo ezagutzeko, eta kunplitzeko argia, eta grazia; eta laugarrena, eriotza on bat, eta ari darraion betiko gloria iristeko grazia guzien grazia, eta mesede guzien osagarria, Jesusen izenean eskatzen dizut. Eta azkenik neretzat bezela erregutzen dizut, Elizako nezesidade espiritual, eta denporal guzien erremedioagatik; nere guraso, senide, adiskide, ongille, eta gaizgille guzien salbazioagatik; eta purgatorioko anima guzien, eta batez ere nere obligaziokoen sufrajio edo alibioagatik. Erama itzatzu arren len baño len zure gloriako deskansura. Amen. Eta orra N.K., aitatu edo ikutu baizik egin eztiedan komunio ondorako esker bideak, erreguak edo orazioak, eta Jaungoikoari bere Seme maitearekin batera egin bear diozkagun ofrendak. Egin itzatzue bada arren kontuz komulgatzen zeraten aldi guzietan; gutxiena ordu laurden bat orretan igaro ezazue. Lan santu orrek geiago balioko dizue, munduko beste irabazbide guziak baño; ori ondo egiñarekin, zenbat irabazi dezakezuen, eta ori egin bagez, zenbat galtzen dezuen, begiz ikusiko bazendue; munduko tesoro guziak irabazteko baño leia, eta ansia geiago izango zenduke, komunio santu batetik, atera ditzaketzuen ondasunak, ateratzeko. Ala esango likezue, ondo probatu zuenak bezela, Santa Teresa batek, Santa Katalina Senako batek, eta bear dan ezaguerarekin, esker onarekin, eta amorioarekin orain ere komulgatzen diran beste kristau on askok, eta ala lotsatu zaitezte N.K., oraindañoko eman fedearen, eta debozioaren urritasunaz, eta aurrera zuen anima gaixoak argitu, sendatu, eta aberastu itzatzue komunio santurako obeto prestatuaz, eta komunio ondoko denpora preziatua obeto aprobetxatuaz; eta orretara obeto, eta lasterrago oitutzeko, eta bide nabar ondasun espiritual andiagoak irabazteko egunoro, eta egunean askotan beste komunio bat erraza, eta probetxu andikoa egitera jarri zaitezte.

        G. Zer komunio mota da ori? E. Da gogozko edo deseozko komunio espirituala, eta ori egiten da, egiaz eta aoz komulgatu bear balu bezela, biotzez, deseoz, eta gogoz Jesu-Kristori eskatuaz, arren bere graziarekin datorkiola, bere biotzaren Jabe izatera; argitu dezala, sendatu dezala, eta bere amorioan irazeki dezala; bada zenbat sarriago, eta debozio geiagorekin ori egiten duen, anbat ondasun espiritual geiago irabaziko ditu; eta bere denporan obeto, eta frutu geiagorekin aoz komulgatzeko, prestatuago arkituko da. Eta ori da ekiera edo exerzizio bat, Santuak, eta kristau onak txit usatua, eta guziok erraz egin dezakezuena; orretarako, naiz Mezako denporan, naiz zuen etxeetan, naiz zuen neke lanetan edo bidetan akto kontriziozko batekin zuen biotzak garbitu, eta Jesu-Kristori, bera zuen biotzetan arkitzeko gogo edo deseoa agertu egiozue, eta txit asko irabaziko dezue.

        Eta orain jakin naiko dezue, gutxiena urtean bein komulgatzeko lege edo mandamenturik baizik eztagoan ezkero; sarri aoz, eta egiaz komulgatzea obe dan, eta noiztik nora komulgatzea kristauari konbeni zaion? Lenbizikoa, diot, sarri, eta ondo komulgatzea dala Jesu-Kristorenzat gauza txit atsegingarria, eta kristauarenzat esan ditugun, eta esan al baño probetxu geiago dakazkiona, eta orretan dudarik batere eztago. Bigarrena, diot, gauza bat dala, premiazko prestaerarekin, au da, estadu graziazkoan dagoala komulgatzea; eta beste bat, frutu geiagorekin, eta Jesu-Kristoren atsegin geiagorekin, obeto disponiturik, fede bizi, esperanza humil, karidade bero, eta pekatu mortalaren ezeze, pekatu benialaen iguitasun andi batekin, biotzeko garbitasun geiagorekin, eta Jesu-Kristoganako esker on, eta amorio irazekiarekin komulgatzea. Mandamentuarekin kunplitzeko, asko da, eta nai ta ez bear da, estadu graziazkoan komulgatzea; eta orrelakoak ere urtean bein edo bakan komulgatu arren, errezibitzen du Sakramentu Santuak berez ematen duen graziaren aumentua, inpedimenturik edo eragotzgarririkk ipinten etzaionean. Baña, askoz grazia ugariagoak, eta birtuteari jarraitzeko argitasun, laguntasun, eta indar andiagoak artzen ditu, sarriago, eta ezaguera geiagorekin, eta konsiderazioarekin argiturik, debozio geiagorekin, eta Jesu-Kristorekin, bat egiteko edo unitzeko deseo biziagoarekin komulgatzen danak; eta komunio ondoan esker obeak, eta Jaungoikoaren amorioan irauteko, eta aurreratzeko deseo andiagoak, eta orazio beroagoak agertzen edo egiten dituanak, eta zenbat debozio geiago, anbat ondasun espiritual geiago iristen ditu; ara nola, iturrira dijoanak, onzi txikia badarama, eta bakan badijoa, ur gutxi artzen du, eta onzi andia badarama, eta sarri badijoa, ur asko artzen du, eta zenbat onzi andiagoa daraman, anbat ur geiago etxera dakar; orrela bada, Aldareko Sakramentu santua, iñoiz ere aitzen eztan iturri guztiz ugaria bezela da; kaburik eztuen ondasunak beregan dauzka; Jesu-Kristo, aek guri emateko, deseoarekin dago; eta gugan dago edo gutxiago edo geiago errezibitzea, gure biotzeko, onzia prestatzen edo disponitzen degunaz konforme, eta askotan edo gutxitan komulgatzen geranaz batera. Diot bada irugarrena, ondo, eta sarri komulgatzeko alegiñak egitea, guzioi konbeni zatzuela; eta illean bein edo ill bitik bira komulgatzea prokuratu bear dezue, edo konfesoreak esaten dizuenean; baña Jesu-Kristori atsegin emanaz gañera, frutu andi bat ateratzeko, asi bear dezue pekatu mortaletatik ezeze, pekatu benial jakiñetatik zuen buruak libratzen, eta garbitzen; nola gezurrak esatetik, banidadetik, jan eta edan geiegitik, murmuraziotik, &. bada bestela zuen epeltasunean beti iraungo dezue, Jesu-Kristok nai duen bezelako biotz garbia, eztiozue prestatuko, eta ala bere graziak, eta faboreak ere urriago edo eskasago artuko dituzue, biotza pekatu andietatik, eta txikietatik ondo garbiturik daramanak baño. Orrez gañera, laugarrena diot, zortzi egunetik zortzira komulgatzeko, San Franzisko Sales Maisu espiritual andiak nai du, eta eskatzen du, pekatu benialaganako afizioa edo inklinazio ezagutua kentzea, eztu eskatzen pekatu benialik egin bage egotea, batez ere argaltasunezkorik; bada iñor ere orrelako garbitasun, eta santidadera eldu oi ezta; baizik pekatu benialak ezagueraz, eta borondatez egiteko erraztasuna goitzeko alegiñak egiten aritzea; eta ori ezagun da, birtuteak iristeko, eta exerzitatzeko egin oi diran alegiñetan. Eta azkenik diot, astean bi edo iru bider edo geiagotan, Jesu-Kristori zor diogun errespetoarekin, eta animako probetxu andiarekin komulgatzeko, erabageko pasioa goitzen edo eskuratzen jardun bear degula; eta birtuteak exerzitatzeko arreta edo kuidaduarekin bizi bear degula; egunoro konsiderazioak, eta orazio jakiñak egiñaz, eta Jesu-Kristoren, eta Santuen exenploai jarraituaz; batez ere Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioan aurreratuaz; eta humiltasuna, eta pazienzia naigabeetan, ala andietan, nola txikietan exerzitatuaz, eta orretarako Jesu-Kristori berari berariazko grazia, eta indarra eskatuaz; bada gure egiazko zoriona dago, gero borondatea ukatu eta Jaungoikoarena egitean. Eta ori ondo egiteko, ala gai onetan, nola animako beste egitekoetan, jarraio egiozue, zuen konfesore zinzo, eta argituak ematen dizuen konsejuari, eta ark esaten dizuen denporetan komulgatuaz, azertatuko dezue, eta txit aberasturik Zerura igoko zerate. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa