www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMASEIGARREN DOTRIÑA

 

1. Karidadea zer dan, eta Jaungoikoaren aldera
zer agintzen digun: eta 2. nor diran eskuarkiro
karidadean bizi diranak, eta nor ez.

 

        Fedea, eta esperanza birtute guztiz andiak, eta bearrak dira, N.K.: baña karidadea andiagoa, eta ondasundunagoa da: bada fedearekin, eta esperanzarekin bakarrik karidade bage, eziñ salbatu gaitezke: baña fedea, eta esperanza karidadearekin juntatu ezkero, seguru betiko bizitza zorionekoa edo Zeruko gloria iritsiko degu: eta zenbat karidade edo Jaungoikoaren eta projimoaren amorio andiagoa degun, anbat merezimendu geiago, eta gloria andiagoa iritsiko degu: bada karidadearen neurriari dagokio Zeruan gloriaren neurria: alabaña karidadea da birtute guzien erregina: guzien ama, eta guzien fiña, eta birtute guziai bizia ematen diena: alako moduan, ze karidaderik eztuenak, egiten dituan obra on guziak Zeruan saririk izango eztue; martirioa bera karidade bage padezituko balu ere: eta kontrara karidadean edo Jaungoikoaren grazian, eta amorioan gaudela Jainkoikoagatik egiten ditugun obra on guziak, eta baita premiazko lanak ere merezimentuzkoak dira: eta aen saria Zeruan beti gozatuko degu.

        Ikusi dezuen ezkero bada aurreko dotriña bietan, zer diran fedearen, eta esperanzaren birtuteak: zertara obligatzen gaituen, eta nola exerzitatu bear ditugun: gaur txit kontuz aditu bear dezue, birtute guzien andiena, guzien ama; guzien bizitza, guzien fiña, eta lege guziaren osagarria dan karidadea, 1. zer dan; zertara beartzen edo obligatzen gaituan, da 2. nor diran eskuarkiro karidadean bizi diranak, eta nor ez: eta azkenik karidadea iristeko, eta artan irauteko, eta aurreratzeko zer egin bear degun: orra dotriña bat txit bearra.

        G. Zer da bada karidadea? E. Da Jaungoikozko birtute edo doai miragarri bat, Jaungoikoak berak bateo santuan doarik edo guk merezi bage sortu edo eman diguna, gure borondatea mugitzen duena, amatzera Jaungoikoa bera, bera danagatik, eta gauza guzien gañetik, eta amatzera gure lagun projimoa gere buruak bezela Jaungoikoagatik: eta birtute edo doai miragarri onekin eman zigun bere grazia justuak egiten gaituana: eta orduan gelditu giñan egiñik Jaungoikoaren beraren adiskideak, beraren Seme edo Alabak, eta Zeruko herederoak.

        G. Karidadearen birtute au zenbat modu edo eratan da? E. Bitan, batari deitzen diogu habituala, eta au aur bataiatuaren animan arkitzen da, ezaguerara etorri baño lenago ere: eta orobat lo dagoan justuaren animan: eta besteari deitzen diogu karidade aktuala, eta da Jaungoikoaren amorioaren ekiera edo exerzizioa: amatzen degula gure Jaungoikoa bera danagatik bakarrik gauza guziak baño geiago: eta amatzen degula gere lagun projimoa gere buruak bezela Jaungoikoagatik; ez bakarrik biotzez, baita obraz ere.

        G. Zergatik karidadeari deitzen diogu birtute Teologala edo Jaungoikozko birtutea? E. Zergatik onekin Jaungoikoari berari zuzen-zuzen begiratzen diogun; eta onekin ematen diogun geiena nai duen honra, eta adorazioa.

        G. Eztiogu bada karidadearekin begiratzen gere buruari, eta gere lagun projimoari? E. Bai: Jaungoikoaganik gere buruak, eta lagun projimoak maite baditugu: bada bestelako motiboakgatik gere buruak edo lagun projimoak amatzea, ezta karidadezko amorioa; baizik amorio natural utsa: eta arrazoizkoa bada, ona izan liteke: baña ez karidadezkoa, eta sobrenaturala, eta merezimenduzkoa Zerurako; Jaungoikoagatik batez ere amatzen ezpaditugu gere buruak, eta gere lagun projimoak: eta ala Jaungoikoa bera amatzen degu, gere buruak, eta lagun projimoak karidadezko amorioarekin amatzen ditugunean: eta argatik Jaungoikoaren eta lagun projimoaren amorioa sustrai batetik dator: eta guzia birtute bat da.

        G. Jaungoikoaren alderako karidadeak zer agintzen digu? Edo nola amatu bear degu gure Jaungoikoa? E. 1. Amatu bear degu bera danagatik bakarrik: eta 2. amatu bear degu gauza guziak baño geiago; eta gere buruak ere baño geiago.

        G. Zer esan nai degu, Jaungoikoa bera danagatik bakarrik amatu bear degula diogunean? E. Eztegula asko karidadearekin kunplitzeko Jaungoikoa amatzea: bera gure ondasun, eta zorion dalako: edo beragandik bakarrik on guziak itxoten ditugulako: bada ori guzia gauza guziz egokia, justua, eta premiazkoa badegu ere, ori da bakarrik gere buruak Jaungoikoagan amatzea: eta ori da esperanzako birtuteari dagokion amorioa: eta ala karidadezko amorioa exerzitatzeko, amatu bear degu gure Jaungoikoa bere kabubageko maitagarritasunagatik, au da, bera infinitamente ona, santua, eta perfekzio guzien jabea dalako, beste motibo bage, poztutzen eta alegratzen gerala bere betiko, eta kabubageko zorionaz.

        G. Eta zer da amatzea Jaungoikoa gauza guziak baño geiago, eta gere buruak ere baño geiago? E. Naiago izatea gauza guziak, eta gere bizia ere galdu, ezenez Jaungoikoa ofenditu. Baña galdu esaten badegu ere, ezta ori gere buruak, eta gere bizia galtzea; baizik gere buruak, eta gere bizia betiko aseguratzea: eta bizitza labur, eta miserable baten orde betiko bizitza, eta zorioneko bizitza irabaztea: eta ala egiaz zorionekoak dira Jaungoikoaren amorioagatik, eta pekaturik ez egiteagatik gauza guziak, eta eren biziak sakrifikatzen dituenak.

        G. Eta nola oraindik geiago amatu bear degu gure Jaungoikoa? E. Berak Ebanjelio Santuan esaten digun bezela: gure biotz guziarekin, gure adimentu guziarekin, eta gure indar guziakin. (Math. C. 22 V. 37.)

        G. Berria ote da bada mandamentu au? E. Ez: aiñ zarra da, nun Adan, eta Eba gure lenengo gurasoak, eta aen ondorengoak izan zuen obligaziorik andiena orixe zan: bada gure Jaungoikoak egin zituan gu bezela, bere antzera, bera ezagutzeko, serbitzeko, eta amatzeko, eta Zeruan gero beraz gozatzeko: eta aren Majestadea, eren Jaungoiko, eren jabe, eta eren ongille soberanoa bezela biotz guziarekin, adimentu guziarekin, eta indar guziakin beti amatzeak izan bear zuen aen lanik-beargairik, eta egitekorik andiena, eta premiazkoena. Baña nola pekatuak itxutu zituan, eta eren buruen amorio erabagez beterik gelditu ziran, erraz Jaungoikoari zor zioben amorioaz aztu ziran: eta argatik Jaungoikoaren ordenaz Moises Profeta andiak Juduai mandamentu au berritu zien: eta legeko lendabiziko mandamentua, eta guzien andiena bezela aditzera eman zien: esaten ziela: amatuko dezue Jaungoikoa zuen Jauna, zuen biotz guziarekin, zuen adimentu guziarekin, eta zuen indar guziakin: (Deut. 6.5) eta hitz oek zuen biotzetan eskribituko dituzue: zuen humai erakutsiko diezue: zuen etxeetan gogoratuko dituzue: eta konsideratuko dituzue zuen biajeetan: oira zoaztenean, eta jaikitzen zeratenean: zuen eskuetan lotuko dituzue: eta zuen ate gañetan ezarri edo eskribituko dituzue: eta begien aurrean beti erabilliko dituzue. Orra. N.K. Moisesen hitz oetan mandamentu onen premia, eta guztizko inportanzia ondo aditzera emanik: bada Jesu-Kristo gure Jaunak mandamentu ori konfirmatu, eta aprobatu zuen: eta orrekin ondo kunplitzeko, gure biotzetan ondo sarturik eduki bear degu: eta gure lan edo beargai guziak Jaungoikoaren amorioz egitea prokuratu bear degu: eta orri dagokala, San Paulo Apostolu andiak esaten digu: «naiz jan, naiz edan, naiz beste edozein lan egin dezazuela; guzia Jaungoikoaren honra, eta gloriagatik egizue».

        G. Orrela beti-beti Jaungoikoa amatzen egon bearko degu? E. Ez: ori ezta posible munduan gauden bitartean: ori da Zerukoen lana: munduan gauden artean beste lan edo egiteko premiazkoak, atenzioa nai ta ez eramaten diguenak badauzkagu: eta asko degu, gere obligazioarekin, emen kunplitzeko, Jaunaren amorioan edo beraren grazian, eta adiskidetasunean bizitzea: beti prest egotea, edozein neke sufritzera bera ez ofenditzeagatik: gere lanak Jaunaren izeunean edo berari gusto emateko asmo edo intenzioarekin egitea: eta noizean bein amoriozko edo karidadezko aktoak egitea: fedeko, eta esperanzako aktoakgatik esan genduan bezela. Eta Jaungoikoaren amorio santuan egunoro, eta geiago aurreratzeko alegiñak egitea: bada bestela gure buruaren, eta munduko gauzen amorio erabage edo desordenatuak erraz goituko edo menderatuko gaitu.

        G. Eta Jaungoikoaganako gure amorioak egiazkoa izateko, amorio samurra, sentikorra, eta atsegiñezkoa edo gustosoa izan bear ote du? E. Ori txit amorio ona, eta probetxu asko dakatzena izan oi da: baña ezta ori premiazkoa; bada gure eskuan eztago: eta orrelako samurtasun, eta atsegiñen karidadearen sustanzia edo izatea eztago.

        G. Zertan dago bada? E. Arrazoizko edo juiziozko gere nai edo borondatearekin geiago estimatzean, eta amatzean gure Jaungoikoa eta aren nai, eta borondate santua; gere buruak, gere borondatea, eta beste gauza guziak baño: alako moduan, ze gure adimentuak, Zeruko argiz edo graziaz argiturik ikusten edo ezagutzen du Jaungoikoa dale kabubageko ontasuna, guzien gañekoa, eta amorio neurribagea edo fin gabea, berez merezi duena; eta ala dala beste gauza guziak baño geiago amatu, eta estimatu bear deguna: eta orduan gure borondateak, Jaunaren beraren graziaren laguntasunarekin, beste gauza guziak baño geiago edo guzien gañeko amorioarekin Jaungoikoa estimatzen, eta amatzen du: eta dago prestaturik gauza guziak galtzera Jaungoikoa ez ofenditzeagatik: eta orretan dago egiazko karidadea, eta Jaungoikoaganako premiazko edo obligaziozko amorioa: eta orretan irmo bagaude; sentiduen aldetik samurtasunik, biguntasunik, eta barruko beratasunik edo berotasunik ez izan arren, amatzen degu egiaz gure Jaungoikoa bera danagatik, eta gauza guzien gañetik.

        G. Eta gerta liteke, batek Jaungoikoagana baño amorio biguñagoa, samurragoa, eta sentikorragoa edukitzea persona bategana; nola guraso batek bere hume bategana; senar batek bere emazteagana, edo beste edozein gauzagana, edo emazteak senarragana eta ala ere, Jaungoikoa persona oriek, eta beste edozein kreatura baño geiago amatzea, eta estimatzea? E. Bai: ori askotan gertatzen da: bada begiz ikusten diran gauzak bereala mugitzen gaitue; eta, ezin erremediatu degun moduan, bereala edo poztutzen, eta konsolatzen gaitue, gure gustokoak diranean: edo tristetzen, eta penatzen gaitue, igui ditugunean: baña begiz ikusten eztiran gauzak eztitue gure sentiduak orrela ukitzen, eta mugitzen: baña ala ere arrazoiarekin, eta fedeko argiarekin ezagutzen ditugun gauzak, gere barruko juizioarekin, estimatzen ditugu edo estimatu ditzakegu, erak merezi duen bezela: eta gure borondateak amatu ditzake edo igui izan ditzake neurri orretan bertan: eta ala amorio guztiz samurra, eta sentikorra izan arren edo humeagana edo gurasoagana edo senarragana edo emazteagana edo beste edozein kreaturagana; amorio samur orrek pekatu dan gauzarik eragiten ezpadio, borondatearen, eta biotzaren aldetik estimatu, eta amatu dezake Jaungoikoa persona edo kreatura oriek, eta beste guziak baño geiago: eta egiaz ala amatzen du, guziak galtzera prestaturik badago, Jaungoikoa ez ofenditzeagatik: eta ona Kristau on bildurti, eta eskrupuloso askorenzat dotriña guztiz ziertua, eta atsegin andikoa: bada Jaungoikoa biotz guztitik amatzen badue ere: eta pekatua egin baño lenago ill nai balue ere, amorio samur, biguñ, eta atsegiñezkorik eren barruan sentitzen eztuelako penaturik edo tristeturik: eta baita kezkaz, eta errezeloz beterik; eta Jaungoikoa egiaz amatzen eztuelako bildurrez, egon oi dira: ori bera egiazko amorioaren señale ona bada ere. Baña eskuarkiro berez munduko personaen, eta munduko anditasun, ondasun, eta atsegiñen amorioak, geiegizkoa edo erabagea danean, peligro guztiz andia dakar, Jaungoikoaganako egiazko amorioa txit galdu eragiteko: bada biotzean leku eman ezkero, itxutzen du; beragana tiratzen du: eta erraz pekatuan erori eragiten du. Eta argatik ez gera osoro kontentatu bear Jaungoikoaren guzien gaiñeko amorioa gure biotzean daukagulako uste edo iritziarekin, gere obraakin ori bera okasioa edo tentazioa datorkigunean probatzen, eta erakusten ezpadegu: eta orri dagokala Jesu-Kristo gure maisu soberanoak esan zigun: aren Majestadea amatzen duenak bere mandamentuak gordetzen dituala: eta orregatik gure dotriñako kartillak lendabiziko mandamentu onen esplikazioan lenengo egiten duen galdea da. Nork amatzen du Jaungoikoa? eta eranzuten du. Aren mandamentuak gordetzen dituanak. Eta San Juan Ebanjelistak ori bera erakusten digu, esanaz, mandamentuak gorde ez, eta ala ere Jaungoikoa amatzen duela diona, gezurtia dala.

        G. Eta orrelako gezurtiak Kristauen artean arkitzen ote dira? E. Geiegi arkitzen dira: bada lenbiziko mandamentu santu onek guziok beartzen edo obligatzen gaitu gure Jaungoikoa amatzera, aditu dezuen bezela, gauza guziak baño geiago: eta gure biotz guziarekin, gure adimentu guziarekin, eta gure indar guziakin: eta ala ere Kristau on asko ori gordetzen duenak badira ere, ikusten dira, Kristauen artean beste asko, eta asko, eren biotzak, eta eren amorio guzia ipiñirik dauzkatenak munduko honra, puntu, banidade, eta erakerietan: beste asko, munduko interes eta irabazietan: beste asko gorputzaren jolas, jostatze, erabageko jan, edan, atsegiñ, eta gurari zikiñetan: eta eren pasio edo griña gaiztoak ezi, eta arrazoiaren, eta espirituaren mendean Jaungoikoaren amorioagatik eduki, eta sujetatu ordean; okasioa datorkienean eren gurariak, nolanai, naiz zuzen, naiz oker kunplitzen dituenak: alde guzietatik, batzuek arrotasuna, eta soberbia, eta orri darraion besten ezin ikusia, eta bendekua darienak: beste batzuek abariziaren edo gutiziaren menpeko daudenak; eta irabazi ezkero, besten kalteaz ajolarik eztuenak: beste batzuek, galanki jan-edan ezkero ederki apaindu ezkero, eta gorputzaren atsegiñak gozatu ezkero edo erabageko joku luzeak egin ezkero, zorrak egiteaz, eta leenak pagatzeko edukitzeaz eren buruen, eren familiaren, eta beste askoren kaltean bada ere, eskrupulurik egiten eztuenak: eta beste onelako asko pekatuaren mendean bizi diranak: eta mandamentu santuak ardurabage ausitzen dituenak: eta ala ere galdetzen bazaie; Amatzen dezue Jaungoikoa gauza guziak baño geiago? Baietz bereala eranzuten due: Eta nundik datorkie itxumen edo engañu ori? Uste due, ezagutzen, autortzen, eta konfesatzen duelako, Jaungoikoa dala infinitamente ona, santua, eta maitagarria: eta neurribageko amorioa bera danagatik merezi duena; orrenbesterekin Jaungoikoa estimatzen, eta amatzen duela gauza guziak baño geiago: baña enganatzen dira: zerren ori bakarrik ezagueraren, eta fedearen lana da: biotza, eta borondatea Jaungoikoari osoro eman ordean, erentzat gordetzen due: eren amorio propio erabageak agintzen die, eta ez Jaungoikoarenak: bada Jaungoikoa egiaz gauza guzien gañean amatzeko, eta adimentuarekin sinisten, eta ezagutzen duen bezela; eta hitzakin esaten duen bezela, obrakin ere probatzeko, eren biotzetan alako estimazioa, eta aprezio andia Jaungoikoaz egin bear due, nun iritzi bear diobe izan ditekean gauzarik okerrena, injustuena, itxusiena, izugarriena, eta lotsagarriena dala, Jaungoikoari uztea kreatura bategatik edo guziakgatik edo milla mundugatik: eta Jaungoikoaren anditasunak eta perfekzioak, aren ontasuna, santidadea, edertasuna, eta maitagarritasuna konsideratu bear ditue, ez illik dauden pintura edo figura batzuek bezela, baizik gauza guztiz bizi, eta on guzien jabe eta emalle guztiz maitagarria bezela: gure biotz, eta amorio guzia bakarrik merezi duena bezela: eta gure animako deseo guziak osoro ase, eta kontentatu ditzakeana bezela: eta gure zorion, ditxa, eta felizidade guzia, bera ikustearekin, eta beti amatzen, eta gozatzen egotearekin egingo duena bezela: zorionekoak orrelakoak; eta ezaguera orri dagokan bezela Jaungoikoa amatzen duenak: bada oriek ezertan eztauzkate munduko gauza guziak Jaungoikoari zor dioben amorioaren aldean: eta guziak galtzeko, eta eren biziak ere emateko prest daude Jaungoikoa ez ofenditzeagatik: eta orixe da egiazko karidadea, biotzean edukitzea, eta obretan agertzea.

        G. Eta nor dira orren kontra pekatu egiten dutenak? E. Pekatu mortala egiten duen guziak: eta batez ere edo zuzenago karidadearen kontra pekatu egiten duenak dira, 1. demonioaren beraren gisa Jaungoikoari gorrotoa diobenak, eren erabageko arrotasuna, eta eren gusto edo atsegin loi zikiñak eragozten dielako: eta bere justiziak betiko tormentuakin Infernuan kastigatuko ditualako. 2. Jaungoikoaz azturik bizi diranak, fedea, esperanzea, karidadea, eta aren bildur santua exerzitatu bage. 3. Jaungoikoaren serbiziorako, eta eren salbaziorako egin bear dituen obligaziozko lan edo obra onak egiteko iguitasun, eta nagitasun andia duenak. Eta 4. munduko gauzen amerio itxua, eta eren gusto, eta atsegiñak billatzeko leia andia, eta arazeri geiegi daukatenak: orrelakoak Jaungoikoaren etsaiak dira, eta karidaderik batere eztue: bada Ebanjelio santuak esaten digu, Nagusi edo jabe bi batetan ezin serbituko ditugula, au da, Jaungoikoa eta mundua: eta bera maite badegu, bestearen etsai izango gerala.

        G. Eta nor dira karidadea edo Jaungoikoaren eta projimoaren amorio egiazkoa eren biotzetan eskuarkiro daukeenak? E. Jaungoikoaren eta aren ontasun, eta fabore, mesede edo ontarte guztiz andietan sarri pensatzen duenak: beraz atsegiñez, errespetoz, eta amorioz hitz egiten duenak: bere mandamentu santuak kontuz gordetzen dituenak: eta orretarako pekatuko bidetik edo arriskutik alde egiten duenak: eta tentazio gaiztoak goitzeko humiltasunarekin eta konfianzarekin Jaungoikoari bere grazia edo laguntasuna eskatzen diobenak: iñork Jaungoikoa ofenditzen duela ikusten duenean, al badue, eragozten duenak: eta ezpada eren barruan sentitzen duenak: projimoak, eta batez ere etsaiak edo gaitzgilleak Jaungoikoagatik maite dituenak: eta eren salbazioa deseatu ezeze, artarako al dueneraño, laguntzen dienak. Orra karidade egiazkoaren señale berez ziertuak: eta zorionekoak eren obretan erakusten dituenak: bada iñork ezpadaki ere, errezelazio bage, Jaungoikoaren amorioan dagoan edo ez, orrenbesterekin sosegatu, eta konsolatu liteke.

        G. Eta nor dira karidadea edo Jaungoikoaren eta projimuaren amorio egiazko eren biotzetan dauken edo ez, errezelatu edo kezkatu, eta dudatu bear duen Kristauak? E. Dirade Kristau epelak: ez txit otz, eta ez txit bero diranak: alde batetik pekatu mortala, ezagutu ezkero, igui debenak: Infernuaren bildur diranak: baña beste aldetik eren pasio edo griña erabageak ezitzeko alegin gutxi egiten duenak: pekatu benialak, ez bakarrik ignoranziz, eta argaltasunez, baizik ardurabagetasunez, eta ezaguera, eta oarmen osoarekin egiten dituenak: eta ala pekatu andietan ere erorteko peligroan jarten diranak: onelako Kristau epelak, karidadea galdurik ezpadauke, erraz galtzeko, eta pekatu mortalean laster erorteko arrisku andian daude: eta Jaungoikoa biotz guztitik amatzen eztuelako kezka, eta errezeloa eduki dezake.

        G. Zer erremedio bada pekatutik ezeze; epeltasunetik, eta orrelako kezka, eta errezelo tristetik libratzeko? E. Jaungoikoaren amorioa txit gogotik, iristeko edo alkanzatzeko, artan beti irauteko, eta egunetik egunera artan geiago, eta geiago aurreratzeko alegin biziak egitea. Auxe da, N.K. mundu onetan guziok daukagun egitekorik andiena, inportanteena, eta premiazkoena, eta gure naturaleza gaizki eziarentzat, eta munduko gauzetara geiegi etziñik dagoanarenzat nekeza bada ere; fedeko egia guztiz andien egunoroko konsiderazioarekin, eta Jaungoikoari bere grazia, eta bera amatzeko doai andia sarri eskatuarekin, eta gere borondatea ukatuarekin, eta Jaungoikoarenarekin konformatuarekin egiten ditugun lanetan, eta datozkigun naigabeetan egunetik egunera argitzen da geiago gure adimentua; eta indartzen, eta berotzen da gure borondatea edo gure biotza: eta arrezkero Jaungoikoaren amorioak igui erazotzen dizkigu, ez bakarrik pekatu mortalak, baña benial ezagutuak ere: eta ematen digu gogo bizi eragille bat, Jaungoikoaren lege santua, ez bildurrez bakarrik, baita gustoz gordetzero ere. Eta ala, aditu dezuen dotriñarekin zuen bizimodua moldatzeko: gure fede santuko misterio andiak ondo konsideratzeko alegiñak egin bear dituzue: eta batez ere sarri gogora ekarzue, Jaungoikoa dala berez guztiz ona, eta maitagarria: bera dala zuen Aita guztiz poderosoa: zuen egille edo kreadorea: zuen salbadore, eta Erredentorea: eta ongille, parerik eztuena: zuen biotzeko amorio guzi-guzia berez merezi duena: eta zuen zorion egiazkoa dagoala orain, eta beti, aren borondate santuarekin zuena gauza guzietan bat egiñik edo konformaturik edukitzean: eta ezagutzen, eta sinisten dezuen bezela obratzeko, berari eskatu egiozue gogotik, arren zuen biotzetan bere amorio santua ezarri dezala, konserbatu dezala, eta geitu dezala, eta eman degizuela zuen borondate erabagea ukatzeko, eta eskuratzeko indarra, eta berea egiteko grazia; eta eraman zaitzatela gero eternidade guzian Zeruko glorian bere Majestade soberanoa, eta kabubageko ontasuna, eta edertasuna ikustera, kontenplatzera, eta amatzera. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa