www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN DOTRIÑA

 

Bateo Santuaren gañean.

 

        Aditzera eman nizuen aurreko dotriña aldian, Sakramentu Santuak zenbat diran, zertako Jesu-Kristo gure Jaunak egin zituan: zer gauza diran, eta nolako efektoak kausatzea edo egiten dituen; baita zer dan, eta zenbat modutan dan Jaungoikoaren grazia. Orain Sakramentu bakoitzaren dotriña banaka esan bear dizuet; eta gaur Bateo santua, Elizako sarrera, eta beste Sakramentuak errezibitzeko deretxoa ematen diguna, zertako dan; nola egiten dan; eta nolako ondasunak ematen dizkigun; eta nolako obligazioak ifinten dizkigun: kontuz enzun bear dezue, bada da inportanzia andiko dotriña.

        G. Bateoko Sakramentua nork egin edo ordenatu zuan? E. Jesu-Kristo gure Jaunak berak. Zertako egin zuan? Pekatu orijinala edo jatorrizkoa kentzeko, eta baita beste edozein pekatu, bateatu bear danagan arkitzen bada.

        G. Pekatu orijinala edo jatorrizkoa zer da? E. Jaiotzen geranean guziok dadukaguna, edo Adan, eta Eba gure lenengo gurasoetatik guziok dakarguna, eta orren esplikazioa emanik dadukagu beste dotriña batean.

        G. Bateoak zer esan nai du, eta nola egiten da? E. Esan nai du garbitzea, eta ala, ur naturalarekin garbitzen du bateatzalleak, bateatu bear dana, eta ura egozten dion bitartean esaten ditu Bateoko hitz oek Bateo egiazko egiteko intenzioarekin: nik bateatzen zaitut zu Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

        G. Eta hitz oriek esan bage, ura bakarrik egotziko balio aurrari, balioko ote luke Bateoak? E. Ez luke balioko, eta orobat, urik egotzi bage, hitzak bakarrik esango balitu, ez luke Bateorik egingo: hitzak esatea, eta ura botatzea edo egoztea dirade premiazkoak, eta batetan guzia egin bear da, au da, hitzak esaten diran bitartean, ura egotzi bear zaio bateatzen danari, eta ori guzia, batek bakarrik egin bear du; eta ala, persona biren artean, batak ura egotzi, eta besteak hitzak esango balitu, ez luke Bateorik egingo.

        G. Eta bateatzeko eskualdia nork daduka? E. Premiarik edo estudasunik eztanean, Elizako Arzaiak edo Parrokoak, eta aren lizenziarekin edozein Sazerdotek bateatu lezake aurra, eta ezin eskualdi ori iñork kendu leikio. Baña Bateoak ala ere balioko luke, len esan dedan bezela, edozeñek bateatu ezkero.

        G. Eta premiazko orduan, au da, aurra Elizan bateatu bage edo bateatzeko leku bage illko dalako bildurra dagoanean, nork bateatu lezake aurra? E. Bateatzen dakian edozeñek, naiz gizona, naiz emakumea izan, naiz Kristaua, naiz Judua, naiz Herejea, naiz Turkoa izan; Jesu-Kristok ordenatu zuan, eta Eliza Santak usatzen duan Bateo egiteko edo emateko intenzioarekin ematea asko da, egiaz bateaturik gelditzeko: eta bateatzen dakianik arkitzen ezpada, aurraren aita, eta ama baizik, oriek ere, bat premia orduan bateatu lezake, eta bateatu bear due aurra, eta penarik, eta kastigurik batere etzaie orregatik emango, bada orduan eren obligazioarekin kunplitzen due. Baña nork ondo bateatu badago besterik, eskusatu bear due gurasoak Bateoa erak egitetik, bada orduan, au da, premia estu bage edo premia estuan besterik bateatzen dakianik dagoala, bateatuko balue gurasoak eren aurra, bateaturik geldituko litzateke; baña alkarrekiko aidetasun espirituala artuko lukea, eta dispensa bearra izango luke, ezkonzaz aurrera usatzeko.

        G. Eta premiazko orduan egindako Bateoak balio badu ere, bateatzeko gai diranen artean, lan ori guziak berdin egiteko eskualdia ote due? E. Ez: lenengo dira Sazerdoteak, eta orien ondoren Eliz-gizonak, eren graduaz konforme, eta orien ondoren gizonak, eta gero emakumeak, eta lenago Kristau diranak, ez diranak baño: baña ain premia estua bada, nun modestiak, edo lotsak uzten ez duan gizonak aurra bateatzea, orduan emagiñak edo bateatzen dakian beste edozein emakumek bateatu lezake.

        G. Eta orrelako estualdia gertatzen danean, nun egotzi bear zaio ura aurrari, Bateoko hitzak esaten diran bitartean? E. Buruan al bada; eta orduan zierto bizirik badago, kondiziorik batere ifini bage, baizik burutik bera ura egotzi esanaz; nik bateatzen zaitut Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Burua kanpora atera bage, amaren sabelean aurra illko dalako bildurrik badago, eta besorik, oñik edo eskurik kanpora aterako balu, edo barruan egon arren, urarekin ikuitu al baleikio, ikusten edo agertzen duan tokian ura egotzi bear zaio, eta bateatu bear da, esanaz kondizioaren azpian, gai edo kapaz bazera, nik bateatzen zaitut Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Eta ori bera egin bear, da, aurra bizirik dagoan edo ez, dudatzen danean; eta gero amaren sabeletik burua kanpora ateratzen bada, edo bizirik jaiotzen bada, berriz obeto aseguratzeko, bateatu bear da, buruaren gañean ura egozten zaiola, hitzak esanaz modu onetan; «bateaturik ezpazaude; nik bateatzen zaitut Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen». Eta Parrokoari edo Erretore Jaunari eman bear zaio guziaren kontua, ondo kargu egiñik, berriz bateatu bear dan edo ez juizio egiteko.

        Eta orobat, aurdun dagoan emakumeren batek, aurra galdu edo botatzen badu, edo aurdun dagoala illtzen bada, bere-bereala alegin guziak egin bear dira aurra sokorritzeko, eta bateatzeko, eta lekurik badago, Abade edo Erretore Jaunari, eta Barberoari bereala otsegin bear zaie; eta naiz aurdun berria, naiz zarra izan, iregi bear da ill ezkero aren gorputza, eta atera bear zaio aurra, eta au bizirik badago, bateatu bear da kondizio bage: eta bizirik edo illik dagoan dudatzen bada, Bateatu bear da kondizioarekin, esanaz: kapaz bazera edo bizi bazera, nik bateatzen zaitut Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Eta ori esatearekin batera ura egotzi bear zaio.

        G. Eta orrelako premia orduetan nolako urarekin bateatu bear da aurra? E. Edozein ur naturalaz, dala iturriko, dala errekakoa edo putzukoa, dala ibaikoa edo itxasokoa, dala ituzurekoa ur naturala izatea asko da, eta ezta bear bedeinkatua izatea; baña ur naturala eztanarekin, nola dan arrosazkoa edo maratsak ematen duena edo ardoarekin bateatuko balu, ez luke Sakramenturik edo Bateorik egingo.

        G. Eta zergatik Jesu-Kristok autu zuan ur naturala bateatzeko? E. 1. Zergatik, nola urak garbitzeko serbitzen duan, aditzera eman nai zuan, Bateoko Sakramentuak garbitzen dituala gure animak pekatutik, urak gorputzak garbitzen dituan bezela. 2. nola Bateoa guziontzat ain bearra dan, pekatuaren barkazioa, eta Jaunaren grazia iristeko edo alkanzatzeko, nun-nai erremedioa erraz arki zedin; eta orregatik nai izan zuan premia orduan edozeñek bateatzeko eskualdia edukitzea ere.

        G. Orrela, Bateoa guztiz bearra da, eta Bateo bage ezin iñor salbatu liteke? E. Ala da egia: bada Jesu-Kristo gure Jaunak berak esan zuan; urarekin eta Espiritu Santuarekin jaiotza edo bizitza berria arzen eztuanak, sartuko etzala Zeruetako Erreinuan. Nisi quis renatus fuerit ez aqua, et Spiritu Sancto, non intrabit in regnum Coelorum.

        G. Eta bada Bateoaren ordekorik, urezko Bateoa bera ezin errezibitu ditekeanean? E. Bai. Aurrak bateo orde due martirioa, au da, Jesu-Kristogatik illerazotzen baditue, aur inozenteak bezela, eren odolezko martirio edo Bateoarekin salbatzen dira. Eta persona larriak, Kristau egin nai diranak, baña nork bateatu eztuenak, orobat martirioarekin, eta baita kontrizioarekin, eta Bateoaren deseoarekin salbatzen dira.

        G. Eta premiarik edo estudasunik eztan aldietan, luzatu diteke aurrak bateatu bage edukitzea? E. Ezta luzatu bear; eta ala aitzakia alperrakin eztitue eduki bear aurrak luzaro bateatu bage: bada bestela, alde batetik daduzkate bitartean Sakramentuaren grazia bage, eta onek dakazkien ondasun espiritual andia bage, eta bestetik, bateatu bage iltzeko, aurrak dituan arriskuak asko izan oi dira; eta alakorik gertatuko balitzaie, orra betiko zoriona edo gloria galdu eragingo likeoen.

        G. Bateoko Sakramentuak ematen dituan ondasunak nolakoak dira? E. Ain andiak, eta estimagarriak dira, nun ezin bear bezela aditzera eman litezke. Badakizue gure lenengo gurasoak Adanek eta Ebak egin zuen pekatuarekin erenzat, eta guretzat galdu zuela; 1. Jaungoikoaren grazia eta Zeruko deretxa. 2. Galdu zuela justizia orijinala, eren pasio, griña edo apetitoak arrazoiaren mendean beti edukitzeko indarra ematen ziena. Eta 3. Jaunaren adiskidetasuna galdu, eta aren aserrean erori zirala: eta 4. Deabruaren menpeko edo katibu billau egiñik erak gelditu zirala, eta guziok orobat jaiotzen gerala, eta guziok kondenatu bearra ekarri ziguela, aetatik datorkigun jatorrizko pekatuagatik, eta orri deitzen diogu pekatu orijinala; eta ori izan ezpaliz, eritasunik, eriotzarik, eta beste nekerik izango ez genduan, baizik ondo bizi, eta ill bage, mundutik Zerura igaroko giñan. Bada gaitz, eta kalte izugarri oriek guziak Jesu-Kristo gure Jaunak erremediatu ditu bere bizitza, pasio, eta eriotza santuarekin.

        Berak gure pekatuen zorrak bere gañ artu nai izan zituan, eta aen pagua, Kurutze santuan Jaungoikoaren justiziari gure ordez eman zion; eta bere pasio, eta eriotza santuaren frutua, au da, gure pekatuen barkazioa, eta bere grazia Sakramentu santuetan aplikatzen digu: eta lenengo, Bateo santuan mesede guztiz andi ori egiten digu; bada ozta Bateo santua errezibitzen degu; 1. pekatu orijinala edo jatorrizkoa barkatzen digu, eta baita beste edozein pekatu bateatzen danagan arkitzen bada, nola gerta oi dan persona larriak Kristau egiten diranean; eta ez bakarrik barkatzen ditu pekatu guziak, eta aei zegozkien Infernuko betiko penak, baita pena tenporal guzia ere edo mundu onetan edo Purgatorioan pagatu bear zituenak; eta ala bateatu, eta pekaturik egin bage ilzen dana, bereala dijoa Zeruko gloriara. Nork esan dezake fabore edo mesede onen anditasuna? Bada ori baño andiagoa da orain adituko dezuena; eta ala, 2. Bateo santuak ez bakarrik pekatutik, eta deabruaren katiberiotik, eta Jaungoikoaren aserretik edo etsaitasunetik libratzen gaitu, baizik Jaungoikoaren adiskideak egiten gaitu, bada ematen digu Jaungoikoaren grazia, eta onek jasotzen gaitu aiñ estadu altu, eta honragarrira, nun Jaungoikoak egiten gaitu, Divinae consortes naturae. Aita Zerukoak artzen gaitu bere seme edo alabatzat; Jesu-Kristo gure Jaunak egiten gaitu bere senide, bere zati edo mienbroak, eta bere Elizako humeak; eta Espiritu Santuak egiten gaitu bere bizileku edo jarleku guztiz ederrak, eta gelditzen gera egiñik Elizako ondasun espiritual guzietan partedun, eta Zeruko gloriaren herederoak, eta arako deretxoaren jabeak.

        Eta orrez gañera, Bateo Santuak ematen digu edo gure animan ezarten edo inprimitzen digu señale honragarri bat, karaktera deitzen zaiona, Kristautzat markaturik, eta señalaturik uzten gaituana, eta iñoiz ere desegingo, eta borratuko eztana, eta Kristau eztiran guziakgandik beti distingituko gaituana, honra geiagorako, ondo bizi bagera, eta lotsa geiagorako, Kristau onak bezela bizi ezpagera.

        Orra nolako ondasunak dakazkigun Bateo santuak; eta orra zein honra, eta dignidade miragarria dan Kristau izatea. Munduko Erregetasun, aberastasun, eta honra guziak baño guztiz estimagarriagoa, eta ala estimatu oi zuan Franziako Errege andi San Luis glorioso famatuak, eta Errege izatea baño, Kristau izatea geiago estimatzen zuelako señalean firmatzen zuan Luis de Poisi, Kristau egin zan edo bateatua izateko zoriona izan zuan erriaren izena, bere izenari egozten ziola, beti gogoan edukitzeko, Jaungoikoaren Majestadeak egin zion mesede, eta honra parebagea. Kristau egin zuanean edo Bateo santuko grazia eman zionean, eta ala, esker onekin Jaungoikoari eranzuteko, eta Kristau ona bezela, eta Jaunaren sierbo egiazkoa bezela beti bizitzeko.

        G. Eta Bateo santuak jatorrizko pekatua kentzen digun ezkero, zergatik, pekatu orren ondarrak, au da, eritasunak, eta ilbearra, eta gaitzerako, eta pekaturako ditugun griña, inklinazio edo pasio erabageak kentzen eztigu? E. 1. Zergatik ori guzia berez pekatu edo kulpa eztan; eta 2. zergatik ain bearra degun humiltasuna, eta pazienzia, eta beste birtuteak ejerzitatzeko gauza oriek asko serbitzen diguen. Eta Bateoan Jaungoikoak ematen digun graziarekin, eta gure alegiñarekin gure pasioak edo griña gaiztoak eziaz edo menderatuaz, eta gure biziaren sakrifizioa Jaungoikoari egiten diogula meritu edo irabazi guztiz andiak, eta orioi dagozkien gloriazko betiko ondasunak irabazi ditzakegu; eta orrela zorioneko betiko bizitza, ez bakarrik gure animarentzat, baita gorputzarentzat seguratu dezakegu.

        Baña orretarako, N.K. Bateo santuan pekatutik libratu giñan ezkero, deabruaren katiberiotik atera giñan ezkero, bizitza berri bat ain miragarria, eta honragarria artu genduan ezkero, eta Jesu-Kristoz beraz janzi giñan ezkero; alegin guziak egin bear ditugu mesede guztiz andi oriek beti gogoan edukitzeko; Jaungoikoari egunoro eskerrak emateko; eta Jesu-Kristori gogotik jarraitzeko, bada Deabruaren, munduaren, eta aragiaren partidua larga genduan, eta solemnidade guziarekin errenunziatu genduan Bateo santuan, eta promesa edo obligazio andia eta agiria egin genduan Deabruaren obra gaiztoak edo pekatuak, munduaren ponpa, eta banidadeak, eta aragiaren gurari, eta lan zikiñak igui izateko, eta Jesu-Kristoren espirituaz batera aurrera bizitzeko, aren fede santuaz batera gure bizimodua moldatzeko edo zuzentzeko, eta Jaungoikoaren legeko Mandamentuak kontuz gordetzeko; eta ori egiten ezpadegu, Kristauaren izena eduki arren, ez gera egiazko Kristauak izango, baizik Deabruaren, munduaren, eta aragiaren zorigaiztoko jarraitzalleak, eta aren menpeko edo katibu billau lotsabageak. A! Zenbat onelako Kristau itxu, esker gaiztokoak eta infameak munduan arkitzen diran! Eren obligazio andiak ondo ikasi, ezagutu, eta gogora ere ekarri nai eztituenak; Jaungoikoari emanik, dauzkaten hitzak, ete egiñik dauzkaten promesa edo obligazio solemne, eta publikoak ardurabage ausitzen dituenak; Jesu-Kristori jarraitzeaz lotsatzen diranak, eta Deabruaren, munduaren, eta aragiaren partiduari gogotik darraienak !

        Zer, beste gauzarik egiten due, soberbiari edo andinaiari, arrotasunari, eta banidadeari, abariziari edo gutiziari, lujuriari edo aragiaren loikeriari, aserretasunari, enbidiari, eta gorrotoari, erabageko jan, edan, jostatze zikin, lotsabageko danza, buru aringarri, eta beatztopa diranai, eta joku luze kaltegarri, askoren ondagarri diranai, darraien Kristau itxuak, Kristauaren izenik merezi eztuenak?

        Zer, besterik egiten due, Jentillak baño ardura gutxiagorekin blasfemiak, birauak, gezurrezko juramentuak, murmurazio, eta txisme larriak egiten dituen Kristauak? Eta eren sabelak kontentatzeko ardurabage jan, eta edan, eta eren buruak moteltzen, eta galtzen dituen lotsabageko Kristauak? Bada desengañatu gaitezen arren N.K.; Jesu-Kristoren ejenploari, eta dotriña santuari jarraio bage eztago guretzat betiko bizitzarik, eztago betiko gloriarik; baizik betiko negarra, betiko tormentua, eta betiko desesperazioa Infernuan.

        Zerurako egiñak geran ezkero, eta arako bidea Jesu-Kristok bakarrik erakutsi zigun ezkero, nai ta ez jarraio bear diogu; egiazko humiltasuna, pazienzia, alkarrekiko karidadea, eta animako, eta gorputzeko garbitasuna dira batez ere Jesu-Kristok erakutsi, eta ejerzitatu zituan, eta agindu zizkigun birtuteak; eztira bakarrik konsejuzkoak, baizik dira obligazio estu, eta premiazkoak; eta ala, alegin guziak egin bear ditugu birtute oriek iristeko, eta ejerzitatzeko, eta orien kontra diran bizio gaiztoak garaitzeko edo menderatzeko; eta orretarako, gerenez ain itxuak, ain argalak, eta gaitzera ain makurtuak edo etziñak bagera ere, ez gera desalaitu edo desanimatu bear; baizik, 1. Fedeak erakusten dizkigun egiak ondo ikasi, eta gogoan erabilli bear ditugu, eta batez ere gure Jaungoikoaren ontasuna, eta agertu digun guganako amorioa, bere antzera, eta beraz beti gozatzeko egiñaz; Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santua, eta gu pekatutik libratzeko eraman zituan neke arrigarriak, eta nai ta ez datorkigun eternidadea, edo zorionekoa Zeruan edo zorigaiztokoa Infernuan su, eta gar ikaragarrietan, penitenzia benetan egiten ezpadegu: eta 2. Jaungoikoari Jesu-Kristoren izenean sarri, eta gogotik eskatu bear diogu bere argia, eta grazia, gure obligazioak ondo ezagizeko, eta indarra, gure pasio edo griña gaiztoak, eta oitura edo kostunbre gaiztoak eskuratzeko, eta Mandamentu santuak kontuz gordetzeko: bada Jaungoikoa orain Aita ona bezela prest dago guri laguntzeko, gure partetik egiazko alegiñak aren graziarekin batera egin nai baditugu: baña bestela, Juez justuak bezela naitaez betiko kondenatuko gaitu; eta orra Bateo santuan Jaungoikoak egin zizkigun mesede edo faboreak zein andiak diran, eta Kristauaren obligazioak nolakoak diran. Eta ori bera Bateo santu solemnean Eliza Ama Santak usatzen dituan zeremonia andiak, eta misteriozkoak erakusten digue.

        Aditu itzatzue bada Bateo santuan Eliza Ama Santak usatzen dituan zeremonia andiak.

        G. Zein dira bada Bateo solemnean egiten diran zeremonia prinzipalak; eta zer aditzera ematen digue? E. 1. Bateatzen dan aurrari ematen zaiozka aita pontekoak edo guraso-ordekoak. Eta zertako? Guraso espiritualak bezela, aurraren aita-ordeko, eta maisuak izan ditezen: eta Bateoan egiten diran promesak, eta obligazioak gogora ekarri, eta erakutsi degiozkaten gurasoen faltan.

        Eta ala, aita ponteko edo guraso-ordeko espiritualak bezela, izan bear due Kristauak, eta dotriña, eta bizimodu ona duenak; eta ezin bi baizik izan ditezke, bata gizona, eta bestea emakumea. Baña asko da bat bakarrik izatea ere, eta aide espiritualak egiten diralako, jasotzen duen aurrarekin lenengo gradoan, eta aren gurasoakin bigarren gradoan, ezin ezkondu ditezke Dispensa bage, ez aurrarekin ez eta aren gurasoakin ere.

        2. Elizako ateetan aurra gelditzen due. Eta, zertako? 1. Aditzera emateko, Etizatik kantpora, au da, Paradisotik kanpora bota ginduzela pekatu orijinalak edo jatorrizkoak, eta gerenez merezi eztegula Elizan sartzea, bada Deabruaren esklaboak edo katibuak gera. Eta 2. aditzera emateko, eztala Bateo santua baizik, Elizan sartzeko deretxoa ematen duanik.

        3. Aurrari izena ifinten diobe aita pontekoak; eta Sazerdoteak galdetzen dio: Zer eskatzen diozu Elizari? Eta eranzuten dio, Fedea. Eta berriz galdetzen dio: Zer ematen dizu Fedeak? Eta eranzuten zaio; betiko bizitza. Bada nai badezu betiko bizitza, gorde itzatzu Mandamentuak esaten dio Sazerdoteak: zure Jaungoiko Jauna amatuko dezu biotz guztitik, eta zure projimoa, zere burua bezela: Eta zertako izena ifinita, galde oriek egiten zaio, eta Fedearen, eta karidadearen premia, da obligazioa bertatik aditzera ematen zaio? Bere izena emanaz, nolako obligazioak artzen dituan jakin dezan; eta Santu edo Santa baten izena artzen du, bere bizimoduaren ispillu, eta anparatzalle berariazkoa izan dakion Jaunaren aurrean.

        4. Sazerdoteak egiten diozka aurrari konjuro edo Exorzismoak. Eta, zertako? Demonioari argandik iges egiteko, eta aditzera emateko, Bateo santuak ateratzen duala edo libratzen duala aren mendetik edo katiberiotik.

        5. Bekokian, eta bularrean egiten diozka Sazerdoteak aurrari gurutzearen señaleak. Eta zertako? Aditzera emateko 1. Jesu-Kristoren gurutzeko Pasio, eta eriotzatik etorri dala, bateo santuak duan birtutea, eta indar guzia, gu pekatutik, eta Deabruaren kautiberiotik ateratzeko. Eta 1. ez gerala lotsatu bear Jesu-Kristoren gurutzeaz, baizik maitatu bear degula gurutzea, eta humiltasunarekin, eta pazienziarekin bakoitzak jaso bear degula gure gurutzea edo gure nekea.

        6. Aurrari ifinten dio Sazerdoteak gatz piska bat aoan. Eta zertako? 1. Aditzera emateko, gatzaren gustoak edo saboreak gogora ekarten duen Zeruko gauzen sabiduria, eta gustoa, eskatzen diola Elizak Jaungoikoari aurrarenzat; eta 2. aditzera emateko, gatzak usteldasuna eragozten duan bezela, bateo santuko graziak gordetzen duela Kristaua pekatuaren usteldasunetik.

        7. Sazerdoteak bere aoko txistu piska bat ifinten dio aurrari sudurretan, eta belarrietan, esanaz; Efeta, quod est adaperire. Zertako da ori? Nola Jesu-Kristo gure Jauna bera bere aoko txistuaz baliatu zan, gorturik, eta mututurik zegoan gizon bat sendatzeko, Eliza Ama Santak zeremonia ori bera usatzen du, eta Jesu-Kristoren beraren hitzak esaten ditu, eta eskatzen dio, aur ari iregi degiozkala belarriak, bere dotriñako egiak ondo aditzeko, eta bere hitz santuaren gustoa, eta gozotasuna sentitzeko; eta orren ondoren, len esan dedan bezela, Deabruaren errenunzia egiten du bateatu bear danak, eta agintzen du Jesu-Kristori segitzea.

        8. Olio santuarekin eta Krismarekin gantxitzen diozka aurrari bularra, sorbalda, eta burua. Eta ori zertako? Aditzera emateko, bateatu danari ematen zaiola grazia, eta indarra, izango dituan nekeak, eta naigabeak pazienziarekin eramateko, eta Jesu-Kristoren Legeko uztarria biguñtzeko, arintzeko, eta gozatzeko.

        9. Oial zuri bat ematen diobe aurrari. Eta zer esan nai du orrek? Bateoak ematen dion garbitasuna, eta inozenzia, bere bizimodu, eta obra onakin gorde, eta konserbatu bear duala.

        Eta 10. zertako ifintzen diobe kandela irareki bat eskuan? Adieragiteko, bere biotzean beti eduki bear duan karidadea edo Jaungoikoaren eta projimoaren amorio irazekia, eta bere bizimodu onarekin guziei eman bear dien ejenplo ona.

        Eta azkenik, Bateoa bukaturik, esaten dio Sazerdoteak Kristau berriari; zoatz pakean, eta Jauna izan dedilla zurekin. Nai dezue bada, N.K. egiazko pakea zuen biotzetan? Bada bazaudetezke seguru, eztezuela arkituko munduko honra, ondasun, eta atsegiñetan; baizik, Kristau onak bezela zuen borondatea, eta deseo erabageko guziak ukatzen; zuen gurutze, neke edo naigabeak pazienziarekin eramatean; Jesu-Kristori jarraitzean, eta gauza guzietan Jaunaren borondatearekin konformatzean. Orra zerk dakarren pakea orain, eta betiko pakea gero Zeruan.

        Eta orain, zer frutu edo probetxu atera bear degu, Bateoko Sakramentu santuaren gañean esan degun dotriña onetatik?

        1. Gure Jaungoikoari, ez bakarrik orain, baizik egunoro biotz guztitik eskerrak eman bear diozkagu, guk merezi bage, Bateo santuan egin dizkigun mesede guztiz andiakgatik; bada atera gaitu pekatutik, eta Deabruaren katiberiotik, eta eman digu bere grazia, eta Zeruko herederoak egin gaitu.

        2. Egunoro berritu bear degu Bateoan egin genduan Satanasen edo Deabruaren errenunzia, eta ari larga, eta Jesu-Kristori jarraitzeko promesa andia, eta ori kunplitzeko gogo bizia, eta neurriak benetan artu bear ditugu.

        Eta 3. Bateo santuko grazia miragarria galdu eztuenak, alegin guziak egin bear ditue, ura konserbatzeko, izan diteken tesororik andiena bezela; eta iñoiz galdu duenak, penitenzia egiazkoarekin berriz iristeko, eta bizimodu on batekin beti konserbatzeko, bada orri darraio betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa