www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMASEIGARREN DOTRIÑA

 

Bederatzigarren, eta amargarren
Mandamentuen gañean.

 

        Jaungoikoaren Majestadeak seigarren, eta zazpigarren Mandamentu santuetan lujuriazko, eta lapurretazko pekatuak eragotziarekin, aen deseoak ere eragozten dizkigu: baña ala ere itxutu ez gaitezen, Juduak, eta aen maisu Fariseoak bezela, uste izanaz, obrazko pekatuak eskusatu ezkero, kargurik egingo eztigula pensamentu eta deseo gaiztoak gure biotzetan konsentitu arren; erakutsi nai izan digu argiro pensamentu gaiztoak, eta deseo erabageak, borondatezkoak izan ezkero, pekatu dirala. Eta nola geien deseatzen diran gauzak, izan oi diran aragiaren gusto zikiñak; eta munduko ondasunak; berariaz eragotzi dizkigu besteren emaztearen deseoak, eta besteren ondasunen deseoak: lujuriazko deseoak, nolako pekatuak diran zeoro explikaturik daukagu seigarren Mandamentu santuaren explikazioan: eta ala bakarrik besteren ondasunen deseo edo gutiziazko pekatuak gaur aditzera eman nai dizuet. Eta 1. gogoan eduki bear degu guziok, gure egiazko zoriona, eta barruko pakea dagoala Jaungoikoaren borondatearekin gurea konformatzean: Berak daki, guk baño obeto, zer konbeni zakun: eta Aita onak bezela bear degun guzia, gure salbaziorako konbeni dan moduan, emango digu: eta ala abariziari edo ondasunen gutizia erabageari gure biotzetan lekurik eman bear eztiogu. Ainbeste gaitz, eta pekatu dakatzen bizio kapital edo burudun au, bere erremedioarekin batera explikaturik daukagu berariazko dotriña batean. Eta ala orain nor diran besteren ondasunak erabage deseatuaz pekatu egiten duenak, esan bear dizuet. Eta bertatik eskrupuluak kentzeko diot, eze modu onean griñarik bage, eta arazeri andi bage gure premiak estaltzeko edo obra onak egiteko ondasunak deseatzea eztala pekatu: baña bide gaiztotik edo iñoren kaltean ondasunak edo besteren gauzak deseatzea, pekatu dala. Eta ala 1. diot, amargarren Mandamentu santua ausitzen duela, besteren ondasuna izateko gutizia edo erabageko deseoarekin diru joku andiak, eta kaltetsuak egiten dituztenak, naiz karta jokuak, naiz bola jokuak, naiz pilota jokuak izan ditezela: eta ez bakarrik tranpiaz edo engañuaz irabazten duenak (bada ori karidadea ezeze, alkarrekiko justizia agitz ausitzea da, eta lapurreta da, eta berekin dakar errestituzioa egiteko obligazioa) baita ere tranpiarik edo engañurik egin bage, irabazteko gutiziarekin, dakitela edo jakiteko obligazioa duela, eren buruai edo eren familiari edo eren karguko edo obligaziozko personai; edo beste jokulariari edo aren familiari, kalte andia edo dañu andia ekarteko diñeko jokuak dirala: eta orobat trabesak edo apuesta andiak egiten badituzte, Mandamentu santu au ausitzen due: bada guziok alkarri zor diogun karidadeari gai andian edo pisuan faltatzen diobe: 2. diot, diruaz disponitzeko eskualdirik eztuenakin, nola gurasoen mendean daudenakin edo guraso-ordeko edo kuradoren mendean daudenakin edo senarraren borondate bage jokatzen duen emakumakin kantidade andia jokatzen duenak, irabazteko, eta erenzat gordetzeko asmoarekin, eta gutiziarekin Mandamentu santu au agitz ausitzen duela: baita erak galduko balue ere. Eta 3. diot, al duen guzia irabazteko gutizia, deseo, eta asmoarekin jokatzen duenak; batere begiratu bage, galtzalleari ekarri ditzakioben kalte edo dañuak andiak edo txikiak diran; besteren ondasunak erabage deseatzen dituelako, Mandamentu au ausitzen due.

        G. Baña emen bearbada askok esango dezue, eta batez ere joku andiak ardurabage egiteko afizio dezuenok: eztegu iñoiz ere erreparatu gauza orietan: irabaztera bezela galtzera ere jarri gera: eta egia da edo beti irabazi edo beti galdu egin bagendu: edo besteak edo guk kalte andiak, eta ondorengo txarrak izango ginduzen: baña batzuetan galdu, eta besteetan irabazi egin ezkero, iñori kalte andirik ez datorkio: eta bestetik agrabiorik iñori egiten eztiogu, bada bakoitza bere borondatez arriskatzen da. Ara zuen arrazoi guziai ematen diedan eranzuera. 1. Diot, berez jokua, beste dibersio edo jostatzeak bezela, izan ditekeala inozentea edo kulpabagea: eta izan ditekeala kulpaduna edo pekatua. Zer gauza inozenteagorik, eta bearragorik jatea, eta edatea baño? Eta ala ere neurribage, modubage edo gustoagatik bakarrik beste motibo edo intenzio on bage, jatea, eta edatea pekatu da, andiagoa edo txikiagoa; bere buruari edo familiari dakarkion kaltea nolakua danez: eta ark geiago neurribage edo modubage jateagatik edo edateagatik, beste pekatu andirik edo mortalik egitera prestaturik badago: nola lapurretak egitera; edo obligaziozko barabak edo bijiliak ausitzera. Jakin bear dezue bada, jokua eztala sortua irabaziak egiteko, eta batak besteari geiegi irabaziaz estudasunak emateko: jokuaren fiña, eta intenzioa batez ere dala, ardurazko beste egiteko edo langaiai kobru eman ezkero, jende artean modu onean dibertitzeko, eta atsegin artzeko; ara nola loa artzen dan deskanzatzeko, eta lengo lan edo beargaiai berriz ekiteko: baña, zerren irabazi piskaren pozak jokuari atsegin geiago ematen dion, eta garaia edo biktoria geiago estimatzen da jokuan gutxi-asko arriskatzea baña ez irabazteagatik bakarrik jokatzea: bada fin ori beti da gaiztoa: gai txiki edo ariñean bada, pekatu beniala: baña kalte andiak jokulariai ekarteko gai edo kantidade andian izan ezkero pekatu mortala. (Cuniliati et catequistadiste 64, fol. 500.)

        Orrela esango dezue, ezin jokuan ezer arriskatu diteke, gutxianez pekatu benialik egin bage? Jokuari atenzio geiago ipinteko, eta atsegin geiago artzeko asmoarekin gauza gutxi bat arriskatzea ezta debekatzen, eta ezta pekatu; zerren ori eztan jokuaren fin edo intenzioaren kontra, au da, zerbait dibertitzea, eta alkarrekin atsegin artzea: baña gutiziagatik, eta irabazteagatik bakarrik arriskatzea beste fin edo asmo on bage, beti da pekatu edo txikiagoa edo andiagoa, dakarren kaltea edo dañua nolakoa danez. Eta baderitzot, pasioak itxutuko ezpalituzke jokulariak, eren desarrazoia, eta erakeria erraz ezagutuko lukeala, pasiorik eztuenak ezagutzen duen bezela. Baña badiobe, irabaziak, eta galduak kontu egin ezkero, kalte andirik ez datorkiela, eta iñori egiten eztiobela: baña ori ere eskuarkiro gezurra da; batez ere diru joku andietan, eta orien antzeko erabageko apuesta lodietan: bada (utzirik alde batera orietan ikusten diran larritasunak, estutasunak, birau, maldizio, eta juramentuak: alkar ezin ikusiak, gorrotoak, eta aserrealdiak) galdetu baizik eztago, nolako naigabeak ematen dizten eren kargura dauzkaten emazte, seme, alaba, eta etxeko guziai: nola lengo zorrak pagatu ordean, diru billa dabiltzan, eta zor berriak (bearbada iñoiz ere ez pagatzeko) egiten dituzten: eta eren buruak, etxeak, eta familiak ondatzen dituzten: bada ori guzia erabageko joku andiak berekin dakar. Eta ala ere jokulari itxutuak ezagutu nai eztue: eta irabazteko esperanza alperrarekin jokuari larga nai eztio; eta dio, iñori kalterik egiten eztiola; zerren bakoitza bere borondatez arriskatzen dan. Baña esan bear likegu, jokulariaren borondate ori justua dan edo ez, arrazoizkoa dan edo ez, erakeria dan edo ez, juizioa edo zenzua daukanarena dan edo ez: eta Kristauaren legean projimoaren utsegite andia korrejitzeko, eta bere projimoa pekatutik ateratzeko al duena egiteko obligazio andia daukan Kristauak iñori gaizki egiten, eta bere burua galtzen berak lagundu deikion edo ez. Baña oraindio esango du jokulariren batek; ez nuen nik ainbesteraño jokatzeko asmorik: besteak tentatu nau: ura baño gutxiago ez naiz: eta, nun gelditzen zan nere puntua, besteren desafioa admititu ezpanu? Eta orra nun batari gutiziak, eta besteari arrotasunak; edo obeto esateko, biai irabazi nai erabageak, eta soberbiak erakeri andiak eragiten dizten: alkarri zor dioben karidadeaz aztutzen diran: pasio gaiztoak itxutzen dituen: eta alkarri kalte andiak ekarten dizten: eta ala ere uste due, pekatu mortalik egiten eztuela: zerren artan pensatzen eztuen, eta alakotzal eztaukaten; baña ori da itxumen bat, eta jakineztasun bat kulpaduna, borondatezkoa, goitu, eta benzitu bear lukean pasioak sortzen diena: eta erremediatzen ezpadira, kondenatuko dituana: bada daukate obligazio andia, orrelako pasio erabageak, eta kaltegarriak ezagutzeko, eta mederatzeko.

        Baña orain jokurako pasio edo erabageko afizioa aitatu degun ezkero, galdetuko didazue: noiz diru jokua eldu liteke pekatu mortal izatera, eta noiz ez? 1. diot, Elizako legeak, eta Españiako Erregeren legeak eragotzirik daukaten jokuetan kantidade andiak jokatzen dituenak, ezkuarkiko pekatu mortal egiten duala, alde batetik eskandaloa eman oi duelako, eta bestetik dañu edo kalte andiak eren buruai edo besteai egitera jarten diralako; baña dibertitzeagatik, eta kalte andirik ekarri bage gauza gutxi bat jokatzen badue, pekatu beniala eskuarkiro izango da. Eta 2. diot, nola jokularien bizimoduak, pobreza, eta aberastasunak: eta dituen karguak, eta obligazioak diferenteak diran; ezin guziai erregla bat señalatu dakike: eta bakarrik esan dakike; jokuan arriskatzen badezu zure familiaren mantenurako edo janzirako bear dezun dirua, pekatu mortal egiten dezu; orobat librea egon arren, zere bizimodua, honra, estimazioarekin konserbatzeko bear dezun ondasuna jokuan arriskatzen badezu, pekatu mortal egiten dezu: orobat jokua ez uzteagatik, zorrak pagatu bage bazaude, edo zere familiaren burubide edo akomoduari ezin kobru eman badiozu; artarako bear dezuna jokuan gastatzen dezulako, pekatu mortalean bizi zera. Eta ori guria pasiorik eztaukenak erraz ezagutzen due, jokulari itxutuak ezagutu nai ezpadue ere.

        G. Eta diru jokuaren gañean zer lege dago Españiako erreinu onetan? E. 1. Lege guziak, ala Elizako agintarienak, nola Erregearenak eragotzirik dauzkate suerte utsezko jokuak, benturazkoak: abilidadeak batere lekurik eztuen joku mota guziak: eta orietan irabazten dana, gaizki irabazitzat deklaraturik dago: (1771garren urtean publikatu zan) gauza gutxi bat baldin ezpada dibertitzeagatik bakarrik: 2. bestelako jokuetan ere Erregearen legez dirua presente ezpadago, baizik gero pagatzeko jokatzen badu, jokuak balio eztu: 3. lurrik, etxerik edo beste ondasunik ezin jokatu diteke: eta jokatzen badue, jokuak balio eztu. Eta ala bakarrik, aurretik ipinten dan dirua jokatu liteke; l eta zenbateraño? eskualdi edo parada bakoitzean erreal txiki bat edo zortzi kuarto, eta erdiko bat bakarrik: eta jokualdi bakoitzean ezin guztira igaro liteke ogeta amar dukatetik aurrera. Eta bestela irabazten danaren errestituzioa egiteko obligazioa dago, batez ere Juezak agindu ezkero: eta ori moraleko Maisu odo Doktore guziak erabatera ala erakusten due: eta badira Doktore andi asko, Juezak agindu bage ere, errestituzioa egin bear dala erakusten duenak; zerren gaizki irabaziaren jabe ezin egin ditezke: eta beste tratuetan bezela, biurtu bear dala gaizki eraman dana: baña nori biurtu bear zaio? ez galdu duenari berari, bera diru jabe bazan; bada kulpadunak bezela merezi eztu; baizik enpleatu bear da edo pobretan edo beste piedadezko obra onetan: baña besteren dirua, jabearen borondate bage, jokatu, eta galdu bazuen, egiazko jabeari biurtu bear zaio. Eta iñork bere artero kezkarik badu, kontuan dagoan konfesore jakintsu bati galdetu bear dio, zer egin bear duen.

        G. Eta noiz geiago diru jokua pekatu mortal izan liteke? E. 1. Aserreak izateko; edo birauak edo maldizioak egiteko; blasfemiak esateko edo juramentu gaiztoak egiteko edo beste edozein pekatu mortal egiteko peligru, arrisku edo okasio andia ekarri oi duenean. Eta ala bakoitzak, bere jenio gutiziosoa, eta aserrekorra ezagutu ezkero, eta orrelako pekatuak eskuarkiro jokuan egin oi dituala, dauka obligazio andia edo grabea orrelako jokuari largatzeko: bada, aziera ona duen Kristau batzuek aserre andi bage, eta okasiorik iñori eman bage jokatzen badue ere; badira beste asko edo gutiziak edo galdu duena batetan irabazteko deseoak ainbesteraño itxutzen dituenak, nun ondorengo tristeai begiratu bage, esku batean duen diru guzia arriskatzen duen: eta eren buruak, eta familiak ondatzen dituen. Eta ala ere joku andizaleak sinistu eragin nai due, jokua dala dibersio inozente, eta honradu bat; ainbeste estutasun, itxutasun, eta erotasun badakar ere! baña ori da pasio andi guzien itxumena: eta Jaungoikoak arren argitu, eta zenzatu gaitzala. 2. Pekatu mortal egiten due, diruaren disposiziorik edo aginterik eztuela nola semeak, eta emazteak, gurasoaren edo senarraren borondatearen kontra kantidade andia jokatzen duenak: baña ez, aek onzat eraman ezkero, eta etxeari kalte andirik egin bage jokatzen badue: eta orobat, dakiela, alakoakin, kantidade andia jokatzen duenak; besterena dana irabazteko, eta gordetzeko asmoarekin, pekatu mortal egiten due: eta baita alako asmorik ez eduki arren, bada pekatu egiten laguntzen die: 3. pekatu mortal egiten due, jokulegeak permititzen eztituan tranpiak, eta engañuak egiten dituenak: nola kartak ixillik señalatzea: edo bestearen atzetik daudenakin alkar adituta, besteren jokua keñuz jakitea; edo asko balio duen kartaren bat ezkutatzea; edo erak dakizten beste tranpiren batzuek egitea: bada ori guzia egiazko lapurreta da: eta gai grabea izan ezkero pekatu mortal da, eta errestituzioa egiteko obligazioarekin gelditzen dira, 4. Pekatu mortal egiten due, iñor indarrez edo bildurtuaz jokatzera obligatzen duenak. Eta baita, zerbait aurreratxo berariaz edan eragin, eta jokatu eragiten dienak, estadu artan irabaziko dielako seguridadearekin edo uste osoarekin. Eta 5. diru jokua izan oi da pekatu (beste gaitz andirik ez ekarri arren) denpora luzea jokuan igarotzen danean: baña ezin erraz erabaki liteke, noiz ori dan pekatu mortala, eta noiz beniala. Ala ere ziertu da askok pekatu mortal egiten duela. 1. jokuan luzaro aritzeagatik eren obligaziozko, eta ardurazko lanak egin bage usten baditue; estudiante askori gertatzen zaien bezela: 2. egunaz ere eze, gabaz ere txit beranduraño taberna etxetan, ostatuetan edo etxe jakiñetan jokuan aritzen diranak; eren etxekoen, eta beste askoren naigabe, sentimentu eta eskandaloarekin: eta 3. jokurako denpora geiago izateagatik jai egunetan Meza bat presaka enzun, eta bearbada atenzio bage, eta gañerako orduak jokuan enpleatu oi dituenak: dotriñarik, sermoirik, Meza nagusirik, eta bezperarik enzun bage: eta beste obra onik egin bage: baña ori ez oituraz, eta ez sarri, baizik alako asmo bage, ustekabean gertatzen bada, pekatu mortala izango ezta, baizik beniala: beste ondorengo gaiztorik ezpadu, denpora puska bat, alperrik igarotzea baizik: baña noiz ez dakazte eskuarkiro ondorengo guztiz gaiztoak orrelako diru joku luzeak?

        G. Eta nekazariak, eta ofiziale pobreak egiten dituen ardan jokuetan orrelako peligrorik, eta kalterik ote dago? E. Modu onean, neurri onean, eta tenpora egokian, eren nekeak astutzeko, eta arinzeko, jokatzen badue, pekaturik eztado. Baña, edo aserreak lagunakin; edo eren pobrezari dagokien baño gastu andiagoak egin, eta etxera gosea, eta miseria badakarde; edo neurritik edanean igaro, eta eren buruak galtzen baditue edo geiegi moteltzen badira, ortik datozen ondorengo txarrak, erak, eta eren familiak gero sufritu bearrarekin, pekatu asko egiten due: eta zenbaterañoko pekatuak diran ezagutzeko, dakazten kalteai begiratu bear zaie: bada ziertu da, etxe askoren, eta familia askoren ondamena alde orretatik datorrela: eta ala jokulariak bazerate edo erabageko jokurako afizio andirik baldin badezue, N.K. eta kondenatu nai ezpazerate, arren alperrik galtzen dezuen denporaren balioa ezagutzeko alegiñak egin itzazue: eta jokutik datozkizuen, eta besteai erakarten diezuen kalte andiak, ala espiritualak, nola tenporalak ondo konsideratu itzatzue, eta zuen pasio erabageko ori goitzeko edo menderatzeko asmo edo propositu indarsu bat ar ezazue; eta Jaungoikoari benetan, eta sarri orretarako bere grazia eskatu egiozue: bada bestela eskuarkiro Infernurako zerate.

        G. Eta badira geiago amargarren Mandamentu santu au, erabage besteren ondasunak deseatuaz, agitz ausitzen duenak? E. Bai asko dira: eta 1. gurasoen, seniden, edo aiden eriotza deseatzen duenak, aen ondasunak len baño len izateagatik. 2. Orobat besteak dauzkaten kargu edo ofizio edo enpleoak izateagatik, edo eritasunak edo illtzea deseatzen dienak edo eren fama ona gutxitzen dienak. 3. Erak asko irabazteagatik jendea gaxotzea deseatzen duen Mediku, eta Barberoak, eta Botikarioak. 4. Auziak, eta disputak izatea deseatzen duen Letradu, eta Eskribauak. 5. Gosetea etortzea deseatzen duen gari edo arto jabeak, gorago salduaz irabazteko. 6. Gerrak izatea deseatzen duen soldaduak, gauzaz jabetzeko. 7. Erak bakarrik saldu-erosiak egiteko, eta nai adiña irabazteko, ezin besteen ona, eta irabazia ikusi duen merkatari, eta tratutari gutiziosoak: eta beste onelako asko, besteren kaltearekin poztutzen diranak, jokulariak bezela, eta guzia erentzat nai lukeanak: eta, nundik sortzen dira pekatu oriek guziok? Abariziatik edo ondasun gura erabagetik, eta enbidiatik. Eta, abarizia, eta enbidia, eta beste bizio, eta pekatuak nundik sortzen dira? Guzien sustrai gaiztoa da gure buruaren amorio propio erabagea edo desordenatua, eta munduko ondasunen ansia edo gutizia gaiztoa; au da, jatorrizko pekatutik datorkigun griña guztiz fortitza, eta orri darraio guziok gerez daukagun itxumen arrigarria: emendik datorkigu erabageko soberbia edo andinaia, eta arrotasuna: emendik aberasteko griña andia: emendik aragiaren gusto zikin loiak gozatzeko deseoa: emendik erabageko jan-edanetako apetitua edo gula: emendik aserretasuna edo kolera gaiztoa, iñork bidegaberik egiten badigu: emendik enbidia, eta iñoren onaz damu izatea, eta iñoren gaitzaz poztutzea: eta emendik alpertasuna, birtuterako iguia, eta gauza onak egiteko atzerapena: eta emendik dator, hitz batean esateko Mandamentu santuen kontra egiten ditugun pekatu guziak. Zer erremedio artu bear degu bada pekatu oriek guziok eskusatzeko, eta orien sustrai gaiztoa menperatzeko edo goitzeko; da Kristauari dagokan bizimodu on bat egiteko; eta orrela gure buruak Infernutik libratzeko, eta eternidade guziko zoriona iristeko? Alegin guziak egin bear ditugu, N.K. egiazko karidadea iristeko: gure biotzetan konserbatzeko; eta egunoro azitzeko, geitzeko edo aumentatzeko; au da, egunoro gure Jaungoikoa geiago amatzeko: eta egunoro gure lagun projimoak, gere buruak bezela Jaungoikoagatik geiago amatzeko, eta estimatzeko. Badira bizio bakoitzaren kontrako erremedio espezialak: eta explikaturik dauzkagu, berariazko dotriñetan; baña bizio guzien kontrakoa, eta erremedio guzien eragillena da egiazko karidadea: au badegu, lege guzia gorderik daukagu: eta au ezpadegu, galduak gera: eta geiago diot, karidaderik ezpadegu, gere buruak egiaz amatzen eztitugu; baizik benetan aborrezitzen ditugu: bada nola karidadeak on guziak ekarten dizkigun, ala gure buruaren amorio erabageak edo desbordenatuak gaitz guziak dakaizkizkigu: eta argatik Jesu-Kristo gure Jaunak guzioi esan zigun, aren ondoren Zerura joan nai badegu gere burua mortifikatu edo ezi bear degula, au da, gere borondate propioa bere gurari gaiztoakin ukatu bear degula: egunoroko naigabeak edo gurutzeak pazienziarekin, jaso edo sufritu bear ditugula; eta berari jarraio bear diogula: eta orobat esan zigun, zer serbitzen dio gizonari, mundu guzia beretzea, au da, munduak eskeintzen dituan honrak, aberastasunak, eta atsegiñak gozatzea, galtzen badu betiko bere anima? Bada orretara jarriko bagera, obligazioa degun bezela, amatu bear degu gure Jaungoikoa gauza guziak baño geiago; eta baita gere buruak baño geiago ere: eta gure projimoak amatu, eta estimatu bear ditugu gere buruak bezela: eta amorio orretan egunoro, eta geiago aurreratzeko alegiñak egin bear ditugu: alde batetik orretako ditugun motibo guztiz andiak astiro konsideratuaz: bestetik doai miragarri ori gogotik Jaungoikoari berari eskatuaz: eta bestetik fedea, esperanzea, eta karidadea exerzitatuaz; au da, birtute orien aktoak sarri, eta biotzetik egiñaz: bada orrela gure amorio propio erabagea goituko degu: ortik datozkigun bizioak edo griña gaiztoak eskuratuko ditugu: orien kontrako birtuteak errazago exerzitatuko ditugu: amar Mandamentu santuak kontuz gordeko ditugu: eta emen pakean bizi, eta gero Zeruko gloria iritsiko degu. Amen.

       

 

aurrekoa hurrengoa