www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA ZORTZIGARREN DOTRIÑA

 

Zazpigarren mandamentu santuak
eragozten dituan lapurretaen gañean.

 

        Zazpigarren mandamentu santuak eragozten dituan lapurretaen gañean hitz egiten abiatu bear degu: eta oraingo aldian esango dizuet, 1. zein iguigarria, eta lotsagarria dan lapurreta: eta 2. noiz dan pekatu mortala, eta noiz beniala: eta lapurreta, txikiak dirudienak ere, eskusatu bear ditugula, dakatzen ondorengo izugarriakgatik.

        Jaungoikoaren legeko zazpigarren mandamentu santua da ez ostutzea. Eta zer agintzen da mandamentu onetan? Ez kentzea, ez edukitzea, eta ez nai izatea besteren gauzarik jabearen borondatearen kontra.

        G. Eta nork egiten du pekatu mandamentu onen kontra? E. Besteri ezer kentzen dionak edo kalteren bat arrazoi bage egiten dionak: eta kalte egiteko bidea edo motiboa besteri ematen dionak.

        G. Eta ostu zuenak edo kalte egin edo eragin zuenak aako izango du bere pekatua konfesatzea, barkazioa iristeko? E. Ez zor duena pagatzen ezpadu edo gutxianez al dueneraño.

        G. Eta ezin pagatu duenak, zer egingo du? E. Bere aldetik danez, alegiña egin, pagatzeko era edo modua izateko.

        Ona, N.K. mandamentu bat, gure Jaungoikoaren zuzentasuna, eta probidenzia miragarria alde batetik: eta bestetik gizonari dion amorioa txit argiro erakusten diguna: bada ez bakarrik gizonaren bizia, eta honra; baita ere gizonaren ondasunak bere kuidaduaren azpian artu ditu: eta bakoitzari berea gordetzea, eta iñori kalterik ez egitea, betiko pena, eta kondenazioaren azpian agintzen digu. Zer pakea munduan! mandamentu santu au guziok ondo gordeko bagendu.

        G. Zergatik bada gizonak mandamentu bat ain zuzena, eta aiñ justua aiñ erraz ausitzen due? E. 1. Zergatik Jaungoikoaren legeari ezeze, arrazoiaren beraren argiari begiratu nai eztioben: eztue konsideratu nai, erendako nai eztuen gauzarik edo gaitzik besteri ez egitea, legerik batere ezpaliz ere, arrazoiak berak txiki, eta andi, jakinsu, eta jakiñezai txit argiro erakusten diela: eta argatik lapurretak berez dakar aiñ lotsa andia: eta lapur egiazkoa izan arren lapur ixilla edo sekretoa bada, deshonra, eta infamia anditzat dauka lapurra dala esaten badiozue: eta ala 2. mandamentu santu au ausitzeko griña gaiztoa, eta erraztasuna dator abariziak edo gutizia erabageak dakarren itxumen arrigarritik: eta itxumen ori dator, gure zoriona, naiz zuzen, naiz oker, gero betiko zorioneko bizitzaren zai egon bage, bertatik mundu onetan gozatzeko leia, griña edo ansia erabagetik: eztegu biziro pensatu nai denporaren, eta eternidadearen artean dagoan kabubageko diferenzia, eta gure egiazko zoriona dagoala, orain ondo bizi, eta gero betiko Zeruan: nai genduke munduan paradisua: edo beinzat erara, eta neke bage orain bizi, eta gerokoaz, ikusten eztanaz, etorkizunaz, fedeak erakusten digunaz kasorik egiten eztegu: eta orra gaitz guztien sustraia: eta orra batez ere abariziaren, eta orrek dakatzen lapurreta mota guzien iturburu pozoatua. Izan gaitezen, eta bizi gaitezen Kristau onak bezela: au da, Jesu-Kristoren egiazko jarraitzalleak bezela billa dezagun lenena Zeruko Erreinua, eta bear degunik faltako etzaku: amatu dezagun gure Jaungoikoa gauza guziak baño geiago: eta gure projimoa gere buruak bezela: eta iñori ezertan kalterik egingo eztiogu: eta naiagoko degu, geuri besteak egitea, iñori geure egitea baño: eta orrela txit urruti egongo gera mandamentu santu au ausitzetik edo urratzetik.

        Baña munduko askoren itxumena argitzeko 1. galdetzen det; Zer eragozten digu mandamentu santu onek? Iñori ezer kentzea jabearen borondate justuaren kontra.

        G. Eta zenbat modutan kendu oi zaio besteri berea? E. Modu bitan: 1. ixillik edo sekretoan, jabeak eztakiala; eta orri deitzen diogu ostutzea. Eta 2. da agerian, nabarbenkiro, eta indarrez kentzea, jabeak berak dakusela; eta orri deitzen diogu, arrapatzea, eskuetatik kentzea: eta ori da berez pekatu andiagoa; bada ondasunean ezeze, personan ere injuria, eta kaltea egiten zaio: eta au da konfesioan agertu bear dan zirkunstanzia.

        G. Eta jabeak, nai ez izan arren edo igui izan arren, bidezki edo motibo arrazoizkoarekin ezer kentzen bazaio, pekatu izango ote da? E. Ez: eta ala ero bati, ordi bati, kolera bizian dagoan bati, gaitz egiteko daukan edo ezpata edo makilla kentzea ezta pekatu: zerren aren iguitasuna edo ez nai izatea da arrazoi bagea: eta orobat bizia konserbatzeko diña premia estremoan kentzea ezta pekatu: beste biderik ezpadu: bada daukanak emateko obligazioa dauka, bera premia artan bertan ezpadago: baña, kendu bage eskatuaz edo bestela erremediatu baditeke, ezin ostu dezake.

        G. Eta ostutzea edo arrapatzea zer pekatu da? E. Berez da pekatu mortala; zerren dan justiziaren, eta karidadearen kontra: baña izan diteke pekatu beniala, gai arin bat kentzen bada, eta kalte txiki bat baizik egiten ezpada, edo jakineztasunaz edo ignoranziaz, kulpa andi bage, uste badu, artu duen kantidadea edo egin duen kaltea larria edo pisua eztala; eta kezkarik badu konfesioan garbiro esan bear du, zenbat ostu zuen: zenbat aldiz ostu zuen: eta nolako ustean ostu zuen: eta baita esan bear du gauza sagradurik edo leku sagraduan ostu bazuen; bada orduan justiziaren kontra ezeze, errelijioko birtutearen kontra sakrilejioko pekatua egiten du: eta ala amarrenak edo primiziak ostutzen dituenak alde bitatik pekatu egiten due.

        G. Eta zenbaterañoko kantidadea edo gaia ostutzea da berez pekatu mortala? E. Ori erabatera neurtzen lanik asko dago: doktore edo erakusle batzuek diobe, lau erreal edo oen balioa edozeñi ostutzea pekatu mortala dala: zerren berez alde oetan kantidade andia dala uste due: baña eskuarkiro jakinsuenak erakusten due, lapurretaren anditasuna, larritasuna edo pisutasuna edo grabedadea neurtzen dala, egiten dan kaltetik edo dañutik: eta ala kantidade berdiña kendu arren, pobre bati kalte andiagoa egiten zaio, aberats bati baño: (diru gutxi dan denporan kalte andiagoa egiten da, dirua ugari dabillenean baño:) eta kalte ori berez andia, eta pisua dala erakusten due, egun batean persona batek bere premiazko jatorduak egiteko diña kentzen bazaio; eta nola pobreak gastu gutxiagorekin eguna igarotzen duen, aberatsak baño, orregatik bere nekearekin bizi dan nekazari pobre bati edo beste ofiziale edo arotz, argin edo alako bati, erreal bi kentzea izan litekeala pekatu mortala: eta orobat eskean doi-doia bizitzeko billatzen duenari erreal bat kentzea edo ostutzea izan ditekeala pekatu mortala: eta kalteari bakarrik begiratzen zaiola, orobat da berez pekatu mortala; jostun bati, bearra egiteko nai ta ez bear duen jostorrotza kentzea: edo eskribau bati, bere premiazko lana egiteko edo plumak edo tinteroa edo papera kentzea: bada galdu eragiten zaie mantenatzeko bear duen irabazia, eta kalte andia egiten zaie.

        G. Eta aberatsai zerbait ostutzen zaienean, zenbaterañokoa izango da berez pekatu mortala? E. Ori ere ezin erraz neurtu diteke: zerren aberatsen artean diferenzia guztiz andia dago: baña ala ere eskuarkiro doktoreak erakusten due Erregeri edo Prinzipe, eta grande edo anditsu guztiz aberatsai amar edo amabi erreal ostutzea pekatu mortala, eta gutxiago ostutzea pekatu beniala dala: aek bezin aberats eztiran aen ondorengoai sei edo zortzi erreal gutxi gora bera ostutzea pekatu mortala dala, eta gutxiago beniala: eta bestelako kaballero, aziendadun, eta merkatari zerbait erara bizi diranai lau erreal, gutxi gora bera, kentzea, pekatu mortala dala, eta gutxiago beniala: baña nola azkeneko oen artean ere diferenzia guztiz andia arkitzen dan, ezta erraz señalatzea, noiz kalte andia egiten zaien, eta noiz ariña, edo txikia: eta argatik gauza askori begiratu bear zaio lapurretako pekatuaren larritasuna, pisutasuna edo grabedadea ondo juzgatzeko: eta batez ere kontuan eduki bear da, gauzea ostu duenaren asmo edo intenzioa, premia edo nezesidadea: eta bere artean eman juizio edo iritzia: eta ostu zaionaren ondasunak, jenio, kondizio edo naturala: eta ematen zaion estutasuna, eta naigabea: bada askotan gutxi balio duen gauza bat ostuarekin, erabageko juizio edo juzko asko eragiten dira: birau edo maldizioak erasaten dira: eta kulparik eztuenari askotan egozten zaio: eta agertzen danean, nork ostu zuen, au gelditu oi da jende artean fama txar batekin: eta gero edozein lapurreta gertatu dedilla, bere kontra juizioak, errezelo edo sospetxa gaiztoak eragiten ditu: eta ala uste baño kalte geiago dakazki, txikia dirudian lapurreta batek ere: eta argatik Jaungoikoaren bildur piska bat, eta bere salbazioaren, eta baita bere estimazio, eta honraren deseoa daukan Kristauak, lapurreta andiak ezeze, txikiak ere txit eskusatu bear ditu: bada oetara oitu ezkero andiak ere erraz egingo ditu.

        G. Eta aldiko gauza arin edo gutxi bat baizik ostutzen ezpadu, pekatu mortalik egiten ote du? E. Baldin lapurreta txikiak egiten dituanean, aurrera ere al badu, segitzeko, eta kantidade andira edo grabera eldutzeko asmo edo intenzioarekin egiten baditu, pekatu mortala egiten du; zerren gauza larri, pisu edo andia al badu, ostutzeko borondatea daukan: eta orobat, alako asmorik ez izan arren, lapurreta txikiak, bata besteari erantsi edo juntatuta, kantidade andira eldu badira: arrezkero pekatu mortala egiten du, lenagokoen ezaguera edo oarmenarekin egiten baditu; bada kalte andia egitera apurka-apurka allegatzen da.

        G. Eta zenbat modtuan izan oi dira lapurreta txikiak? E. Iru modutan: batzuek dira persona batek beste bati egiten diozkanean, nola mirabe batek bere nagusi edo etxekoandreari egunoro gauza gutxi bat ostuaz: beste batzuek dira; askok bati egiten diozkatenak: nola baratza, sagasti edo kastañari edo masti batean askok ostutzen duenean: eta beste batzuek dira: batek askori egiten diztenak: nola tabernari, ostalari edo saltzalleak, neurri edo pisu txikiakin egiten dituenak.

        G. Eta askori apurka ostu, eta kantidade andira eldu arren, bakoitzari kalte txikia baizik egiten ezpadio, pekatu mortalik egiten ote du? eta biurtzeko edo egin duen kaltea erremediatzeko obligazio estu larri edo graberik ote du? E. Bai pekatu mortala egiten du: eta biurtzeko edo itzultzeko obligazioa dauka: eta nola egin konfesoreak erakutsiko dio. Eta kontrara esatea, eta erakustea, Eliza Ama Santak kondenaturik dauka (Inocen. 11. propos. 38.) bada orretan komun guziari kalte andia egiten zaio.

        G. Eta askori batek egiten dien lapurreta txikietan, zenbatera ezkero izango da pekatu mortala? E. Ezin ori erraz erabaki liteke: erri andietan kantidade andiagoa bear da, pekatu mortal izateko, erri txikietan baño: bada gutxiren artean nekezago jasotzen da kaltea askoren artean baño: eta lasterrago betetzen da pekatu mortalaren gaia; eta guziari begiratu, ta konfesoreak juizioa egingo du, noiz dan pekatu mortala.

        G. Eta askok bati lapurreta txikiak egiten badiozkate, alako moduan nun bakoitzak egiten duen kaltea pekatu ariña baizik eztan; baña guziak egiten duena gai andia, eta kalte andikoa dan, zer pekatu egiten due? E. Alkar arturik, eta alkarri laguntzen diobela orrelako lapurretak egiten dituenak, pekatu mortala egiten due: eta guztiak due obligazioa guztiaren errestituzioa egiteko: diot, daudela guziak obligaturik, guziaren errestituzioa egitera: ez bakarrik bakoitzak kendu duenarena; baita ere besteak kendu duenarena ere, besteak biurtu ezpadue: eta ori ezpadakie, jakiteko alegiña egin bear due: eta ezin jakin badue, eta dudatzen badue, egingo ote zuen besteak errestituzioa; egin bear due guziarena; besteai lapurretan lagundu zien ezkero. Baña alkarren berri bage, eta laguntasun bage lapurreta txikiak edo ariñak egiten dituenak, pekatu benialak egiten ditue; beste ondorengo gaiztorik izateko motiborik ematen ezpadue.

        G. Eta batetan bati lau erreal kentzea pekatu mortala danean; gutxi bat aldiko kentzen bazaio, zenbatera ezkero pekatu mortala izango da? E. Nola geiago sentitzen dan batetan egiten dan kalte edo dañua, apurka egiten dana baño; askok erakusten due, orduan sei edo zortzi errealen kantidadera, gutxi gora bera, gutxika allegatzen danean, izango dala gai edo materia grabea edo pisua, eta pekatu mortala.

        G. Eta emazteak senarrari: eta seme edo alabak gurasoari, eta mirabeak edo serbitzariak nagusi edo etxekoandreari egin oi dizten lapurretaetan zenbatera ezkero izango da pekatu mortala? E. Ori guzia erabakitzeko kabu askori begiratu bear zaie: banaka eranzungo dizuet, eta 1. diot, emazteak motibo justu edo arrazoizko bage, senarraren borondatearen kontra, eta onen disposiziora dauden gauzetatik kantidade andia kentzea berez pekatu mortala dala; baña kantidade ori noiz dan pekatu mortal izateko diña neurritzeko, begiratu bear da senarraren aberastasunari edo pobrezari: aren bizimoduari, eta kondizioari: eta aren iguitasunari edo borondateari: eta nola gauza oriek ezin emen zeoro señalatu ditezkean, orrelako kasoetan konfesatu bear da garbiro: eta konfesoreak guziari begiratu ta juizioa egingo du: 2. diot, familiaren premietarako edo onerako emazteak ixillik zerbait artzen badu: eta artan enpleatzen badu senarrak gastatu bear zuena, eztuela errestituziorik egiteko obligaziorik: eta bakarrik da kulpadun, bere senarra orretan naigabetu edo ofenditu duelako, ari konturik eman bage egin duelako. Eta 3. diot, orrelako aldietan, senarra zekena edo gutiziosoa dalako, eta bear dana opatu nai eztuelako, emazteak etxeko premietarako edo usatzen diran limosnak egiteko bear dana, etxeko gauzetatik ixillik artzen badu, eztuela pekaturik egiten. Eta 4. diot, senarra jokularia, ordia edo erabageko gastatzallea bada, emazteak ezkutatu dezakeala al duena, senarraren beraren onagatik, eta etxeko premiak erremediatzeko: baña 5. azkenik emaztea bera erabageko gastatzallea bada: jan, edanera geiegi emana: edo dagozkion baño apaindurazaleagoa, erraz itxutuko da, eta etxea ondatuagatik bere lapurrela erabageakin; guzirako arrazoia daukela iruituko zaio: eta bearbada konfesatuko ere ezta: eta pekatu mortaleko estaduan biziko, eta illko da: Jaungoikoak arren orrelakoak argitu ditzala, eta erremediatzeko grazia diela. Eta emazte guziak erabatera jakin bear due, esan ditugun motibo justurik eztuenean, eztuela eskualdirik senarraren borondatearen kontra, aei kontu eman bage etxeko gauzaz disponitzeko: bada senarra da emaztearen burua: eta senarrari dagokio, eta ez emazteari etxeko agintea. Baña senarrak ere eztu nolanai etxeko gauzaz gaizki baliatzeko libertaderik: eta emazteari edo humeai dagozkien ondasunak, joku erabagetan, eta lizito eztiran gastu alperretan edo banidadetan, ondatzen baditu, pekatu mortal eginaz gañera, errestituzioa ere beretik egin bear die.

        G. Eta semeak, eta alabak gurasoai ixillik egiten dien lapurretak pekatu dira? E. Bai: eta ori Eskritura santak ezeze, arrazoiak berak argiro erakusten due. Eta zenbatera ezkero orrelakoak egiten duen etxeko lapurreta izango da pekatu mortala? Beiñik bein doktoreak erabatera erakusten due, kantidade ori ezin erraz señalatu ditekeala: eta kanpokoen lapurretarako baño kantidade andiagoa bear dala, berez humen lapurreta pekatu mortala izateko: zerren gurasoak askotan geiago sentitzen due kentzeko modua, gauzea bera baño, zerbait andia eztanean: eta ala batez ere begiratu bear zaio gurasoen pobrezari edo aberastasunari: artzen edo kentzen duen gaiari: ematen duen sentimentuari: egiten duen kalteari, eta datozen ondorengo gaiztoai, humen pekatuaren larritasuna edo grabedadea neurtzeko. Eta ori bera gutxi gora bera esan bear da etxeko mirabeak edo serbitzariak ixillik egin oi dituen lapurreta txikien gañean: eta bakarrik orrez gañera diot, mirabe edo serbitzariak gai edo kantidade gutxiagorekin pekatu mortala egiten duela: zerren gurasoak humena baño, geiago sentitzen due nagusi-etxekoandreak eren miraben prestuezkeria, eta legebagetasuna: eta gauza txikiagoak aserra erazotzen ditue: eta naiz humeak, eta naiz mirabeak (gurasoak, eta nagusiak barkatu nai ezpadie) due obligazioa errestituzioa egiteko: eta eztie balio mirabe askori, ematen duen aitzakiak, ixillik etxeko gauzetatik ostutzeko: eta da, neke geiegi eragiten diela, eta soldata txikia ematen diela: eta eztuela beste modurik zor zaiena beretzeko, eren eskuz justizia egitea baizik: bada ezin ori egin dezake: eta ematen dien soldataz kontentu ezpadira, libre dira: eta beste nagusi bat billatu dezake: eta kontrara esatea, eta erakustea Eliza Ama Santak kondenaturik dauka. (Propos. 37.) bada erraz itxutzen gera guziok gere interesako gauzetan.

        G. Eta batek bestegan artzeko ziertua, eta justua badauka, kantidade jakiñean: eta ezin kobratu badu, eskatuaz berari; eta are gutxiago justiziaz; zerren probatzeko erarik edo modurik eztuen edo orretan geiago gastatu bear duen, ixillik artu ote lezake zor zaion ainbe? E. Artzekoak balio duen baño kalte geiago egiten ezpadio, eta ez berari, eta ez besteri lapurreta ura egiteko bildurrik ezpadu: edo bi bider pagaeragiteko bidea ematen ezpadio, ixillik artu lezake: baña nola kondizio oriek guziak nekez gorde oi diran: eta erraz bere gauzetan bat itxutzen dan, obe du konfesioan galdetu, zer egin bear duen: bada gure Jaungoikoak eztu nai iñori agrabiorik, kalterik edo bidegaberik egin dakion. Eta orregatik beragatik ain estu Zazpigarren Mandamentu santu onetan eragozten digu guzioi iñoren gauzarik kentzea, edukitzea edo nai izatea jabearen borondate bage: eta ori berez pekatu mortala, eta guztiz lotsagarria da, aditu dezuen bezela, ez bakarrik Jaungoikoaren begietan, baita munduaren begietan ere. Eta argatik lapurreta andiak ezeze, txikiak ere txit eskusatu bear ditugu. 1. Zerren askotan ezin ezagutu diteke ondo, noiz dan pekatu mortala, eta noiz ez. Eta 2. zerren gauza ariñak ostutzeka oitu ezkero, andiak ostutzeko aldia edo okasioa datorrenean, oiturak berak goitzen du: eta pekatu andiak eragiten ditu, Judasi gertatu zitzaion bezela: Jesu-Kristoren Apostolua zan: Jesu-Kristori, eta Apostoluai egiten zien limosnak gordetzeko lana zuen: bolsero zan: eta gutxika-gutxika sisatzen edo ixillik beretzat gordetzen oitu zan: eta, badakizue, zenbateraño itxutu, eta gogortu zan? Jesu-Kristo bere maisua bera ogeita amar dirugatik bere etsaiai saltzeraño: eta gero desesperaturik berak bere burua urkatu zuen, eta Infernura jatxi zan. Nor arrituko, eta bildurtuko ezta exenplo izugarri onekin? Eta azkenik lapurretak du beste ondorengo bat guztiz bildurgarria: eta txit asko Infernura eraman dituana: eta da, ezin barkatua izatea, konfesatu arren, errestituzioa, al duela, egin bage: beste dotriña batean zeoro esango dizuedan bezela; lenago, urrengo aldian explikatu ezkero, mandamentu onen kontra egin oi diran pekatu mota diferenteak:

        Eta orain bakarrik gauza bi biziro enkargatzen dizuet: 1. zeronzat nai eztezuen gaitzik iñori ez egitea: eta 2. Jaungoikoak ematen dizuenarekin kontentu izatea: eta zuenzat izango da, ondasun guziak dauzkan betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa