www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN DOTRIÑA

 

Ira, edo Koleraren gañean,
eta Pazienziaren gañean.

 

        Gaur guzionzat txit bearra, eta premiazkoa dan dotriña bat aditu bear dezue, N.K.: Guziok daukagu zer egiñik asko gere ira, kolera edo aserretasuna goitzeko, eta pazienzia gere naigabeetan edukitzeko. Orra bada gaur zer erakutsi bear dizuedan: eta txit kontuz aditu ezazue: eta dotriña onezaz ondo baliatzeko alegiñak egin itzatzue.

        G. Zer da ira? E. Gure barruko bizitasun edo aserratasun bat, benganzaren edo bendekuaren erabageko apetitu, deseo edo gogo bizi bat gere barruan sortzen duena. Eta iraren edo aserretasunaren kontrako birtutea, eta erremedioa zein da? Pazienzia, eta mansedunbrea: au da, naigabeetan sufritua izatea. Eta iraren edo aserretasunaren pasioa edo griña beti da gaiztoa? Ez: batzuetan aserretasuna da gauza ona; eta askotan da premiazkoa edo bearra; eta beste askotan da gaiztoa, eta berez pekatu, eta beste pekatu, eta gaitz askoren sustraia. Noiz da ona ira edo aserretasuna? Arrazoiarekin, eta motibo onakin bat aserratzen danean, pekatuak, eta gaiztakeriak eragozteko edo probetxuzko lanak eragiteko. Eta noiz da ira edo aserrea premiazkoa, edo bearra? Gurasoak, nagusiak, edo kargudunak modu onean aserratzen diranean eren humeak, mirabe edo serbitzariak, eta eren mendekoak, motibo justuakin erreprenditu, korrejitu, eta zenzatu edo emendatu erazo bear dituenean. Eta orri zelo ona deitzen diogu: ala aserratu zan Moises urrezko zekorra edo Idoloa adoratu zuen Israelgo puebloaren kontra, bere Jaungoikoaren lege eskribitua zekarkien denboran, eta 25.000 persona illerazo zituan; eta Jesu-Kristo gure Jauna bera, izanik aiñ humilla, eta mansoa, aserratu zan Jerusalengo Tenploan sadu erosiak egiten zituanaen kontra, eta azote batekin andik atera, eta bota zituan.

        G. Eta besteren pekatuak eragozteko agertzen dan ira eta aserrea beti da justua, arrazoizkoa, eta pekatubagea? E. Bai neurri ona gordetzen bada: eta modu onarekin eta fin onarekin aserratzen bada. Eta neurri ona zertan dago? Erremediatu bear dan gaitzaren edo pekatuaren anditasunari edo txikitasunari bere ondorengoakin ondo begiratzen edo kontu artzen; eta noiz aserrea agertu bear dan edo modu onarekin disimulatu bear dan, edo konseju edo abisu on batekin bakarrik erremediatu ditekean ondo konsideratzean. Eta modu ona zertan dago? Besteren pekatuaren kontra aserratzen danean, bizitasun edo gar puska bat agertu arren, bere burua geiegi irakin, eta aserratu bage kolera bizian sartu bage, bere zenzua galdu bage: gaitziritzi, bendeku edo gorrotoari bere biotzean lekurik eman bage; hitz batean, berak pekaturik egin bage, aserratzen danean; eta onen kontra utsegiten due askotan gurasoak, nagusi, eta etxekoandreak, eta besteai agintzeko edo erakusteko kargua duenak: bada bereala edozein faltagatik suak, eta garrak artzen ditu, itxutzen ditu, eta birauka, maldizioka, eta askotan golpeka bereala abiatzen dira; eta erremediatu bear duen gaitza baño andiagoa erak egiten due, eta eskuarkiro orrelakoak ezer erremediatzen eztue; eta erak zenzatu bearrean arkitzen dira; eta ala ez neurri onik ez modu onik due, eta ira onaren, eta justuaren fiñik iristen eztue.

        G. Zer fin izan bear du bada zenzuaz, juizioaz, eta arrazoiaz aserratzen dala esateko? E. Gaizki egin duenaren erremedioa, eta probetxua billatu bear du; eta orretarako bakarrik, erreprensioa edo kastigua eman bear du; eta noiz, eta nola ori ondoena egingo duan ondo pensatu bear du. Baña orretarako obligaziorik edo kargurik badu, aserre edo kolera bizia igaroagatik, berealako artan ezer esan bage edo egin bage: eztu gero utzi bear osoro gaizki egin duena al dueneraño erremediatu erazotzeko kuidadua: bada bestela gaitzak, edo pekatuak bere oñean egon oi dira; eta azi, eta geitu oi dira, nork korrejitu, eta erremediatu erazo eztanean; eta ala Eskritura Santuan irakorten degu, Israelgo Jueza zan Heli Sazerdoteak bere seme bi bere denboran erreprenditu, eta kastigatu etzitualako, merezi zuen bezela, Jaungoikoak kastigatu zituala Aita, eta Semeak: egun batean irurai bizia kendu erazoakin. Eta orra aditu dezue zer dan ira ona edo aserre ona, eta nola askotan dan premiazkoa edo bearra; esan dezagun orain 1. Zer dan ira edo kolera gaiztoa edo erabagea. 2. Nundik sortzen dan; 3. Nolako kalteak dakazkian. Eta 4. Nola goitu edo erremediatu ditekean.

        G. Zer da bada ira edo kolera gaiztoa, eta erabagea? E. Da igui degun gauzaren bat ikusten, aditzen edo sentitzen degunean, bereala bengatzeko gere barruan jaikitzen dan griña gaiztoa edo erabageko deseoa.

        G. Eta kolera edo aserre ori zenbat modutan izan oi da? E. Batzuetan da, libertade bage, eta borondatearen konentimentu bage gertatzen dana: arrazoiari, juizioari, eta konsiderazioari batere lekurik eman bage, zer eiten duen batere oartu bage, naturalezaren berezko mugida edo abiadura batekin bere artean aserratzen, eta estutzen danean; eta ori berez, aurrera igarotzen ezpada, ezta pekatu: zerren falta zaio ezaguera, oarmena edo adbertenzia, eta borondatea; baña oartu ezkero, alegiñik egiten ezpadu, bere griña gaiztoa edo aserrea goitzeko edo atzeratzeko, arrezkero pekatu egiten du.

        Beste batzuetan aserretasuna sortzen da bakoitzaren humore txaker gaiztotik edo bizitasun natural edo berezko batetik: eta orduan persona aserrekorrak alegiña egin oi badu, bere kondizio, humore edo natural gaiztoa eskuratzeko, eta ala ere bere pasio edo griña gaiztoak supitoan bezela aserra erazotzen badu, komunkiro pekaturik egiten eztu, len esan degun arrazoiagatik beragatik: bada oarmen osorik, eta libertaderik etzuen. Baña, bere bizitasun edo natural aserrekorra ezaguturik, eta askotan beregan ikusirik daukala, ori ezitzeko, eta eskuratzeko alegiñik egiten ezpadu, orduan bere kulpaz gutxi-asko, pekatu egiten du, orrelako bere aserrealdietan, eta batez ere, bere barruko aserrea kanpora ateratzen badu hitz gaiztoak edo injuriak esanaz; edo lagun projimoa nolabait ofendituaz: bada guziok daukagu obligazioa gere pasio gaiztoari atzera esateko.

        Beste batzuetan aserratasuna edo kolera gaiztoa sortzen da, ez supitoan, eta oartu bage, baizik astiro pensatu, eta egin zaion gaizkia edo injuria edo atsekabea gogoan erabilli ezkero; eta ori bere barruan egosi, eta sufritu bear eztuela iruitzen zaio; eta benganza artzeko griña gaiztoari, eta erabageko deseoari bere biotzean leku ematen dio; eta gaitz egin diona, ezin ikusi du; eta ordekoa pagatzeko pensamentuetan konsentitzen du; eta auxe da ira guztiz gaiztoa, sustrai gaiztotik datorrena, pekatu mortal edo eriozkoa dana, eta kalte guztiz andiak dakatzena.

        G. Nundik sortzen da bada gugan kolera edo ira gaizto ori? E. Gere buruaren erabageko amorio, eta borondate propiotik; ara nola gure amorio propio erabageak biziro deseatu erazotzen dizkigun gure gogorako edo gustorako diraden gauzak: nola diran honrak, estimazioak, ondasunak, eta atsegiñak; ala gauza oriek eragozten dizkigutenak edo ukatzen edo kentzen dizkigutenak ezin ikusi ditu, igui ditu gure amorio propio orrek; eta argatik edozein injuria, desprezio, bidebage, atsekabe, naigabe edo kalte egiten digunaren kontra erraz aserratzen gera; eta bendekurako gogo, deseo edo griña gaiztoa piztutzen da gure barruan. Eta ala amorio propio erabagerik ezpagendu, munduko honrak edo estimazioak, ondasunak, eta atsegiñak aiñ biziro deseatuko ezpaginduz; arroak izan ordean, egiaz humillak bagiña; gure biotza emango ondasunetara geiegi itxatxirik ezpalego; aragiaren edo gorputzaren gustoak edo atsegiñak aiñ gogotik billatuko ezpaginduz; hitz batean erabageko deseorik ezpagendu; aserreak, irak edo kolera gaztoak gere barruan sarrera gutxi izango luke, eta pake andi bat gere bururaekin eta gere lagunakin izango genduke; eta orobat mundu onetako naigabe edo trabajuetan Jaungoikoaren borondatearekin erraz gurea konformatuko genduke; eta orri dagokala Kenpis beneragarriak urrezko bere liburu preziatuan esaten digu: deseoak utzi itzatzu, eta pakea arkituko dezu. Baña dotriña miragarri au Kristaurik geienak nekez ikasten due; eta nekezago exerzitatzen due; eta argatik aiñ pake gutxi eta aiñ aserre asko alde guzietan ikusten da.

        G. Nundik geiago sortzen da ira gaiztoa edo bendekurako deseo edo griña erabagea? E. Jaungoikoaren, eta lagun projimoaren amorio egiazkoa gure biotzetan ondo irmaturik ez edukitzetik: bada ori bagendu, Jaungoikoaren ofensak, eta gure lagunaren animako kalteak geiago sentituko ginduzke, geuri egiten dizkiguen bidegabeak baño; eta aserratu, eta bendekua deseatu ordean, gaitz egin digunaz errukituko giñateke, pozik barkatuko giñioke, eta Jaungoikori aren animaren erremedioa gogotik eskatuko giñike; eta pake gozo bat ezeze, Zerurako irabazi guziz andiak geretzat iritsiko ginduzke; eta orretara gogotik jarri zaitezten, eztizuet bakarrik esango, askotan iruipenekoak dirala egiten dizuen ofensak edo agrabioak, zerren gaitz bage, malizia bage, asmo gaizto bage egiñak izan oi diran; demagun, gaiztakeriz, eta gorrotoz, eta agitz injuriatu zaituela, eta zuek artarako biderik batere eman bage: ala kontuan ar itzatzue, orduan bertan gertatzen diran lau gauza ziertu oek: 1. Zuen projimoa Jaungoikoari berari egin dion ofensa arrigarria. 2. Bere animari ekarri dion kalte izugarria, galdu duelako Zerurako deretxoa, eta merezi izan duelako betiko Infernua. 3. Deabruari orretan egin dion atsegiña edo gustoa, bada aren menpeko edo katibu egiten da; eta 4. Zuri egin dizun ofensa, eta eman dizun naigabea edo atsekabea, eta orren ondoren zuk ordekoa projimoari pagatu nai badiozu; bengatu nai bazera; zeurk Jaungoikoari egingo diozun ofensa guztiz andia; zere buruari ekarriko diozun kaltea, eta Infernuko etsaiari emango diozun kontentua; eta kontrara Jaungoikoaren amorioz barkatzen badiozu; Jaungoikaren amorioz zere naigabea sufritzen badezu: Jaungoikoari berari emango diozun atsegiña: deabruari emango diozun naigabea, eta zere buruari ekarriko diozun pakea, eta irabazi guztizkoa; eta orrez gañera gogora ekartzu, zenbat andiagoa dan, zuri gaitz egin dizunak, Jaungoikoaren Majestadeari egin dion ofensa, zuri, miserable orri, egin dizuna baño (bada sufritu nai badezu, kalterik batere eztezu, eta irabazi andiak egiteko gaia daukazu). Eta ori guzia ondo pensatu ezkero, Kristauak alkarrekin izan bear degun karidade edo amoriorik badezu; eta zere anima galdu nai ezpadezu, projimoaren kontrako gaitziritzi, gorroto edo bendekuari lekurik zere biotzean emango eztiozu; zere ofensa baño Jaungoikoaren geiago sentituko dezu; zere kalteak baño projimoak bere animari egin dionak miñ geiago emango dizu; erruki izango dezu; eta ura pekatutik ateratzeko, eta Jaungoikoagana biurtu erazotzeko alegiñak ere egingo dituzu; eta orra nola Jaungoikaoren eta projimoaren amorio egiazkoak desegiten, eta goitzen duan ira gaiztoa, eta bendekurako griña erabagea. Baña arrazoiari, eta konsiderazioari batere lekurik eman bage, Jaungoikoari eta lagun projimoari zor diozunari, eta zere animaren probetxuari begiratu bage; zere aserrean gogortzen bazera, kalte guziz andiak zere buruari ekarriko diozkatzu.

        G. Nolako kalteak ekarri oi ditu bada ira gaiztoak edo bendekua artzeko griña edo deseo erabageak? E. Ezin kontatu alak, eta guztiz ikaragarriak dira, kolera gaiztotik datozen kalteak; eta hitz gutxitan asko esateko: 1. Kolera gaiztoak egiten du Kristaua bere buruaren etsairik andiena. 2. Egiten du bere lagun projimoaren etsai gogorra. 3. Egiten du Jaungoikoaren beraren etsai eskergabea. Eta 4. Egiten du Infernuko Demonioren zorigaiztoko lagun, eta katibu, eta menpeko billaba. Eta 1. Guziok ekusten dezue, kolera gaiztoak nolako kalteak ekarten diozkan persona aserrekor bati: bada eragiten diozka askotan birabak, maldizioak, juramentuak, blasfemiak; sartzen du erabageko disputa, diferenzia, eta auzietan: kentzen dio bere barruko pakea; kentzen dio edo gutxitzen dio zenzua, edo juizioa, eta ero baten antzeko egiten du; laburtzen dio osasuna, eta bizia; eta bere buruaren nekagarri, eta goaikarri bera bere kulpaz jarten da; eta ala bere buruaren etsirik andiena bera da. Bada orobat 2. Kolera gaiztoak egiten du Kristaua bere lagunaren etsai gogorra: ikusten dezue, kolera bizian dagoan batek nolako injuriak bere projimoari esaten diozkan; egia zan, gezurra izan zan, nolako utsegiteak, eta gaiztakeriak aurpegira egozten diozkan; zein erraz eskuetara datorren, eta golpeka abiatzen dan; eta al balu, orduan bere laguna ilko ere luke. Zezen arrabiatua, eta txakur amorratua baño ere gogorrago jarten da: ostikoka lurra jotzen du; iñoren esanari kasorik egiten eztio; eta guziak desegin nai lituzke, eta askotan bizia kentzeraño eltzen da. Ala, Eskritura Santak erakusten digunez Kain gaiztoak bere kolera gaiztoak itxuturik bere anaia Abel justua ill zuan. Ala Herodes gogorrak, Jesu-Kristo illerazotzeko asmoarekin ainbeste milla aur inozente illerazo zituan; eta bere emaztea, eta bere aur propioak erak ere illerazo zituan. Ala Aman arro kolerikoak Mardokeo gizon prestu, eta santua, bere puebloko guziakin akabatu nai izan zuan; baña arentzat prestaturik zeukan urkamendian, Asuero Eregearen ordenaz bera urkatua izan zan; eta ala Kain, nola Herodes, eta Aman Infernuan erretzen daude, eta egongo dira eternidade guzian; orra zer dakarkion kolera gaiztoak aserre bizian sartzen danari berari. Eta gero? aserre ondoan beregan biurtzen danean sosegatzen danean, zer gertatzen zaio? Geiago lotsaturik, eta gau illun baten antzeko, guzia illundurik, eta tristeturik bera gelditzea; eta egin dituan kalteak al badu, erremediatu bearrean arkitzea. Eta ez bakarrik bere lagunari egin diozkanak, baita bere anima gaixoari egin diozkanak ere: bada 3. Kolera gaiztoak egin du Jaungoikoaren beraren etsai eskergabea; berak eman dion arrazoiaz, eta juizioaz baliatu nai izan eztu; erakutsi dion amoriozko dotriña santuari, eta berak eman dion humiltasunezko, eta pazienziako ejenplo miragarriai jarraio nai izan eztio: Jaungoikoaren amorioa baño, bere amorio propio erabagea geiago estimatu du; eta ori guzia da Jaungoikoa agitz ofenditzea, eta bere anima gaixoa Jaunaren asarrearen azpian ipintea; eta egiaz damuturik, eta humillaturik Jaungoikoagana biurtzen ezpada, aurrera kontuzago bizitzeko proposito firmearekin, orra betiko galdurik; eta azkenik 4. Infernuko demonioaren beraren zorigaiztoko lagun, eta menpeko edo katibu billau bat egiñik usten du kolera gaiztoak: bada deabruak berak berez ezin eragin dituan pekatu mota asko persona aserrekor baten bitartez eragiten ditu; eta ala ikusten dezue, nola persona pakeoso batek guziak sosegatzen, eta onera ekarten dituan, ala persona txakerre, estu, aserrekorrak guziak tentatzen ditu, aserratzen ditu, eta bere antzeko egiten ditu; eta izanik bera bere buruaren nekagarri, egiten da beste askoren penagarri, eta galgarri; eta erremediatzen ezpada, Infernuan deabruaren zorigaiztoko katibu egiñik, beti erretzen, kiskaltzen, ler egiten, eta guziak madarikatzen egon bearra datorkio.

        G. Zer erremedio bada, kolera gaiztoa goitzeko edo eskuratzeko, eta pasio edo griña goaikarri orrek dakatzen kalteak, eskusatzeko? E. Pazienzia, N.K.: eta ori iristeko 1. Aditu dituzuen arrazoiak gogoan ondo sarturik eduki itzatzue, eta kolera gaiztoaren bildur andi bat beti eduki ezazue; 2. Jaungoikoari egunoro, eta batez ere goizean jaikitzen zeratenean, gogotik eskatu egiozue, egun artan gertatuko zaizkizuen txarkeriak edo injuriak pazienziarekin eramateko indarra, eta grazia arren eman degizuela; eta zeurok artarako prestaturik egoteko alegiñak egin bear dituzue; gogora ekarten dituzuela gertatu oi zatzuen okasioak: bada prebeniturik edo prestaturik dagoanak errazago goitzen du bere pasio sutu-irazekia; eta noiz edo noiz ala ere uste bagean aserratzen bazerate, eztezue orregatik etsi bear: baizik zuen argaltasuna, obeto ezagutu, eta humiltasunarekin eta konfianza osoarekin eskatu berriz, eta berriz Jaungoikoari bere grazia, eta indarra zuen kolera edo aserrea goitzeko; eta artarako kontuzago, eta erneago aurrera egoteko alegiñak egin bear dituzue; eta batez ere 3. Aserratzeko okasioa ematen dizuenean, ez bereala hitz egin, eta jaramon, erabageko gauzarik ez esateko: baizik ixillik egotea, eta hitz egiten abiatu baño lenago, gutxianez Pater-nosterra edo Aita gurea espazioz errezatzeko astia ar ezazue; eta hitz egiteko premian arkitzen bazerate, alegin guzia egin bear dezue, aserre bage modu onarekin, eta biguntasunarekin hitz egiteko; bada bestela, su bat beste su bati egotzita andiagoa, eta biziagoa egiten dan bezela; ala gertatuko zatzu zure kolera, eta besteerena alkarrekin juntatu ezkero, biok suak, eta garrak artuta geiago alkar ofenditzea, eta kolera biziagoan jartea; baña hitz biguñ batek, eranzuera suabe batek besteren kolera autsiko du, emendatuko du, sosegatuko du, ur otzak dirakian lapikuaren gar-garratea kentzen edo tenplatzen duan bezela; eta orra orduan biok pakean, eta zu Jaungoikoaren aurrean irabazi andiarekin; eta orretan irauteko, au da, aserratu bage pakean bizitzeko, kontuz artu bear dezu laugarren erremedio au: eta da, len aserra erazo zaituen okasio, peligro edo bideetatik alde egitea, nola izan oi diran joku luze erabageak: tabernetako jan-edan geiegiak eta egoera luzeak; bada geienean aserrearekin, eta burruka gaiztoakin bukatu oi dira; eta orobat alde egin bear dezu okasioa eman oi duen persona aserrekor disputazale guztietatik; eta aekin tratatzeko premia badezu, txit ondo prebeniturik abiatu, aserratu bage zere lana egiteko; eta 5. Pazienziaren birtute au maite izateko, gogora ekartzu, pakeosoak, eta mansoak Jaungoikoari egiten dioten atsegiña: Jesu-Kristorekin dauken antza; erak gozatzen dauden pakea; eta nola guziak maite dituen; eta guzien biotzak irabazten dituen; eta azkenik 6. Aserratasunaren griña edo pasio sutua txit itzaltzeko, eta pazienziara, eta mansotasunera zere burua oitutzeko, gogoan erabilli bear dituzu Jesu-Kristo gure Maisu soberanoaren, eta Santuen exenploak.

        Jesu-Kristo gure Jaunak, ala bere hitzakin, nola bere obrakin erakutsi digu, munduko destierro onetan, nai ta ez guziok gere gurutzea eraman bear degula, Zeruko bideari jarraio nai badiogu: beti izango degula, zer sufritu, emen bizi geran artean; eta humiltasun bage, eta pazienzia bage eztagoala iñorentzat Zeruko gloriarik; eta geiena sufritzen duenak Jaungoikoagatik, izango duela koroari ederrena; berak guzion bide aurreko, eta gidariak bezela esaten digu: nigandik ikasi ezazue, humillak, eta mansoak ni bezela izaten, eta pakea zuen animenzat arkituko dezue: nere ondoren etorri nai duenak, uka beza edo eskuratu beza bere burua; ar beza bere gurutzea; eta niri jarraitu bekit. Zorionekoak mansoak; zorionekoak pakeosoak, dio Jesu-Kristok berak; eta zorionekoak justiziagatik, eta onak diralako, padezitzen duenak. Ona, Jesu-Kristoren beraren hitzak, orain aditu dituzuenak; eta dotriña ori bera bere Ebanjelio santuan txit sarri, eta era askotara berritu, eta erakutsi zuan; eta badakizue, eztala iñor munduan izan, Jesu-Kristo gure Jaunak ainbe alde guzietatik sufritu duanik; eta ori, bera inozentea izanik, gure pekatuen zorra pagatzeagatik; guri pazienzia erakusteagatik; eta pazienziarekin, emen biotzeko pakea, gere pekatuen zorraren pagua, eta Zerurako ondasun guztiz andiak, eta betikoak neke piska batekin guri irabazi eragiteagatik.

        Bada orobat dotriña orri zerraiela, Ama Birjiña Santisimak, Martiri guzien Erregiñak, Apostoluak, eta beste Martiri, eta Santu guziak, mundu onetan naibage, pena, neke, injuria, desprezio, eta trabaju guziz andiak eraman zituen, eta ez nolanaiko pazienziarekin baizik gogo onarekin, eta biotzeko atsegin, eta kontentuarekin zenbat geiago sufritu zuen, anbat poz geiago erakusten zuela. Ala Aita San Pedrok, eta San Juan Ebanjelistak, Jesu-Kristoren fedea, eta Jaungoikotasuna predikatzen zuelako eta ura sinistu eragiteko milagro guztiz andiak egiten zituelako, Juduen agintarien tribunalean, akusatuak, erreprendituak, eta gogorkiro eta nabarbenkiro azotatuak izan ziranean, dio San Lukas Ebanjelistak, ze Apostolu biak, atsegiñez, pozez, eta kontentuz beterik tribunal artatik irten zirala, Jesu-Kristoren izenean, eta aren honragatik desprezio, injuria, eta neke aek eramateko zoriona izan zuelako; eta ori bera ekusten degu Santu guzien bizitzatan; eta geiegi luzatzearen bildur ezpanintz, exenplo txit asko, eta guztiz miragarriak esango nikezue; Eskritura Santak berak kontatzen dituanak, ala lenagoko lege zarrekoak, nola graziazko lege berrikoak. Ikusi eragingo nikezue Job Santua bere ondasun guziak: bere seme-alaba guziak, eta bere osasuna batetan galdurik, eta lepraz beterik, pazienzia miragarri batekin guzia daramala; eta esaten duela: Dominus dedit etc. Moises Santua, bera askotan ofenditu, eta injuriatu zuen Israeldarrakgatik bitarteko jarten, eta Jaungoikoari erregutzen. Anziñako Jose kastoa, Jakob Santuaren seme maitea, bere anaiak berak saldua; eta anaiai barkatzen, eta mesede andiak egiten; Dabid Santua Saul bere etsai gogorrarekin; Absalon bere seme traidore eskergabearekin; Semei lotsabagekiro injuriatzen, eta arrikatzen zuenarekin aiñ pazienzia, eta mansotasun arrigarria ezerzitatzen; San Esteban lenbiziko Martiria, arrikatzen zuen bere etsaiakgatik Jaungoikoari arren barka zegiela erregutzen; Jesu-Kristoren beraren exenploari orretan zerraiola; eta beste onelako asko. Baña asko da gaurko dotriñarako.

        Aditu dituzuen egiak gogoan arren erabilli itzatzue; eta Jaungoikoari sarri, eta gogotik eskatu egiozue, zeurok humillak izateko, eta zuen projimoak egiaz amatzeko doaia, eta grazia; eta iritsiko dezue pazienziaren birtute andia; eta orrekin oraingo pakea, eta geroko betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa