www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN DOTRIÑA

 

ETA BOSTGARRENA        
PENITENZIAKO SAKRAMENTUAREN GAÑEAN.

 

Konzienziaren examiña zer dan,
eta nola egin bear dan, eta zein diran
eskuarkiro ondo ezagutu bage,
eta gogoratu bage gelditu oi diran pekatuak.

 

        Penitenziako edo Konfesioko Sakramentu santuaren lenengo partea, au da, biotzeko kontrizioa edo egiteko dolore, eta pekatuaren gorrotoa, eta ari lagundu bear dion proposito firmea edo eragillea, ez geiago pekaturik egiteko, aditzera eman dizuet aurreko dotriñatan; orain aozko konfesioa azaldu bear dizuet, eta nola pekatuak banaka konfesatuko badira, lenago gogoratu bear diran; bada bestela ezin bear bezela Konfesoreari agertu leizkizkio; gaur esan bear dizuet, eta txit kontuz aditu bear dezue; pekatuak gogoratzeko egin bear dan konzienziaren examiña zer dan; nola egin bear dan, eta zein diran eskuarkiro ondo examiñatu bagez eren pekatuak ezagutzen, eta gogoratzen eztituenak, eta orrela ikasiko dezue, nola zuen konzienzia examiñatu bear dezuen.

        G. Zer da bada konzienziaren examina? E. Da orain urrengo konfesio ona egin genduanetik oraingo konfesiorañoko bitartean egin ditugun pekatuaz akordatzeko edo oroitzeko edo gogoratzeko bear adiña alegin edo dilijenzia egitea.

        G. Eta lenagoko konfesioa edo beste aurrekoren bat, gaizki egin bagenduan edo pekatu larriren bat lotsaz edo bildurrez konfesatu ez gendualako, edo egiazko damutasun, eta propositoa izan ez gendualako edo beste motiboren bategatik; orduan asko ote degu, azkeneko konfesio ezkeroko pekatuak bakarrik gogoratzea? E. Ez; gaizki egindako, konfesioakin pekaturik batere barkatzen ezta, baizik Sakrilejioko pekatu aundi bat beste pekatuai egozten zaie, eta estadu orretan komulgatu bazan, Sakrilejioko beste andiago bat, eta pazkuako konfesio, eta komunioarekin kunplitzeko bazan, beste pekatu mortal bi geiago egin zituan; bada konfesio, eta komunio gaiztoarekin Elizako legearekin kunplitzen ezta. Eta orrelakoak pekatuen barkazioa iritxiko badu, nai ta ez konfesatu bear ditu ez bakarrik aizkeneko konfesio ezkeroko pekatuak, baña ere lenagoko ezkutatu edo esan bage utzi zituanak, eta orrez gañera berritu bear ditu gaizki egindako konfesioak, au da, aetan esan zituan beste pekatu mortal guziak ere berriz konfesatu bear ditu, bada batere barkatu etzitzaion. Eta ala, antxitiko konfesio gaizto egin zuenetik, onerañoko pekatu mortal guziak konfesatu bear dituan ezkero, guziak gogora ekarteko, edo guzien examiña egiteko obligazioa dauka.

        G. Konzienziako examina bear bezela egiteko zer egin bear degu? E. 1. Abiatu bear gera Jaungoikoari eskerrak ematen, egin dizkigun mesede guztiz andiakgatik, eta batez ere, zerren gure pekatuakgatik kastigatu ordean, eta Infernura bota ordean itxon nai izan digun, beragana deitzen gaituan, eta prestatzen bagera, bere grazia, eta pekatuen barkazioa Konfesioko Sakramentu santuan eman nai digun.

        2. Ezagutu bear degu Jaungoikoaren argia, eta grazia bear degula, pekatuak ondo gogoratzeko; aen larritasuna ondo ezagutzeko, eta egiaz damutasuna, eta proposito irmoa gure biotzetan sortzeko, eta edukitzeko: eta ala, grazia ori Jaungoikoari benetan eskatu bear diogu Jesu-Kristoren izenean edo aren kabubageko merezimentuakgatik, eta asko baliatuko digu orretarako Maria Birjiña Santisima, gure Aingeru guardakoa, eta gure izeneko, eta deboziozko Santuak, bitarteko billatzea Jaungoikoaren aurrean, eta baita limosnaren bat, eta mortifikazioaren bat, grazia ori iristeko, berariaz egiteak; eta 3. egin dituan pekatuak gogora ekarteko, bere bakartasunean edo Elizan, era onik badu edo bere bazterrean, bere buruari kontuak artu bear diozka, eta Jaungoikoaren legeko amar Mandamentu santuai, banaka begiratuaz, eta baita Elizako bost Mandamentuai, alegiñak egin bear ditu akordatzeko mandamentu bakoitzaren kontra zertan, eta zenbat bider utsegin duen; dala pensamentu edo deseo gaizto konsentituakin, nola diran juizio gaiztoak edo gorrotozko deseoak edo lapurretazkoak, edo loikeriazkoak, osatu ezpazituan ere; dala hitz gaiztuakin, nola birau edo maldizioak, blasfemiak, juramentu falsoak, murmurazioak, txismeak edo esames gaiztoak edo gezur kaltegarriak; dala obrazko pekatuakin, nola jai egunetan premia egiazko bage bearra egiñuz, gurasoai edo nagusiai errespetoa edo lotsa galduaz; projimoari golperen batzuek emanaz; jostatze edo jolas loi zikiñak egiñaz edo lujuriako edozein lan gaizto egiñaz, edo pekaturako bidea emanaz edo projimoari edozein kalte egiñaz, naiz ondasunetan, naiz estimazioan, naiz kredito, edo fama onean edo bere buruari osasuna edo ondasuna edo juizioa edo zenzua galdu eragiñaz, erabageko jan-edanakin; gau beranduko tabernetako egoera luzeakin edo joku erabage askoren galgarri, eta ondagarri izan oi diranakin, eta Mandamentuen explikazioan, beste pekatu asko erraz ezagutu, eta gogoratuko dituzue.

        G. Eta bere pekatuak obeto gogoratzeko, eta ezagutzeko zeri geiago kontu artu bear dio? E. 1. Nolako lagunakin ibilli oi dan; nolako tratu edo artuemanak izan oi dituan; nolako okasioak batarekin edo bestearekin izan dituan. Eta 2. beregan zein duen bere pasio nagusi edo bizio agintaria, beste pekatu askoren sustraia, eta ekarlea izan oi dana; batzuek dira emanak edo inklinatuak soberbiara, arrotasunera, eta banidadera, beren buruak guztien gañean altxatu naia dute, eta ortik dator besteak despreziatzea, eta beste pekatu guztiz asko. Beste batzuek dira gutiziosoak, diruzale erabageak, eta interesak edo irabaziak ainbesteraño itxutu oi ditu, nun ardurabage joku, eta tratu gaiztoak askoren kaltearekin egin oi dituan, eta beste pekatu asko ortik sortzen dira. Beste batzuek dira lujuriara edo deshonestidadera etziñak; Eta nork esan, ortik zenbat pekatu jaiotzen diran? Beste batzuek dira gulosoak, tripazai zikiñak, beti janean, eta edanean eren gogo guzia duenak; eta ortik guztiz pekatu asko sortzen dira, eren buruen, eta familien ondamenarekin; beste batzuek dira asarrekorrak, ezer sufritu nai eztuenak; kolera gaiztoa goitzeko erremediorik egiten eztuenak, eta pakerik eztuenak, ez eren buruakin eta ez eren lagunakin; beste batzuek dira enbidiosoak, guzia erendako nai duenak, besteren onaz naibagetzen, eta besteren gaitzaz poztutzen diranak, eta aizkenik, beste batzuek dira, alper nagi andiak, munduko gauzetarako sotillak, eta azkarrak izan arren, Jaungoikoaren eta animako salbazioaren lanetarako guztiz lotiak, pisuak, eta gogo urrikoak.

        Ona zazpi pekatu edo bizio kapitalak edo burudunak beste pekatu askoren sustrai gaiztoak; guziak gure amorio propio erabagetik sortzen diranak, eta guziok ezagutu bear ditugunak, zein aldetatik geiena erren egiten degun ekusteko, eta artan erremedioa ifinteko. Eta zein de erremedio ori? Gure buruak ondo examiñatzea, eta ezagutzea; konfesio humilla; damutasun egiazko; ez berriz pekaturik egiteko asmo, eta proposito ziñezkoa, eta ori guzia errazago egiteko, gure pasio nagusi, eta agintaria goitzeko alegiñak egitea; Jaungoikoari artako indarra eskatuaz; kontuz bizi izanaz, eta batez ere, Jaungoikoaren beraren; eta lagun projimoaren amorioan egunoro, eta geiago aurreratzeko alegiñak egiñaz: bada amorio orrek neke guzia arintzen du, eta berariazko gogoa ematen du, bizio, eta aztura gaiztoen kontra peleatzeko.

        G. Eta zeri geiago begiratu bear dio, bere konzienzia ondo examinatu nai duenak, eta bere pekatuak ezagutu, eta gogoratu nai dituenak? E. Iru gisatako pekatuai, askok ondo ezagutzen, eta gogoratzen eztituenai. Zein dira oriek? 1. Omisiozko edo utseginezko pekatuak. 2. Besteai egindako pekatuai: eta 3. Berez pekatu eztiran gaietan modu onik, eta neurri onik gorde bagez egiten diran pekatuak. Eta ona dotriña luze askoren gaia bear bezela banaka pekatu oriek guziak esan bear balira; baña bakarrik zuei dagokizuen moduan esango dizuet gertatu oi dana.

        Eta 1. omisiozko edo utseginezko pekatua da, Kristauari dagozkion obligazioak, ala jeneralak, nola bakoitzaren estadu, eta karguari dagozkion beargai edo obligazio partikularrak; 1. bere kulpaz ez jakitea, eta ez ikastea, eta 2. ez kunplitzea, dakizkialarik ere; eta ala, 1. Kristau guziok jakin bear degun dotriña santua ardurabagetasunez ondo ikasi eztuenak; eta ikasteko aleginik egiten eztuenak, omisiozko edo utsegiñezko pekatu mortalean egon oi dira, Eta ortik zenbat pekatu datozen, nork esan lezake? Eta nor orrezaz akusatzen, eta konfesatzen da? 2. Fedeko, Esperanzako, eta Karidadezko aktoak noiz edo noiz, txit luzatu bage egiten eztituenak, edo beinzat Kredoa, Aitagurea, eta Akto kontriziozkoa ondo errezatzeko oiturarik eztuenak, omisiozko edo utseginezko pekatu aundi bat egiten due, eta bere salbazioaren ardurarik, ajolarik edo kuidadurik ez duela aditzera ematen due; bada gizona berez guztiz itxua, argala, eta gaitzera makurtua dago, eta ala kanpotik, nola barrutik animaren etsaiez inguraturik dago, eta Fedeak argitzen ezpadu, Esperanzak indartzen ezpadu, eta Karidadeak edo Jaungoikoaren eta projimoaren amorioak animatzen, alaitzen, eta tentazioak goitzen, eta Kristauaren lanak egiten laguntzen ezpadio, ezin pekatutik bere burua aterako du, eta ezin Jaungoikoaren grazian iraungo du. Eta ala, Kristau guziok degu obligazioa, gutxi edo asko, orazioa, eta konsiderazioa egiteko; eta Fedea, Esperanza, eta Karidadea, eta oriei darraion birtuteak, nola pazienzia, humiltasuna, eta obedienzia exerzitatzeko; bada etsaien artean bizi, eta armatu bage, eta peleatu bage dagoana, benziturik, eta galdurik dago, eta ala guztiz negargarria da Kristau askoren ardura bagetasuna. 3. Jaungoikoari egindako promesak edo orobat Jaungoikoaren honrarako, Ama Birjiña Santisimari edo beste Santuai egiñak, ardurabage kunplitzen eztituenak, edo motibo bage geiegi luzatzen duenak kunplitzea, omisiozko edo utseginezko pekatuan egon oi dira. 4. Meza santua zuen kulpaz edo borondatez Jai egunetan ez enzutea, badakizue pekatu andia dala; bada orobat da Meza santua utsegiteko peligroan borondatez jartea, eta baita Meza santua atenzio bage, errespeto, eta erreberenzia bage enzutea, edo ardurabage kanpoko gauzatan pensatzen dagoala enzutea. 5. Gurasoak, nagusi-etxekoandrak edo zuen kargua duen agintariak, ardurazko edo asko inporta duen gauzaren bat egitea agintzen dizuenean zuen salbaziorako, edo etxeko gobernu onerako; ez obedezitzea orduan, da omisiozko edo utseginezko pekatua, eta askotan mortala gai pisuan izan ezkero; orobat gurasoai, eta beste agintariai zor zaien honra, eta errespetoa bear danean ez ematea: orobat gurasoak edo beste erozeñek testamentuan aginduak ez kunplitzea, edo geiegi luzatzea, da omisiozko edo utseginezko pekatua, kargudunak ardurabage edo motibo justu bage luzatzen badu. Orobat errestituzioak ez egitea, eta zor justua ez pagatzea, jabeak luzamena onzat ezpadarama da omisiozko edo utseginezko pekatua, eta askotan mortala; batez ere neke puska batekin bada ere pagatu badezake. Eta aizkenik, ez geiegi orain luzatzeagatik, da omisiozko edo utseginezko pekatu andia, konfesoreak oitura edo aztura gaiztoren bat goitzeko edo menderatzeko penitenzia orde agintzen dituan erremedioak ez egitea. Bada konfesoreak agindu bage ere, pekatu mortala egiteko oitura edo aztura gaiztoa duenak berez du obligazio estua, eta larria alako oituraren kontra erremedioak artzeko; bada bestela beti dago borondatezko peligro gertu edo urrean, pekatu mortal berria egiteko, eta penitenziarik egin bage illzeko, eta kondenatua izateko. Eta orra omisiozko edo utsegiñezko pekatu banaka batzuek, eta orietatik beste asko ezagutu, eta gogoratu ditzaketzue, zuen obligazioak ardurabagez kunplitzen eztitutzuenean.

        G. Eta badira omisiozko edo utseginezko pekatu geiago, bear bezela ezagutzen, eta gogoratzen eztiranak? E. Bai, eta guztiz asko; eta dira bakoitzaren estaduari, karguari, eta ofizioari dagozkion ofizioak, ondo jakiteko, eta kunplitzeko alegiñak egin bagez, egiten diran utsegiteak edo pekatuak. Guziak banaka aitatzeko, orain lekurik eztago, eta ezta bearrik ere. Eta bakarrik diot; 1. justiziako Jaunak, eta errietako kargudunak badakiztela edo jakin bear dituela eren karguko obligazio partikularrak, eta oriek kunplitzeko premia estua daukela, eta oriek ondo kunplitu bagez, sortzen diran edo eragozten eztiran eskandaloak, eta datozen kalteak, eren gain izango dituela. 2. Diot, gurasoak, eta nagusi, eta etxekoandrak, eta besteren kargua duen guziak badituela eren obligazio bereziak edo partikularrak umeai, eta mirabeai dotriña santua erakusteko edo erakutsi eragiteko; Jaungoikoaren bildur santuan azitzeko; lagun gaiztoetatik, eta peligrozko okasioetatik alde eragiteko; ejenplo ona etxeko guziai emateko, eta gaizki egiten duenean modu onarekin baña benetan korrejitzeko.

        Examiñatu bear ditue bada eren konzienziak, eta begiratu ondo, ea ezertan obligazio oriei faltatu dien. 3. Ezkonduak ere baditue alkarrekiko eren obligazio berezi edo partikularrak, alkar amatzeko; alkar sufritzeko; alkarri laguntzeko, eta alkarri ejenplo ona emateko. Eta ala examiñatu bear ditue eren buruak obligazio orien gañean, eta begiratu ondo kunplitu dituen, edo ez. 4. Ofizio, eta enpleo mota guziak ditue eren obligazio bereziak edo partikularrak, eta oriek dituenak, 1. examinatu bear ditue eren buruak, eta ikusi ia eren ofizioari edo enpleoari dagozkion obligazioak ondo dakizten edo ardurabagez ikasi nai ez dituen; eta 2. ea bear dan leialtasunarekin kunplitzen dituen, kalterik iñori albaitez egin bage; eta 3. orobat seme, alabak, mirabeak, eta langiñak ditue eren obligazio partikularrak gurasoakiko, nagusi-etxekoandraekiko, eta soldata edo jornala edo saria ematen dien guziakiko. Humeak, obedezitu, errespetatu, eta sokorritu bear ditue eren gurasoak, eta guziak eren lanak egin bear ditue leialtasun andiarekin; ez bakarrik munduko errespetoakgatik, eta irabaziakgatik; bai prinzipalmente begira dagokien guzion jabe, eta nagusi dan Jaungikoagatik, eta examiñatu bear dira, orretan egin dituen utsegiten gañean, eta kalte andirik egin edo eragin dien edo ez.

        G. Eta konzienzia ondo examiñatzeko zeri geiago begiratu bear diogu? E. Gure kulpaz edo bitartez besteak egin dituen pekatuai; eta emen dator pekatu askoren beste erreskada edo lista andi bat. Eta 1. dira, erak pekatua, eren eskuz ez egin arren, pekatu egiteko agindu duenak; nola ostutzeko, makillatzeko, juramentu gezurrezkoa egiteko. 2. Ez agindu arren, artarako konsejua eman duenak. 3. Gauza gaiztoren bat egiteko edo ondo eztan karguren bat, artarako gai eztanari emateko, botoa edo iritzia eman duenak; 4. Lausonjakin, eta hitz leunakin, edo bildurra edo lotsa emanaz, pekatu egitera besteak mugitzen dituenak. 5. Besteren pekatuak, nola lapurretak estaltzen dituenak. 6. Besteak egindako lapurretatan parte artzen duenak edo aprobetxatzen diranak. 7. Eragozteko edo salatzeko kargua, eta obligazioa daukealarik ere, nola mirabeak, besteren lapurretak isillik disimulatzen dituenak. 8. Kontu artu bagez besteren gauza galtzen edo ostutzen uzten dituenak, nola guardak, arzaiak, mendizaiak, eta errietan ikusten diran dañuak edo kalteak, eragozten eztituen kargudunak. Eta 9. eren kalte aundi bage egin dezakeala, lapurrak edo aen asmo gaiztoak ziertu dakizkialarik ere, salatzen eztituenak; bada gutxianez karidadeak artara obligatzen gaitu. Eta aizkenik, besteren pekatuetan parte guztiz aundia due, pekaturako eskandaloa edo gaitz-bidea besteai eman dienak; eta examiñatu bear due zenbati, eta zer gaietan eskandalo eman dien; bada zirkunstanzia ori beti konfesatu bear da.

        G. Eta badegu beste pekatu motarik zer examiñatu? E. Bai; eta da askoten gertatzen dana; berez pekatu eztiran gaietan pekatu egitea, modu onik, eta neurri onik gorde bagez. Eta ori 1. modako soñeko edo janzietan ikusten da. 2. Jan, edan erabagetan. 3. Joku aundi erabagetan edo kaltegarrietan. 4. Jolas, jostatze, eta modestia bage egin oi diran danza arin, eta aringarri, eta lotsagarrietan: eta 5. nekazariak premia egiazko bage, oituraz, merkatutik merkatura dabiltzala egiten dituen ibillera, eta tratoetan. Badakizue berez janzia, jan-edana, modu onean noiz edo noiz jokatzea; alkarrekin modu onean atsegin artzea, eta tratoak bear danean egitea, gauza onak dirala, eta pekatu bage egin ditezkeala: bana neurritik igaro ezkero, guztiz kaltegarriak, eta pekatu askoren gaiak izan oi dira, eta ala ere txit erraz Kristau asko itxutzen dira, eta eren erabagetasuna, eta kulpa ezagutu nai eztue; bada ignoranzia ori borondatezkoa due, bada Jaungoikoaren bildur santua duenak, erraz ezagutzen due. Eta ala examinatu bear due eren konzienzia; batez ere, eren apaindura, eta modako janziakin iñori pekaturako biderik emateko asmorik duen, edo ematen dioen, eren bizimoduari ez dagozkion gastuak, eta zorrak, premia bageko janziakin egiten, edo len egiñak ezin pagatu dituen moduan jarten diran. Bada ortik kalte andiak etorri oi dira, eta oriek sortzen dituen banidadea, eta puntu gaiztoa pekatu dira, eta ori bera gertatzen da jan-edanak bakoitzaren bizimoduari ez dagozkion moduan edo neurritik kanpora egiten diranean, eta etxekoak ondatzeko, ori bakarrik asko da. Bada erabageko jokuetatik datozen dañuak edo kalteak, nork kontatu litzake? Eta ala ere tranpa edo engañu andirik egiten ezpadue, pekaturik egiten duenik uste eztue; baña ori itxumen andia, eta guztiz kulpaduna da: bada ezagutu bear due joku aundi orietatik datozela aserreak, burrukak, denpora galtzeak, aitatu bage, eren buruai, eta familiai ezeze, joku lagunai, eta aen obligazioai kalte andiak egiten diztela, edo egiteko peligro urrean edo gertuan jarten dirala, eta alkarri zor diogun karidade gai grabean ausitzen duela, eta ori ezagutzeko ezta konsiderazio aundirik bear, asko da pasioak edo bizioak itxuturik ez egotea. Eta ori bera diot, plazetan, eta baita etxe batzuetan egin oi diran modestia bageko danza zikiñ lotsagarriakgatik; bada badirudi asko danzari eztirala Kristauak edo Kristau izateaz lotsatzen dirala, eta deabruaren beraren lanak edo ofizioak egiten dituztela, pekaturako, ematen dituen eskandalo nabarbenakin. Jaungoikoak argitu ditzala, eta ondo examiñatzeko, erremediatzeko, eta konfesatzeko grazia diela.

        Eta azkenik premia egiazko bage merkatutik merkatura, eta tratutik tratura, eta tabernatik tabernara dabiltzan nekazari pobreak ezagutu bear due, urtearen kabuan zenbat denpora alperrik galtzen duen; zenbat gastu alper egiten duen; zenbat kalte eren emazte, eta humeai egiten dien; zenbat arazeri, eta zenbat oker datozkien eren tratoetatik, eta nola komunkiro eren familiak ondatzen dituen: eren buruak galtzen dituen, eta zorigaiztoko paradero, eta zarzaro miserable bat izan oi duen; lenago zorrez, eta zorriz beterik illtzen ezpadira.

        Orra bada, N.K. argirik asko zuen konzienziak ondo examiñatzeko. Eta ez geiegi orain luzatzeagatik, urrengo aldian esango dizuet, konzienzia ondo examiñatzeko zenbat denpora artu bear dezuen, eta nolako alegiñak egin bear dituzuen. Jaungoikoak arren digula guzioi geren pekatuak, eta utsegiteak ondo ezagutzeko, ondo konfesatzeko, eta aurrera erremediatzeko bere grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa