www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN DOTRIÑA

 

Sakramentuen gañean, eta lenbizikoa Komunioko,
edo Aldareko Sakramentu guztiz Santuaren gañean.

 

        Penitenziako edo Konfesioko Sakramentuari dagozkion dotriñaen ondoren, Komunioko edo Aldareko Sakramentu guztiz Santuari dagozkionak aditzera eman bear dizuet N.K.; gure Jaungoikoaren guzialtasunak edo poderio neurribageak, aren sabiduria kaburik eztuenak, eta bere guganako amorio, eta bere ontasun infinitoak gure alde egin dituan miragarrizko lanak, iñun baño obeto Sakramentu guztiz santu onetan agiri dira, eta ori argiro ikusiko dezue gaurko dotriñan; aditu ezazue bada arren kontuz.

        G. Zertako da Komunioko Sakramentu guztiz santua? E. Bear dan diñatasunarekin edo prestaerarekin artzen degula, gure animak sustentatzeko, eta grazia geitzeko edo aumentatzeko.

        G. Zeri deitzen diogu Komunioko Sakramentua? E. Komulgatzen geranean errezibitzen edo artzen degun Aldareko Sakramentu guztiz santuari.

        G. Zer errezibitzen degu Komunioko Sakramentu guztiz santuan? E. Kristo Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, Aldareko Sakramentu guztiz Santuan egiaz dagoana.

        G. Zergatik deitzen diogu Komunioko Sakramentua? E. Zergatik unitzen, bat egiten, eta juntatzen gaituan Jesu-Kristo gure Jaunarekin era miragarri batean, eta Kristau guziok alkarrekin alako moduan, nun Jesu-Kristo bera osoro egiaz gure biotzera dator, eta bear bezela errezibitzen badegu, Jesu-Kristo bera gugan dago, eta gu Jesu-Kristogan, au da, aren Espirituak animatzen gaitu, eta aren Espirituaz bizi gera; eta nola Jesu-Kristo, gure guzion burua dan, berarekin uniturik egon ezkero, eta aren mienbro edo zatiak guziok geran ezkero, guziok alkarrekin, uniturik edo bat egiñik egon bear gera; eta argatik alkarrekin gaitziritzian, etsaitasunean edo gorrotoan daudenak, ezin komulgatu ditezke, lenago alkarri barkatu bage, eta pakeak egin bage; bada bestela eren kondenaziorako Komunioko Sakramentua artuko luke, askori gertatu zaion bezela.

        G. Eta zergatik deitzen zaio Aldareko Sakramentu Santua? E. Zergatik Sakramentu Santu au Aldarearen gañean zelebratzen, eta egiten due Sazerdoteak meza ematen duenean.

        G. Eta badu beste izenik Sakramentu Santu onek? E. Bai, txit asko ditu; deitzen da Mai Santua; Konbite sagradua; Jaunaren Aparia; Zeruko Ogia; Aingeruen janaria; Zeruko mana gozoa; amorioaren Sakramentua, eta Sakramentu guzien andiena, eta miragarriena, eta orri dagokala esaten zaio Santisimoa edo guztiz Santua. Eta Sakrifizioa dan aldetik deitzen zaio Ostia Santua, eta esan nai du, Jaungoikoari ofrendatzen, eta sakrifikatzen zaion gauza bat, eta auxe da sakrifikazio gairik baliosoena, Jaungoikoarenzat honragarriena, eta atsegingarriena, eta gizonarenzat probetxugarriena; mezako sakrifizioaren explikazioan esan nizuen bezela. Bada izenik jakiñenak, eta usatuenak dira, Eukaristia; Biatiko Santua, eta Jesu-Kristoren gorputz, eta odol preziosoaren Sakramentua.

        G. Zergatik deitzen zaio Aldareko Sakramentuari Eukaristia? E. Zergatik Eukaristiak esan nai du grazia ona, eta esker ona, eta ala deitzen zaio, zergatik Sakramentu Santu au da, izan ditekean graziarik, eta doairik andiena, eta ugariena, beste grazia txit asko ematen dizkiguna, eta grazia guzien Jabea, eta emallea, Jesu-Kristo, Jaungoiko, eta Gizon egiazkoa bera egiaz ematen diguna, eta Jaungoikoaren ontasun infinitoari zor diozkagun mesede, eta fabore guzien diñako eskerrak emateko ofrendarik andiena, eta baliosoena. Zergatik deitzen zaio Beatiko Santua? Zergatik dan bidezkoen sustentua, alimentua, eta indarra, eta eternidadera guziok egiten degun bide edo beaje onetan, ala bizitzako denporan, nola batez ere eriotzako denporan ematen dizkigu bear ditugun laguntasun, eta indar guziak; gure animako etsaiak goitzeko; bideko nekeak eramateko, eta betiko deskansua Zeruko glorian iristeko.

        G. Eta zergatik deitzen zaio Aldareko Sakramentuari Jesu-Kristoren gorputz, eta odol preziosoaren Sakramentua? E. Zergatik Sakramentu Santu onetan ogiaren, eta ardoaren anz, etxura edo figuraren azpian, arkitzen da egiaz Jesu-Kristoren gorputz, eta odol guztiz preziosoa.

        G. Nork ori ala dala sinistu eragiten, eta aseguratzen digu? E. Jesu-Kristok berak, Jaungoiko eta gizon egiazkoa danak; guzialtasun edo poderio guziaren jabeak; ontasun, eta jakinduria kabubagea duenak; nai duen guzia egiteko eskualdia, eta sabiduria duenak; ezin engañatu ditekeanak, eta ezin gezurrik esan lezakeanak berak, egia andi ori erakutsi zigun. Aren Apostolu Santuak, eta oen ondorengo Obisko Santuak edo Erromako, eta mundu guziko Obispoak, eta Elizako erakusle edo Doktore Santuak beti ala erakutsi due, eta ori da Eliza Ama Santuak orain ere erakusten digun, eta munduak diraben artean beti erakutsiko duen fedeko misterio guztiz miragarria, eta ori sinistu nai izan eztuen guziak herejetzat beti deklaralu, eta kondenatu izan ditu.

        G. Noiz, eta nola egin zuen Jesu-Kristo gure Jaunak Sakramentu guztiz andi au? E. Lenagoko denporetan Sakramentu santu onen anzak edo figurak ugari eman zituen lege zarrean, eta Jesu-Kristok berak Apostoluai, eta bere jarraitzalleai argiro esan zien; bera zala Zerutik etorritaro ogia, eta bere gorputza janaritzat emango ziela: eta promesa ori kunplitu zuen ostegun santuko gabean, bere pasio, eta eriotza santuaren besperan. Apostoluakin azkeneko aparia egiten ari zala, Sakramentu onen anza edo figura zan bildotsaren aparia bukatuta, dio presente zegoan San Mateo Ebanjelistak; artu zuen Jesu-Kristok ogia bere eskuetan; bedeinkatu zuen; zatitu edo puskatu zuen, eta Apostoluai zati bana eman zien, esanaz, ar ezazue, eta jan ezazue; au da nere gorputza. Eta dio San Lukas Ebanjelistak, onen ondoren bereala esan ziela; au berau zuek ere egin ezazue, nizaz oroitzen edo akordatzen zeratela; eta orobat diobe Ebanjelistak, bere eskuetan ardoarekin zegoan Kaliz bat artu zuela; bere Aita Jaungoikoari eskerrak eman ziozkala, eta Aposloluai eman ziela, esanaz; edan ezazue guziok; au da nere odola, askoren pekatuen barkaziorako ixuriko dana. Eta San Pablo Apostolu andiak dio, dotriña au berau Jesu-Kristogandik ikasi zuela, eta munduak diraben artean Jesu-Kristoren eriotzaren memorian, misterio au zelebratuko dala; eta ala Apostoluak Jesu-Kristok berak eman zien eskualdiarekin, dotriña ori bera guziai erakutsi ezeze, misterio andi ori zelebratzen, au da, ogia, eta ardoa konsagratzen, ota Mezatako sakrifizioa egiten, eta Kristauai Jesu-Kristoren gorputz Santua Komunioan ematen asi ziran, eta aek bezela, eskualdiarekin berarekin gelditu ziran Obispoak, eta Sazerdoteak; ori bera oraindaño denpora guzietan egin due, eta egiten due. Zer gertatzen da bada Sazerdoteak Meza ematen duen guzian, eta ogia, eta ardoa Jesu-Kristok eman zien eskualdiarekin, eta ark esan zituan hitzakin berarekin konsagratzen dituenean? Begiak ikusten duen ogiaren sustanzia edo izatea itzultzen da, aldatzen da edo mudatzen da, Jesu-Kristoren gorputz egiazkoa izatera, eta ardoaren sustanzia itzultzen da, aldatzen da edo mudatzen da Jesu-Kristoren odol egiazkoa izatera, eta ori aditzera emateko galdetzen zaie dotriñaren ikasleai, eta onela zuen humeai, eta mirabeai erakutsi bear diezue.

        G. Zer dago ostian konsagratu baño lenago? E. Dago ogia. Eta Sazerdoteak konsagraziozko hitzak esan ezkero, zer dago? Arrezkero ostian eztago ogirik edo ogiaren sustanziarik edo izaterik, baizik dago Jesu-Kristoren gorputz santua. Eta bizirik dago? Bai; bada Jesu-Kristo betiko piztu zan edo erresuzitatu zan, eta Aita Eternoaren eskubian Zeruko glorian dagoan Jesu-Kristoren gorputza bera dago egiaz ostia konsagratuan. Eta Jesu-Kristoren odolik badago ostian? Bai; zerren, ezin dateke gorputza bizirik egotea odola bage. Eta an dago gorputzarekin Jesu-Kristoren anima? Bai. Eta zer besterik dago? Jesu-Kristoren Jaungoikotasuna, eta nola Jaungoikotasuna bat baizik eztan, Jesu-Kristorekin batera daude ostia santuan Aita Eternoa, eta Espiritu Santua. Eta zer diferenziarekin daude ostia santuan Trinidade Santisimoko iru personak? Semea, au da Jesu-Kristo dago Jaungoikotasunarekin, eta gizatasunarekin; zerren dan Jaungoiko egiazkoa, eta gizon egiazkoa. Baña Aita Eternoa, eta Espiritu Santua daude bakarrik Jaungoikotasunarekin; bada Semea bakarrik egin zan gizon, eta ez Aita, eta ez Espiritu Santua.

        G. Eta Kalizean zer dago konsagratu baño lenago? E. Ardoa ur tanta batekin. Eta Konsagraziozko hitzak esan ezkero, zer dago? Arrezkero eztago Kalizean ardorik edo ardoaren sustanziarik edo izaterik; baizik dago Jesu-Kristoren odol guztiz preziosoa, eta dago bizirik, eta odolarekin batera kalizean daude Jesu-Kristoren gorputza, anima, eta Jaungoikotasuna, eta Trinidade Santisimoko iru persona Jaungoikozkoak; au da, Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua, len esan dedan diferenziarekin Semea dago Jaungoikotasunarekin, eta gizatasunarekin, eta Aita eta Espiritu Santua Jaungoikotasunarekin bakarrik.

        G. Eta konsagratu ezkero badago ogirik ostia santuan edo ardorik kalizean? E. Ez. Ezta bada ikusten len bezela ogia, eta ardoa? Ala dirudi kanpotik; baña konsagratu ezkero eztago an ogiaren, eta ardoaren egiazko izaterik edo sustanziarik, zerren aen lekuan jarten da Jesu-Kristoren egiazko gorputza, eta odola, eta aldaera edo mudanza orri deitzen dio Eliza Ama Santak transustanziazioa, au da, sustanzia bat, beste batera mudatzea, biurtzea edo aldatzea; ara nola Jesu-Kristok berak Kanango etsaietan egiazko ura, sei onzitan ipini erazo, eta aginduaz edo nai izanaz beste bage aldatu zuen edo biurtu zuen egiazko ardo izatera. Eta lengo ogitik, eta ardotik ezta ezer gelditzen? Bai; gelditzen dira ogiaren, eta ardoaren akzidenteak esaten zaien anzak edo itxuruak, nola diran gustoa edo saborea, usaia, kolorea, eta kantidadea, edo anditasuna, eta txikitasuna.

        G. Eta ostia konsagratua ausitzen edo puskatzen danean, puskatzen edo zatitzen ote da Jesu-Kristoren gorputz santua? Ez: bakarrik puskatzen da ogiaren itxura edo irudia, eta puska bakoitzean osoro gelditzen da, eta dago Jesu-Kristoren gorputz santua, bere odolarekin, animarekin, eta Jaungoikotasunarekin. Nola da bada ori? Zergatik Jesu-Kristo ostia santuan dago, eta orobat Kalizean sustanziaren legez, zatirik txikienean ere osoro, beti modu miragarri edo milagroso batean, gure adimentu laburrek ezin konprenditu ditzakean era miragarri batean; bada gauza bakoitzaren sustanzia orobat dago, eta egiaz dago naiz gauza andietan, naiz txikietan, eta gure anima ere orobat dago, eta guzia dago gorputz guzian, eta gorputzeko mienbro guzietan. Eta ala Jesu-Kristo dago egiaz, dago errealidade guzian, eta dago sustanzialmente, eta oso ostia konsagratu guzietan: eta ostiaron zatirik edo parterik txikianetan; an dago Maria Birjiña Santisimagandik jaio zan, gurutze Santuan il zan, irugarren egunean piztu edo erresuzitatu zan, Zerura igo zan, eta bere Aita guztiz poderosoaren eskuieko aldean dagoan Jesu-Kristo berbera bizirik, eta osorik. Baña nola ori izan diteke, ogia, eta ardoa baizik an ekusten ezpada? Orregatik da bada fedeko egia edo misterioa, ikusi bage sinistu bear dana, eta sinisten deguna; zerren len esan dedan bezela, egia bera dan Jaungoiko guztiz onak, guztiz jakinsuak, eta guztiz poderosoek, nai duen guzia egiteko eskua duenak, mirari guzien miraria dan prodijio ori egin nai izan du, eta ala dala erakutsi digu, eta ziertu gaude, alde batetik, guk ezagutu al baño infinitamente geiago beste mirari askotan eginik daukela, eta geiago, eta geiago egiteko eskua, eta poderioa daukela, eta bestetik egia ori txit argiro errebelatu, agertu, eta bere Elizari erakutsi diola, eta prodijio guztiz andiarekin, eta ugariarekin probatu duela; eta argatik, Jaungoikoak berak ala aseguratzen gaitualako, osoro sinistu bear degu, Jesu-Kristo berbera errezibitzen degula komulgatzen geranean; bada aren Majestadeak ain maite izan ditu gure animak, nun etzan kontentatu gure guzion salbazioagatik gizon egiazkoa, bera egiteaz; gure pekatuen zorrak bere pasio, eta eriotzarekin pagatzeaz, eta gu pekatutik, eta deabruaren katiberiotik ateratzeaz, eta bere grazia, adiskidetasuna, eta Zeruko deretxoa guri biurtzeaz; baizik bere guganako amorio guztiz irazekia, eta miragarria azkenean geiago, eta geiago agertzeko, eta gure biotzak bere amorioan geiago, eta geiago irazekitzeko, gugatik ill, piztu, eta Zerura joan bear zuen aurretik, artu zuen modua, egiaz gurekin beti gelditzeko, eta gugatik artu zuen, eta gugatik eriotzara entregatu zuen gorputza bera, eta isuri zuen odola bera bakoitzari Sakramentu guztiz Santu onetan emateko, eta bere sakrifizioaren frutua bakoitzari ugari aplikatzeko. Orra nolakoak diran gure Jaungoikoaren guzialtasuna, jakinduria, eta ontasun neurribagea; eta orra zenbateraño gure animak maite dituan, estimatzen dituan, eta honratzen dituan.

        Baña bearbada esango dezue; asko da, Eliza Ama Santak, Espiritu Santuak argiturik, egia ori guri orrela erakustea, guk sinisteko; baña ala ere atsegin izango genduke egia orren pruebarako, Jaungoikoak egindako mirari edo prodijio zierturen bat aditzea; Jaungoikoaren beraren esana da, sinistu eragin bear diguna; baña ezin kontatu ala dira, Jaungoikoak orretako egin dituan mirariak, eta ona bat San Antonio Paduaren bizitzan eskribiturik dagoana, eta Santuari berari gertatua. Tolosa Franziakoan ari zan okasio batean Santua fedeko misterio edo Sakramentu guztiz miragarri onen gañean predikatzen, eta hereje gogor zatar batek esan zion: alperrik predikatzen ziela; etzuela iñork ere sinistuko, Jesu-Kristo egiaz ostia konsagratuan zegoela, bere begiz milagro bat ikusten ezpazuen; ondo da esan zion San Antoniok; zeure autu ezazu nai dezun milagroa, eta herejeak eranzun zion; bada nik sinistuko badet, nere mulak txit goseturik dagoala, eta zaldalea eskeintzen zaiola, utzi bearko du lastoa, eta garagarra, eta belaunikaturik egon bearko du ostia konsagratuaren aurrean. Izan bedi bada ala esan zion San Antoniok; eduki ezazu zere mula bokadurik jan bage nai dezun denpora guzian. Iru egunean eduki zuen ezertxo ere jan bage, eta Ziudadeko jende guzia milagroaren testigo izan zan. Ostia konsagratua San Antoniok eskuetan zuela, eta beste batek galbai bat zaldalez beterik ekarri zuen mula gosetua ostia santuaren aurrera, eta bereala belaunikatu zan, eta ala egon zan batere bokadurik artu bage, eta ostia santua erretiratu artean ezin jan eragin izan zioben, eta orduan konbertitu zan herejea, eta arekin batera beste asko.

        Jaungoikoari eskerrak, milagro berri bearrik eztegu Kristau Katolikoak izateko zoriona degunok, Sakramentu Santu orren egia sinisteko; baña bai, degu konsiderazioaren bearra, Jesu-Kristoren guganako amorioaren anditasuna, eta Sakramentu miragarri orretan egiten dizkigun mesede guztiz andiak ezagutzeko, eta mesede oriei esker onez eranzuteko, eta Sakramentu orrek dakazkigun probetxu, bentaja, eta frutuaz ondo baliatzeko, eta orretako al degun prestaerarik onenarekin beti errezibitzeko. Eta zerren ondo komulgatzeko bear dan prestaera edo disposizioaren gañean urrengo dotriñan hitz egingo dizuet; orain laburtxo, Jesu-Kristo gure Jaunak, amorioa darion Sakramentu guztiz miragarri onetan egiten dizkigun mesede guztiz andiak aitatu nai dizuet, obeto, eta gogotiago, eta sarriago Sakramentu Santu au errezibitzera animatu, eta alaitu zaitezten, eta nola mesede oriek kaburik eztuen, eta esan al, eta aditzera eman al baño andiagoak diran, gogora ekarriko dizuet bakarrik, Eliza Ama Santak Sakramentu guztiz andi onen ofizioko edo errezoko antifona labur batean erakusten dizkigunak. Dio bada onela: ¡O, Sacrum Convivium, in quo Cristus sumitur; recolitur memoria Pasionis eius; mens impletur gratia, et futurae gloriae nobis pignus datur. Eta esan nai du; O! konbite Sagradua, zeñean Jesu-Kristo bera errezibitzen degun, zeñean beraren pasioaren memoria berritzen dan; zeñean anima graziaz betetzen dan, eta geroko gloriaren bai edo prenda ematen zakun. Ona hitz gutxitan konsiderazio gai andiak, eta guztiz gozoak, ondo prestaturik Komunioko Sakramentua errezibitzen duen guzienzat. Eta lenbizikoa. Zer due zer ikusi munduko konbiterik andienak, eta erregalatuenak konbite sagradu onen aldean? Bada aetan gorputzaren gustorako janari, eta edariak artzen dira, eta geienean onerako baño, kalte geiagorako serbitzen due; baña konbite onetan animaren, eta gorputzaren onerako, eta alimentu guztiz probetxugarrirako, Zeruaren, eta lurraren Jabe soberanoaren gorputz, anima, gizatasun, eta Jaungoikotasun guzia Kristauari ematen zaio. Konsidera ezazue ondo nor datorren Komunio santuan zuen biotzetara; zuek nor zeraten, eta zertara datorren, eta arriturik geldituku zerate, Jesu-Kristoren zuonganako amorioaren, eta mesedearen anditasunaz, eta zuen oztasunaz, epeltasunaz eta ardurabagetasunaz; komulgatzen bazerate zuen prestaera laburraz, ain Jaun andia zuen biotzetan ondo errezibitzeko; eta urtean bein beizik edo txit bakan baizik komulgatzen ezpazerate, zuen ajolabagetasunaz ain erremedio eragillea, eta alimentu probetxugarria errezibitzeko. Piztu ezazue bada arren zuen fedea: eta bigarrena konsidera ezazue ondo, Sakramentu Santu ori dala Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren memorial edo akordagarri bat, eta nola Jesu-Kristok zuek beti gogoan eduki zaituen, eta bere bizia Gurutze batean zuekgatik ain amorio andiarekin eman zuen; etzaiteztela arren ain esker gaiztokoak izan, nun beraz azturik bizi izan zaiteztean; baizik sarri edo beti gogoan erabilli ezazue aren zuenganako amorioa, eta amorio orrek artu eragin ziozkan neke arrigarriak, eta egizue alegiña esker onez, eta amorioz eranzuteko, eta Sakramentu onetan iñun ere baño ugariago aplikatzen dizuen bere pasio, eta eriotza santuaren frutua errezibitzeko; bada irugarrena, Sakramentu onetan anima graziaz betetzen da, eta ori nola dan aditzeko, eta ezagutzeko, kontu egizue, gorputzak bere alimentua bear duen bezela, lenbizikoa egunoro flakotasuna edo argaltasuna erremediatzeko, eta bizia konserbatzeko, bada bestela illik legoke. Eta bigarrena indarrak, eta gusto artzeko, bere lanak gogotik egiteko, eta bere obligazioai kobru emateko ezeze, aurrerako ondasunak iristeko; alaxe gure anime bear du berari dagokion alimentua, animako bizia edo grazia galduko ezpadu; bear ditu indarrak, eta barruko atsegiñak, bizitza onean irauteko; tentazio gaiztoak goitzeko; bere lanak gogotik egiteko; bere obligazio andiai kobru emateko, eta Zerurako ondasunak gogotik billatzeko, eta irabazteko.

        G. Baña nolakoa da animak bear duen alimentua? E. Modu bitakoa; bata da bere adimentua argitzeko; eta bestea da bere borondatea sendatzeko, zuzentzeko, alaitzeko, eta Zeruko bidean indartzeko. Badakizue alabaña N.K. Adanegandik, eta Ebagandik heredatu genduan pekatu orijinalak, Jaungoikoaren grazia, eta Zeruko deretxoa galdu eragin ezeze, gure animako potenziak edo almenak, au da, gure adimentua edo ezaguera, eta gure borondatea edo naimena guztiz gaixotu, eritu, itxutu, eta okertu zituala; arrezkero gure adimentuaren itxumena, salbaziorako bear dituan egiak ezagutzeko, guztiz andia da; eta gure borondatearen okertasuna, gaitzerako makurtasuna, eta onerako pisutasuna, atzerapena, eta nagitasuna guziok probatzen degu.

        G. Bada zer errremedio, gure anima, eta bere potenziak argitzeko, sendatzeko, eta indartzeko? E. Bear degu Zeruko argia, eta grazia; oriek dira gure animari dagozkion, eta nai ta ez bear dituan alimentuak, eta oriek dira, gure Jesus onak, gure Salbadore, eta Zeruko erakusle edo maisuak ondo prestaturik komulgatzen geranean, txit ugari ematen dizkigunak; bada biziro argitzen du gure adimentua, fede santuko egia andiak ezagutzeko; eta batez ere, Jaungoikoaren ontasunari zor diozkagun mesede andiak ondo konsideratzeko, eta ausnartzeko; beraren Majestadea orain serbitzeko, eta gero Zeruko glorian beti gozatzeko egin gaitualako; pekatutik, eta deabruaren katiberiotik, Jesu-Kristoren beraren odolaren kostuan, atera gaitualako, eta Sakramentuetan bere grazia eman digulako, eta bera dan guzia komunio santuan ematen digulako; Zeruko bidea argiro erakutsi digulako, eta beste milla mesede egin dizkigulako, eta beragana gure biotzak ekarri nai ditualako, batzuetan kondenazioko bildur santua emanaz; infernuko pena arrigarriak gogoratu eragiñaz; beste batzuetan Zeruko gloriaren esperanza, eta deseoan, ango ditxa andia konsideratu erazoaz, eta beste askotan zein maite gaituan, eta gure betiko zoriona zenbateraño deseatzen duen, ezagutu, eta konsideratu eragiñaz; eta orra, adimentuak argitzeko Jesu-Kristok ematen digun Zeruko alimentua, Aldareko Sakramentu Santua ondo errezibitzen degunean, edo aren ondoren, gure premiak ala eskatzen duenean. Eta orobat gure borondatea sendatzen du; zuzentzen du, eta indartzen du; bada gaitzerako griña edo inklinazio portitza edo kentzen digu edo gutxitzen digu; gure pasio erabageak, nola soberbia, edo arrotasuna, abarizia edo gutizia gaiztoa, eta gure aragiaren gurari zikiñak goitzeko edo menderatzeko, indarrak ematen dizkigu; orobat kolera gaiztoa edo ira, eta aserretasuna, eta orri darraion enbidia eskuratzeko grazia ematen digu, eta gure biotzetan piztutzen, eta geitzen ditu bear ditugun birtuteak; fedea, esperanzea, karidadea, humiltasuna, pazienzia, pekatuaren iguitasuna, eta birtutearen amorioa, eta debozioa edo Zeruko bideari jarraitzeko gogo bizia, eta eragilllea.

        Orra nolako alimentuak, eta indarrak komunio santuan ematen diozkan Jesu-Kristok gure anima gaixoari, eta nolako graziaz betetzen duen; eta azkenik laugarrena, ematen dio betiko gloriaren bai edo prenda seguru bat: Fururae gloriae nobis pignus datur. Bada komunio santuan, Jesu-Kristok agertzen digun guganako amorio irazekiak, eta egiten dizkigun mesede guztiz andiak, munduko destierro triste onetan gauden bitartean, señale ageriak edo klaroak dira, gure betiko zoriona osatzeko edo Zeruko gloria guri emateko daukan deseo andiarenak, eta ala, berak esan zuen, nere aragia jaten duenak, eta nere odola edaten duenak, betiko bizitza dauka, eta azkeneko egunean nik erresuzitatuko det. Edo animako, eta gorputzeko betiko, poza, eta kontentua emango diot. Poztu gaitezen bada N.K., esperanza onekin, eta alegiñak egin ditzagun Komunioko Sakramentu guztiz santua sarri, eta ondo prestaturik errezibitzeko, eta orain, gure onagatik, eta guk errazago artzeko ogiaren, eta ardoaren idurian edo anzean ezkutaturik edo estalirik dagoan gure Jesus, Jaungoiko, eta gizon egiazkoa ikusiko degu argiro, eta arpegiz arpegi beti Aita Eternoarekin, eta Espiritu Santuarekin gozatzen duen betiko, eta neurribageko glorian. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa