www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN DOTRIÑA

 

Aditzera emateko 1. Pekatu Kapitalak zein diran:
2. Soberbia zer dan: eta 3. Humiltasuna zer dan.

 

        Pekatua zer dan: zenbat modutan izan oi dan: eta pekatu mortala, eta beniala zer diran: eta nolako kalte arrigarriak dakazkien, aditzera eman nizuen aurreko dotriña bietan. Pekatu guziak sortzen dira gere buruarenzat, eta munduko honra, interes, eta atsegiñenzat degun amorio erabage edo modubagetik. Eta sustrai gaizto onetatik datozkigu batez ere zazpi pekatu mota, beste pekatu asko ondoren dakaztenak: eta deitzen dira pekatu Kapitalak: eta oek ondo ezagutzea, eta oen kontrako birtuteak, eta erremedioak ondo jakitea agitz inporta digu guzioi. Badakizue pekatu Kapitalak dirala zazpi oek: 1. Soberbia, au da, andinaia, eta arrotasuna. 2. Abarizia edo gutizia, au da, interes edo ondasunzale erabagea. 3. Lujuria edo gorputzaren atsegin likitsaren gura edo griña gaiztoa. 4. Ira edo kolera edo erabageko aserrekortasuna. 5. Gula edo modubage jateko, eta edateko deseo edo apetitua. 6. Enbidia edo besteren onaz tristatzea edo besteren gaitzaz poztutzea edo alegratzea. Eta 7. Nagitasuna, au da, obra onak egiteko iguitasuna edo pisutasuna, eta atzerapena, eta ortik datorren birtutearen iguitasuna. Eta zazpi pekatu oen kontra zazpi birtute dira: eta 1. Soberbiaren kontra da humiltasuna. 2. Abariziaren kontra liberaltasuna edo emallea izatea. 3. Lujuriaren kontra animako, eta gorputzeko kastidadea edo garbitasuna. 4. Iraren kontra pazienzia. 5. Gularen kontra tenplanza. 6. Enbidiaren kontra karidadea. Eta 7. Nagitasunaren kontra azkartasuna edo dilijenzia.

        G. Zergatik deitzen diegu pekatu kapitalak edo besten buruak eskuarkiro mortalak esaten zaien zazpi pekatu oei? E. Zergatik diran aetatik datozen bizio edo pekatuen sustraiak, eta iturburuak: eta eztagokie aiñ ondo mortalak deitzea: bada askotan eztira benialak baizik.

        G. Noiz dira pekatu mortalak? E. Karidadearen kontra gai pisuan diranean: au da, Jaungoikoaren edo proximoaren amorioaren kontra diranean: hitz batean; Jaungoikoaren lege santua gai pisu edo larrian ezagueraz autsi eragiten diguenean.

        Zazpi pekatu kapitalak, eta aen kontako zazpi birtuteak explikatu nai dizkitzuet bada zazpi dotriñetan edo erakusaldietan. Eta gaurkoan txit kontuz aditu bear dezue 1. Soberbia zer dan, eta nolako pekatuak sortzen dituan. Eta 2. Humiltasuna zer dan, zein bearra dan, eta nolako frutu edo probetxu andiak dakatzen. Eta oriek ugari iristeko, eskatu degiogun kreatura guzien artean humillena, eta andiena edo santuena izan zan Maria Birjiña guztiz miragarriari, alkanzatu digigula Espiritu Santuaren argia, eta grazia. Abe Maria.

        G. Zer da bada soberbia? E. Besteen gañean gere buruak goratu edo altxatu nai izatea: gere buruak geiegi estimatzea: eta besteak ezertan ez edukitzea: eta ori gertatzen da batzuetan gere barruan bakarrik, kanpora agertu bage: eta beste batzuetan barruan dagoan soberbia kanporatzen da edo ikusi eragiten da.

        G. Soberbia zertan batez ere ezagutzen da? E. 1. Uste izatean iñori ezer zor eztiola; eta dauzkan doaiak naiz animakoak, naiz gorputzekoak berez dituela pensatzea: edo beinzat bereak edo berezkoak balitu bezela poztutzea, eta arrotzea, guzien emalleari zor zaion eskerrik, eta honrarik eman bage: eta au izan zan Aingeruak kondenatu zituan, eta demonio biurtu zituan soberbia. 2. Ageri da soberbia, uste izatean, berak merezirik edo irabazirik dauzkala Jaungoikoak egiten diozkan ongiak edo mesedeak: eta ori ere da pekatu guztiz andia, eta beste askoren ekarlea. 3. Da aditzera ematea, eztauzkan birtuteak, doaiak edo talentuak badauzkala, bere burua erabage estima erazotzeko, eta besten gañean jaso erazotzeko. Eta 4. Da besten desprezioarekin erak bakarrik honratuak izatea merezi duela aditzera ematea: eta ori ere pekatu andia izan oi da, gai txikian ezpada edo ezaguera oso bage ezpada.

        G. Soberbiak dakazkien aldakaitz edo erru gaiztoak zein dira? E. Batez ere zortzi oek: 1. Desobedienzia edo agintariai, naiz espiritualai, naiz tenporalai obedezitu nai ez izatea: eta orretako aitzakiak billatzea: 2. Banagloria, eta jaktanzia, au da, bere gauza onak edo gaiztoak egin ditualako banidadea agertzea: pekatu andirik egin duelako banidadea artzea pekatu mortal berria da: eta iñori pekaturik egiteko biderik ematen badio, beste pekatu mortal bat geiago: baña gauza onak egin ditualako banidadea, eta orobat aberatsa dalako, jakinsua dalako, ederra dalako, janzi edo apaindura galantak ditualako, hiztun ederra dalako edo beste bentajaren batzuek ditualako banidadea eskuarkiro pekatu beniala izan oi da; zerren iñoren kalte bage izan oi dan: baña buru ariñaren señalea da, eta bere buruaren kaltegarria: 3. Soberbiaren aldakaitz edo erru gaiztoa da ipokresia, au da, gaiztoa izan, eta ona, eta santua dala aditzera ematea fin gaiztorako; au da, zor etzaion eta merezi eztuen honra, kargua edo enpleoa alkanzatzeko edo iñor engañatzeko: bada bestela gaiztakeria disimulatzea, eta ezkutatzea on da, eskandalorik ez emateagatik. 4. Aldakaitz gaiztoa da, porfia edo disputazalea izatea, eta bere iritzia bakarrik estimatzea; besterenaz kasorik egin bage. 5. Da buru gogorra edo tematikoa edukitzea, eta jakinsuagoaren iritzi edo juiziora jarri nai ez izatea, arrazoiak, eta premiak ala eskatzen duenean. 6. Da enbidia edo besteren onaz, eta aurrerapenaz tristetzea: bada ori eskuarkiro dator, zerren soberbioak beretzako nai du besteari datorkion honra, eta probetxua. 7. Da anbizioa edo kargu edo enpleo andiak, eta honragarriak ansiarekin deseatzea, eta billatzea: besteak baño geiago izateko, eta besteai agintzeko poza izateagatik: eta ori bide gaiztotik billatzen badu edo artarako gai eztala, izan oi da pekatu mortala: bestela iñoren kalte bage bada, pekatu beniala berez izan oi da: eta 8. Da presunzioa, au da, gai eztala, kargu andiak edo arrisku andiak dakazten egitekoak bere gaiñ artzea: eta ori eskuarkiro pekatu mortala da, dakatzen kalteakgatik: eta orobat da presunzio andia, eta pekatu mortala, bere indarretan edo alegin utsetan fiaturik, pekatu mortala egiteko arrisku, perill edo okasio gertuan edo urrekoan bere borondatez jartea edo egotea: eta baita pekatu mortal egitera oiturik dagoalarik, zarzarorako edo eriotzako gaitza datorkioneko penitenzia egitea luzatzea: bada zenbat geiago luzatzen duen, anbat kondenatua izateko arrisku andiagoan jarten da. Eta orra nolako aldakaitzak edo erro gaiztoak dakazkian soberbiaren sustrai pozoatuak; eta zein banatua dagoan munduan.

        G. Zer egin bear degu bada soberbiari gure biotzetan lekurik ez emateko, eta izurri gaizto orretatik libratzeko? E. 1. Gogora sarri ekartea, eta ondo konsideratzea soberbiaren ondorengo kalte arrigarriak, eta berekin dakarren itxumen andia.

        2. Pensatu bear degu ondo, zein iguigarria dan soberbia gure Jaungoikoarentzat, egin dituan kastigu arrigarrietan erakutsi edo agertu duen bezela. Ainbeste milloi Aingeru eder biurtu ziran demonio itxusi nazkagarriak soberbiazko pekatu bategatik: galdu zuen betiko gloria: eta kondenatuak izan ziran betiko Infernura: eta gure lenengo gurasoak, Adanek, eta Ebak soberbiazko pekatuagatik batez ere, au da, Jaungoikoa bera bezela izango zirala, etsaiak esan zielako, eta ziran baño geiago izateko deseoarekin frutu debekatutik jan zuelako, galdu zuen erenzat, eta eren ondorengo guzienzat Jaungoikoaren grazia, eta gloriarako deretxoa, etorbide, eta tokamentua: eriotzarik ikusi bage Zerura igo bear zuenak, egin ziran ilkorrak; eta ill bearra guzioi ekarri ziguen: deabruaren zorigaiztoko katibu edo menpeko billauak egin ziran, eta egin ginduzten; eta ala gorputzeko, nola animako gaitz guziak anditxe etorri zaizkigu: eta guziok betiko kondenatu bearrak giñan, Jesu-Kristo gure Erredenptore, Salbadore, eta Maisu dibinoak erremedioa ekarri ezpaligu bere eriotza guztiz preziosoarekin: eta bere guztizko humiltasunarekin eta obedienziarekin. Eta ortik erraz kontu atera dezakezue, zein gauza iguigarria, eta kaltegarria dan soberbia. Eta ala Santuak erakusten digue, kondenatua izango danaren señalerik ageriena, eta ziertuena dala soberbioa izatea: eta kontrara Zerurako esleituaren señalerik klaruena dala biotzez humilla izatea. Bada soberbioak darraio deabruari, eta humillak Jesu-Kristo humiltasunaren Maisu edo erakusleari. Jaungoikoak soberbioak eziñ ikusi ditu, igui ditu, aborrezitzen ditu: eta humillak maite ditu, eta bere grazia ematen die; eta ain erru gaiztoa, eta pozoi arrigarria du soberbiak, eta arrotasunak, nun Santu andiak ere, arrotasunari eren biotzetan leku eman ziobelako, erori ziran pekatu lotsagarrietan: eren buruak ezagutu, eta eren argaltasuna ikusirik, humillatu zitezen: eta fiatu etzitezen eren alegiñetan, eta indarretan, baizik Jaungoikoaren graziaren laguntasunean: eta justuak erak egiten dituen obra onak ere askotan galdu eragiten die izan bear zuen saria, banidade piskaren bat nastu zaielako edo munduko interes, estimazio edo errespetoa eren obra onetan billatu zuelako. Baña ala ere, San Bernardok erakusten digu, banidadearen bildurrak eztigula obra onak egiten eragotzi bear: baizik gere intenzioa zuzentzeko, eta garbitzeko alegiñak egin bear ditugula. Eta soberbiatik libratzeko edo soberbia gutxianez menderatzeko edo goitzeko zer geiago egin bear degu? Jaungoikoari benetan humiltasunaren doaia sarri eskatu, eta birtute ori iristeko alegin guziak egin bear ditugu. Eta orretarako orain humiltasuna zer dan: zein bearra dan: eta nolako frutu edo probetxu andiak dakatzen, esan bear dizuet.

        G. 3. Zer da bada humiltasuna? E. Da Zeruko doai edo birtute bat gere buruak, diran bezela ezagutu eragiten diguna: eta bere barruan humillatu eta beeratu eragiten gaituana: humilitas est virtus, qua homo verissima sui cognitione sibi ipsi vilescit.

        G. Eta gure buruak ondo ezagutzeko zer egin bear degu? Ona San Bernardo andiak orretako erakusten digun ekiera edo exerzizio guztiz egokia. Eta da, iru gauza oek beti gogoan erabiltea. Quid fuisti? Quid es? et quid eris? Zer giñan? zer geran? eta zer izango geran? Orain eun urte zer giñan emen gauden guziok? ezerez: utsa: eta ezerezak edo utsak ezer egin, eta merezi zezakean? Iñola ere ez. Orrela zeran guzia, eta dezun guzia eztezu zerea, ezpada egin zaituanarena? Ala da egia, ezin ukatu dezakegu. Zergatik bada arrotzen zera, zerez baziña bezela, eta zeran guzia Jaungoikoari zor ezpaziño bezela? Eta orain zer gera? Gorputzaren aldetik usteldasuna, eta loikeria alde guzietatik darion onzi bat: ondo estaltzeko, eta apaintzeko alegiñak egin arren. Eta animaren aldetik zer gera? Pekatuan sortuak izan ezkero: Jaungoikoaren etsaiak eta deabruaren menpeko billabak: eta Jesu-Kristok, guk merezi bage, bere odolaren kostuan erosi edo erredimitu ezpagindu: eta Sakramentu Santuetan bere grazia aplikatu ezpaligu, betiko kondenatu bearrak giñan. Eta arrezkero ere gerez zer gera? Itxu batzuek: eri batuek: pobre miserable batzuek: guztiz argalak: gaitzera makurtuak: onerako pisuak, eta nagiak: eta Jaungoikoaren miserikordiak errukiz begiratzen ezpadigu, eta argitzen, mugitzen, eta indartzen ezpagaitu, galdu bearrak. Nola bada arrotu gaitezke, ori guzia egia izanik? eta gero zer izango gera? Gorputza auts egiña, eta arraen janaria: Eta anima? gure Jaungoikoak bere graziarekin laguntzen ezpadio, pekatutik alde egiteko, eta obra onak egiten irauteko, betiko kondenatu bearra. Eta orra, N.K., zein arrazoi andiak ditugun, gerez zer geran ondo ezagutzeko, eta gere barruan humillatzeko, eta beeratzeko.

        G. Eta badegu beste motiborik humillak izateko? E. Ezin kontatu ala ditugu: eta batez ere erraz humillatuko gera, alde batetik gure Jaungoikoaren kabubageko anditasunari, eta ontasunari eta egin dizkigun mesede guztiz andiai begiratzen badiegu eta bestetik gure eskergabetasunari, eta gure erabageko arrotasunari ondo begiratu nai badiegu: baña ori da gai bat bakoitzak bere barruan ondo konsideratzeko egokiagoa, dotriña labur batean aditzera emateko baño.

        G. Eta gure ezereztasunari, txarkeriari, eta gaitzerako griña, edo inklinazioari begiratu ezkero, etsi bearko degu orrela gure salbazioaz? E. Ez orrelakorik: bada orduan geiago alaitu, esforzatu edo animatuko gera falta zakun indarra, gogotik eman nai digunari eskatzera: eta humiltasunarekin eta konfianza osoarekin Jesusen izenean eskatu ezkero, guk ez merezi arren, gure Jaungoikoaren ontasun neurribageak bere Seme maitearen kabugabeko merezimentuakgatik pozik emango dizkigu bear ditugun argitasun, laguntasun, eta indar guziak, tentazio guziak goitzeko: gure pasioak eskuratzeko, eta birtuteari jarraitzeko, eta salbazioa iristeko. Eta kontrara gauza onak egiten ditugulako pensamentua burura badatorkigu: eta gere barruan poztu, eta arrotasunak betetzen bagaitu; zer egin bear degu? Bereala gogora ekarri bear degu, ezin gauza onik batere egin dezakegula Zerurako Jesu-Kristoren grazia bage, eta ala berari eskerrak eman bear diozkagu, gauza onak egiten lagundu nai izan digulako: eta orobat, besteai egin eztien mesede andiren batzuek guri egin digulako; aek baño obeak geralako edo geiago merezi degulako arrotasunezko pensamentuak badatozkigu, bereala aienatu bear ditugu: konfesatzen degula, batere merezi bage Jaungoikoak bere grazia, eta mesedeak eman nai izan dizkigula: eta ez arrotzeko, baizik humillagoak, eta esker obekoak izateko serbitu bear diguela: eta bearbada, guk ez ikusi arren, Jaungoikoak besteai guri baño beste mesede andiagoak egin diztela. Eta gere aldetik danez guziok egiarekin esan dezakegu, eta esan bear degu: Jauna, ni nerez ezereza naiz; ezer balio eztet: ezin gauza onik dagiket: nere pekatuakgatik ezereza baño gaiztoagoa naiz: zure Majestadearen aurrean agertzeko diña ez naiz: nere pekatuakgatik betiko gloria galdu, eta betiko Infernua ondo mereziturik dauket: eta zu aserratzeko, eta ofenditzeko gai izan naiz, eta ausardia izan det: baña zurekin bakeak egiteko, eta egiazko penitenziarekin zugana biurtzeko, nerez bakarrik gai ez naiz: zure argia, eta grazia nai ta ez orretarako bear det. Indazu bada arren ezaguera onekin batera, nere burua humillatzeko, beeratzeko, eta nigan ez fiatzeko, eta ez iñola ere arrotzeko: baizik zure ontasun, eta kabugabeko miserikordiagan nere konfianza guzia edukitzeko grazia: eta zure laguntasunarekin egiazko penitenzia, eta bizitza berri bat egiteko: eta orren ondoren betiko zoriona edo gloria iristeko mesede guzien andiena: Ala biz. Orra, N.K., nolako sentimentuak gere barruan eduki bear ditugun, soberbiari, eta arrotasunari lekurik ez emateko, eta humiltasunaren birtutea iristeko, eta konserbatzeko.

        G. Eta orrekin bakarrik humillak gerala uste dezakegu? E. Ez: ori da errazena: Zer geiago egin bear degu bada? Jesu-Kristok erakutsi zigun bezela, eta berak egin zuen bezela, izan bear degu mansoak, biguñak, eta sufrituak. Nundik-nai datozkigun naigabeak, eta desprezioak, pazienziarekin eramateko alegin guziak egin bear ditugu: arrotasunari, aserretasunari, gaitziritzi, bendeku, eta gorrotoari lekurik eman bage: uste degula, gere pekatuakgatik geiago merezirik daukagula: eta orien zorra pagaeragiteko, eta Zeruko ondasun andiak irabazi eragiteko berariaz gure Jaungoikoak ala disponitzen duela: eta guzia gure on geiagorako dala. Eta ori da batez ere egiaz humillak geralako edo izan nai degulako señalerik ziertuena: eta Jesu-Kristo gure Maisuari jarraitzeko, eta Zeruko gloria irabazteko gauza guztiz bearra edo premiazkoa: eta argatik Jesu-Kristok berak birtute guzien artean geiena agindu zigun humiltasuna, eta pazienzia: ara ze, ezin gure Jaungoikoa gauza guziak baño geiago, eta gere buruak baño geiago amatu dezakegu: ez eta gure proximoak gere buruak bezela, egiazko humiltasuna ezpadegu: bada birtute miragarri au da beste birtute guzien zimendua, eta sustraia: eta ori falta bada, egiazko birtuterik ezta: eta orregatik berorregatik Jesu-Kristok bere humiltasuna, eta pazienzia, geurk eduki bear degunaren ispillutzat, eta exenplotzat, eman zigun; eta guzioi esan zigun: «Nigandik ikasi ezazue, humillak, eta mansoak izaten: zeren naizan mansoa edo biguña, eta biotzez humilla»: eta ori obeto ikusi nai badezue, gogora ekarri ezazue, nolako humiltasuna agertu zuen aren Majestadeak, izanik Santidadea bera, eta Zeruaren, eta lurraren jabe Soberanoa, bada humillatu zan gure antzeko gizona egiteraño, eta gure pekatu guzien zorrak bere gañ artzeraño: Ama pobre baten sabelean bederatzi illabetean sarturik egoteraño, zalarik, ez beste aurtxoak bezela jakineza, baizik infinitamente jakinsua, eta guztiz sentikorra: abere toki batean jaio, eta aska batean abere artean ezarria izateraño: andik zortzigarren egunean zirkunzidatua, eta odola zeriola, humillatua, eta oñazez betea bere burua ikusteraño: eskualdirik batere ezpalu bezela, Herodesen igesi Ejiptora eraman izateraño: pekatarien artean, aetatik bat baliz bezela, San Juan Bautistaren eskuz bateatua izateraño: bere Jaunkoikozko eskuakin Apostoluen oñak, eta batez ere Judas, bere saltzalle, eta traidore billabarenak garbitzeraño: eriotza lotsagarri batera kondenatua izateraño: azotatua, aranzaz koroatua, begiak trapu zatar batekin estalirik, eta kañebera batekin eta masallako edo belar ondoko gogorrakin eritua, eta despreziatua edo eskarniatua izateraño. Barrabas gaitzkille, eta eralle infamea baño gaiztoagotzat edukia izateraño: eta gurutze batean iltzez josirik lapur biren erdian bere bizia tormentu, eta infamia arrigarrien artean emateraño: Eta ori guzia, izanik inozentea edo batere kulpabagea, zergatik sufritu zuen Jesu-Kristo gure Jaunak? Soberbiak dakazkigun gure pekatuen zorra pagatzeagatik: eta zor ori, nola humiltasunaz, eta pazienziaz pagatu bear degun guk ere gere alegiñean erakusteagatik: au da, gure andinaia edo soberbia nola goitu bear degun; eta gure pekatuakgatik humillatu bear geran: penitenzia egin bear degun: eta Zerura daraman bizimodu nekatua, eta sufritua egin bear degun. Eta orra, N.K., zein bearra degun guziok humiltasunaren birtute miragarri au: azaletik latza, eta samiña gere amorio propio erabagearenzat: baña barrutik guztiz gozoa, eta guztiz probetxugarria: bada laguntzen digu pekatutik alde egiteko: eta birtute mota guziak iristeko, eta konserbatzeko.

        G. Eta zein dira birtute au iristeko, eta konserbatzeko berariazko aktoak edo exerzizioak? E. Ona banaka batzuek: bada guziak señalatzea edo izentatzea erraz ezta: eta 1. Al degun sarriena gogora ekartea gure ezereza: gerez bakarrik gauza onik Zerurako ezin egin ala, Jesu-Kristoren grazia bage: eta gure eskergabetasun arrigarria, Jaungoikoagandik ain mesede andiak errezibitu ezkero, ala naturalak, nola naturalezaz gañekoak edo graziazkoak. Orra konsiderazio bat guztiz egokia gu humillatzeko. 2. Beti esker onekoak izatea, ala Jaungoikoaren aldera, nola on egiten diguen proximoen aldera. 3. Gure alabanzako gauzarik premia bage geurk ez esatea. 4. Iñork alabatzen gaituanean ez arrotzea: eta besteak alabatzen dituenean, ez enbidiarik edukitzea, baizik atsegin artzea. 5. Gure lan edo obra onak egitea, ez munduko errespetoz edo estimazioa izateagatik; baizik bakarrik Jaungoikoagatik edo gure salbaziogatik. 6. Gure agintariai gogo onez beti obedezitzea: eta gure lagunai, gugandik eskatzen dituen gauza on guzietan, al degula, atsegin ematea. 7. Burura datozkigun banagloriako edo arrotasunezko pensamentuak bereala kentzera oitutzea. 8. Iñork erreprenditzen edo lotsagintzen bagaitu, kolera gaiztoari lekurik ez ematea; baizik humiltasunarekin sufritzea, eta modu onarekin eranzutea. 9. Egiteko andietan, eta dudako gauzetan jakinsuagoai konseju artzea. Eta 10. Igui ditugun hitzak, esaten dizkigunean edo agrabioren bat egiten diguenean, pazienziarekin sufritzea. Eta onetan iru grado edo malla dauzkagu zer igo, perfezkziora eldu nai bagera. 1. Aserratu bage, eta gaitzik esan bage, pazienziarekin naigabeak eramatea, gure naturalak sentimentua ezin eskusatu duenean ere: eta grado ori da premiazkoa guzionzat. 2. Da alaitasunarekin, eta erraztasunarekin sufritzea. Eta 3. Gogo onarekin, eta atsegiñarekin sufritzea, Jesu-Kristok, bere Ama Santisimak, Apostolu Santuak, eta aen jarraitzalle piñak egiten zuen, eta orain ere egiten duen bezela. Eta ori gauza andia, da eta gure buruaren amorio erabagearenzat nekeza bada ere, eztiozue mire iritziko fede bizi batekin konsideratzen badezue, Jaungoikoagatik padezitzea, dala, al datekean honrarik andiena, eta emengo nekeak laburrak, eta denbora gutxikoak dirala orien orde Jaungoikoak agindurik dauzkan betiko gloriaren, eta betiko poz, eta kontentuen aldean: eta zenbat geiago orain humillatzen geran, eta sufritzen degun, anbat gloria geiago eternidade guzian gozatuko degula.

        Jaungoikoak arren digula bada guzioi bere argia, grazia, eta indarra, gure soberbia bere erro gaiztoakin goitzeko edo azpiratzeko: eta humiltasunari gogotik jarraitzeko: bada orrela Jaungoikoarekin, gere buruarekin, eta gure proximo guziakin pake andi batean biziko gera: eta gero betiko pakea, eta gloria Zeruan gozatuko degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa