www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMAIRUGARREN DOTRIÑA

 

Murmurazioaren gañean.

 

        Gure dotriñako katezismo laburrak esaten digu, Jaungoikoaren legeko zortzigarren Mandamentu Santua ausitzen duela: 1. arrazoiaren kontra juzgatzen duenak, au da, erabageko juizioak projimoaren kontra egiten dituanak, eta ori azaldu edo explikatu nizuen aurreko dotriñan: 2. erakusten du: Mandamentu au ausitzen duela. Fama kentzen duenak: eta nola ori gertatzen dan ain sarri, eta orretan pekatu txit asko egin oi diran; gaur aditzera eman nai dizuet: murmurazioa zer pekatu dan; eta nola gertatu oi dan; eta zenbat gaitz dakazkian: eta 1. galdetzen det:

        G. Zer da fama? E. Da kristauak gurekiko, eta besteakiko daukan kreditu ona; eta argatik zor zaion estimazioa: agertu, eta erakutsi bear dioguna, naiz aren aurrean, naiz atzean edo ausenzian arzaz hitz egiten degunean: baña diferenzia edo distinzio onekin, ze bere ausenzian projimoaz gaizki hitz egiten badegu, orduan fama edo kreditoa bakarrik kentzen diogu: eta bere aurrean gaizki hitz egiten badiogu, iñork dakusela edo begira dagoala; famarekin batera honra ere kentzen diogu: eta iñork ikusi, eta aditu bage gaizki hitz egiten, eta despreziatzen badegu, orduan famarik, eta kreditorik ere kentzen eztiogu; baña bai zor dion honra: eta ortik ezagun da famaren, eta honraren artean dagoan diferenzia andia: askok bata, eta bestea gauza bat balira bezela nastutzen baditue ere; bada fama kentzen da, ausenzian gaizki esanaz: eta honra kentzen da, bati bere aurrean gaizki edo desprezioarekin hitz egiñaz: edo gaizki tratatuaz, au da, zor diogun estimazio, errespeto, eta honra galduaz edo ukatuaz beraren aurrean; eta ori da konfesioan distinzioarekin azaldu edo esan bear dana.

        G. Eta zer pekatu da kristauari bere ausenzian fama kentzea? E. Berez da pekatu mortala, gai pisu edo grabean izan ezkero: eta izan oi da pekatu beniala, lotsarik ez dakarren edo miñik edo sentimenturik emateko gai eztan gauzaren bat edo utsegite txikiren bat erausten danean. Baña murmurazioaren gaia andia edo txikia dan, eta pekatu mortala edo beniala dan ezagutzeko etzaio begiratzen bakarrik esan edo erausi dan projimoaren utsegite edo gaiztakeriaren anditasunari edo txikitasunari; baizik erausi arekin kendu zaion fama onari edo kreditoari: eta ala soldadu arro bategatik esatea aserrekorra dala; iñori, ofenditu ezkero, barkatzen eztakiala; bereala golpeka abiatzen dala: eta nor edo nor desafiatu, eta heritu edo zauritu duela, ez lizate izango pekatu mortala; zerren orrelakoai fama andirik kentzen etzaie: eta erak askotan gala egin, eta gloriatzen dira: eta kontrara Obispo Jaun bategatik edo birtutezko fama ona duen Abade, Errelijioso edo errespetoko persona bategatik esatea gezurra sarri esaten duela: hitz ariñak, eta atsegingarriak emakumai esaten diztela, izan diteke pekatu mortala; zerren agitz gutxitzen zaten dauken birtutezko fama edo kreditu ona.

        G. Eta besteren utsegiteak edo faltak erausten dituanak edo murmuratzen duanak, famarik kentzeko asmo edo intenziorik batere ezpazuen; baizik hitz jario edo hitz onzi arin baten gisa, gaitz egiteko uste bage esaten baditu, pekaturik egin du? E. Fama agitz kentzeko edo gutxitzeko diña murmuratu badu, asmo edo uste gaiztorik ez izan arren berez pekatu mortal egin du: bada dauka obligazio andia, bere burua bezela, bere projimoa amatzeko, eta estimatzeko, eta beretzat nai eztuen gaitzik iñori ez egiteko: eta ori mundu guziak ezagutu bear du.

        G. Eta zenbat modutara edo gisatara projimoari bere fama kentzen zaio? E. Txit modu askotara ori gertatzen da: eta lenengo kentzen zaio kalumniarekin, au da, testimonio falsoa edo gezurrezko asmatuarekin, edo egin eztuen gaiztakeri edo utsegite lotsagarri edo sentikor bat projimoari altxatuaz, eta erausiaz, Susana, ezkondu santa, eta kastari, arzaz erabagekiro itxuturik zeuden agure biak gusto eman etzielako, adulterioan arrapatu zuela gezurrezko testimonioa altxatu zioben bezela: baña ondo pagatu zuen merezi zuen pena edo kastigua: bada Jaungoikoak egia agertu eragin zuen: eta agure gaizto biak arrika Pueblo guziaren aurrean illeragin zituen. Eta baita da testimonio falsoa, eta murmurazio larria orobat egiten da projimoak egiaz egin duen utsegite txiki bat aziaz, eta andia baliz bezela esanaz edo bein egin duen utsegitea, sarri egin balu bezela aditzera emanaz, nola izango lizatean, gezur bat edo beste iñoiz esan duenagatik, gezurti andi bat dala esango baliz: lau edo bost kuarto ostu dituanagatik esango baliz, lapur bat dala: edo iñoiz argaltasun bat uste bage izan zuen neskatxe edo emakume bategatik esango baliz, emakume galdu bat dala: eta gizakumeakin erraza, eta lotsabagea dala; bada orrelako gaizki esale edo murmuratzalleak pekatu mortal arrigarri bat egiten du: eta kendu duen fama biurtu, eta ekarri dituan kalte edo dañu guziak pagatu bear ditu al dueneraño, konfesoreak esango dion moduan: eta bestela infernuan pagatu bearko ditu.

        G. Eta zein da projimoari fama kentzeko bigarren modua? E. Projimoak egiaz egin duen gaiztakeria, baña ezkutuan edo sekretoan dagoana, eztakienai esatea, eta agertzea.

        G. Baña orrelakoak egia esaten badu: eta ziertu dana salatzen badu, pekaturik egiten du? E. Bai; eta gai pisu edo grabean besteren sekretoko utsegitea agertzen badu, pekatu mortal egiten du: bada projimoaren falta edo pekatua ezkutuan dagoan bitartean, bere fama onarekin dago: eta ori kentzea pekatu mortal da: eta ez bakarrik bizi danari, baita fama onean ill zanari, gai pisu edo grabean fama kentzea, pekatu mortala da; eta orrelakoai konfesoreak erakutsiko die, nola fama biurtu, eta kalterik ekarri badu, nola, eta zenbaterano pagatu bear duen.

        Eta konfesioan, eren buruak edertzeko, eta eskusatseko, esaten duenak, erak iñori ezer asmatu eztiobela: eta bestegandik lenago projimoaren falta aditu zuela; ezaguturik, eta jakiñik eduki bear due; nabarbendu bage, barreatu bage, publikatu bage dagoan besteren gaiztakeria, erak ziertu jakin arren, ezin salatu, eta iñori erausi deikiobela; bada orixe da injustamente fama kentzea.

        G. Eta baldin bere satisfazioko persona bati baizik esaten ezpadio sekretoan dagoan besteren falta edo utsegite andia, sekretoan edukitzeko enkarguarekin pekaturik egiten du? Nola lizatean senarrak emazteari, edo emazteak senarrari; edo adiskideren bati kontatu, eta murmuratuko balue? E. Premiazko motibo justu bage esaten badio, eskuarkiro pekatu mortal izango da. Ara nola, iñori esan bage ere, juizio gaizto edo erabageko bat gai pisuan besteren kontra arrazoi edo motibo bage egitea, pekatu mortala izan oi dan, bere barruan bakarrik fama kentzen diolako; orobat, eta arrazoi geiagorekin besterekiko fama kentzea pekatu mortala da: eta sekretoan esan arren, eta besteri sekretoa enkargatu arren, alde batetik persona arekiko fama kentzen diolako; eta bestetik ortik, datorren nabarbentzeko edo publikatzeko peligro edo arriskuagatik: bada bakoitzak bere satisfazioko personak ditu; eta batak besteari sekretoan esan arren, laster barreatzen, eta publikatzen da: eta guziak ezekusatzen dira, erak asmatu eztuelako, bestegandik lenago aditu zuela: eta oek esan zuenean, bazirala franko zekienak: eta ala gauza garbirik eziñ atera da: nork antxitiko esan zuen ezin jakin diteke: eta guziak publiko zala esaten due: eta erak, bata besteari esanaz publikatu zuela aitortzen, eta konfesatzen eztue: baña ezagutu bear due, aen kulpaz projimoari fama kendu zaiola; eta al dueneraño, biurtzeko obligazioa duela.

        G. Eta besteren falta edo utsegite andia aditu duela bakarrik esaten badu; ala dala ziertu aseguratu bage; pekatu mortalik egiten du? E. Eskuarkiro pekatu mortal egiten du, artean nabarbendu bage bazegoan utsegite ura: bada orrelako murmurazioak eskuarkiro ezkutuan zegoan gaitza edo egiazko edo iruipenezkoa kanporatzen, eta publikatzen du; eta kalte andia egiten du: bada orrelako erausiak txit erraz sinisten dira.

        G. Eta orduan esango balu, berak alakorik sinisten eztuela; zerren fede gutxiko personari aditu zion, pekaturik egiten du? E. Ala ere pekatu mortal egiteko peligro andian jarten da: zerren aditzen duenai juizio edo sospetxa gaiztoak egiteko bidea ematen die: eta baita aek beste batzuei kontatuaz, utsegite ura nabarbentzeko, eta fama galdu eragiteko okasioa ematen die; eta orrela kreditu ona erraz galtzen da: eta ala erremedio askorentzat edo guzionzat guztiz premiazkoa da besteren faltarik ez aitatzea; ixillik egotea: bada mingaña gaizki esaten abiatu ezkero, erraz utsegite txikietatik andietara, eta sekretoan daudenak nabarbentzera, eta salatzera igarotzen da.

        G. Eta projimoaren utsegitea, falta edo pekatua nabarbendurik, barreaturik edo publikaturik badago, oraindio, eztakienai edo publiko eztan toki edo lekuetan esan ote diteke? E. Orrelako utsegite edo gaiztakeri nabarbenak edo publikoak aitatzea alkarren artean; eta eztakiztenai esatea ezta eskuarkiro pekatu mortala; zerren projimoak orduko bere fama galdurik dauka: baña askotan izan diteke karidadearen kontrako pekatu mortala: nola litzatean, esango balitz gure projimoak oraindio fama ona daukan tokian, eta aren gaiztakeriaren berria nekez jakingo dan lekuan: eta ori barreatuaz berari, eta bere aideai lotsea, eta kaltea ekarriko dien moduan: eta orobat izango da pekatu mortala, anziñako falta lotsagarri bat, azturik dagoana, eztakienai esaten bazaie; eta batez ere gaiztakeri ura egin zuenak bere bizimodu onarekin arrezkero bere fama ona berriz iritsi badu. Eta baita izango da pekatu mortala, besteren falta nabarbena berariaz aitatzen badu, eta erausten badu gaitziritziz, enbidiaz edo gorrotoz, eta ari kalte egiteko asmo edo intenzioarekin. Eta ala, N.K. gai onetan, pekatu mortalik ez egiteko, txit kontuz bizi bear da, eta mingaña gorde bear da, eta eskusatu besteren faltak eztakiztenai ardurabage esatea, iñori kalterik egin eztakion.

        G. Eta noiz esango degu besteren falta edo gaiztakeria dala nabarbena, eta publikoa, eta ziertutzat eduki ditekeana? E. 1. Askoren aurrean plaza edo kale batean nabarbenkiro gaiztakeria egin zuenean. 2. Erriaren etxerik geienetan barreatu danean. 3. Juezaren aurrean testiguak era batera deklaratu duenean. 4. Gaizkilleak berak autortu edo konfesatu duenean. Eta 5. Juezak kondenatu, eta nabarbenkiro kastigatu eragin duenean: eta onelako aldietan batez ere gaiztakeri guztiz andiak, nola eriotzak, lapurretak, eta bestela onelakoak agerian edo publikoan kastigatzen diranean, ezta pekatu oriek aitatzea, eta eztakienai esatea, eta gastigatzea, askoren eskarmentu, eta erremediorako serbitu dezakealako. Baña bestelako pekatu edo utsegite sekretoan gertatuak, eta bearbada gertatu bage asmatuak, edo iruipen uts batzuakin sinistuak, eta ziertuak balira bezela batak besteari esanak, eta orrela gaizki barreatuak, eztira erraz sinistu bear, eta are gutxiago erausi bear: bada zenbatek, egiazko motiborik eman bage, erausi oriekgatik galdu due eren fama, eta kreditu ona; eta galdu ditue bestela izango zituzten konbenienziak, enpleoak, eta ondasunak.

        G. Eta badira murmuraziorik, eta pekaturik egin bage, besteren sekretuko falta edo utsegiteak, eta gaiztakeriak esateko edo norbaiti aditzera emateko, motibo justuak? Eta, baita esatera obligatzen edo beartzen gaituen premiazko aldiak ere? Bai badira. Noiz ordea orrela esan ditezke? 1. Alde batetik egiazkoa, eta ziertua danean besteren gaiztakeria; eta bestetik beraren edo gere edo besteren kalte andiren bat eragozteko edo eskusatzeko edo erremediatzeko nai ta ez esan bear danean: baña orduan ere bakarrik esan bear zaio erremediatu bear duenari edo erremedioa ipinten laguntzeko gai danari, eta ez besteri: eta ala ziertu badakizu, onelako edo alako etxean sartzen dan urliak lapurretak egin oi dituala, bestela ezin erremediatu baditeke, etxe artako jabea kontuan ixillik ipiñi dezakezu, bere gauzai ondo begira degien, eta gorde ditzan: orobat ziertu badakizu beste batek urliaren edo berendiaren alaba ez orduetan edo gabaz bisitatzen duela, eta pekatuko okasioan dabiltzala; alakoaren sarrerak ezin zeurk eragotzi baditzakezu, eragotzi bear dituanari sekretoan, eta karidadez esan deikeiozu, eta obra on bat egingo dezu: orobat zierto badakizu, urliak, eta berendiak errian edo auzoan eskandaloa, eta zer esana ematen duela, zeurk ezin erremediatu badezakezu, erremediatzeko kargua duenari esan edo gasteatu deikiozu, baña ez gaitziritziz edo gorrotoz, ezin ekusi dezulako edo gaitzen bat egin dizulako bendekuz ene benganzaz; baizik karidadez, beraren, eta besten erremedioa billatzen dezula.

        G. Eta noiz gaude bearturik edo obligaturik besteren faltak edo gaiztakeriak esatera? E. 1. Justiziako kargua duenak, bear dan moduan dakigunaren deklarazioa egitea agintzen digunean. 2. Ezkonza eragozteko diña dan inpedimentua edo eragozgarria ziertu dakigunean: bada oriek agertu eragiteko, ezkondu baño lenago pulpitotik deiak egiten dira: eta orobat, ezkonza bat erabakitzeko, ezkongaiaren kondizioa, jenioa, eta oiturak galdetzen badigue, esan bear ditugu, besteren kalteak eskusatzeko, ala bear danean: eta baita serbitzarien kondizioak galdetzen diguztenean, nagusien kaltegarriak izango dirala badakigu. Eta 3. Obispo Jauuak edo beste agintariak informazioak egitea, eta dakizkigun faltak agertzea agintzen duenean: bada aldi orietan kalte andiagoak eskusa erazotzeko, eta edo komunari edp partikularrari gaitzik etorri eztakion, bear izaten da besteren faltak edo utsegiteak agertzea: eta orduan pekaturik egin ezeze, agertzeko obligazioa dago: baña beti egin bear da intenzio onarekin, eta ez iñori gaitzik nai diogulako.

        G. Eta projimoaren falta ezagutuak, eta kondizio edo jenio txarrak, hain naturalak edo berezkoak, esatea, eta aen gañean murmuratzea pekatu ote da? Eta zer pekatu da? E. Motibo bage, eta premia bage oriek eraustea, eskuarkiro pekatu benial oi da; zerren geienean jakiñak izan oi dira bakoitzaren jenio edo naturalak: nola dan izatea zerbait arroa, eta aserrekorra; izatea banidadera zerbait etziña: puntosua edo zapuztia; zerbait alperra, eta onelako beste falta arinak: bada oek aitatzearekin falta edo pekatu andirik agertzen ezta. Baña ala ere iru aldietan izan diteke pekatu mortala: eta 1. eztakienai esanaz ondasun edo konbenienzia andiren bat galdu eragiten zaienean. 2. Eren aurpegian esanaz agitz despreziatzen, injuriatzen, eta aserraerazotzen dituen faltak; nola bati esaten zaionean desprezioarekin ero bat zera; tonto andi bat zera; zenzurik edo juiziorik batere eztezu etc, eta oen antzekoak. Eta 3. gaitziritzi, gorroto edo benganzaz alako faltak erausten diranean; edo besteren aurrean lotsatzeko erai esaten zaiztenean, batez ere gure mendekoak eztiranean: bada askotan gurasoak, eta nagusi edo etxekoandreak, eta beste agintariak, eren mendekoak erreprenditu bear dituenean, injuria andirik egin bage, eta gaitzik deseatu bage orrelako faltak, eta kondizio edo jenio txarrak aurpegira bota oi dizte.

        G. Eta noiz geiago izan oi da pekatu mortala, besteren faltak eztakizkitenai esatea? E. Azturik dauden, eta lotsa emateko gai diran aurrekoen billautasunak edo gaiztakeriak berritzen edo salatzen diranean: nola izan ditekean esatea fama onean daudenakgatik bortak dirala, judu kastak dirala, jenerazio txar edo bajukoak edo lapurkumeak dirala: bada ortik kalte andiak etorri dakike orain estimazioarekin eta kreditu onarekin bizi diranai. Eta eren aurpegian eta iñoren aurrean esango balitzakie, fama, eta honra batetan kenduko litzaieke: eta alako erauslea edo murmuratzallea gelditzen da, pekatu mortala egiñaz gañera obligaturik galdu eragin edo kendu dien fama, eta honra biurtzera, eta erakarri dituan kalte edo dañuak pagatzera: eta nola ori ondo egin dezakean konfesoreak erakutsiko dio.

        G. Eta esan ditugunaz gañera beste murmurazio motarik bada? E. Txit asko, eta txit kaltetsuak munduan ikusten dira, eta ez orain luzatzeagatik, prinzipalenak beste dotriña batean esango dizkizuet; eta baita noiz, eta nola pekatu egiten duen murmurazioak aditzen egoten diranak: eta nola atzeratu, eskusatu, eta eragotzi bear dituen.

        Eta orain dotriña au bukatzeko, eta murmurazio mota guziak guzioi igui eragiteko, bakarrik esaten dizuet, Eskritura Santak erakusten digunez, murmurazioko bizioa dala Jaungoikoaren begietan, eta baita munduaren begietan ere guztiz iguigarria: bada iñor libre eztago mingañ gaizto batek egiten dituan kalte arrigarrietatik; bada fama ona kenduaz edo gutxituaz edo illunduaz gañera, eta orretan lapurreta baño andiago dan pekatua egiñaz gañera, zenbat aserre, zenbat gorroto, eta beste zenbait gaitz, eta pekatu sortu eragiten eztitu? Eta bestentzat ezeze, bere buruarenzat, nolako ondorengo txarrak eztakazki? Bada salbatuko bada, egiazko penitenzia egingo badu; nai ta ez kendu duen fama biurtu bear du: eta egin edo eragin dituan kalte edo dañuak pagatu bear ditu. Eta nolako enbarazoak orretarako arkitzen eztitu? Gorde bada, N.K. kontuz zuen mingañak; eta orrela pekatu askotatik libratuko zerate; pakea zuen buruakin, zuen lagunakin, eta zuen Jaungoiko eta Aita maitearekin izango dezue; eta gero betiko pakea, atsedena, eta gloria Zeruan gozatuko dezue. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa