www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAZPIGARREN DOTRIÑA

 

Gure buruari, eta projimoari
zor diogun karidadearen gañean.

 

        Aditu dezue aurreko dotriñan karidadearen birtutea zer dan: zer agintzen dizuen Jaungoikoaren aldera: eta nor diran eskuarkiro, karidadean bizi diranak, eta nor ez. Karidadearen birtute orrek berorrek agintzen digu, Jaungoikoagatik amatzea 1. gere buruak: 2. gere projimoak eta 3. oen artean gere etsaiak: eta gaur erakutsi bear dizuet, nola ori guzia ondo egin. Eta ona dotriña bat txit bearra, eta txit kontuz aditu bear dezuena.

        G. Karidadeak beartzen edo premiatzen gaitu guziok gere buruak amatzera? E. Bai: bada Jesu-Kristo gure Jaunak esaten digu, gere buruak bezela gere lagun urkoak edo projimoak amatu bear ditugula: eta ala or aditzen da, gere buruak amatu bear ditugula.

        G. Eta nola amatu bear gera geur? E. Amatu bear gera Jaungoikoagatik: au da, gere buruari diogun amorioa Jaungoikoagana zuzendu bear degu, edo gure ditxa edo zorion guzia Jaungoikoagan billatu bear degu: eta nola zorion ori dagoan, ez gure amorio erabageak nai duen bezela, emengo ondasun, honra, eta atsegiñak gozatzean, baizik orain Jaungoikoaren nai edo borondate santua amorioz egitean, eta gero Zeruan beti aren Majestadea aurpegiz aurpegi edo argitasun guzian ikustean, eta bera beti amatzen, eta beraz gozatzen egotean; egiazko zorion au gere buruarenzat billatzea, da gere buruak Jaungoikoagatik amatzea.

        G. Orrela Jaungoikoa amatzen ezpadegu, gere buruak bear bezela egiaz amatzen eztitugu? E. Ala da egia, N.K.: eta zorigaiztokoak egiaz egiten gaitu gere buruen amorio erabageak edo desordenaduak; gere barruan agintzen uzten badiogu.

        G. Nor dira orrela eren buruak modu edo era gaiztoan, eta eren kaltean maite dituenak? E. Soberbiari edo arrotasunari, eta ari darraikan andinaiari: abariziari edo ondasun gura erabageari: eta aragiaren atsegin edo gusto loi gaiztoen gutizia edo apetituari eren biotzetan agintzen uzten dienak.

        G. Nundik datorkigu gere buruen, eta munduko gauzen erabageko amorio ori? eta ori goitzeko zer egin bear degu? E. Jatorrizko pekatutik datorkigu guzioi gauza orien erabageko deseoa, griña gaiztoa, eta modubageko amorioa, eta espirituaren, eta aragiaren arteko gerra: bada espirituak mendean eduki nai luke aragia, eta bere griña gaiztoak: eta aragia altxatzen da espirituaren kontra: eta ala aragiaren erabageko amorio ori ezitzea, eta eskuratzea, eta arrazoiaren, eta Jaungoikoaren lege santuaren mendean edukitzea, izan bear da gure lanik, eta egitekorik andiena: eta gure egiazko pakea bertatik, eta gero betiko zoriona iristeko da gauza guztiz bearra, eta premiazkoa: bada ezin Jesu-Kristori jarroioko diogu, berak agindu zigun bezela, gere burua ukatu bage, eta gere gurutzea jaso bage, au da, gere buruaren erabageko amorioa eskuratu bage, eta orretarako nekalu bage: orra zerk egiten duen Zeruko bidea nekeza; eta orra zergatik Zeruko ateari deitzen zaion ate estua: bada gere nai gaiztoa ukatu bage, eta erabageko libertatea edo nasaitasuna estutu bage, ezin Zeruan sartu gaitezke. Au guzia oitu artean gogor, eta garratz iruitzen zaku: baña, alde batetik, neke orren saria ezin andiagoa da; bada neke labur bategatik betiko deskansua, betiko atsedena, betiko poza, eta kontentua Zeruan izango degu: bada Jesu-Kristoren beraren hitza edo esana da: mundu onetan bere anima edo bizia igui duenak, betiko bizitza animarenzat seguratzen duela. Qui odit animam suam in hoc mundo, in vitam aeternam custodit eam. Eta bestetik Jaungoikoaren amorioak, eta gere buruaren amorio onak, au da, karidadezko amorioak bertatik neke ori guzia arintzen du, gozatzen du, eta Jesu-Kristoren legeko uztarria biguntzen du: eta orretara benetan jarten diranak gozo, atsegin, eta poz geiago arkitzen due eren inklinazio, griña, eta pasio edo apetitu erabageak ukatzen, eta goitzen, pekatariak oriek kunplitzen, eta eren gusto gaiztoak gozatzen arkitzen duen baño: eta ori da egia bat San Agustiñek beregan ondo probatu zuenak bezela bere liburuetan txit sarri, eta txit ederki erakusten duena: eta egunoro esperienziak Kristau onai, justuai, Jaungoikoa maite duenai, eta eren salbazioa iristeko nekatzen diranai erakusten diena; eta orra zerk alaitu edo animatu bear gaituan guziok gere buruaren, eta munduko gauza guzien erabageko amorio gaizto ori goitzera, benzitzera edo eskuratzera: eta orren lekuan gure Jaungoikoaren, eta gure animaren egiazko amorioa iristera.

        G. Eta erabageko amorio orri nola deitzen diegu eskuarkiro? E. Amorio propioa: eta auxe da kreaturaganako, eta gure buruaganako amorio itxua, modubagea, eta arrazoi bagea. Jaungoikoa agrabiatzen, eta ofenditzen duena: bada kreaturagatik Jaungoikoa uzten du, eta batetan da gere kaltekoa: bada galdu eragiten digu gere egiazko zoriona: eta dakazkigu gure animako gaitz guziak.

        G. Erabageko gere buruaren amorio propioa beti da pekatu mortala? E. Ez: bada pekatu guziak amorio propio erabagetik sortzen dira, eta eztira guziak mortalak; askotan benialak baizik eztira. Mortalak dira gauza pisu edo larrian Jaungoikoa ofenditu eragin, eta karidadea edo Jaungoikoaren amorioa gure biotzetik kentzen duenean: eta benialak dira, karidadea itzaltzen edo desegiten eztuenean, baizik bakarrik gutxitu, eta argaldu egiten duenean.

        G. Eta gere buruaren amorio zuzenari edo ondo ordenatuari nola deitzen diogu? E. Karidadezko amorioa: eta orrek zuzentzen ditu gure deseo guziak: eta dakarkigu bertatik egiazko pakea Jaungoikoarekin, gere buruarekin, eta gere lagun projimoakin, eta orri darraio gero betiko bizia, eta gloria Zeruan.

        G. Eta munduko ondasunak deseatzea, amorio propio erabagea edo karidadezko amorioa ote da? E. Modu onean, eta ondo enpleatzeko Jaungoikoaren ordenaz batera (aetan biotza josi bage) deseatzea, karidadea da: baña edo soberbiaz edo abariziaz edo aragizko atsegiñaz gozatzeko leiaz edo deseoz ondasun tenporalak gutiziatzea, da kodizia gaiztoa, eta amorio propio erabagea, txit pekatu asko eragiten dituena: eta orren erremedio eragillea da, beti iraungo duen egiazko ondasunak, ala graziazkoak, nola gloriazkoak gogotik deseatzea, eta billatzea; Jaungoikoaren honrarako, eta gure egiazko zorionerako.

        G. Eta karidadeak orobat beartzen, eta obligatzen gaitu gere lagun edo projimoak amatzera? E. Bai: eta obligatzen gaitu gere buruak bezela amatzera Jaungoikoagatik.

        G. Eta nor dira gure projimoak? E. Gizakuma, eta emakuma guziak: naiz Kristauak, naiz herejeak, naiz fedebageak: eta baita gure etsairik andienak ere.

        G. Eta zer da gere buruak bezela gere projimoak amatzea? E. Gere buruenzat deseatzen, eta nai degun bezela edo deseatu bear degun bezela, gere projimoari ere betiko zoriona deseatzea; eta geretako nai degun bezela besteai ere on egitea, eta laguntzea eren animaren salbaziorako ondo dagokien gauza guzietan.

        G. Eta gere lagun projimoak deseatu bear diegu ondasun tenporalak ere? E. Bai; geretzat bezela: au da, aen enpleo onarekin Jaungoikoa obeto serbitzeko, eta ez gurariak kunplitzeko.

        G. Eta asko da gure projimoak amatzea, gure aide, adiskide, ongille, ezagun edo prenda onaen jabe diralako? E. Ezta ori asko: bada ori guzia amorio natural utsa da: ezta karidadezko amorioa: ori lurrekoa da bakarrik: ezta Zerukoa edo Jaungoikozkoa: eta ala amatu bear ditugu gure projimo guziak Jaungoikoagatik, bada obligazio ori datorkigu, Jaungoikoa bera gauza guzien gañean amatzeko guziok daukagun obligaziotik: bada eziñ Jaungoikoa gauza guzien gañean amatu dezakegu, arrazoia duen kreatura guziak Jaungoikoa ezagutzea, amatzea, eta adoratzea deseatu bage: eta ori egiaz projimo guziai deseatzen badiegu, artarako alegiñak egin bear ditugu: eta ala gure projimoak erakartea, al deguneraño, Jaungoikoaren ezaguerara, eta amoriora da gure projimoai eren egiazko zoriona iristen laguntzea: eta ori da bear dan bezela Jaungoikoagatik amatzea: eta argatik agiri da, Jaungoikoa bera amatzeko guziok degun obligaziotik datorkigula gere buruak bezela, projimoak amatzeko obligazioa.

        G. Eta projimo guziai erabatera edo distinzio bage deseatu bear diegu geretzat nai izan bear degun ona berbera? E. Bai: guretako bezela projimo guziai deseatu bear diegu salbazioa, eta artarako egoki dan edo konbeni dan guzia.

        G. Eta projimo guziai erabatera lagundu bear diegu: geretako nai degun bezela eren premietan? E. Nola guziai on egitea gure eskuan eztagoan; karidadearen ordena gorde bear degu, gere projimoai egin bear diegun laguntasunetan.

        G. Karidadearen ordenak edo zuzenbideak zer agintzen digu? E. 1. Jaungoikoa gauza guziak baño geiago amatu bear degula: 2. gere buruak geiago amatu bear ditugu besteak baño ondasun espiritualetan: 3. premia edo nezesidade berdiñean gauza tenporaletan ere lenago gere burua sokorritu bear degu besteak baño: 4. gure projimoaren animako salbazioa geiago estimatu bear degu gere ondasun tenporal guziak baño, eta baita gure bizitza gorputzezkoa ere baño: alako moduan, ze besteren anima betiko kondenaziotik libratzeagatik bizitza galtzeko edozein peligro edo arriskuan jarri bear degu, libratuko degula ziertu jakin ezkero edo esperanza eduki ezkero: bada Jesu-Kristok esaten digu: au da nere mandamentua: bata bestea maitatu edo amatu dezazuela, nik amatu zaituedan bezela: eta aren Majestadeak ainbesteraño amatu gaitu, nun gure salbaziogatik bere bizitza tenporala eman zuen: eta San Juan Ebanjelistak esaten digu, ze gure anaien salbaziogatik gere biziak eman bear ditugula (ex 1. Joanis 3.) eta ala obligatzen gaitu gutxianez extremoko nezesidade espiritualean gure projimoa dagoanean, eta sokorritu dezakegunean: 5. projimoen artean ere karidadearen ordena gorde bear degu; eta ala nezesidade berdiñetan, lenago sokorritu bear dira gurasoak, humeak, senar-emazteak, senideak, aideak, adiskideak, auzokoak, orrelako eztiranak baño: eta orobat Kristauak lenago herejeak baño: eta Kristauen artean pobre zinzo, kontuzkoak lenago alperrak baño: eta Kristau pobre lotsatiak lenago, lotsabage eskean dabiltzanak baño. Esan det; nezesidade berdiñetan: zergatik kanpotarren bat ikusten badegu iltzeko arrisku edo beste peligro estu andi batean, orduan lenago da ura sokorritzea, peligro txikiago batean daguan beste gertukoren bat sokorritzea baño: eta azkenik geiago estimatu, eta aurreratu bear degu, al badegu, ondasun, eta probetxu komuna, ezenez partikularrena: eta guzien onerako ipinirik dauden, naiz animen arzaiak, gidariak, eta erakusleak; naiz errietako agintariak, eta, kargudunak geiago estimatu, eta amatu bear ditugu beste partikularrak baño.

        G. Eta nola ezagutuko degu, gure projimoa amatzen degun edo ez? E. 1. Eztegu amatzen bere premia edo nezesidade andietan, al degula, sokorritzen ezpadegu. 2. Gaitz andirik opatzen edo deseatzen badiogu: edo aren kontrako gorrotoa biotzean badaukagu: 3. projimoaren gaitzaz atsegin artzen badegu, eta aren onaz damu artzen badegu: 4. eskandalorik edo pekaturako biderik ematen badiogu: eta 5. al degula, projimoari etorri leizkion gaitz edo kalteak ala gauza espiritualetan, nola denporalelan eragozteko alegiñak egiten ezpaditugu: eta kontrara, amatzen degu gure projimoa, gaitzen bat opatu edo egin ordean, al degun on guzia egiten badiogu: aren utsegiteak, eta argaltasunak eskusatzen edo disimulatzen baditugu: eta geretako nai gendukean bezela, edo nai izan bear degun bezela, tratatzen badegu: gure dotriñako kartillak dion bezela: izaten gerala gere lagun projimoakin, aek gurekin izatea nai degun bezela: eta batez ere daukagu egiazko karidadea, gaitz egin digun projimoa amatzen badegu, eta egin digun injuria barkatzen badiogu.

        G. Eta baldin gure projimoak injuria edo desprezio andi bat egiten badigu edo gere burua, fama edo ondasuna gaizki kentzen badigu: edo egin eztegun gaitzen bat asmatzen edo egozten badigu, ala ere orrelako gaitzgillea edo injuratzallea biotzetik amatu bear degu? Eta egin digun injuria barkatu bear diogu? E. Bai: Jesu-Kristoren karidadezko legearekin kunplituko badegu. Diligite inimicos vestros.

        G. Ezta bada gauza ori agitz gogorra, nekeza, eta gure amorio propioak ezin eraman dezakeana? E. Ala dirudi, gure arrazoi argalari, eta gure itxumenari bakarrik begiratzen badiogu; baña ez fedearen argiari, eta karidade egiazkoaren legeari, eta orrek dakarren probetxuari ondo begiratu nai badiogu. Gai onen gañean berariaz bostgarren mandamentuan hitz egingo degu: eta bitartean gogora ekarri, eta ondo konsideratu itzazue iru gauza oek. 1. Nor dan zuen gaitzgillea edo injuriatzallea, eta nolako kaltea bere buru propioari egin dion. 2. Nola zuen, eta beraren Aita guztiz ona ofenditu duen: eta 3. nolako ofensa edo agrabioa zuei ere egin dizuen. Eta Jaungoikoarekiko, projimoarekiko, eta zuen animarekiko karidade piska bat zuen biotzetan badezue, erraz jarriko zerate, zuen gaitzgillea amatzera, eta egin dizuen injuria barkatzera. Eta 1. badakizue zuen injuriatzallea edo gaitzgillea Kristaua dala: zuek bezela Jaungoikoa bera duela bere Aita; Jesu-Kristoren senidea, eta mienbroa dala: eta Espiritu Santuak aren anima bere esposatzat edo bizileku edo tenplotzat esleitu zuela: eta zuek bezela Zeruko erreinua beti gozatzeko, eta ango heredero izateko egiña dala. Eta orobat dakizue gaitz larri edo pekatu mortal bat egin duenean, orain esan ditudan bentaja oriek guziak galdu dituala: eta bere burua kondenatu duela eternidade guzian zorigaiztokoa izatera, eta betiko suak, eta garrak infernuan sufritzen egotera: orra nolako kalteak bere buruari ekarri diozkan, barkazioa iritsi bage iltzen bada. Orobat dakizue 2. gaitz oriek guriok datozkiola zerren beraren, eta zuen Aita ona, Jaungoiko guztiz poderosoa, guztiz ongillea, eta guztiz maitagarria ofenditzeko ausardia izan duen, bere pasio edo griña gaiztoa kunplitzeagatik. Orra zein arrigarria izan dan aren gaiztakeria: eta bere, eta zuen Jaungoikoari egin dion ofensa: bada 3. pensa ezazue orain nolako ofensa edo agrabioa zuei egin dizuen, injuriatu zaituenean: asma ditekean andiena izan arren ere, kriatura miserable bati egiña da: eta Jaungoikoaren Majestade Soberanoari egin dionaren aldean utsa bezela edo ezerez bezela: eta orobat zuei egin dizuen kaltea, bere anima gaixoari egin dionaren aldean utsa ainbe da: eta, zuek, aprobetxatu nai bazerate, txit asko irabazteko okasioa eman dizue. Orain bada Jaungoikoak agintzen dizue, berak errukiz zuen gaitzgilleari begiratzen dion bezela, eta zuei ere begiratu dizuen bezela, zuek ere begiratu degiozuela: Jaungoikoak ura, eta zuek bereganatzeko, eta salbatzeko alegiñ egiazkoak egin ditu: eta bere gaizki egiñaz damutu ezkero barkatzen dio, ain ofensa andia egin badio ere; eta ori bera zuekin ere egiten du: orra bada zuek ere egin bear dezuena, 1. Jaungoikoari gusto emateagatik: 2. zuen projimo gaxo errukigarriari zor diozuen karidadeagatik: eta 3. zuen probetxu, eta irabazi guztiz andiakgatik: bada zuen projimoari biotzetik barkatzen badiozue, zuei ere Jaungoikoak beraren majestade soberanoari egin diozkatzuen ofensa arrigarriak barkatuko dizkitzue: baña bestela ez. Eta ori txit argiro Jesu-Kristo gure Jaunak erakutsi zizuen; 1. etsaiak ere amatzeko legearekin: 2. egunoro errezatu oi degun Aita gure edo Paternosterraren bostgarren eskaera edo petizioan Jaungoiko gure Aitari erregutuarekin: barka egizkiguzu gure zorrak edo pekatuak, guk geren zordunai edo injuriatzalleai barkatzen diegun bezela: eta 3. bere exenplo miragarriarekin: bada guziok dakizue, nola gure Jesus onak Gurutzean iltzeko zorian zegoela, bere Aita eternoari egin zion lenengo erregua, izan zala bere gaitzgille edo etsaiakgatik: esaten ziola: nere Aita, barkatu egiezu, onela ipiñi nauen oei, bada eztakie, zer egiten duen. Eta exenplo orri San Esteban lenbiziko martir andiak jarraio zion: eta Santu guziak, eta Kristau on guziak jarraio izan diobe: eta guziok jarraitu bear diogu: eta egiaz barkatu diegulako señaletzat, 1. aekgatik Jaungoikoari erregutu bear diogu, aren Majestadeak ere argitu ditzan, eta barkatu degien: eta 2. barkatu diegulako señaleak kanpotik ere eman bear ditugu, agur egiñaz, besteai bezela: eta eren premia estuetan, beste Kristauak bezela lagunduaz: eta 3. gorrotorik eztiegula: eta oen kontrako señaleetan ezagutu oi da, egiaz barkatu eztiegula gere buruak bezela amatzen eztitugula: eta gorrotoa barruan ezkutaturik daukagula.

        G. Baña esango didazue arrazoi da Jaunkoikoagatik etsaiak amatzea: eta gorrotorik ez edukitzea gaitz egin digunari: aen salbazioa, gerea bezela deseatzea: eta egin diguen ofensa edo injuria personala Jaungoikoagatik barkatzea. Baña egin dizkiguen kalteak orobat barkatu bear ote diegu? Ezin eskatu dezakegu modu onarekin, eta bestela ezin bada, justiziaren aurretik, gaizki kendu dizkiguen edo ondasuna edo honra edo fama ona biurtu degizkiguela? E. Eztigu ori eragozten Jaungoikoaren lege santuak: eta ori guzia eskatu dezakegu, justiziaren edo karidadearen motibo onakin eskatzen badegu.

        G. Eta nor dira orrela eskatzen duenak? E. Gorroto bage, enbidia bage, eta benganza artzeko asmo edo deseo bage eskatzen duenak kendu dien ondasunaren edo egin dien kaltearen balioaren errestituzioa; bear dituen ondasun, honra, eta fama ona konserbatzeko deseo edo asmoarekin bakarrik: eta ark obeto beren langai edo enpleoarekin ondo kunplitzeko eren fama onaren premia badue: eta baita gaitzgillea bera galdu eztedin bere arrotasunarekin, eta injustiziakin. Baña nola gure amorio propioa ain sotilla dan alde batetik, eta bestetik ain berekoia edo interesadua, eta sentikorra, eta ain erraza itxutzen; alegin guziak egin bear ditugu bengatzeko deseoari, eta gorrotoari gere biotzean lekurik ez emateko: baizik karidade egiazkoa gure projimo guziakin, eta batez ere gure etsaiakin beti konserbatzeko; ori izango da señalerik onena, Jaungoikoa ere biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik amatzen degulakoa: eta kontrara egiazko karidaderik eztegulakoa.

        Bada, N.K. karidaderik ezpadegu, San Paulo Apostolu andiarekin esango dizuet: ezer ere ez gerala: eta San Juan Ebanjelistarekin esango dizuet, illik gaudela. Qui non diligit, manet in morte. Baña karidadea gure biotzetan badegu, ezerk ere dañurik ezin egingo digu: eta gauza guziak gure onerako, eta, salbaziorako gertatuko zaizkigu: Diligentibus Deum omnia cooperantur in bonum. Eta zenbat geiago Jaungoikoaren eta projimoaren amorioagatik sufritzen degun, anbat irabazi andiagoak birtutean egingo ditugu: eta anbat sari ugariagoa Zeruan beti gozatuko degu. Eta orra zergatik Jesu-Kristok berak, Ama Santisimak, eta Santu guziak, maite izan zituen munduko naigabe, neke, eta atsekabeak.

        Eskatu degiogun bada gogotik gure Jaungoikoari arren berak digula bere amorio santua, eta beragatik bakarrik gere buruak, eta gere projimo guziak, eta batez ere gure etsaiak, naigabetu gaituenak, geur bezela, amatzeko bear degun grazia: eta gero eternidadeko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa