www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA EMERETZIGARREN DOTRIÑA

 

Eliza Ama Santaren irugarren mandamentua,
eta lenengo Komuniorako prestaeraren gañean.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunak Ostegun santu gabean, bere pasio, eta eriotza santuaren besperan, bere Apostoloakin egin zuen azkeneko apari ondoan, sermoi txit luze, eta gozo bat guziai egin zien: eta ondoren bere guganako amorioaren prendarik, señalerik, eta testimoniorik andiena eman zigun, eta betiko eutzi zigun, orduan ordenatu edo egin zuan Eukaristiako Sakramentu Santuan: Meza santua esaten dan guzian orain berritzen dan Misterio guztiz miragarri artan. Badakizue alabaña, N.K.: Jesu-Kristo berbera, bere gorputza, eta odola, bere anima, eta Jaungoikotasuna Aldareko Sakramentu Santuan egiaz arkitzen dala, ezkataturik edo estalirik badago ere, ogiaren, eta ardoaren antz, edo etxuraren azpian: eta guk, ezin ikusi arren nola dagoan, sinisten degu, an dagoala osoro, eta egiaz, Aita eternoaren eskuian Zeruko glorian dagoan Jesu-Kristo berbera: bada aren Majestadeak berak, nai duen guzia egiteko poderio neurrigabea duenak, eta gezurrik ezin esan dezakeanak ala aseguratzen digu. Zertako ordea egin zuen Sakramentu miragarri ori? Bi gauzatarako: 1. Munduak dirauen artean, Gurutzean berak ofrezitu bear zuen Sakritizioa, egunoro bere Aita eternoari ofrezitzeko, eta presentatzeko Meza Santu guzietan: eta Meza Santua zer dan, eta zertako dan, eta nolako ondasun, eta probetxuak dauzkan zeoro esan nizuen beste dotriña batean: eta 2. egin zuen Sakramentu miragarri ori, gure janari edo alimentu izateko: bere pasio santuaren memorial edo akordagarri bat edo betiko oroitzamena uzteko: bere graziaz gure animak betetzeko: eta betiko gloriaren bai edo prenda bat bertatik emateko: eta ori grazia Eliza Ama Santak txit ederki, hitz oetan erakusten digu: bada Jesu-Kristoren ontasunaz, eta amorioaz arriturik bezela esaten du: O sacrum convivium, in quo Christus sumitur; recolitur memoria Pasionis eius; mens impletur gratia; et futurae gloriae nobis pignus datur! Eta ori bera Jesu-Kristo gure Jaunak argiro erakutsi zigun, Ebanjelista Santuak, eta San Paulo Apostoluak eskribiturik utzi zizkiguen Jesu-Kristoren beraren hitz oetan. Nik agintzen dizuedan edo emango dizuedan ogia nere aragia da (Joan 6. 32.) Ar ezazue, eta jan ezazue: au da nere Gorputza, eriotzara zuekgatik entregatua izango dana (Luc. 22. 18.) Au berau egin ezazue, nizaz oroitzen edo akordatzen zeratela (1. Corint. 11-21.) Nere aragia jaten duena, eta nere odola edaten duena nigan dago: eta ni argan nago. (Joan 6. 27.) Nik esaten dizkitzuedan hitzak espiritu, eta bizitza dira. (Ibid. 64.) Eta orain zertako uste dezue dotriña miragarri au aitatu dizuedala? Da arritu zaitezten, ni arriturik nagoan bezela, ikusirik Jesu-Kristoren guganako amorioa, eta gure biotzetara etorteko daukan deseo guztizkoa: eta Kristau askoren nagitasuna, atzerapena, eta ardurabagetasuna Jesu-Kristo Sakramentu Santuan errezibitzeko. Kristauak, aiñ itxutuak, eta minduarekin aiñ josiak ezpaleude: eren animak maite balitue: eren buruen etsai ezpalira: iñork agindu bage, anziñako Kristauak bezela, egunoro, eta alik sarriena, eren animako bizia, eta salbariorako aiñ indar andiak ematen dien Sakramentu Santua errezibitzeko alegiñak egin bear lituzke; baña ikusten dana da: asko, eta asko igesi dabiltzala: eta Eliza Ama Santak bere Mandamentuarekin, eta eskomunikazioarekin obligatuko edo premiatuko ezpalitu, iñoiz ere komulgatu bage egongo liratekeala. Jaungoikoak arren argitu ditzala, eta sarri, eta ondo komulgatzeko gogoa diela. Eta orain aditu ezazue, urteoro gutxianez ondo komulgatzeko Eliza Ama Santak ipiñirik daukan Mandamentua: eta nola gazteak antxitiko komuniorako prestatu bear duen.

        G. Zein da Eliza Ama Santaren irugarren Mandamentua? E. Paskua Erresurrekziokoetan komulgatzea: au da Paskuaren aurretik edo ondoren señalaturik dauden egunetan: zeñak eskuarkiro dira, Erramuko domekatik Paskuaren zortzigarreneraño: Obispo Jaunaren lizenziarekin aurreratzen edo luzatzen ezpada denpora ori.

        G. Orrela Mandamentu onekin kunplitzen ezta, urteko beste denpora batean kunplituarekin? E. Ez: denpora señalatu artan komulgatu bear due Kristau guziak, eta bakarrik luzatu dezake 1. konfesoreak, disposizio ohearekin komulgatzeagatik, denpora ori luzatu erazotzen badie: bada Eliza Ama Santak orretako eskualdia konfesoreari ematen dio: eta penitenteak konfesoreari obedezitu bear dio: eta 2. edo aurreratu edo luzatu lezake eren Arzaiaren lizenziarekin, Paskuako denporan, ezin kunplituko duen tokian arkituko dirala uste badue: eta Paskuaren alik gertuena komulgatu bear dira.

        G. Edozein Elizatan komulgatuarekin kunplitzen ote da? E. Ez: bakoitzak bere Parrokian komulgatu bear du; eta motiborik badu beste Eliza batean komulgatzeko, bere Arzaiari lizenzia eskatu bear dio: eta ematen badio, orobat kunplituko du.

        G. Eta kunplitzen ote da Elizaren legea komuno gaizto batekin? E. Ez: ori lizate beste pekatu arrigarri bat geiago egitea: eta Paskuaz kunplitu bage gelditzea.

        G. Eta Paskuako denporan komulgatu eztiranak: edo komunio gaiztoa egin duenak; egon ditezke urrengo Paskuetaraño berriz komulgatu bage? E. Ez: Elizako legeak beti darraie ondo kunplitu artean, eta len baño len komunio on bat egiteko egiazko dilijenziak egin bear ditue; bada bitartean beti pekatu mortalean daude.

        G. Eta paskuaz kunplitzen eztuenak, pekatu mortal egiñaz gañera, zer beste penarik due? E. Kunplitu artean, Elizan sartzea, eta ill ezkero Kristauaren sepultura ematea eragotzirik dauka Eliza Ama Santak.

        G. Eta norzuak daude obligaturik Paskuako denporan komulgatzera? E. Arrazoiaren adiñera etorri ezkero, bear dan ezaguera duen Kristau guziak.

        G. Eta nori dagoka examinatzea, gazteak ezaguera orretara eldu diran edo ez, lenengo komunioa egiteko? E. Parrokia bakoitzeko Arzaiari.

        G. Pekaturik egiten ote due, dotriña ondo ikasteko alegiña egin bagez, muga onean prestatzen edo disponitzen eztiranak, Paskuaz kunplitzeko? E. Bai, pekatu andi bat egiten due: ezaguerarik baldin badue; deskuido ori andia bada; eta nagitasunetik, edo ardura bagetasunetik baldin badator.

        G. Zergatik? E. Zergatik Mandamentu onek obligatzen dituan ezkero, bearturik edo premiaturik daude prestatzera edo disponitzera, onekin kunplitzeko.

        G. Nork bestek onetan pekatu egiten du? E. Beren humeai, eta mirabeai orretako bear dan dotriña erakusten eztien edo erakutsi eragiten eztien gurasoak, eta nagusiak.

        G. Eta dotriña jakitea bakarrik asko da lenengo Komuniora gazteak prestatzeko edo preparatzeko? E. Ez: ori garrza bearra bada ere, ori baño bearrago da oraindio ondo komulgatzeko, Bauptismoan artu zuen Jaungoikoaren grazian irautea; edo bein galdu bazuen, grazia ori berriz iristeko egiazko alegiñak egitea.

        G. Eta orretan nork batez ere lagundu bear die gazteai? E. Eren gurasoak, eta gurasorik ezpadue, eren guraso-ordekoak.

        G. Eta Jaungoikoaren grazian gazteai iraun erazotzeko, zer egin bear due gurasoak? E. Orretako Jaungoikoari bere laguntasun espeziala eskatu bear diobe. Eta txikitanik, dotriña Santua erakusten dienean, beren biotzetan sortu erazo bear die Jaungoikoaren amorioa, eta pekatuaren iguitasun andi bat. Eta orretako askotan, edo beinzat egunoro, goizean janzitzen dituztenean, eta oerako erazten dituztenean edo beste al diren batzuetan, esan bear die, era onetan edo bakoitzak al duan moduan: A! nere seme edo alaba: zu nerea baño Jaungoikoarena geiago zera: niri baño geiago zor diozu Jaungoikoari. Nik asko nai badizut ere, Jaungoikoak askoz geiago nai dizu Jaungoikoak ezerezetik sortu zaitu: beretzako egin zaitu: Bauptismo Santuan deabruaren mendetik atera zaitu: pekatutik libratu zaitu: Kristau egin zaitu, eta semetzat artu zaitu: zu nor bazera bada edo Jaungoikoari gusto emateko alegiña gogotik egiten badezu, Jaungoikoak txit maite izango zaitu: Jaungoikoaren bendizioa ugari izango dezu mundu onetan; eta gero betiko kontentu-poz eta atsegin guziak Zeruko glorian: eta ala txit maite izan bear dezu zuk ere nere seme zure Jaungoikoa eta bera ondo ezagutzeko alegiñak egin bear dituzu: eta berari atsegiñ egiteko deseo andiarekin eskatu bear diozu sarri, humill izateko, eta bere mandamentu Santuak kontuz beti gordetzeko bere grazia, eta laguntasuna: eta gauza gaiztorik edo pekaturik eztezu arren iñola ere egin bear; bada Jaungoikoa aserratuko zenduke: deabruaren esklabo izango ziñate, eta baita gero aren lagun zorigaiztokoa ere infernuko su eta garretan: nun gaiztoak beti erretzen eta kiskaltzen daude tormentu izugarrien artean. Eta naiago nuke nere seme edo alaba maitea, zu nere begien aurrean ementxe illik ikustea, ezenez pekatu mortal batekin Jaungoikoaren grazia eta adiskidetasuna galdu dezula aditzea. Azkeneko hitz oetxek sarri esan oi ziozkan Franziako Erregiña andi batek bere seme San Luis Errege izan bear zuenari. Eta ainbesteraño pekatu mortalaren iguitasuna, eta gorrotoa bere biotzean sartu zion; nun Errege Santuak bere bizi guzian pekatu mortalik egin etzuen: eta ain Santu andia izatera allegatu zan. Eta zuek ere, onela edo al dezuen moduan, alegin guzia egin bear dezue, zuen gaztetxoak Jaungoikoaren grazian konserbatzeko: bada ori da prestaerarik edo disposiziorik ederrena, ondo eta frutu andiarekin lenengo Komunioa egiteko: eta orrelakoen biotza da Jaungoikoari gustatzen zaion tokia edo egonlekua, eta orrelakoak gero txit ondo bizi oi dira eta betiko zoriona iristen due.

        G. Eta baldin antxitiko Komunioa egin baño lenago, oitura gaiztoak arturik badauzkate ia gazteak; zer egin bear due ondo komulgatzeko? E. Aditzera eman bear zaie; mundu onetan izan dezakeen desditxarik andiena dala, estadu gaiztoan daudela, komulgatzea. Obe lukeela itxuturik, gorturik, mututurik, eta betiko elbarriturik gelditzea: eta baita plaza baten erdian Borrero baten eskuz urkamendi batean iltzea, ezenez gaizki komulgatzea: bada gaizki komulgatzea da, Jesu-Kristori al dan afrentarik, eta injuriarik andiena egitea: berriro illerazotzea: eta deabrua dagoan toki nazkagarri batean Jesu-Kristo bera, nai ta ez bezela paratzea: eta ala komunio gaiztoari darraio eskuarkiro itxumena, biotzeko gogortasuna, askotan uste bageko eriotza; eta geienean, egiazko penitenziarik egin bage iltzea, eta infernura betiko joatea.

        G. Eztira bada gazteak ondo konfesatzen, komulgatu baño lenago? Eta eztira Jaungoikoaren grazian lenago jarten? Zertako orrenbeste bildur? E. Batzuek bai, baña beste batzuek ez. Jaungoikoaren bildurrean dotriña onarekin seme izan diran gazteak, ustekabean edo deskuidoan bezela, pekatu mortalen bat edo beste egin arren, espera leiteke, baldin erengan biurturik, beren gaizki egiñaz ondo damuturik, eta berriz pekatu mortalik iñola ere ez egiteko asmo, eta determinazio firme bat arturik, Jaungoikoari humillaturik, barkazioa eskatzen aritzen badira; eta orrela ondo prestaturik konfesatzen badira, Jaungoikoaren grazia egiaz iristen duela, eta ondo prestaturik komulgatzen dirala. Baita beste gazte asko dotriña gutxirekin, Jaungoikoaren bildur bage, gaizki azi, eta pekatu egitera erraz oitu diranak; eskuarkiro edo geienean gaizki konfesatzen eta gaizki komulgatzen dira: zerren, pekatuak ardurabage egin arren, itxuturik egon oi dira: beren estadu gaiztoa ezagutu ere nai eztue: izan arren biraugilleak, gaizki esaleak, juramentugilleak: gurasoai errespetorik eztienak: soberbia alde guzietatik darienak: ala ere ezteritzobe gaitz andirik egiten duenik: eta ala beren oitura txarrak pena andirik ematen eztie: eztira bear bezela humillatzen, zerren beren buruak ezagutzen eztituen: eta nola bear bezelako damutasun egiazkorik, eta proposito firmerik eskuarkiro eztuen, eztira Jaungoikoagana egiaz, eta biotz guztitik biurtzen: eta argatik beren oitura edo aztura gaiztoakin gelditzen dira, eta askotan konfesatu, eta komulgatuagatik ere beti bat izan oi dira: Jaungoikoak argitasun espezial batekin txit esnatu, eta eren estadu txarrak ondo ezagutu eragin degien artean: eta orduan konfesio jeneral on batekin, lengo utsegiteak erremediatu ditzakean artean: eta ala ere lengo oitura txarrak beti beregana tiratzen ditu: eta asko, ta asko atzera biurtzen dira, eta galtzen dira. A! Zenbat guraso, eren humeak gaztedanik ondo azi bagez, Infernuan arkitzen diran; eta zenbatek ara jarraituko dien ! Baña alperrik da; gurasoak gaiztoak badira, eta exenplo gaiztoa ematen badie; humeak gaiztoak izango dira. Jaungoikoak milagroren bat oen fabore egiten ezpadu: edo guraso gaiztoen aldamenetik txikitanik ateratzen ezpaditu.

        G. Zer erremedio artu diteke bada orrelako gazte gaiztoak ondutzeko, eta lenengo komuniora ondo prestatzeko? E. Guzien gañeko erremedioa da, gurasoak erak ejenplo ona, eta konseju onak sarri ematea: eta eren humeen gaiztakeriak, eta oitura txarrak etxean nabarbenak badira, 1. gurasoak modu onarekin, eta konseju onakin, ez golpeka, eta deadarka; eta ezta aserretasun andiarekin ere, ezpada orretako Jaungoikoari bere laguntasun espeziala eskaturik hitz onakin, eta amorioz, oriek ondutzeko, eta korrejitzeko alegin guziak egin bear ditue, eta 2. ala ere erremediatzen ezpadira, noiz edo noiz bazkaria edo aparia kendu: edo beste kastiguren bat eman: eta orrez gañera, komuniorako lizenzia eman bear dienari, abisatu, nolako oiturak dituen gazte oriek, komuniorako lizenzia eman baño lenago, ondo probatu ditzan: eta bere konseju onakin, eta lenago bein, ta berriz, ala bear bada, konfesatu erazoarekin, oitura gaizto oriek, komulgatu baño lenago utzi ditzen: edo beinzat benaz, eta gogotik erremediatzen abiatu ditezen; eta aurrera ere txit erremediatuko diralako, uste edo esperanza ona eman dezen.

        G. Eta lenengo komunioa disposizio santu batekin errezibitzea asko ote da salbazioa iristeko? E. Ez: egin bear ditugu alegin guziak, orduan errezibitzen degun grazia gure bizi guzian konserbatzeko.

        G. Orrelako zer bidez edo medioz baliatu gaitezke? E. 1. Da sarri, baña ondo prestaturik konfesatzea, eta komulgatzea: bada orrela aldioro indar geiago artuko degu gure pasio, eta aztura gaiztoen kontra: bizitza onetako naigabetan konsueloa arkituko degu: eta Jaungoikoaren grazian irauteko, eta birtuteetan aurreratzeko, laguntasun andi bat izango degu.

        G. Eta zenbat aldiz komulgatzea, konbeni zaio, bere salbazioaren egiazko deseoa duen Kristau bati? E. Lenengo Kristauak egunoro komulgatu oi ziran: eta Eliza Ama Santak nai luke, guziok egunoro komulgatzeko gai beti arkitzea: eta ala bizi diranak zorionekoak dira. Bada komunkiro orain gutxiena illean bein: eta Jesu-Kristoren, eta Ama Santisimaren jai andietan komulgatzeko alegiña egin bear dezue, eta are sarriago Konfesoreak ala akonsejatzen badizue.

        G. Eta zer beste medio ar dezakegu lenengo komunioko grazia konserbatzeko? eta bizimodu on bat egiteko? E. Ona artarako egokienak 1. Goizean, eta arratsean orazio, ota konsiderazio puskatxo bat egitea edo betiko gloriaren edo betiko Infernuaren gañean edo eriotza onaren, eta gaiztoaren gañean, eta ari darraion Juizioaren gañean: eta baita Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza Santuaren gañean, beti gogora ekarten degula: 1. nor zan Jesu-Kristo: 2. Zenbat padezitu zuen: 3. norgatik eta zertako padezitu zuen: eta 4. nolako amorioarekin padezitu zuen; eta orduantxe berritu bear ditugu, gure pekatuen damutasuna, eta propositu firmea: eta Jaungoikoari gogotik eskatu bear diogu bere laguntasuna, eta grazia, Jesu-Kristoren izenean gure pasioak benzitzeko. 2. Da era onik badegu, Meza Santua egunoro debozioz enzutea: eta era onik edo lekurik ezpadegu, egun artako Meza guziak Jaungoikoari ofrezitu Jesu-Kristoren izenean, guzietan parte izateko deseo, eta intenzioarekin: eta fiñ orretarako gutxienez, Aita gure, eta Abe Maria bat errezatzea.

        Eta 3. da Jai egunak batez ere Jaungoikoaren serbizioan igarotzea, tabernetatik, danzetatik, eta eragabeko joku, eta jolas peligrozkoetatik alde egiñaz: eta egun orietan, besteetan baño, errezo geiago, eta obra on geiago egiñaz. Bada orrela bizi diranak, munduko eroak ala uste ezpadue ere, pake, eta konsuelo andi batekin daude: munduko naigabeak ere errazago daramazte, merezimentu andiak Zerurako biltzen dituzte: eta azkenik eriotza on baten ondoren betiko gloria iristen due, eta ori da nik guzioi deseatzen dizuedana, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa