www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN DOTRIÑA

 

Eta zazpigarrena Penitenziako
Sakramentuaren gañean.

 

        Aditu dezuen ezkero aurreko dotriñetan, zein gauza premiazkoa dan egiazko penitenzia, eta konfesio on bat egitea; pekatu mortal guzien barkazioa iristeko, eta nolakoak izan bear duen pekatuen damutasunak edo doloreak, eta ari lagundu bear dion, ez berriz pekaturik egiteko proposito firmeak, eta eragilleak, eta baita konzienziaren examina nola egin bear dan, gaur esan bear dizuet, eta txit kontuz aditu, eta gogoan artu bear dezue; nolakoak izan bear duen aozko konfesioak.

        G. Zer da bada aozko konfesioa? E. Ondo examinatu ezkero, ezagotu dituan, eta gogora ekarri dituan bere pekatu mortal guziak, ala ziertoak, nola dudakoak konfesoreari esatea, batere utzi bage lotsaz edo bildurrez, aen absoluzioa edo barkazioa iristeko edo alkanzatzeko esperanza osoarekin.

        G. Eta era ona edo aukera eduki ezkero konfesoreen artean, edozeñekin kontentatu bear da? E. Guziak onzat eduki bear baditugu ere, ezagutzen badegu, urlia dala jakintsuagoa, birtuosoagoa, eta animak ondo gidatzeko egokiagoa, alakoarekin konfesatzeko alegiñak egin bear ditugu; ara nola gorputzeko eritasunak sendatzeko, era duenak, Medikurik onena billatu oi du.

        G. Eta obe ote da beti konfesore batekin berarekin konfesatzea? E. Eztago obligaziorik batere, eta ezin konfesoreak iñor artara beartu lezake; baña, komunkiro konfesore batekin ondo dijoakiola bere animako gauzetan ezagutu ezkero, askoz obe da birtutean aurreratzeko arekin berarekin konfesatzea; bada errazago konfesatuko da bere berri ondo dakianarekin, eta seguruago gidatuko du, eta ala motibo bage konfesoreak aldatzen dabiltzanak, aditzera ematen due, birtutean aurreratzeko gogo gutxi daukeela.

        Baña atzerapen andirik edukitzea gertatzen bazaio, okasio batean edo bestean bere konfesore artuarekin konfesatzeko, eta bildur bada edo etsaiak edo bere lotsak zerbait ezkutatzera ekarriko duela; beste batekin konfesatu diteke, bere argaltasunari begiratzen diola; baña obeto egingo luke, eta Jaungoikoaren aurrean askoz geiago irabaziko luke humillatuko baliz, eta bere lotsa, eta atzerapena goituko balu; bada konfesorea ezin arritu diteke bere penitenteari argaltasun bat edo beste gertatu zaiola ikusi arren, eta obeto erremedioak emango diozka ezagutzen eztuenak baño, eta ala egin oi due Kristau onak, egiaz humillaturik, eta damuturik daudenak. Eta komunkiro konfesore ezagunetatik iges egin oi due, oitura gaiztoen mendean bizi diranak, eta ondutzeko erremedio eragillerik artu nai eztuenak; edo artu arren bereala aspertzen, eta largatzen dituenak.

        G. Eta aozko konfesioak ona izateko nolakoa izan bear du? E. Izan bear du 1. humilla: 2. egiazkoa, eta 3. osoa. Iru kondizio oek orain aditzera eman bear dizkitzuet, eta gogoan ondo artu bear dituzue.

        G. Zer esan nai du aozko konfesioak izan bear duela humilla? E. Txit asko esan nai du: soberbiak edo gure barruko arrotasunak: gure andinaiak: gure buruak estimatuak ikusi naiak, guziok agitz itxutzen gaitu, eta gure amorio propio erabageak, gure utsegiteak ezagutzea eragozten digu, eta ezagutu arren ere, edo ukatu nai ditugu, edo gutxitzen ditugu, edo edertu nai ditugu, gure barruko lotsa gutxitzeko: eta ortik dator konfesioan bear dan egiazko humiltasunaren falta: eta konfesio asko gaiztotzea, eta erremedioaren orde konfesioan bertan askok eren kondenazioa arkitzea: bada alde batetik munduarekin eta Elizako legearekin bada ere kunplitzeagatik, beste Kristauak bezela, nai due konfesatu, eta komulgatu: eta beste aldetik batzuek eren lotsa gaiztoa ez benzitzeagatik pekatuak ukatzen ditue, edo agertu bage usten ditue: eta oriei konbeni zaiena azkenean esango diet: beste batzuek eren kulpa gutxitzeko, besteai kulparik geiena egozten die: onelaroak dira aserrealdietan igui dien gauzaren bat esan dielako, edo egin dielako suak, eta garrak arturik, kolera bizian sarturik, gorrotoa, eta gaitziritzia bereala projimoaren kontra artzen duenak: eta arrazoi txar pisuak, eta bearbada deshonragarriak esaten dituenak: eta pasioarekin itxuturik daudelako, eta erak miñik artzen eztuelako besteai miñ ematen badie ere, arrazoi daukeelako ustean gelditzen dira, eta pekatu andirik egin duela ezagutu nai eztue, Ebanjelio santuak pekatu anditzat badakar ere.

        Eta ala bear dan konfesio humillik eztue egiten, eta ezta damutasunik artzen. Eta aen antzekoak dira akusatzen diranak, esanaz: Jaungikoak natural edo jenio gaiztoa, bizia, kolerikoa, eta aserrekorra eman diela, eta ezin erremediatu dirala: eta Jaungoikoari berari nolabait kulpa guztia egotzi nai dioe, eta eztue pensatu, eta ezagutu nai, Jaungoikoak ezin utsik egin dezakeala: pekatu orijinalaren ondarrak dirala gure erabageko pasioak, eta Kristauaren lanik, eta egitekorik prinzipalena, eta premiazkoena dala, salbatu nai badu, bere pasioai gerra egitea, eta alegiñak egin nai baditu orazio egiñaz, konsiderazioak egiñaz, eta bere buruari indar egiñaz, bere pasioak ezi ditzakeala, eta ezi bear dituala: bere kulpa duela, eta kulpa andia pasio erabageak menderatzeko duen ardurabagetasuna, eta nagitasuna: beste batzuek deabruari kulparik geiena egozten dioe, eren buruak nolabait eskusatzeko; eta dioe, deabruak ain biziro tentatu dituala, nun erraz engañatu dituan, eta argalak bezela erori dirala: orobat diobe beste batzuek, munduko errespetoak, eta bizi bearrak konsentitu eragin diela, eta baita aragiaren griña gaiztoak itxutu dituala, eta aren indarrari ezin atzera esan izan dioela.

        Baña guziok ezagutu, eta sinistu bear degu, mundu onetan gauden artean gerra bizi batean gaudela, deabruarekin, munduarekin, eta aragiarekin, eta Jaungoikoak ematen digun laguntasunarekin, eskatu nai badiogu, gure animako etsai guztiak goitu ditzakegula, Kristau on askok goitu dituen, eta egunoro goitzen dituen bezela, eta ala gurea dala kulpa guzia: bada argalak izan arren, eztitugu prest dauzkagun fedearen armak billatzen, eta usatzen etsaiak garaitzeko, baizik aen alde geur jarten gera, bearbada peligroan erraz sartzen gerala, edo gutxianez ardurabageak gerala, eta Jesu-Kristok agintzen diguna egin nai eztegula: au da, tentazio guziak, goitzeko esna egotea: alerta egotea: eta orazio egitea, gure argaltasuna erremediatzeko, eta bear ditugun indarrak iristeko.

        Eta ala konfesatzen geranean aitzakiak aurretik billatu ordean, garbiro, eta humillkiro gure kulpa autortu bear degu: eta ez beste askok bezela besteren kulpak esatera konfesiora etorri: eta au da humiltasuna falta dalako beste señale andi bat: eta ala askotan ikusten da, senarrak bere kulpa gutxitzeko emaztearen falta guziak banaka esaten dituala: orobat emazteak senarrarenak: eta nagusi-etxekoandreak eren mirabeanak: eta oek eren nagusi-etxekoandranak: eta auzokoak auzokoarenak: bada guziak eren aldetik arrazoia daukela uste due, eta askotan eren pasioak, eren arrotasunak, eren kolera gaiztoak itxutzen ditu: eta zerbait humillagoak, eta sufrituagoak balira, eta berenaz bezela besteren argaltasunaz erruki piska bat baluke, eren utsegiteak ezagutuko lituzke, eta aitzaki bage, estalgarri bage, eta besteak konfesioan bertan ofenditu bage konfesatuko lirake: eta geiena kontentatuko lirate esanaz, persona batek ustebageko okasioa eman dit, eta pazienziarik iduki eztet, eta gaizki tratatu det: eta aurrerago igaro bada edo eskuak egotziaz, edo birauak egiñaz, edo gaitz andiren bat deseatuaz, ori guzia ere bere kulpa bezela konfesatu bear du, eta ez besteak okasio eman diolako bere burua garbitu, eta besteak zikindu: bada okasiorik, eta tentaziorik ezpaliz, ezagutuko ez genduke, birtuterik daukagun edo ez: Jaungoikoa amatzen degun edo ez, eta projimoarekiko egiazko karidaderik degun edo ez: eta alkarrekiko karidadean bizitzeko bear dan humiltasunik, eta pazienziarik degun edo ez. Eta ala utsegiten badegu, gure kulpez utsegiten degu: bada salbatzeko nai ta ez bear ditugun birtuteak gradurik bajuenean ere iristeko eta ejerzitatzeko alegiñik egiten eztegu: eta au onela dan ezkero, gure kulpa ezagutu, eta kulpadunak bezela humillatu, eta gure barruko lotsa, eta damu egiazko batekin konfesatu bear gera: eta ez beste batzuek bezela, dirudienak, iguitzen etsaien besteren gauza batzuek historia bat bezela, beren pekatuak kontatzen dituela; oztasun andi batekin, gaizki egindako penarik, eta damurik agertu bage, bada ori ere izan oi da, bere obena edo kulpa ondo ezagutzen eztuelako señalea: eta eztitut orain aitatzen oriek baño gaiztoago diran hipokrita andi batzuek, benetan erremediatzeko, eta bizimodu on bat gogotik egiteko asmo egiazkorik eztuenak: eta Konfesorea engañatzeko, eta absoluzioa ateratzeko suspirioz, eta negarrez eztaukeen humiltasuna finjitzen edo iduritu eragiten duenak. Jaungoikoak arren guziok argitu gaitzala, eta digula egiazko humiltasuna, gure utsegiñak ezagutzeko, eta konfesatzeko ezeze, erremediatzeko gogo bizi, sendo, eta eragille batekin: bada orduan konfesio humilla ezeze, egiazkoa ere egingo degu.

        G. Eta zer esan nai du konfesioak izan bear duala egiazkoa? E. Konfesioan gure pekatuak eztitugula ez azi, eta ez gutxitu bear: bada pekatu mortal bat bakarrik, geiago edo gutxiago jakiñaren gañean esatea, eta baita pekatu aundi bat txikia baliz bezela estaltzea, edo iruitu eragitea, da pekatu mortal berri bat egitea, eta konfesio alperra ezeze, Sakrilejio andi bat egitea.

        G. Eta zer esan nai du konfesioak izan bear duela osoa? E. Aurreko dotriñan esan genduan bezela, konzienzia ondo examinatzeko alegin zinzo edo prudente bat egin ezkero, ezagutu dituan, eta gogoratu dituan pekatu mortal guziak osoro konfesatzea, ziertoak, ziertoak bezela, eta dudakoak, dudakoak bezela; beren zenbatezkoarekin, eta agertu bear diran zirkunstanzia diferenteakin.

        Eta pekatu nazkagarri bat edo asko egin dituan Kristau lotstiren batek, edo konfesorearen bildurra duen batek, edo egiazko penitenzia egiteko, eta artu bear dituan erremedioak egiteko, edo nai ta ez bereala kunplitu bear dituan obligazioak osatzeko atzerapen andia duen batek, eta bere pekatuak diran bezela agertzeko lotsa guziz aundia, eta neke arrigarria bere barruan daukanak, eta batez ere pekatu larriak lenago lotsaz edo bildurrez isildu, ete ezkutatu dituanak, eta konfesio, eta komunio gaiztoak egin dituanak; zer egin bear due, lotsa gaizto ori, eta atzerapen andi ori goitzeko edo garaitzeko, eta bere pekatuak garbiro esateko, eta konfesio on bat egiteko? Errukigarriak dira estadu triste orretan dauden Kristau ain lotsatiak, ain itxutuak, ain nagiak, ain ansiakabeak, eta ain alper andiak; nun eren zorion edo zorigaitz guzia oraingo, eta betikoa inporta dien egiteko onetan lo pisu batean bezela egotera atrebitzen diran. Orien itxumena, eta orien biotzeko soberbia, eta gogortasuna ain arrigarria da; nun Jaungoikoaren argitasun, eta grazia aundi bat bage, eta eren partetik esnatzeko, pizkortzeko, eta eren amorio propioa goitzera animatzeko alegin aundiak egin bage, sorrera, eta lo pisu izugarri orretan biziko dira: eta illko dira: eta Infernurako dira.

        G. Eta badago oriendako erremediorik? E. Bai: benetan artu nai badue. Eta zer erremedio due? Gai onetan fedeak erakusten dizkigun egia andiak ondo konsideratzea, eta oriekin irazarririk, bildurturik, eta sendatzeko gogo bizi batekin Jaungoikoari humiltasun, eta esperanza andi batekin bere argia, grazia, eta indarra gogotik eskatzen aritzea Jesu-Kristoren izenean edo aren kabubageko merezimentuen bitartez: eta ona gogora sarri ekarri bear dituen egiak. 1. Badakizue, N.K. eta guziok fedeko egia, eta Jaungoikoaren beraren esana bezela sinisten degu, oraindaño munduan egin diran, eta aurrera munduaren bukaeraraño egingo diran pekatu guziak baño, eta baita asmatu ditezkean gaiztakeri guztiak baño, infinitamente aundiagoa dala Jaungoikoaren ontasuna, eta miserikordia: eta orobat Jesu-Kristok bere Aita eternoaren justiziari eman zion gure pekatuen satisfakzioa dala kabubagea, milla mundu, au baño gaiztoagoak erremediatzeko asko, eta sobra dana. Bada berdin da fedeko egia, Jaungoikoak bere aldetik eztuela nai pekatariak kondenatzea, baizik salbatzea: eta dan pekataririk aundiena, izugarriena, nazkagarriena mundu guztiko pekatuak berak egiñak baleuzka ere, egiaz humillatzen bada, biotzetik damutzen bada; Jaungoikoagana benetan biurtzen bada, eta Jesu-Kristoren izenean edo aren merezimentuakgatik barkazioa esperanza bizi batekin eskatzen badio, eta Jesu-Kristok agindu zuen bezela konfesio humil, eta egiazko bat egiten badu; seguru iritxiko duela pekatu guzien barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia, eta adiskidetasuna: eta libratuko dala orain bere konzienziak ematen diozkan ortxikada, eta erreprensio gogorretatik: eta gero betiko edo eternidade guziko Infernuko tormentuetatik: eta batez ere, betiko lotsatik, eta desesperaziotik: eta iritsiko duela betiko bere barruko pakea, atsedena, eta konsueloa, eta gero eternidade guziko poza, kontentua, eta gloria.

        Orain bada fedeak erakusten dizkigun egia konsolagarri aek ezin ukatu dituan Kristaua, nola izan diteke ain soberbioa, ain itxua, ain gogorra, eta bere buruaren ain etsai aundia, nun lotsa puska bat ez garaitzeagatik, bere burua orain ez humillatzeagatik, eta bere betiko salbazioagatik neke puska bat ez artzeagatik naiago duen beti kezkatan bizi, eta betiko zoriona galdu, eta betiko zorigaitza, eta kondenazio bere buruari ekarri? Ikusiko ezpaliz, nork sinistuko luke onelako itxumenik, onelako zorakeriarik, eta onelako ardurabagetasunik? A! zein egia aundia dan konsiderazioaren faltak, eta orazio humillaren faltak mundua itxuturik, eta galdurik daukala; iregi itzatzue bada animako begiak, gauza oek ondo ezagutzeko, eta pisatzeko: eta erregutu egiozue Jaungoikoari humiltasun, eta esperanza aundi batekin Jesu-Kristoren izenean, arren zuen soberbia, eta gogortasuna desegin dezala: eta konfesio humil, eta egiazko bat egiteko indarra, eta gogoa eman degizuela. 2. Bada bestela (eta ona beste konsiderazio guztiz indarsu bat) fedeko egiak ukatu nai ezpadituzue lotsa piska bat orain konfesioan benzitzen edo menderatzen ezpadezue, zeurok nai ta ez, zeuron buruari ekarriko diozue lotsa bat guztiz arrigarria, guztiz nabarbena, eta betikoa, iñoiz ere akabatuko eztana. Bada zuen pekatu estaliak orain zeurok, eta Jaungoikoak eta Aingeruak, eta Deabruak dakitzkizute, eta pekatu oriek guziak konfesio humil, eta damuzko batek desegiten, eta borratzen ezpaditu; ezin geiagoraño lotsatuko zaitue; 1. Jaungoikoaren tribunalean, juizio partikularrean, orduan deabruak salatuko zaituzte, eta guziak aurpegira botako dizkitzute: ezin ukatuko dituzue, zuen konzienziak, eta zuen Aingeru guardakoak testigu leialak bezela autortuko ditue. Eta nork esan orduan izango dezuen lotsa arrigarria? Eta orduko zuen desesperazioa, eta arrabia, ezin esan al baño aundiagoa? Lenago konfesio humil batekin erremediatu zezakeala, erremediatu bagez? Bada 2. lotsa izugarri, eta penagarri ori zenbat aziko da, Juizio jeneralean zuen pekatu lotsagarri guziak ikusten dituzuenean mundu guziaren aurrean, zuen ezagun, eta adiskide guzien aurrean barreatuak edo publikatuak? Nolakoa izango da orduan zuen lotsa? Emen bertan Eliza onetan gauden guzion aurrean, eta zeuron aurrean, zuek konfesore bati biziaren penan, sekretoa gordeko duan bati esatera atrebitzen etzeraten pekatuak, emendik publikatuko, eta barreatuko banitu, nolako estutasuna, nolako naibagea, nolako pena izango etzenduke, zuen buruak nabarbenkiro deshonratuak ikustean? Askorenzat bertan illik gelditzeko asko lizate.

        Bada lotsa ori guztia, eta oraindio aundiagoa, eta nabarbenagoa nai ta ez ikusi, eta sufritu bearko dezue Juizio jeneralean, orain bear bezela zuen pekatuak konfesatzen, eta erremediatzen ezpadituzue. Eztago bitarterik edo ondo konfesatu edo betiko kondenatu, eta betiko lotsatu, eta betiko desesperatu. Bai, N.K. zuen Juizio jeneralean (ondo konfesatzen ezpazerate) izango dezuen lotsa arrigarria, eta deshonra izugarria ezta orduan bukatuko, edo akabatuko eternidade guzian lotsa ikaragarri ark iraungo du: Deabruak erak, orain konfesatzeko, ain lotsa aundia buruan ipintzen dizuenak, orduan burla, iskarnio, eta desprezio arrigarriak egingo dizkitzue, ain zoroak, ain zenzu bageak, ain itxuak, zeuron kulpaz izan ziñatelako. Eta orobat kondenatu guziak burlatuko, eta deshonratuko zaituzte: eta zeurek izango zerate zuen borrerorik gogorrenak, desesperazio, eta arrabia izugarri batekin zeuron zorakeria kondenatzen dezuela, eta beti gogoratzen dezuela, zein erraz lotsa arrigarri artatik libratu zintezkean, eta zeuron kulpaz lotsa labur bat orain konfesioan ez sufritzeagatik, etorri zerate betiko lotsa, betiko deshonra, eta betiko eskarnioak, eta burlak padezitzera. Konsideratu itzatzue bada orain egia oek: eta zeuron buruak egiaz maite badituzue, bertatik erremedioa konfesio humil, eta egiazko batean billa ezazue.

        3. Eta egia aundi oriek gogoratu, eta konsideratu nai badituzue, eztezue izango ez Konfesorearen bildurrik: bada 1. Ezin Konfesorea arritu liteke zuen gaiztakeriak adituagatik, bada oriek erak, eta bearbada aundiagoak, eta ikaragarriagoak askotan aditurik dauzka: eta gutxianez irakurririk dauzka, ala Eskritura santuan, nola Elizako erakusle, edo Doktoreen liburuetan: eta badaki persona batek egin ditzakean gaiztakeri guziak egiteko, edozein persona, eta baita bera ere gai dala: ain arrigarria da guzion gaitzerako griña gaiztoa, Jaungoikoak gordeko ezpaginduz: eta ala arritu ordean ikusten bazaitue egiaz humillaturik, eta damuturik, bere artean poztuko da: konsolatuko da: atsegiñez beteko da: Jaungoikoa bera, eta Zerutar guziak postutzen diran bezela, pekataria egiaz konbertitzen danean: eta 2. badakizue konfesioko sekretoa gordetzeko obligazio ain estua duela, nun munduko guzion salbazioa inporta balu ere, eta bere burua erretzen utzi bear balue ere, ezin konfesioan aditutako gauzarik batere esan lezake: ezta pekatariari berari ere kondesiotik kanpora. Eta San Juan Nepomuzenok bere ejenploarekin dotriña ori erakutsi zigun: bada naiago izan zuen Martirioa padezitu, eta bizia galdu, ezenez konfesioko sekretoa agertu, Errege gogor gaizto batek artara premiatu, eta beartu nai izan bazuan ere. Eta ala alde orretatik eztezue zer bildurrik iduki.

        Baña eztira bakarrik pekatuak agertzeko lotsak, eta Konfesorearen bildurrak atzeratzen dituenak konfesio humil, eta egiazko bat egitetik: geiago dira ondo konfesatzera atrebitzen eztiranak; zerren gogorik eztuen, nai ta ez bear dituen erremedioak artzeko, eta ala batzuek pekaturako peligro, edo okasio gertuan egon arren, arriskutik irten nai eztue zerren konbenienziaren bat edo ondasunen bat galdu bear due: eta milla aitzaki asmatzen ditue, okasio gaiztoari ez largatzeko. Beste batzuek anziñako oitura gaiztoa, eta erraztasuna edo aztura gaiztoa arturik dauke moskortzeko edo orditzeko, edo joku aundi erabageak, eta kaltegarriak egiteko: loikeriako pekatu zikiñak edo bere buruarekin edo besterekin egiteko: edo betiko gorrotoan daude, eta etsaiak amatzera jarri nai eztue: eta beste batzuek gaizki irabaziak tratuan, saldu-erosian edo jokuan edo besteai egindako kalteak biurtzeko borondate egiazkorik eztue: eta premiazko penitenzia edo erremedioak artu nai eztitue. Oek guziok, eta beste onelako asko egon oi dira bertatik ondutzeko bear dan egiazko damutasun, eta proposito eragille bage. Pozik pekatuak konfesatuko lituzke, beste lanik ezpaliz: eta noizbait, eta batez ere aizkeneko eritasunean guzia erremediatuko duelako esperanza, eta uste falso engañagarriarekin itxutzen dira. Eta bitartean komunkiro gaizki konfesatzen dira, edo pekatuak ezkutatzen dituelako, edo benetan, eta bertatik erremediatu nai eztiralako.

        G. Eta zer erremedio dago orrelakoenzat? E. Ezin besterik erakutsiko diet, sendatu nai badue, konsiderazioa, eta orazio humilla baizik. Orien borondatezko itxumena, eta biotzeko gogortasuna arrigarria da: eta Jaungoikoak argitzen, ukitzen, eta biguntzen ezpaditu, gure esan, eta abisu guztiak alperrak dira: pekatuko okasio gertutik irteteagatik emango balie zortzi dukateko pare bat, bereala irteteko modua artuko luke: edo arrisku artan daudelako osasuna galdu bear balue, bereala irtengo lirate. Orobat oitura gaiztoa benzitzeagatik aldiko diru zati andi bat emango balie, bereala erremedioak gogotik artuko lituzke: eta baita eren zorrak pagatzeagatik eskeñiko balie Maiorazko edo errenta andi bat, pozik pagatuko lituzke. Eta animako salbaziogatik; betiko zorionagatik; beti iraungo duen ondasunakgatik; betiko gloriagatik, ezer egin nai eztue. Orra fedearen illuntasuna; bada eztue iritxiko fedearen argitasuna, eta Zeruko grazia eragillea, eta indarsua, fedeko egia aundiak konsideratu nai ezpaditue: eta humillaturik, eta esperanza on batekin alaiturik orazio egiten ezpadue. Eta, zer konsideratu bear due? Dotriña onetan bertan aitatu ditugun egiak asko dira, ondo konsideratu nai baditue: eta batez ere gogoan erabilli bear due Jaungoikoaren guganako amorio guztizkoa: gu salbatzeko daukan deseo egiazkoa, ondu nai bagera: Jesu-Kristoren nekeak, Pasio, eta eriotza gure pekatuen zorra pagatzeko: ematen dizkigun erremedio guztiz eragilleak bere Sakramentuetan, eta bere dotriña santuan: eta eman nai digun betiko saria, betiko zoriona, edo betiko gloria: edo kontrara esker gaiztokoak, eta itxu gogorrak bagera, nai ta ez emango digun betiko kastigu izugarria, eternidade guzian anima, eta gorputz Infernuko su irazeki, eta garretan kiskaltzen, eta ler egiten egon bearra, iñoiz ere alibiorik izateko esperanza bage: eta aizkenik bertatik Jaungoikoaren dei, eta inspirazio onari jarraio nai ezpadiogu, geroago ta itxuago, eta gogorrago egingo gerala: geroago, eta Zeruko laguntasun gutxiago izango degula, eta ori gure kulpaz: eta supito illtzen ezpagere ere, edo zenzua galtzen ezpadegu ere askori gertatu zaion bezela, ez gerala komunkiro benetan, eta bear dan bezela eriotzako orduan konbertituko: eztegula orduan ere bear bezelako damutasun, eta proposito egiazkorik izango; zerren lenago ardurabageak, eta esker gaiztokoak izan geran: eta ala, N.K. humillatu gaitezen guztiok: zenzatu gaitezen egia andi oen argiarekin: eta bertatik gure kontuak zuzendu ditzakun: Jaungoikoari txit sarri orretarako bere indarra, eta grazia eskatu degiogun, konfesio ona, humilla, eta frutuduna egin dezagun: eta orrela iritsiko degu betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa