www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEIGARREN DOTRIÑA

 

Laugarren mandamentuaren gañean 1. partea.
Semeak, eta alabak, gurasoen aldera dituen obligazioak.

 

        A! zer pakea munduan, N.K.: laugarren mandamentu santua ondo gordeko balitz! oraindañoko dotriñetan Jaungoikoari berari zor dioguna lenbiziko iru mandantentuetan ikusi dezue, aurrera nola guziok alkarrekin izan bear degun astiro ikusi bear dezue: eta nola projimo guzien artean, gurasoai, eta guraso-ordekoai geiena zor diegun; argatik laugarren mandamentu santuan Jaungoikoak, lenengo erakusten dizkigu, gurasoakiko humeak dituen obligazio andiak: eta gurasoak humeakiko dituenak. Ona dotriña bat guztiz bearra, eta txit kontuz guziok aditu bear deguna.

        G. Zein da Jaungoikoaren legeko laugarren mandamentua? E. Gurasoak, au da, Aita, eta Ama honratzea.

        G. Nork honratzen ditu gurasoak? E. Obedezitzen dituanak, sokorritzen dituanak, eta erreberenziatzen diluanak.

        G. Eta nork iru obligazio orien kontra pekatu mortala edo eriozkoa egiten due? E. 1. Familiaren edo etxearen gobernu edo zuzenbide onerako, eta oitura edo kostunbre onak izateko agintzen dien, eta bear diran gauza pisu edo larrietan gurasuai obedezitzen eztien humeak edo seme-alabak: eta aei konsejurik edo lizenzia edo baimenik eskatu bage ezkonza tratatzen, eta erabakitzen duenak. 2. Gurasoai, premia andian arkitzen dirala, naiz gorputzaren aldetik, naiz animaren aldetik. sokorru edo laguntasunik ematen eztien humeak, al duen guziraño, pekatu mortal egiten due. Eta 3. orobat pekatu mortal arrigarria egiten due gurasoai birau edo maldizioa egiten dienak: iskarnio, burla edo desprezio andia egiten dienak: eskua jaso, eta jotzen dituenak; eta baita, ez jo arren, jotzeko keñu edo señalea egiten dienak edo bestela lotsa galtzen dienak: gaizki hitz egiñaz edo aserrezko begirakunaz ofendituaz edo naigabetuaz: eta bakarrik libratu ditzake pekatu mortaletik, ustebageko edo supitoko estutasunen batek, oarmenik izateko leku bage, iñoiz gaizki esatea edo egitea gertatzen bazaie, eta konturatu ta bereala erremediatzeko alegiñak egiten baditue.

        G. Nor besterik gurasoen izenaz aditzen da? E. Nagusiagoak edadean, diñatasunean, eta gobernuan.

        G. Eta mandamentu onetan humen obligazioak baizik besterik aditzen ezta? E. Bai: emen sartzen dira gurasoen obligazioak eren humen aldera: eta nagusi, eta agintari guzienak eren mirabe, eta mendekoen aldera.

        G. Eta zeiñ dira obligazio oriek? E. 1. Alimentu edo sustentua ematea: 2. bear duen guzia erakustea edo erakutsi eragitea, ala bizitza espiritualerako, nola denporalerako: 3. modu onean korrejitzea: 4. exenplo ona ematea: eta 5. ondo dagokien estadua artzen laguntzea, eta ori guzia egin bear due, Jaungoikoagatik, eta Jaungoikoarenzat maite dituelako.

        G. Eta obligazio oriekin kunplitzen eztuenak zer pekatu egiten due? E. Eskuarkiro pekatu mortala, gaiaren txikitasunak edo oartu bagetasunak libratzen ezpaditu.

        Orra, N.K., hitz gutxitan ta laugarren mandamentu santua aditzera emanik. Baña, nola gauza guztiz bearra, eta premiazkoa dan, ala humeak, nola gurasoak ondo ezagutzea, eta gordetzea Jaungoikoak mandamentu onetan agintzen dien beargaiak; eta eskusatzea edo ez egitea eragozten dien pekatuak: eta ori guria dotriña baterako langai geiegi dan; gaur bakarrik humeak gurasoen aldera dituen obligazioak zeoro aditzera emango dizkitzuet: eta beste dotriña batean gurasoak humen aldera dituenak erakutsiko dizkitzuet.

        Eta lenengo galdetzen det, Zergatik gure Jaungoikoak bere Majestade Soberanoari edo gorenari dagozkion honra, eta guzien gañeko amorioa, lenbiziko iru mandamentuetan agindu ezkero, bereala projimoaren amorioari, eta probetxuari dagozkion beste zazpi mandamentuetan lenengoa ipiñi zuen Aita, eta Ama edo gurasoak honratzea?

        Zergatik Jaungoikoaz Kanpora iñori eztiogu ainbeste zor nola gure Aitari, eta Amari: bada oek mundu onetan dira Jaungoikoaren Aitetasunaren imajiña batzuek bezela, Jaungoikoaren ordeko batzuek bezela: Jaungoikoak guri bizia, eta daukagun izate guzia emateko esleitu dituan instrumentu bizi batzuek: eta oen bitartez Jaungoikoak eman digun bizitzan gu mantenatzeko edo sustentatzeko, gu gidatzeko, gu gordetzeko, eta gure zoriona, ala oraingoa, nola gerokoa edo betikoa, guri irabazi edo irabazi eragiteko gurasoak dira beste iñork ez bezelako alegiñak beti egiten dituenak Amaren sabelean sortu giñan unatik edo instantetik orain gauden estaduraño: eta, nolako nekeak, naigabeak, eta atsekabeak, nolako arazeri edo kuidaduak, ala Aitak, nola Amak artu eztitue eren denpora guzian gu ondo azitzeagatik? Eta nolako amorioarekin zeramen neke guzia gu ondo ikusteagatik? Alabaña begiratzen ziguen eren puska, eta zati egiazko batzuei bezela: Nork baña gogora litzake, eta aditzera eman litzake gurasoen nekeak, eta gurasoen alegiñak eren humeakgatik? Zer gauza egokiagorik, eta zer gauza justuagorik bada, N.K.; ainbeste zor diegunak honratzea baño? Eta egaztiak, eta abereak ere erakusten duen ezkero ona alako ongilleai agertzea bano? Orra bada zergatik gure Jaungoikoak projimoaren amorioari dagozkion mandamentuetan lenengo agindu digun gure gurasoak honratzea.

        G. Eta beste motiborik eztegu projimo guzien artean batez ere gurasoak honratzeko? E. Guztiz asko, eta txit andiak ditugu; baña astirik eztago guziak orain ondo aditzera emateko. Ona ala ere beste motibo bat guztiz andia: eta da, zerren gure lagun urkoak edo projimoak gure buruak bezela Jaungoikoagatik amatzeko obligazio estua degun ezkero, karidadearen gañeko dotriñan erakutsi nizuen bezela; projimo guzien artean gure gurasoak ditugu gertuenak, urkoenak, eta geiena zor diegunak, bada aetatik degu gure odola, eta bizia: eta ala beste projimo guziak baño geiago amatu, estimatu, eta honratu bear ditugu: eta gurasoari, Jaungoikoaren aginte onezaz batera, zor diegun honran sarturik dago zor diegun amorioa: bada eziñ benetan, eta egiaz honratu ditzakegu kanpotik bezela barrutik ere, au da, biotzetik maite ezpaditugu: eta orobat beste projimo guziai baño zor diegun amorio andiago onetan sarturik obedienzia, laguntasuna, eta errespetoa edo erreberenzia. Eta ala hume guziak eren gurasoen aldera dituen obligazio prinzipalak, dirade lau: 1. gurasoak amatzea. 2. Obedezitzea. 3. Sokorritzea edo laguntzea: eta 4.errespetatzea edo erreberenziatzea.

        G. Gurasoak amatzeko, eta beste projimo guziak baño geiago amatzeko obligazioa ezaguna, eta argia dan ezkero; jakin bear degu, eta ala galdetzen det; Nola amatu bear ditugu gurasoak? E. Amatu bear ditugu, ez bakarrik arrazoiaren argiak, eta esker onak erakusten digun amorioarekin, gere gurasoai deseatzen diegula zorioneko bizitza luze bat, eta orretarako egoki diran ondasunak, fama ona, eta estimazioak; baita ere amatu bear ditugu ori baño beste amorio andiago, eta bearrago batekin, au da karidadezko amorioarekin; Jaungoikoak ala nai duelako, ala agintzen digulako; Jaungoikoaren borondatea egiteagatik: eta deseatzen diegula batez ere animako ondasunak: au da mundu onetan birtute andiak (au da fede bizia, esperanza irmoa, karidade irazekia, humiltasuna, pazienzia, eta beste onelakoak) eta gero betiko zoriona Zeruko glorian: eta deseo orrekin batera Jaungoikoari berari ori guzia gure gurasoentzat eskatu bear diogu: eta orixe guzia da gurasoak benetan, eta biotzetik amatzea: baña orretarako bear due humeak ere Jaungoikoaren argia, eta grazia: eta ala Jaungoikoari eskatu bear diobe gurasoak onela amatzeko bere laguntasuna. A, zeiñ pozik ori guzia hume onak egingo duen: eta nolako bendizioak eren buruai ekarriko dien!

        G. Eta badira munduan eren gurasoak maite eztituen humeak? Eta maitatu ordean, igui dituenak: aurpegi illunakin begiratzen, eta hitz egiten dienak: eziñ sufritu dituenak: eta iltzea ere deseatzen dienak; eta ori, ez len baño len Zeruko Gloria deseatzen dielako, baizik aen mendetik, eta agintetik libre egoteagatik; eta aen ondasunak len baño len gozatzeagatik? E. Izan dira bai, eta orain ere badira orrelako esker gaiztoko hume gogor arroak; batez ere guraso zarrak ezertan eztauzkenak: bada oriek pekatu mortal bi guztiz andiak egiten ditue era orretan gurasoai gaitz andia opa dienean, edo naigabetzen dituenean: bata, projimo guziai zor dien karidadean faltatzen duelako: eta bestea, gurasoai zor zaien piedadezko birtutea ausitzen duelako: eta bakarrik eskusatu edo libratu ditezke pekatu mortalean erortetik, gai txikian, eta oarmen edo ezaguera osobage igui piskaren bat edukitzea gertatzen bazaie: baña beti bildur izan bear dira: bada beste projimoakiko gai txikia dan gauza, gurasoakiko askotan pisua izan diteke ematen zaien naigabe andiagatik: eta alako seme-alaba esker bageak, eta gurasoakiko gogorrak diranakgatik dio San Jeronimo andiak, ze merezi duela, begielako argia galdu, eta itxuturik gelditzea: orrela zenzatu ditezen, eren itxumena obeto ezagutu, eta erremediatu dezen.

        Baña aditu dezuen ezkero, zergatik, eta nola gurasoak amatu bear dituzuen; eta zeiñ gaizki egiten duen orretan utsegiten duenak: ikusi bear dezue oraiñ gure kartillako dotriñari narraiola, zergatik, eta nola gurasoak obedezitu, sokorritu, eta errespetatu bear dituzuen.

        G. Zergatik daude bada hume guziak gurasoai obedezitzera premiaturik edo obligaturik? E. 1. Zergatik gurasoen mendekoak diran: eta Eskritura Santak dionez, eren jabeai, eta Jaunai bezela obedezitu bear dien ondo diran gauza guzietan: 2. zergatik Jaungoikoak egiñ ditu gurasoak eren humeen maisu, gidari, eta erakusle prinzipalak, eta orrelakoai zor zaie obedienzia: eta 3. zergatik Jaungoikoak berak ala agintzen duen, gurasoen, eta humeen onerako, eta pakerako: bada obedienzia kendu ezkero, eziñ munduan pakerik izan diteke.

        G. Eta nola obedezitu bear die gurasoai? E. Bereala, gogo onez, eta errespetoz; atzerapenik, eta aitzakiarik billatu bage, eta iguitasunik erakutsi bage: bigarren, eta irugarren aldian gauza bat berbera aitak edo amak agindu zai egon bage: aen naia edo borondatea igarri ezkero, bereala kunplitzeko alegiña egin bear due: eta ori, meritu edo irabazi andiarekin egiteko, kontu egin bear due, orretan Jaungoikoari berari obedezitzen diobela: bada Jaungoikoak ala agintzen die: eta iñoiz gurasoak agintzen diena bereala egiteko enbarazorik edo eragozgarririk badue, modu onarekin, eta errespetoarekin aditzera eman bear die: eta hume guziak gurasoai gogotik obedezitzeko, gogoan eduki bear due, nola Jesu-Kristo gure Jaunak izanik Zeruaren, eta lurraren jabea, ogeita amargarren urterañoko denpora guzia igaro zuen, Ama Birjiña Santisimari, eta bere Aita-ordeko San Joseri obedezitzen, eta laguntzen; eta agintzen ziozten lan guziak egiten. Erat subditus illis: eta ori guzia zan guri erakusteagatik, nola gurasoai obdezitu, eta lagundu bear diegun.

        G. Eta zertan humeak gurasoai obedezitu bear die? E. Gauza on guzietan: bada gauza gaiztoetan, au da, pekatu diran edo pekaturako bideak diran gauzetan obedienziarik zor eztie: eta obedezituko balitue, pekatu egingo luke, edo andiagoa edo txikiagoa, gaia danez: bada lenago da gure Jaungoikoari obedezitzea gurasoai baño: eta ala gurasoak hume bati aginduko balio juramentu gaizto bat egitea, edo bere burua edo gurasoa libratzeko kalte andiren batetik, eztio obedezitu bear: orobat lapurretaren bat egitea, benganza artzea, gezurra esatea edo beste edozein pekatu, naiz andia, naiz txikia egitea aginduko balio, eztio orrelako gauzetan obedezitu bear.

        G. Zertan bada batez ere gurasoai obedezitu bear die eren humeak? E. Oen animen onerako, eta etxeko gobernu onerako agintzen dien, eta bear diran edo egoki diran gauza guzietan. Eta ala gauza orietan ez obedezitzea da pekatu; edo mortala, gai andian utsegiten bada; edo beniala edo ariña gai txikian gertatzen bada: eta ala gurasoak agintzen dienean, pekatu mortalak, eskusatzeko bear diran gauzak, nola joku luzeak, interesa andikoak ez egitea, taberna edo ostatuetan jan-edan erabageak eskusatzea: etxera muga onean etortzea: okasiogarri diran lagunakin ez ibiltea: eta beste onelako gauza pisuak; obedezitu bear ditue pekatu mortalaren azpian. Baña beste gauza txikiago batzuetan, gurasoai naigabe andirik ematen eztienetan utsegitea izango da berez pekatu beniala: baña au ere humeak kontuz eskusatu bear due, Jaungoikoaren eta gurasoaren bendizioa iritsi nai badue: eta pekatu andiagoak egiteko arriskutik libre egon nai badue; bada oarmen edo ezaguerarekin aserra erazotzen baditue gurasoak; eta birau andiak eragiten badie, pekatu mortal eskuarkiro egiten due.

        G. Eta gurasoak agindu leike eren humai onelako edo alako estadua edo bizimodua artzea: au da ezkontzea, edo ez ezkontzea; Fraile edo Monja izatea edo ez izatea edo Eliz-gizon edo Abade izatea edo ez izatea? E. Gauza orietan libre dira humeak: eziñ estadurik artu eragin leikie eren gogoaren kontra: eta indar egiten dienak, nai eztuen estadua artzeko, pekatu mortala egiten due; eta pena andiak dauzkate.

        G. Baña, onelako edo alako estadua artzeko asmoa izan ezkero, badue obligazioa humeak enpeñurik edo obligaziorik egin baño lenago gurasoai kontu emateko, eta konseju artzeko? E. Ori bai: eta da obligazio estua: bada gurasoa da etxeko burua, eta edozein etxe edo familian gertatzen diran egitekoetatik andiena izan oi da, humeak ondo akomodatzea, bakoitzari bere burubidea ematea: eta orrelako gauzak eziñ humeak erabaki ditzake, gutxianez gurasoai kontu eman bage, eta konseju eskatu bage: bada bestela humen pasio txarrak, eta itxumenak oker andiak ekarri oi dituzte. Eta ala humeak, nola gurasoak, aziertua izateko, Jaungoikoari argia eskatu, eta gauza oek persona zinzo, jakinsu, Jaungoikozkoakin komunikatu bear ditue, gero damutu eztakien: orra bada aditurik, zergatik, nola, eta zertan gurasoai humeak obedezitu bear dien, eta zertan ez. (Ikusi bear da ezkonzaren gañeko bigarren dotriña gai onetan)

        G. Eta zergatik, amorioaz, eta obedienziaz gañera, gurasoai zor die hume guziak sokorrua edo laguntasuna eren premia espiritual edo denporaletan? E. 1. Zergatik arrazoiak berak, batere legerik ezpaliz ere, ori guziai erakusten die, alde batetik eren bizia zor dielako, eta bestetik lenago gurasoak agitz nekatuta humeai eman dielako al duen alimentu, soñ, asiera, eta dotriña, beste gauza askorekin, eta eskergabetasunik itxusiena, eta gogortasunik nazkagarriena da ainbeste zor zaion gurasoari, premia andian dagoala, eta iñola ere al duela, sokorrua edo laguntasuna ukatzea: eta 2. zergatik gure Jaungoikoa guzion Aita, eta jabe danak bezela ala agintzen digun: eta zorigaiztokoa orretan utsegiten duen humea: bada emen bertan ere Jaungoikoaren madarikazioa, eta kastigua bere gañ ikusiko du: eta erremediatzen ezpada, betiko gose-egarria, eta desesperazioa infernuan sufritu bearko du. Eta kontrara biotz oneko, eta esker oneko hume leialak, emen bertan, bizitza luze zorioneko bat, eta gero betiko bizitza zariobeko bat ziertu esperatu dezake: bada Jaungoikoak berak mandamentu onen saritzat hume onai ala eskeintzen die.

        G. Eta zergatik hume guziak dauke gurasoai beti errespetoa, eta erreberenzia ekarteko obligazio estua? E. Zergatik gurasotasunari dagokion honra, eta Jaungoikoaren legeak ori berez eskatzen duen. Eta ala dotriña onen asieran, esan genduan bezela, pekatu mortalean, eta kondenazioko estaduan daude (penitenzia egin, eta erremediatzen ezpadira) gurasoak ezertan eztauzkenak: eta nolanai desprezio edo injuria pisua egiten dienak, lenago esanik daukagun bezela. Eta a!a gurasoak pobretxoak izan arren, eta bearbada jakinezak, eta moldakaitzak, beti guraso dira: eta ala gurasotzat ezagtu, tratatu, eta erreberrenziatu bear ditue humeak: oek aberats, jakinsu, eta andisu izatera eldu arren: ala egin zuen Erromako Aita Santu izatera eldu zan Benedikto amaikagarrenak; guraso pobre batzuen semea bazan ere: eta estadu aiñ altuan zegoela, joan zitzaion bere ama bisitatzera: eta oni, Aita Santuak jakin bage, soñeko eder batzuek paratu zioben: eta semea ikustera sartu zanean, ala janzirik zegoalako, Aita Santuak, etzala ura bere ama esan zuen; eta despeitu edo atera eragin zuen: baña gero, lengo bere soñeko pobreakin janzirik berriz bisitatu zuen, eta orduan Aita Santuak esan zuen: «auxe da, nere ama»: eta laztandu zuen, eta bere ama bezela honratu zuen. Orra ejenplo ederra guzionzat.

        Baña bearbada emen esango didazue, aziera ona izan eztezuen humeok; eta baita edo arroak edo gutiziosoak zeratenok; zuen gurasoai eztiezuela, emen aitatu degun ainbe zor: zergatik, gaizki azi zaituen: ejenplo ona eman eztizuen, eta bai gaiztorik asko: eta lenago dituzuela zuen buruak, zuen emazteak edo zuen humeak: eta eztaukezuela gurasoakin gasturik orain egiteko ondasunik, eta erarik: eta noiz edo noiz gaizki eranzun edo tratatu badituzue, erak artarako bidea eman dizuela. Orra, N.K. zerk daukan mundua galdurik: jakizue bada, hume arro, eta gutiziosoak; zuen itxumenak erasaten dizuen arrazoi edo motibo guziak etzaituela libratzen gurasoai (nolanaikoak oek izan arren) zor diezuen obligazio andi, eta estutik. Bada Espiritu Santuak abisatzen zaitue Eskritura Santuan guraso mota guziak honratu bear dituzuela 1. zuen hitzakin, beti errespetoz hitz egiten diezuela: 2. zuen obrakin iñoiz ere, bear duen sokorru edo laguntasuna premia andietan ukatu bage: bada orrelako aldietan lenago dira gurasoak, emazteak, eta humeak baño: eta Abilako Obispo guztiz jakintsu batek dionez, zeurontzat bear dezuena gurasoai eman bear diozue; bestela billatu badezakezue, zeurok ez illtzeko diña. Eta aiñ estua da gurasoari laguntzeko premia, batez ere pobreza andia badago, ze humea eziñ Errelijioso egin liteke, eta gurasoa desanparatu dezake iñola ere aren alegiñetik gurasoaren sostena edo alimentua modu onean espera badileke: eta alako aldietan Errelijioan artu nai eztitue alako humeak: eta Errelijioan sartu ezkero, alako premiara gurasoak badatoz, Errelijioko agintariak artzen due modua alako gurasoai laguntzeko, aiñ estua dalako obligazio ori: eta 3. pazienzia guziarekin honratu bear dituzue aen utsegiteak, argaltasunak, aserrealdiak, eta moldakaitztasunak Jaungoikoagatik sufrituaz: eta Jaungoikoari berari, gurasoenzat argia, eta erremediatzeko grazia eskatu bear diozue. Eta ori egiten ezpadezue, eta aurrerare naigabetzen, eta tristetzen badituzue, zuen zorigaiztokoak! bada zuek ere guraso izatera etorriko zerate: eta bertatik erremediatzen ezpazerate, izango dituzue zuen antzeko hume gaizto esker bageak: Eta, nolako zarzaro tristea ikusi bearko eztezue? A! zenbat gurasok oraiñ esango due: arrazoi dauka, ni nere gurasoakin gogorra izan ninzan, askotan naigabetu nituan; bada oraiñ ori bera nerekin egiten due: Jaungoikoaren kastigu justua probatzen nago: begira ezazue bada oraiñ hume guziok zuen geroko onari. Baña bertatik abiatzen bazerate hume onai dagozkien obligazioak kontuz kunplitzen; zuen humeak ere, zuen guraso aldia datorkizuenean, zuekiko obligazioak gordeko ditue: eta orrela gurasoak, eta humeak alkarrekiko obligazioak ondo kunplituaz, pake guztiz andi bat: alkarrekiko amorio Jaungoikozko bat: eta orri darraion alkarri animako, eta gorputzeko gauzetan laguntzeko leia, eta gogo on bizi eragillea izango dezue: batez ere azken aldiko sakramentuak mugaz artu eragiteko kuidadu andia bear dezue: eta alkarrekin Zeruko ondasunak gero gozatuko dituzue.

        G. Eta gurasoakiko obligazioak bukatzen dira, ill ezkero? E. Ez: eta ala humeak dauke obligazio andia gurasoai dagozkien animako sufrajioak egiteko: eta baita aen zorrak, eta obligazioak pagatzeko: eta eren testamentuetan edo bestela agindu dien edo Mezak edo limosnak edo bestelako gauza onak kunplitzeko; utzi ezkero zerekin kunplitu.

        Aditu dituzue bada, N.K.; gurasoai zor zaion obligazio guztiz andiak, eta guztiz bearrak: eta gaurko dotriña bukatzeko, eta obeto aditzera emateko Eskritura Santuko esanak, eta exenploak txit ugari ekarri banintzake ere, aitatzen ditudala, Noe Patriarkaren hume on biak gorde zioben errespeto andia, eta orregatik merezi izan zuen saria: eta irugarren semeak egin zion farra, eta burla, zergatik bere Aita ikusi zuen lotsatzeko moduan: eta orregatik izan zuen kastigu andia: eta orobat Isak Santuak bere Aita Abran Patriarka andiari ekarri zion obedienzia miragarria, bere burua sakrifikatua izateko lotutzen, eta aldare baten gañean paratzen utzitzeraño: eta orregatik merezi izan zuen guztizko saria: eta beste onelako exenplo asko, ala zarrak, nola berriak konta banintzake ere aditzera emateko, nola gure Jaungoikoak denpora guzietan kastigatu dituan hume gaiztoak; eta bendizioz bete dituan hum onak; bakarrik gogora ekarten dizuet, eta eztezue iñoiz ere aztu bear Jesu-Kristo gure jabe, eta Maisu soberanoak eman zigun exenploa; bada ez bakarrik bere Ama Santisimari, eta Aita San Joseri obedezitzen, eta laguntzen egondu zan ogeta amargarren urteraño, baizik ainbesteraño humillatu edo beeratu zan, nun bere Aita Eternoari obedezitzeagatik, eta guri erakusteagatik jarri zan aiñ eriotza gogorra, eta lotsagarria sufritzeraño: eta gurutze batean iltzez josirik sufritzeraño: eta orduan bertan gurasoekiko obligazioa obeto kunplitzeko, eta erakusteko, penaz, eta naigabez beterik gelditzen zan bere Ama Santisimaren kuidadua, anparoa, eta betiko laguntasuna bere ordez enkargatu zion bere Diszipulu maite San Juan Ebanjelistari.

        Jarraitu degiogun bada arren guziok Jesu-Kristoren humiltasunari, eta obedienziari; eta erraz gure obligazio guziak, nekagarriak izan arren, kunplituko ditugu: eta orren saria Zeruan ugari, eta beti gozatuko degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa