www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIGARREN DOTRIÑA

 

Eta seigarrena Penitenziako
Sakramentuaren gañean.

 

        Aurreko dotriña aldian esan nizuen, konfesatu baño lenago egin bear dan konzienziaren examiña zer dan; nola egin bear dan, eta zein diran, ondo ezagutu bage, eta examiñatu bage gelditu oi diran pekatuak. Orain aditu bear dezue, 1. Konzienzia ondo examiñatzeko, zenbat denpora artu bear dezuen: eta 2. nolako alegiñak egin bear dituzuen; pekatuen zenbatezkoa edo numeroa, eta aen zirkunstanziak ondo examiñatzeko.

        G. Zenbat denporan aditu bear da konzienzia examinatzen edo bere pekatuak gogora ekarten? E. Orri zuzen eranzuteko, begiratu bear zaio 1. Kristauaren bizimoduari; 2. azkeneko konfesioa ezkero igaro dan denporari, eta 3. examiñatu bear dan Kristauaren kapazidadeari edo buruari. Eta 1. badakizie Kristauaren bizimoduak guztiz dirala gisa, eta mota askotakoak. Batzuek dira txit onak, Jaungoikoaren bildur santuan, eta amorioan bizi diranak; mundu guziagatik pekatu mortal bat, ezagueraz beinzat, egin nai eztuenak, eta pekatu benialak ere igui dituenak, eta komunkiro azkeneko konfesioa ezkero pekatu mortalik egin eztuenak, edo argaltasunez tentazio esturen batean edo ustebageko okasio edo peligroren batean, pekatu mortalik egin badue, bereala biotzetik damutu, eta kontriziozko aktoak egiten aritu dira, eta ondo konfesatu artean sosegurik eztue. Onelakoak bada eren pekatuak gogoan dauzkate, eta examinatzeko denpora gutxi-asko due, eta eren buruak examiña luze batekin nastu ordean, enpleatu bear due denporarik geiena kontriziozko aktoak humiltasun, eta konfianza aundi batekin egiten. Beste batzuek dira Kristau epelak, pekatu mortalik ezaguera osoarekin egin nai eztuenak; baña pekatu benialaren bildurrik eztuenak; erraz gezurrak esaten dituenak, erraz aserratzen diranak; falso testimonio aundirik iñori ez jaso arren, dakizten besteren utsegiteak erraz erausten dituenak, askotan oartu ere bage, kalte andirik egiten dien edo ez, eta intenzio gaizto bage esaten dituelako erraz eskusatzen diranak, janean, eta edanean neurri onetik zerbait igarotzen diranak, kalte andirik egingo diela, ezagutzen eztuelako, ezagutzeko obligazioa daukelarik ere; eta beste onelako utsegite asko sarri egiten dituzte. Eta eren konzienziaren kontu esturik eztuelako, erraz itxutzen dira; eta askotan berez pekatu mortalak diran utsegiteak, pekatu benialzat edo txikitzat dauzkate edo kezkatan jarten dira, zenbaterañoko kulpa edo malizia izan zuen ezin ezagutu duela; bada onelako pekatari epelak denpora geiago bear due eren pekatuak ezagutzeko, eta gogoratzeko, eta zenbat bider utsegin zuen kontua ateratzeko, eta batez ere pekatu mortalik egin duen edo fundamentuzko dudarik, eta kezkarik badue. Beste batzuek dira, pekatu mortal jakiñik egiteko oitura zarrik ez eduki arren, argaltasunez pekatu mortal batean edo bestean, tentazio-aldi batean edo bestean erorten diranak, eta orien ondoren kontriziozko aktoren bat edo beste egin arren, peligroan edo okasioan jarri ezkero, erraz damutasuna, eta propositoa ostutzen zaienak, eta berriz pekaturatzen diranak. Eta onelakoak oraindio denpora geiago bear due eren pekatuaz ondo oroitzeko edo akordatzeko, eta ez gutxiago benetan damutzeko, eta bizitza on bat egiteko; propositoak artzeko, eta orazio humillari, eta konsiderazioari gogotik ekiteko, eta indarrak aurrerako iristeko. Beste batzuek dira pekatu larri mota batera edo askotara anziñatik oiturik daudenak; nola loikeri edo lujuriara; edo ordikeriara; edo lapurretak ixillik egitera; edo aserrealdi guzietan birau edo maldizio gaiztoak Kristauai egitera; bendekura, gorrotora, eta beste pekatu mortal batzuetara, eta noiz edo noiz erremediatzeko asmo argal batzuek artzen baditu ere, benetako edo egiazko damutasunik, eta proposito irmo eragillerik beren oitura gaiztoa goitzeko eztuenak. Agindu arren beti bat diranak, erremedioak benetan artu bagez; eta onelakoak konfesio ona, eta frutuosoa egingo badue, aurretik egun batzuetan, besteak baño ere gogotiago orazioari, eta konsiderazioari jarraio bear dioe; bada oriek beste guziak baño itxuago, argalago, eta gaitzera etziñago daude, eta Zeruko argitasun eta laguntasun bage, ezin dateke eren buruak bear bezela ezagutzea, eta eren oitura zar gaiztoa eskuratzea; baña borondate edo gogo egiazkoa artzen badue, humillatzen badira, eta Jaungoikoari eta eren anima gaxoai zor diena ondo konsideratzen badue, eta esperanza oso batekin Jaungoikoari barkazioa eskatzen, eta erremedioak artzen edo egiten jarduten badue; alaitu, eta esforzatu bear dira. Eta kontrizioaren, eta propositoaren aldetik faltarik ezpadue, examiñaren aldetik uste duen baño neke gutxiago izango due; bada Jaungoikoak ezin egin datekean gauzarik, agintzen eztu, eta konfesio jenerala egiteko premian egon arren Jaungoikoaren argitasun, eta graziarekin, eren alegiñarekin eta konfesore zinzo, eta prudentearen laguntasunarekin guzia erremediatu dezake, onek erakutsiko dion moduan prestatuarekin. 2. Begiratu ere bear zaio, examiñatzeko artu bear dan denpora gutxi gora bera neurritzeko, konfesio batetik bestera igaro dan denporari; (konfesio jeneralik edo urte askotakorik egiteko premiarik ezpadago) bada denbora gutxiko kontuak erraz garbitzen, eta ajustatzen dira, nola amabost edo illabetekoak edo ill bitik ill birakoak, kontu zarrak baño, nola urte guzikoak edo sei edo zortzi illabetekoak; batez ere bizimodu nastua, bein jaiki bein erori, pekatuak egin, bereala damutu, eta laster atzera biurtu dabillenean, eta baita irugarrena, begiratu bear zaio examiñatu bear danaren kapazidade edo buruaren argitasunari edo moteltasunari; bada batzuek denporaren erdian obeto ezagutzen, eta gogoratzen ditue eren pekatuak, buru txarrak dituenak baño. Diot bada, 1. ezin guziai neurri bat edo erregla jeneral bat eman dakikeala. 2. Diot, esan dituan zirkunstanziai begiratu ta bakoitzak artu bear duela ondo dan ainbe denbora bere pekatuak gogoratzeko, ala pensamentuzkoak edo deseozkoak, konsentitu zituala badaki edo dudatzen badu; nola hitz gaizto kaltegarriak; nola obrazko pekatuak; nola utsegiñezko edo omisiozko pekatuak, dituan obligazio jeneralak, eta partikularrak jakin bagez, ikasi bagez, eta kunplitu bagez, eta orobat besteai pekatu egiteko eman dien eskandaloak edo gaitzerako bideak; eta 3. diot, alako arreta, kuidadu, alegiña edo dilijenzia ifini bear duela bere konzienzia examinatzen pekatu mortal ziertoak, eta dudakoak gogoratzeko, nolakoa ifiniko lukean, asko inporta dion auzi batean ondo irteteko, edo eman bear dituan baliozko kontu batzuek garbitzeko, eta ondo ajustatzeko; eta ala batzuek asko due ordu erdi bateko examina; beste batzuek bearko ditue ordu bat edo bi; beste batzuek egun bi edo iru, egunoro ordubete edo geiago examiñatzen ari dirala, eta beste batzuek, eta batez ere ardurabage, oitura gaiztoen mendean bizi izan diranak, eta urtean bein baizik konfesatzen eztiranak, eren kontuak garbitzeko, eta benetan konbertitzeko, eta bizimodu berri bat egitera jarteko bearko ditue sei edo zortzi egun, egun bakoitzean ordu bi gutxi gora bera examiñatzen eta Akto kontriziozkoak biotzetik egiten, jarduten duela. 4. Diot, bakoitzaren bizimoduari dagokion examiña prudente, eta kontuzko bat egin ezkero, aztutzen zaiozkan, eta ezin ezagutu dituan pekatuak, konfesatu dituanakin batera barkatzen zaiozkala; eta bakarrik dauka obligazioa, gero akordatzen bazaizka, urrengo konfesioan esateko: bada Jaungoikoak eztigu agintzen, egin ditugun utsegite guziak nai ta ez ezagutzea, eta guziak gogora ekartea; bakarrik agintzen digu al deguneraño, geiegi gure buruak estutu bage, modu onean gure pekatuak gogora ekarteko, alegin prudente bat egitea, eta gure kulpa aundi bage aztutzen zaizkigunak, besteakin batera barkatzen dizkigu; eta esan det berariaz, gure kulpa aundi bage aztutzon zaizkigunak, zergatik pekatari lasai ardurabage asko dira, gaizki bizi arren, ain examiña laburra egiten duenak, nun-nai ta ez pekaturik asko eren kulpaz aztu bear zaizten, eta orrelakoak gaizki konfesatu oi dira, ala examiñaren faltaz, nola egiazko damutasunaren faltaz. Eta Konfesoreak, uste badu, bere laguntasunarekin aen utsegitea edo examiñaren laburtasuna ezin erremediatu dezakeala, agindu bear die, eren buruak obeto examinatzeko bear dan denbora arturik, obeto prestatu ditezela.

        G. Eta ondo examinatzeko, eta konfesatzeko zer geiago egin bear du? E. Kontua atera bear du al dueneraño gai bakoitzean zenbat bider pekatu egin zuen, eta baita pekatu mota batean erori arren edo utsegin arren, pekatu artan beste pekatu motarik sarturik dagoan begiratu bear du, edo gai batean bakarrik izan arren, ote duen pekatu ark zirkunstanzia aundiren bat, explikatu bear danik, bere kulparen aunditasuna ezagutu eragiteko. Ori zeago gero aditzera emango dizuet.

        Eta orain galdetzen det; Ezin akordatu bada zenbat bider gai bakoitzean pekatu egin zuen, zer egin bear du? Zenbatezko zierturik ezin ezagutu edo gogoratu badezake: gutxi gora bera zenbat aldiz izango zan, kontua ateratu bear du, eta orrela konfesatu, eta orrekin kunplitzen du; baña eztu asko esatea; banaka batzuetan, askotan edo gutxitan izan zala. Zergatik orrela konfesoreak ezin juizio zuzenik egin dezake; ezin ondo kargu egin liteke; bada batenzat iru edo lau bider, bere iritzian, izango da askotan, eta beste batenzat izango da gutxitan; eta beste batzuetan ogei edo geiago izango da bere ustean gutxitan, eta beste batzuenzat txit askotan.

        Eta luzaroko oitura gaiztoren bat eduki badu sarri edo egunoro pekatu mortalak egiteko, nola loikeriako pensantentu edo deseo zikiñak, edo gorrotozkoak edo birau edo maldizio larriak egiteko, eta ezin gutxi gora bera ere, konturik atera badu; Nola bere burua examiñatu dezake? Orrelakoak ere gutxianez kontu atera bear du, zenbat denporan oitura gaizto ori eduki duen, eta bataz beste egunean edo astean zenbat aldiz deritzon pekatuan konsentitu zuela, eta denpora puskaren batean gutxi-asko erremediatu, eta atzera biurtu bazan bere oitura gaiztora; ori ere konfesoreari aditzera eman bear dio, obeto kargu egin dedin, eta orrela konfesatuarekin kunplitzen du, ondo damuturik badago, eta erremediatzeko alegin egiazkoak egiten ari bada.

        G. Eta egin dituan pekatuak ezeze aetan arkitu ditezkean beste pekatu mota diferenteak examiñatu, eta konfesatu bear ditu? E. Bai; eta ala pekatu batean pekatu mota asko arkitu ditezke. Guraso bati gorroto edukitzea; birau egitea, edo gaitz andiren bat opatzea edo deseatzea, alde bitati da pekatu, projimoa dalako, eta gurasoa dalako; eta ala eztu asko esatea, persona bati gorroto eduki diola, baizik esan bear du, gurasoari gorrotoa eduki ziola, eta orobat gurasoak humeari, senarrak emazteari, edo emazteak senarrari, edo senideak senideari. Kastidadearen kontra pensamentu edo deseo zikin loiak konsentitzea edo beste edozein loikeri egitea pekatu mortala da, edozein persona librerekin izan arren; baña aideakin, ezkonduakin edo Jaungoikoari konsagraturik dauden edo kastidadeko botoa egiñik dauken personakin alde bitatik da pekatu mortal diferentea, eta konfesatu bear da, ez bakarrik kastidadearen kontra pekatu egin zuela; baita ere zer estadutako personarekin señalatu bage ordea zein zan; urlia edo berendia zan; bada bakarrik esan bear da estadua, eta ez izena, eta, orrenbesterekin konfesoreak ezagutuko badu pekatu laguna? Zer egin bear du? Bereala konfesatzeko premiarik ezpadu, eta erarik badu ezagutzen eztuen beste Konfesore bat billatu, eta onekin konfesatu bear du, lagunari famarik ez kentzeagatik. Bada konfesore ezagunarekin konfesatzeko premian badago, garbiro bere pekatua esan bear du, dan bezela bere zirkunstanziarekin; bada geiago inporta du konfesio osoa egiteak, sekretoan, eta premiarekin besteren utsegitea agertzeak baño. Orobat edozein lapurreta da pekatu; baña Elizako gauza ostutzea, edo Eliz barruan lapurreta egitea, da pekatu mota diferentea, eta zirkunstanzia ori esan bear da. Eta baita Eliz barruan iñor golpalu edo eritu, eta odolik ixuri eragitea, eta baita lujuriazko loikeri edo likitstasunik egitea; bada iru pekatu mota oriek Elizan egin ezkero, Elizari zor zaion errespeto, edo erreberenziaren kontrako beste pekatu mota diferente bat berekin due. Eta orobat pekatu batez baliatzen bada beste pekatu batzuek egiteko asmoarekin, explikatu bear dira, egin zuen pekatua, eta zituen asmo gaiztoak, eta argatik batek ezpata bat edo eskopeta bat ostuko balu beste bat illtzeko, eta aren emaztea beretzeko, orra iru pekatu mortal diferenteak; bata lapurretakoa; bestea projimoa illtzeko deseozkoa, eta bestea adulterioari dagokana, iru Mandamenturen kontrakoak: ostuko eztezu; iñor illko eztezu; besteren emazterik deseatuko eztezu. Eta aizkenik, ez geiegi luzatzeagatik, pekatu mortal egiteko borondatezko okasio, peligro edo arrisku gertu edo urrean egon danak edo jarri danak, ori ere esan bear du; bada beste pekatuaz gañera orrelako peligroan egotea edo jartea bera, berez da pekatu, eta iñori pekatu egiteko bidea edo laguntasuna eman dionak, eskandaloko zirkunstanzia ori konfesatu bear du; bada orretan beste pekatu bat egiten du, eta askori batetan pekaturako bidea eman badie, zenbati eman dien esan bear du.

        G. Eta pekatu mota bat bakarrik danean, aren anditasun, pisutasun edo larritasun espeziala esan bear du? E. Ezagutzen badu edo oartzen bada, bai. Bestela asko du konfesorearen galdeai garbiro eranzutea, ezer maliziaz gutxitu bage. Eta ala peseta bat edo bi ostutzea pekatu mortal bat bada ere, eta zortzi dukateko bat edo geiago batetan ostutzea pekatu mortal bat baizik ezpada ere, baldin kantidade aundia, eta dañu guztiz aundia dakarrena ostu badu, esan bear du zenbat ostu zuen; bada erremedio diferenteak, eta penitenzia aundiagoak alakoari eman bear zaizka. Eta orobat ordu erdi bateko edo egun guziko edo aste guziko gorrotoa pekatu mortal bat baizik ezpada ere, agitz diferentea da bataren, eta bestearen grabedadea edo pisutasuna, eta erremedio andiagoa eskatzen du luzaroko gorrotoak, bereala igaro dan batek baño: eta baita bere buruarekin edo besterekin pekatu mortala egiteko oitura, aztura edo kostunbre gaiztoa edo erraztasuna arturik eduki duenak, eta ori dala bitarte pekatuak egiteko okasio edo peligro gertua edo urrekoa bere barruan eduki duenak, ori goitzeko edo erremediatzeko izan duen ardurabagetasuna ere, ezagutzen, eta gogoratzen bazaio konfesatu bear du, eta bestela asko du Konfesoreak egingo dion galdeari egiarekin eranzutea; bada kendu nai eztan oituratik datorren pekatua erraz egiten bada ere, larriagoa da, malizia geiago du; zerren borondatea artara geiago etziñik dagoan, eta erremedio andiagoa eskatzen du.

        G. Eta pekatu mortal ziertoak bezela dudakoak ere examiñatu, eta konfesatu bear ditu? E. Arrazoizko edo fundamentuzko duda badu, eta ezin erabaki badu, 1. egin zuen pekatua mortala edo beniala zan, 2. pekatu mortalean konsentitu zuen edo ez, 3. lenago konfesaturik daukan edo ez; bere barruan dauzkan moduan duda oriek esplikatu bear ditu, bada bestela pekatu mortala konfesatu bage uzteko peligroan jarriko lizate, eta dudakoa bezela konfesatu ezkero, argiro ezagutzen badu gero, pekatu mortal ziertoa zala, ziertoa bezela urrengo aldian konfesatu bear du. Eta batzuen desengañorako diot: berez pekatu mortal dan gauzaren bat egin zuenean, bere kulpa bageko ignoranziz uste bazuen edo pekatu etzala, edo beniala baizik etzala, etzuela pekatu mortalik egin ezagueraren faltaz: eta kontrara, berez pekatu etzan gauzaren bat edo beniala baizik etzana egin bazuen, pekatu mortala zalako ustean, orduan pekatu mortala egin zuen; bada borondateak artan konsentitu zuen, eta orobat egiteko denporan pekatu mortala zan, edo ez dudatzen bazuen, eta dudatik irten bage, egin bazuen, pekatu mortala egin zuen. Baña edo geiago zekien bati galdetuaz, edo indar andia egiten zion arrazoi edo fundamenturen bat gogoratuaz, dudatik irten bazan, eta uste edo iritzi on batekin kezka bage obratu bazuen, pekatu mortalik orduan egin etzuen, eta zerren iruipen asko izan oi dituen batez ere eskrupulosoak, dudako gauzetan orien erremediorik prinzipalena, eta bearrena da, eren iritzia, eta juizioa sujetatzea Konfesorearen juiziora.

        Eta orra, N.K. gaurko dotriñarik asko: 1. ezagutzeko gutxi gora bera, zenbat denpora bear dezuen zuen konzienziak examiñatzeko. Eta 2. nola pekatuen zenbatezkoa edo numeroa al dezueneraño gogoratu bear dezuen, pekatuetan arkitu oi diran zirkunstanzia diferenteakin, eta gertatu oi diran dudazko pekatuak nola gogoratu, eta konfesatu bear dituzuen. Eta urrengo aldian esango dizuet, aozko konfesioa nola egin bear dezuen: eta Jaungoikoak arren digula guzioi bere argia, eta grazia Konfesioko Sakramentuaren frutua ugari errezibitzeko, eta bizimodu on batean eriotzako orduraño irauteko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa