www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN DOTRIÑA

 

Eta bigarrena Penitenziako
Sakramentuaren gañean.

 

        Gaur aditu bear dezue, N.K. dotriña bat txit premiazkoa, askoren itxumenak kentzeko guziz bearra; eta askotan predikatzen bada ere, pekatari askok txit nekez konprenditzen duena, eta ondo konfesatuko badira, nai ta ez jakin bear duena. Esango dizuet bada, Konfesioko edo Penitenziako Sakramentua ondo errezibitzeko, nolako pekatuen dolore edo damutasuna guziek nai ta ez eduki bear degun. Eta orretarako 1. zer dan, eta zenbat modutan dan, erakutsiko dizuet. Eta 2. egiazkoa izateko, nolako kondizioak bear dituan damutasunak, azalduko dizuet.

        G. Penitenziako edo Konfesioko Sakramentuak zenbat parte ditu? E. Iru, dio Trentoko Konzilio santuak, eta dira; 1. Biotzeko kontrizioa edo pekatu egindako damutasun egiazkoa: 2. aozko konfesioa: eta 3. obrazko satisfazioa. Baña iru parte oetan beste bi ere sarturik daude: kontrizio edo egiazko damutasunean sarturik dago, berriz pekaturik ez egiteko proposito firmea edo asmo sendo eragillea. Eta aozko konfesioan sarturik dago edo aditzen da, aurretik egin bear dan konzienziaren examiña, egin dituan pekatuak gogora edo burura ekarteko; bada bestela ezin bear bezela konfesatuko ditugu edo konfesoreari esango diozkagu. Eta argatik, obeto bearrez aurtxoai erakusten zaie, konfesio on bat egiteko bost gauza bear dirala: 1. konzienziaren examiña edo egin dituan pekatuak burura edo memoriara ekarteko, au da, aezaz oroitzeko edo akordatzeko asko dan ainbesteko alegiña egitea. 2. Biotzeko dolore edo damutasun egiazkoa, pekatuarekin Jaungoikoa ofenditu dualako. 3. Ez berriz pekaturik egiteko proposito edo asmo firmea edo sendoa. 4. Egin dituan pekatuak aoz konfesatzea edo esatea batere utzi bage lotsaz edo bildurrez. Eta 5. obraen satisfazioa edo konfesoreak agintzen duen penitenzia kunplitzea.

        G. Penitenziako edo Konfesioko Sakramentuak duen parterik edo gauzarik prinzipalena, premiazkoena, eta ezin iñola ere utzi ditekeana zein da? E. Trentoko Konzilio santuak lenengo aitatzen duen biotzeko kontrizioa edo pekatuaren egiazko damutasuna edo dolorea.

        G. Eta damutasun edo dolore ori zer da? edo nola da? E. Da Jaungoikoa ofenditutako biotzeko damua, eta pekatuaren kontrako gorrotoa, ez berriz pekaturik egiteko asmo edo proposituarekin batera.

        G. Eta damutasun edo dolore ori zenbat modutan da? E. Modu bitan; batari deritza kontrizio perfektoa, eta da, amoriozko damutasuna, edo karidadearekin au da, Jaungoikoaren guzien gañeko amorioarekin lagundurik edo animaturik dagoana; edo da, Jaungoikoa guzia ona, eta maitagarria dalako, eta beste gauza guziak baño geiago maite degulako, aren Majestadea ofenditutako biotzeko damutasuna, ez berriz pekaturik egiteko, konfesatzeko, eta satisfazio emateko asmo edo proposito egiazkoarekin batera.

        G. Eta beste damuari nola deritza? E. Kontrizio inperfektoa, eta esaten diogu atrizioa edo bildurrezko damutasuna; eta da, pekatuarekin Jaungoikoa ofenditutako biotzeko dolore edo damutasuna; zerren pekatu egiñaz galdu degun grazia, eta Zeruko gloria, eta merezitu izan degun betiko Infernua, edo zerren pekatua berez dan, izan ditekean gauzarik itxusiena, billauena, eta lotsagarriena; bada egiten gaitu Jaungoikoaren etsaiak, eta infernuko demonioaren esklabu, katibu edo menpeko infameak; eta damutasun onekin batera orobat eduki bear degu, ez berriz pekaturik egiteko, konfesatzeko, eta satisfazio emateko egiazko propositoa, eta baita aurrera Mandamentuak gordetzeko, eta batez ere Jaungoikoa biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik amatzeko deseoa, asmoa edo borondate egiazkoa edo eragillea; eta orretara leiatu, eta mugitu bear gera artarako egokiak diran konsiderazioakin; eta Jaungoikoari bere amorio santua eskatuarekin; onela erakusten due eren Katezismoetan Fr. Luis de Granada Beneragarriak, eta Bosuet Franziako Obispo jakintsuak, eta onek batez ere, Trentoko Konzilio santuaren dotriña gai onetan azaldu edo explikatzen duela; eta orrela bertatik justu, eta Jaungoikoaren adiskide egiten gaituan amorio perfektoa edo karidadea oraindio ez eduki arren, gaude egiaz prestaturik Konfesioko Sakramentuak ematen duen grazia errezibitzeko, eta ala, absoluzioarekin batera pekatuak barkatzen zaizkigu; graziazko estaduan jarten gera, eta justuak, eta Jaungoikoaren adiskideak, eta Zeruko herederoak egiñik gelditzen gera.

        G. Zer diferenzia dago kontriziozko edo amoriozko damutasunaren, eta atriziozko edo bildurrezko damutasunaren artean? E. Biak dira guztiz onak, eta Jaungoikoaren doaiak; baña kontrizioa edo amoriozko damutasuna askoz da obea, nobleagoa, estimagarriagoa, eta balio geiagokoa; eta ala, nola urrea dan balio geiagokoa, zillarra baño, bada amoriozko edo kontriziozko damutasun egiazkoak konfesatzeko asmoarekin bagaude, bertatik konfesatu baño lenago Jaungoikoarekin adiskidetzen gaitu; pekatuak desegiten edo barkatzen dizkigu, eta estadu graziazkoan ipinten gaitu; baña ala ere konfesatzeko obligazioa gelditzen zaku. Baña atriziozko edo bildurrezko damutasunak orrenbeste indar eztu, eta Jaungoikoa amatzeko asmo edo desei hutsak, egiazkoak izan arren, eztira bereala eldu oi, ain biziak, indarsuak, eta eragilleak izatera, nun bertatik egiazko karidadea edo justu egiten gaituan kontrizioa, sortu eragiten duen; eta argatik, pekatu mortal egin ezkero estadu orretan dagoan penitentea, absoluzioa errezibitu baña lenago illko balitz, kondenatuko litzate, eta absoluzioarekin salbatuko litzate; eta kontriziozko edo amoriozko damutasun piña, bizia, indartsua, eta eragillea bear bezelako gradoan zeukana, salkatuko lizate, konfesatu baño lenago illko baliz ere, eta orrelako damutasunarekin pekatuen barkazioa iritsi zuen gure lenengo gurasoak Adanek, eta Ebak, Sansonek, Dabidek, San Pedrok, Santa Maria Magdalenak, eta beste askok; eta Kristau onak damutasun ori erraz ejerzitatzen due, batez ere orazioa konsiderazioarekin egiten duenean; baña Kristau ardurabageak, pekatura oituak nekez iristen due, eta ortik erraz ezagutuko dezue, zenbat zor diogun gure Jesus onari, Konfesioko Sakramentuarekin gure salbazioa errazago, eta seguruago ipiñi digulako; bada bertatik justu egiten duen amoriozko kontrizioa eztu erraz iristen pekatu mortalean egon danak, eta errazago iristen du atrizioa edo prestatzen da edo moldatzen da Konfesioko Sakramentuarekin batera, Jaungoikoaren grazia, eta pekatuen barkazioa iristeko, eta errezibitzeko.

        G. Eta pekatuen biotzeko dolore edo damutasunak, naiz kontrizioak, naiz atrizioak, eta ari darraion propositoak egiazkoak, eta ez iduripenezkoak izateko, nolakoak izan bear due? E. Arren gogoan ar ezazue eranzuera au, bada guztiz bearra degu guziok dotriña onen ezaguera. Pekatuen dolore edo damutasunak, eta proposituak lau kondizio oek bear ditue egiazkoak izateko. 1. Izatea biotzekoa: 2. izatea sobrenaturala edo Jaungoikozkoa. 3. izatea guziakikoa edo pekatu mortal guziena. 4. Izatea damutasun edo dolore txitezkoa, beste gaitz guztiak baño geiago pekatua iguitu eragiten diguna. Eta 1 izan bear du bada damutasunak, eta propositoak biotzekoa; eta ezta asko akto kontriziozkoak oituraz errezatzea, eta aoz esatea, pekatuaren bear dan damurik, iguirik eta gorrotorik edo aborrezimenturik gure barruan edo biotzean eduki bage: eta ala, gure gaizki egiñaz penaturik, lotsaturik, eta tristeturik egon bear gera, eta berriz ez egitea erabaki bear degu; eta ori esan nai du biotzeko doloreak, eta kontrizioak, eta baita atrizioak are; len gogorra, eta arroa zegoan biotza, nolabait ausi, bigundu, eta, esaten dan bezela, humillatu, eta mudatu bear da: len maite zuan pekatua edo pekatu gaia iguindu bear du, eta ardurabage ofenditu zuen Jaungoikoa injuriatuaz edo aserratuaz penaturik egon bear du; eta aurrera ez berriz pekaturik egiteko, eta Jaungoikoa gogotik serbitzeko, eta aren legea osoro gordetzeko proposito firmea, eta gogo egiazkoa, bere biotzean edo bere barruan artu bear du, bada bestela konfesioak batere balio eztu.

        G. Eta damutasun edo dolore ori izan diteke egiazkoa, eta piña, biotza beratu bage, bigundu bage, eta negarrik egin bage? E. Bai; bada biotzaren izenaz ezta aditzen gorputzean daukagun aragizko biotza, baizik gure animaren naiera, naimendua edo borondatea; eta diferenzia guztiz andia dago gorputzeko begiakin edo sentiduakin ikusten ditugun kalteak, naigabeak, eta gaitzak eragiten duen sentimentuaren, eta mintasunaren, eta animako ezaguerarekin, eta batez ere fedearen begiakin, eta argiarekin ezagutzen ditugun animako kalteak ematen duen barruko damu, dolore, eta penaren artean; kanpoti ikusten ditugun naigabeak, atsekabeak, eta kalteak bereala ukitzen, minberatzen, eta sentikortzen gaitue; baña begiz ikusten eztiranak, nola diran, pekatuak animari egiten diozkan kalteak, ez gaitue mugitzen, eta sentikortzen, eta orobat da pozaren aldetik; begiz ikusten ditugun ondasunak, atsegiñak, eta estimazioak agitz alegratzen gaitue, eta biziro deseatzen ditugu; baña fede guztiz bizia, eta argitua ezpadegu, animako ondasunak, eta irabaziak gutxi poztutzen gaitue, eta eztitugu biziro deseatzen; eta bakarrik konsiderazioarekin ezagutzen ditugu, ala animako gaitzak, nola ondasunak, eta ezaguera orrezaz, eta Jaungoikoak ematen digun argiez eta graziai konforme, gure barruan gaitzak edo pekatuak iguitzen ditugu, eta birtuteak maite ditugu, eta gure borondateak artzen du gaizki egiñaz, eta Jaungoikoa ofendituaz egiazko damua, eta pekatuaren gorrotoa, eta ez berriz egiteko, eta birtuteari jarraitzeko asmo firmea, eta eragillea; eta ori askotan, eta geienean gertatzen da, gorputzean miñik sentitu bage; biotzeko beratasunik, eta biguntasunik izan bage, eta negarrik egin bage, barruan egiaz damuturik egon arren. Ala ere, damuaren indarrez negar egitea gauza txit ona, eta balio andikoa da; baña ori gure eskuan eztago, Jaungoikoaren doai andi bat izan oi da, nai duenari ematen diona. Eta kontrara ikusten da, berez natural biguña, sentikorra duen persona, askotan txit erraz negar malkoak botatzea, lastima ematen duen edozein gauza aditu orduko; baña eren barruak batere mudatu bage, pekatuaren egiazko damurik, iguitasunik edo gorrotorik artu bage; zerren bear dan bezela borondateak pekatua iguitzeko, eta benetan aborrezitzeko, pekatuaren gaiztakeria, eta kalte arrigarriak ezagutzeko alegiñik egiten eztuen, konsideraziorik orretarako egiten eztuen, eta ezta bear dan oraziorik edo erregurik Jaungoikoari penitenziaren edo egiazko damutasunaren doaia eskatzeko. Eta argatik eztue iristen, ondo eta frutuarekin konfesatzeko nai ta ez, bear dan barruko edo biotzeko damutasun edo dolorea.

        Eta onek Jaungoikozkoa edo naturalezaz gañeko ere izan bear du egiazkoa izateko, eta au da damutasun egiazkoaren bigarren kondizioa. Zer da bada damutasun edo dolore Jaungoikozko edo naturalezaz gañeko ori? Da Zeruko doai aundi bat, Jaungoikoak gogo onez ematen diguna gure partetik, ondo errezibitzeko edo iristeko prestatzen bagera edo alegiñak egiten baditugu. Gauza bi nai, ta ez bear ditugu daukagun itxumena sendatzeko, eta pekatuak iguitzeko, eta bizimodu on bat egitera jarteko; 1. da, fedeak ematen duen Zeruko argia, eta gure partetik konsiderazioa, pekatua zer dan, eta nolako kalteak dakazkian ondo ezagutzeko. Eta 2. da, Jaungoikoaren grazia gure biotza, eta borondatea mugitzeko pekatua iguitzera zelo aborrezitzera, eta justizia edo birtutzea maitatzera. Eta ori argiro ikusi zan Santa Maria Magdalenagan, au izan zan eskandalorik asko eman zuen emakume famatu bat; Jesu-Kristok egiten zituan mirariak, eta aren dotriña aditu zituan; Jaungoikoak argitasun bizi bat eman zion, bere pekatuen aunditasuna ondo ezagutzeko, eta ukitu zion bere biotza, eta fede bizi batekin, esperanza humil batekin eta karidade irazeki batekin billatu zuen Jesu-Kristo, konbidaturik zegoan etxe batean; oñetan etzin zitzaion; bere negar malkoakin oñak busti zion, eta bere buruko illeakin garbitu ziozkan, eta aren damutasun edo kontrizioa ain bizia izan zan, nun bertatik Jesu-Kristok berak esan zion, aren pekatuak barkaturik zeudela, zergatik aren amorioa aundia izan zan; eta orra penitenzia egiazko baten ispillu ederra; Jaungoikoaren graziatik asitzen da, eta aren argitasun eta laguntasunarekin eta penitentearen alegiñakin iristen da.

        G. Ezin bada Kristauak, dotriñako egiak dakizkian ezkero, nai duen guzian bere adimentu, eta arrazoiarekin bakarrik, pekatua zer dan, zein gaitz arrigarria dan, eta nolako kalteak dakazkian ezagutu, eta sinistu lezake? Eta bere borondatearekin pekatua iguitu, eta damu artu lezake? E. Ez Zeruko argi bage, edo Jaungoikoak eman bage barruko bere argia, bere grazia edo inspirazioa fedeko egiak edo pekatua iguitzeko arrazoiak edo motiboak gogoratzeko, eta bear bezela sinisteko, eta konsidetatzeko, eta orren ondoren damuturik, pekatuari gorroto artzeko, eta bizimodu gaiztoa utzirik, bizitza berria egiteko. Ori guzia eztegu gure indar utsakin egiten; bada pensamentu on batere ezin egin dezakegu Jaungoikoaren grazia bage; eta argatik esan dizuet, egiazko damutasuna edo dolorea Zeruko doai andi bat dala; eta orregatik da sobrenaturala edo naturalezaz gañekoa, gure adimentu, eta borondatearekin bakarrik ezin iritsi dezakeguna, Jaungoikoaren argitasun eta laguntasun bage; eta orra zerk guziok humillatu bear gaituan, eta Jaungoikoak berak penitenzia, eta konfesio on bat egiteko gogoa, deseoa, eta inspirazioa ematen digunean, gauza bi egin bear ditugu; bata, berari eskerrak ematea, zerren beregana deitzen gaituan, eta bestea, humiltasunarekin, eta Jesu-Kristoren izenean, konfianza oso batekin eskatzea penitenzia, eta konfesio on bat egiteko bear degun argia, grazia, eta laguntasuna eman degigula, eta batez ere egiazko damutasunaren doaia.

        G. Eta zergatik geiago izan bear du damutasunak edo doloreak sobrenaturala edo naturalezaz gañekoa? E. Damutzeko, eta pekatua iguitzeko izan bear ditugun motiboakgatik. Damutzen bagera pekatu egiñaz, pekatuak mundu onetan ekarri dizkigun kalteakgatik, nola lotsakizunak, eritasunak, deshonrak edo kastiguak, txit damuturik, tristaturik, eta negarra darigula egon arren, damutasun ori da bakarrik naturala, eta orrekin bakarrik bat konfesatuko baliz, alperrik konfesatuko lizate, eta milla bider absoluzioa emango baliobe ere, ez Sakramenturik, eta ezta pekatuaren barkaziorik artuko luke; eta ori gertatu oi zaie eren honra, eta fama galdu duen neskatxe zoroai; ondasun guziak galdu dituan jokulariai; justiziak arrapatu dituan lapurrai; osasuna, eta ondasunak galdu dituen ordiai; eta lujuriari darraiela ibilli diran giza zoroai; bada orien damutasunak izan oi dira komunkiro, etorri zaizten gorputzeko edo munduarekiko kalteakgatik, eta ez animakoakgatik.

        G. Zer motibo eduki bear degu bada pekatu egiñaz damutzeko, eta pekatua iguitzeko? E. Edo kontriziozko motiboak edo atriziozkoak; ez munduko errespetoakgatik edo kalteakgatik, ezpada fedeak erakusten dizkigun motibo sobrenaturalakgatik damutu bear gera, edo begiratzen diogula fedearen argiarekin ofenditu degun gure Jaungoikoaren izate soberanoari edo aren ontasun neurribageari, edo aren guganako amorioari, eta egin dizkigun mesede guztiz aundi, eta miragarriai; edo pekatuaren itxutasun, eta gaiztakeri izugarriari, Jaungoikoaren aserrean, eta gaitziritzian ipinten gaitualako, eta demonioaren zorigaiztoko katibu edo menpeko billabak egiten gaitualako; edo betiko gloria, eta zoriona galdu eragiten digulako; edo betiko infernua merezi eragiten digulako; edo Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren frutua geren kulpaz galdu degulako, eta berriz Jesu-Kristo gurutzean illerazotzeko diña motibo eman degulako; orrelako motiboak ez dizkigu gure arrazoi natural utsak erakusten, baizik fedearen argi sobrenaturalak edo naturalezaz gañekoak; eta oriek gogora ekarri, eta konsideratu bear ditugu pekatuaren damutasuna edo dolorea, sobrenaturala izango badegu; eta orra Kristau onak txit kontuz, eta arretaz egiten duena, konfesatu baño lenago; eta orra Kristau ardurabageak, eta batez ere gaizki oituak egin oi eztuena, eta kontentatzen dira konzienziako examiña labur batekin eta barrua ukitzen, mugitzen, eta aldatzen eztuen akto kontriziozkoren bat edo beste errezatuarekin, eta ala, eren konfesio guziakin erremediatzen eztira, eta ezta eriotzako orduan ere, zerren pekatuaren gaiztakeria edo malizia, eta aren kalte arrigarriak bear bezela gogoratzeko, eta ezagutzeko alegiñik egiten eztuen; eta ezin dateke ezagutzen eztan gaitza iguitzea, eta aborrezitzea, eta are gutxiago, bear bezela arzaz damutzea, eta ura erremediatzeko proposito edo gogo sendo eragillerik artzea.

        Eta orra zerk daramatzan Infernura ezin kontatu ala Kristau; geienak eztitu kondenatzen konfesioaren faltak, baizik egiazko damutasun sobrenaturalaren, eta propositu onaren faltak; deabruak itxuturik dauzka, sinistu eragiten die, pekatuak examiñatu edo gogoratu, eta konfesatu ezkero, guzia dagoala erremediaturik, eta erremedioaz pozoia egiten duela, pekatu egitera asko jarten dira konfesatzeko esperanzarekin, eta ez lirateke artara jarriko pensatuko balue, damutu bear det, eta benetan damutu bear det, eta penaturik egon bearko det orain egiten dedan pekatuaz. Eta or ezagun da, konfesatu ezkero besterik zer egin eztuelako daukeen itxumen guztiz kaltegarria; eta ala konfesioaren gauzarik bearrena, premiazkoena uzten due, zeña dan damutasuna, edo aiñ azaletik, eta aiñ argalkiro damua, eta propositoa artzen ditue, nun frutu bage Konfesioko edo Penitenziako Sakramentua errezibitzen duen.

        Kontu bada arren, N.K. konfesatu baño lenago Jaungoikoari gogotik bere argia, eta grazia eskatu egiozue, zuen pekatuen gaiztakeria, eta kalteak ondo ezagutzeko, eta aritu zaitezte astiro pekatua iguitzeko, eta aborrezitzeko, eta arzaz damutzeko, eta ez berriz pekaturik egiteko, proposito sendoak artzeko, fedeak erakusten dizuen, eta orain aitatu ditugun motibo guztiz andiak konsideratzen; eta oriekin esnaturik, mugiturik, eta egiaz damuturik akto kontriziozkoak biotzetik egiten; Jaungoikoari humildade, eta konfianza bizi batekin Jesu-Kristoren izenean barkazioa eskatzen, eta baita, aurrera bizimodu on bat egiteko edo Jaungoikoaren amorioan eta adiskidetasunean bizitzeko bear dezuen laguntasuna, eta indarra benetan eskatzen; eta orrela txit ondo, eta frutu andiarekin konfesatuko zerate, eta izango dituzue, egiazko damutasunak nai ta ez bear dituan beste kondizio biak.

        G. Zein dira oriek? E. Bata, izatea damutasun guziakikoa, jenerala edo pekatu mortal guziena, batere berezi edo apartatu bage; eta bestea izatea damutasun soberanoa edo dolore guzien gañekoa, beste gaitz, neke, eta naigabe guziak baño geiago pekatua iguitu edo aborrezitu eragiten diguna. Ara nola daukagun obligazioa Jaungoikoa amatzeko gauza guztiak baño geiago, eta gure animako salbazioa geiago estimatzeko, munduko honra, ondasun, eta atsegin guziak baño; ala, Jaungoikoa eta gure anima galdu eragiten dizkigun pekatu mortala, geiago aborrezitu bear degu munduko neke guziak baño, eta pekatu mortalik ez egiteagatik erabaki bear degu, ala bear baliz, gure gurasoak, gure senideak, seme edo alabak, aideak edo adiskideak, gure estimazio, honra, ondasun, eta konbenienzia edo era guziak, eta baita gure bizia galtzea ere, eta, nola pekatu mortal bat bakarrik asko dan, Jaungoikoa galtzeko, eta gure anima betiko kondenatzeko; orregatik pekatu mortal guziak ezin geiagoraño aborrezitu bear ditugu, batera apartatu bage, eta aek egindako damu jenerala edo guziakikoa, eta eragillea eduki bear degu.

        Eta onetan utsegin oi due len esan dedan konsiderazio bage, eta maite dituen pekatu gaiak benetan aborrezitu bage, eta uzteko ere asmo egiazko, eta irmo bage, konfesatzen diranak. A! eta zenbat onelako munduan ikusten diran! Baña aitatuko ote ditut emen guziak banaka? Ori ezin dateke dotriña labur batean; eta ala ere, ezin esan gabe utzi dezaket. 1. Pekatu mortala, eta batez ere lujuriakoa egiteko arrisku edo peligro gertu edo urrean eren borondatez daudela, konfesatzen diranak, eztuela pekatuaren egiazko damutasunik, eta ez proposito firme eragillerik: 2. alkarrekiko gorrotoan daudela, konfesatzen diranak, gaizki konfesatzen dirala; bada ezta posible pekatuen barkaziorik Jaungoikoagandik iristea, alkarri biotzetik lenago barkatu bage, eta alkar amatu bage. 3. Besteren ondasuna, honra edo fama gaizki kendu, eta biurtzeko egiazko alegiñik egiten eztuenak, egin dezakeala, eztuela egiazko damutasunik, eta ez propositorik, eta gaizki konfesatzen dirala. 4. Pekatu mortala egiteko oitura, kostunbre edo aztura gaiztoa arturik daukenak, ori ezitzeko, eta menderatzeko erremedio eragilleak artu nai ezpaditue, negarra dariela konfesatu arren, eztuela egiazko damutasunik, eta ez proposito onik; bada Jaungoikoa ezta hitz ederrakin kontentatzen, baizik obra onakin, eta indar egin bage, eta gogotik peleatu bage, ezin oitura gaiztoak erremediatu ditezke. Kontu bada biraugille, juramentugille, murmuratzalle, danza zikin, eta jostatze loizaleak; ardora, eta joku luze kaltegarrietara emanak edo oituak. Benetan erremediatu nai ezpazerate, kondenatuak izateko arrisku guztiz aundian zaudete. Oitu gaitezen bada guziok geren buruak ezagutzeko, eta erremediatzeko egunoro konsiderazio piskatxo bat egitera; pekatuaren egiazko damutasuna berritzera, eta konfesiorako ondo prestatzera; orrela iritsiko degu pekatuen barkazioa, Jaunaren grazia, eta sekulako gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa