www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN DOTRIÑA

 

Eta lenengoa Penitenziako
Sakramentu Santuaren gañean.

 

        G. Pekatu mortal egin ezkero, penitenzia egiazkoa egin gabe iñor salba diteke? E. Ez, N.K.: Eta ori Fedeko egia da? Nola ere dan, eta ziertua, eta jakiña, nun eztan Eskritura Santa guzian geiago aitatzen, eta agertzen dan gauzarik edo egiarik. Ala, anziñako Profeta Santuak, nola Jesu-Kristo gure Jaunak, eta bere Apostolu Santuak, nola Elizako Arzai, eta Maisu guziak egia ori beti erakutsi zuen, eta ala, bearrago degun gauzarik ezta, penitenzia egiazkoa, eta konfesio ona nola egin ondo jakitea baño; eta argatik zeoro, eta argiro erakutsi nai dizuet, N.K. Penitenziako edo Konfesioko Sakramentu Santua frutuarekin edo probetxuarekin errezibitzeko jakin bear dezuen guzia. Jaungoikoari nai dakiola gure adimentuak argitzea, eta askoren itxumenak gai onetan erremediatzea.

        G. Penitenzia zer da? E. Gaizki egiñaz damu artzea, eta ez berriz egiteko asmo egiazkoa edukitzea.

        G. Penitenzia zenbat modutan da? E. Penitenziaren izen au iru modutan aditzen da: 1. da penitenzia birtutea, eta da Jaungoikoak ematen digun Zeruko doai bat, gure gaiztakeriak edo pekatuak ezagutzeko, eta iguitzeko; aek egindako damu edo dolore egiazkoa artzeko, eta aurrera erremediatzeko edo ez berriz pekaturik egiteko asmo edo proposito egiazkoa gure biotzean edukitzeko. 2. Penitenziaren izenaz aditzen da, Penitenziako, eta Konfesioko Sakramentua Jesu-Kristo gure Jaunak ordenatu zuena bere lege berrian, bateatu ezkero egindako pekatuak barkatzeko: eta 3. penitenziaren izenaz askotan aditzen da, penitenziazko obra onak egitea edo penitenziazko frutuak ematea, eta pekatu larrian edo mortalean erori edo konsentitu ezkero, kondenatuko ezpagera, naitaez damutu bear gera, ondutzeko asmo egiazkoa artu bear degu; al degula ondo konfesatu bear gera, eta pekatuaren zorra pagatu bear degu edo pagatzeko korondate egiazkoa eduki bear degu, eta ori guzia nola egin guziok jakin bear degu.

        G. Eta badira ala ere pekatariak pekatuaren barkazioa iristeko, Infernutik libratzeko; Jaungoikoarekin adiskidetzeko; aren grazia iristeko, eta betiko zoriona seguratzeko, zer egin bear duen edo konfesio on baterako nola prestatu edo zuzendu bear diran eztakitenak? E. Bai; pekatari ardurabage asko arkitzen dira, deabruak itxuturik edo engañaturik, ondo konfesatzeko nolako prestaera bear duen eztakienak, eta jakiteko alegiñik ere egiten eztuenak; eta askotan konfesatu arren iñoiz ere egiazko penitenziarik, eta konfesio onik egiten eztuenak, ez eta eriotzako orduan ere. Eta Zerura dijoatzelako ustean illtzen dira, baña Infernura joaten dira; zerren jakiñeztasunak edo ignoranziak gai onetan eskusarik eztu: Zer lastima andiagorik, eta negargarriagorik izan diteke!

        G. Zer erremedio bada itxumen orretatik, eta kalte izugarri orretatik libratzeko? E. Penitenziaren, eta konfesio egiazkoaren gañeko dotriñak edo erakusteak gogotik aditzea, ondo ikastea, eta aurrera beti ondo konfesatzeko alegiñak egitea. Eta ala uste det, N.K. zuen arreta edo atenzio guztia ipiñiko dezuela konfesioaren gañeko gaurko dotriña, eta urrengoak txit kontuz aditzeko, eta ainbeste inporta dizuen frutua edo probetxua ateratzeko. Eta gure dotriña laburraren galdeai narraiela gaur esango dizuet, Penitenziako, eta Konfesioko Sakramentua zer dan; nola ordenatu edo egin zuen; zertako egin zuen; zein bearra, eta probetxugarria dan; eta aizkenik, nola penitenzia egitea geroko utzi bear eztegun.

        G. Zer da bada Penitenziako, eta Konfesioko Sakramentua? E. Da, pekatuen damuzko konfesioarekin eta Sazerdote Konfesoreak ematen duen absoluzioarekin egiten dana; pekatariaren aldetik bear da, egin dituen pekatuak igui izatea, nazkatzea edo gorrotatzea, eta aek egindako egiazko damua edo dolorea edukitzea, eta barkazioa iristeko deseo edo esperanzarekin garbiro autortzea, agertzea edo konfesatzea, aekgatik zor duen pena mundu onetan pagatzeko asmo, intenzio edo borondatearekin; ori guzia da Sakramentuaren gaia edo materia, eta orren ondoren Sazerdote Konfesoreak esaten dituan hitz oek: nik absolbitzen zaitut zure pekatuetatik, dira Sakramendu onen forma, eta orduan egiten da Penitenziako edo Konfesioko Sakramentua.

        G. Eta zergatik deitzen diogu orobat Konfesioko Sakramentua edo Penitenziako Sakramentua? E. Deitzen diogu konfesioa, zerren konfesioa edo pekatuak agertzea edo autortzea da Sakramento onen parte prinzipal bat, eta ageriena; baña egokiago deitzen diogu Penitenziako Sakramentua zerren Sakramentu onen mamia edo sustanzia dago batez ere biotzeko penitenzia, damutasun, eta dolorean, eta onek perfektoa edo osoa edo Jaungoikoaren amorioarekin animaturik dagoana bada, guzia erremediatu dezake, ezin konfesatu danean. Baña edo kontriziozko edo atriziozko damutasuna edo biotzeko dolore bage, konfesioak, eta absoluzioak batere balio eztue, eta Sakramenturik egiten ezta, eta pekaturik barkatzen ezta.

        G. Nork ordenatu edo egin zuen Penitenziako edo Konfesioko Sakramentua? E. Jesu-Kristo gure Jaunak berak; Eskritura Santuak San Mateoren, eta San Joanen Ebanjelio santuetan segurutzat esaten digu, Jesu-Kristok bere Apostoluai Zeruko giltzak eman ziela, eta pekatuak askatzeko edo barkatzeko, eta baita lotutzeko, ta ez barkatzeko eskualdia eman ziela. Jesu-Kristo gure Jauna piztu edo erresuzitatu zan egunean Apostoluai agertu zitzaien; bere pakea eman zien; bere arnasa ezarri edo komunikatu zien, eta esan zien; «Ar ezazue Espiritu Santua, zuek barkatzen dituzuen pekatuak, barkaturik geldituko dira, eta zuek barkatu bage uzten dituzuenak, barkatu bage geldituko dira». Eta orrela pekatarien Juezak egin zituan, eta eskualdi ori etzien bakarrik erentzat eman Apostoluai; baita aen kargua izango zuen Sazerdote Konfesore guzienzat. Eta ezin dateke pekatariak ondo juzgatzea, eta nori barkatu, eta nori ez, ondo jakitea, pekatuak Konfesoreari agertu bage; eta ala, Apostoluen denporatik onera, konfesioko legea beti ezagutu, erakutsi, eta agindu izan du Eliza Ama Santak.

        G. Eta lenagoko denporetan, au da, Adanen denporatik Jesu-Kristo gure Jauna mundura etorri arteko bitartean, ez ote zan Konfesioko Sakramenturik, eta aoz pekatuak esateko legerik, eta obligaziorik? E. Ez; orduan etzegoan orrelako legerik: baña bai, beti izan zan, penitenzia egiazkoa egiteko legea, eta obligazioa, eta ez nolanaiko penitenzia, baizik, pekatuen barkazioa iritsiko bazuen, bear zuen biotzeko kontrizio perfektoa, edo Jaungoikoaren guzien gañeko amoriotik jaiotzen dan biotzeko damutasuna, eta baita egiazko proposito edo borondate ziñezkoa, eta eragillea, pekaturik ez geiago egiteko, eta penitenziazko obrakin pekatuen zorra pagatzeko edo Jaungoikoaren justiziari satisfazio emateko. Eta orrelako biotzeko penitenziarekin orduan salbatzen ziran.

        G. Zertako da bada orain Penitenziako, eta Konfesioko Sakramentua eta errezibitzeko legea? E. Bateatu ezkero egindako pekatuak barkatzeko; batez ere mortalak, baita benialak ere; baña diferenzia onekin, ze, pekatu mortalik ezin barkatu diteke konfesatu bage edo konfesatzeko borondate bage; baña pekatu benialak barkatu litezke naiz konfesioarekin naiz konfesatu bage.

        G. Eta bada pekaturik ain andirik, eta ikaragarririk Penitenziako Sakramentuak ezin barkatu lezakeanik? E. Ez; munduan egin diran, eta egin ditezkean pekatu guziak barkatzeko indarra eta birtutea dauka, pekataria bera humillatzen bada, eta ondo prestaturik konfesatzen bada. Baña galdetzen det: Eztirudi, lege ori nekeza, eta gogorra dala, lotsatzen gaituen gure pekatu, eta gaiztakeri estali edo sekreto guziak geurk agertzera, eta konfesatzera beartzen, premiatzen edo obligatzen gaituen ezkero? Ala dirudi, gure pasioari, honratuak izateko leiari edo inklinazioari, eta gure desprezioaren iguitasunari bakarrik begiratzen badiegu; baña ezta lege gogorra, baizik erraza, eta biguña, orren probetxuari ondo begiratu nai badiogu, eta gure berri ondo zekien, gure Salbadoreak gure onagatik ala ordenatu zuela, konsideratu nai badegu. Urkamendi batean illtzera, kondenaturik bazeunde, eta zure gaiztakeria zeurk damaturik, konfesatzeagatik bakarrik, barkazioa eskeñiko balizue, a! zein erraz, eta zein pozik konfesatuko zendukean; bada betiko urkamenditik, eta betiko infernutik libratzeagatik, nola gogorra, eta nekeza iritzi bear diozu zu bezelako gizon argal bati sekreto guztiz andiaren azpian egiten diozun konfesioari? Eta batez ere, konfesioak dakazkitzun probetxuai begiratzen badiezu?

        G. Zer probetxu dakazki bada Konfesioko Sakramentuak? Eta legeak? E. Guztiz asko, eta guztiz andiak. 1. Gure buruak ondo ezagutzeko, eta humillatzeko premian ipinten gaitu; dala gure konzienziaren examiñarekin; dala gure pekatuak konfesatu bearrarekin; eta orrela, gure itxumen guzien, eta gure pekatuen sustraia dan soberbia, eta arrotasuna desegiteko, eta birtute guzien zimendua edo sustraia dan biotzeko humiltasuna exerzitatzeko berariazko gaia ematen digu, eta batez ere Penitenziako birtutea iristeko nai ta ez bear degun gure barruko gaiztakeriaren ezaguera, eta orri darraion lotsa, damu, eta pena artu eragiten digu; eta ala konfesatzeko lege ori ezpagendu geroago eta itxuago, geroago eta arroago, eta gogorrago geldituko giñateke, eta komunkiro, penitenziarik egin bage zuzen-zuzen Infernura juango giñate: eta ainbesteraño da ori egia, nun esperienziak beti ala erakutsi du. 2. Gure arrotasunak, eta erabageko gerekiko amorioak dakarkigun itxumen aundia argitzeko, eta erremediatzeko, guztiok degu besteren konseju bearra, eta Jesu-Kristok ipini digu konfesoreagan nork argitu, nork konsejatu, eta nork erremedioak eman, eta konfesatu bearrik ezpagenduke, gure gaiztakeriak iñori ez agertzeagatik gure itxumenean, eta erremediorik billatu bage egongo giñateke, eta geroago eta itxumen andiagoan eroriko giñate, eta oitura gaiztoak Infernura eramango ginduzke, eta or agiri da, zenbateraño Jesu-Kristok gure salbazioa deseatzen duen; bada ain erremedio egokiak gure gaitzak sendatzeko konfesioan ipini dizkigu; baña oraindio obeto ori ezagutuko dezue, gogora ekarten badezue, eta au da 5. probetxua, eta mesede guztiz andia, zenbat errazago, eta seguruago pekatuen barkazioa konfesio on batekin iristen dan, biotzeko kontrizio utsarekin baño; bada pekatu mortalak bertatik desegiteraño, eta Jaungoikoaren grazia, eta adiskidetasuna iristeraño elzen dan amoriozko kontrizio obetan dua edo perfektoa, ezta zuek bearbada uste dezuen bezin erraza, eta akto kontriziozkoak aoz esanagatik, gutxi oi dira, bear dan ezaguerarekin, humiltasunarekin, eta biotza osoro Jaungoikoagana itzultzen, eta aldatzen duen amoriozko damutasunarekin, akto kontriziozkoak edo onez damuak egiten duenak; batez ere lenago artara oiturik ezpadaude edo Zeruko argitasun, eta laguntasun aundi bat izaten ezpadue. Baña ona, N.K. konsuelo andi bat, zuen kontrizioa onenbesteraño ez allegatu edo eldu arren, atriziozko edo bildur damu egiazkoa badezue, orrekin, eta Konfesioko Sakramentuak berez ematen duen graziarekin iristen dezue konfesioan, absoluzioa errezibitzen dezuen instantean pekatuen barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia, eta adiskidetasuna; eta atriziozko edo bildur damu ori errazagoa da kontriziozkoa edo onez damua baño, beste aldi batean dolore edo damutasun bien gañean hitz egiten degunean esango dizuedan bezela.

        G. Eta badakarkigu beste probetxurik Konfesioko Sakramentuak? E. Bai; eta ona bat guztiz estimagarria. Kontu egizue, Kristau batek Jaungoikoaren grazian dagoala guztiz obra on asko egiten dituala, Zeruan dauden Santu guziak ainbeste meritu edo irabazi egin dituala, eta oriei dagokien gloria gozatu bear zuela; baña zorigaiztoaz pekatu mortal batean arrezkero erori dala. Bada instante orretan, bere lengo obra guziak, eta irabazi guziak illik gelditzen dira, eta aei zegokien sari guzia, eta gloria guzia galdu du, eta Zerurako irabazi berririk ezin egin dezakean estadu tristean gelditzen da, penitenzia egiazkoarekin Jaungoikoaren grazia berriz iritxi artean. Orra pekatu mortal baten puzunia zein arrigarria dan beste gaitzik ezpalu ere; baña ona Konfesioko Sakramentu santuaren indarra, eta birtutea, zein andia, eta miragarria dan; ez bakarrik ondo konfesatu ezkero pekatu mortalaren barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia eta gloriarako deretxoa ematen dio, baizik galdu zituan lengo obra on guzien merezimentuak biurtzen diozka, eta baita ari zegokion gloriazko deretxo guzia ere, eta ondasun berri ugariagoak irabazteko bidean ipintzen du. Eta, nork ondo aditzera eman lezake probetxu onen balioa? Persona bati guztiz aberatsa dala itxasoan ondatuko balitzaizka edo lapurrak eramango balizkioe dituan ondasun guziak, zer pena artuko luke? Eta gero osoro biurtuko balizkioe, nolako poza, eta atsegiña izango luke? Bada ortik kontu atera ezazue, zenbat geiago balio duen, konfesioak biurtzen dizkitzuen ondasun galduak, eta andiagoak irabazteko deretxoak; eta zenbat estimatu bear dezuen Konfesioko Sakramentuaren erraztasuna, ain probetxu andiak atera ditzaketzuen ezkero.

        G. Eta eztakar beste probetxurik Konfesioko Sakramentu santuak? E. Bai, eta guztiz andiak, eta miragarriak, batez ere sarri konfesatzera oitu nai bagera; bada ez bakarrik egin ditugun pekatuak, ala mortalak, nola benialak barkatzen dizkigu; baizik aurrera pekaturik ez egiteko, gure oitura gaiztoen indarra gutxitzeko, eskuratzeko, gure obligazioak ondo ezagutu, eta osatzeko, eta bizimodu pakezko bat egiteko, eta eriotza on baterako prestaturik egoteko, ematen dizkigu laguntasun guztiz asko, eta guztiz eragilleak; eta orrez gañera, pekatuen zorrak mundu onetan erraz pagatu eragin. Purgatorioko penak emen deskitatu edo gutxitu, eta Zerurako ondasun guztiz andiak irabazi eragiten dizkigu. Orra nolako kalteak erremediatzen dituen, eta nolako ondasunak irabazten dituen ondo, eta sarri Konfesioko Sakramentua errezibitzen duen Kristauak; eta ortik ezagutu dezakezue konfesioko legea zein erraza, eta biguña, eta zein probetxugarria, eta premiazkoa dan, gu betiko kondenaziotik libratzeko, eta betiko salbazioa seguratzeko: eta argatik fede bizia duen Kristauak utsegiteren bat edo beste argaltasunez egin arren, egiaz humillaturik, eta damuturik, eta ondutzeko asmo egiazkoarekin pozik konfesatzen dira, eta animako pakea, eta ondo bizitzeko, aurrerako indarrak artzen ditue. Eta, nork esan ditzake konfesio on baten ondoren, Komunio santutik Kristauak ateratzen dituan probetxuak? Baña ezta au gaurko dotriña gaia, (sarri aitatzea merezi badu ere) Eta kontrara, pekatu mortalean bizi oi diran Kristau ardurabageak, joku andi kaltegarriak edo erenzat edo besterenzat egin oi dituenak ardurabage okasioa datorkienean edo erak billaturik moteltzeraño, eta eren buruak irabiatzeraño ardoa edo mistela edo aguardientea edaten duenak; danza zikiñak, edo jostatze leunak egin oi dituenak; gaitziritzi, gorroto edo aserrean bizi diranak, birau gaiztoak, eta juramentu gezurrezkoak ardurabage egin oi dituenak, batari edo besteari edo fama ona edo estimazioa edo ondasunak kendurik, eta biurtu nai ezta daudenak, eta beste onelako asko, iñor baño, ondo konfesatzeko, eta erremediatzeko premia estuagoan daudenak, izan oi dira konfesioaren igasi dabiltzanak, edo noiz edo noiz edo Pazkuaz kunplitzeko konfesatzen badira ere bear dan egiazko damutasunik, eta benetan erremediatzeko proposito irmo, eta eragillerik artu oi eztue, gero erak erakutsi oi duenez.

        G. Zer erremedio bada onelakoen itxumena sendatzeko, eta bertatik penitenzia egiazkoa, eta konfesio ona egitera ipinizeko? E. Jaungoikoak arren argitu ditzala, eta kondenatuak izateko daukien peligro edo arrisku arrigarria ezagutzeko, grazia diela, bada bestela erremediorik eztago, orrelakoak bada ezagutu bear due, geroko, eta azkeneko eritasuna datorkieneko egiazko penitenzia, eta konfesio ona, eta bizimodu berria egitea luzatzen badue, komunkiro Infernura betiko jaisteko peligro guztiz andian daudela. Baña esango due; Ezta bada asko pekatutik libratzeko, eta salbatzeko, lenago gaizki bizi izanagatik, eriotzako gaitza eta ordua datorrenean al badu konfesatzea, eta ori ezin badu, akto kontriziozko bat egitea? Bai asko da, orduan ondo konfesatzen bada, edo akto kontriziozko egiazkoa egiten badu. Baña diot, Elizako erakusle edo Doktore santuakin batera beti geroko edo eriotzako peligrorako egiazko penitenzia egitea; eta konfesio on bat egitea luzatzen duen pekatari gaitzera oituak, ardurabageak, esperanza falso orrekin bizi izan diranak; komunkiro edo supito iltzen dirala edo eriotzako orduan zenzua, eta juizioa galtzen duela edo adimentu argiarekin egon arren edo oñazak edo eren artuemanak zuzendu bearrak, edo illtzeko larriak edo eren konzienziako nasteriak azoratu oi dituela, eta zer egin eztakien moduan ipiñi oi dituala; eta Konfesoreak lagundu arren bere konseju, eta hitz onakin akto kontriziozkoak edo onez damuak edo fedeko, esperanzako, eta karidadezko aktoak egitera, nola artara lenago oituak eztauden, eta eren betiko eskergabetasunarekin Zeruko argitasun, eta laguntasun espezialak desmerezitu izan dituen, bildur izateko da, orduan ere beti bezela oituraz, aoz bakarrik akto kontriziozkoak egingo dituela, eta benetan konbertitu bage ilko dirala: bada erregela jenerala izan oi da, nola bizi, ala ill. Lenago ondo konfesatu oi ziranak orduan ere komunkiro ondo konfesatuko dira, eta salbatuko dira; baña lenago gaizki bizi izan arren, mudanzarik: erakutsi bage, bizimodu berririk egin bage, konfesatu, eta lenera biurtu, bere denpora igaro duenak; komunkiro eriotzako peligroan ere bear dan penitenziarik egin bage, eta pekatuen barkazioa iritsi bage iltzen dira, eta ori eren kulpaz gertatzen zaie, ez Jaungoikoaren miserikordiaren faltaz, (bada abisorik asko, eta goargi, eta inspirazio asko eman zien ondutzeko; baña gogortu ziran, kasorik egin etzuen, eta oraiñ Jaungoikoaren justiziari dagokio orrelako pekatari ardurabageak, eta esker gaiztokoak eren itxumen borondatezko orretan largatzea, eta betiko Infernura botatzea.

        Esna gaitezen bada arren, N.K.; penitenzia egiazkoa, eta konfesio ona egiteko, prestatu gaitezen ezaguerarekin, eta humiltasunarekin; pekatu egindako biotzeko damutasun andi batekin, aurrera ez berriz pekaturik egiteko; okasio edo peligro gaiztoak uzteko, eta largatzeko, eta gure oitura txarrak benzitzeko, proposito, gogo, ota asmo irmo, eta eragille batekin; eta orretarako aurretik aritu gaitezen gure konsiderazioak egiten, eta Jaungoikoari gogotik eskatzen bear degun argia, eta grazia, pekatuaren gaiztakeri edo malizia arrigarria ezagutzeko; benetan aborrezitzeko, eta egiaz humillaturik, eta damuturik ondo konfesatzeko, eta aurrera bizimodu on batean irauteko; bada eztago, N.K. beste biderik gure buruak betiko Infernutik libratzeko, Jaungoikoarekin adiskidetzeko, egiazko pakea orain iristeko, eta eternidadeko pake, zoriona, eta gloria gero gozatzeko: Jaungoikoak arren guzioi digula ori. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa