www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA SEIGARREN DOTRIÑA

 

Lujuriako pensamentu edo deseoen gañean.

 

        Jaungoikoaren legeko seigarren mandamentu santuak lenengo eragozten du adulterioa, edo besteren lagunarekin aragizko pekatua egitea: eta txit egokiro, bostgarren mandamentuan gizonaren biziari kalte egitea eragotzi ezkero, guziok pakean, eta amorioan bizi gaitezen; seigarren mandamentu santu onetan gizonak, eta andreak biziaren ondoren duen gauzarik maiteena, eta estimatuena, au da, alkarrekiko amorioa, eta leialtasuna, eta orri darraion honra ondo gordetzea gure Jaungoikoak agintzen du: bada gizonak emazte ona, eta honra duena bere lagun maitea du; argan bere konfianza guzia dauka: arekin bere neke, eta poz guziok partitzen ditu: bizitza komun bat egiten due: eta eren humeetan berdiñ due parte. Eta ala ortik ezagun da zeiñ injuria arrigarria, eta zeiñ kalte andia dakarren adulterioko pekatu nazkagarriak: alkarri leialtasuna galdu: eta besterekin aragizko pekatu zikiña egiteak, eta ez bakarrik, berekin dakarren naigabe guztiz penagarriagatik alkarri fedea edo leialtasuna galdu diobela, dakitenean: baita ere (ori ez jakin arren) berez Jaungoikoari, matrimonioko sakramentu santuari, eta eren hume lejitimoai egiten zaien kaltea, injuria, eta ofensa guztiz andiagatik; baña adulterioarekin batera, orobat daude eragotzirik mandamentu santu onetan, eta Eskritura Santa guzian, lujuriako edo loikeriako beste pekatuak, ala pensamentu edo deseozkoak, nola hitzezkoak, eta obrazkoak: eta oriek eragotziarekin batera agintzen digu gure Jaungoikoak kastidade santua edo animako, eta gorputzeko garbitasuna kontuz gordetzea: mandamentu santu au, arrazoiaz, eta fedeaz batera eren aragia espirituaren mendean beti edukitzeko egiazko alegiñak egiten dituen Kristauentzat, da txit erraza, biguña, atsegingarria: eta Zerurako irabazbide guztiz andia: baña eren aragiaren griña edo gurari zikiñakin batera bizi diran Kristau askorentzat da guztiz nekeza, penagarria, gogorra, eta Infernurako gaia edo betiko galbidea. Eta onelakoak ez bakarrik anima galtzen due: baita gusto zikiñ labur bategatik eren gorputza ere betiko tormentuetara kondenatzen due. Zenzatu gaitezen bada arren guziok: eta mandamentu santu au kontuz gordetzeko alegiñak egin ditzakun.

        G. Zein da Jaungoikoaren legeko seigarren mandamentu santua? E. Lujuriako pekaturik ez egitea edo kastidade santua gordetzea.

        G. Zer agintzen da mandamentu onetan? E. Izan gaitezela garbiak, eta kastoak pensamentuetan, hitzetan, eta obretan.

        G. Nor dira mandamentu onen kontra pekatu mortal egiten duenak? E. 1. Loikeriako edo lujuriako gogorazio edo pensamentu likits zikiñetan, oartu ezkero, atsegin edo gusto artzen borondatez egoten direnak, obraz kunplitzeko asmorik edo deseorik ez izan arren. 2. Lujuriari dagozkion hitz, kopla edo kanta deshonestoak, loiak edo lotsagarriak esaten dituztenak: edo gogotik edo gustoz aditzen dituztenak: eta 3. besterekin edo berekin ukitze loi zikiñak edo bestelako kastidadearen kontrako obrazko pekatuak egiten dituztenak edo egitea deseatzen duenak. Ona, N.K. hitz gutxitan dotriña andia, kontuan dagoanarentzat: baña jakiñez edo ignorante askorentzat zeago eman bear dana, gai onetan itxuturik egon eztitezen: zer dan pekatu, eta zer ez ezagutu dezen: eta aurrera lujuriari larga, eta kastidade santua gordetzeko alegiñak egin ditzen. Orretarako beste dotriña batean zeoro esanik daukagu: lujuria zer dan: nundik sortu oi dan: nolako kalte izugarriak dakazkian: aren kontrako erremedio prinzipalenak zein diran: eta batez ere kastidadea zer dan: zein birtute estimagarria, eta honragarria dan: nolako ondasunak dakazkigun: eta ura gordetzeko nolako alegiñak guziok egin bear ditugun: eta ala kastidade santuaren kontrako pekatuak orain aditzera eman bear dizkitzuet: eta gaur 1. pensamentuzkoak, eta deseozkoak bakarrik esango dizkizuet: eta 2. orien okasioak edo peligroak aitatuko dizkizuet.

        Eta lenengo galdetzen det: lujuriako pensamentu edo gogorazio likitsak zenbat modutan izan oi dira? E. 1. Batzuek dira gogora edo imajinaziora etsaiak dakatzenak: eta beste batzuek aragiaren edo gorputzaren griña edo inklinaziotik sortzen diranak, eta gogora edo imajinaziora datozenak, pekatura mugitzen gaituenak: eta onelako pensamentuak edo tentazioak gure eskuan eztauzkegu; eta geurk nai eztegula ere burura datozkigu, eta Kristau onai, eta gaiztoai orobat gertatu oi zaie: eta onelako aldietan oartu ezkero burutik kentzeko aleginak egiten baditugu, pekaturik batere eztago: eta bai merezimentu edo irabazi andia Zerurako: baña ondo ezagutu edo oartu ezkero, gere nai edo borondatez gauza likits aetan atsegin artzen geratzen edo detenitzen bagera, orduan pekatu mortal egiten degu: ara nola suaren gertuan dagoan bati txingar bat bere arroparen gañean erorten bazaio, eta erretzen asi dan beziñ laster, ikusi ezkero, kentzeko, eta itzaltzeko alegiña egiten badu, kulparik batere eztu: baña erretzen dagoala ikusita, kendu nai ezpadu, eta erretzen usten badio, bere kulpa du: orrela bada aragiak, eta gogorazio edo pensamentu zikiñak piztutzen duen sua, ezagutu ezkero, bereala burutik kentzeko, eta itzaltzeko alegiñak egiten baditu, kulparik eztago, eta bai merezimentua: baña oartu ezkero, gusto edo atsegin artzen borondatez badago, bere kulpa du: eta da berez pekatu mortala: eta baita obraz pekatu egiteko asmorik edo deseorik ezpadu ere. 2. Beste pensamentu edo gogorazio batzuek dira, ez gorputzaren edo aragiaren mugitze edo griñatik datozenak; baizik borondateak berez jakiñaren gañean, sortzen dituanak: berak gogora dakatzenak: eta atsegiñarekin gogoan darabiltzenak: eta onelako pensamentu borondatezkoak, naiz aragia mugitu, eta atseginera griñatu, eta naiz ez, dirade pekatu mortalak, obraz pekaturik egiteko asmorik ez izan arren: eta onelako atsegiñezko pensamentu gaiztoak borondateak berak sortzen dituenak, Kristau onetan arkitu oi ez dira, baizik Kristau gaizto lujuriara emanik daudenetan.

        G. Eta baldin pensamentu edo gogorazio likitsak burura datozenean edo aragiaren griña edo mugimentuak sortzen diranean, gelditzen bada bat ez atzera, eta ez aurrera; osoro konsentitu edo nai bage: baña bereala kentzeko ere alegiñak egin bage, baizik zerbait oartu arren buruan badarabiltza, pekaturik egiten ote du? eta zer pekatu egiten du? E. Pekatu egiten du: batzuetan beniala: eta askotan mortala izan oi dana. Baldin tentazioa, eta aragiaren griña, eta atsegintasuna ezagutu, eta nagitasun piskaren bat baizik eman ezpadu tentazioari bereala atzera egiteko, pekatu beniala da: baña ondo oartu ezkero, berariaz ez ikusi bezela egiten badu, eta uzten badio aragiari atsegin artzen, pekatu mortala egiten du: bada borondateak nai duela aditzera ematen du: eta bestela ere konsentitzeko peligro aiñ andian ezin jarri liteke: bada aragiaren griña gaiztoari, oartu ezkero, atzera egiten ezpazaio, erraz itxutzen gaitu, eta konsentitu eragiten digu: eta ala oartu ezkero, tentazioari atzera ez egitea bera da eskuarkiro señale nai duelakoa: baña persona aiñ adimentu laburrekoa, eta ezaguera gutxikoa baldin bada, nun bereala oartzeko, eta erabakitzeko, eta tentazio zikiña iguitzeko, eta atzeratzeko besteak baño denpora geitxego bear duen: oraindio egiaz osoro konsentitu eztualako edo borondateak libertadearekin nai izan eztuelako errezeloa edo ustea artu diteke: baña onelako aldietan, nola eskuarkiro osoro konsentitu duen edo ez, eziñ argiro ezagutu ditekean; gertatu zaion moduan konfesatzeko obligazioa dauka: eta konfesoreak bakoitzaren bizimoduari, eta daukan argitasun edo jakineztasunari ondo begiratu ta juizioa egingo du.

        G. Eta orobat da pensamentu edo gogorazio likitsetan atsegin artzen egotea, nola pekatu egiteko deseoak edo asmoak artzea? E. Agitz dira diferenteak: bada pensamentu zikiñetan gusto, eta atsegin artzea askotan gertatzen da obrazko pekaturik egiteko deseo edo asmorik izan bage: eta ala deseozko pekatuak gai onetan izaten dira, batek asmoak artzen dituanean pekaturen bat edo gauza likitsen bat egiteko onelako edo alako personarekin, eta orri deitu oi zaio: pensamentu konsentitua edo erabakia: eta da berez pekatu mortala: osatu bage edo kunplitu bage gelditu arren edo damutu zaiolako edo erarik izan eztuelako. Eta ori Jesu-Kristo gure Jaunak bere Ebanjelioan argiro erakusten digu. (Math, 3) bada dio: ze emakume bati begiratzen dionak, ura deseatzeko, bere biotzean edo barruan pekatu egin duala: eta konfesioan esan bear du, ez nor zuen bere gogoan, ez eta personaren izena; baña bai, ezkondua bazari, aidea bazan, kastidadeko botoarekin Jaungoikoari konsagratua bazan: au da, zer estadu zuen: bada estaduaren diferenziak, kastidadearen kontrako pekatuaz gañera, beste pekatu mota bat, eta mortala berekin dakar, eta konfesatu bear da.

        G. Eta pekaturako edo gauza likitsetarako leia gaiztoa edo griña gaiztoa bere gorputzean, eta gogoan sarri sentitzea, pekatu ote da? E. Borondateak ezagutu ezkero nai ezpadu, igui badu: bat penatzen badu: eta griña gaiztoari atzera egiteko alegiñak egiten baditu; nola dan Jaungoikoari edo Ama Birjiñari edo Aingeru Guardakoari bere laguntasuna eskatzea: edo gorputza zerbait nekatzea edo mortitikatzea; edo tentazioari alde egiteko, beste gauza on batzuetara pensamentua itzultzea: orduan pekaturik batere eztago: eta bai merezimentu andia; len esan dizuedan bezela: eta ala Kristau bildurtiak, pekatua igui duenak, eta onelako alegiñak egiten dituenak konsolatu, eta esforzatu bear dira: bada tentazio guztiz goaikarriak sarri burura etorri arren Zerurako irabazi andiak egiteko gaia ematen die: eta beti tentazioaren kontra garaia edo biktoria seguru irabazteko, iru gauza batez ere kontuz gorde bear ditue: 1. humiltasuna: au da, eren argaltasuna ondo ezagutu, eta ez iñola ere arrotu, eta beregan fiatu, baizik bildur santu bat beti eduki. 2. Da, konfianza oso batekin tentazioko denporan Jaungoikoari bere sokorru, laguntasuna, eta indarra eskatu: eta 3. da, eren aldetik danez okasiorik edo motiborik loikerietarako ez iñori ematea: eta besteak artarako eman leizkien bide edo okasioetatik txit kontuz alde egitea: eta batez ere begiak ondo gordetzea gauza loi likitsik ikusten ez jarteko: eta ustez ustekabe alakorik ikustea gertatzen bazaio, bereala begiak beste aldera jiratzeko, eta tentaziorik badatorkio bereala atzeratzeko: eta orobat eskusatu bear du deshoneskeriako gauzak, nola ipui, kopla edo berso zikiñak aitatzea edo atsegiñez aditzea: eta guzien gañean ikutze zikiñik, nola jostatze, musu, laztan edo beste orrelakorik iñori egitea edo berari egiten uztea, txit kontuz eskusatu bear du: bada orrelako aldietan ezagun da kastidadea maite duen edo ez; edo lujuriaren iguirik duen edo ez: eta alako alegiñak, eta erremedioak egitea dituelarik ere tentazio txarrak, eta gorputzaren, eta aragiaren griña fortitzak, eta mugimentu zikiñak sentitu arren, borondateak nai eztuelako señale ona dauka; eta orobat, berak biderik eman bage amets loiak egitea gertatzen bazaio; eta esnatzen danean igui baditu, pekaturik batere egiten eztu: baña berak bidea edo motiboa artarako ematen badu; edo ez eman arren motiborik, ondo esnatu ezkero, atsegin artzen badu, orduan pekatu egiten du: eta ala Kristaua oitu bear da, edozein tentazio txar datorkionean, bereala Jaungoikoari edo Ama Birjiña Santisimari bere laguntasuna eskatzera, eta tentazioa bereala atzeratzera: bada kontrara tentazio gaiztoak burura datozkionean, edo aragiaren griña zikiñak sentitzen dituanean, oartu edo ezagutu ezkero, bereala aen kontrako erremedioak egin ordean, atsegin artzen geratzen bada edo deseo likitsai leku ematen badie, pekatu mortala egiten du: eta orobat artarako bidea besteri emanaz edo berari gustoz ematen utziaz pekatu mortala egiten da: bada kastidadearen kontrako pekatu guziak, naiz barrukoak, gogozkoak edo biotzezkoak, naiz kanpokoak, berez dira pekatu mortalak, borondateak ezaguera edo oarmen osoarekin nai izan edo konsentitu ezkero. Eta emendik kontu atera bear due, eren animak galtzeko, eta besteai galdu eragiteko zein peligro edo arrisku andian dauden, 1. alkarrekiko kariño edo amorio geiegi arturik dauden gizakume, eta emakumeak: bada asmo edo intenzio gaiztorik antxitian ez izan arren, alkarrekiko adiskidetasunak, eta tratu sarriak piztu oi du aen biotzetan amorio loia: eta pensamentu likits asko eragiten dizte: 2. orobat daude peligro andian ezkontzeko asmoetan dabiltzan gazteak, alkarrekiko amorioari, ez Jaungoikozko edo karidadezkoari, ez eta arrazoiak, eta honestidadeak permititzen duenari; baizik aragizko amorioari eren biotzetan leku eman, ori alkarri aditzera eman: eta pensamentu zikiñ eta gogorazio likitsak eren buruetan darabiltzatenak; Jaungoikoaren bildur santuaz, orazioaz, eta konsiderazioaz ondo armaturik ezpadaude. Eta 3. are geiago peligro arrigarrian daude alkarri ezkontzeko ustea edo hitza emanik daudenak: eta uste orrekin bata bestearekin bakarrik egoteko asignazioak egin, eta bear dan baño libertade geiago artzen duenak; bada, eren iritzian uste, eta asmo gaiztorik ez izan arren Infernuko deabrua ezta deskuidatzen. Aragiak bere griña gaiztoa beti berekin dauka: eta bearbada uste baño aurrerago daramatza: eta munduaren bildurrez lotsa ekarriko dien obrazko pekaturik batzuek ez egin arren, Jaungoikoaren aurrean bestelako pekatu asko egin oi ditue: eta argatik gurasoak, eta nagusi-etxekoandreak txit erne, esna, eta kontuz egon bear due onelako peligro edo okasiorik ez permititzeko, baizik eragozteko: eta ezkongaiak erak, bata bestea Kristau onak bezela, eta ez abereak bezela, egiaz maite badue, eta alkarren salbazioa, eta eren ezkonzatan Jaungoikoaren grazia, eta bendizioa iritsi nai badue; onelako arrisku edo peligrozko okasioai alde egin bear die: eta alkarrekin hitz egiteko premiarik badue, Jaungoikoaren bildurra duen errespetoko persona baten aurrean hitz egin bear due: bada bestela, Jaungoikoa ofendituaz, eta eren animak galduaz gañera, zer esanak, eta juzgoak egiteko gaiak ugari ematen ditue: eren estimazioa, eta honra galtzen due: eta ondorengo triste asko eren buruai ekarten dizte. Jaungoikoak arren argitu ditzala: eta bildur santua, eta alkarrekiko Jaungoikozko amorioa diela: bada orrela pensamentu gaiztoak edo deseo zikiñ loiak iguituko ditue: eta okasiotik kontuz alde egingo due.

        G. Eta zein izan oi dirade kastidadearen kontrako gogorazio likitsak, eta deseo zikiñak ekarri oi dituen beste okasioak, eta peligroak? E. Txit asko dira: eta emen eztizuet zeoro esango gabetan artoak zuritzeko aitzakiarekin gertatzen diran hizkuntza loiak, eta jostatze zikiñak: ezta ere iritara Arabara doazen nezka-mutillak, an bertan, eta bidetan egiten dituzten danza, eta jolas zikiñak: ez eta erromerien aitzaki santuarekin alkar asignatu, eta bidetan, mutillak, eta neskatxak artzen dituen libertade lotsagarriak, a! zenbat sare dituan Infernuko etsaiak anima gaxoak orrelako okasioetan arrapatzeko! a! eta zein gauza bearra dan orrelako peligroetatik alde egitea edo txit eskusatzea! eta erromeriarik egin bear bada errespetoko, eta Jaungoikoaren bildurreko personakin ibiltea: baña bada oraindio beste okasio edo peligro andi bat: zein dala uste dezue? da, danzarako afizioa edo gogoa, eta danzatzeko modu gaiztoa.

        G. Pekatu ote da bada danzatzea? E. Berez da gauza indiferentea: ara nola diran berez indiferenteak karta jokuak, bola jokuak, pelota jokuak, ondo egiten badira, au da, fin edo motibo onarekin, modestiarekin, eta pekaturako peligru bage, eztira berez pekatu: baña gaizki usatzen badira, pekatu dira; eta beste pekatu askoren sustraiak izan oi dira.

        G. Noiz da bada danzea pekatu, eta noiz ez? E. Ori ondo erabakitzeko dotriña guztiz luze bat bear lizate. Ona ala ere laburtxo erregla jeneral ziertu batzuek orain premiazkoenak, bakoitzak bere buruari aplikatu leizkionak, ezagutzeko, noiz pekatu egiten duen, eta noiz ez, pasio bage, eta itxumen bage konsideratu nai baditue. Eta 1. danzatzea neska mutillak edo gizon eta emakumeak eskuak alkarri emanik izan oi da pekatu mortal, lenago alkarrekiko aragizko amorio edo kariñoa arturik daukela edo amorio ori artu eragiteko berariaz alkarrekin danzatzeko neurriak artzen dituenean: bada eskuarkiro danza orietan orrelakoen artean esku ikuitze atsegiñezkoak barruko gozamen edo gusto loi zikiñarekin batera izan oi dira: edo beinzat peligro gertu edo urrekoan jarten dira. 2. Izan oi da eskuarkiro pekatu mortal, danzatzeko moduan Kristau bati dagokan modestiari agitz faltatzen zaionean: nola dan edo gonak berariaz oñakin jaso eragitea begiakin ere atsegin gaiztoa artzeko, bear eztiran gauzak ikusiaz: edo bularretara estuak berariaz eramanaz: edo atximur zikiñak besoetan egiñaz: edo albo joka, eta tiraka lotsagarriakin emakumeak, beragana ikuitzeko ekarriaz: bada onelako Kristau lotsabageak, sobra agertzen due, ez bakarrik eren buruen arintasuna, eta zenzubagetasuna, baita askok, eta askok eren barruko usteltasuna ere: eta izurri itxaskor batzuen pare dirala: bada eskandalo nabarbena edo publikoa ematen due: eta merezi duen kastigua, zepo batean bereala sartu eragiñaz, ematen eztielako farre, eta gala egiten due: eta ori ikusten duen mutill gaztetxoak, beste ainbeste egitera ekarten edo mobitzen ditue: eta orrela oitura zikiñak, eta lotsagarriak batere lotsa bage sortzen dira: baña aen zorigaiztokoak! zenzatzen, eta erremediatzen ez badira: eta ez gutxiago zorigaiztokoak, orrelako eskandaloak ikusi, eta ala ere eragozteko neurriak artzen eztituen Justiziako Jaunak: bada Zeruko Juezak kontu estuak artuko die. 3. Orobat izan oi da eskuarkiro pekatu mortal esku danzara neska mutillak edo gizakume eta emakumeak alkarrekin joatea; lenagotik ezaguturik daukeenean, kanpotik gaizki dirudian gauzarik ez egin arren, eren barruetan tentazio andiak sentitzen dituela: eta askotan edo gogorazio edo pensamentu likitsetan edo deseo zikiñetan konsentitzen duela: bada orrelakoenzat alako danza modua da okasio edo peligro gertua: eta onelako arriskuan, berak nai duela, sartzea pekatu mortala da. 4. Danzea izan oi da neskatxe arro askorenzat pekatu mortalak egiteko okasioa: 1. zerren guraso onak motibo justuakin ori eragotzi arren obedezitu nai eztien, eta naigabetzen dituen. 2. Zerren eren buru ergelak apaintzeko etxeko gauzetatik lapurretak egiten dituen: eta 3. zerren danzarako gogoa, eta afizioa artu ezkero burua arintzen zaie, len zuen modestia, eta lotsa ona, eta edergarria galtzen due: ergelak, eta lotsabageak egiten dira, eta arrezkero Jaungoikoaren bildur santua alde batera larga, eta pekatu egiteko peligro edo arriskuan erraz sartzen dira: eta ori guzia danzarako afizioak ekarri oi du: eta eskuarkiro orrelakoak ezkondu baño lenago obrazko pekatuelan erori oi dira: eren antzeko lagun zoroakin juntatu oi dira: eta erak gero eren zorakeria ondo pagatu oi due.

        G. Baña jostatzeagatik bakarrik edo norbaiti atsegin egiteagatik: edo danzari onak diralako, danzara doazenak pekaturik egiten ote due? E. Asmo gaiztorik batere ezpadue: eta modu onarekin au da, Kristau bati edo Jesu-Kristoren mienbro, eta jarraitzalle edo diszipulu bati, eta Espiritu Santuaren tenplo edo bizileku beti izan bear duen bati beti dagokan modestiarekin danzatzen badue, pekatu mortalik egiten eztue; eta bearbada benialik ere ez: baña kondizio oriek guziok nekez gorde oi dira: eta peligro edo arriskuak, uste bage ere, erraz danzarien artean sortzen dira: bada eskuarkiro buruak arintzen zaie: eta neurri onik nekez gordetzen due: eta argatik denpora oetan egiten diran danza mota erabageetatik alde egiteak txit asko balio du! eta askorenzat gauza premiazkoa da, anima, eta gorputzeko garbitasuna, eta honestidadea gordetzeko.

        G. Eta aitatu ditugun danzako peligro andiak, eta eskandalo nabarben edo publikoak alegiñez edo albaitez eskusatzeko, zer neurri artu bear ditue, danzariak erak, eta errietako agintariak? E. 1. Neska mutillen artean; edo gizakume, eta emakumen artean eskuak alkarri emanik danzarik ez egitea: eta ez permititzea: baizik pañueloakin danzatzea: erri askotan usadioa edo kostunbrea jarri dan bezela. 2. Modestia bage danzatzen duen guziak: nola diran, len aitatu ditugun albo joka, eta tiraka emakumeak darabiltzatenak edo beste zikinkeriak nabarbenkiro egiten dituanak, bereala danzatik atera eragitea, eta kastigatzea. 3. Danzaren bukaeran egin oi diran erakerizko korrikak eragoztea: eta soñulariai pena edo kastigu galant bat ematea, artako soñurik jotzen badue: eta batez ere 4. danzak bukatzea; baserritarrak illundu baño lenago eren etxeetara joan ditezkean moduan: bada besteta bidetan libertade, eta erakeri andiagoak izan oi dira plazan bertan baño.

        Neurri edo kondizio oek premiazkoak dira, danzatik datozen pekatu txit asko eskusatzeko edo erremediatzeko: ala ere edozein danzak peligro asko berekin ekarri oi ditu: eta batez ere loikeriako pensamentu zikin asko sortu oi ditu: eta okasioan ardurabage sartzen dana erraz erorten da: edo beintzat tentazioak erraz goitzeko indarra galtzen du: eta bere buruari nekerik asko ematen dio bear dan bezin garbiro kastidade santua bere biotzean gordetzeko: eta asko da ia gaurko dotriñarik.

        Jaungoikoari arren nai dakiola guzion biotzetan lujuriaren igui edo aborrezimentu andi bat: eta kastidade santuaren amorio bizi bat sortzea: eta orretan irauteko bear diran neurri onak artzeko gogoa, eta indarra ematea: bada bestela munduak, deabruak, eta gure aragi gaiztoak erraz liluratu edo engañatuko gaitue: orazioarekin, arriskutik alde egiñarekin: eta sentiduen mortifikazioarekin goitu ditzakun bada etsai oek; eta guretzat izango da betiko orain biotzeko pakea, ota gero betiko poza Zeruko Erreinuan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa