www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN DOTRIÑA

 

Sakramentuen gañean, da bigarrena
Eukaristiako Sakramentu guztiz andiaren gañean.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunaren gorputz santua Komunioan ondo, eta probetxu andiarekin guk errezibitzea, da Jesu-Kristorenzat berarenzat gauza guztiz atsegingarria, eta honragarria, eta gure animenzat guztiz ondasungarria, eta probetxugarria, eta argatik aurretik esan dizuedan ezkero, Komunioa zertako dan, zer errezibitzen degun, eta nolako amorio guztizkoa Sakramentu santu orretan Jesu-Kristok agertu digun, gaur aditu bear dezue txit kontuz, nolako prestaera edo disposizioarekin errezibitu bear dezuen.

        G. Ondo komulgatzeko zenbat gauza bear dira? E. Iru; lenbizikoa, gorputzaren aldetik barau naturalean egotea, eta modestiarekin, eta errespeto andi batekin Aldareko Sakramentu guztiz santua errezibitzea; bigarrena, estadu graziazkoan komulgatzea; eta irugarrena, zer errezibitzen duen ondo konsideratzea, eta konsiderazio orri dagozkion biotzeko afektoakin, eta debozioarekin komulgatzea. Banaka iru gauza oek aditzera emango dizkitzuet.

        Eta lenbizikoa. G. Zer esan nai du, komulgatu artean barau naturalean egotea? E. Gau-erditik, komulgatu artean, ezer ere jan bage, eta edan bage egotea. Baña Biatiko bezela, eri dagoanak, komulgatu bear badu, eta Sakramentu santua errezibitu bear badu, eztu baraurik egoteko obligaziorik.

        G. 1 Eta zerk ausitzen du, komulgatzeko bear dan baraua? E. Janari edo edari gisa, borondatez artzen dan edozein gauzak, eta gauza txit txikia izan arren, ezagueraz artzen bada, asko da baraua ausitzeko, eta arrezkero ezin komulgatu diteke, eta jakiñaren gañean komulgatuko balitz, pekatu mortala egingo luke. Baña ortz artean, edo agiñ artean gelditu oi diran janari izpiak, txistuarekin edo arnasarekin irentsi arren, eztue baraurik galdu eragiten, zerren janari gisa artzen eztiran; ez eta arpegia edo aoa garbitzeko denporan, uste bage tantoren bat igaro arren, eztue baraua ausitzen, zerren eztuen berariaz tragatzen, ez eta janari edo edari gisa artzen.

        G. Eta tabako orria edo autsa artu liteke komulgatu baño lenago? E. Autsa artzeak, eta orriaren kea bakarrik iragatzeak, estomagora izpirik igaro bage, baraua ausitzen eztu; bada egiazko premia bage artzea, pekatu andia ezpada ere, gaizki dirudi, eta eskusatu bear lizate, errezibitu bear degun, Zeruaren, eta lurraren Jabe Soberanoari zor diogun errespeto guziz andiagatik, eta leku askotan eragotzirik ere dago, eta iñola ere tabako orria aoan erabilli, eta txupatu bear ezta; bada aren izpiak estomagora txistuarekin nai ta ez igarotzen dira, eta baraua ausitzen duen edo ez, erabakirik eztago; eta duda orrekin ezin aoan erabilli liteke edo txupatu liteke.

        G. Eta zer esan nai du modestiarekin, eta errespeto andi batekin komulgatzeak? E. Lenbizikoa, bakoitzaren bizimoduari edo estaduari dagokan erropa, janzi edo soñeko dezente, eta garbiakin komulgatu bear dala. Ez nolanai, ondo janzi bage, manteliña batekin estaltzen diralako, eta bearbada bularrak ondo lotu bage, eta estali bage, eta aurpegia, eta eskuak garbitu bage, ardurabagetasunez komulgatzen diran emakume batzuek bezela; Jaungoikoaren aurrean, eta aren Majestadea bera errezibitzeko nolanai, arlote batzuek egiñik: eta bisita batera edo plaza batera agertzeko, txit txukindurik, eta apaindurik, dituen soñekorik onenak janzirik; ori guzia da errespetoaren falta, eta fede bizirik eztaramelako señalea; baña kontrara, komunio santua errezibitzeko, eztue ergelkeriz, eta banidadez edo arrotasunez beterik, eldu bear, bada estremo edo geiegi guziak eskusatu bear dira.

        G. Eta zer geiago esan nai du, kanpoko edo gorputzeko errespeto andi batekin komulgatzeak? E. Erakutsi bear dala komunioaren aurretik, eta ondoren, kanpotik ere, barruan dagoan humiltasuna, mortifikazioa, eta garbitasuna; iñoiz ere baño kuidadu geiagorekin, gorputzeko sentiduak, nola begiak, mingaña, eta gustoa mortifikatuaz, eta batez ere ezkonduak, denpora orretan matrimonioaz usatu bage egonaz; bada errezibitu bear due eren biotzean, eta gorputzean, santidadearen, eta garbitasunaren jabea, eta maisua dana, Jaungoikoaren, eta Birjiña Santisimaren Semea; baña diferenzia onekin, ze, orduan matrinionioko zorra eskatzea itxusiago da, pagatzea bakarrik baño; bada lege zarrean ere Jaungoikoak gaitzat artzen zuen, jai egunetan artzekoak eskatzea, eta kobratzea, baña ez pagatzea. Eta janziaren gañean, eta mortifikazio, eta ezkonduen garbitasunaren gañean esan dedana; txit gauza egokia, eta probetxugarria bada ere, ezta pekatu mortalaren azpian agindurik dagoana; baizik errespeto geiagorekin, eta frutu geiagorekin, eta Sakramento guztiz santu orien anditasunari dagokion erreberenziarekin komulgatzeko.

        G. Eta zer esan nai du, estadu graziazkoan komulgatzeak? E. Pekatu mortalik batere zierturik edo dudakorik bere barruan edo konzienzian senti badu edo ezagutzen badu, ezin komulgatu ditekeala, lenago bear dan prestaerarekin konfesatu bage, eta pekatu guzien barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia iristeko alegin guziak egin bage; bada San Pablo Apostoluak erakusten digu; komulgatu baño lenago, bakoitzak bere burua probatu, edo bere konzienzia examinatu bear duela, eta pekatu mortalean dagoala komulgatzen bada, bere juizioa edo kondenazioa jaten edo errezibitzen duela. Eta Eliza Ama Santak agindurik dauka, pekatu mortalean dagoala eztedilla iñor komulgatu, lenago ondo konfesatu bage.

        G. Ezta bada asko izango, akto kontriziozko batekin pekatu mortalaren barkazioa, eta Jaunaren grazia iristeko, alegiñak egitea? Eta konfesatu bage komulgatzea? E. Ez: ezta asko; nai ta ez, lekurik badu, lenago konfesatu bear du, eta ondo konfesatu bear du; bada bestela sakrilejioko pekatu mortal arrigarri bi egingo ditu; bata konfesio gaiztoarekin, eta bestea komunio gaiztoarekin, eta komunioak ematen duen graziaren aumentua, eta frutua galduaz gañera, injuria arrigarri bat Jesu-Kristori egiten dio, eta bere burua kondenatzeko arrisku guztiz andian ipiniko du.

        G. Eta komunio aurrean konfesatzen diran guziak, pekatuaren barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia errezibitzen ote due? E. Ondo konfesatzen badira bai; bestela ez. Nor dira eskuarkiro ondo konfesatzen diranak, eta nor ez? Zeoro esanik dago, Penitenziako edo Konfesioko Sakramentuaren explikazioan, eta zerren askotan berritzea, eta gogora ekartzea konbeni dan, diot bakarrik, (konfesio gaiztoa jakiñaren gañean egiten duenak, aitatu bage) beste asko dirala, aozko konfesioarekin bakarrik; bizimodu gaiztoa egiaz iguitu, eta aborrezitu bage, eta bizimodu berri bat egiteko egiazko borondate eragille bage, azaleko penitenzia, eta ez biotz osokoa egiten duenak, eta ala ere sosegu, eta pake iruipeneko batean gelditzen diranak, eta orrela komulgatzen diranak; bada orrelakoak ondo prestatu bagez, gaizki konfesatzen dira, eta gaizki komulgatzen dira. Eta eskuarkiro izan oi dira, gorrotoan besterekin aspaldian daudenak; afizio edo amorio zikiña norbaiti artu, eta al duela, argandik apartatu bage bizi nai duenak; besteren ondasunak batetan, al duela, edo aldiko zati edo parte bat biurtu nai eztuenak; iñori egindako kalteak edo dañuak, naiz ondasunetan, naiz fama onean edo estimazioan, erremediatu nai eztituenak, eta pekatu mortalak egiteko oitura, aztura edo kostunbre gaiztoa benetan erremediatzeko, goitzeko edo eskuratzeko erremedio eragilleak artu nai eztituenak, edo egingo dituela esan arren, bereala aspertzen diranak, eta proposito sendorik, eta eragillerik eztuelako señale klaroak ematen dituenak; nola izan oi diran, sarri moskortzen diranak; juramentu gezurrezkoak ardurabage egiten dituenak; birau edo maldizio larriak biotzetik esan oi dituenak; erabageko joku andi kaltegarriak utzi nai eztituenak; danza zikiñak edo jostatze loiak edo lujuriazko peligro andia dakardenak, ardurabage egiten dituztenak. Eta beste onelako asko; erraz agindu bai, erremediatuko dirala; baña erremedio eragillerik egin ez: pekatua igui duela diobe, baña pekatu gaia utzi nai eztue; bada orien propositoak dira aizezkoak, iruipenekoak, ez egiazkoak, eta ondo konfesatu, eta komulgatu nai badira, desengañatu bear dira: damutasun egiazkoa, eta proposito firme eragillea, nolakoak izan bear duen, ondo ikasi bear due, eta benetan iristeko alegiñak egin bear ditue, eta orrela ondo konfesatu, eta estadu graziazkoan komulgatuko dira.

        G. Baña alako damutasun egiazkorik, eta bertatik ondutzeko proposito firmerik eztuenak, eztue obe, izango, konfesatu bage, eta komulgatu bage egotea, urte guzian ezeze, urte askotan ere? Zertako gaizki konfesatu, eta komulgatu? Eta Infernurako sugai, eta tormentu geiago eren buruai erakarri? E. Orrelako itxu, fedea illik daukaten zorigaizlokoak eztue beste erremediorik, eren estadu triste, errukigarria, ondo konsideratzea baizik, alde guzietatik estumena baizik ikusten eztue, bada pakea orain, eta gero izango badue, bertatik eren buruak erremediatu bear ditue, eta benetan prestatu bear dira ondo konfesatzeko, eta komulgatzeko, bada jakiñaren gañean gaizki komulgatzea, da, izan ditekean gaiztakeriarik arrigarriena; Jesu-Kristorenzat deshonragarriena, eta animarenzat kaltegarriena.

        Eta orobat, ez komulgatzea premiazko denporan, da, pekatu mortal guztiz andia egitea, eta beti Deabruaren mendean egotea, eta eren buruak Infernura botatzea. Eta ala, komunio gaiztorik iñola ere ez egiteko, eta komunio ona egitera prestatzeko, piztu bear due daukaten Kristauaren fedea, eta onek erakusten dizkigun motibo guztiz andiak, gogora ekarri, eta ausnartu bear ditue; eta lenbizikoa, konsideratu bear due, komunio gaiztoa egiten duenak, Jesu-Kristori berari, Zeruaren, eta lurraren Jabe Soberanoari, bere Egille, Erredenptore, Salbadore, eta Maisu guztiz maitagarriari egiten dioen injuria, desprezio, eta billaukeri edo traizio arrigarria, eta nazkagarria; bada badakie, eta sinisten due, Kristauak, pekatu mortalean dagoanak, bere biotzaren jabe egiñik daukala demonioa bera, eta bere biotza edo anima estadu orretan, munduan izan ditekean monstruorik itxusiena, eta izugarriena dala, eta tokirik ustelena, eta kiratsdunena, eta ala ere, ain toki itxusi, zikin, eta nazkagarrian paratzen due, ipintzen due, sartzen due, Jesu-Kristoren persona bera, bere gizatasun, eta Jaungoikotasun guziarekin; eta ori, zergatik? Munduko errespeto edo honra zital bategatik; interes edo ondasun labur bategatik; aragiaren gusto edo atsegin loi zikiñ bat, ez uzteagatik; gorroto edo bendeku gaizto bati, ez largatzeagatik edo pekatuko aztura gaiztoa, ez menderatzeagatik; bere borondate txarra ukatzera, ez jarteagatik, eta konfesio on bat egiteko pena edo neke laburra, ez artzeagatik. Eta sinistu liteke, ikusiko ezpaliz, Kristau batek orrelako gaiztakeria, eta lotsabagekeria egiten duenik? Eta Judas salzalle, traidore billauaren maldade arrigarria bera berritzen duenik? Eztago bada N.K., dudarik, Judasek bere Maisu Jesu-Kristo Juduai saldu, eta entregatu zienean, illerazotzeko, egin zuen gaiztakeria bera, egiten du, gaizki komulgatzen dan Kristau lotsabage esker gaiztokoak; bada Judasek bezela, adiskidearen anzarekin muiñ egiñaz, errezibitzen du Jesu-Kristoren gorputz santua, bere mingaiñ madarikatuaren gañean, eta sartzen du bere etsairik amorratuenaen erdian; demonioaren aldean ipinten du: Nor arritzen ezta onelako ausardiaz? Eta zer mereziko du ori egiten duenak? Eskuarkiro datorkio orrelakoari, animako itxumen andi bat, Jaungoikoaren deiarenzat gorreri andi bat, eta biotzeko gogortasun izugarri bat Judasi bezela, bada ark lenengo komunio gaiztoa egin zuen, eta bereala, desesperatu bat bezela, bera urkatu zan, eta infernura betiko jatxi zan. Kontu bada arren N.K. dotriña onekin; erabaki ezazue arren, milla bider illtzea, komunio gaizto bat egitea baño, eta iñoiz alakorik egin badezue, bertatik penitenzia egiazkoa egizue.

        G. Eta asko da pekatu mortalak ondo konfesatzea, eta estadu graziazkoan jartea, ondo komulgatzeko? E. Bai asko da, mandamentuarekin, eta premiazko obligazioarekin kunplitzeko; baña orrez gañera, frutu geiago ateratzeko, eta Sakramentu guztiz andi orri, eta or errezibitu bear degun Jesu-Kristo gure Jabe, eta Errege Soberanoari dagokion garbitasunarekin, eta errespetoarekin komulgatzeko, pekatu benialetik ere gure anima edo biotza garbitzeko, alegiñak egin bear ditugu; eta orren bearra, konparazio edo antzorde onekin, erraz ezagutuko dezue, zuen fedea piztu nai badezue; zuek bisitatzera, honratzera, eta mesedez betetzera, zuen etxera etorri nai balu Españiako Erregeak edo beste Prinzipe andi batek, eta baziñakie noiz etorri bear duen; etziñateke kontentatuko, bakarrik aren etsai gaiztoak zuen etxetik ateratzearekin; ori gauza premiazkoa da; bada bestela, zeurok ere aren etsaiak zeratela, aditzera emango zenduke; baizik, zeuron etxetik aterako zenduke, Erregeari begietan edo igui emango likion loikeri, zikinkeri, eta autskeri guzia, eta al dezuen ondoena, zuen etxea garbituez ezeze, apainduko zenduke, alako Jauna errezibitzeko. Ala bada, etzerate kontentatu bear, zuen Errrege Jesu-Kristoren bizilekua izan bear duen biotzetik ateratzearekin, aren, eta zuen etsairik andiena, au da, pekatu mortala, eta onekin batera, zuen jabe egiñik zegoan demonioa bera: Bada nor (guztiz itxuturik, eta gogorturik ezpadago), atrebituko da, Jesu-Kristoren Majestadea bera, eta demonioa toki batean juntatzera, eta edukitzera? Baizik zuen biotzetan (pekatu mortala konfesio on batekin bota ezkero) arkitzen diran pekatu benialaen zikinkeriak kendu bear dituzue, zuen Errege, eta Jabe Soberanoari atsekaberik edo sentimenturik ez emateko, eta pekatu benial guziak, batez ere, ignoranziaz edo argaltasunez, ustekabean bezela egin oi dituzuenak, ezin eskusatu badituzue, gutxianez pekatu benial guzien iguia eduki bear dezue, eta ezagueraz edo oarmenaz edo adbertenzia oso-osoarekin pekatu benialik ez egiteko asmoa edo proposito egiazkoa artu bear dezue, nola, gauza txikirik ere ez ostutzeko; gezur txikirik ere ez esateko; murmuraziorik gai txikietan ere ez egiteko; janean, eta edanean neurri onetik ezagueraz ez igarotzeko; aserrealdia datorkizuenean, hitz gaiztorik edo mingarririk ez esateko, bendekurako mugida edo griña gaiztoak bereala itotzeko; alperkerian denpora ez igarotzeko, aserra erazotzen zaituen jokuak eskusatzeko, zuen egunoroko Kristau lanak, nola orazioak, errosarioak, eta beste ejerzizio onak, ez nolanai, ezpada betaz, al dezuen atenzio, eta debozioarekin egiteko; zuen nekabide, eta lanetan aserratu bage, baizik pazienziarekin, eta Jaungoikoaren izenean, eta aren honrarako zuen egitekoak, eta beargaiak ondo egiteko asmoa, eta kuidadua artuaz, eta berrituaz, eta beste utsegite txiki edo ariñak eskusatuaz, erakutsi bear dezue, pekatu benialak igui dituzuela, eta borondatez beinzat egin nai eztituzuela, eta argalak bezela askotan utsegite txikiak egin arren, damu dezuela, eta erremediatu nai zeratela. Bada bestela, pekatu benialak ezertan eztauzkenak, ardurabage egiten dituztenak, Jesu-Kristori atsegin emateko, eta eren biotzetan toki garbia prestatzeko, deseorik eztue; nolabait ofenditzen, eta atsekabetzen due, eta eskuak lotutzen diote, Kristau bildurti, eta biotz garbikoai egiten dien mesede ugariak ez egiteko; eta orra zergatik eskuarkiro Kristau epelak frutu gutxi komunio santutik atera oi duen, eta gero tentazio larriak datozkienean errazago pekatu mortalean erortzen diran, eta kontrara, Kristau kontuzkoak irauten due eren asmo, eta proposito sendoetan.

        G. 2 Eta zer geiago bear degu ondo, eta frutu edo probetxu andiarekin komulgatzeko? E. Zer errezibitzen degun ondo konsideratzea, eta konsiderazio oni dagozkan afektoakin edo debozioarekin komulgatzea. Eta orretako piztu bear degu fedea, eta berritu esperanza humilla, esker ona, karidadea, eta egin gere buruaren ofrenda osoa Jesu-Kristori. Eta lenbizikoa, fedea piztutzeko, gogora ekarri, eta sinistu ezazue biziro, bere Aitarekin, eta Espiritu Santuarekin betidanik, Jaungoiko egiazkoa dan Jesu-Kristo berbera, Aita Eternoaren Seme bakarra, zuen salbazioagatik gizon egin zana, zuekgatik jaio, eta neke guztiz askoren ondoren Gurutze batean bere bizia zuek erosteko, eta deabruaren mendetik ateratzeko eman zuena; bere birtutez piztu, Zerura igo, eta bere Aita Eternoaren gloriazko tronuan aren eskubitik dagoana, eta guziok juzgatzera etorri bear duen Juez Soberanoa; Zeruaren, eta lurraren Jabea. Errege guzien Erregea, Jaun guzien Jauna, santidade guziaren ispillu bizia, eta doai guzien Jabea, eta emallea, egiaz dagoala, (ezkutuan badago ere) zuek errezibitu bear dezuen ostia konsagratuan. Eta orrela sinisten dezuela (aditzera emateko) zuen animako erreberenziarik al dezuen andienarekin, begiz ikusiko bazendue bezela, adoratu esazue ostia santuan dagoan zuen Jabe Soberano ori, eta esaiozue fede bizi, eta humill batekin: adoratzen zaitut, eta ezagutzen zaitut, Sakramentuan zauden nere Jesus ona, nere Jaungoiko, nere Kriadore, eta Erredenptore egiazkoa zeran bezela; eta sinisten det, zerren zeurk aseguratzen diguzun, eta Eliza Ama Santak onela erakusten digun, Sakramentu guztiz santu, eta miragarri orretan egiaz gelditu nai izan zenduela, gure animen janari, eta sustentu izateko, zere pasio, eta eriotza santuaren memoria berritzeko; gureganako dezun amorio guztizkoa, guri akorda eragiteko, gure biotzak zure amorioan irazekitzeko; orretako bear degun zure grazia gugan geitzeko, eta betiko gloriaren bai edo prenda seguru bat guri emateko.

        Orra N.K., fedeak erakusten dizkigun gauza miragarrrak, biziro sinistu, eta beti gogoan eduki bear ditugunak, eta batez ere komunio aurrean ondo konsideratu bear ditugunak, eta orrela erraz gure biotzetan piztuko da, fede bizi orri darraion esperanza humilla, eta au da, komunio aurrean ejerzitatu bear degun bigarren birtutea.

        Eta orretako alde batetik gogora ekarri bear degu, gure Jesus maitearen, eta bere Aita Eternoaren ontasun, eta miserikordia kabubagea; eta agertu digun guganako amorio guztiz andia, eta bestetik, gure ezereza, gure txarkeria, gure itxumena, eta esker bagetasuna, eta gure Jaungoiko maitea ofenditzeko, eta ainbeste aldiz, eta ain andizkiro edo grabemente ofenditzeko izan degun ausardia, eta gerez gauza onik ezin egin ala, beraren grazia, eta laguntasun bage, baña ala ere, esperanza onarekin, eta humiltasunarekin gure salbaziorako bear deguna, eskatu ezkero, pozik emango digula. Egia oek ekarri bear ditugu gogora, eta Jesu-Kristori biotzetik esan bear diogu; Jauna, zu zera, munduko pekatuak kentzera edo desegitera etorri zeran bildots inozentea, gure pekatuen barkaziorako, Gurutze santuan sakrifikatu nai izan zenduena. Ori esaten digu zure Ministroak, zure gorputz santua komunioan ematen digunean. Ecce Agnus Dei, ecce qui tolit pecata mundi. Ona Jaungoikoaren arkume edo bildotsa, munduko pekatuak kentzen dituana; zugan daukat bada nere esperanza guzia nigatik ixuri zenduan odol guztiz prezioso orrekin, garbitu ezazu arren nere biotza; eztet nik merezi, zure Majesdea nere biotzean edo nere animako etxe onetan errezibitzea; baña asko da zuk nai izatea, eta agintzea, nere anima sendaturik gelditzeko. Domine non sum dignus, ut intres sub tectum meum, sed tantum dic verbo, et sanabitur anima mea. Orra, nola esperanza humillarekin alaiturik edo esforzaturik komulgatu bear zeraten. Eta esperanza ori geiago azitzeko, eta esker ona, eta karidadea exerzitatzeko, konsideratu itzatzue astiro, Jaungoikoaren ontasunari zor diozkatzuen mesede guztiz andiak; ala naturalak, nola graziazkoak edo naturalezaz gañekoak; eta batez ere, nola zeraten guzia; eta dezuen guzia Jaungoikoak emana dezuen; nola, izan ditekean ditxarik, eta zorionik andiena. Zeruan beti gozatzeko egin zaituen; nola, Kristau egin, eta Jesu-Kristoren fede egiazkoa erakutsi dizuen, nola Jesu-Kristoren biziaren edo odolaren kostuan erredimitu zaituen; nola, Sakramentu santuetan bere grazia eman dizuen, eta zuen esker bagetasunagatik betiko kondenatu ordean, beregana deitu zaituen, eta berriz, erremedio ugariak, eta eragilleak zuenzat prestaturik dauzkan, egiaz ondu, eta aprobetxatu nai bazerate. Eta azkenik, nolako amorioarekin zuen biotzetara, Jesu-Kristo bera, komunio santuan datorkizuen, zuen animen sustenturako, eta grazia geiago zueri emateko; eta ori guzia ondo pensatu ezkero, alde batetik lotsatuko, eta humillatuko zerate, eta bestetik esperanza bizi batekin poztuko zerate; zuen pekatuak, eta esker gaiztoak iguituko dituzue; pekatuen damu fiña, eta egiazkoa, eta ez berriz pekaturik egiteko proposito firme, eragilleak artuko dituzue; konfianza andi batekin Jaungoikoari barkazioa eskatuko diozue, eta ain maite zaituen zuen Jaungoiko guztiz ona, eta ongillea, biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik amatuko dezue, eta beragatik zuen lagun projimo guziak, ala onak, nola gaiztoak amatuko dituzue, eta guzion salbazioagatik Jaungoikoari benetan erregutuko diozue, eta azkenik, erraz zuen buruen, eta zuen gauza guzien ofrenda osoa Jesu-Kristori egingo diozue.

        Zorionekoak gu guziok N.K., gure borondatea osoro Jesu-Kristori ematen badiogu, eta gure erabageko deseo guziak ukatzen baditugu, eta aren gustoa, eta nai santua gauza guzietan billatzen badegu. Orduan, Jesu-Kristo izango da egiaz gure biotzaren Jabea, eta gu Jesu-Kristogan biziko gera; eta San Pablo Apostoluak bezela egiarekin esango degu; ez naiz ni bizi, baizik Jesu-Kristo bizi da nigan: eta orixe da, komunio santu baten fin prinzipala, eta orixe da, Jesu-Kristori geiena, eta gogotiena eskatu bear diogun mesederik andiena, au da, bere borondate santua gauza guzietan egiteko grazia, eta pozik emango diguna, guk humiltasunarekin, konfianza osoarekin, eta iraupenarekin eskatzen badiogu. Presta gaitezen bada orretarako biotzeko garbitasunarekin; pekatu mortalak ezeze, benialak ere aborrezituaz al ditugun obra on guziak egiñaz; eta batez ere, fede bizi batekin, esperanza humil batekin, esker onarekin, eta Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio irazeki batekin, eta gere buruaren edo borondatearen ofrenda osoa Jesu-Kristori egiñarekin; eta orrela gure pekatu guziak desegingo ditugu; Jaungoikoaren grazian iraungo degu; bizimodu pakezko bat egingo degu, eta Zerurako ondasun andiak orain irabazi eta gero betiko glorian gozatuko ditugu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa