www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA IRUGARREN DOTRIÑA

 

Bostgarren mandamentuak eragozten dituan
obrazko pekatuen gañean.

 

        Karidadearen gañeko bigarren dotriñan erakutsi nizuen, N.K.; nolako amorioa eduki bear diegun gere buruari, eta gere lagun projimoari, eta baita gere etsai, eta gaizkilleai ere: dotriña santu ura ondo gordeko bagendu, bostgarren mandamentu onen kontrako lanik, eta pekaturik ez genduke egingo: baña nola gure buruaren amorio erabageak itxutzen gaituan: eta gere anima gaxoaren, eta projimoaren kontra pekatu asko eragiten dizkigun: oriek guri eragozteko, eta pakean, eta amorioan bizi erazotzeko eman digu gure Jaungoikoak mandamentu santu au.

        G. Zein da Jaungoikoaren legeko bostgarren mandamentua? E. Ez egitea iñori gaitzik, ez obraz edo egitez, ez hitzez, ez eta deseoz edo gogoz.

        Bostgarren mandamentu santu au zuei bear bezela aditzera emateko gauza asko txit premiazkoak esan bear dizuet: eta guziak dotriña baterako geiegi dira: gaur bakarrik esango dizuet bada, nor diran mandamentu au obrazko pekatuakin ausitzen duenak: urrengoan zein diran mandamentu onen kontrako hitzezko pekatuak: eta beste dotriña batean gorrotozko, eta bendekuzko pekatuak; eta aen erremedioak aditzera emango dizkitzuet.

        Eta 1. galdetzen det; Zergatik gure Jaungoikoak gizon guzioi, eta batez ere Kristau guzioi alkarrekiko amorioa aiñ biziro, eta argiro agindu ezkero; eta orretan alkarri gaitz egiten aiñ garbiro eragotzi ezkero; nai izan du ala ere mandamentu santu onetan aiñ klaru eragotzi gure projimoa illtzea; eta iñori gaitz egitea? Zergatik bazekusen aren majestadeak, pekatu orijinaletik edo jatorrizkotik guziok degun arrotasuna, eta andinaia: ondasun gura guztizkoa: aserratzeko erraztasuna: alkarren enbidia: eta ortik datorkigun gorrotozko griña fortiza: eta emendik sortzen dan itxumen arrigarria: eta zeiñ erraz gure amorio propio erabageak, nai dituan honrak, ondasunak, eta atsegiñak ukatzen zaiozkanean, eta igui dituan injuriak, naigabeak, kalteak, eta desprezioak egiten zaiozkanean; arrazoi guziak, eta obligazio guziak azturik, bendekura, eta gorrotora ekarten gaituan: eta nola gure Jaungoikoak gure Aita onak bezela, gure pakea, eta gure bizia aiñ maite duen; orregatik gure onerako nai izan du mandamentu santu onetan aiñ argiro eragotzi iñor illtzea, eta iñori gaitzik egitea: eta ala ez bakarrik eragozten du eriotza ematea: baita ere iñor eritzea, golpatzea edo makillaka, arrika, eta nolanai, gaitz egiteko eskuak jasotzea, eta iñori bere personan kalte egitea: eta ori ez bakarrik obraz, baita hitzez, eta deseoz edo goroz ere.

        G. Nola bada Justiziak gaizkilleak illerazotzen, urkatzen edo azotatu eragiten ditu? E. Ori Jaungoikoak berak, guzien Jabea danak bezela agindurik dauka: gaiztoak kastigatu, eta onak seguroago egon ditezen: eta ala Jaungoikoaren beraren izenean, eta bere eskualdiarekin kastigatzen ditu, eta illerazotzen ditu Justiziak eren gaiztakeriakgatik merezi duenak: eta bosgarren mandamentu santuak bakarrik eragozten digu iñor gere eskuz, eta gero borondatez illtzea edo gaizki tratatzea.

        G. Eta zer pekatu da batek bere borondatez iñor illtzea, eta iñori golperik ematea, eta kaltartzea? E. Iñor illtzea da pekatu guztiz arrigarria, iguigarria, eta nazkagarria: eta aditzeak bakarrik laztutzen, eta larritzen du edozein: bestela eritzea, eta dañu andia egitea ere da pekatu mortala. Kain, Adanen seme nagusiena izan zan lenengo giza eralle gogorra, bere anaia justu Abel enbidiaz ill zuena: eta gure Jaungoikoak aren gaiztakeri arrigarria aditzera emateko, dio Eskritura Santuan, Abelen odolak Zerura deadar Kainen kontra egiten zuela. Eta edozein illtzea, eta eritzea pekatu mortal guztiz larria, eta pisua bada ere, oraindio agitz andiagoa da gurasoa edo humea, senarra edo emaztea, senidea edo aidea illtzea edo eritzea: eta zirkunstanzia ori konfesioan azaldu edo aitatu bear da: eta orobat Abade, Eliz-gizon edo Errelijiosoren bat illtzea edo eritzea: bada ori mandamentu onen kontra ezeze, errelijioko birtutearen kontrako sakrilejioko pekatua da, eta berekin dakar eskomunikazioa.

        G. Eta bere eskuz illtzen duenak, heritzen, zauritzen edo golpatzen duenak baizik eztu pekatu egiten mandamentu onen kontra? E. Baita artarako bidea ematen duenak: konseju ematen duenak: onzat artu, eta konsentitzen duenak edo nolanai projimoari bizia kentzeko edo kalte andia egiteko laguntzen duenak, pekatu mortal egiten due: eta ala ez bakarrik aurra galtzeko alegiñak egiten dituan emakumeak, orobat artarako konsejuak edo erremedioak ematea dituenak, pekatu mortal arrigarria egiten due: eta askotan exkomunikazioan erorten dira.

        G. Eta iñor ill duenak: edo zauritu edo kaltertu duenak: eta baita artarako lagundu duenak zertara daude obligaturik? E. Egin edo eragin dituen kalte edo dañu guziak pagatzera; al dan modurik edo erarik onenean: eta orrelako aldietan onena da konseju eskatzea: eta konposizio bat egitea, auzitan alperrik gastatu bage, eta Kristauakin gorrotoan jarri bage.

        G. Eta bere buruaren defensa justuan gaizkillerik illtzea pekatu da? E. Beste biderik ezpadu bere burua edo bizia gordetzeko gaitzgillea ilitzea baizik, ezta berez orduan pekatu: baña eztu izan bear bestea illtzeko asmorik, eta deseorik: bada ori pekatu da: eta bakarrik bere bizia konserbatzeagatik ill dezake: eta gaitz txikiago batekin iñor ill bage libratu baditeke, edo alde egin badezake, eziñ iñor ill dezake.

        G. Eta pekaturik egiten ote due ustez uste bage, eta oartu bage iñor illtzen edo zauritzen duenak? E. Baldin batere oartu bage, eta nai bage edo borondate bage, usterik batere bage, deskuidoan gertatzen bazaio iñor illtzea edo eritzea edo zauritzea, ezta pekatu: zergatik ezaguera bage, eta borondate bage pekaturik egiten ezta. Baña, nai ez izanagatik; illtzeko edo eritzeko asmorik edo intenziorik ez izanagatik, bere ardurabagetasunez, eta bear dan arreta, dilijenzia edo kuidadua ipiñi bagez, iñor illtzeko edo zauritzeko arrisku edo peligroan jarten bada, orduan kulpaduna da: eta pekatu egiten du edo andiagoa edo txikiagoa, ematen duen motiboaz batera: eta ala tellatu bat maneatzen ari danak ardurabage tella puska bat edo arriak botatzen baditu, lenaz abisatu bage, jendea ibilli oi dan tokian; eta iñor iltzen edo eritzen badu, pekatu egiten du: orobat emakume aurdun bati bere senarrak edo besteren batek aserrealdian golperen batzuek ematen badiozka, eta aurra galdu eragiten badio, aurraren eriotza bere gañ du: eta emen gogora ekarri nai dizuet, emakumeren batek, naiz ezkondua, naiz librea izan, bere denpora baño lenago aurra galtzea edo botatzea gertatzen dan guzian bereala begiratu bear dala txit kontuz, aurra bizi dan edo ez: eta aurra bizirik badago, eta orobat bizi dan edo ez duda badago, bateatu bear dala: bizirik badago kondiziorik ipiñi bage: eta duda dagoanean kondizioarekin, esanaz: bizi bazera, nik bateatzen zaitut Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. Eta hitz oek esaten diran bitartean egozten zaio ura buruaren gañera. Eta orobat aurdun dagoan emakumea illtzen bada, aurraren anima sokorritzeko iregi eragin bear da ama difuntaren gorputza alik lasterrena: eta aurra atera, eta bateatu bear da esan dedan moduan. Eta au da gauza bat aiñ premiazkoa edo obligaziozkoa, nun iñork aitzakiaren batekin eragotzi nai badu, pekatu mortal arrigarri bat egiten du: zerren aurrari gorputzeko bizia ezeze, Zeruko Gloria betiko galdu eragiten dion: eta ala orrelako aldietan bereala barberoari otsegin bear zaio, eta Bikarioari; eta baita orduren batzuek igaro ezkero jakiten bada ere: zerren eztakigu ziertu zenbat denporan aurrak bizirik diraben ama difuntuaren sabelean. Ama illtzanetik ogeita lau ordu igarota San Ramon Nonat bizirik atera zuen amaren sabeletik: eta bateatu ezeze, luzaro bizi, eta Santu andi bat izatera etorri zan: eta aspaldian aur asko atera dira bizirik ama illaren sabeletik, eta bateatu dira: eta lengo hitz-gaira biurtzen naizala, diot ze, orobat aur txikia daukan edo azitzen dagoan emakumeak bear dan arreta, eta kuidadu guzia ipinten ezpadu aurra aparte erazatzeko, eta nai eztuela ere, uste bage lo dagoala, oian itotzen edo illtzen badu, pekatu andia egiten duela: eta Iruñeko Obispadu onetan pekatu au Obispo Jaunari berari erreserbaturik dago: zergatik bere ardurabagetasunez aurra illtzeko peligroan jarten dan, eta nai ez izanagatik ere illtzen duen: eta ala dago agindurik, urtebete osatu artean, aurrak aparte erazatzeko: zerren askotan gertatu dan aurrak ustekabez oian itotzea: eta gero perlesiari edo biotzeko minari kulpa guzia egoztea: eta orobat aur asko edo illtzen edo gaxotzen ditue titi irabiatuak, berotuak edo gaiztoak emanaz. Eta titi onik aurrari emateko erarik eztuenak, eztie eman bear saldarik, ardorik edo beste orrelako edari sendorik: bada eziñ egosi edo dijeritu ditue; eta orretan ondo aditzen zatenak erakusten due: orrelako aurrentzat alimenturik egokiena, eta errazena dala ogi mami ona, ondo egosi: eta arekin egiten dan ogizko ura, txit loditu bagea: bada au erraz egosten, eta dijeritzen due: eta alimentu guztiz sanoa da: eta titiaren antz andia duena.

        G. Eta beste iñork, nai izan bage, eta illtzeko asmorik batere eduki bage, pekatu egin lezake, eta besteren eriotzan kulpadun izan diteke? E. Bai: borondatezko ez jakiñez edo bear dana ondo jakin bagez, erriak sendatzeko kargua duenak edo iñork eman bage kargu ori artzen duenak, erremedioak utsegiten dituenak: edo utsegiteko arriskuan jarten diranak: eta ori gertatu leikike medikuai; eta are obeto gutxi estudiatu duen barberoai: eta sarriago kulpa andiagoarekin sendatzalle edo lotzalle, eta enplastero egiten diran asko gizon, eta emakumeari: gaitzak barrukoak, eta diferenteak, eta bearbada kontrarioak izan arren, batzuek otzetik, eta besteak berotik datozenak: ala ere guziak eren gisako erremedio batzuekin beti sendatu nai dituenai, bada asko jakiñez triste engañatzen ditue eren hitz ederrakin: eta sendatu ordean gaizkiago ipinten ditue, eta askotan egunak, eta bizia laburtzen dizte: eta ala ere eren kulpa ezagutu nai eztue: eta eren itxumen guztiz kaltegarrian gelditzen dira: eta iñor aen erremedioakin noiz edo noiz sendatu bada, uste due, guziak erabatera sendatu bear dituela: eta on baño kalte geiago egiten due: eta naitaez ala gertatu bear zaie: bada berariaz estudiatu duenak, eta esperienzia luzeak dauzkatenak batzuetan engañatzen badira; Erremedio batzuek baizik guzienzat eztituenak, eta estudiorik batere eztuenak, nola askotan, eta askotan edo geienean engañatuko eztira? Eta ala orrelako sendatzalle gezurtiak justiziak kastigatu bear ditu: eta iñor oriezaz fiatu bear ezta: bada artako daude berariaz estudiatu, eta exerzizio luzeak lenago egin dituen, eta examiñaturik dauden medikuak: eta oek noiz edo noiz utsegiten badue, zerren gaitza ezin ondo ezagutu duen: alegiñak egin ezkero, pekaturik egiten eztue: eta ezta gaxo edo eriak ere aen eskuetan jarriaz: baña bai ardurazko eritasunetan pekatu egiten due eriak enplasteroen eskuetan jarten badira; bada eren borondatez geiegi arriskatzen due eren bizia edo osasuna: eta eztitut emen aitatzen ezur osatzalleak: luzaroko exerzizioarekin asko ondo kuratu, eta sendatu dituenak: bada kanpoko gaitzak eztue ainbeste arrisku nola barrukoak.

        G. Eta iñork pekaturik egiten du, bere burua illtzearekin edo bere osasuna galtzeko arriskuan borondatez jarriarekin? E. Bai: pekatu mortala egiten du: zergatik ezta bat bere biziaren, eta osasunaren jabe, nai duena egiteko: Jaungoikoa da bakarrik gure jabe: eta ala ezin gure buruaz manera dezakegu Jaungoikoaren borondatearen kontra: eta ala bostgarren mandamentu Santu onetan ez iñor illtzea, agintzen zakunean; orobat aditzen da gere burua ez illtzea: eta gere osasunari kalte andia ez egitea.

        G. Eztira bada santuren batzuek eren buruak illtzera jarri? E. Bai: baña ori egin due, Jaungoikoaren inspirazio edo agermen egiazkoarekin eta Espiritu Santuaren mugimentu ziertu batekin; Sansonek, eta Santa Poloniak, eta besteren batzuek egin zuen bezela, Jaungoikoaren beraren honragatik: eta orobat beste asko izurrietako denporan gaxo edo eriai laguntzeagatik, eta bear dituen sokoru espiritualak, eta denporalak emateagatik, jarri dira erak ere gaxotzeko, eta illtzeko peligro edo arrisku gertuan: eta karidadearen martiriak izan dira: eta fedeagatik, ill ziranak bezela, Jaungoikoa geiago honratu due: eta gloria geiago irabazi due: bada orrelako aldietan Jaungoikoaren borondatea jakiña da, eta beraren honragatik, eta projimoaren on andiagatik bizia ematea Jesu-Kristori berari, eta santuai jarraitzea da.

        G. Eta batek bere buruari illtzea deseatu leikio pekaturik egin bage? E. Nolakua dan deseo orren motiboa: illtzea deseatzen badu San Paulo Apostotuak, eta Santa Teresak, eta beste Santu askok bezela, len baño len Jaungoikoa ikustera, amatzera, eta alabatzera Zerura joateagatik eztu pekaturik batere egiten: orobat Janugoikoari egiten zaizkan ofensak ez ikusteagatik, mundutik irteteko deseoa duenak pekaturik egiten eztu. Eta munduko naigabeak, atsekabeak nekeak ezin eramanik illtzea deseatzen badu zer pekatu egiten du? Jaungoikoaren borondate edo naitasunarekin konformatzen dala, deseatzen badu, eztu pekaturik egiten edo beintzat ez mortalik: baña inpazienzia andiarekin eta desprezioarekin nolanai illtzea deseatzen badu, pekatu mortal egiten du. Eta orobat motibo justu bage illtzeko arriskuan bere borondatez jarten danak: nola leku altu edo gora batetik erorteko zorian jarten danak: zezen gaizto baten aurrean suerteak egitera abilidade andirik izan bage, jarten danak: gabaz armaturik burruka ondoren dabillenak: bere burua baliente edo guapo agertu nai ez, desafioak egiten dabillenak, eta beste onelako arriskuetan eren gogoz jarten diranak; mandamentu onen kontra pekatu mortal egin oi due.

        G. Nola bada erak illak izateko edo zaurituak gelditzeko edo besteak illtzeko edo zauritzeko arriskura dijoaz gizonak pekaturik egin bage gerrara doazenean? E. Zergatik gerra justua da guzien onerako: eta lenago da on komuna edo guztiena, partikularrena edo bakoitzarena baño: eta orduan ere gerrako legeak ondo gorde bear dira: eta ezta iñor bendekuz, eta premia bage ill bear.

        G. Eta bada besterik pekatu egiten duenik bere burua illtzeko arriskuan edo bizia laburtzeko edo osasuna galtzeko peligroan ipiñiarekin? E. Bai: eta dira erabageko jan-edan geiegi egiten duen gulosoak: gogoak ematen dienean, ordena on bage, neurribage, eta modubage jaten duenak, eta edaten duenak: eta batez ere gaitz egin oi dien gauzak jaten edo edaten dituenak: nola diran mistela, eta Aguardientea, eta indar andiko edariak sarri artu oi dituenak: bada barruak erretzen dizte: gero aoko legortasuna, eta egarria datorkie; eta bear baño ur geiago edaten due, eta orren ondoren biotzeko illtasuna, eta moteltasuna izaten due: eta ori erremediatzeko, eta eren barruak pizkortzeko berriz mistela edo aguardientea edo ardaua erabage edaten due: eta premiaren aitzakiarekin ordena bage bizi dira, osasuna galtzen due: eta baita komunkiro animako salbazioa ere: bada orrelakoak, eta orobat ardaua ugari edo geiegi edaten duenak, ez bakarrik osasuna, fama ona, estimazioa, eta ondasunak eskuarkiro galtzen ditue: baita ere geiago balio duen zenzu ona edo juizioa askotan irabiatzen, eta turbatzen zaie: eta orren ondoren erakeri andiak, eta eskandalozko pekatu asko egin oi ditue: eta eskuarkiro eren buruak ezagutu nai eztitue, penitenzia egiazkorik egiten eztue, eta betiko kondenatzen dira: eta ala gorputzeko, eta animako bizia eta betiko gloria galdu, eta infernura betiko dijoaz. Orra zer ekarri oi duen erabageko janak, eta edan geiegiak. Kontu bada, N.K. zuen buruak betiko galdu eztitzatzuen.

        G. Eta gutxiegi alimentua bere buruari opatuarekin pekaturik egin diteke mandamentu onen kontra? E. Bai: ezagueraz, eta bere borondatez bizia, eta osasuna konserbatzeko diña artu nai ezpadu, pekatu egiten du: baña orrelako gutxi ikusi oi da.

        G. Eta bere gorputza azotearekin, zilizioarekin, eta barau andiakin mortifikatzen duenak: eta orrela bere osasuna zerbait argaltzen duenak, pekaturik egiten ote du mandamentu onen kontra? E. Orretan neurri ona gorde bear da: bere gorputzaren griña edo gurari gaiztoak ezitzeko, eta espirituaren mendean gorputza edukitzeko, eta penitenzia egiteko edo bere pekatuen zorra pagatzeko mortifikatzen bada, eskuarkiro birtutezko akto andiak egiten ditu, eta eztu pekaturik egin oi: baña erabageko mortifikazioakin bere obligazioai kobru emateko gai eztala, jarri oi bada, pekatu egiten du: eta onetan ez utsegiteko erremedioa da, konfesore zinzo, prudente, eta jakinsu baten konsejua artzea: bada eskura edo larregi guziak eskusatu bear dira: zerren birtutea bitarte on, eta arrazoizkoan oi dago.

        G. Eta bizitza naturalean besteri edo bere buruari kalte edo gaitz egitea baizik eztu eragozten mandamentu santu onek? E. Baita eragozten du iñori bizitza espiritualean gaitz egitea.

        G. Eta ori nola gertatu oi da? E. Pekaturako eskandaloa edo gaitz-bidea emanarekin.

        G. Zer da eskandaloa? E. Jaungoikoa ofenditzeko, eta bere anima galtzeko bidea edo okasioa projimoari ematea: dala pekatu eragin oi duen hitz gaiztoakin edo dala berez pekaturako okasiogarri diran obra gaiztoak iñoren aurrean egiñarekin: eta baita omisiozko edo utsegitezko pekatuak nabarbenkiro egiñarekin ere; eta beste ainbeste egitera besteak ekarriarekin: eta ala eskandaloa modu askotan eman oi da: eta oartu bage askok eskandaloko pekatu andiak irinzten edo tragatzen ditue: 1. iñoren aurrean pekatu egiñaz: 2. gaitz egiteko konseju emanaz; 3. pekatu egiteko okasioan edo arriskuan projimoak ipiñiaz edo hitz loi zikiñakin edo ikuitze, eta jostatze lotsagarriakin edo murmurazio, esames, eta txismeak batetik bestera erabilliarekin. Eta 4. gaizki egiten erakutsiaz.

        G. Eta zer pekatu da eskandaloa ematea? E. Gai pisu edo larrian izan ezkero, au da, besteari pekatu mortal eragiteko diña okasio eman ezkero, da pekatu mortala; eta konfesioan agertu bear da eskandaloko zirkunstanzia ori berak egin duen pekatuaz gañera: eta eskandaloa eman duenak dauka obligazio andia, al dueneraño, eskandaloarekin egin duen gaitza erremediatzeko; bere exenplo onarekin eta konseju onakin.

        G. Eta eskandaloaren malizia edo gaiztakeria nolakoa ote da? E. Guztiz da andia, eta ikaragarria: bada deabru edo demonioaren beraren lanak egiten ditu: eta Jaungoikoari, bere projimoari, eta bere buruari ezin kontatu ala agrabio, eta kalte egiten dizte: 1. ofenditu eragiten du Jaungoikoaren Majestadea. 2. Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzaren frutua galdu eragiten du: eta aren neke, eta alegin guziak alperrak egin, eta desegiten ditu: 3. bere projimoari galdu eragiten dio Jaungoikoaren grazia, Zeruko deretxoa, obra on guzien merezimentua: eta egiten du deabruaren beraren zorigaiztozko katibu, esklabo edo menpeko: eta dakarkio betiko kondenazioa, penitenzia egiten ezpadu: eta eskandalo ematen duenak bere gaiñ ditu besteai eragin dien pekatu guziak, eta ekarri dien kalteak? Eta nork oriek kontatu? Argatik Jesu-Kristo gure Jaunak esan zuen, zorigaiztokoa dala eskandaloa ematen duen gitona: merezi duela, errota arri bat, lepoan lotu, eta itxasoaron ondora botatzea.

        Kontu bada, N.K. iñori arren gaitzik eztegiozuela egin, ez bizitza naturalean, eta ez bizitza espiritualean; baizik alkarrekiko karidade egiazkoa; eta zuen naigabe, eta estutasunean pazienzia andi bat izateko alegiñak egin bear dituzue: eta orretarako kendu biotzetik munduko andinaiak: interes gura edo apetitu txarrak: eta aragiaren gusto zikin loiak gozatzeko deseo gaiztoak: eta orrela guziakin, eta zuen buruakin, pakea izango dezue: eta batez ere Jaungoikoarekin: eta aren Majestadeak eramango zaitue gero betiko pakea, poz, eta kontentua dagoan Zeruko gloriara. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa