www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN DOTRIÑA

 

Amar mandamentuenzat sarrera.

 

        Aditzera eman ditugun ezkero pekatuen sustraiak edo bizio burudunak edo kapitatak, eta aen erremedioak: eta baita lau birtute kardinalak edo prinzipalak, eta aetatik jaiotzen diran beste birtute moralak edo gure egitekoen zuzentzalleak: orain Jaungoikoaren legeko amar mandamentu santuak erakusten diguen dotriña andia, eta premiazkoa esplikatzen abiatu bear degu: eta lenengo, dotriñako kartillarekin, galdetzen det.

        G. Arrazoiaren adiñera edo ezaguerara etorri ezkero, Kristauak jakin bear duen irugarren gauza zer da? E. Zer obratu bear duen edo nolako bizimodua egin bear duen ondo jakitea.

        G. Eta nola jakingo du, zer obratu, eta nola bizi bear duen? E. Jakiñarekin Jaungoikoaren legeko amar mandamentu edo aginteak; Eliza Ama Santarenak; eta miserikordiazko obrak.

        Esan ditzakun bada lenengo amar aginte edo mandamentuak: eta ondoren esango dizuet gaur, 1. nork, eta nola emanak diran: 2. zein premiazkoak diran: 3. zeiñ probetxugarriak diran: 4. zeiñ errazak diran: eta azkenik nola guziak Jaungoikoaren, eta gure lagun urko edo projimoaren amorioan sarturik dauden.

        Jaungoikoaren legeko mandamentu edo aginteak dira amar: lenbiziko irurak dagozkio Jaungoikoaren honrari: eta beste zazpiak lagun urko edo gure projimoaren onari.

        Lenengoa da: Jaungoikoa amatzea gauza guzien gañean.

        Bigarrena: Jaungoikoaren izen Santuan juramentu alperrik ez egitea.

        Irugarrena: jai egunak santifikatzea.

        Laugarrena: Aita, eta Ama edo gurasoak honratzea.

        Bostgarrena: ez iñor iltzea.

        Seigarrena: aragizko pekaturik ez egitea.

        Zazpigarrena: ez ostutzea.

        Zortzigarrena: Testimonio falsorik ez altxatzea, eta gezurrik ez esatea.

        Bederatzigarrena: lagun urkoaren edo projimoaren emazterik ez deseatzea.

        Amargarrena: besteren ondasunik ez gutiziatzea.

        Amar mandamentu edo aginte oek sartzen dira bitan: 1. Jaungoikoa serbitu, eta amatzean gauza guzien gañean: eta 2. zure lagun, geide edo projimoa zere burua bezela amatzean. Asi gaitezen orain esplikazioarekin.

        1. G. Zergatik amar mandamentu edo aginte oek deitzen dira Jaungoikoaren legekoak? E. Zergatik eztiran gizonak asmatuak, egiñak edo zuzenduak; ezpada Jaungoikoak berak; poderio, eta jakinduria neurribagea duenak: gure guzion Jaun, eta jabe soberanoa danak: nai duen guzia agintzeko, eta guri eragiteko eskua duenak: eta ezertan ezin utsik egin dezakeanak: gure argaltasunaren berri ondo dakienak: bere legea gordetzeko bear degun grazia, eta indarra emateko beti prest dagoanak: eta azkenik gure onerako, gure pakerako, eta zorionerako ondoena zer dagokigun, iñork baño obeto, dakian, gure Egille, eta Aita onak emanak dira amar mandamentuak edo aginteak: eta ala agitz estimatu, ondo ikasi, eta kontuz gorde bear ditugu.

        G. Nola eman zizkigun gure Jaungoikoak mandamentu oek? E. 1. Aren Majestadeak berak ezarri, eta estanpatu zituan gure animetan, eta biotzetan; arrazoiaren argia, eta onaren, eta gaitzaren ezaguera edo berezko lege naturala, gure barrunpean eman zigunean: bada guziok, gerez daukagun ezaguera onekin, dakigu, ondo dana egin bear dala, eta gaizto dana egin bear eztala: eta ortik dator, berez bezela, amar mandantentuak edo aginteak: eta ala arrazoiaren berezko argiarekin ezagutzen degu, gure Jaungoikoa guzion Egille, eta Jabe soberanoa bezela, amatu, honratu, eta serbitu bear degula: eta orretarako aren borondate edo naia egin bear degula: iñori gaitzik egin bear eztiogula: guri bestek egitea nai eztegun gaitzik, guk ere besteri egin bear eztiogula: eta besteak guri egitea nai degun ona edo mesedea, guk ere besteai egin bear diegula: eta lege natural onekin bakarrik bizi izan ziran gizonak bi milla, eta bost eun urtean, gutxi gora bera: baña jatorrizko pekatuarekin, eta onek dakarren illuntasun edo jakineztasunarekin, eta gaitzerako griña, eta leia fortizarekin, eta deabruek ematen zien itxumenarekin ainbesteraño gaiztotu ziran gizonik geienak, nun arrazoiaren argiari, eta lege naturalari etzioben begiratzen: eta gaiztakeri arrigarrietan ondaturik bizi ziran; eta ori argiro ikusi zan, zortzi persona ez, ze munduko beste gizon, eta emakume guziak, txiki, eta andiak, dilubio edo ugalde jeneralarekin Jaungoikoak ito, eta illerazi zituanean: bada, Eskritura Santak dionez, munduko guziak gaiztakeriz beterik zeuden: eta orobat ikusi zan, dilubioa ezkero, Sodomako Ziudadea, eta aren erri lagunak, suzko dilubio batekin erre, kiskaldu, eta bukatu zituanean, amar persona inozente edo justuak bedere aetan arkitzen etziralako: eta are obeto ikusi zan mundukoen illuntasun, eta gaiztakeri arrigarria, Jaungoiko egiazkoari larga, eta gezurrezko Jaungoiko edo Idoloak adoratzera jarri ziranean. Eta argatik Jaungoikoaren Majestadeak Hebreotarrak, Abrahan Patriarkaren ondorengoak, bere pueblotzat esleitu ezkero; eta aek Ejiptoko Faraon Errege gogorraren mendetik, mirari edo prodijio arrigarriakin atera edo libratu ezkero, Moises Profeta andiaren bitartez, eman zien berriro explikaturik: eta arrizko losa edo ol bitan ezarririk, eta eskribiturik: eta Moisesek, Sinaiko mendian, Jaungoikoarekin, berrogei egun, eta gau, tratatu, edo komunikatu ezkero, eta beragandik lege ori, eta puebloa ondo gobernatzeko bear zituan gañerako aginte edo ordenak artu ezkero; barreatu edo publikatu zuen amar mandamentuen lege eskribitua guztizko era bildurgarri edo izugarri batekin: bada pueblo guzia mendiaren azpiko aldean zegoala, mendiaren agertu zan odei ikaragarri bat, guzia suz, kez, trumoiez, eta tximistaz beterik: eta odei artetik, guziak enzuten zuela, irten zan tronpeta izugarri baten soñuarekin, ots edo oiu andi bat, esaten ziela: «Ni naiz, zure Jaun-Jaungoikoa Ejiptoko nekepetik edo naigabeetatik atera zaitudana. 1. Eztezu iñola ere nere aurrean ni beste Jaungoikorik edukiko: eztezu egingo Idolorik batere: ez eta gezurrezko Jaungoikoaren antz, iduri edo imajiñarik, ari agurrak egiteko, edo adoratzeko: 2. eztezu juramentu alperrik zere Jaunaren izenean egingo»: eta onela beste mandamentuak pueblo guziari aditzera eman zitzaizkan: da mandamentuak ezarririk edo eskribiturik zeuzkaten ol biak gorde zituan Moisesek urrez estalirik zegoan alianzako arka edo kutxatxoan errespeto guziz andiarekin, iñoiz ere galdu, eta aztu etzedin, Jaungoikoak berak eman zien lege santua.

        G. Eta Jaungoikoak lege zarrean Moisesen bitartez eman zituan mandamentuak nai ta ez Kristauok gordetzera premiaturik, bearturik, edo obligaturik gaude?

        E. Orri eranzuteko; jakin bear dezue, Jaungoikoak Moisesi iru lege mota eman ziozkala: 1. esan ditugun amar mandamentuena: 2. Justiziako lanak edo puebloa ondo gobernatzeko erregelak edo mandamentuak zituan legea: eta 3. denbora artako sakrifizioak nolakoak izan bear zuen; eta aek egiteko modua erakusten zuen legea.

        Bada 1. diot, eze orduko sakrifizioen legea bukatu zala, Jesu-Kristo gure Jaunak bere buruaren sakrifizioa Gurutze santuan ofrezitu zuenean. Bada lenagoko sakrifizio guziak Jesu-Kristoren sakrifizioaren figurak, antzak edo itzalak ziran: eta aek akabatu edo bukatu bear zuen, egia bera agertu ezkero. Eta 2. diot, eze justiziako, eta gobernu oneko legeak Jesu-Kristok eutzi zituala bere Eliza berriaren aukeran, nai zituanak edo ondo zegozkionak artzeko, eta besteak uzteko: eta ala Eliza Ama Santak, amarrenak pagatzeko orduro legea orain ere gorde eragiten du: orduan bezela Elizako Ministroak orain ere mantenatu edo sostendu bear diran ezkero. Baña amar mandamentuen legea, nola dan lege naturala bera; Jaungoikoak berak arrazoiaren argiarekin batera gure animetan ezarria; Jesu-Kristok ezin desegin zezakean: eta ez bakarrik onzat eman, aprobatu, eta konfirmatu zuen, eta gordetzeko agindu zuen, baizik berak perfekzio geiagorekin azaldu edo explikatu zuen: eta biotzez, gogoz, eta amorioz gordetzeko grazia, eta indarra ematen digu: eta argatik San Juan Ebanjelistak esaten digu, ze Moisesen bitartez Jaungoikoak legea eman zuela: baña ori erraz ta ondo gordetzeko grazia, eta indarra Jesu-Kristok ekarri digula: (bada legea jakiteak etzigun serbituko, ura gordetzeko indarrik ematen ezpaziguen:) Jesu-Kristori bada millarezko eskerrak eman degiogun; eta bere legea gordetzeko grazia eskatu degiogun, bada berak esaten digu, betiko bizitza edo sekulako gloria iritsi nai badegu, amar mandamentuak gorde ditzakula: eta ortik kontu aterako dezue, zein premiazkoak diran guzionzat amar mandamentuak: eta ala txiki, eta andi guziak, pobre, eta aberatsak, jakinsuak, eta jakinezak, ala Kristauak, nola Kristau eztiranak, mandamentuen legea osoro gordetzeko obligazio edo premia estua due: eta mandamentu bakar bat gauza pisu, larri edo grabean ausitzea da asko, pekatu eriozkoa edo mortala egiteko, Jaungoikoaren aserrean erorteko, aren grazia, eta Zeruko deretxa edo zuzena galtzeko; eta deabruaren mendeko, eta zorigaiztoko katibu egiñik, eta Infernurako kondenaturik gelditzeko. Kontu bada, N.K., mandamentuak osoro gordetzeko egiazko alegiñak egitearekin: bada premiak edo obligazioak ezeze, gere probetxuak ere artara mobitu bear gaitu.

        G. Nolako probetxuak datozkigu bada amar mandamentuak ondo gordetzetik? E. Probetxu guzien andiena da orain aitatu deguna: au da, sekulako edo betiko Infernutik gere buruak libratzea: eta betiko bizia edo eternidade guziko zoriona, pakea, atsedena, eta gloria iristea. Baña bertatik ere ezin esan al baño andiagoak dira mandamentu santuak ondo gordetzetik datozkigun probetxuak, ala denboralak nola espiritualak: bada mandamentuak ondo gorde ezkero, eta orretarako gere pasio, gurari eta griña gaiztoak ezi, eta menderatu ezkero, osasun obea eskuarkiro izango degu: mundu guziak estimatu, eta honratuko gaitu: gure ondasunak ondo zuzendu, gobernatu eta enpleatuko ditugu: eta pobreak, eta eriak bagera, Jaungoikoaren grazia, eta bendizioarekin, gure nekeak, eta naigabeak pazienziarekin, eramango ditugu, eta orren sari ugaria Jaungoikoak duda bage emango digu: baña probetxu denboral oek guziok, eta beste onelako asko ezerez bezela dira mandamentu santuak ondo gordetzetik datozkigun probetxu espiritualaen aldean: bada zenbat obeto gordetzen ditugun, aurreratzen gera geiago Jaungoikoaren ezagueran, eta amorioan: eta arrezkero munduko honra, ondasun, eta atsegiñak, ezerezkeria batzuek edo banidade utsak bezela, estimatzen ditugu: eta erraz gure biotzak aen amoriotik, eta deseotik askatzen edo libratzen ditugu: eta orduan, nork esan dezake, nolako libertade santua, eta nolako pake, eta sosegua gure biotzetan sortzen dan? eta nolako poza, eta kontentua eztauka mandamentu santuen bide zuzenari darraion anima justuak bertatik Jaungoikoaren adiskide dalako uste osoarekin, eta gero betiko ondasunak, eta betiko gloria gure Jaungoikoak emango diolako esperanza biziarekin? Onelako probetxu miragarriak, eta beste ezin esan al baño geiago, datozkigu bada, N.K. mandamentu santuak ondo gordetzetik: baña kontrara pekatuari, eta bizioari darraion Kristau gaiztoak probetxu edo ondasun oriek galtzen ditu: eta eztu egiazko pakerik, ez Jaungoikoarekin, ez bere buruarekin, ez eta eskuarkiro bere lagun urko edo projimoarekin: bere gurari, griña, pasio, eta erabageko apetituen mendeku edo esklabo egiñik bizi oi da; bere adimentua illundurik, eta bere borondatea gaitzera etziñik oi dauka: eta mundu onetan doakabe, eta gero eternidade guzian doakabeago izango da. Eta ala alde guzietatik ikusten dezue, N.K. zein probetxugarriak, eta ondasundunak diran Jaungoikoaren legeko mandamentu santuak: eta guztiz zoroak, eta zorigaiztokoak dirala oriek aiñ ardurabage ausitzen dituen Kristauak: eta kontrara, guztiz zinzoak, eta zorionekoak dirala mandamentuak osoro gordetzen dituenak.

        G. Baña amar mandamentu santuak, premiazkoak, eta probetxugarriak diran bezela, gordetzen errazak ote dira? E. Gure Jaungoikoa eta bere Seme maite Jesu-Kristo ondo ezagutzeko: Jaungoikoak egin dizkigun mesede andiak sarri gogoratzeko: eta Kristau onak egiaz edo benetan izateko alegiñak egin nai dituenenzat, errazak ezeze, biguñak, gozoak, eta guztiz atsegingarriak dira; bada Jaungoikoaren amorioak, aren graziak, eta oitura onak neke guzia arintzen, eta gozatzen due: eta ala Kristau onak pena geiago du pekatu egiten, birtutea exerzitatzen baño: eta mandamentuak erraz gordetzen ditu: baña Kristau lasai, ardurabagenzat, eta eren borondate gaiztoa ukatzeko alegiñ egiazkorik egin nai eztuenaenzat, nekezak, pisuak, eta garratzak dira: bada mandamentu santuak eren pasio, gurari, eta griña gaiztoen kontrakoak ditue; arrotasun, abarizia, lujuria, aserretasun, enbidia, gula, nagitasuna, eta beste eren atsegiñak gozatzen eragozten die.

        G. Baña ortik zer kontu atera bear degu? E. Nai ta ez gogotik peleatu bear degula guziok, gere pasio, eta griña gaiztoak ezitzeko, eta gure borondatea Jaungoikoaren legearekin konformatzeko. Eta orduan egiazko pakea gure biotzetan izango degu: eta gure Jaungoikoa, eta gure lagun projimoa erraz amatuko ditugu: eta mandamentu guziak gogotik, eta pozik gordeko ditugu.

        G. Eta mandamentu guziak beti, eta erabatera obligatzen gaitue? E. Iñoiz ere eztago aitzakiarik mandamentuak ausitzeko: baña aetatik batzuek dira zer obra on egin bear degun erakusteko, eta agintzeko; ala agintzen zaku Jaungoikoa gauza guzien gañean amatzea: jai egunak santifikatzea: meza enzutea: gurasoak honratzea: eta beste batzuek dira zer egin bear ez degun erakusteko, eta egin bear ezteguna eragozteko: ala eragozten zaku gezurrez juramentua egitea: iñor iltzea: lujuriako edo loikeriako pekatuak egitea: ostutzea, eta beste onelakoak: bada obra onak egiteko dauden mandamentuak ez gaitue obligatzen beti edo denbora guzietan artan jardutera: baizik señalaturik dauden denboretan edo okasioa datorrenean edo premia gertatzen danean: bada egin bear eztan gauza eragozteko dauden mandamentuak, beti-beti edo denbora guzietan obligatzen gaitue: eta ala iñoiz ere gezurrezko juramenturik eziñ egin leike: lapurretarik eziñ egin leike: eta besteren gauzarik biurtu bage eziñ eduki lezake jabearen borondate bage, biurtu lezakela: baña emen asko inporta duen gauza bat jakin bear degu, eta da obra onak egiteko dauden mandamentuak ixillik beti zerbait eragozten diguela: eta pekatuak eragozteko daudenak, orobat ixillik zerbait egitea agintzen diguela. Ala gurasoak honratzea agintzen digun mandamentuak eragozten digu gurasoai iguia edukitzea: gurasoak aserra erazotzea: eta zor diegun sokorrua ukatzea. Eta orobat gezurrezko Jaungoikoa adoratzea eragozten digun mandamentuak, Jaungoiko egiazko bakar bat ezagutzea, eta adoratzea agintzen digu: eta ori bera beste mandamentu guzietan gertatzen da.

        G. Eta zergatik esaten degu, amar mandamentuak sartzen dirala bitan: au da, Jaungoikoa gauza guzien gañean amatzean; eta gure projimoak, gere buruak bezela amatzean? E. Zergatik karidadea edo Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioa, da mandamentu guzien fiña: eta ori Jesu-Kristo gure Jaunak berak esan zuen; bere lege guzia karidadean sarturik dagoala erakutsi zigunean: eta argatik amar mandamentuak losa bitan eskribiturik zeuden: lenengoan Jaungoikoaren honrari dagozkion lenbiziko edo antxitiko iru mandamentuak: eta bigarrenean projimoaren onari edo probetxuari dagozkion beste zazpiak. Eta lenengo iruretan agintzen zaku, Jaungoikoaren Majestadeari zor diogun honra guzia, ala barrukoa, nola kanpokoa: au da, biotzarekin, hitzakin, eta obrakin eman bear dioguna: eta beste zazpietan agintzen zaku, gure projimoak amatzea, eta honratzea, eta iñori kalterik ez egitea; ez bere personan, eta ezta bere ondasunetan ere: eta ala karidadean sarturik daude amar mandamentu santuak.

        Ikusi dezue bada, N.K., nork eman zizkigun mandamentu santu oek: noiz, eta nola eman zizkigun: eta baita zeiñ premiazkoak, probetxugarriak, eta errazak diran: eta nola guziak Jaungoikoaren, eta projimoaren amorioan sarturik dauden. Ikasi ditzakun bada; eta gogoan ondo sarturik beti eduki ditzakun, aekin gure bizimodua moldatzeko edo zuzentzeko: eta batez ere alegin guziak egin ditzakun Jaungoikoa, eta gure lagun projimoa biotzetik amatzeko; bada zenbat karidade andiagoa degun, anbat santutasun edo perfekzio geiago izango degu: eta anbat sari, eta gloria geiago Zeruko erreinuan gozatuko degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa