www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN DOTRIÑA

 

Aditzera emateko pekatu beniala zer dan;
eta zer kalte andiak dakatzen.

 

        Aditzera eman nizuen aurreko dotriña aldian, laburtxo bazan ere, nolako bizimodua Kristauak egin bear duen mundu onetan: munduko gauzen amorio erabagetik bere biotza eranziaz, edo apartatuaz: eta Jaungoikoaren guzien gañeko amorioa bere biotzean beti edukitzeko, eta bere animako salbazioa gogotik billatzeko alegin guziak egiñaz: eta baita pekatua zer dan: zenbat modutan dan: eta pekatu mortala zer dan: zein iguigarria, eta kaltegarria dan: eta pekatu mortala egiteko zorigaitz andia gertatzen danean, luzatu bage, Akto kontriziozkoa egiteko zein premia andia degun. Pekatu mortalik ez egiteko erremediorik egokiena bada gaur erakutsi nai dizuet: eta bide nabar birtutean eta Jaungoikoaren amorioan aurreratzeko guztiz eragillea. Zein da erremedio ori? Pekatu benialaren bildur andi bat, eta iguitasun andi bat gure biotzetan edukitzea. Bada gauza txikietan kontuzkoa dana, gauza andietan eskuarkiro kontuzkoagoa izaten da. Eta kontrara pekatu txikietan ardurabagea dana, pekatu andietan erraz erorteko, eta kondenatzeko peril, edo arriskuan dago. Eta argatik pekatu beniala zer dan, eta zein kalte andiak dakazkian zeoro erakutsi nai dizuet. Atenzio andi bat eskatzen dizuet: eta guzion onerako izan dedin, erregutu degiogun guziok, Ama Birjiña guztiz santari, iritsi degigula Espiritu Santuaren argia, eta grazia. Abe Maria.

        G. Zer da pekatu beniala? E. Gai, edo gauza arin edo txiki batean Jaungoikoaren lege santua ausitzea edo pensamentuz edo deseoz edo hitzez edo obraz edo utsegiñez. Eta baita, da pekatu beniala, berez gauza larria edo pisua izan arren, kulpa andi bage uste bazuen, pekatu ariña zala, eta ez mortala, edo larria; eta kontrara gerta diteke, gai arin, edo txiki batean pekatu mortal egitea, zerren uste zuen gai andia edo larria zala: eta alako ustean egin zuen. Eta orobat gai larri, edo grabean pekatu benial baizik ez egitea gertatzen da, osoro konsentitu eztuenean edo ondo oartzeko lekurik izan eztuenean. Nola supitoko aserre bat, gaitz andirik egin gabe, eta benetan deseatu bage, edo pensamentu gaiztoren batzuek burura etortzea, eta gutxi bat buruan erabiltzea, baña osoro konsentitu bage.

        G. Eta baldin persona justu edo on bat tentazio guztiz indarsu batekin edo gaitz andiren baten bildurrez, Jaungoikoaren legea gai pisu edo larrian ausitzera instante batean jarri bada, eta bereala damutu bazaio zer pekatu egin du? mortala, ala beniala? E. Egiten du pekatu mortala: bada ezaguera bazuen, eta borondatez konsentitu zuen, eta tentazioak, eta bildurrak libertadea kentzen eztue: eta Jaungoikoari estudasunean bere grazia eskatu balio, ukatuko etzion: eta ala bere kulpaz konsentitu zuen, eta pekatu mortala egin zuen.

        G. Eta batek pekatu benialik egin dezake, munduko ondasunakgatik, errespetoakgatik edo kalteakgatik? E. Ez: eta mundu guzia salbatzeagatik ere. Zergatik ordea ainbeste igui izan bear dio pekatu benialari, gauza ariña, eta erraz barkatzen dana baldin bada? Zergatik pekaturik dan txikiena ere gure Jaungoiko guztiz andi, guztiz poderoso, eta guztiz maitagarriaren ofensa da, eta geiago estimatu bear degu gure Jaungoikoaren borondatea egitea, eta aren Majestadea ez ofenditzea, munduko gauza guziak irabaztea baño.

        G. Zergatik deitzen diogu bada pekatu benialari, pekatu ariña, eta txikia? E. Zergatik pekatu mortalaren aldean ariñagoa, eta txikiagoa dan, eta errazago egiten eta barkatzen dan. Baña ezta berez ariña, eta txikia: baizik da gaitz andia, pisua, eta kaltegarria. Egia da pekatu mortalak bezela, eztu anima iltzen: eztio graziaren bizitza kentzen: baña ala ere kalte andiak egiten diozka pekatu benialak: pekatu mortalaren gradora edo mallara allegatzen eztanean ere.

        G. Eta pekatu benialaren gaia baizik eztan gauza eldu liteke pekatu mortal izatera? E. Bai ori askotan gertatzen da; eta 1. Len esan degun bezela pekatu mortala dalako ustean egiten danean. 2. Pekatu mortala besteari eragiteko gai txikia baizik eztan gauzaz baliatzen diranean edo eskandalo edo pekatu mortalerako bidea besteri ematen zaionean gauza ariña baizik eztan pekatu benialarekin: eta 3. Berez pekatu benial baizik eztan gauza, pekatu mortala ondoren ekarri oi dion arriskua edo okasio gertua baldin bada; nola askorenzat izan oi dan tabernara joatea: diru jokuan urliarekin edo berendiarekin jartea: danza ariñak okasiogarri diran personakin egitea: lapurreta txikiak egitera oitutzea, erarik balu andiak egiteko peligroarekin. Bada aurrera ere gutxika-gutxika kantidade andira eltzeko asmoa baldin badu aldi bakoitzean pekatu mortala egiten du: eta orobat pekatu benialaren gaia, berez ariña, ez uzteagatik, pekatu mortala egiteko prest balego, pekatu mortala egingo luke: nola etxeko seme edo alabak, gurasoak arrazoiaz eragozten dion gauzaren bat egin nai balu edo agintzen diona, egin nai ezpalu, gurasoa agitz aserra erazotzeko moduan: bada zor zaion errespetoari, eta obedienziari agitz faltatuko likio. Baña orrelako okasio, eta peligroetatik kanpora ere badakaz pekatu benialak uste degun baño kalte andiagoak, eta oriek orain aitatu nai dizuet.

        G. Zein dira pekatu benialak animari egiten diozkan kalteak? E. Beste askoren artean batez ere bi oek: 1. Disponitzen du pekatu mortalean erortera. Eta 2. Edo mundu onetan edo Purgatorioan padezitu edo pagatu bear ditu pekatu benialari dagozkion pena edo kastigu arrigarriak.

        G. Nola disponitzen du edo erakarten du pekatu benialak gure anima pekatu mortalean erortera? E. Modu askotan eta 1. Pekatu benialak, batez ere ezagueraz, eta ardurabagetasunez egiten danak, gaxotzen du, argaltzen edo flakatzen du, eta kentzen diozka indarrak tentazio andiai bere denboran kontra egiteko: eta arrisku edo perill andia datorkionean irmo egoteko. 2. Orrelako pekatu benialak gure pasio edo griña gaiztoak azitzen, eta indartzen ditu, eta gaizki egitera oitutzen gaitu: eta gure animako etsaiari indarrak ematen diozka, gu errazago goitzeko, eta pekatu mortalera erakarteko. Orixe gertatu zitzaion Judas Apostoluari berari: Jesu-Kristoren Apostoluen artean bolsero zan: ematen zizten limosnak gordetzeko kargua zuen: lapurreta txikiak egitera oitu zan: diruzaletu zan, eta Jesu-Kristo bere Maisu, eta Jabe Soberanoa bera ogeita amar dirugatik bere etsaiai saltzeraño eldu zan: eta desesperaturik bere burua urkatu zuen, eta betiko kondenatu zan. Nor arritzen ezta exenplo onekin? Eta orra zein arrigarria dan gauza txikietan gaizki oitutzeak dakarren itxumena: eta pekatu andietan erorteko erraztasuna. Bada 3. Ardurabage egiten ditugun pekatu benialak, beste alde batetik, ez gaitue gutxiago disponitzen pekatu mortalean erortera. Nola da ori? Gure ardurabagetasunarekin, Jaungoikoaganako gure esker gaiztoarekin; eta batez ere gure banidade, eta presunzioarekin obligatzen degu Jaungoikoa, premi orduan, tentazioko denboran bear ditugun laguntasun edo sokorru espezialak (zor eztigunak) edo ukatzera edo laburtzera: eta nola gerez aiñ argalak, eta itxuak geran, laguntasun andi aen faltaz, erraz erorten gera pekatu andietan: eta seguru egon gaitezke, Jaungoikoarekin leialak bagera gauza txikietan, eta gure indarretan fiatu bage, humiltasunaz bere grazia, eta indarra eskatzen badiogu, gauza larrietan, edo pisuetan ezeze, gauza txikietan ere pekaturik ez egiteko, bear ditugun argitasun, eta laguntasun guziak emango dizkigula, pekatu andietan ez erortzeko. Eta orra zenbat inporta digun pekatu benialak, ez gaitz txiki bat bezela, baizik gaitz andi bat bezela, eta beste gaitz andiagoen ekarleak bezela, benetan aborrezitzea; eta batez ere ezaguera, eta ardurabagetasunez pekatu benialik ez egitea. Bada pekatu benialak modu askotan egiten dira: eta batzuek askoz kaltegarriagoak, eta arriskugarriagoak dira beste batzuek baño: ala pekatuaren gaiaren aldetik, nola pekatu egiteko moduaren aldetik: eta baita bakan edo sarri, eta oituraz egitearen aldetik ere. Badira alabaña pekatu benial batzuek gai guztiz txikian egiten diranak: nola hitz alperrak iñoren kalte bage esatea: bear baño lo geitxeago egitea: ustekabean gezur txiki bat esatea: banidade arin bat edo ergelkeri piska bat erakustea, eta beste onelakoak. Beste batzuek dira gai edo gauza andiagoetan egiten diran pekatu benialak, eta askotan pekatu mortalaren gertukoak: eta aiñ gertukoak batzuek, nun ezin argiro ezagutu ditekean, mortalak edo benialak diran: nola asko birau edo maldizio mota, aserrealdian erraz botatzen diranak, eta errazago eskusatzen diranak, bereala damutu zaielako: gaitz andirik biotzetik opa eztielako: edo estumenak erasan zielako: eta ori bera gertatzen da hitz lizunak, loiak, kastidade santuaren kontrakoak esaten diranean: pensamentu zikin asko eragiteko gai diranak: eta ala ere olgatzeagatik, far eragiteagatik bakarrik esaten dituelako aitzakiarekin aintzat artzen eztitue: eta askotan pekatu mortalak izan arren, benialak dirala iruitzen zaie: eta ori egiten du pasioaren itxumenak, eta Jaungoikoaren bildur santuaren urritasunak. Eta ori bera ikusten da jostatze mota batzuetan: esamesetan: besteren kontra arrazoi andi bage gai pisuan egiten diran juizio mota askotan: jan-edan geiegietan: joku luze kaltegarrietan, etxe, eta familia askoren ondagarrietan: eta beste gai askotan: eta pekatu benialzat bakarrik dauzkatelako, ondorengo kalte andiai begiratu bagez, itxutzen dira, eta iñoiz ere erremediatzen eztira; eta kondenatuak izateko arrisku andian daude. Eta orra nola pekatu benial batzuek peril andiaren gaietan egiten diralako disponitzen, eta erakarten duen txit erraz Kristau ardurabagea pekatu mortalera. Eta ori bera gertatzen da pekatu benialak egiteko moduaren aldetik; bada Kristau onak, Jaungoikoaren bildur santuan bizi diranak, eta pekatu benialik, ezaguera osoaz beinzat iñola ere egin nai eztuenak, argaltasunez pekatu ariñak, eta gai ariñetan egin oi ditue: eta ezta iñor munduan utsegite txikirik egiten eztuenik: baña utsegite oriek ondorengo kalte andirik ekarri oi eztue: eta Kristau ona humiltasunean konserbatzeko serbitu oi due. Baña badira beste Kristau batzuek aiñ kontuzkoak eztiranak, eta pekatu benialetan errazago erorten diranak, gaitz andi bageko gezurtxoak motibo gutxirekin esaten dituenak: berriketan denbora askotxo igarotzen duenak: bataren, eta bestearen falta edo utsegite jakiñak erraz darauztenak: asarre aldi txikiak izaten dituenak: baña konturatzen diranean, damutzen zaie, eta konfesatzen dira, ondutzeko asmoarekin, eta eskuarkiro Kristau onak dira: eta ala oriek baño askoz nasaiagoak, eta gaiztoagoak dira, pekatu mortaltzat eztauzken beste gai edo gauzetan, ardurabageak diranak: pekatu benialak ezertan eztauzkenak, eta erremediatzeko egiazko asmorik eztuenak: eta onelakoakgatik batez ere dio San Gregorio andiak: peligro edo arrisku andiagoan daudela askotan, erraz edo ardurabage pekatu benialak egiten dituenak, pekatu andi, ezagutuetan erorten diranak baño: zerren kulpa anditik, zenbat obeto ezagutzen dan, anbat lasterrago irteteko edo libratzeko alegiñak egiten dira: baña kulpa txikiak, ezertan eztauzkelako, anbat peligro andigorekin berritzen ditugu, zenbat gutxiagoan dauzkagun; eta ala agitz itxutzen gaitue, eta askotan, gure alpertasunagatik, eta ardurabagetasunagatik pekatu andiak ere txikiak dirala iruitzen zaizkigu: eta orra nolako peligro edo arriskuan dauden pekatu benialak ezertan ez dauzkatenak: bada orrelako Kristauak instanteoro, eta oituraz pekatu benialak egiten dituzte: eta alde orretatik ere itxumena geitzen edo azitzen zaie: Jaungoikoaren amorioa oztutzen zaie: eta txit galdutzeko peligro andian daude: eta birtuteari jarraitzeko indar bage gelditzen dira: eta estadu orretan deabruak, munduak, eta aragiak txit erraz menderatzen, eta bereganatzen ditue: eta ala arrazoiarekin gure dotriña laburrak dio: pekatu beniala dala pekatu mortalaren disposizioa, ikusi dezuen bezela. 2. Eta ori bakarrik asko bada ere pekatu benialaren bildur izateko: eta batez ere ezagueraz, eta ardurabagetasunez pekatu benialik ez egiteko: baditugu beste motibo edo arrazoi andi batzuek, pekatu benialak, munduko gaitz guziak baño geiago iguitzeko edo aborrezitzeko. Eta zein dira? Dirade 1. Ain maite gaituan, eta ezin kontatu ala mesede egin digun, eta beti egiten ari dan gure Jaungoikoari, gure egille, gure jabe, gure ongille, gure Aita, gure adiskide guztiz maitagarriari gustorik eman nai ez izatea, eta gure gustoa egiteagatik gai txikietan ain ardurabage bera ofenditzea: Nola agertuko degu, Jaungoikoa biotz guztitik maite degula, ezerezkeri batzuetan gere nai gaiztoa ukatu nai ezpadegu, berari gusto emateko? Orra nolakoa dan gure esker gaiztoa: bada 2. Esan degun arriskuaz gañera pekatu mortalean erorteko, eta kondenazioko estadu tristean jarteko, bertatik pekatu benialetatik libratzeko indar puska bat egin gabez, Zeruko bidean beti arrastaka, eta txit nekez gabiltza, eta birtuteak exerzitatu, gure animak garbitu, eta ondasun andiak Zerurako irabazi ordean (kondenatuak izateko zorigaitz arrigarria izaten ezpadegu ere) kastigu edo pena guztiz andiak gere buruai ekarten dieztegu: bada gure Jaungoikoaren justiziak, ara, nola obra onik dagokion saria bage uzten eztuen, orobat, eztu pekaturik dan txikiena ere kastigu bage uzten: eta pekatu benialakgatik bakarrik gero purgatorioan ezeze, mundu onetan ere kastigu arrigarriak egin izan ditu. Moises guztiz santu, eta Jaungoikoaren adiskide maiteari, deskonfianza arin bategatik promisioko lurreko sarrera ukatu zion: Dabid Erregearen banidade bat, bere erreinuko jende guzia kontatu eragin zuelako, kastigatu zuen irurogei, eta amar milla personaren eriotzarekin: eta beste ezin kontatu ala exenplorekin ori probatu liteke: eta Santa Katalina Senakoari Jaungoikoak berak esan zion, munduko pena eta kastigu guziak etzirala asko pekatu benial baten zorra pagatzeko: eta orregatik emen penitenziakin, pazienziarekin, eta obra onakin pagatu eztiran pekatu benialaen zorrak pagatu eragingo dizkigu purgatorioko pena guztiz izugarriakin: bada ezin iñor Zeruan sartu diteke txit garbitu, eta zor guziak Jaungoikoaren justiziari osoro pagatu artean. Baña nork hitz gutxitan purgatorioko edo garbitoki artako penak zeiñ arrigarriak diran aditzera eman lezake? Asko da jakitea mundu onetako pena, neke, oñaze, dolore, eta tormentu guziak utsak edo pintatuak bezela dirala ango tormentuen aldean: ango suak indar geiago du, eta biziroago erretzen du, munduko su guziak alkarri eransirik edo guziak baturik erreko lukean baño. Eta ikaratzen bagaitu aditzeak bakarrik su bizian Martiri Santuak erre zituztela: Zer izango da, ez ikustea bakarrik besteak erretzen, baizik gere buruak kiskaltzen, eta oñazez ler egiten? Orduan ezagutuko da ondo, pekatu beniala nolako kulpa dan, aiñ garrazkiro, eziñ utsegin dezakean Jaungoikoaren justiziak bere adiskidetan kastigatzen duen ezkero: eta ori da penarik txikiena, bada oraindio andiagoa da, Zeruko gloriako sarrera, ain biziro deseatzen duena, denbora baterako eragozten zaielakoa. Nork aen naigabeak aditzera eman litzake? Eta orra, N.K., motiborik asko, pekatu benialaen bildur izateko: pekatu benialak txit igui izateko, eta aetatik gere buruak oraiñ alegiñean garbitzeko.

        G. Eta zergatik esaten zaio pekatu beniala edo barkakizuna? E. Zergatik erraz egiten dan, eta erraz barkatzen dan. Zenbat gauzagatik barkatzen da? Beratzi oekgatik: 1. Meza enzuteagatik; 2. Komulgatzeagatik; 3. Konfesio jenerala edo ni pekataria esateagatik; 4. Obispoaren bendizioagatik; 5. Ur bedeinkatuagatik; 6. Ogi bedeinkatuagatik; 7. Aita gurea esateagatik; 8. Sermoia enzuteagatik; eta 9. Bularra golpatu edo jotzeagatik, damuaren señalean, eta barkazioa Jaungoikoari eskatuaz.

        G. Eta pekatu egiñaz damutu bage, eta ontzeko asmorik artu bage, barkatu liteke pekatu beniala esan ditugun erremedio oriekin? E. Ez: eta argatik erremedio oriezaz baliatzen geranean, alegiñak egin bear ditugu, gure pekatu guzien damu egiazkoa berritzeko, eta Jaungoikoari barkazioa eskatzeko.

        G. Eta pekatu benialetan, batez ere ezagutuetan, aiñ erraz ez erorteko, zer erremedio artu bear degu? E. Asko esan litezke: baña prinzipalenak dira oek: 1. Pekatu benialak iguitzeko esan ditugun motibo edo arrazoi andiak sarri gogora ekarteko, eta konsideratzeko alegiñak egitea; 2. Humillak izatea, eta Jaungoikoari benetan eskatzea bear degun argia, eta indarra gure buruak ondo ezagutzeko, eta gure griña gaiztoak ezitzeko: eta orretarako sarritxo, eta ondo konfesatzea, eta komulgatzea; eta 3. Pekatu mota guziak desegiteko, eta Zeruko bidean ariñ, eta gustoz ibiltzeko egokiena dan birtutean egunoro, eta geiago aurreratzeko egiazko alegiñak egin bear ditugu: au da, gure Jaungoikoa bera danagatik amatu bear degu gure biotz guztitik, eta gauza guzien gañean eta gure proximoak gure buruak bezela Jaungoikoagatik: eta orrekin gure pekatu guzien sustrai nagusia, au da, gure buruaren, eta munduaren amorio erabagea menderatuko, eta azpiratuko degu: eta arrezkero pekatu mota guziak igui izango ditugu: eta aiñ bearrak ditugun pazienzia: gure gurarien mortifikazioa: eta Jaungoikoaren borondate santuarekin gurearen konformidadea errazago iritsiko ditugu: pake andi batean gure Jaungoikoarekin eta proximoarekin biziko gera: pekatuen zorrak erraz emen pagatuko ditugu, eta Zerurako txit aberastuko gera: eta iñoiz bukatuko eztiran ondasunak, eta atsegiñak irabaziko ditugu; eta Zeruan gozatuko ditugu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa