www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA EMEZORTZIGARREN DOTRIÑA

 

Eliza Ama Santaren bigarren Mandamentuaren gañean.

 

        Meza santua zer dan, eta bear dan ezagueraz enzuteak, zein probetxu andiak dakazkigun, aditu zenduen aurreko dotriñan: bada gaur urteoro gutxianez ondo konfesatzeko legea: eta urte zai egon bage sarri konfesatzeko oitura santuak nolako ondasun, eta probetxuak dakazkigun aditzera eman bear dizuet: eta arren al dezuen atenzio guziarekin, eta bear dan frutua ateratzeko deseoarekin, aditu ezazue dotriña au.

        G. Zein da Eliza Ama Santaren bigarren Mandamentua? E. Urtean bein bedere edo gutxianez konfesatzea: edo lenago iltzeko peligrorik edo arriskurik uste bada edo kumulgatu bear bada.

        G. Konfesatzeko legea nork ipiñi zuen? E. Legearen sustanzia, au da, bateatu ezkero egindako pekatu mortalaren barkazioa iristeko, nai ta ez, lekurik badu, konfesatu bearra Jesu-Kristo gure Jaunak berak agindu zuen, eta ori Ebanjelioak erakusten duen fedeko egia da: eta ala alde orretatik Jaungoikoaren beraren mandamentua da. Noiz konfesatu bear dan denpora señalatu etzuen aren Majestadeak: baña berak emanik daukan eskualdiarekin Eliza Ama Santak señalatu du konfesatzeko denpora. Eta agintzen digu Kristau guzioi, arrazoiaren argira edo ezaguerara etorri ezkero, gutxianez urtean bein gere pekatuak, ez nolanai, baizik ondo konfesatzea: bada konfesi ona, eta frutuzkoa Jesu-Kristok agindu zuen: eta ala konfesio gaiztoarekin ez Jaungoikoaren eta ez Elizaren legea iñork ore kunplitu dezake.

        G. Konfesatzeko urtea nola aditzen da? E. Aditzen da eskuarkiro, urtebete baño geiago konfesioa ez luzatzea. Eta urteko edozeiñ denporatan konfesatzeko lege au kunplitu diteke: baña aspaldian usadioa edo kostunbrea dago, urtean bein komulgatzeko legea kunplitzen danean, konfesioaren legearekin ere kunplitzeko. Eta lege oriekin ondo kunplitu bage urtea igarotzen bizitzea nagitasunez edo ardurabagetasunez, pekatu mortala da: eta utsegin duenak ezin beste uste bateraño luzatu lezake; baizik len bano len kunplitzeko obligazio estua, eta pisua dauka: eta geiago luzatzeko asmoan dagoan bitartean, beti pekatu mortalean dago: ondo prestaturik konfesatu artean, eta komulgatu artean.

        G. Eta bere salbazioa maite duen, eta seguratu nai duen Kristaua, urtean bein bakarrik konfesatzearekin kontentatu bear ote da? E. Eliza Ama Santak, Kristau askoren nagitasunari, eta ardurabagetasunari begiratu, ta eztie guziai agindu nai izan pekatu mortalaren azpian, gutxianez urtean bein baizik konfesatzea, pekatu geiagorako batzuei biderik ez emateagatik; baña agitz deseatzen du, Kristau guziak sarri konfesatzea, eta komulgatzea: eta Trentoko Konzilio santuan deseo ori deklaraturik dauka; bada dio, Elizako lenengo denporetan Kristauak egunoro komulgatu oi zirala: eta utsegite andirik egiten zuenak, egunoro konfesatu bearra eman, ondo komulgatzeko: (eta orregatik denpora aetan Kristauak ziran aiñ piñak, eta Jaungoikozkoak, eta martirioa padezitzeko ere ain gogo bizia, eta indarra zuen) Baña nola oztuaz, gutxituaz, eta epelduaz arrezkero joan dan Kristauen debozioa; kontentatzen da orain Eliza Ama Santa gutxiagorekin: baña dio, nai lukeala Kristau guziak egunoro komulgatzeko gai izatea edo arkitzea. Eta Kristauak erak, sarri konfesatzetik datozkien probetxu guztiz andiak ondo konsideratu nai balitue, ez luke besterik bearko, iñork agindu bage ere, sarri edo maiz konfesiora etortzeko: eta ez bakarrik pekatu mortalarekin konfesatu bage daudenak, baita justuak erak edo Jaungoikoaren grazian daudenak ere. Bada guzienzat ditu konfesioko Sakramentuak birtute guztiz andiak. Alabaña Jesu-Kristo gure Salbadore maitearen asmoa konfesioko legea ipiñi zuenean, izan zan, medio guztiz biguñ erraz, eta eragille bat Kristau pekatariari ematea, bere burua pekatuaren zorigaiztoko estadutik, eta kateetatik ateratzeko; eta Jaunaren grazian, pekatura bage, irauteko: eta justuak ere, eren utsegite txikiak edo pekatu benialak konfesatuarekin edo len egiñ zuen, eta ondo konfesaturik dauken, pekatu mortalen bat, berriz konfesatuarekin, iristen due, 1. graziaren grado andi bat, eta orri dagokion gloria zati edo grado andiago bat Zeruan: eta orrek bakarrik munduko ondasun guziak baño geiago balio du. 2. Iristen due, errazago mundu onetan pekatuen zor denporala pagatzea, Purgatorioan pagatuko lukean baño. Eta 3. Konfesioko Sakramentuak ematen dizte berariazko laguntasun edo sokorru espezialak tentazioai atzera egiteko; eta Jaungoikoaren grazian irauteko: eta orri darraio eskuarkiro azkeneko, eta guzien gañeko grazia; au da, ondo iltzea, eta betiko gloria seguratzea. Eta orra zergatik Kristau onak, fede bizia duenak; gauza oriek sinisten, eta konsideratzen dituenak; ain sarri konfesatzeko, eta eren animak geiago, eta geiago garbitzeko alegiñak egiten dituen.

        Baña, zenbat arrazoi andiagoarekin oraindio konfesatu bage dauden pekatariak? Badakie ala baita, eta fedeko egia bezela sinisten due, pekatu mortalean dagoana, len Jaungoikoaren Seme maitea, eta Zeruko heredero zana Jaungoikoaren beraren etsai egiñik orain dagoala: Zeruko Erreinuaren, eta betiko gloriaren deretxoa galdurik daukala: lenago ondo bizi zanean, egin zituan obra onen merezimentuak illik dauzkala: Infernuko deabruaren zorigaiztoko katibu, esklabo, eta menpeko billau bat egiñik dagoala, eta betiko Infernura joan bearra duela, estadu orretan iltzen bada: baña orobat dakie, eta sinisten due, konfesio on bat egiten bage, gaitz izugarri orietatik guzietatik libratzen dirala: Jaungoikoaren adiskidetasuna, aren grazia, eta Zeruko deretxoa iristen duela: lengo obra on guzien merezimentuak atzera piztutzen, eta beretzen dituela: eta merezimentu berriak egiteko estaduan jarten dirala: eta estadu orretan illtzen badira deabruaren katiberiotik eta betiko Infernutik eren buruak libratu, eta betiko gloria seguratzen duela. Zer erremedio biguñagorik, errazagorik, eta eragilleagorik agindu zezakean gure Salbadore maiteak? eta, zer konsuelo andiagorik anima batenzat, ainbeste desditxatik bere burua libratzea, eta ainbeste ondasun irabaztea baño; ondo konfesatzeko neke arin batekin bakarrik?

        G. Nola bada ori guzia, egia, eta fedeko egia izanik, esango dezue batzuok, ainbeste Kristau arkitzen dira; eren pekatuak len baño len edo luzatu bage konfesatzeko ain nagitasun, atzerapen, eta ardurabagetasun andiena duenak: nun Eliza Ama Santak bere mandamentuarekin eta exkomunikazioaren bildurrarekin estutuko, eta premiatuko ezpalitu, urtean beiñ ere konfesatuko ez liratekean, eta eriotzako peligro edo arriskuraño ere luzatuko lukean? E. Gaitz izugarri orrek sustrai asko ditu: baña prinzipalenak dira 1. soberbia edo arrotasuna: eta 2. itxutasuna. Ondo konfesatzeko humillatu bear da: eta humillatzeko bakoitzak bere burua ezagutu bear du: bere gaiztakeriak examiñatu bear ditu: igui izan edo aborrezitu bear ditu, zerren aekin Jaungoikoa ofenditu, eta aserratu duen, eta bere anima kondenatzeko peligroan ipiñi duen: eta berriz pekaturik ez egiteko asmo edo proposito egiazko, eta eragillearekin bere gaiztakeri, eta utsegiteak aitortu edo konfesatu bear ditu: eta baita bere pekatuen zorrak penitenziazko obra onakin pagatzeko borondate egiazkoa, eta eragillea eduki bear du: eta bizitza berri bat egiteko neurriak, eta medioak gogotik artu bear ditu. Eta nola lan oriek egiteko egiazko gogorik pekatariak eztuen: nola humillatu, bere kulpa ezagutu, eta benetan erremediatu nai eztuen; iraitzen zaio neke guztiz arrigarria konfesio on bat egiteari: eta dijoaz luzatzen al duen guziraño. Baña ori dator esan dedan bigarren sustraitik, au da, itxutasunetik: Kristauak, betiko kondenatu nai ezpadu, nai ta ez ezagutu bear du, humillatu bage, eta egiazko penitenzia egin bage ezin iñor ere salbatu ditekeala: aditu dituan, pekatu mortalak dakazkion kalte arrigarriak, eta galdu eragiten diozkan kabubageko ondasunak astiro konsideratu bear ditu: egia oriek ondo ezagutzeko, barrentzeko, eta ausnartzeko alegiñak egin bear ditu, eta Jaungoikoari gogotik eskatu bear dio orretarako bere argia, eta baita indarra ere, bera humillatzeko: kondenazioko estadutik len baño len irteteko, eta salbazioko bidean jarteko, eta orretarako konfesio on bat egiteko: eta orduan erraz ezagutuko du konfesioko erremedioa biguña, erraza, eta eragillea dala; ainbeste desditxatik libratzen gaituan, ete ainbeste ondasun, eta probetxu dakazkigun ezkero: eta Jesu-Kristori millarezko eskerrak emango diozka, zerren ain neke labur batekin irabazi eragin nai digun, berari ainbeste neke, tormentu, eta alako eriotza kosta zitzaion gure pekatuen barkazioa. Lapur batek, giza eralle batek edo beste gaizkille batek munduko justiziaren aurrean probatu dioben, bere kulpa aitortzea, eta damuturik barkazioa eskatzea asko balu, dagokion edo urkamenditik edo betiko destierrotik edo multa edo pena edo beste kastigu andi batetik bere burua libratzeagatik, pozik, mundu guziaren aurrean bear baliz ere, bere kulpa konfesatuko luke. Bada edozein pekatu mortal, Jaungoikoaren Majestadearen ofensa dalako, munduko kreaturai egiten zaien ofensa, eta agrabioa baño, infinitamente andiagoa da: Jaungoikoaren beraren aurrean, eta berak dakusela egiña da: eta probaturik dago: ezin ukatu dezake: eta merezi du kastigu bat, bereala akabatzen eztana, baizik beti-beti iraungo duena: betiko destierroa Zerutik: eta betiko tormentuak Infernuan: beti erretzen, kiskaltzen, ler, eta estanda egiten: eta iñoiz ere alibiorik izateko esperanza bage: ori guzia fedeko artikulua, eta egia da: eta ala sinisten dezue: bada orobat fedeko artikulua, eta egia da, zuen pekatuen konfesio humil batekin, eta aurrera pekaturik ez egiteko asmo firme batekin, kastigu izugarri orietatik libratzen zeratela: eta bertatik Jaungoikoaren graziara, eta adiskidetasunera biurtzen zeratela: Zer erremedio biguñagorik, eta errazagorik arkitu diteke bada konfesio on batena baño? eta, zer satisfazio bearragorik, eta justuagorik Jaungoikoaren justiziari gure zorra pagatzeko, aiñ gutxirekin kontentatzen dan ezkero?

        Ezagutu ezazue bada, N.K. zuen itxumen arrigarria: eta zuen nagitasuna goitzeko, eta sarri konfesatzeko azkartu zaitezte, alegiñak egin itzatzue. Guziok lotsatzeko diña dan gauza bat esatera noakizue. Konfesatzera etorzeagatik, aldiko peseta bi edo iru emango balizue: A! zenbat lan geiago Konfesoreak izango luke! Urtean bein ezeze, illean askotan konfesatu naiko zenduke: eta, neke piska bat ez artzeagatik zuen anima gaxoak pekatutik ateratzeko, urte guzian egon nai dezue, deabruaren mendean, eta kondenazioko estaduan, eta betiko kondenatuak izateko peligro andian? Asmatzen dituzuen aitzakiak, konfesioa luzatzeko, pretexto utsak dira: zuen salbazioa gutxi estimatzen dezue: zuen fedea illa bezela dago: bada gogo egiazkorik eztezue, aiñ erremedio biguñ, erraz, eta eragille bat artzeko: eta ortixe dator askoren kondenazioa.

        Baña askok esango didazue: badegu beste erremedio bat peligro orretatik irteteko, eta pekatuen barkazioa iristeko, eta Jaungoikoaren grazian jarteko: eta da akto kontriziozko bat egitea; Eliza Ama Santak agintzen digun denporan, au da, urtean bein, konfesatzeko asmoarekin: edo lenago eriotzako peligrorik uste badegu: eta orduan ere, konfesatzeko lekurik ezpagendu, kontrizioarekin, eta konfesatzeko deseoarekin salbatuko giñateke: eta ala eztegu zer larritu, pekatu mortala, aiñ laster konfesatzeko? eta, badezue beste zer esanik? Bada 1. Jaungoikoari millarezko eskerrak eman egiozkatzue zuen salbaziorako ainbeste erremedio utzi dizuelako. Baña orrela hitz egiten dezuenak, eta asmo orietan zaudetenak bildur izan zaitezke: zuen akto kontriziozkoa eskuarkiro izango dala, aiñ argala, aiñ azalekoa, ego aiñ indar gutxikoa, nun geldituko zeraten, pekatuen barkazioa, eta Jaungoikoaren grazia iritsi bage. Zergatik ordea? Zergatik pekatua desegiten duen, eta Jaungoikoaren grazia berekin dakarren kontrizioak edo amoriozko damutasunak nai ta ez izan bear du Jaungoikoaren guzien gañeko amoriotik sortzen dana: eta pekatu mortalaren gaiztakeria ainbesteraño igui duena edo aborrezitzen duena, nun benetan erabaki bear du, bizia galdu bear balu ere, ez berriz pekatu mortalik egitea: konfesatzeko, eta satisfazioa emateko, eta aurrera bizitza on bat egiteko asmo firme, eta eragille batekin: esan nai du, pekatu mortal eragin oi dioben okasioetatik alde egiteko edo apartatzeko: pekatu mortal eragin oi dioben oitura edo aztura gaiztoak eskuratzeko edo goitzeko: eta bere bizimoduari dagozkion obligazio andiak kontuz kunplitzeko borondate irmo, sendo, eta erabaki batekin: eta ori egiazkoa, eta ez iruipenekoa dala ondorengo obrakin erakutsi bear du: bada lora ederrak bai, baña fruturik ematen eztuan arbola alperra da, eta ebakia izatea merezi du. Ori erakutsi zigun San Juan Bauptistak bere sermoietan: eta ori bera Jesu-Kristo gure Jaunak bere Ebanjelio santuan: bada dio, eztala Zeruan sartuko, Jauna, Jauna, esaten diona; baizik Jaungoikoaren borondatea egiten duena: eta Jaungoikoaren borondatea egiteko, aren Mandamentu santuak kontuz gorde bear ditugu: eta batez ere lege guzia beregan sarturik daukan, lenengo Mandamentu santua; au da, amatzea gure Jaungoikoa gauza guzien gañetik, gure biotz guztitik, eta gure animako indar guziakin: eta amatzea gure projimoa gere buruak bezela Jaungoikoagatik: Bada diot, N.K. zuen akto kontriziozkoak edo biotzeko penitenziak frutu oriek badakizki, egiazkoa izango zala. Bada orrelako fruturik ikusi oi ezta, urtean bein baizik, eta iltzeko peligroan baizik konfesatu nai eztuen, Kristau nagi, eta alperretan. Eta, nola ikusiko da frutu ori, egiazko kontrizioa izateko, edo iristeko, nai ta ez artu bear dituen medioak, eskuarkiro batzuek ezpadakizte eren kulpaz, eta beste batzuek, jakin arren, artzen ezpaditue edo nagitasunez edo ardurabagetasunez? baña, zer medio artu bear ditue, egiazko kontrizioa iristeko? Ori berariaz erakutsiko dizuet kontrizioaren gañean hitz egiten degunean: eta orain laburtxo diot bakarrik; kontrizio egiazkoa dala Jaungoikoaren doai, eta Zeruko grazia guztiz andi bat, zuen indar, eta alegin guziakiin bakarrik ezin iritsi edo alkanzatu dezakezuena: baña orazio humillarekin, eta artarako egokiak diran konsiderazioakin ondo baliatzen bazerate, Jaungoikoak ukatuko eztizuena, baizik pozik emango dizuena. Baña Kristau nagiak, gaitzera oituak, benetan mudatu nai eztiranak, ez oraziorik bear bezela egiten due: eta are gutxiago, fedeak erakusten dizkigun egia andiak bear bezela konsideratzen ditue: eta argatik, pekatu morlalaren gaiztakeria, eta aren kalte arrigarriak bear bezela ezagutzen eztitue: Jaungoikoaren anditasun neurribagea: aren ontasun kabubagea: eta egin dizten mesede, fabore edo benefizio guztiz andiak gogoratzen eztitue: Jaungoikoarekiko eren eskergabetasun ikaragarria konsideratzen eztue. Nolako amorioa Jesu-Kristo gure Jaunak agertu dien, aen salbazioagatik gizon egiñarekin: aen pekatuen zorrak, bere gañ artu, eta alako pasio, eta eriotzarekin Jaungoikoaren justiziari aen ordez pagatuarekin, ondo pensatzen jarten eztira: eta are gutxiago konsideratzen due, pekatu mortala egiten duen guzian, berriro, eren aldetik danez, Jesu-Kristoren pasioa, eta eriotza berritzen duela: bada Jesu-Kristo berriz illerazotzeko diña motibo ematen due. Nola bada, bear bezela orazio humillik, eta konsideraziorik egin bage, piztuko da Kristauaren biotzean Jaungoikoaren guzien gañeko amorio aiñ bizia, eta irazekia, eta pekatuaren aiñ gorroto andia, nun bertalik pekatuaren barkazioa, eta Jaunaren grazia, eta adiskidetasuna iristeko diña izango dan? Akto kontriziozkoak bearbada egingo dituzue: baña oituraz, konsiderazio andi bage; eta zuen barruak ukitu, mugitu, eta mudatu edo konbertitu bage, eskuarkiro izango dira: eta lengo estaduan geldituko zerate: eta ala ezin geiagoraño enkargatzen dizuet, N.K. zuen akto kontriziozkoak egin ditzatzuela sarri, baña egiazko damutasunera, eta propositora mugitzeko aitatu dizuedan motibo guztiz andiak alik ondoena konsideratzen dituzuela: bada ezagutzen eztan gaitza sentitzen ezta: eta orobat galtzen dan ondasunaren balioa pensatzen ezpada, pena gutxi ematen du: eta egiñalak egin da ere, etzaiteztela arren kontentatu kontrizio utsarekin ori bear dan gradura, eta perfekziora eltzen ezpada, pekatuaren mendean geldituko zerate. Eta argatik eztakizuen ezkero, subito ilko zeraten edo ez: edo juizioa galduko dezuen edo ez, azkeneko eritasunean: bada guzia egunoro ikusten da: edo oarmen edo ezaguera guzia izan arren, bear dan argitasuna, humiltasuna, konfianza osoa, eta biotzeko damutasuna, izango dezuen edo ez: bada bizia nolakoa, eriotza alakoa izan oi da: urtearen zai egon bage, eta kontrizio utsarekin arriskatu bage; pekatu mortal egin ezkero, eta baita pekatu mortalik ez izan arren, sarri, eta ondo konfesatzeko alegiñak egin bear dituzue, N.K.: bada 1. Konfesioarekin eta Jesu-Kristoren izenean Konfesoreak ematen duen absoluzioarekin errazago iristen da pekatuen barkazioa: bada bildurrezko damutasunarekin eta atrizio egiazkoarekin eta aurrera Jaungoikoa biotz guztitik amatzeko deseo egiazkoarekin prestaturik badago bat, Sakramentuaren grazia errezibitzen du, eta auxe da, N.K. Jesu-Kristo gure Jaunak egin digun beste mesede guztiz andi bat, bada kontrizio utsarekin baño errazago, eta seguruago pekatutik libratzen gera konfesioarekin: zerren aditu dezuen bezela kontrizio perfektoa, eta Jaungoikoaren guzien gañeko amorioa, eta orri darraion grazia, bertatik justuak, egiten gaituana, txit nekez iristen due, batez ere humiltasun gutxi, eta argitasun gutxiago duen pekatari arroak.

        Baña konfesatu bearrak humillatzen ditu: bada eren pekatuak zeoro examinatu bear ditue: damutasuna, eta propositua artu eragiten die: orretarako fedea, esperanzea, eta karidadea exerzitatzeko alegiñak egiten ditue: barkazioa eskatzen due: eta absoluzioarekin batera Jesu-Kristok aplikatzen die Sakramentuan utzi zigun bere pasio, eta eriotza santuaren frutua: eta Konfesoreak bere aldetik laguntzen die bere konseju onakin, eta aurrerako erremedioakin: eta ala probetxu guztiz andiak dakazki sarri konfesatzeak: bada orrez gañera 2. zenbat geiagotan konfesatzen zeraten, anbat pekatuaren zor denporala geiago pagatuko dezue: eta 3. indar berriak artuko dituzue, Jaunaren grazian irauteko, eta eriotzako ordurako obeto prestaturik arkituko zerate: eta inoiz tentazio andi edo estudasunen batean zuen argaltasunagatik pekatu mortalen bat egitea badezue: laster konfesatuarekin errazago erremediatuko dezue: eta ala, N.K. bata bestearen leia santu batekin, etxeko guziok edo illean bein edo illabete bi edo iru igaro bage konfesatzeko oitura santua artu ezazue: eta zuek batez ere guraso, nagusi eta etxekoandreak zuen familiak, zuen exenplo onarekin orretara ekarri itzatzue: eta emen Jaungoikoaren bendizioa, eta gero betiko gloria iritsiko dezue. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa