www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BIGARREN DOTRIÑA

 

Agintariak, eta nagusiak, eta aen mendekoak
dituen obligazioen gañean.

 

        Aurreko dotriña bietan humen, eta gurasoen obligazioak azaldu, eta aditzera eman dizuet: eta laugarren mandamentu santuaren esplikazioa osatzeko, gaur esan bear dizuet: 1. nolako obligazioak dituen agintzeko kargua duenak: eta oen mendean daudenak: eta 2. batez ere aditzera emango dizkizuet nagusiak, eta etxekoandreak: eta mirabeak, eta serbitzariak; alkarrekiko dituen obligazioak: askori ukitzen dio gaurko dotriñak: premiazkoa da: eta kontuz aditu bear dezue: eta gure dotriñako kartillari narraiola, galdetzen det.

        Nor besterik aditzen da gurasoen izenaz? Nagusiagoak adiñean, diñatasunean, eta aginte edo gobernuan. Anziñako denporetan, eta Hebreotarren hitzkuntzan, aita, eta guraso deitzen zioben, ez bakarrik sortu gaituanari, baita ere besteren kargua, agintea edo gobernua zuenari: eta ala Jaungoikoaren legeko laugarren mandamentu santuak, aita, eta ama honratzea agintzen digunean, orobat agintzen digu guraso orde dauden guziak honratzea: eta baita oei ere agintzen die gurasoen lanak, egitekoak edo beargaiak eren mendeko guziakin egitea: eta gure dotriñako kartillari narraiola.

        Lenengoa galdetzen det: Nor dira nagusiagoak adiñean? Ori jakiña da, zarragoak, urte geiago dituenak. Eta oriei eren adinagatik zer zor zaie? Errespetoa, eta erreberenzia zor die gazteak: eta Espiritu Santuak esaten digu: burua zuriturik daukan zarraren aurrean jaiki zaitez: erreberenzia egiozu esango balu bezela: eta errespetoa ekarri egiozu.

        G. Eta zarragoak zer egin bear due gazteagoen aldera? E. Zartasunari dagokan bizimodu paketsu, eta argituarekin exenplo ona, eta konseju onak gazteai eman bear die: bada askotan gazteak zarretatik ikasten due zer egin bear duen: eta argatik zar onak honragarriak, eta estimagarriak dira, baña, urte asko izan arren, buru ariñak dituzten zarrak, erak despreziagarri egiten dira: eta gazte asko eren exenploarekin galtzen dituzte. Eta ala, zarrak, dagokien errespetoa, eta erreberenzia nai badue, beren bizimodu, eta exenplo onarekin batez ere iritxiko due.

        G. Eta nor dira nagusiagoak diñatusunean? E. Kargu andiak, goratuak, eta honragarriak dituenak, nola diran gauza espiritualetan 1. Erromako Aita Santua edo Sumo Pontifizea, Jesu-Kristoren Bikarioa lurrean, eta Kristau guzien burua, gidaria, eta maisua; 2. gure Obispo Jauna: eta eskualdiarekin dauden Bikario jenerala; eta beste Juezak, Elizako gauzetan gu gobernatzeko: 3. parrokia bakoitzeko Erretore edo Bikario Jaunak: 4. Sazerdote guziak Konfesoreak, eta Predikadore edo dotriña erakusleak; eta Jaungoikoari Errelijioetan konsagraturik dauden persona guziak. Eta gauza denporaletan diñatasunik andiena due Erregearen Majestadeak: eta bere eskualdiarekin Erreinua gobernatzeko: justizia egiteko; pakea konserbatzeko; eskandaloak eragozteko; gaiztoak kastigatzeko; eta onai sariak emateko, dauzkan bere ministro, Juez, gobernari, alkate, eta beste kargudunak. Oei guzioi zor diegu errespeto, eta erreberenzia andia: bada ala dagokio aen diñatasun, eta kargu andiari.

        G. Eta nor dira nagusiagoak aginte edo gobernuan? E. 1. Aginteko eskualdia duen guziak, ala gauza espiritualetan, nola denporaletan: nola diran len aitatu ditudanak. Eta oriez gañera 2. familiako edo etxeko buruak, nola diran aita, eta ama: eta baita guraso-ordekoak, nola diran tutore, eta kuradoreak: aitona, eta amona: aitagiarraba, eta amagiarraba: ugaz aita, eta ugaz ama: aita pondekoak, eta ama pondekoak: senide nagusiak, eta beste aideak: bakoitzak bere aldian daukan eskualdi edo aginteaz batera. Eta 3. dirade nagusiagoak agintean, eta gobernuan senarrak eren emazteaekiko. 4. Orobat dirade nagusiagoak aginte, eta gobernuan eskola nola, eta ofizio guzietako maisu, eta erakusleak: eta azkenik dirade nagusiagoak aginte, eta gobernuan familiako buruak edo nagusiak; eta etxekoandreak eren serbitzari edo mirabeakiko.

        G. Eta agintzeko eskualdia duen nagusiagoai zer zor diegu? E. 1. Obedienzia agintzeko kargu edo eskualdia duen gai edo gauza on guzietan. Eta ez obedezitzea orrelakoai beti da pekatu edo andiagoa edo txikiagoa gaia danez: gauza pisu, eta andietan pekatu mortala: eta gauza txiki, eta ariñetan pekatu beniala.

        G. Eta nola obedezitu bear diegu gure agintariai? E. Humiltasunarekin, laster, eta borondate edo gogo onarekin iguitasunik, eta atzerapenik agertu bage: kontu egiten degula, Jaungoikoari berari aetan obedezitzen diogula; bada Jaungoikoagandik due dauken eskualdia: eta aginlariai obedezitzen eztienak Jaungoikoaren ordena, eta aginteari obedezitzen eztio: eta ala obedezitu bear ditugu, San Paulo Apostoluak erakusten digun bezela, ez bakarrik bildurrez, indarrez, eta premiaz; baita konzienziaz ere: au da Jaungoikoak, eta arrazoi naturalak obligatzen, eta beartzen gaitualako. Eta 2. gure agintariak biotzez amatu bear ditugu: aekgatik Jaungoikoari erregutu bear diogu, osasuna, eta zuzen gobernatzeko argia, eta indarra eman degien: esker ona ere, eta errespetoa beti eduki bear diegu: eta bildur izan bear gera naigaberik dan txikiena ere aei ematen: bada Jaungoikoa bera orduan ofenditzen degu.

        G. Eta gobernuan edo agintean nagusiago diranak zer obligazio due eren mendekoen aldera? E. Ori geienak badakite: eta batez ere artarako estudioak egin dituztenak. Eta bakarrik diot, eren obligazioak zeoro ikasteko erarik izan eztuen erri askotako Justiziako jaunak, eta beste kargudunak: 1. alegin guziak egin bear dituela eren beargaiak edo langaiak ondo ikasteko, eta oriei kobru emateko: 2. kontu egin bear due erri guztien gurasoak dirala; eta guziak berdin Jaungoikoagatik amatu bear dituela: 3. guztiakin berdin justizia egin bear duela: 4. Erriko eskandaloak eragozteko edo erremediatzeko obligazio estua duela: eta orretarako 1. erak guziai exenplo ona eman bear diela: eta batez ere utzi bear dituela osoro erabageko joku luzear, eta burnak irabiatzeko, eta turbatzeko ardau edateak; bada ezin dateke besteak zuzentzea, erak oker dabiltzala. Eta 1. txit kontuz eragotzi bear dituela tabernetako ez orduetako egoera luzeak: eta plazetan egiten diran, eta askotan ikusi oi dituen modestia bageko danza eskandaloz beteak: nola izan oi diran albo joka, eta beste era lotsagarrietan egiten diranak; bada oriek eskandalo nabarbenak edo publikoak dira: eta al dueneraño erremediatzen ezpaditue, artako eskua duenak, omisiozko edo ardurabagetasunezko pekatu orregatik kondenatuko dira: eta argatik beren, eta eren errietako pekatu txit asko eskusatu nai dituen Alkate jaunak, eztie usten neskatxa mutillai pañuelo bage danzatzen: eta kastigatzen ditue, eta lotsatzen ditue, modestia bage, eta lotsa bage danzatzeko ausardia artzen duen buru ariñak. Eta 5. jakin bear due, erriko guzien onagatik, ala espiritualean, nola denporalean kontuz begiratu bear duela: eta ori guzia ondo egiteko, bear dan guzian, geiago dakitenai edo artako egoki diranai konseju eskatu bear die; eta batez ere Jaungoikoari gogotik, eta sarri bere argia, grazia, eta indarra eskatu bear diobe bere borondate santua gauza guzietan egiteko: eta bere honra, eta gloria, eta animen salbazioa billatzeko; bada bestela agintariak erraz itxutu oi ditu, alde batetik mundukoen esames, eta erabageko bildur edo errespeto gaiztoak; eta beste aldetik eren arrotasunak, gutiziak, eta beste eragageko pasioak: eta agintarietan gaitzago dira menderatzen pasio oek: eta ondorengo guztiz kaltegarriak, eta guztiz izugarriak oi dakazte erentzat, eta eren mendeko guzientzat.

        G. Eta esan ditugunaz gañera, noren obligazioak batez ere sarturik daude laugarren mandamentu santu onetan? E. Emen daude sarturik mirabeak edo serbitzariak eren nagusi, eta etxekoandreen aldera dauzkatenak: eta orobat nagusiak eta etxekoandreak dituen beargaiak, eta obligazioak ere miraben aldera: eta zerren dotriña gai onek askori ukitzen dion, eta premia andikoa dan, zeoro aditzera eman bear dizuet.

        G. Eta 1. zein dira mirabe edo serbitzarien obligazioak? E. dirade iru oek: 1. eren nagusi, eta etxekoandreak errespetatzea: 2. obedezitzea: eta 3. leialtasuna gordetzea.

        G. Zergatik dauke mirabeak eren nagusi-etxekoandreak errespetatzeko obligazioa? E. Zerren familiako, eta etxeko guzien buruak diran; eta Jaungoikoaren lekuan daude: eta orren eskualdiarekin agintzen due: eta ala, San Paulo Apostolu andiak mirabeai esaten die, eren nagusietan geiago begiratu degiobela Jaungoikoari ezenez gizonai. Sicut Domino, et nun hominibus. (Eph. 6.) eta ala nagusi-etxekoandreak, izan arren pobreak, jakiñezak, eta bearbada gaiztoak, mirabeak zor die errespetoa: eta ala lotsa bage, eta arrotasunaz hitz egiten badie, Jaungoikoa bera agitz ofenditzen due: egia da askotan pazienzia andi baten bearra izango duela mirabeak, zerren asko nagusi, eta etxekoandrea diran aserrekorrak, gauza gutxi bategatik suak, eta garrak bereala artzen dituenak: eta bear ez bezelako arrazoi txarrak mirabeai esaten dienak: baña ala ere mirabeai dagokiena da humiltasuna, eta pazienzia: eta orixe Jaungoikoari gogotik eskatu bear diobe, eta emen pakea, eta gero Zerurako irabazi andiak izango dituzte.

        G. Eta zertan batez ere agertu bear due mirabeak nagusi-etxekoandreai dien errespetoa? E. Obedienzia osoa beti ekarten, Jaungoikoaren legearen kontra eztala, agintzen dien beste gauza guzietan. Au da miraben bigarren obligazio andia: San Paulo Apostoluak berak argiro erakusten duena. Eta nola obedezitu bear die eren nagusiai? Apostoluak berak esaten die, Jesu-Kristori berari bezela; gogo onarekin; orobat begira dagozkienean, nola ikusten eztituenean: Jaungoikoagatik batez ere, eta eren konzienziagatik; eta orra mirabe gaxoak santidade edo birtute andira igarotzeko bidea: neke puska bat sufritu bearra izango due asko nagusi, eta etxekoandrearekin: baña sarri gogora ekarri bear due, aen mendean daudela, obedienziako estaduan daudela: eta ori dala Jaungoikoaren borondatea: eta obedezitu nai ezpadie eren nagusiai, Jaungoikoari berari obedezitu nai eztiobela: eta ala alaitu bear dira eren nekea Jaungoikoagatik, eta eren salbazioagatik eramatera.

        G. Eta nagusiak, eta etxekoandreak, gauza gaiztoren bat, pekatu dan gauzaren bat mirabeai agintzen badie edo eragin nai badie, obedezitu bear ote die? E. Orduan ez: lenago da nagusi guzien, eta serbitzari guzien nagusi Soberano edo guzien gorenari obedezitzea munduko nagusi, eta etxekoandreai baño: oek eztue alakorik agintzeko eskualdirik: eta ala eranzun bear die: naiago det, eta bearrago det Jaungoikoari obedezitzea, zuei gustoa ematea baño: bada guziok aren Majestadea gauza guzien gañean amatu bear degu, eta lenago bizitza galdu bear degu, aren Majestadea ofenditu baño. Onetan antxiñako Jose Patriarka Santuak exenplo miragarri bat eman zigun: bera zan Putifar Ejiptoko anditsu baten etxeko maiordomoa: guztiz maite zuen, zerren guztiz ona, eta leiala zan: baña etxekoandreak berak, bere nagusiaren emazteak: loikeriako pekatu zikin bat egitera askotan tentatu zuen: eta bakar aldi batean pekatu eragin nai izan zion: eta zerren alde egiten zion, kapatik eldu zion: baña Jose kastoak, eta leialak kapari larga, eta iges egin zion: orra Jaungoikoarekiko, eta nagusiarekiko nolako leialtasuna izan zuen: eta etxekoandren aldetik zer sufritu asko izan bazuen ere, Jaungoikoak gorde zuen: eta Ejiptoko honrarik, eta kargurik andienetara jaso zuen: eta orra guziontzat, eta batez ere mirabentzat exenplo guztiz ederra.

        G. Eta zein da mirabeak edo serbitzariak eren nagusi, eta etxekoandreai zor dien irugarren obligazioa? E. Leialtasuna, eta fieltasuna.

        G. Eta zertan agertu edo gorde bear due leialtasun ori? E. Gauza askotan dauke orretarako gaia: eta 1. mingañean leialak izan bear due, etxe barruan gertatzen diran utsegiteak, aserrealdiak, eta aditzen dituen gauzak kanpakoai iñola ere ez salatzeko: bada ori izan oi da askotan aiden, eta auzokoen arteko gaitziritzirako, eta gorrotorako bidea, eta esan komuna da, nagusi batek etsai andiagorik eztuela, orrelako mirabe edo serbitzari, bere etxeko sekretoak salatzen diona baño. Badira ala ere aldi batzuek etxean ikusten diran gaiztakeriak esatera obligatzen edo premiatzen duenak: Baña orduan nori esan bear zaio? Bakar-bakarrik, eta sekreto andiarekin erremedioa ipiñi dezakeanari, eta ez besteri; eta ala etxeko seme edo alabai ikusten badie erremedioa eskatzen duen gaiztakeriarik, modu onarekin gurasoai erai ixillik kontu ematea konbeni da: eta orobat beste miraben artean eskandalorik ikusten badue, abisatu bear ditue erremediatzeko obligazioa duenak: baña ori egin bear due, karidadez, eta fin onarekin: eta ez nolanaiko iruipen utsak sinisten dituela: baizik ziertu ala dala dakienean: bada askotan eren artean igui antzik edo gaitziritzirik badue, erraz, eztana ere, ala dala iruitzen zaie; eta eztiran gauzak edo, diran baño geiago erausten, kontatzen edo salatzen ditue. 2. Leialak izan bear due mirabeak eren aoan; kontentatzen dirala dagozkien, eta sañalaturik dauzken eren jateko, eta edatekoakin: eta eztagozkien jan-edanak ixillik nagusi, etxekoandren borondate bage artzen eztituela: bada ori gai andian izan ezkero lapurreta da: 3. orobat leialak izan bear due eren begietan; eren nagusi-etxekoandren ondasunak ondo gordetzeko, eta iñori gaizki eramaten ez uzteko. 4. Eskuetan ere izan bear due leialak etxeko ondasunetatik batere ez ostutzeko: ez eta soldata txikiak dituelako, eta neke andia daramelako aitzakiarekin ordaña eren eskuz artzeko: bada kalte ezaguturik badue, eskatu lezake eren pagua: eta kontentu ezpadira, beste nagusi bat billa dezake; baña bere eskuz justiziarik ezin egin dezake. 5. Izan bear due leialak eren mirabetasuneko edo serbitzeko urtea edo denpora kontuz osatzen edo kunplitzen: nagusiak despeditzeko aitzakiarik asmatu bage: eta bakarrik utzi ditzake eren nagusiak, kalte andia datorkienean eren osasunean; edo eren bizimodu ona bestela galdu bear duenean: edo anima galtzeko arriskuan daudenean; bada orrelako aldietan ezin nagusiak eragotzi leikie aen etxetik irtetea. Eta azkenik eren neke, lanetan, eta beargai guzietan, leialak izan bear due mirabeak, eta serbitzariak, eta orobat besterentzat bearra egiten duen langiñ edo jornaleroak: arrazoiak, eta soldatak edo jornalak merezi duen bearra egiten duela, eta aiñ ondo denpora igarotzen duela bearrean, nagusiak ikusten eztituanean, nola begira dagokienean: bada, naiz mirabeak, naiz langiñak, dagokien lana egin bage denpora luzea igarotzen badue, eta kalte andia nagusiari egiten badiobe, errestituzioa egiteko obligazioa dauke. Eta orobat da, eskuetako lana bere kulpaz edo ardurabagetasunez gaizki egiten badue: eta nagusiari edo jabeari kalterik badatorkio. Orra miraben, eta serbitzarien obligazio jakiñak, kontuz gorde bear dituenak, nagusi-etxekoandreai ezeze guzien nagusi, jabe, eta Jaun Soberanoari atsegin emateko, eta gero Zeruan betiko saria gozatzeko.

        G. Eta zeiñ dira nagusiak, eta etxekoandreak eren mirabe, eta serbitzarien aldera dituen obligazioak, eta beargaiak? E. Guztiz asko, eta andiak dira: bada San Paulo Apostoluak dio, ze bereen kuidadurik, eta batez ere bere etxeko edo familiako mirabeen kuidadurik eztuenak fedea ukatu duela, eta fedea bagea baño gaiztoagoa dala; beintzat bere obretan: baña nola eztan erraz nagusi-etxekoandren obligazio guziak, banaka, ete dotriña labur batean bear bezela aditzera ematea, aitatu baizik egingo eztitut: eta dira 1. mirabeai ematea sustentua edo alimentu egokia; ez bakarrik bizi izateko diña, baita ere osasuna konserbatzeko, eta eren neke lanak era onean egiteko. 2. Da soldatak txit kontuz pagatzea, eta orobat eren sari edo jornalak beste langin guziai; bada ori pagatu bagez edo geiegi luzatuaz uste duen baño kalte andiagoa egin oi die: eta pekatu orrek Zerura deadar egiten du, neke-saria pagatu artean. (Jacob 5.) 3. da, iruipeneko aitzakiaz, etxean zerbait galdu dalako edo bearra ondo egin eztuelako soldatarik ez ukatzea edo gutxitzea: eta orobat arrazoizko motibo andirik eman bage, mirabeak bere denporaraño ez despeditzea: eta mirabeak motibo justuak dituenean, nagusia uzteko, eta etxetik irteteko, zerren beste kalte andiren bat datorkion beren ondasunetan; edo eren animako gauzetan, eziñ nagusiak eragotzi leikie: eta ez soldatarik ukatu, serbitu duen denporari dagokionik: eta gauza oen gañean eztabaidarik edo diferenziarik izaten badue, iritzia eskatu bear diobe, konsejua ondo eman dezakean gizon jakinsu, eta Jaungoikoaren bildurra duen bati: eta justu dana egin: baña bestela Zeruko Juez Soberanoak kondenatuko ditu. 4. Obligazioa da, mirabeak gaxotzen diranean, errukiz, eta karidadez, eren humeai bezela begiratzea: eta aen osasunagatik alegiñak egitea. 5. Obligazioa da eren mirabeai animako salbaziorako bear dituen gauzak kontuz erakustea, eta ikasi eragitea, gurasoen obligazioetan esan genduan era artan bertan: eta orrez gañera Kristauen lanak ondo egiteko bear duen denpora ematea: nola Meza santua, eta dotriña enzuteko, eta noizean bein, txit luzatu bage, konfesatzeko, eta komulgatzeko. 6. Obligazioa da, usadio txarrak edo aztura gaiztoak dituen mirabeak modu onarekin korrejitzea, erreprenditzea, eta erremediatu erazotzea: eta orretarako alegiñak egin ezkero, erremediatzen ezpadira despeditu, eta etxetik atera bear ditue: bada orrelakoak, onak ere gaiztatzen dituzte: eta izurri gaiztoa bezela dira. Eta azkenik nagusi, eta etxekoandren obligaziorik andiena, eta bearrena, erenzat, eta eren mirabenzat, da exenplo ona etxeko guziai ematea. Guziok dakizue exenplo gaiztoak, eta batez ere agintarienak, zein indar arrigarria duen eren mendekoak gaiztatzeko, eta eren antzekoak egiteko: eta kontrara gurasoen, eta nagusi, etxekoandren exenplo onak, nola guziak ondutzen dituen, pekatutik, eta bizioetatik ateratzen dituen: eta birtuteari jarraitzeko gogoa guziai ematen dien: eta bide batez ondasun asko irabazten ditue: emen ondo serbituak, errespetatuak, eta honratuak, izatea: guzien biotzak bereganatzea: edo obeto esateko Jaungoikoarentzat irabaztea: Eta nolako saria, nolako honra, eta nolako gloria gero Zeruan izango duen, nork esan dezake?

        Orra bada guziok zertara leiatu bear zeraten: aditu dituzuen obligazioak, ala mirabeak, nola nagusi, etxekoandreak, eta agintari guziak, ondo gordetzeko alegiñak egin itzatzue: alkarrekiko karidade egiazkoa, eta pazienzia Jaungoikoari sarri, eta gogotik eskatu egiozue: bata besten kargak jasotzeko alegiñak egin itzatzue: eta orrela Jesu-Kristoren legea gordeko dezue: eta guzion nagusi, eta Jabe Soberanoa ezeze, guzion Zeruko Aita dan, gure Jaungoikoak emango dizue sari guztiz ugaria bere Erreinuan. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa