www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO DOTRIÑA

 

Aditzera emateko
1. Kristauaren bizimoduak nolakoa izan bear duen: eta
2. Pekatua zer dan, eta zenbat modutan izan oi dan:
eta 3. Pekatu mortala zer dan, eta zein iguigarria,
eta kaltegarria dan: eta pekatu mortalean
erori ezkero, nola luzatu bage
kontriziozko aktoa egin bear dan.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunak guzioi esaten digu: betiko bizitza iritsi nai badezu, mandamentuak gorde itzatzu: eta lenago esan zigun Dabid Errege Santuaren aotik: betiko pakea iritsi nai badezu, pekatutik alde egizu: eta obra onak egin itzatzu: «declina a malo, et fac bonum» eta ala eztegu asko Zerura joateko, eta betiko Infernutik libratzeko, fedea, eta esperanza edukitzea edo zer sinistu bear degun, eta zer, eta nola eskatu edo nola orazio egin bear degun jakitea. Fedea, eta esperanza nai ta ez lagundu bear ditugu karidadearekin edo Jaungoikoaren guzien gañeko amorioarekin, eta gure lagun urko edo proximoaren egiazko amoriarekin: eta ori agertu bear degu gure bizimodu onarekin, edo gure obra onakin: eta orregatik gure dotriñako liburutxoak, zer sinistu, eta zer eskatu bear degun erakutsi ezkero, galdetzen du: Kristauak, arrazoiaren argira eltzen danean, jakin bear duen irugarren gauza zein da? Eta eranzuten du: Jakin bear du, zer obratu bear duen. Eta nola jakingo du, zer obratu bear duen? Jakiñarekin Jaungoikoaren legeko amar mandamentuak edo aginteak: eta Eliza Ama Santaren bostak: eta miserikordiazko obrak. Baña amar mandamentuetan gure Jaungoikoak zer agintzen digun, eta zer eragozten digun obeto ezagutu eragiteko, lenago esan bear dizuet laburtxo: 1. Kristauaren bizimoduak nolakoa izan bear duen: 2. Pekatua zer dan, eta zenbat modutan dan. Eta 3. Pekatu mortala zer dan, zein iguigarria, eta kaltegarria dan: eta nola, pekatu mortalean erori ezkero, luzatu bage kontriziozko aktoa egin bear dan: eta orra gaurko hitz aldia: Jaungoikoari nai dakiola, guzion probetxurako izatea. Eskatu dezagun bada aurretik orretako Espiritu Santuaren argia, eta grazia: Ama Birjiña Santisima bitarteko arturik. Abe Maria.

        1. G. Mundu onetan kristauok nolako bizimodua egin bear degu, gure obligazioak osatzeko, eta betiko ondasunak iristeko? E. Jesu-Kristo gure Maisu edo erakusle Soberanoak bere dotriña, eta ejenploakin erakutsi zigun bizimodua egin bear degu: eta ori Jesu-Kristoren Ebanjelio Santuan ondo argiro agerturik, eta azaldurik edo explikaturik dago.

        G. Jesu-Kristok gure bizimodurako erakutsi zizkigun dotriñak, eta ejenploak zertara batez ere bitzen dira? E. Bi gauzatara: lenengoa da, gure biotzak munduaren amoriotik apartatzea, askatzea edo eranzitzea: eta bigarrena da, Jaungoikoarekin gure biotzak unitzea edo batutzea. San Juan Ebanjelistak esaten digu: Mundua, eta munduko gauzak eztitzatzula maitatu: au da, orietan zure biotza eztezazula ipiñi: bada mundua maite duenagan Jaungoikoaren amoriorik arkitzen ezta. Eta Jesu-Kristok Apostoluai esan zien, eta aetan Kristau guzioi: zuek ya munduarenak etzerate: Nik mundutik esleitu, eta atera zaituet. Esango balie bezela: Zeruan daukazue zuen Aita, eta zuen herenzia Zeruko Erreinua da: Zerurako bada bizi bear dezue: billa ezazue lenbizian Jaungoikoaren erreinua, eta bere justizia: au da, justuen bizimodua egitea, eta zeruan dagoan zuen Aitak, munduan bear dituzuen gauzak, azigarri bezela emango dizkitzue: eta aurretik esan zien: jabe bi batetan ezin serbituko dituzue: munduari, eta Jaungoikoari ezin gusto emango diezue: eta Zeruko erreinua iristeko, amatu bear dezue zuen Jaungoikoa zuen biotz guziarekin, zuen anima guziarekin, eta zuen adimentu, eta indar guziarekin. Oek Jesu-Kristoren hitzak dira: eta nola zekusen aren Majestadeak, Jaungoikoa biotz guztitik amatzeko daukagun inpedimenturik edo eragozgarririk andiena dala gure buruaren, eta aragiaren erabageko amorio itxua; eta ortik datozkigun pasio, griña edo inklinazio gaiztoak; esan zigun guzioi «nere ondoren iñork etorri nai badu, uka beza bere burua: ar beza bere gurutzea, eta niri jarrai bekit». Zertan ordea jarraio bear diogu? Berak esaten digu: nigandik ikasi bear dezue, zuen buruak humillatzen; zerren naizan humilla, eta mansoa: eta pakea zuen animenzat arkituko dezue: eta arrezkero nere legearen ustarria biguiña, eta ariña izango dezue: ala ikusten da: Kristau humillak, naiz aberatsak, naiz pobreak, Jaungoikoa biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik maite duenak, pakean bizi dira; zerren eren nai edo borondatea gertakari guzietan, ala pozgarri, nola penagarrietan Jaungoikoaren borondatearekin konformatzeko alegin guziak egiten dituen: baña Kristau arroak, honrazale, intereszale, eta atseginzale erabageak, eren biotzak, eta amorioa ipiñirik dauzkate munduko estimazio, ondasun, eta gustoetan: eta ezin logratu baditue, naigabeturik, eta tristaturik daude: eta erabage gozatzen baditue, Jaungoikoa ofenditzen due: eta eren konzienziako arrak ortxikatzen edo erreprenditzen ditu: eta pakerik iñundik eztue: eta nai ta ez penaturik egon bear due. Eta ala zenzatu gaitezen arren guziok, eta erabaki dezagun, Jesu-Kristok erakutsi zigun bizimoduari gogotik jarraitzea. Eta ori obeto egiteko, eta pekatutik beti alde egiteko; ikusi dezagun orain pekatua zer dan, eta zenbat modutan izaten dan.

        2. G. Zer da bada pekatua? E. Gure borondate gaiztoa egitea naiago izatea Jaungoikoarena baño: edo orobat dana, Jaungoikoaren lege Santua, bere borondatea aditzera ematen diguna, ausitzea edo ez kunplitzea, gure borondatea kunplitzeagatik edo gure ardurabagetasunagatik.

        G. Zenbat pekatu mota dira? E. Bi: bata da pekatu orijinala edo jatorrizkoa, guzien lenengo guraso Adanegandik datorkiguna: Bateo Santuan barkatzen zakuna. Eta askotan aditzera emanik daukaguna, bere ondorengo kalte izugarriakin: bada andik datorkigu ill bearra; pekaturako leia edo griña gaiztoa: onerako pisutasuna, eta nagitasuna: pasioen erabagetasuna, eta itxumena: eta kondenatu bearra, Jesu-Kristok erremedioa ekarri ezpaligu gure zorrak pagatzeko sufritu zuen eriotzarekin: bere dotriñarekin bere ejenploarekin eta bere graziarekin: eta bigarren pekatu mota da aktuala edo ezaguerara etorri ezkero gure borondatez egiten deguna: eta au da orain aitatu bear deguna.

        G. Zenbat modutan da pekatu ori? E. Modu askotan: batzuek dira pensamentu utsezkoak bakarrik: nola dan deshoneskeriako edo loikeriako gauza zikiñetan ezagueraz, gogoz, eta borondatez, atsegiñez pensatzen egotea bakarrik, pekaturik obraz egiteko asmo edo deseorik ez eduki arren: eta orobat gorrotozko pensamentuak gogoan ezagueraz erabiltea: eta proximoaren onaz damu artzea, eta aren gaitzaz poztutzea edo atsegin artzea, gaitzik egiteko asmorik edo deseorik ez eduki arren. Beste pekatu batzuek dira deseozkoak: au da, pekatu dan gauzaren bat egiteko asmo edo intenzioa artzea: dala lapurreta egitekoa, dala deshonestidade edo loikeriakoa, dala bendekuzkoa; edo beste edozein: eta bere barruan ezaguera osoarekin, eta osoro konsentitu baditu, Jaungoikoaren aurrean pekatu dira, obraz kunplitu ezpaditu ere edo erarik izan eztuelako edo damutu zaiolako. Beste pekatu batzuek dira hitzezkoak bakarrik: nola juramentuak, batez ere gezurrezkoak; blasfemiak, birau edo maldizioak: hitz loiak: murmurazioak: gezurrak: beste pekatu batzuek dira obrazkoak: nola lapurretak: erabageko joku luze, kaltegarriak: ordikeriak: burrukak: eta beste era askotakoak. Eta azkenik beste pekatu asko dira utsegiñezkoak edo omisiozkoak; bakoitzaren estaduari, karguari, eta bizimoduari dagozkion obligazio jeneralak edo partikularrak, ikasi bagez edo kontuz gorde bagez egiten diranak.

        G. Zerk pekatu eragin edo Jaungoikoaren legea ausi eragiten digu? E. 1. Batzuetan jakineztasun edo ignoranziak. 2. Beste batzuetan gure argaltasunak, eta gaitzerako griña edo pasio gaiztoak. Eta 3. Beste batzuetan gure maliziak edo gaiztakeriak.

        G. Noiz pekatu egiten degu ignoranziaz? E. Jakin bear degun edo jakiteko obligazioa degun gauzaren bat, gure kulpaz edo ardurabagetasunaz eztakigulako, gaitz edo pekaturen bat egiten degunean: edo gure karguko obligazioren bat kunplitzen eztegunean. Eta ori gertatzen da, Kristau guziok ditugun obligazio jeneralak dotriña santuan erakusten diranak, ondo ikasteko alegiñak egin bagez: eta orobat bakoitzak bere estadu, kargu, ofizio edo bizimoduan dituan obligazio edo langai partikularrak ikasi bagez edo ondo ezagutzeko alegiñak egin bagez. Kontu arren obligazio onekin errietako kargudunak: gurasoak: ezkonduak: nagusi, eta etxekoandreak: eta mirabe edo serbitzariak.

        G. Noiz pekatu egiten degu argaltasunaz? E. Pekatu eragin nai digunari atzera esateko, eta gogortzeko bear dan indarrik eztegulako, erorten geranean: edo tentazioaren, eta gure griña gaiztoaren erasoari atzera esan ordean, eta menderatu ordean, erraz jarraitzen diogunean. Eta ori gertatzen da gure kulpaz, Jesu-Kristok erakusten digun bezela, ernai ez gaudelako, eta oraziorik estu aldietan egiten eztegulako, indarrak iristeko.

        G. Eta noiz maliziaz edo gaiztakeriz pekatu egiten degu? E. Ezaguera, eta oarmen osoarekin dakigula zer egiten degun, eta geurk nai degula, gure borondatez pekatu egiten degunean: eta pekatu mota au besteak baño andiagoa da; pekatu gaia berdiña danean.

        G. Eta oiturazko pekatua, argaltasunekoa da edo maliziazkoa da? E. Pekatu egiteko izan degun oituraz, erraztasunaz edo aztura gaiztoaz benetan damuturik bagaude: eta ori ezitzeko edo menderatzeko egiazko erremedioak, eta alegiñak egiten ari bagera orduan, ustekabean bezela, oitura gaiztoak eragiten dizkigun pekatuak edo utsegiteak dirade argaltasunekoak: baña gure oitura giaztoaren egiazko penitenziarik egiten ezpadegu, eta ura goitzeko erremedio eragillerik artzen ezpadegu: eta batez ere gure oitura gaiztoa piztutzen, eta indartzen duen okasio, eta arriskutik alde egiten ezpadegu, al degula, orduan oiturazko pekatua da maliziazkoa, gaiztakerizkoa, kulpadunagoa, zerren borondatea argana etziñago, eta makurtuago dagoan. Eta orrelako pekatariak, batez ere ordikeriara, lapurretara edo deshonestidadera edo gorrotora oiturik daudenak, txit nekez erremediatzen, eta sendatzen dira: ez erremedio eragillerik eztagoalako: baizik humillatu nai eztiralako: eta erremedioak gogotik artu nai eztituelako: eta ala kondenatuak izateko peril edo arrisku guztiz andian daude: Jaungoikoak arren argitu ditzala, eta erremediatzeko indarra diela.

        G. Eta bada beste pekatu motarik gure kontuko edo karguko danik? E. Bai: eta dira guk bidea edo eskandaloa emanik, besteak egiten dituen pekatuak.

        G. Nor dira eskuarkiro besten pekatuak bereak egiten dituenak? E. Asko dira. Baña batez ere dira, besteai pekatu egiteko agintzen dienak: konseju ematen dienak: laguntzen dienak: lausonjatzen dituenak: pekatura tentatzen edo mugitzen dituenak: edo eragozten eztienak, artarako kargua, eta obligazioa duelarik ere: nola gurasoak, nagusi-etxekoandreak: eta besten kargua duen guziak: eren mendekoen pekatuak, eragotzi ditzakeala, eragozten ezpaditue, eren kontuko izango ditue.

        G. Eta beste pekatu motarik bada? E. Bai: eta dira 1. Espiritu Santuaren kontrakoak deitzen diran pekatu banaka batzuek: 2. Zerura deadar egiten duen pekatuak: eta 3. Pekatu Kapitalak edo burudunak, beste pekatu askoren buruak, eta sustrai gaizto diralako.

        G. Zein dira Espiritu Santuaren kontrako pekatuak? E. Sei oek: 1. Salbazioaz etsitzea edo desesperazioa: 2. Presunzio arroa, uste duelako berez, eta bere indar edo alegiñakin bakarrik salbatuko dala: 3. Da, egiaz ezagutua ukatzea, eta gezurra dala sinistu eragiteko alegiñak egitea: 4. Besteak duen graziaren enbidia edo damua: 5. Pekatuan ostinatzea edo gogortzea: eta 6. Azken aldian ere penitenziarik ez egitea.

        G. Eta zergatik pekatu oek deitzen dira Espiritu Santuaren kontrakoak? E. Zergatik diran maliziaz, eta gaiztakeriz egiten diranak: eta dira Espiritu Santuari batez ere dagokion ontasunaren kontrakoak: ara nola argaltasunezkoak diren Aitari dagokion poderioaren kontrakoak: eta ignoranziazkoak Semeari batez ere dagokion sabiduriaren kontrakoak.

        G. Eta zergatik dio Jesu-Kristok, Espiritu Santuaren kontrako pekatuak ez dirala barkatuko, ez mundu onetan, eta ez bestean? E. Aditzera emateagatik pekatu orien malizia, eta gaiztakeri arrigarria: eta orien penitenzia egiteko nekeztasuna: baña ala ere barkatu ditezke penitenzia egiazkoarekin, eta konfesio on batekin: ill baño lenago egiten badue.

        G. Eta zein dira Zerura deadar egiten duen pekatuak? E. Lau oek: 1. Iñor iltzea borondatez edo ala nairik. 2. Sodomiako pekatu nazkagarria: edo gizakumeak gizakumeakin edo emakumeak emakumeakin loikeriako pekatuak egitea. 3. Pobreak naigabetzea, eta atsekabetzea. Eta 4. Langiñaren nekea, trabajua edo izardia, arrazoi bage, ez pagatzea edo detenitzea.

        G. Eta zein dira pekatu kapitalak edo burudunak, askotan mortalak deitzen diranak? E. Dirade zazpi oek: 1. Soberbia: 2. Abarizia edo gutizia: 3. Lujuria edo loikeria: 4. Ira edo kolera gaiztoa: 5. Gula: 6. Enbidia: eta 7. Nagitasuna. Zazpi pekatu oen, eta oek dakazten beste askoren ezaguera argia edukitzea gauza bearra, eta guztiz probetxugarria da gure buruak obeto ezagutzeko, eta erremediatzeko; eta argatik oen gañean zazpi dotrina berariazkoak aurrera egingo dizkizuet: eta orien kontrako birtuteak, eta erremedioak ere aditzera emango dizkizuet.

        G. Eta orain azkenik esan dezagun gure borondatez egiten degun pekatua zenbat modutan da? E. Bitan: bata da pekatu mortala, pisua, grabea edo larria: eta bestea da pekatu beniala, errazago egiten, eta barkatzen dana: ariña edo txikia: ez berez ariña, eta txit kaltegarria eztalako baizik, pekatu mortalaren aldean ariñagoa dalako.

        G. Eta zer da pekatu mortala? E. Gai andi edo pisuan Jaungoikoaren legea ausitzea ezaguerarekin, eta borondate osoarekin, edo pensamentuz, edo deseoz, edo hitzez edo obraz, edo utsegiñez.

        G. Eta zer da pekatu beniala? E. Gai edo gauza arin edo txikian Jaungoikoaren lege Santua ausitzea: eta baita gai andian izan arren, ezaguera oso bage, edo borondate oso bage, au da, osoro konsentitu bage edo ondo oartu bage pekatu egiten danean. Pekatu benialaren gañean beste dotriña aldi batean berariaz hitz egingo dizuet.

        G. Eta pekatu mortala da, amar mandamentuak ezeze, Elizako mandamentuak, eta gure kargua, eta kuidadua duen agintarien mandamentuak gai grabean edo pisuan ausitzea? E. Bai: orobat da pekatu mortala: zerren Jaungoikoaren eskualdiarekin agintzen digue: eta Jaungoikoaren legeak berak agintzen digu, oriei obedezitzea.

        G. Eta zergatik pekatu larri edo pisuari deitzen zaio mortala edo iltzallea? E. Zergatik iltzen duen egiten duanaren anima. Kristau justuak ditu bizitza mota bi: bata da naturala, begiz ikusten deguna. Bestea da naturalezaz gañetikoa: graziazko bizitza, Zerutik degun bizitza guztiz preziatua: eta au da pekatu mortalak kentzen diguna: eztigu alabaña bizitza naturala kentzen: bada pekatu mortalean dagoana ere bizi da: baña ikusten ezpada ere begiakin, egiaz illik dago Zerurako: eta orregatik deritza pekatu mortala. Eta orregatik pekatu mortalean dagoan artean, Santu guziak egin dituen penitenzia guziak, eta limosna guziak egingo balitu ere, Zerurako ezertxo ere irabazten eztu: zerren dagoan Jaungoikoaren grazia bage, animako bizitza bage: Jaungoikoaren etsai egiñik eta orduan egiten dituan obra onak dira obra illak, meritu bageak: pekatuen zorrik ere pagatzeko gai eztiranak: eta bakarrik serbitu dezake Jaungoikoagandik iristeko bear duen argia, eta laguntasuna penitenziaren bidez pekatutik irteteko, eta Jaunaren grazia iristeko, eta argatik pekatu mortalean daudenak ere, al dituen obra onak egin bear ditue.

        G. Eta ezagutu diteke ondo mundu onetan zein iguigarria, eta kaltegarria dan pekatu mortala, Kristau itxu askok aiñ ardurabage egiten duena? E. Ez bear bezela: bada esan al guzia esanda ere, ezin aditzera eman diteke zein arrigarria, eta izugarria dan pekatu mortal baten gaiztakeria. Baña ala ere, nolabait ori ezagutzeko, bada guzioi asko inporta digu, gogora ekarri, eta sarri konsideratu ditzakun orain esan degunaz gañera, fedeak erakusten dizkigun beste arrazoi batzuek. Eta lenengoa: dakizuen ezkero pekatu mortala egiten duela, edozein gai grabe edo pisuan Jaungoikoaren lege, eta borondate santua ausitzen duenak, erraz ezagutu dezakezue, nolako injuria, nolako ofensa, nolako desprezioa egiten diozuen Jaungoikoaren Majestadeari, eta aren anditasun infinitoari. Nork, eta nori! Zer zerate, eta zer gera guziok Jaungoikoaren Majestade soberanoaren aldean? ezerezak: munduko arrik txikienak baño ezerezagoak: Eta degun izate guzia, ala animaren aldetik, nola gorputzaren aldetik norena degu? Nori zor diogu? eta nork mantentzen gaitu? Eta gure zorion guzia, oraingoa, eta gerokoa, edo betikoa? Noren eskuan dago? Eta zer egin degu, pekatu mortala egin degunean? Naiago izan degu gusto zital bat kunplitzeagatik, edo interes labur bat aurreratzeagatik gure Jaungoikoa despreziatu, injuriatu, eta ofenditu: eta aren Majestadearen kontra altxatu, eta beraren aserretasunean, etsaitasunean, eta gorrotoan erori, eta esker gaiztoz eranzun ainbeste mesede egin digun, eta egiten ari dan gure Jaun, eta gure egille, eta mantentzalle, eta ongille guztiz maitagarriari. Ori guzia ondo pensatu ezazue, eta pekatu mortala zein iguigarria dan nolabait ezagutuko dezue: aborrezituko dezue: damutuko zerate: eta aurrera alakorik ez egiteko asmo edo propositu egiazkoak, eta sendoak artuko dituzue: eta are obeto 2. Jaungoikoak zuek merezi bage, egin dizkizuen mesede, edo fabore guztiz andiak banaka gogoratzen, eta konsideratzen badituzue: eta zein esker gaiztoarekin eranzun diozuen, eta ala batez ere oroitu zaitezte sarri: 1. Nola gure Jaungoikoak egin zaituen bera biotz guztitik amatzeko, eta eternidade guzian kaburik izango eztuen gloriaz gozatzeko. 2. Nola bere ezaguerara, eta Zeruko bidera ekarri zaituen. 3. Nola bere Seme maite Jesu-Kristoren odolaren kostuan pekatutik, demonioaren katiberiotik, eta betiko Infernutik libratu edo atera zaituen: eta Sakramentu santuetan aren eriotza santuaren frutua, pekatuen barkazioa, eta bere grazia eman dizuen: Zeruko herederoak edo jabegaiak, eta deretxodunak egin zaituen: Eta Aita Eternoak artu zaituen bere seme-alabatzat: Jesu-Kristok bere señidetzat: eta Espiritu Santuak bere jarleku, eta tenplotzat: eta bere graziarekin batera bear dituzuen birtute, eta doai guziak eman dizkitzue bizimodu on bat egiteko, eta betiko zoriona iristeko: eta ala ere aiñ ardurabage pekatu mortala egin dezue; izan ditekean eskergabetasunik andienarekin zuen egilleari, eta ongille aiñ andiari eranzun diozue: Deabruaren mendera biurtu zerate: aren antzeko monstruo ikaragarriak egin zerate: Zeruko deretxoa galdu dezue: betiko Infernua merezi izan dezue: eta Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzaren frutua ezertan eduki eztezue: eta berriz Jesu-Kristo gurutzean illerazotzeko diña motibo eman dezue: eta ezerezkeria bategatik askotan galdu dezue: Izan diteke, N.K. zorakeri andiagorik? itxumen arrigarriagorik? Eta gaiztakeri iguigarri, eta nazkagarriagorik? Nor lotsatuko, humillatuko, eta damutuko ezta, zer egin duen, eta Jaungoiko aiñ andi, eta aiñ on bati nolako billaukeriarekin eranzun dion, konsideratzen badu? eta nor jarriko ezta, milla bizitza balitu ere, guziak ematera, pekatu mortal bat ez egiteagatik, eta bere Jaungoikoa eta bere anima betiko ez galtzeagatik? Bai, N.K., pekatu mortala da izan ditekean gauzarik iguigarriena eta kaltegarriena: eta ori ezagutzeko, zuen fedea piska bat piztutzea baizik bear eztezue: bada pekatu mortalak galdu eragiten dizkizue, munduko tesoro, eta kontentu guziak baño infinitamente geiago balio duen Zeruko ondasun, eta kontentu eternoak: eta pekatu mortalak dakazkitzue beti-beti iraungo duen tormentu edo oñaze izugarriak Infernuko leize izugarrietan sufritu bearrak. Baña noiz artean? Eternidade guzian. Ori ondo pensatu ezazue: Jaungoikoari bere argia, eta grazia eskatu egiozue: eta zuen buruak len baño len, edo bereala pekatu mortaletik libratzeko alegin guziak egin itzatzue: eta baita aurrera Jaungoikoaren grazian beti irauteko ere.

        G. Eta pekatu mortala egin duenak bereala konfesatu bear du? E. Ondo lizate, bada seguruago Jaunaren grazia arkituko luke: bere konzienziako pake, eta sosegu egiazkoa iritsiko luke; eta ez berriz pekatura biurtzeko indarrak Sakramentuak emango lizkio. Baña eztago ortara bereala bearturik.

        G. Zer egin bear du bada? E. Artu damu egiazkoa Jaungoikoa ofendituarena, propositu firmearekin ez berriz pekaturik egiteko: eta Eliza Ama Santak agintzen duenean konfesatzeko: au da kontriziozko akto egiazkoa biotzetik egitea.

        G. Eta noiz ori egin bear du? E. Luzatu bage: eta ori da, dirudienez, eta gizon jakinsu, eta Doktore askok erakusten duenez, gure dotriña laburraren eranzuerak aditzera ematen diguna. 1. Zergatik, pekatu mortala egin ezkero kontrizioa egitea luzatzen badu, kondenatzeko perill edo arrisku andian dago: bada ordu segururik eztauka: gutxiena uste duenean ill liteke, eta Infernura betiko jatxi liteke. 2. Zergatik Jaungoikoak beregana deitzen dio bere gogoarki edo pensamentu onakin, eta bere konzienziaren ortxikada, eta atelekakin: eta gogortzen bada, alde batetik Jaungoikoari bere esker gaiztoarekin injuria arrigarri bat egiten dio: eta bere sokorru, eta laguntasun espezialak, eta eragilleak ukatzera edo laburtzera obligatzen du: eta beste aldetik biotzeko penitenzia egiazkoarekin pekatua desegiten ezpadu, pekatu berrietan laster erorteko peligro andian dago: Abisus abisum invocat: bada tentazioa edo okasioa datozkioneko bera dago sobra pekatura etziñik edo makurturik. Eta ala edo laster konfesio on bat egin bear dezue edo gutxianez biotzeko damutasun egiazkoa artu, eta akto kontriziozkoa luzatu bage egin bear dezue, pekatu mortalean erorteko zorigaitzik gertatzen bazazue: eta bestela ere, oitu zaitezte arren iñoiz ere lorik ez artzera, akto kontriziozkoa biotzetik egin bage: eta ori ondo egiteko, gaur aditu dituzuen, pekatu mortala gorrotatzeko edo aborrezitzeko arrazoi andiak ondotxo konsideratu itzazue: eta Kristauari dagokion bizimodu on bat egiten bertatik asi zaitezte: eta betiko Infernutik libratu, eta betiko gloria iritsiko dezue. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa