www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN DOTRIÑA

 

Aditzera emateko
1. Abarizia edo gutizia zer dan,
eta nolako kalteak dakazkian.
2. Liberaltasuna zer dan,
eta nola exerzitatu bear dan.
Eta 3. Abarizia iguitzeko,
eta liberaltasuna maitatzeko abisu,
eta konseju egokiak.

 

        Gure fede santuko egiarik prinzipalenetatik bat da: ez gaituala gure Jaungoikoak egin, mundu triste onetan egiaz zorionekoak izateko: ezpada, emen, gero beti gozatu bear degun betiko zoriona, edo Zeruko erreinua billatzeko, eta Jesu-Kristoren graziarekin eta gure alegiñakin edo obra onakin irabazteko: eta egia andi orri dagokion bezela gure bizimodua zuzentzeko, eztegula ipiñi bear gure biotza edo gure amorioa munduko honra, ondasun, eta atsegiñetan, nai ta ez utzi bear ditugun kontentu labur oetan: baizik betiko honrak, betiko aberastasunak, eta beti iraungo duen atsegiñak seguratzeko alegiñak egin bear ditugula orain: eta orretako pekatu orijinaletik datorkigun gure buruaren amorio itxu erabageari, eta orri darraizkon soberbiari, abariziari, eta lujuriari, munduko anditasunak, aberastasunak, eta aragiaren gusto zikiñak billatzera mugitzen gaituen iru bizio, pasio edo griña gaiztoai beti gerra egin bear diegu: eta oriek menderatzea, goitzea edo azpiratzea izan bear du Kristauaren lanik, eta egitekorik andiena: baliatzen gerala humiltasunaren, liberaltasunaren, eta biotzeko edo gogozko pobrezaren, eta karidade santuaren birtute ezaz; Jesu-Kristo gure Jaunak berak, eta ari darraizkan Kristau on guziak bere exenploarekin erakusten diguen bezela. Ikusi zenduen ezkero bada aurreko erakusaldian zer dan soberbia, eta zein kalte arrigarriak dakazkian: eta zer dan humiltasuna, eta zein premiazkoa, eta probetxugarria dan: gaur txit kontuz aditu bear dezue: 1. Zer dan abarizia, eta nolako kalteak dakazkian: eta 2. Zer dan liberaltasuna, eta aren laguna dan biotzeko edo gogozko pobreza: eta 3. Gutizia gaiztoa igui izateko, eta liberaltasuna maitatzeko ditugun arrazoi edo motibo guztiz andiak. Eta guzion probetxurako izan dedin, eskatu dezagun Ama Birjiña Santisimaren bitartez Espiritu Santuaren argia, eta grazia. Abe Maria.

        G. Zer da bada abarizia? E. Diruaren edo ondasun denboralaren erabageko ansia, gutizia, deseoa, eta amorioa. Noiz da erabagea edo ordenabagea diruaren edo ondasunaren amorio, eta deseo edo apetitu ori? Gure biotza diruagana edo interesagana josirik edo itxatxirik dagoenean. Zertan ezagun da, diruagana edo ondasunagana gure biotza itxatxirik dagoala? Bost señale oetatik batean: 1. Ondasunaen jabe geralako poz, atsegin, eta kontentu geiegi daukagunean: eta oriek galtzen baditugu, geiegi, erabage, eta neurribage penatzen, tristatzen edo naigabetzen geranean. 2. Ondasunak biribillatzeko edo gordetzeko edo aurreratzeko bide gaiztotik baliatzen geranean; tratu falsoetan: logrerietan: eta saldu-erosi askotan ikusten dan bezela. 3. Ondasun denboralakgatik ansia andiak, eta arazeri andiak darabiltzegunean animako ondasunen kaltean. 4. Erabageko gauzetarako ondasunak ansiatzen ditugunean: eta premia egiazko bage, eta modubage gastatzen ditugunean: nola banidadezko janzi edo apainduretan: jan-edan andietan: joku luze kaltegarrietan: eta 5. Kontrara dirua ez gastatzeagatik, zekenak edo dollorrak, eta errukibageak geranean gure familiarekin: mirabeakin: langiñakin: pobreakin: eta baita askotan gere buruakin ere.

        G. Eta zertan ezagun da, gure biotza diruagana edo ondasunagana itxatxirik eztagoala? E. 1. Munduko ondasunak gozatzea egiazko zoriontzat, eta ditxa anditzat ez edukitzean: eta aek galtzea edo aek bage izatea zorigaitz edo desditxa anditzat ez edukitzean: au da, aberatsa dalako ezta geiegi poztutzen: eta pobrea dalako ezta geiegi penatzen: 2. Ezagun da, naiago duenean pobre izan, ezenez bide gaiztotik aberastu. 3. Ezagun da, ondasunak enpleatzen baditu gogo onarekin, ez erabageko gurariak kunplitzen, baizik bere personari, bere familiari, eta bere bizimoduari dagozkion obligazioak osatzen. Eta 4. Ezagun da, bere biotza diruarekin josirik eztaukala, bere obligazioakin ondo kunplitu ezkero, gañerako ondasunak obra onak egiten, eta pobreak sokorritzen enpleatzen baditu. Eta ala argiro ikusten dezue, abariziak edo gutiziak, diruaren edo ondasunaren ansiak edo erabageko deseoak Kristaua zenbateraño itxutzen duen: bada diruaren esklabo, katibu edo menpeko billau bat egiten da: ezta bera diruaren jabe, baizik dirua da alako gutizioso dollorraren jabe. Eta kontrara, aberatsa izan edo pobrea izan, Zeruko ondasunetan bere gogoa, bere biotza, bere amorioa ipiñirik daukan Kristaua: eta munduko ondasunak ansia bage billatzen, eta modu onean enpleatzen dituana, nolako barruko libertade, eta pake andian bizi dan: eta abariziak dakazkian pekatu, eta kalte arrigarrietatik libratzen da.

        G. Eta abarizia edo ondasun gura erabagea pekatu andia da? E. San Pablo Apostoluak dio, gaitz guzien sustraia abarizia dala. Eta San Gregorio, Elizako doktore, eta erakusle andiak dio, sustrai gaizto orretatik datozela batez ere zazpi pekatu mota. Eta dira 1. Diruagatik edo interesagatik proximoaren sekretoak agertzea: eta eman zaien hitzari faltatzea. 2. Saldu-erosietan, eta tratuetan proximoak engañatzea. Eta 3. Ondotxo esanaz edo hitz ederraz, baña maliziaz proximoari tratu kaltegarriak eragitea. 4. Gezurrezko juramentuak erraz egitea diruagatik: edo zor dana ez pagatzeagatik. 5. Animako salbazioaren egiteko andiaz aztu eragitea, eta beti irabazi nai andietan azoraturik ibiltea, gero faltatuko zaiolako bildurrez: Jesu-Kristoren esanaz, eta promesa konsolagarri onezaz kasorik egin gabe: etzaiteztela azoratu, eta ansiatu, esanaz: zer jango degu: zer edango degu: zerekin estaliko gera edo zer janziko degu. Billa ezazue lenena, dio Jesu-Kristok, Zeruko Erreinua, eta arako bidea: eta nere Aitak emango dizue, azigarri bezela, bear dezuen edo konbeni zatzuen guzia. (Math. 6.) Baña diruzale itxuak esperanza geiago dauka diruagan Jaungoikoagan baño: eta orregatik San Pablo andiak esan zuen: abarizia dala Idolatria edo Idoloak serbitzea bezela: eta aetatik bere erremedioa esperatzea bezela. Zer gauza lotsagarriagorik Kristau batentzat! eta ala 6. Dirua aumentatzeagatik edo ez gastatzeagatik tranpiaz, eta engañuaz pobreen odola txupatzen due: neke gogorrak eragiten dizte, eta pagua edo luzatu edo ukatu egiten die. Eta 7. Iñoren errukirik eztue: nezesidade estuetan ere karidadea egitea zer dan eztakie: aiñ gogorturik dauzka diruaren amorio itxuak. Orra abariziaren ondorengoak zein kaltegarriak, eta izugarriak diran, biotzaren jabe pasio erabage ori egiten danean.

        G. Eta abarizia edo gutizia pekatu mortala edo beniala da? E. Batzuetan da pekatu mortala, eta beste aldi askotan beniala. Noiz da pekatu mortala? 1. Bide gaiztotik dirua edo ondasuna billatzen duenean: Nola dan lapurreta ageria edo ixilla egiñaz: edo zor egiazkoa ukatuaz: edo besteren gauza, biurtu dezakeala, ez biurtuaz; edo erarik balu, iñork jakin bage, besteren gauza artzekio asmoa edo deseoa konsentituaz; edo diruagatik beste edozein pekatu mortal egitera prestaturik egonaz. Eta 2. Abarizia da pekatu mortala, dirua edo ondasuna geitzeagatik, aiñ okupatua, eta azoratua dabillenean, nun Kristauaren premiazko lanak edo egitekoak usten dituan edo gaizki egiten dituan.

        G. Eta noiz da abarizia pekatu beniala? E. Bear baña diruzaleago, eta ondasunzaleago izan arren, ala ere Jaungoikoari, eta proximoari zor diozkan obligazio larriak osoro kunplitu nai dituanean: edo pekatu mortalzat daukan gauzarik munduko ondasunakgatik iñola ere egin nai eztuenean.

        G. Eta ondasunak deseatu ditzakegu, eta billatu ditzakegu, pekaturik ez mortalik, eta benialik egin bage? E. Ezta erraz munduko gauzetan gogoa ipiñirik daukanarenzat: baña bai deseatu, eta billatu ditzakegu, griña, eta arazo bage, eta bide onetik, eta ondo enpleatzeko deseatzen baditugu: eta Jaungoikoak kendu nai badizkigu, aren borondate santuarekin konformatzen gerala Job Santua bezela.

        G. Eta badira aldiak, ondasunak modu onean billatzera obligatzen gaituenak? E. Bai: eta da edo gere mantenurako edo gere obligazioak kunplitzeko bear ditugunean: eta ala ezta kondenatzen azkarrak, eta kontuzkoak izatea, ezpada ansia, eta arazeri andia edukitzea: eta munduko interesagatik salbazioko egiteko andia aztutzea edo bear dan arretarekin ez billatzea: bada au da egiaz zorionekoak egin gaitzakeana: eta ez munduko ondasunak.

        G. Eta gure Jaungoikoa ondo serbitzeko, eta gure animako salbazioa iristeko, zein degu obe, aberatsak izatea edo pobreak izatea? E. Naiz aberatsak izan, naiz pobreak izan, Jaungoikoaren graziarekin, eta gure alegiñakin guziok salbatu gaitezke: baña pobreak agitz enbarazo gutxiago, eta erraztasun geiago due Zerua irabazteko aberatsak baño: Zergatik ori? Zergatik aberatsak biotzez, eta gogoz humillak, eta espirituz pobreak ezpadira, eskuarkiro era geiago, eta erraztasun geiago due, eren pasio, gurari, edo griña gaiztoak kunplitzeko, pobreak baño: eta ala aberastasunak askorenzat dira eren animen kaltegarriak, eta kondenagarriak. Egia da, pobreza andiak, eta miseriak ere pekatu asko eragin oi dituala: baña ori da, zerren izatez dira pobreak, eta biotzez aberatsak, eta gutiziosoak. Eta ala Zerurako bagera, naiz aberatsak izan, naiz pobreak izan, abariziari, eta erabageko gutiziari guziok gerra egin bear diogu. Aberatsak bagera, eztegu gure biotza ondasunetan josirik edo itxatxirik eduki bear, baizik ondo enpleatu bear ditugu: eta pobreak bagera, eztegu ansiarik eduki bear aberasteko, baizik gere bizimodua ateratzeko alegin prudente batzuek egin ezkero, gañerakoan konformatu bear gera Jaungoikoaren borondatearekin: eta pobreak izatea, eta nekeak mundu onetan sufritu eragitea nai badu, alabatu, eta bedeikatu bear degu aren probidenzia guziz zuzena: eta munduko ondasunak baño geiago balio duen biotzeko pakea bertatik emango digu: eta gero beti iraungo duen ondasunak, eta kontentuak guretzat daukan Zeruko Erreinuan emango dizkigu. Eta argatik alegin guziak egin bear ditugu Jesu-Kristo Zeruko Maisu Soberanoak erakutsi zigun biotzeko edo gogozko pobreza santua, eta liberaltasunaren birtutea iristeko. Berak argiro esan zigun, zertan dauden gure egiazko zorionak: eta lenengo abiatu zan esaten, zorionekoak edo bienabenturaduak espirituz edo gogoz pobreak diranak, zergatik aena dan Zeruetako Erreinua. Eta orobat esan zigun, zorionekoak miserikordiosoak; zergatik aek alkanzatuko due miserikordia. Eta ortik zer segitzen da? Zorigaiztokoak dirala, ondasunzale edo gutizioso erabageak: eta baita zorigaiztokoak dirala proximoaren errukirik edo miserikordiarik eztuenak: bada ezta orienzat Zeruetako Erreinua: eta alperrik eskatuko due miserikordia, proximoakin gogorrak izan diranak: edo, al duela eren proximoak premi orduetan sokorritu nai izan eztituenak, au da, liberaltasuna exerzitatu eztuenak.

        G. Eta zer da liberaltasuna? E. Da karidadeari darraion Zeruko birtute bat, gure proximoak sokorritzera, eta alibiatzera mugitzen gaituena, eta ori nola ondo egin erakusten diguna.

        G. Eta liberaltasuna obligaziozko edo premiazko birtutea ote da? E. Batzuetan da obligaziozkoa: eta beste batzuetan da borondatezkoa edo konseju onezkoa, eta deboziozkoa.

        G. Kristau pobreak sokorritzea, eta alibiatzea noiz da obligaziozkoa? E. Ori erabakitzeko, distingitu bear dira alde batetik gure proximoaren nezesidadeak edo estutasunak: eta bestetik limosna eman bear duenaren ondasunak edo medioak. Iru modukoak izan oi dira proximoaren nezesidadeak, eta estutasunak: 1. Da estrema edo azkena deitzen diobena: au da, aiñ estua, nun sokorritzen ezpada, bizia galtzeko premian edo arrisku gertuan ipinten duen. 2. Da, alako estutasunik ez izan arren, gaxotzeko peligro andian ipinten duenean edo goseak edo erremedioaren faltak. Eta 3. Nezesidadea da, komuna esaten zaiona: au da, eskeko pobreak, ataritik atari dabiltzanak padezitu oi duena. Bada orobat limosnagilleak izan oi ditu iru ondasun mota: 1. Batzuek dira, eren egunoroko obligazioai ezeze, eren estaduari, grado edo kondizioari kobru eman ezkero sobratzen zaienak. 2. Dira, eren bizi bearrari edo mantenuari kobru eman ezkero, zerbait aurreratzen edo sobratzen duenak: eta 3. Dira, eren mantenurako, eta janzirako doi-doia duenak, eta ezer sobratu oi etzatenak. Diot bada 1. Iltzeko peligro gertuan dagoanaren estutasuna sokorritu bear duela, alako estutasunean eztauden beste guziak: bada munduko ondasun guziak baño geiago balio du gizonaren biziak. 2. Diot: eren mantenurako baño geiago daukenak, duela obligazioa sokorritzeko premia estuan daudenak, nola gaxotzeko edo beste naigabe andiren batean jarteko peligro gertuan daudenak. Eta 3. Diot eren mantenuari, eta estaduari edo kondizioari kobru emateko baño geiago duenak, obligazio estua duela, nezesidade komunak ere erremediatzeko, eta ez bakarrik pobre ageriak: baita ere, eta motibo andiagoarekin pobre lotsatiak eta eri tristeak sokorritzeko. Bada gure Jaungoikoaren probidenziak guzion Aita danak bezela, eta batzuok karidadearen medioz, eta besteok pazienziaren medioz salbatu nai gaituenak bezela, kondizio orrekin aberatsai ondasunak eman dizte: eta ala ondo enpleatu ordean, au da, obra onak edo karidadezkoak egin ordean, gastu alperretan, joku erabagetan, banidadetan enpleatzen baditue, beste motibo bage kondenatu ditezke.

        G. Eta liberaltasuna ondo exerzitatzeko zeri begiratu bear diogu? E. 1. Nori ematen zaion: au da, eman bear zaie egiazko pobre bearsuai, eta batez ere lotsatiai: bearrik ezin egin duenai: eta eritasunean edo beste naigabe edo estutasunean daudenai: 2. Eman bear zaie premian daudenai, baña eren animako, eta gorputzeko probetxurako: eta ez eren bizio eta oitura gaiztoetan laguntzeko. 3. Eman bear zaie neurri onean, eta karidadeak eskatzen edo agintzen duen ordena onarekin: eta ala lenago eman bear zaie premia berdiñetan obligazio geiago diegun personai: nola guraso pobreai: emazteari: humeai: aideai: adiskideai, eta pobre ezagunai. 4. Eman bear da banidade bage, eta al bada sekretoan; premian daudenak lotsatu bage: eta obra onaren saria Jaungoikoagandik bakarrik itxooten degula: eta 5. Jaungoikoak ondasunak ugari ematen badizkigu guk ere premian daudenai ugari eman bear diegu: eta gutxi eman badigu, gutxi orretatik al deguna eman bear degu: baña, naiz asko, naiz gutxi eman arren, gogo onarekin, eta Jaungoikoagatik eman bear degu: eta sari txit ugaria izango degu, ala mundu onetan, nola Zeruan. Eta orra laburtxo bada ere, liberalak edo emalle onak izateko erregla prinzipalak.

        G. Eta abarizia edo gutizia iguitzeko, eta bizio orretatik gure burua libratzeko, eta liberaltasuna maitatzeko, eta gogotik exerzitatzeko, zer erremedio egin bear degu? E. Asko ditugu: baña egokienak, eta eragillenak dirade oek: 1. Da, gogoan ondo sarturik edukitzea, gure ondasun guziak nai ta ez emen utzi bear ditugula eta munduko ondasunakgatik gure animak kondenatzen baditugu, nolako gose, egarria, eta miseria, nolako zorigaitza, eta nolako desesperazioa eternidade guzian Infernuko su, eta garretan sufritu bearko degun: eta kontrara, orain Jaungoikoagatik espirituko pobreza, eta liberaltasuna maite badegu, eta gure ondasunak orain ondo enpleatzen baditugu; nolako zoriona, poza, kontentua, eta nolako aberastasunak Zeruan beti-beti gozatuko ditugun. Baña geroko sariari ezeze 2. Begiratu degiogun mundu onetan bertan ere, persona liberalak, emalleak, ongilleak gozatzen duen honra, eta estimazioari, eta nola guzien biotzak irabazten dituen. Eta kontrara abariziosoak, zekenak, dollorrak, biotz gogorra duenak iñork ikusi nai eztitu. Eta 3. Orobat pensatu dezagun, nolako pake gozoa dauken ondasunen ansiarik, eta griña andirik eztaukan Kristauak; eta kontrara nola guzia turbaturik eta kezkaz beterik bizi oi dan, ondasunetan bere biotza, eta amorioa ipiñirik daukana: eta azkenik 4. Konsideratu dezagun astiro Jesu-Kristo gure Jaunak berariaz autu zuen pobrezako bizimodua: eta orobat Jesu-Kristori benetan jarraitu izan dioben Santuak, eta Kristau onak; erakusten diguela, gure egiazko zoriona, pakea, eta deskansua ezin arkituko degula kanpoko ondasunetan; eta oriekin logratu nai ditugun honra, estimazio, eta atseginetan; baizik animako ondasunetan; birtutearen ekieran; eta batez ere Jaungoikoaren eta proximoaren egiazko amorioan: bada orrek dakarkigu bakarrik oraingo pakea, eta geroko betiko gloria, zeña deseatzen dizuedan Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa