www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (2)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Bigarren liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMARGARREN DOTRIÑA

 

Usurazko edo logreriazko pekatuen gañean.

 

        Aurreko dotriña bietan aditzera eman dizuet, N.K. lapurretako pekatua zer dan, eta zenbat gisatara izan oi dan: eta lapurretaren antzekoak diran, beste pekatu mota asko, munduan gertatu, eta ikusi oi diranak: eta nola orien antz andia duen, dira sari, eta gari sari esaten diezuen usurazko, eta logreriazko pekatuak: eta orobat ganaduen artueman, eta tratuetan egiten diranak: eta askok edo itxumenez edo maliziaz edo ignoranziaz, edo gaizki egiten duelako duda, kezka edo errezelo andiarekin eren tratuak egin oi dituen: gaur argiro erakutsi nai dizuet 1. Usurazko edo logreriazko pekatua norzuak egiten duen: eta norzuak ez: eta 2. ganaduak besteri ematen diztenak, noiz irabazia eraman dezaken, eta noiz ez.

        G. Zeri deitzen diogu usurazko edo logreriazko pekatua? E. Besteri naiz aberatsa dala, naiz pobrea dala dirua, garia edo gastatzen dan gauza prestatzeagatik beste motibo bage, obligatzen degunean bere disposizio osora eman diogun gauza edo aren balioa biurtzera, zerbait geiagorekin: nola lizatean, batek eun erreal denpora señalatuan biurtzeko beste bati emango baliozka, baña saritzat, eun errealaz gañera, iru edo lau erreal geiago biurtzeko kondizioarekin: eta ori bera gerta liteke, garia edo artoa edo beste edozein gauza fiatuaz edo prestatuaz, balio duenaz gañera, zerbait geiago biurtzeko edo dirua balio duen laguntasun edo serbizioren bat egiteko kondizioarekin ematen danean.

        G. Eta ori zenbat modutan gertatu oi da? E. Modu askotan: eta 1. tratu ori, eta orren antzeko beste edozein kondizio edo obligazio orren azpian egiten danean: au da, dirua edo garia edo beste edozein gauza ematen duenak, artzen duenari, bestela eman nai eztionean: eta ori da usura edo logreri ageria, klaroa, eta ezagutua: 2. da, alako kondiziorik edo obligaziorik ipiñi bage, ematen danean: baña egiten dion mesedeari esker onez eranzungo diolako: ete zerbait korrespondituko diolako ustea edo esperanza agertzen diola: eta orretan nolabait eskatzen duela, eta obligatzen duela, zerbait geiago ematera edo eskuerakutsiren bat egitera, ez zor balu bezela, baña bai esker onekoa bezela: eta alako asmoarekin edo borondatearekin ematen duenak, usurazko edo logreriazko pekatua egiten du: eta 3. orobat alako asmo, intenzio edo borondaterik kanpora agertu bage ematen badu; baña bere barruan, geiago biurtuko diolako esperanza osoarekin eta deseoarekin ematen badu; eta uste ori ezpalu, bestela emango ezpalio, ori ere Jaungoikoaren aurrean da egiazko logreroa: eta usurazko pekatua egiten du: ez munduaren begietan ageri dana, baña bai Jaungoikoak eta bere konzienziak dakustena: baña eztu pekaturik egiten, alako asmo gutizioso edo deseo interesadu bage prestatu zuanak; mesede artu zuenak, bere borondatez, esker onez, eta libertade guziarekin ematen diona artu arren: baño askoz obeto egingo du orrela ere ezer artu nai ezpadu: edo doarik, ezer, ekarten dionari beste ainbeste beste gai batean ematen badio: bada orrela usurazko edo logreriazko sospetxa guzietatik libratuko da: eta Jaungoikoaren aurrean asko irabaziko du: baita diru saririk edo dirua balio duen gauzarik esperatu ezin badezake ere, dirua artu zuenagandik, esperatu lezake aren adiskidetasuna irabaztea, eta orri dagozkan mesedeak ere berari egitea: eta orrela probetxu izatea: Eta 4. usurazko edo logreriazko pekatua egin oi da: saltzen dan gauza fiaturik emateagatik, korritzen duen prezio altuenaz edo gorenaz gañera zerbait geiago eramaten danean: bada an dijoa isillik prestatzeagatik, beste motibo bage, daraman saria edo interesa: eta ori bera gertatzen da beste aldetik, dirua eskuan dalako, balio duen baño merkeago erosten danean; justu dan edo korritzen duen preziorik beerana baño, bajuago saltzera obligatu erazotzen danean.

        G. Eta zer pekatu da usurazko edo logreriazko irabazi, sari edo interesa eramate ori? E. Berez da pekatu mortala: eta bakarrik izan diteke beniala, gai arin edo gutxi batean danean: edo jakineztasunak, ignoranziak edo oartu bagetasunak eskusatzen duenean.

        G. Zergatik ordea da berez pekatu mortala? E. Zergatik dan lapurreta egitea bezela: bada eramaten dio bere lagun projimoari zor eztuena: zerren artu duen edo errezibitu duen ainbe biurtuarekin, justizia edo justu dana osatzen edo berdintzen da: eta geiago eramateko deretxorik batere eztu, prestatzengatik edo fiatzeagatik, beste motiborik ezpadu: bada dirua edo garia edo beste gauzaren bat besteri prestatuaz eman zionak diru aren jabetasunik arrezkero eztu: artu zuenak beretu zuen, jabetu zan: galtzen badu beretzat du kalte guzia: eta beti dauka obligazioa eman zionari osoro aren balioa biurtzeko; baño ez geiago: eta dirua edo garia prestatuaz ematea, ezta zaldi bat edo ustar idi bat jornalean edo mesedez egun batzuetarako bearrerako ematea bezela: zaldiaren edo idien jabeak eztu galtzen aen jabetasuna: eta bere gauza propiotik bezela, aen serbiziotik zerbait probetxu atera edo eraman lezake: baña ez jabetasunarekin edo propiedadearekin batera eman zuen diru edo garitik. Eta ala Eskritura Santuan, ala lege zarrean, nola berrian kondenaturik, eta eragotzirik dago usurazko edo logreriazko irabazi, sari edo interesa mota ori: eta munduko legeak ere kondenatzen due.

        G. Eta badira egiazko motiboak, tituluak edo arrazoiak, pekaturik egin bage, ematen dan baño zerbait geiago biurtu eragiteko eskualdia, eta deretxoa ematen duenak? E. Bai, badira; baña orduan ezta prestatzeagatik edo fiatzeagatik bakarrik geiago eramaten: baizik prestatzeagatik datorkion egiazko kalte edo dañuagatik; nola lizatean dirua besteri emateagatik bere etxerako bear dituan gauzak bere denporan erosi bagez, gerogorago erosi bear balitu: artarako beste dirurik eztuela: edo besteari prestatzeagatik, eta on egiteagatik, berak eskuartean darabillen tratuari larga, eta irabazi justuren bat galtzen duelako: edo tratu on batean bereala edo laster ipinteko edo enpleatzeko, eta arekin irabazteko daukan dirua besteri prestatzen edo fiatzen diolako, tratu artatik esperatzen zuena, irabazi bage gelditzen dalako. Bada karidadeak ez gaitu eskuarkiro obligatzen besteri mesede egitera, gere kalte edo dañuarekin, premia esturik eztagoanean.

        G. Eta esan ditudan motibo bi oriek: au da, kaltearena edo irabazi justua galtzearena beti egiazkoak, eta ziertuak, eta ez iruipenekoak, izan oi dira? E. Asko itxutu oi dira gai onetan: eta argatik moraleko erakusle edo maisu jakinsuak, titulu edo motibo oriekgatik zerbait geiago eramateko, erakusten due, lau kondizio oek arkitu bear dirala: eta 1. diru emalleak edo gauza fiatzen duenak, beste dirurik ez edukitzea, kaltea eskusatzeko: edo irabazia ez galtzeko. 2. Ala kaltea, nola irabaziaren galtzea ziertuak izatea; edo ala uste izatea arrazoi onakin; eta ez iruipen utsakin. 3. Dirua edo garia edo fiatzen dan gauza artzen duenari, lenaz prestatzalleak aditzera ematea, etorriko zaion kaltea edo galduko duen irabazia: bada bearbada karga orrekin artu naiko eztu: eta 4. da: ala bildur dan kaltearen, nola galdu bear dan irabaziaren balio edo prezioa edo zenbatezkoa ondo dakien edo aditzen zaion baten iritzi justuan uztea, eta ez gogoak edo gutiziak nai bezela neurritzea edo pagaeragitea: bada askotan kalterik batere ez dator: eta bearbada irabazi ordean bere tratuan, galdu egingo zuen: eta orobat dirua gorderik edo geldi edukitzeko asmoa bazuen: eta prestatzeko orduan bakarrik, irabazi eragiteko gogoa artu bazuen, ezin geiago eraman lezake; bada alakoaren borondatea edo asmoa eztirudi egiazkoa, eta eragillea zala, baizik iruipenekoa: eta ezer arriskatu bage irabazi naia.

        G. Eta besteri dirua edo garia edo beste gauzaren bat prestatzen dionak eztu bada, bere gauza galtzeko edo ez kobratzeko, arrisku edo peligroarekin ematen? Ezin arrisku edo peligro orregatik zerbait geiago eraman dezake? E. Eskuarkiro besteren premia edo nezesidadea erremediatzeko egiten diran diru edo gari edo arto prestatze edo fiatze orietan beti dago arrisku edo peligro piskaren bat; eta zenbat peligroari ematen zaion, ainbat eskuarkiro arrisku andiagoa, ez kobratzeko: eta arrazoi orrek balio balu, beti zerbait geiago eramango lizate: baña nola alde batetik arrisku ori prestamoari edo fiatzeari beti darraiona dan, eta berezkoa dan; eta bestetik Jesu-Kristok Ebanjelio Santuan esaten digun; on egizue eta presta ezazue, ezertxo ere geiago esperatu bage. (San Lukas) Diot, eze, orrelako karidadezko prestatze edo fiatze orietan, ezin, peligro edo arrisku orregatik, geiago eraman ditekeala: eta kontentatu bear dala eman duana edo aren balio justua bakarrik biurtu eragiñarekin: eta zerbait galtzea alde orretatik gertatzen bazaio, beste aldetik geiago Jaungoikoarekiko irabaziko du: eta sari ugariagoa artuko du, bada Jaungoikoak berak ala aseguratzen digu: baña diru edo gari edo beste gauza, asko balio duena prestatzen dezunean, arrisku komun edo berezkoaz gañera, beste peligro andirik, komun edo ordinarioa eztanik; zere gauzea galdurik ikusteko edo txit nekez baizik, ez kobratzeko, arkitzen bada; eta peligro edo arrisku orren seguridaderik edo ainbe balio duen prendaren batekin edo fiadore on batekin, ematen ezpadizue; eta peligro ori zere gaiñ artu nai badezu; orduan zerbait geiago peligro orregatik eraman dezakezu: eta beste bati fianza egiteagatik orduan emango likion ainbeste artu dezakezu: orretarako dirua artzen duenarekin konbenio edo ajuste on bat egiten dezula: eta orduan eman dezun dirua edo gauza, besteren kulpa bage galtzen bada, zuretzako ere galtzen da: eta nolanai dala, utzi bear diozu libertadea, nai badu; edo prenda edo fianza, asko dana emateko: bada bestela peligro edo arriskua zere gañ zeurk artu nai izatea, aitzaki utsa litzate, logreriazko saria eramateko.

        G. Eta dirua prestatzen badio, ez pobre bati edo bereala gastatuko duen bati, baizik tratulari edo merkatari bati diru arekin irabazteko, ematen duena baño zerbait geiago ezin eramango du aren diruak egin duan irabazitik? E. Bien izenean, eta arriskua bere gañ duela tratatzeko, eta irabazteko dirua eman badu, eraman dezake bere prinzipalaz gañera dagokien irabazi zatia edo partea: konbenio justu baten azpian biak obligatu ziranez batera: bada irabaztera bezela galtzera ere orobat jarten da: baña galdu gordean edo arriskuan sartu bage, prestatzeagatik bakarrik ezin geiago eraman dezake: bada orduan, dirua artu zuenak beretu zuen: eta aren arrisku guzia bere gañ dauka; eta galtzen badu ere, guzia osoro biurtzeko obligazioarekin dago: eta ala galdu irabaziak beretzat ditu, eta bakarrik zerbait geiago eraman dezake dirua eman zuenak, berak irabazi justuan bereala ipinteko era ona, eta asmo egiazkoa bazuen: eta besteri mesede egiteagatik irabazi ura galdu bazuen, len esan dizuedan bezela: eta orri dagokala, Karlos 3. gure Erregearen Majestadeak, bere konseju errealaren, eta gizon jakinsu askoren iritziarekin, ezta oraindio urte asko, erabaki zuen, eta erri guziai aditzera eman zien (diruak alperrik gorderik edo ezkutaturik, eta probetxu bage egon eztitezen) persona anditsu, prinzipalak, diru askoren jabeak, berez tratatzeko erarik edo modurik etzuenak: baña bere diruak irabazi justuan ipinteko asmo edo borondate egiazkoa zuenak, nola etxeak, lurrak edo zensoak erosten, ipiñi zitzakeela eren diruak, tratu edo komerzio justu batean enpleatzeko, eskatzen zien merkatari edo konzerzianteen eskuetan; eta diru arekin erak laster irabazteko zuen deretxo justua, eta esperanza ziertua galtzen zuelako, orri dagokan interesa labur bat eraman zezakeala: eta ori bera Erromako Aita Santuak aditzera ematen due, persona aberatsak, diruak irabazi justuan ipinteko dauzkatenak, konbidatu, eta alaitu dituenean diru oriek piedadezko monteak esaten dien karidadea exerzitatzeko erri andietan dauden etxeetan ipintera, interesa edo korridu labur batekin, diruak etxe aetan dauzkaten bitartean: eta ori zensorik egin bage. Eta orren arrazoi prinzipala da, zerren bitarte artan eren diruakin bestela irabazteko era, eta esperanza guzia galtzen duen: eta ori berez da gauza estimagarria, eta zerbait balio duena: baña ez dirua alperrik edo geldi edukitzeko asmoa zuenarenzat, baizik ari balio eragiteko, eta irabazi eragiteko, eta saldu-erosian edo tratuan bereala enpleatzeko zeukenarentzat.

        G. Baña batzuek bearbada esango didazue: eztu bada diru guziak berdin balio? Kajoian dagoan dirua ezta irabaziak egiteko gai beste edozein diru bezela? Zergatik bada bata ematen da prestaturik edo fiaturik, doarik edo interesa bage (eman arrenen) eman bear da: eta bestea emateagatik, eta prestatzeagatik, zerbait artu liteke? E. Zergatik alperrik egon bear zuen dirua ematen duenak arekin irabazteko etzeukan, eta ezer galtzen eztu: eta ala beste ainbeste biurtu eragiteko deretxoa baizik eztu: baña irabazian zebillen edo bereala irabazian ipinteko zegoan dirua besteri ematen dionak, berak irabazteko deretxoa, eta irabazbidea galtzen du: eta orrek zerbait balio du: eta Madridgo Gremio nagusiak, merkatari andi batzuek egiñik daukaten lagun gidak, aen eskuetan eren diruak ipinten dituzten personai ematen dizte urteoro (bestela erak irabaziko lukeanaren sari orde) eun bakoitzeko iru: eta orren gañean disputaren batzuek sortu baziran ere, eta orien ondoren eskrupulo andiak ere bai, oriek sosegatzeko, konsulta askoren ondoren, egin zuen Erregearen Majestadeak, eta barreatu edo publikatu zan erri guzietan len esan dedan deklarazioa.

        G. Baña Kristau artean eskuarkiro edo komunkiro egiten diran diru, gari, arto edo beste gauzaen alkarri apartatzeak, edo atzera bere denporan biurtzeko emateak, nolako asmo edo intenzioarekin egin bear dira? E. Alkarrekiko karidadearen edo adiskidetasunaren legeak edo obligazioak kunplitzeko asmo edo intenzio garbiarekin; eta ez bide orrezaz geiago irabazteko edo aberasteko fiñarekin: bada ori da usurazko edo logreriazko pekatu txit iguigarria: eta ala bakarrik artu bear da eman dan ainbe: eta galdu duen irabazi justuak balio duena: eta ez besterik. Eta zerren kaltearen edo irabazi galduaren motibo edo titulu justua egiaz arkitzen danean ere, aitzaki orrekin bear dan baño geiago askok eraman oi duen, eta ori ere usura edo logreri injustua, eta pekatu dan; orrelako aldietan gauza guzien berri ondo dakian, eta konzienzia ona duen batekin komunikatu bear da ez utsik egiteko.

        G. Eta ganaduen tratuetan, eta artuemanetan noiz pekatu egiten da, eta noiz ez? E. Ganaduen tratuak izan ditezke saldu-erosietan edo trukadatan egiten diranak; edo izan ditezke ganaduak besteron kargura edo kuidadura galdu gordearekin ipinteko egin oi diran tratuak, ganaduen jabeak eta aen kargua artzen duenak bien artean irabazia partitzeko konbenio, eta obligazioarekin: eta 1. diot: ganaduen saldu-erosietan, eta trukadatan pekatu asko egin oi dirala; zerren tranpi, eta engañu asko bata besteari egiten dizten tratulariak: edo zerren ganaduen tatxak edo faltak bear bezela agertzen eztituen: edo zerren gezurra franko darabilden ganaduen urteen gañean: eta beste modu askotan. Eta 2. zerren tratu asko diru bage egiten diran, eta epe luzeak bata besteari eman oi dien: eta orietan askotan sartzen da logreriazko edo usurazko pekatua, dala motibo justu bage geiago eramanaz: edo titulu ona izan arren, dagokion baño geiago eramanaz: eta orrelako tratuak geienean dakazte disputak, auziak, aserreak, eta gastu alper erabageak: eta argatik ikusten da, nekazari asko tratura oitzen diranak, eta merkatutik merkatura dabiltzanak, eren buruen, eta eren familien ondagarri izan oi dirala: eta ala garbiro, eta Jaungoikoaren bildur santuan bizi nai duen nekazari prestu honraduak premiazko traturik baizik egin bear eztu: eta iñor engañatu bage, eta bere konzienzia kargatu bage, tratu guziak egin bear ditu.

        G. Eta ganaduen jabeak iñori eren beiak edo idiak edo zekorrak edo ardiak kontu artzeko edo mantenatzeko ematen diztenean, pekaturik ez egiteko, zer kondizio gorde bear ditue? E. Eren serbitzari, eta artzaiai edo kontu artzalleai bezela entregatzen badie, galdu gorde guzia nagusiak erentzat duela, soldata, eta gastua pagatzea asko due: baña galdu gordean edo irabazian, eta galduan biak parte izateko ematen badie: eta ganaduen prinzipala jabeak bere arriskuan badauka: orduan ganaduen irabazia alako moduan partitu bear due; nun jabeari bere prinzipalagatik, eta kontu artzalleari bere neke, eta gastuagatik datorkiona, (bata besteari agrabiorik, bidebagerik edo perjuiziorik egin bage) eman bear zaio: eta orren gañean gauza guziai ondo begiratu ta ajuste on bat egin bear due: edo len ondo egiñik dauden ajusteai jarraio: batez ere nagusiak, eta maizterrak (nagusiaren prinzipalarekin) erdira irabaziak, eta galduak partitzeko Probinzi onetan egiñik daudenai, eta gordetzen diranai.

        G. Eta ganaduen arrisku edo peligro guzia bere gañ artzen badu, ez jabeak, baizik aren ganadua bere kontura daukanak, ganadua bere oñean konserbatzeko, eta galtzen bada osatzeko, eta jabeari beti osoro biurtzeko obligazioarekin, orduan jabeak tributorik, saririk edo beste irabaziriek eraman ote lezake? E. Orri ondo eranzuteko: distinzioarekin diot 1. jabeak berak arriskurik bere gain artu nai ezpadu: eta berak obligatzen badu ganadua artzen duena, aren arrisku guzia ere artzera; ezin ezertxo ere prinzipalaz gañera eraman dezakeala: bada ori da dirua prestatuko balio bezela: eta orren saririk ezin eraman dezake, bestela kalterik ezpadu: edo irabazi justurik galtzen ezpadu: eta 2. diot: jabea arriskatzeko pronto dagoala, ganadua artzen duenak berak, naiago badu bere gañ bakarrik ganaduaren arrisku guzia artu, eta jabeari zerbait pagatu, orduan jabeak, nola irabazteko, eta arriskatzeko asmo egiazkoa zuen, eta besteri mesede egiteagatik irabazi bage gelditzen dan; esperatzen zuen, eta galtzen duen irabaziaren ordeko saria edo tributua eraman dezake: 3. Diot: nagusien, da maiztarren arteko ganadu tratuetan, baldin nagusiak beretzat erreserbaturik badauzka bere baserriko ganadu tokia edo okullua, eta bere belar edo larre propioak, eta basa ostoak: eta bere ganaduak maisterrari gordetzeko, eta mantenatzeko ematen badiozka, bienzat irabaziak, eta galduak izateko kondizioarekin; kontuan iduki bear dirala ajusterako ganadu tokiak, larreak edo osto propioak balio dezakeana: bada ganadu traturik ezpalu ere, oriekgatik irabazia artu lezake: baña lenago etxearen errentan guziak sarturik bazeuden, ezin beste batek baño geiago nagusiak eraman dezake maisterrarekin egiten dituan ganadu tratuetan. 4. Diot: ganadu jabeak eskatu dezakeala ipinten duen prinzipala seguratzeko fiadore on bat, bera arriskuan sarturik ezpadago: eta ganadua bere gañ artzen duenak fiadorea eman bear diola, ona izan ezkero, nai duena: baña zerren edo fiadore onik ezin arkitu duen edo naiago duen nagusiarekin berarekin fianzaren edo seguranzaren gañean konpondu edo ajustatu; nagusiak arriskua bere gañ artu nai badu, seguranza orregatik nagusiak berak eraman leikio, beste fiadore batek eramango likiona: orren gañean berariazko konbenioa aparte egiten duela: baña orduan ganadua galtzen bada, aren kargua zuenaren kulpa bage, bienzat galtzen da, eta aren baliorik edo ordekorik ezin nagusiak eskatu lezake: eta zerren askotan gezurraz sinistu eragin nai izaten dan, ganadua batera kulpa bage galdu dala edo supito il zala, edo otsoak jan zuela edo lapurrak ostu zuela esanaz (isillik erak saldu edo jan bazuen ere) usadio edo kostunbrea dago leku askotan, ganadua kulpa bage galdu dalako señale edo prueba egiazkoak al daneraño eman eragiteko, eta bestela pagaeragiteko: eta ala prueba sufizienterik ematen ezpadue, osoro pagaeragiteko obligazioa ipiñi bear da egiten dan ajuste edo konbenioan: bada orrela obeto zaitu, eta kontu artuko die, eta maliziarik egingo eztue.

        G. Eta naiz ganadu tratuetan, eta naiz diruaren prestatze edo prestamoetan señalatzen diran epe edo plazoetan biurtzen edo pagatzen ezpada; penarik edo kastigurik egotzi edo ipiñi leikio pagua luzatzen duenari? E. Bai, bear diran kondizioakin pena ori ipinten bada. Eta zein dira kondizio oriek? 1. Kulparik batere bage luzatzen badu, iñola ere ezin pagatu duelako, penarik ere ez pagaeragiteko. 2. Luzamenari dagokion pena ipintea, eta ez gutiziak edo gogoak señala eragiten duena: eta pobrezan edo bearrean dagoalako onzat eraman edo konsentitu arren, justu dana baizik ezin pagaeragin leikio. Eta zein da pena justu ori? Egiten duen kalteari edo galdu eragiten duen irabaziari dagokiona: bada eskusa eragiteko pena ipinten da. Eta argatik 3. kondizioa da: zor duenetik zerbait pagatzen badu, ezin pena guzia eraman leikio: baizik falta danari dagokiona: eta 4. kondizioa, pena ori ez ipintea, aitzaki orrekin usurazko edo logreriazko irabaziak egiteko: nola egin oi duen, batez ere jokulariai epe laburrakin eta orietan biurtzen ezpadue, penaren izenarekin saria izateko, dirua prestatzen dienak: eta zenbat geiago luzatzen duen, ainbat naiago due, pena geiago edo sari geiago atera eragiteko: eta ori da usurazko asmo, edo intenzio gutiziosoaren señale klaroa: bada penak bakarrik serbitu bear du, bildurtzeko, eta bere denporan kontuz pagaeragiteko: eta bestela, eragiten duen kaltea erremediatzeko, eta ez bide orrezaz geiago irabazteko: eta orrela eren anima gaxoak betiko Infernura kondenatzeko.

        Ala egia, N.K. Usurazko edo logreriazko pekatua ain iguigarria, lotsagarria, eta infamea da, ez bakarrik Jaungoikoaren, eta Aingeruen begietan, baita munduaren begietan ere, nun lege guziak, ala Jaungoikoarenak, nola Eliza Ama Santarenak, nola munduko Errege, eta Nazio guzienak, batez ere Kristau erri guzietan pena arrigarriakin kondenatzen due: eta usurero edo logrero publikoak edo nabarbenak dauzkate infametzat: eta agindurik dago, eztakiela eman Komunio Santua: eztegiela utzi Elizan sartzen beste Kristauakin batera: aen ofrendarik ez dedilla artu, eta besteakin juntatu: eztitzatela Elizan edo leku sagraduan aen gorputzak enterratu; baizik ustel batzuek bezela kanpora bota ditzatela. Ori guzia da usuraren gaiztakeria obeto aditzera emateko. Eta zer inporta du nabarbenkiro edo agerian munduan kastigatuak ez izatea usurak edo logreriak ixillik edo ezkutuan egiten dituenak; baldin kastigu guztiz izugarria, eta betikoa Infernuan sufritzetik libratuko ezpadira? Eta oraingo ondasun edo interesa labur batzuakgatik betiko ondasunak, eta betiko gloria galtzen baditue? Dabid Santuak Jaungoikoari esaten dio: Nor, Jauna, sartuko da, eta biziko da zure Gloriako mendi Santuan edo Zeruan? Eta eranzuten du: Qui pecuniam suamn non dedit ad usuram: Bere dirua usuratan edo logrerietan enpleatu eztuena. Ala ze, eztagoala Zeruko gloriarik logreroenzat, baizik betiko Infernua.

        Kontu bada, N.K.: arren abariziari edo gutiziari eztegiozuela lekurik eman zuen biotzetan: zeuronzat nai dezuen karidadea, zuen lagun projimoakin usa ezazue. Guziok gera Jaungoiko baten humeak: Jesu-Kristoren mienbro edo zatiak, eta alkarren senideak: eta guziok, ez lurrerako, baizik Zerurako egiñak: Zeruan dago gure egiazko zoriona, ondasun guzien, eta atsegin guzien betedasuna. Eta arako bide zuzena, eta bide bakarra da iñori bidebagerik, agrabiorik, eta kalte edo dañurik ez egitea, eta alkarrekiko karidade egiazkoa.

        Jaungoikoak digula arren guzioi doai miragarri ori: eta gero eternidade guzian alkarrekin aren Majestadea ikusteko, kontenplatzeko, eta amatzeko zoriona. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa