www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Noelak
Joanes Etxeberri, «Etxeberri Ziburukoa»
1630, 1645

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [faksimilea]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Noelak (eta kantika espiritual berriak), Ioannes Etcheberri Ziburukoa (Lino Akesoloren edizioa). Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970

 

aurrekoa hurrengoa

PASIONE SAINDUAREN GAÑEAN

KANTA

Aste Sainduan

 

1. Farisauen inbidia Jesus Kristoren aldera.

 

Pasione sakratua

nahi nuke kantatu;

ahairea Zuk zerorrek,

Jesus, irakats dazu.

 

Farisauak zerotzuten

ekharri inbidia,

zeren ematen zitzaitzun

ohore merezia.

 

Elkarrekin egin zuten

herrosoek akordu,

zur gurutzatura behar

zintzutela altxatu.

 

 

2. Kaifasen konseillua.

 

Kaifas handia hasi

zen hunela mintzatzen,

heriotze kruelera

zintuela iuiuatzen:

 

Gu zer hari gare jende

sentimendu gabeak?

zeiñek uzten baititugu

galtzera ohoreak?

 

Jesus Nazarenoak du

obra hañitz egiten,

jende guztia duela

beretzat irabazten.

 

Gure ohoreak doaz

egun oro galduaz,

eta harena kontrara

bethi abantzatuaz.

 

Jende guztiak aurkhi du

profetatzat harturen;

gure erregetzat zaiku

guztioi altxaturen.

 

Orduan ethorriko da

Erromaren ostea,

suntsitzera Iudeako

nazione noblea.

 

Ea, beraz, pensa zagun

ea zer hari garen,

erremedio ematera

guztiak esaia gaiten.

 

Nik daritzat hobe dela

hura bera gal dadin,

ezen harengatik jende

guztia honda dadin.

 

 

3. Nola preso har arazi zuten.

 

Kaifasen konseillua

ona iuiatu zuten,

preso har arazitzeko

moian billhatu ziren.

 

Diruz korrunpitu zuten

haren espenseria,

zeñak musu batez saldu

baitzuen Nausia.

 

Baratzetik daramate

soldado hiratuek,

ardiantxa mansoa nola

otso errabiatuek.

 

Ohoin baten gisa altxatu

zuten sokaz lothurik,

eta Zedrongo Ibidean

basan herrestaturik.

 

Lehenik eraman zuten

Anasen aitziñera,

Kaifasen ginharraba

zaharraren etxera.

 

Anasi zeren egia

ihardatsi zioen,

sehi lausengari batek

ahutzekoz io zuen.

 

Han zuen Iaundoni Petre

balentak arnegatu,

oillar erneak zueneko

hiruretan kantatu.

 

Handik gero eraman zuten

Kaifasen etxera,

asko burla eta trufa

gauaz rezebitzera.

 

Biharamunean zuten

kortean presentatu,

iujearen aitziñean

falsoki akusatu.

 

 

4. Nola Pilatusek libratu nahi zuen.

 

Pilatusek inozenta

libratu nahi zuen,

zeren hekin inbidia

ezagutu baitzuen.

 

Iuduek etzuten nahi

halakorik aditu,

Barrabas ohoñ gaxtoa

nahiago libratu.

 

Urrikaldurik utziko

zutelako ustean,

azotera kondemnatu

zuen arroñ batean.

 

Burreu kruelek erauntsi

bazioten indarrez,

suharotzek burdinari

nola landu beharrez.

 

Gorputz guztia zioten

azoteez larrutu,

eta bisaia ederra

odoluriz itsustu.

 

Bururik oñetaraño

bethe zuten uspelez,

ezagun etzen bezala

zauri eta odolez.

 

Burura eman zioten

elhorrizko khoroa,

eta burlaz eskuetara

elhorrizko zeptroa.

 

Pilatusek gisa hartan

zeroen presentatu,

hala ere nahiago

gaixtagiña libratu.

 

 

5. Nola Pilatusek azkenean kondenatu zuen.

 

Iujeori zegoela

ez iakinez zer egin,

mehatxu handiarekin

hitza zioten egin:

 

Pilatus, etsi ezazu

Jesus kondemnatzera,

edo ezperen zaudezen

kargutik ilkhitzera.

 

Pilatusek ez galtzeko

bere kargu handia,

gurutze gorara zuen

kondemnatu Mesia.

 

Arrasta eman bezala

soñera gurutzea

eman zioten, orduko

nola baitzen legea.

 

Behin eror, gero altxa,

urratsik aitziñera

ezin eginez, gelditzen

zitzaien gibelera.

 

Jentil batek hartu zuen

haren orde habea,

gero ere hek emanen

hartan bere fedea.

 

Gaixtagiñen punitzeko

kostumatu mendian,

gurutzean eman zuten

bi ohoñen erdian.

 

 

6. Nola gurutzean hill zen.

 

Zauri handietarik zen

hurran odolez hustu

bihotza zitzaionean

Iaun onari flakatu.

 

Egarri zela zeroen

erran iudi gaixtoei:

miagra presentatu

haren ezpain sainduei.

 

Doloreez kontent gabe

eskarniatzen zuten,

gurutzetik iauts zedilla

baldin Jongoiko bazen.

 

Sentiturik hersten zela

haren azken orena,

Joanisi zioen bere

komendatu Ama ona.

 

Hirur orenez tormenta

handitan egotu zen,

hekin buruan arimak

gero egin zioen.

 

Hunela zuten Iaun ona

iuduek hillarazi,

hill zenean ere lanzaz

saihetsa pasarazi.

 

 

7. Nola kreatura guztiak tristatu ziren.

 

Kreaturek hartu zuten

haren kausaz dolua:

goibel beltzez estali zen

zeru planetatsua.

 

Iguzkia illhundu zen,

illhargia itsutu:

zeruko izar argiena

tinta legez billhatu.

 

Harriak erdiratu ziren

kantoiñ guztietarik,

sainduen gorputzak ilkhi

bere hobietarik.

 

Tenpluko tapizeriak

egin ziren bi zathi,

eta kobrezko atheak

gondetarik irauzi.

 

Airean aditu ziren

auhen eta plaiñuak,

itsas zabalean ere

marraska eta oihuak.

 

Iudas gaixtoa ere zen

damuz desesperatu,

zuhaitz batetarik zuen

bere burua urkhatu.

 

Kreatura guztiek zuten

damu hartu fiñean,

zergatik Salbatzaillea

itzatu zen habean.

 

 

8. Nola ehortzi zuten.

 

Josef Arimatiarrak

eskaturik konjia,

habetik irautsi zuten

Iaun onaren lohia.

 

Aromatez gantzuturik

thonba eder batean,

ehortzi zuten beretzat

eragin zuenean.

 

Iuduek ezarri zuten

sepulturan guardia,

diszipuluek gauaz altxa

etzezaten lohia.

 

Hilletarik piztu zela

jendetan etzerraten,

laido gehigorekin

hala geldi etziten.

 

Guztiarekin alferrik

hanbat penatzen dire:

hirugarren egunean

ezen biztuko zaie.

 

Zure pasionearen

hauxe da historia;

egidazu, Iauna, hartzaz

baliatzeko grazia.

 

 

Gurutzearen orenak.

 

Gurutzearen kantatu

gogo ditut orenak:

Jesus Kristo, entzun tzatzu

ene triste auhenak.

 

Eta dietzakidatzu

barkha neure hobenak,

dignekiago detzadan

bana haren omenak.

 

Matutina gau erditsu

inguruan hartua,

Aitaren zuhurtzia eta

egia ezagutua;

 

Dizipulu propioek

etsaiei largatua,

eta diruz erosirik

iuduek penatua.

 

Priman argitu zenean,

iujearen etxera

ioan zintuzten lekhukoez

gaizki akusatzera.

 

Bi eskuak gibelean

lothurik zeiharrera

eta bisaia ederra

thuka despistatzera.

 

Terzia da bederatzi

oren, dehadarrari

eman zioten. Zu itza

ziñakizkon zurari.

 

Tresna ederrak ziotzoten

iauntzi zure soñari,

bai arantzezko khoroa

buru sakratuari.

 

Seztan amabi orenetan

zintuzten gurutzatu,

eta saihetseko ohoiñ

bien pare iuiatu.

 

Egarria zerotzuten

khelder minez hezatu;

bekhatuen khentaillea,

hala zinen tratatu.

 

Nonan hirur orenetan

zeure Aitari arima

gomentaturik hil ziñen:

hau zen bada lastima.

 

Lanzak erdiratu zuen

saihets iustuarena,

lurra ikharatu eta

gau billhatu eguna.

 

Bezperetan zinituzten

irautsi gurutzetik,

Iosek Arimatiarrak

konjia eskaturik.

 

Hala ioan ziñen, bizitze

emaillea, mundutik,

eta ahoz gora egotu

gero sorho gaiñetik.

 

Konpletetan illhuntzean

gantzuturik hobira,

Iosek eta Nikodemok

eman zuten berrira.

 

Orduan zen egietan

frogatu eskritura;

historia aiphatzean

nork eztuke laztura?

 

Zure pasionearen

kantatu tut orenak:

Jesus Kristo, entzun tzatzu

ene hasbeherenak.

 

Eta dietzakidatzu

barkha neure hobenak,

goza detzadan ontasun

zure hilltzearenak.

 

aurrekoa hurrengoa