www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa  

IRUROGEI TA IRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña zori on, edo doatasunen gañean bakarra.

 

        Munduaren asieratik gure Jaunaren lan, eta egiteko andia izan da, gizona betiko Zori on, edo doatasuna iristeko, zuzentzea. Egin zuanetik laster aldegin zion gizonak Jaunari, ausitzen zuala beraren Agintea. Era onetan galdu zuan betiko Zori onaren eskubide, ta deretxa guzia. Utsegite au desegiteko, jatxi zan lurrera Trinidadeko bigarren Persona bera: gizon egin zan, eta eman zuan gurutzean bere bizitza; gañera bidaldu zuan Espiritu Santua bere doaiakin: eta Sakramentuen bidez ixurtzen ditu gure animetan graziaren doai miragarria, birtute, eta doaiak, eta era onetan ipintzen du kristauaren anima edertua, apaindua, ornitua Zerurako bidean ibiltzeko gogotik eta gustoz, eta iristeko betiko zori ona. Gizonaren biotza beti dago zori on, eta doatasunaren egarri andi batekin; baña zer gertatzen zaio? Billatzen du bere zori ona arkitzen ez dan tokian, eta ez du ateratzen nekea, eta naigabea besterik, eta galtzen du emengo, eta Zeruko zori ona. Ekusi zuan Jesus onak, zeñ erraz llilluratzen, eta engañatzen zan gizona gai onetan: igo zan mendi batera, eta andik aditzera eman zuan, nor diran zori onekoak, edo doatsuak. Orregatik oen gañean izango da gaurko Erakusaldia. Aurrena aditzera emango det, nor diran, Jesusek erakusten digunez, zori onekoak, edo doatsuak. Urrena begiratu bear degu, zori oneko oen artean arkitzen ote geran. Enzun kontuz, nere Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Munduak uste du, zori onekoak eta doatsuak dirala emengo onren, eta ondasunen artean bizi diranak; baña engañatzen da: ez due alabaña gauz oek gizonaren biotza betetzen: eta amilderazten due asko bekatutan; eta galerazten dioe bere zori ona. Au gertatu zitzaion Salomoni, eta gertatzen zaio beste edozeñi, onra, eta izanai biotza itsasten bazate. Au gerta etzekigun, esan zuan Jesusek: Beati pauperes quoniam ipsorum est regnum Caelorum. Zori onekoak gogoz, edo espirituz, beartsu diranak. Zeñ ote dira zori oneko beartsu oek? Ote dira atez ate eskean dabiltzanak? Ez guziak beintzat; badira alabaña oen artean, nekeari iges egiteagatik, eskean dabiltzanak, badira, biltzen duena, edanean, eta gaiztakerian gastatzen duenak, eta badira eskean biltzen duenarekin gordairua beren aleginean egiten duenak. Ote dira ondasun asko ez, baizik zerbait duenak? Ez; zeren oetatik batzuek dituen gauzetan biotza itsatsia daukeen. Nor ote dira bada Jesu-Kristok lenengo mallan ipintzen dituan zori oneko oek, edo gogoz beartsu diranak? Oek dira benik beñ gogoz, eta borondatez lurreko onrak, eta izanak utzita Jesus onari jarraitzen dioenak, erlijioko ordenetan askok egiten duen bezala. Zori oneko beartsuak dira gañera duen pixkaz baliatzen diranak Jauna serbitzeko geiagoren egarri gabe. Zori oneko beartsuak dira atzenean, aberatsak izan arren, ondasunetan biotza ipintzen ez duenak, eta dituenaz baliatzen diranak Jauna onratzeko, eta lagun urkoen onerako. Itz batean zori oneko beartsuak dira biotza ipintzen ez duenak emengo onra, ta ondasunetan, baizik Jaunagan. Nola igotzen ote da anima malla onetara? Igotzen da baliatzen dala Espiritu Santuaren doaiaz. Oen argitasunarekin ezagutzen du animak, lurreko onra, eta izanak ezer ez dirala betikoen aldean: begiratzen dio gero Jaunaren edertasun neurri, ta mugarik ez duanari, eta ezagutzen du, zeñ gauza gozoa izango dan edertasun au betikotasun guzian ekustea, amatzea, eta galtzeko perill gabe beti biotzean idukitzea. Era onetan itzaltzen zaio animari emengo gauzen egarria, ta begiratzen die gorotzari bezala. Ala gertatu zitzaion S. Paulori, Jesu-Kristo ezagutu zuan ezkero.

        Zori onekoak, dio Jesusek bigarren lekuan; zori onekoak mansoak, zeren oek izango diran lurraren jabe. Beati mites, quoniam ipsi posidebunt terram. Ekusten zuan Jesus onak, munduaren lege gaiztoetatik bat dala etsaiari gorrotoz begiratzea, haren gaitzaz atsegin artzea, onaz naigabetua, eta illuntasunez betea geratzea, eta al dan txarkeria egiteko prest egotea. Ekusten zuan ira, edo aserrea dala asko bekaturen sustraia, eta oek aienatzeko gugandik, esaten digu, Zori onekoak mansoak, zeren oek izango diran lurraren jabe. Nor ote dira zori oneko manso oek? Oek dira ira, edo benganzaren gura eskuratzen duenak, eta lagun urkoen erausi, eta bidegabeak ixilik daramazkienak. Oek dira etsaiai ere al duen on guzia egiten diezanak. Zori onekoak oek, zeren izango diran lurraren jabe. Lurraren jabe bai, zeren beren biotzeko lurrean izango diran errege, eta jaun. Bere gura, ta griña errebesak ilduratzen, eta ezitzen ez dituana, oen mendean arkitzen da, eta beragatik ez da bere etxeko lurraren jabe, baña bai manso, eta umillak. Lurraren jabe izango dira oek gañera, zeren beste guzien biotzen jabe izango diran; lenago, edo geroago alabaña guziak amatzen due bidegabeak ongi daramazkiana, eta etsaiai ere mesedeak egiten dieztena, eta gisa onetan egiten da guzien biotzen jabe. Atzenean manso, ta umillak izango dira bizien lurreko jabe. Zer lur ote da bizien lur au? Au da doatsuen erreñua, beñere desegingo ez dana. Nola igotzen da anima bigarren malla onetara? Espiritu Santuaren doaiakin saiatzen dala, Jesus bildots mansoaren eran, emengo bidegabeak igarotzera. Ikasi ezazu nigandik dio Jesusek nola au egiten dan: Discite a me, quia mitis sum, et humilis corde.

        Zori onekoak, dio irugarren lekuan; zori onekoak negartiak, edo negar egiten duenak, zeren oek izango diran konsolatuak: Beati qui lugent, quoniam ipsi consolabuntur. Zeñ ote dira zori oneko negarti oek? Dira benik beñ, Jaunaren ontasun baztergabearen kontra egin dituen, eskergabekerien gañean biotzetik negar egiten duenak. Ala egiten zuan S. Agustiñek, eta zion: Ai! eta izan ni noizbait Jaunaren etsaia! Zori oneko negartiak dira gañera, ekusirik, lagun urko geienak bizi dirala bekatuaren bideetan, naigabez negar egiten duenak Jaunaren aurrean. Zori oneko negartiak dira atzenean Jaunaren edertasuna ekusteko egarriarekin negar egiten duenak erbeste onetan. Ala egiten zuan Dabidek, eta zion: Ai! ene! luzatu da deserri onetako nere bizia! Heu mihi, quia incolatus meus prolongatus est! Zori oneko negarti oek atsegin-kontentuz beteak izango dira, dio Jesusek: Quoniam ipsi consolabuntur.

        Zori onekoak laugarren lekuan zuzentasunaren, edo justiziaren gose, ta egarri diranak. Beati, qui esuriunt, et siliunt justitiam. Zuzentasun, edo justiziaren izenez aditzen da arreta andiarekin bekatutik aldegitea, eta obra onai jarraitzea. Eta zeñ ote dira justizia onen gose, eta egarri diranak? Oek, Jaunaren lege Santa ongi baño obeto gordetzeko, egarriarekin bizi diranak: oek izango dira aseak, dio Jesu-Kristok: aseak, edo beteak emen Jaunaren doaiez, eta gero betiko bizitzaren atsegin-kontentuakin: Quoniam ipsi saturabuntur. Orregatik zion Dabidek: aseko naiz, Jauna, Zure gloriaren edertasuna erakusten didazunean: Satiabor, cum apparuerit gloria tua.

        Zori onekoak bostgarren lekuan urrikaritsuak, edo miserikordiosoak, zeren oek iritsiko duen Miserikordia, dio Jesu-Kristok. Beati Misericordes, quoniam ipsi Misericordiam consequentur. Zeñ ote dira zori oneko urrikarritsu, edo miserikordioso oek? Dira biotz txit beraa duenak lagun urkoentzat, izan ditezela oek, naiz adiskideak, naiz etsaiak, naiz aideak, naiz atzeak, naiz erritarrak, naiz arrotzak. Oek pozik, eta ongi nai andiarekin laguntzen dioe lagun urkoari, ez gorputzari dagozkan premietan bakarrik, bai ta are geiago animari dagozkanetan: eta agintzen dio Jesusek bere urrikimentua.

        Zori onekoak seigarren lekuan biotz garbidunak, zeren oek ekusiko duen Jaungoikoa, dio Jesu-Kristok: Beati mundo corde, quoniam ipsi Deum videbunt. Juduak etzituen ezertan artzen biotzaz kanpora agertzen ez diran bekatuak, egin dezagun kontu gorrotoak, gogozko atsegin loiak. Orregatik esan zuan Jesusek: Zori onekoak biotz garbidunak. Oek dira arretarekin biotza garbitzen duenak bekatuaren loietatik, eta garbitasun au ez galtzeko, beren gura, eta griña txarrak ardura andiarekin ilduratzen, eta ezitzen dituenak: ta neke onen saria izango da Jaunaren edertasun baztergabea betiraunde guzian ekustea: Quoniam ipsi Deum videbunt.

        Zori onekoak zazpigarren lekuan pakezaleak, zeren oek Jainkoaren Seme izendatuko diran, dio Jesu-Kristok; Beati pacifici, quoniam filii Dei vocabuntur. Gure Jaungoikoa da pakearen Jaungoikoa, S. Paulok deitzen dion bezala: Deus pacis: eta ez dagote Jaungoikoaren Semeen izena pakezaleak ez diranai. Zeñ ote dira zori oneko pake-zale oek? Dira pakea galtzeko biderik ematen ez duenak, ez itzez, ez bestela. Dira urrena lagun urkoetatik datozen itz garratzak, eta modu gaiztoak ixilik daramazkienak pakeagatik. Atzenean lagun urkoen artean ere pakea eragiteko alegiña egiten duenak. Oek dira pake-zaleak, eta Jaungoikoaren Seme izendatuko dira.

        Zori onekoak zortzigarren lekuan justiziagatik persegituak; zeren oena izango dan Zeruetako erreñua; dio Jesu-Kristok: Beati, qui persecutionem patiuntu propter justitiam, quoniam ipsorum est regnum Caelorum. Zer aditzen ote da emen justiziaren izenez? aditzen da Jesu-kristoren legea zuzen, eta arreta andiarekin gordetzea, eta onela bizi diranak igaro bearrak dira neke, eta gurutze samiñak. Batzuetan iseka egingo dieza, beren kideakoak, besteetan asmatuko dieza, egin dituela, nortaki zer utsegite: besteetan agertuko ditue noizbait egin zituen okerrak. Neke, ta gurutze oen artean sendo daudenai, edo zuzen Jaunaren legea gordetzen duenai deitzen die Jesu-Kristok: Zori onekoak eta agintzen die Zeruetako erreñua: Quoniam ipsorum est regnum Caelorum. Ona, nere Kristaua, nor diran zori onekoak, edo doatsuak, ala emen, nola beste bizitzan, eta ona, gizona zori onaren billa egarri andiarekin ibilli arren, zergatik arkitzen ez duan; billatzen du alabaña ez dagoan tokian, eta geratzen da aranzaz, naigabez, eta samintasunez gogaitzen, eta zori gaiztoko egiña. Dakuskun orain Jesu-Kristok izendatzen dituan zorionekoen artean arkitzen ote geran.

 

 

§ II.

 

        Zori onekoak gogoz, edo espirituz beartsuak, esan digu Jesu-Kristok. Oetatik ote gera? Ez ote daude gure biotzak emengo izanai itsatsiak, olagarroa arkaitzari itsatsia dagoan eran? Ala bagaude, ez gera oraiñ, eta ez gera gero izango zori onekoak, ezpaditugu ipintzen gure biotzak ipiñi bear diran tokian.

        Zori onekoak, esan digu Jesusek, mansoak. Oetatik ote gera? Saiatu ote gera ira, eta aserrea ezitzera, ta eskuratzera? Esan bezee botatzen diran birauak. Esan bezee etsaiaren kontra egiten diran erausi itsusiak. Esan beza, etsaiari al dan txarkeria egiteko, eraren zai egoteak. Esan beza lagun urkoari, gutxienez egin digun adiña, gaitz opa izateak. Zer esango det etsaiaren onaz muzindurik, eta illuntasunez beterik geratzeaz?

        Zori onekoak negartiak, edo negar egiten duenak, esan digu Jesus onak. Oetatik ote gera? Negar egiñ, eta egiten ote degu biotzetik, zeren gure Jaun guziz maitagarria utzi, eta beraren kontra ainbeste bekatu egin degun? Negar egiten ote degu, ekusirik, lagun urko-geienak utzi duela Zerurako bidea, eta amilka dijoazela betiko su, eta garren artera? Zenbat ote dira, onela negar egin bearrean, lagun urkoa bekatuan amilderaztean beren atsegiñik andiena duenak? Negar egiten ote degu Jaunaren edertasun paregabea, eta Zeruko gure erria ekusi naiez? Begira dezagun bakoitzak ongi, zer igarotzen dan gure biotzetan, eta beldur naiz, lotsaturik geratzeko asko bide izango degula. Beldur naiz, berriak diranez asko izango dirala denbora oetan abere biurtu, edo beintzat abereen suertearen Zeruaren baño zaleago diranak; baño oek artuko due dagoten bezalako saria.

        Zori onekoak zuzentasunaren, edo justiziaren gose, ta egarri diranak, esan digu Jesusek. Oetatik ote gera gu? Obra onak ongi baño obeto, eta geiago, ta geiago egiteko egarririk ote da gugan? Nola izango da, baldin onerako nagitsuna bera bagera?

        Zori onekoak urrikarritsuak, edo miserikordiosoak, dio Jesusek. Oetatik ote gera? Beldur naiz ezetz, zeren Munduan orain artu dan usanza omen da besteren gaitzaren naigabe gutxi, edo batere ez izatea.

        Zori onekoak biotz garbi dunak, esan digu Jesusek. Oetatik ote gera? Galde begio bakoitzak bere buruari: Asko ote dira, eren gura, eta griña txarrak ukaturik, biotza garbiro gordetzen duenak?

        Zori onekoak pakezaleak, dio Jesu-Kristok. Oetatik ote zera, Kristaua? Ez ote diozu lagun urkoari zere erausi, eta bide gabeakin pakea galtzeko biderik ematen? Egiten dizkitzuen bide gabeak ixilik, eta ongi eraman oi dituzu pakeagatik? Ez ote dezu beiñ baño geiagotan zabaldu lagun artean aserre, ta gorrotoaren sua?

        Atzenean zori onekoak, dio Jesu-Kristok, justiziagatik persegituak; oek dira Jaunaren lege Santa ongi gordetzen duelako, Munduagandik isekak, eta bidegabeak ekusten dituenak, eta alaere artu duen bizitza onari jarraitzen dioenak biotz alai, eta sendoarekin. Oetatik ote gera gu? Gutxi dira noaski onela gure lege Santa gordetzen duenak.

        Kristaua, ongi begira dezagun, zori on egiazkoa iritsi nai degun, edo ez. Iritsi nai badegu, billa dezagun arkitzen dan tokian; bestela gertatuko zaku amesetan diru zorroa topatu duanari gertatzen zaiona. Poztutzen da, ekusirik zorroan dauden urre txikiak, eta onzakoak: esnatzen, eta asitzen da diruen billa: ez du arkitzen batere, eta geratzen da illuntasunez betea. Au bera gertatuko zaio zori ona billatzen duanari, Jesu-Kristok erakutsi dizkigun, tokiaz kanpora. Amesetan bezala dabil; uste du zori ona arkitzen dala onra ondasun, eta aragiaren atsegin lotsagarrietan; esnatuko da eriotzako denboran, edo lenago bear bada, eta ekusiko du, emengo onrak, ondasunak, atsegin lizunak, zori ona ekarri bearrean, dakartela biotzeko illuntasuna, eta onen ondoren betiko negarrena, betiko su, eta garrak. Baña bere zori ona billatzen duanak Jesus onak erakutsi dion bidetik; gerta dedilla munduan edozeñ gauza, arkituko du emen ere animako atsegin gozo bat, eta zori ona, eta ondoren betiko bizitza doatsua. Egin dezagun au, nere Kristaua, eta gu ere zori onekoak izango gera emen, eta gero betikotasun guzian. Amen.

 

aurrekoa