www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean laugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko erakusaldian ukitu nituan, konfesio on bat egiteko bear diran, bost gauzak. Oen artean lenengoa da examina. Onen gañean lenbiziko Komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Zer, da examina? Erantzuten du: egindako utsegite, edo bekatuen kontuak ateratzea. Zer egingo dezu onetarako? Bost gauza. Zein dira? Lenbizia: jarriko naiz Jaunaren aurrean leku egokiren batean, eta adoratuko det umiltasun, eta errespeto guziarekin, goizeko jaieran erakusten dan bezala. Bigarrena, emango diozkat eskerrak egin dizkidan mesede guziagatik, baña batezere zeren oraindaño itxeden didan, bekatutik irteteko, eta beragana biurtzeko. Irugarrena, eskatuko diot Espiritu Santuari argia, eta lagunza, nere utsegiteak ezagutzeko, ongi damutzeko eta konfesatzeko. Laugarrena, begiratuko det, azkeneko konfesioan bekatu larriren bat aztu ote zitzatan, eta emandako penitenzia egin nuan, edo ez. Bostgarrena, animaren begien aurrean ipiñiko ditut Jainkoaren Legeko amar Aginteak, Eliz Ama Santaren bostak, eta nere estadu, bizimodu, eta karguak dituan egin-bideak, eta kontu aterako det, nola, eta zenbat bider utsegin dedan bakoitzaren kontra. Orra lenbiziko Komunioaren liburuak, azkeneko konfesiotik oraindañoko examinaren gañean dakarrena».

        Examina batzuetan egiten da, ez konfesiorako asmoarekin, baizik griña txarren bat garaitzeko, edo birtuteren bat iristeko. Animako gauzetan Maisu andiak diranak erakusten digue, examina sarritan egitea dala sendagai txit andia bakoitzak bere gura, eta griña errebesak eskuratzeko, eta birtuteak iristeko. Orregatik Erlijioko ordena batzuetan egun oro bi aldiz egiten da examina; ala agindu zuen S. Basiliok, eta S. Ignaziok. Leku batzuetan lenbiziko Komuniorako prestatzen dauden aurrai erakusten zate au goizeko, eta arratseko jaieran, eta gero erraz oitutzen dira Konfesioak eskatzen duan prestaerara. Emen ere au bera egiten degu ala aurrakin, nola aziakin. Aurrakin, Komunioko prestaera ikastera datozen egunetan: eta aziakin goizeko Mezan, eta arratsaldeko dotrinaren ondoren; baña batzuek daude añ landugabeak, non zeren gañean itzegiten zaten igerritzen ez duen. Pitagoras fedegabea, eta jentilla zan: alaere bere ikasleai esaten zien, autu bear zituela egunean bi denbora, eta gogora ekarri bear zituela iru gauza: Zer egin det, nola egin det, eta egin gabe zer utzi det. Au zion jentil batek, eta au erakusten zuan bere eskolan: eta izanik gu Kristauak, ez degu arretarik beste onenbeste ikasteko, eta egiteko? Ez da au gauza lotsagarria?

        Beste batzuetan egiten da examina, Konfesioko Sakramentua artzeko asmoarekin: eta au izan diteke azkeneko konfesiotik oraindañokoa, edo bizitza guzikoa, edo urte batzuetakoa. Gaur itzegingo det azkeneko Konfesiotik oraindañoko examinaren gañean. Aurrena ukituko ditut, examinaren aurretik egin bear ginduzkean gauzak. Urrena, examinako denboran egin bear diranak. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gauz egokia izango lizake examinaren aurretik lenengo lekuan, Jaunaren aurrean jartzea, eta Jaun bera adoratzea umiltasun, eta errespeto guziarekin; zeren asiera onek asko laguntzen duan examina, eta edozeñ gauza ongi egiteko. Baña zer ote da Jaunaren aurrean jartzea? Da fedearen argiarekin gogora ekartzea, eta sinistea, begira dagokigula, leku guziak betetzen dituan gure Jaun Andia, eta ekusten dituala argiro, egin ditugun bekatu guziak, baita biotzaren zokorik ezkutatuenetan daudenak ere. Ni nerau naiz gauz orien juez, eta testigu, esaten digu berak: Ego sum judex et testis (Jerem 29). Bigarrena, gauz egokia da Jaunari eskerrak ematea, egin dizkigun mesede guziakgatik, baña batezere zeren itxedon digun bekatutik irteteko, eta beragana biurtzeko. Alde batetik alabaña nai du Jaunak guk ezagutzea, eta aitortzea egin dizkigun mesedeak, eta oen artean ez da txikiena itxedon digun eran itxedotea, bidaldurik beste asko betiko su, eta garren artera; eta beste aldetik ezaguera onek laguntzen dio biotzari bekatuen damua sortzeko. Irugarrena, gauz egokia da eskatzea Espiritu Santuari argia, ta laguntza, gure utsegiteak ezagutzeko, oen damu egiazkoa sortzeko, eta konfesatzeko. Zergatik au? Zeren S. Paulok esaten digun bezala, ez geran gauza Jesus bat esateko ere, bidaltzen ezpadigu Espiritu Santuak bere lagunza Nemo potest dicere Dominus Jesus, nisi in Spiritu Sancto. Eta Jesus bat bear bezala esateko gauza ezpagera, zer izango da bekatuak ezagutzeko? Illuntzen due adimentua griña txarrak, zokoz, eta tolesturaz betea dago biotza, eta sarritan ezpadabill examinaren iunzia, edo erratza, autsez, eta amamaz estaliak dauden gela illunen anza dauka: orregatik ez da erraz bekatariak bere bekatuak ongi ezagutzea, eta beardu onetarako Espiritu Santuaren argia. Nork ezagutzen ditu bekatuak? zion Dabidek: Delicta quis intelligit? Garbinazazu Jauna, ezkutatzen zaizkidan nere bekatuetatik, eta barkagizkidatzu besteenak ere, edo besteak nigatik egin dituenak: Ab ocullis meis munda me, et ab alienis parce servo tuo. Gauz oek erraz egiten ditue aurrak lenbiziko Komunioaren liburutik; baita emakume askok ere, baña gizonak (irakurtzen dakienak ere) gutxi dira liburuaz baliatzen diranak; batzuek zeren lotsatzen diran liburuarekin egoteaz; eta beste batzuek, zeren euskera irakurtzera oituak ez dauden. Nork sinis dezake au? Emakumeak alde onetatik laudagarriak dira. Goazen oraiñ examinako denboran egin bear diran gauzai begiraldi bat ematera.

 

 

§ II.

 

        Examinako denboran egin bear diran gauzen artean lenengoa da begiratzea, azkeneko konfesioan bekatu larri, edo mortalen bat aztu ote zitzazun, eta emandako penitenziak egin zinduan, edo ez; beartua zaude alabaña oek esatera, edo aitortzera. Bekatu larri, edo mortala ezpada aztu zitzatzuna, ez da premiazko gauza au esatea.

        Examinako denboran egin bear dan bigarren gauza da animaren begien aurrean ipintzea Jainkoaren Legeko amar Aginteak, eta Eliz Ama Santaren bostak; eta ispillu onetan begiratu bear dezu, zer, nola eta zenbat bider utsegin dezun mandamentu bakoitzaren kontra. Asko Kristau dira txit zabarrak Mandamentuen ispillu oni begiratzeko; emendik dator garbiro ez esatea, zer bekatu egin dituen gogo, edo pensamentu utsez, zer itzez, eta zer obraz. Zor bat ateratzera dijoanak, ez oi ditu eraman nastuak urrea, zillarra, eta kuartoak, baizik bereîs, bakoitza bere lekuan. Emendik dator gañera, zenbat bider bekatu egin dan pensamentuz, zenbat bider itzez, eta zenbat bider obraz, konturik batere ez ateratzea. Galdetzen dio konfesoreak: zenbat bider egin dezu ori? Eranzuten dio: frankotan Jauna: zenbat bider ura? frankotan. Beste batzuek dira, geiena autsitzen duen Mandamentu ari begiratu nai ez dioenak, zeren ark agertzen diezten bere bekatu itsusiak. Enbidiaren bekatuetan erori danak ez dio gogoz begiratuko bostgarren Mandamentuari, ez eta edaleak ere: amarren, eta primiziak sisatzen dituanak ez dio begiratu nai Elizaren bostgarren Mandamentuari: eta orobat gertatzen da geiena autsitzen diran beste Mandamentuakin. Apaiz batek omen zituan bi ispillu; bata gauzak ziran eran erakusten zituana, eta bestea edertzen zituana. Serbitzaria adiñean aurreratua eta zimurturaz betea bide zegoan. Begiratu zion lenengo ispilluari, eta nola begien aurrean ipiñi ziozkan bere zimurturak, bereala aldegin zuan argandik muzinka. Ordutanik etzion autsik kendu ispillu leial ari; eta egon oi zan amamaz betea. Begiratu zion bigarren ispilluari, eta onek erakusten zuan serbitzariaren aurpegia ogei urte zituanean bezeñ ederra, garbia, ta leuna. Eta oni arretaz kontu egiten zion sarritan garbitzen, eta gordetzen omen zuan, autsak, eta euliak zikindu etzezeen. Beste onenbeste egiten du bekatariak Mandamentu batzuen ispilluarekin: ez dio oetan begiratu nai bere buruari, zeren begien aurrean ipintzen diozkeen egin dituan bekatuak.

        Examinako denboran egin bear dan irugarren gauza da, seigarrengo mandamentuaren kontrako gauzak diranean, begiratzea, urlia aidea dan, edo ez, zer estadutakoa dan.

        Examinako denboran egin bear dan laugarren gauza da begiratzea, eman ote diogun lagun urkoari bekaturako biderik, dala zabarkeriaz, dala artarako sarea, edo moduren bat prestatuaz. Zabarkeriaz gerta diteke gurasoetan, eta animen kargua duenetan, era berean erriko kargudunetan. Au gertatu bada, begiratu bear da gañera, zenbat bider, ta zenbat laguni bakoitzean bekaturako bidea eman zaion: ez da alabaña oro bat bat iltzea, eta sei, zortzi, edo amar iltzea, eta bekaturako bidea ematen duanak beregan danez iltzen ditu artarako bidea eman dien guziak. Begiratu ere bear da, bekaturako bidea eman zaten umeai, senideai, aideai. Baña zenbait añ dira jakinezak, edo zabarrak animako gauzetan, non gauz oek ezertan artzen ez dituen.

        Examinako denboran egin bear dan bostgarren gauza da begiratzea, oraingo aldian gertatu diran bekatuak etorri ote diran, leneko konfesaldietan izan dan, oitura gaiztoren bat garaitzeko neurriak artu gabez. Ala bada, neuriak ez artze au beste bekatua da. Au askotan gertatzen da birauak botatzeko, juramentu gezurrezkoak egiteko, edanean igarotzeko, itz desonestoak esateko oitura duenakin Oraiñ egindako bekatuetatik bat izan oida oitura gaiztoa uzteko neurri egokiak ez artzea.

        Examinako denboran egin bear dan seigarren gauza da begiratzea, zeñ ote dan gure bekatuen sustraia. Urlia onraren gurari geiegi itsasia dago, ta emendik dator aide onetatik ukitzen badue, erraz irristatzea birauetan, eta edozeñ gauza esatea lagun urkoaren kontra. Bekatu oen sustraia da onraren era gabeko gura. Sandiak artu du edari bizitxoetarako griña: ez da osotoro orditzen, baña lasaitzen da seigarrengo utsegiteetan, edo aserre, ta gorrotoaren suan erazekitzen zaio. Bekatu oen sustraia da edari bizia. Berendiak, nekeari ongi jarraitzen diola, irabazi lezake beretzat, eta umeentzat bear duana: agertu liteke ederki bere mallan; baña ederretsi dio alperkeriari. Emendik zorren azpian geratzea: emendik emaztearen negarrak: emendik edanean igarotzea era atxitzen dan guzian: emendik luxuria eta aserreak. Bekatu oen sustrai nagusia da alperkeria. Sustrai oek ebakitzen ez dirala, ez dira aituko oetatik jaiotzen diran bekatuak; eta ebakitzeko, ezagutu, eta agertu bear dira konfesioan; eta au egin gabez gertatzen zaio bekatariari, nekazari bati meloi belarrarekin gertatzen zaiona. Betetzen zaio soro eder bat meloi belarrez: ebakitzen ditu agertu diran ostoak, baña alferrik, sustraia galtzeko sasoia atxitzen ezpada. Au bera gertatzen zaie bada esan ditugun bekatariai: aitortzen, edo konfesatzen ditue bekatuen ostoak, baña ez oen sustraia, eta au erretzen, edo galtzen ez dan bitartean animako soroa beti egongo da bekatuen belarrez betea. Begira bada, Kristaua, ez bakarrik agirian dauden bekatu oriei, bai ta orien sustraiai ere. Ekusiko dezu batzuen sustraia dala onraren egarri geiegi bat, besteena kutizia; batzuena ezkongura, besteena edari biziai jarraitzea; batzuena alperkeria, besteena gauetan ordu onan ez etxeratzea, besteena apaingura eragabekoa.

        Examinako denboran egin bear dan zazpigarren gauza da begien aurrean ipintzea zure estadu, bizimodu, eta karguak dituan eginbideak. Ispillu onetan begiratzen badiegu geren buruai eztakit nolakoak ekusiko geran. Ezkondua, eta gurasoa zera?, Beartua zaude etxeaz, eta umeaz kontu idukitzera, bearrari jarraitzera, Zerurako bidea eraskustera, ez itzez bakarrik, baita ere geiago zerori aurretik zoazela. Erriko kargudun zera, edo izan zera? Beartua zaude juramentuz bearbada, erriaren gauzetan erriari, Komunarenetan Komunari leialki begiratzera, batarena besteri emangabe. Beartua zaude bekatu larri, edo mortalaren azpian, zeregan danez eragoztera, erriko jendea galtzeko diran, edarien sarrera. Gai onetan ez naiz sartzen onen, edo aren kontra itzegitera, ez eta Erri onetako kargudun izan diranak markatzera ere; baña guziok aditzen degu, zertaraño igaro diran gauzak beste erri askotan. Zuazte Tolosara, ekusten omendira inguruetako emakumeak, taldez, edari bizien etxean sartzen: irteten dira andik, batzuek begietako lausoarekin, besteak alfereziaren aize txarrak ukituak, besteak bonbillak arzelluan dituela. Gauz oek norknai dakizkianak omen dira, eta besagatik esaten ditut. Zoazte inguroko beste erri askotara. Adituko dezue, len ardo adiña, edo geiago saltzen dala edari zuritik. Ez omen dira kontentatzen gizonak ardo utsarekin, baizik bear due txuritik. Adituko dezue, goizetik asi, eta arratseraño dabiltzala ontzi txikiak, eta andiak, eta zenbaitek edari biurtzen dituala artoa, garia, oia, gonak, gorputza, eta anima. Adituko dezue, arkitzen dirala sei, edo zazpi urte dituen aurrak non nai edaria dastatzeko ipiñi ditezkeanak. Adituko dezue, atzenean, kaleetan ezezik baserrietan ere asi dirala zenbait aurrai goizetik ematen edari bizitik. Zer emen gertatzen dan, ezin esan dezaket, baña bai gaitz au guziz itsaskorra dala, eta etxeak, gorputzak, eta animak galtzeko perillean ipiñiko dituala. Orregatik beartuak daude bekatu larri, edo mortalaren azpian erretorea, erriko kargudunak, batzarreetan joateko eskuaduenak, beren aldetik alegiña egitera, miñanze au sartu ez dedin erri onetan, eta sartzen asia bada, deserritu dedin osotoro. Au egin nai ez duana ezta gai Sakramentuak artzeko, eta ez du izango parterik Zeruko erreñuan. Orregatik begiratu bear degu examinako denboran, nola eranzuten diegun gure estadu, bizimodu, eta karguaren eginbideai. Asko da gaurko.

 

 

§ III.

 

        Ekusten dezu Kristaua, gauz askori begiratu bear diegula examina ongi egiteko, azkeneko konfesiotik oraindañokoa baizik, egin bear ezpalizere. Au guzia txit erraz egiten du, maiz, eta arretarekin konfesatzen danak, baña ez zabarrak. Etxe bat, sarritan garbitzen bada, erraz iunziarekin igarotzen du garbitzalleak; baña denbora luzeetan garbitu ezpada, betetzen dira zoko guziak amamaz, armiarmez, autsez, eta zikinkeriaz, eta nekez garbitzen da. Orregatik, zenbait Kristau zabarrek egiten dituen konfesioetan, esaten dituen bekatuak baño geiago dira bear bada, esan gabe geratzen zaiztenak, zeren examinaren erratza ibilli ez dan zoko guzietan. Nere Kristauak izan gaitezen azkarrak animaren gauzetan: eta zuek, gurasoak, etzaiteztela izan sorrak, eta gorrak aurrak bidaltzeko eskolara, eta dotrinara. Onela guziok moldagaitezke Zerurako bidean, eta iritsi dezakegu betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa