www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan,
zazpi Sakramentuen gañean laugarrena.

 

ALABATUA &

 

        «Zer gauza dira Sakramentuak? galdetzen du dotrinak: eta erantzuten du: Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan, siñale agiri diran batzuek, oen bidez grazia, eta birtuteak guri emateko. Zer gauza da grazia? Da Jainkozko izate, edo doai bat gizona Jainkoaren seme, eta Zeruaren jabegai, edo heredero egiten duana. Zer birtute graziaregin batean ematen ditue Sakramentuak? Berezkiro iru Teologalak, edo Jainkoaganonz zuzen begiratzen duanak. Zeñ dira? fedea, esperantza, ta karidadea. Orra zer erakusten dizun dotrinak Sakramentu guzien gañean».

        Sakramentu oek dira zazpi, fedeak erakusten digun bezala. Dira siñale agiri diranak; zoaz ezperen Sakramentu bakoitza ematen danean, zer egiten dan begiratzera. Bataioan ixurtzen du bataiatzaileak ura aurraren burugañera, eta esaten ditu Sakramentuari dagozkan itzak. Orra, nola bataioa dan siñale agiria: eta au bera gertatzen da beste Sakramentuetan ere. Siñale oek aditzera ematen ditue animara dakartzien ondasunak: egin dezagun kontu, bataioan ura ixurtzeak adieratzen digu, Sakramentuaren bidez Espiritu Santuak garbitzen duala anima bekatuaren loietik. Sakramentuak animara dakartzian ondasunak ez dira ekusten, baizik fedeak erakusten ditu. Ondasun oen artean andienak dira grazia, eta birtuteak: orregatik doktrinak dio, Sakramentuak dirala Jesu-Kristok bere Elizari utzi ziozkan siñale agiri diran batzuek, oen bidez grazia, eta birtuteak guri emateko.

        Sakramentuak ongi artzen badira, ematen dioe animari grazia deritzan apaindura ederra: au da doai bat Espiritu Santuak Sakramentuen bidez animari ematen diona, eta deitzen dio Jesu-Kristok eztaietako janziera: Vestem nuptialem. Ezta doai au galtzen bekatu larri, edo mortalarekin baizik. Añ miragarria da doai, eta apaindura au, non egiten duan gizona Jaungoikoaren seme eta Zeruaren jabegai, edo heredero. Jainkoaren Seme, ez bere izatez, zeren gizonak ez duan, eta eziñ izan dezakean Jainkotasunik baizik zeren graziaren doai, eta janziera ederrarekin apaindua dagoana bere Semetzat artzen duan Jaungoikoak, S. Juanek esaten digun bezala: Videte qualem charitatem dedit nobis, ut filii Dei nominemur, et simus. Zeruaren jabegai; Semea alabaña Aitaren ondasunen jabegaia da S. Paulok dion eran: Si autem filii et haeredes.

        Baña Zeruko erreñua iritsi nai duanak, amatu eta serbitu bear du Jauna, eta onetarako bear ditu birtute egokiak nekazari batek, lana egiteko, lanabes egokiak, bear dituan eran, egin dezagun kontu atxurra, laiak, area, zerra, aizkora, Orregatik Espiritu Santuak, graziaren doai eta janziera ematean, ematen diozka animari, Zerurako lanak egiteko, birtuteak, nola diran fedea, esperanza, karidadea, eta beste asko.

        Edozeñek beregan ezagutzen du, gauz onak egiteko gerala nagiak, eta gogo gutxikoak: eta gogoaren kontra ari dan langillea askotan zabartu oi da. Eritasun au sendatzeko, zer egiten du Espiritu Santuak? Birtuteakin batean ixurtzen ditu animan bere zazpi doaiak, oekin egin ditzan, Zerurako egin bear dituan lanak, ez nola nai, baizik gogoz, eta gustoz.

        Atzenean bear ditu animak, gauz onak egiteko Zeruko lagunzak; oek gabe alabaña ez gera gai, edo gauza gogorazio on bat ere egiteko, ez eta Jesus bear bezala esateko ere, dio S. Paulok. Zeruko lagunz oetatik asko denbora egokietan ematen ditue Sakramentuak. Orra zer, eta zertako diran zazpi Sakramentuak.

        Sakramentuak dakartzien ondasunen artean grazia da andiena; eta beste guzien sustraia. Azkeneko bi Erakusaldietan alik ongiena aditzera eman dizut, Kristaua, zeñ miragarria dan doai au. Baña oraindaño esan degun guzia ez da, doai ouen miragarritasuna adierazteko, diña. Doai au da Espiritu Santuak animan ixurtzen duan ur bizi lurretik Zeruraño igotzen dana. Au da gaur lenengo lekuan aditzera emango dedana. Doai au da birtute guzien zepa, edo sustraia, bere alsumak Zeruraño botatzen dituana. Au da bigarren lekuan aditzera emango dedana. Atzenean doai au da obrarik txikienai ere Zeruko erreiñu, edo betiko bizitzaren balioa ematen diena. Au da azkena aditzera emango dedana. Enzun arreta andiarekin, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Zu, nere Kristaua, bataioko egunean, eta ongi konfesatu zeranean, Espirutu Santuak apaindu zinduan graziaren doaiarekin. Baziñaki, zeñ miragarria dan doai au ¡Si scires donum Dei! Doai au da beñik beñ, Espirutu Santuak zure animan ixurtzen duan ur bizi, lurretik Zeruraño igotzen dana. Ur bizia, zeren, berez ura ezpada ere, garbitzen duan anima bekatuaren loi guzietatik, gorputza urak garbitzen duan baño obeto. Ur bizia gañera, zeren ur onek ematen dion animari betiko bizitza. Ur bizi au añ miragarria da, non, bere aldetik egiten badu animak dagokana, ugaritzen eta egiten dan iturri. Demagun, arreta andiarekin gordetzen duala animak iturri onek dakarren ur guzia: aziaz joango da, eta igoko da Zeruraño, an dauka alabaña bere asiera, eta jatorria; eta edozeñek daki, iturri bateko ura igo ditekeala bere jatorriaren neurrian. Au guzia berak bezala, eta guziz ederki aditzera eman zigun Jesus onak, emakume Samariarrarekin izan zuan, izketan. Zijoan beñ Jesus Galileara. Bideko nekearekin aunatua zijoan, eta eguardiko denboran geratu zan Siquen zeritzan erriaren sarreran putzu baten aldean. Apostoluak errira joanak ziran bazkalzeko bear zituen, gauzen billa, eta bitarte onetan etorri zan emakume bat putzutik ura eramatera. Esan zion Jesusek: indazu ura. Emakumeak ezagutu zuan, janziak, eta itzegiteak zirudianez, Judutarra zala Jesus, eta Judatarrak zeduzkeen erejetzat Samariarrak. Orregatik eranzun zion emakumeak Jesusi: Nola zuk, izanik Judatarra, ura eskatzen didazu niri? Esan zion orduan: Baziñaki, zer doaia bidaldu dion Jaunak munduari! Si scires donum Dei! Baziñaki, nor dan zuri ura eskatu dizuna! zerorrek eskatuko zenion, eta emango zizun ura, baña nolakoa? emango zizun ur bizia: Aquam vivam, Ur au iturri biurtuko da, eta alako eran igoko da, non saltatuko dan Zeruraño, edo betiko bizitzaraño: Fiet in eo fons aquae salientis in vilain aeternam. Etzuan aditzen emakumeak, zer ur zan Jesusek zion ura, eta esan zion: Jauna, indazu ur orretatik, ez nabillen beti atzera, ta aurrera ur billa. Orduan esan zion Jesusek: zoaz, deitu zaiozu zure gizonari, eta atoz gero. Eranzun zion emakumeak: ez det gizonik. Ongi esan dezu, esan zion Jesusek; ongi esan dezu, ez dezula gizonik bost gizon izan dituzu, eta orañ dezuna ez da zurea. Ezagutu zuan emakumeak, Profetaren bat zala Jesus, bada argiro esan zion gertatzen zitzaiona: eta atzenean, Jesusek berak ala esanik, sinistu ere zuan, zala Mesias, edo munduaren Salbatzallea. Orra, nere Kristaua, nola, graziaren doaiari guri aditzera emateko, deitzen dion Jesusek ur bizia. Ur au, ongi gordetzen bada, biurtzen da iturri, eta igotzen da Zeruraño: Fons aquae salientis in vitam aeternam. Atozea orain, nere Kristaua: ez da alde onetatik guziz miragarria graziaren doaia? Baña gutxi dira Espiritu Santuaren iturri eder au gordetzen duenak, eta geienak bizi dira bekatuaren ur ustelak edaten dituela. Baña goazen aurrera, eta ekusi dezagun, nola graziaren doaia dan, virtute gucien cepa, edo sustraya, bere alsuma ederrac Ceruraño botatzen dituana:

 

 

§ II.

 

        Anima bat, bataio, edo konfesioko Sakramentuarekin Jaunaren grazian jarri dedin artean; da arbola makatza bezala. Arbola makatza, eta onek botatzen dituan alsumak ez dira egokiak fruta gozoak emateko, eta au bera gertatzen da graziaren doaia gabe arkitzen dan animarekin. Orregatik Espiritu Santuak bataio, eta Konfesioko Sakramentuarekin ipintzen du animan zepa, eta sustrai miragarri bat, Zeruko birtute, eta doaien mentuak berekin, dituana, nola diran fedea, esperanza, karidadea, eta beste asko. Mentu oek, ongi maneatzen, eta gordetzen baditu animak, asiko dira beren alsuma ederrak botatzen: beteko dira obra onen lorez, eta frutaz, eta altxako dira Zeruraño. Demagun zure etxeko basoan arkitzen dezula zepa, edo sustrai bat alsumaz betea. Begiratzen diezu ongi, eta ekusten dezu bakoitza dagoala ninikaz, edo motez betea. Andik geroseago bazoaz, eta ekusten dezu, alsuma aek, batzuek daudela lore guziz ederrez beteak, besteak fruta gozoakin. Ekusten dezu atzenean arbola ura azitzen dala odeietaraño, ta uda ta negu beti dagoala lorez, eta frutaz betea. Esan zadazu, Kristaua, zeñ eder-zoragarria ez lizake izango arbola au, eta onen zepa? Ederragoa da bada Espiritu Santuak zure animan aldatu, edo ipiñi zuan graziaren zepa, edo sustraia, eta sustrai onetatik datorren arbola, dakartzian alsumai lagunzten bazate. Zeñ atsegin andia gauz oen berriak jakitea, Jaunaren beldur Santuan bizi diran animentzat! Oek graziaren zepa miragarria ez galtzeagatik gau ta egun ernai daude: goizean, esnatzen diranetik, adoratzen due Jauna, ematen diozkee, beragandik artu dituen, mesedeen eskerrak: eskeintzen diozkee bere onra, ta gloriarako eren itz, pensamentu, ta lan guziak. Sarritan egiten ditue fede, esperanza, karidadezko afektoak: aldegiten due, animak zikintzea besterik ez dakarten, munduko erausi, eta atsegiñetatik: leialki ari dira beren bizimoduak eskatzen dituan lanak egiten; eta gurutze, ta naigaberen bat datorkienean, altxatzen due biotza Jaunagana, eta esaten dioe: Egin bedi, Jauna, zuk nai dezuna; izan bedi nege au zure onran. Gisa onetan graziaren sustraietik datozen alsumak betetzen dira lorez, eta obra onen fruta gozoz, eta igoaz dijoa arbola Zeruraño. Alai zaitezte, anima onak: zoazte aurrera, autu dezuen bizitz onean, mundu ustel-galdu onen losentxetatik igesegiten dezuela. Azkenean graziaren doaia da obrarik txikienari ere Zeruko erreñu, ta betiko bizitzaren balioa ematen diena. Au da oraiñ ukituko dedana.

 

 

§ III.

 

        Kristauak, bekatuan dagoan bitartean egiten dituan, obrak, berenez onak, ta laudagarriak izan arren, illak, ta Zerurako ezer balio ez duenak dira. Illak, zeren graziaren bizitzaren zepa, edo sustraia galdu zan. Demagun sagar bat loretan dagoan denboran, egoaren kolpe andi batek ateratzen duala sustraietik; lore aek, ederrak izan arren, ez due frutarik ekarriko, zeren sustraia galdu dan. Gañera bekatuarekin anima illa dagoan bitartean egindako obra onak ez due Zerurako baliorik, zeren Jaunaren adiskidearenak ez diran eta Zeruaren balioa ematen duan doairik ez duen. Zabaldu bitza batek bere ondasunak, beartsuai laguntzen. Atera bitza gogora ditezkean baraurik gogorrenak: irabazi bitza Zerurako Apostoluak baño anima geiago: piztu bitza illak, alda bitza batetik bestera mendiak. Obra oek guziak ez dira izango Zerurako irabaziak, zeren graziaren zepatik ez datozen. Ala esaten digu S. Paulok: Si habuero omnem fidem. ita ut montes transferant, Charitatem autem non habuero, nihil sum. Baña Jaunaren grazian arkitzen bada anima bat, onen obra on txikienak ere, ongi egiña bada, balioko du Zeruko erreñua, zeren graziaren doaiak ala balio duan. Gauza txikia da bearsu bati ogi zerra, edo ur pîska bat ematea, eta alaere balio du Zerurako erreñua. Ala adirazten digu S. Paulok. Quod in praesenti est momentaneum, et lete... aeternum gloriae pondus. operatur.

        Bukatu dizut, nere Kristaua, graziaren gañean asi nituan Erakusaldiak, eta aldedan ongiena aditzera eman dizut, zeñ miragarria dan doai au. Doai onek egiten du gizona Jainkoaren Seme, eta adiskide: Jesu-Kristoren senide, Zeruaren jabegai, eta Espiritu Santuaren bizileku, edo Eliza. Doai onek piztutzen ditu, bekatuan illak, eta ustelduak zeuden animak: aienatzen ditu, animan sartzen dan unean bertan, bekatu larri guziak, diranak dirala, eta ematen dio animari edertasun bat, bear bezala, ezin gizonaren mingañak aditzera eman lezakeana. Doai au da Espiritu Santuak animan ixurtzen duan ur bizia, eta ongi gordetzen bada, igotzen da Zeruraño: da birtute, eta Zeruko doaien zepa, edo sustraia: eta botatzen dituan alsumak, lore, eta frutuak altxatzen dira Zeruetaraño: Zer geiago? Grazian dagoanaren obra on txikienari ere ematen dio, Zeruko erreñuak duan adiña balio. Orregatik egiarekin esan zuan San Leonek: garaitzen dituala doai onek gañerako doai guziak: omnia dona excedit hoc donum. Billa dezagun, kristaua, doai au, kostadedilla edozeñ gauza. Ez dezagun galdu ezergatik ere; eta berekin ekarriko du beti-beti iraungo, duan Koruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa