www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean seigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Lenbiziko Komunioko liburuak, lenengo partearen bostgarren Erakusaldian, dio gisa onetan.

        «Esan dezu, nola egin bear dan azkeneko Konfesiotik oraindañoko examina. Demagun, aurtasunetik, edo geroz egin dituzula Konfesio gaiztoren batzuek. Nola egingo dezu, oek berritzeko bear dan, examina? Lenbizia, jarriko naiz Jaunaren aurrean, eta adoratuko det umiltasun, eta errespeto guziarekin. Bigarrena, emango diozkat eskerrak Jaunari, egin dizkidan mesede guziakgatik, baña batezere zeren oraindaño itxedon didan bekatutik irteteko, eta beragana biurtzeko. Irugarrena, eskatuko diot Espiritu Santuari argia, ta lagunza, ñere utsegiteak ezagutzeko, ongi damutzeko, eta konfesatzeko. Laugarrena, begiratuko det, zenbat denbora, edo urte dan gaizki konfesatzen asi ninzala, bataz beste urtean zenbat Konfesio, eta Komunio egin ditudan bitarte orretan. Bostgarrena, konfesatzen nintzanean oroitzen ote nintzan leneko Konfesio, eta Komunio gaiztoaz. Seigarrena, animaren begien aurrean ipiñiko ditut Jainkoaren legeko amar aginteak, Eliz Ama Santaren bostak, nere estadu, bizimodu, eta karguak dituan eginbideak, eta konta aterako det, nola, eta zenbat bider utsegin dedan bakoitzaren kontra. Zazpigarrena, zenbat bider utsegin dedan, oroitu ezin banaiz, alik ongiena kontu aterako det, zer oitura gaizto izan dedan mandamentu bakoitzean: astean, edo illean zenbat bider erortzen nintzan pensamentuz, itzez, eta obraz gutxi gora bera». Orra lenbiziko Komunioko liburuak Konfesioak berritzeko examinaren gañean dakarrena.

        Azkeneko aldian aditu zenduan, Kristaua, Konfesioak berritzea, edo berbera dana, Konfesio jenerala norentzat dan kaltetsua; norentzat txit ona, eta atzenean nor diran Konfesioak berritzeko premian bizi diranak. Oen artean ez gutxi egon oi dira bekatuan oatuak bezala, Konfesioak berritzeko nekearen beldurrez. Beldur au utzita azkartu ditezen bekatari oek, bekatuen lizetik irteteko, gaur aditzera eman nai dieztet, lenbizia: Konfesio jeneralaren gañean gizon jakintsuak erakusten dizkiguen zenbait gauza. Urrena, Konfesio jeneralak ongi egiten danean ekarri oi dituan ondasun, eta frutu gozoak. Enzun kontuz, Kristaua.

        Bekatarien artean asko dira Konfesioak berritzeko premia estuan bizi diranak, baña lan oni ekiteko biotzik ez duenak. Nor oroitu, dioe, egin dituan bekatu guziaz? Ezta ori nere buruarentzat egindako lana. Aitzakia onekin etsi-etsian dijoaz eriotzaren atzaparretara, eta infernura. Onela bizi zeran, Kristaua, enzun itzatzu gai onetan gizon jakintsuak erakusten dizkiguen zenbat gauza, eta zuk ezagutuko dezu Konfesio jenerala ez dala zuk uste dezun bezeñ egiteko andia, Konfesioaren aldetik begiratzen zaiola.

        Lenengoa: ona da, baña ez premiazko gauza bekatu benialak esatea, eta utzi ditezke esan gabe Konfesio jeneralean ere, Trentoko Konzilioak erakusten digunez, zeren oen barkazioa iritsi ditekean beste bide askoz. Era onetan asko gutxitzen da, examina egiteko, eta Konfesatzeko nekea.

        Bigarrena: examina arretaz egiñ ondoan, zeregan arkitzen dituzun, bekatu eriozkoak, edo mortalak aitortu, edo Konfesatu bear dituzu, ez nolanai, baizik arkitu dituzun eran. Oroitzen zera, egin zenduala onelako, edo alako gaiztakeria? esan bear dezu bada, egin zenduala. Etzera ongi oroitzen, eta zabuan bezala zabiltza, egin nuan, ez nuan. Esazu duda au eta baietzera etziñagoa bazaude, esazu ori. Au da bekatuak aitortzea, edo Konfesatzea bakoitzak beregan arkitzen dituan bezala, eta asko da au, Trentoko Konzilioak erakusten digunez. Demagun, examina arretaz egiñarren, adiñarekin, neke, eta arazoakin aztu zaizkitzula bekatuen erdiak, edo geiago. Alaere ona izango da zure Konfesioa, gogora zaizkitzunak esaten badituzu, eta guziak barkatuko dizkitzu Jaunak. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Eta au onela izanik, neke andia ote da Konfesio jenerala, examinaren, eta Konfesioaren aldetik?

        Irugarrena: Bekatu eriozko, edo mortalak aitortu bear dira beren zenbatezkoarekin, edo zenbat diran ainbeste. Egin dezagun kontu zortzi juramentu gezurrezko egin badituzu, ez dezu Konfesioan ari bear esaten banaka: onelako ta alako juramentu egin nituan gezurraren gañean, baizik batetan esan dezakezu: egin ditut zortzi juramentu. Aditzen da au, examina egiñik alik ongiena, ezagutzen badezu, zenbat diran egin dituzun bekatuak. Ala aditzera ematen digu Trentoko Konzilioak. Ezagutzen ezpadezu argiro, zenbat diran, baña bai gutxi gora bera, esazu: onenbeste bider gutxi gora bera erori nintzan bekatu onetan, edo artan. Ezagutzen ezpadezu, zenbat ziran, gutxi gora bera ere, baña bai batzuetan erori ziñala bekatu onetan, edo artan, esazu au, eta ongi esana izango da. Atozea, eta neke au añ izugarria da, non eziñ garaitu dezakezun?

        Laugarrena: bekatariak era onetan zenbatezkoaren kontuak atera ditzake, gutxitan erori bada; baña neke da au egitea bekatuaren bideetan denbora luzean bizitu bada. Nola alabaña oroituko da, zenbat bider erori zan gogoz, edo pensamentuz? Zenbat bider itzez. Zenbat bider obraz? Zenbat bider zabarkeriaz, eta zenbat bider jakin bear zituan gauzak jakingabez? Batzuek, zenbat bider erori diran kontuak ateratzen, ardura guzia ipintzen due, eta zabartzen dira gauzarik bearrenean, edo egiazko damua, eta bizitza ontzeko asmoa sortzean, eta bearbada kontuak ezin ateraaz berotzen, eta nastutzen ditue eren buruak. Felipe bigarrenaren jauregiko zaldun batek egin nai izan zuan Konfesio jenerala: igaro zituan amabost egun kontu-ateratzen, eta berotu zuan burua zenbatezkoaren billa, baña alperrik. Konfesatu zan; baña, nola ezin esan izan zuan, zenbat bider erori zan, inguratu zuen milla kezkak, eta sartu zion bularretik bere buruari ganibeta, eta ill zan. Egia da, izan zuala denbora ezagutzeko bere utsegitea, eta sosegatua ill zala. Beste batzuek zer esaten duen ongi eztakiela, eunka, ta millaka bekatuak botatzen ditue. Galdetu zion Aita Calatayudek bati: zenbat juramentu gezurrezko egin dituzu? Eranzun zion: zortzi milla, eta laureun. Zenbat birau bota dituzu? Bederatzi milla, eta bost eun. Gisa onetan millaka Konfesatzen zituan juramentu, eta birauak, eta zenbat diran larogei doi doia jakingo omen zuan. Nork sinistuko die onelako bekatariai?

        Jauna, esango didazu: denbora luzean gaizki bizitu danak nola bada aterako ditu egindako bekatuen kontuak? Era onetan: begira beza aurrena; zenbat denboran mandamentu aren kontra gaizki bizitu dan? urrena, egunean askotan, edo illean bataz beste, zenbat bider erortzen zan obraz, itzez, eta, pensamentuz? Era onetan utsegiteko perill gutxirekin agertuko du, alduan eran, bere bizimodua. Begiratu bear du gañera, gaizki bizitu zan urte aetan igaro ote ziran illen batzuek bekatuan erori gabe, zeren erarik etzan, edo bizitza ontzeko asmo piskaren batzuek izan ziran.

        Bostgarrena: seigarren Mandamentuaren kontrako bekatuen kontuak ateratzen diranean, berezi bear dira kolore, eta mota bakoitzekoak besteetatik: alde batera gizonak gizonarekin, edo emakumeak emakumearekin egiñak, bestera bakoitzak bere buruarekin egin dituanak. Alde batera ezkongaiakin egin diranak, bestera ezkonduakin, aideakin edo beste estadutakoakin egiñak. Eta norbaiti bekaturako bidea, edo eskandaloa eman zaionean, kontu atera bear da alegiñean, bakoitzean zenbati gutxi gora bera.

        Seigarrena, gerta diteke ez oroitzea bekataria zenbat denboran gaizki bizitu zan artean, edo illean bataz beste zenbat bider erortzen zan, zeren urteakin joan zaizkan burutik gauz oek. Orduan egin beza alegiña oroitzeko, denbora luzean, edo laburrean gaizki bizitu zan mandamentu onen, edo aren kontra, bekatu asko, edo gutxi izan ziran obraz, itzez, eta pensamentuz, eta oen artean izan ote zan kolore, edo mota berezia zuanik. Era onetan alduan eran aditzera emango dio Konfesoreari, zer bizimodu izan duan, eta ez dio Jaunak geiago eskatzen, beste gauzaz oroitzen ezdan ezkero. Nork eztakus au edozeñek egin dezakeala neke andi gabe? Baña au aditzen da beti, examina egiteko alegiñean saiatzen dala bakoitza, gizon jakintsuen, edo Konfesorearen iritzian asko dan adiña denboran.

        Zazpigarrena: gertatzen da askotan, bekatariak (examina ustez ongi egiñik) esatea konfesio jeneralean zenbat denboran gaizki bizitu zan, zer oitura gaizto izan zituan mandamentu bakoitzean, astean, edo illean zenbat bider erori oi zan gutxi gora bera: eta gero, dotrinaren bat aditurik, gogora etortzea nik bekatu au egin nuan, eta eztakit esan nuan, edo ez. Au da gauza ongi ez aditzea. Atozea, etzinduan esan astean, edo illean egin oi zinduan bekatuak? Eta ez dezu ekusten bekatu ori ere aetatik bat dala? Utzi giezu bada alperrikako buru autsitze oriei. Besterik lizake konfesio jeneralean esan zinduan oitura gaiztoetan sartu etzan bekatu motaren bat gogorako baliz. Egin dezagun kontu, aitortu zenduan, onenbeste denboran izan zenduala astean iru bider birauak botatzeko oitura: gero gogoratzen zatzu iru aldiz Aitari egin zeniola birau: iru birau oek Aitaren kontra egiteak duan gaiztakeriagatik berezki esan bear dira: gañerakoan ez da ibilli bear leneko gauzak irabiatzen. Egizu itsu-itsuan Konfesorearen esana.

        Zortzigarrena: gertatzen da beste askotan, bekatari batek bere, eta Konfesorearen iritzian (aurtasunetik asitzen dala) Konfesio jenerala ongi egitea, eta ondoren bizitza onari jarraitzea. Andik denboren buruan Misioren batean, edo libururen bat irakurtzean, edo bestela gogora etortzen zaio: Nik egin nuan gaiztakeria au, eta eztakit Konfesio jeneralean esan nuan edo ez. Orduan esantzat eman bear da bekatu ura, eta askori debekatu bear zate osotoro lena berriz erabiltzea. Atozea nola oroituko zera, zer, ta nola esan zenduan oraiñ iru, edo amar urte egin zenduan Konfesio jeneralean? Neke da, eta beragatik gizon jakintsuak erakusten digue, esantzat iduki bear dirala, denboren buruan orrela gogora datozen bekatuak.

        Atzenean gertatu oi da, batek Konfesio jenerala egiña izatea oraiñ sei, edo amar urte, aurtasunetik arterañoko bekatuak esaten zituala. Gero egin zituan Konfesorearen aginduak, aldegiten zuala lagun gaiztoetatik, eta beste bekaturako bideetatik, eta iraun zuan bizitza onean denbora puska batean; baña lagun gaiztoen losentxakin, edo bere griña txarren leiarekin kuturtu zan leneko gaiztakerietara, eta arreizkero bizitu da len baño ere gaizkiago. Oraiñ dio, aspertu dala gaizki bizitzez, eta konfesio on batekin jarri nai lukeala Zerurako bidean; baña eztaki noizdanik asiko duan bere konfesioa, edo aurtasunetik, edo azkena egin zuan Konfesio jeneraletik, eta galdetzen du, zer egin bear duan. Gai onetan gizon jakintsuen iritzia da, bekatari au ez dagoala beartua konfesioak berritzera aurtasunetik, eta asko izango dala azkeneko Konfesio jeneraletik oraindañokoak berritzea, zeren leneko Konfesio jeneralak konfesio onaren markak, edo siñaleak dituan. Besterik lizake, Konfesio jeneralaren ondoren saiatu ezpaliz bekatutik, eta bekaturako bideetatik aldegitera.

        Orra, nere Kristaua, Konfesio jeneralaren gañean gizon jakintsuak erakusten dizkiguen gauzetatik batzuek. Baderitzat, asko dirala oek, utzierazteko nori nai konfesio gaiztoak berritzeko beldur gaizto-animen galgarria. Goazen oraiñ, Konfesio jeneralak, ongi egiten danean, ekarri oi dituan ondasun, eta frutu gozoak ukitzera.

 

 

§ II.

 

        Konfesio jeneralak, ongi egiten danean, ekarri oi dituan ondasunak asko dira. Oetatik bat da, bekatariak ezagutzea, zeñ esker gabea izan dan bere Aita onarekin. Ekusten du bekatariak, egin zuala Jaunak Zerurako. Ekusten du, galdu zuala eskubide au Adanen bekatuarekin. Ekusten du, Aita Zerukoak, oker au zuzentzeko, bidaldu zuala bere Seme bakarra, Seme au egin zala gizon, eta bere bizitzaren kostuz irabazi zuala guretzat Zerurako esku, ta deretxa: Ekusten du atzenean, Aita onen kontra egin dituala ezin konta al eskergabekeria. Emendik argiro ezagutzen du, nor, ta nolakoa izan dan. Konfesio bakoitzean ere au ezagutzen zuan nolerebait, baña ez ongi. Konfesio jeneralean begien aurrean jartzen zaizka bere denbora guzian egin dituan bekatu itsusi guziak, eta arriturik dio: Au guzia nik egin? ela alaere itxedon dit nere Aita onak? O ontasun, eta Urrikimentu pare gabea!

        Bigarren ondasun, edo frutua izan oi da bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko len baño asmo sendoagoak sortzea. Erreñu onetako erri batean gertatu zan oraiñ esatera noana. Etxe aberats bateko semeak ederretsi zion geiegi jokoari, eta jokatu oi zuan, ez dirua maiean ipiñirik, baizik txartelez, eta beragatik galtzeak etzion ainbeste miñematen, nola emango zion bestela Aitak geiegi nai zion seme oni, eta zetozkionean batzuetan berreun, besteetan irureun dukateko txartelak, bereala ematen zuan dirua. Egun batean galdu zituan semeak amabi milla dukat. Irabaztunak bidaldu zion Aitari txartela, eta onek esan zuan: Amabi milla dukat galdu ditu nere semeak? Ez du naski diru au kontatzen ere jakingo. Ez det pagatuko, ezpadator bera, eta kontatzen ez paditu amabi milla dukatak. Etorri zan semea, eta esan zion Aitari, bere onra zijoakiola galdu zuana pagatzean. Erakarri zituan ogei, ta lau diruzorro, bosteun bana dukatekoak, eta zabaldu zuan diru guzia maiaren gañean. Arritu zan semea diru ura guzia ekusi zuanean, eta esan zuan: Au guzia jokatu det nik? Aitak eranzun zion:Bai, ene seme: laster gera gisa onetan hospitalean. Orduan esan zuan semeak: Emen betiko bukatzen dira neretzat kartak; ez geiago jokorik. Eta nola esan, ala egin zuan. Au bera gertatzen da bekatariarekin, Konfesio jenerala prestaera onarekin egiten duanean. Len etzan izutzen, bere bizitzari, azaletik bezala, begiratzen zionean; baña Konfesio jeneralean ekusten ditu bere bekatu guziak pilla batera bilduak eta izuturik geratzen da. Non zebillen, dio beregan; non zebillen nere burua, ainbeste bekatu egin ditudanean? Emen bukatzen dira nere bekatuak.

        Konfesio jeneralak ekarri oi duan irugarren ondasuna da bekataria bere biotzean geratzea alako alaitasun, eta atsedenean, non uste duan, lertzen zedukan mendi bat bere gañetik kendu dioela. Ala esan zuan batek, Konfesio jenerala egin ondoan: Deritzat, zion, neregandik bota dedala karga bat eziñ irozo nuana, eta lertzeko zorian nendukana: eta berrogei, ta amar urteko atsegin-kontentu guziak ez due zer ekusi oraiñ nerekin daukadan atsegin, eta gozotasunaren aldean.

        Atzenean, utzirik aldebatera beste ondasun asko, Konfesio jenerala ongi egiten duan bekataria artzen du Aita Zerukoak, Abanjelioko seme ondatzallea artu zuan eran. Azturik egin diozkan eskergabekeria guziaz, ematen dio pakezko apa, edo musua: ematen dio galdu zuan graziaren soñeko ederra, apaintzen du karidadearen eraztunarekin, beste birtute, eta Espiritu Santuaren doaiakin: eta Zerurako bidean ongi ibilli dedin, ematen diozka oñetako ederrak, edo Zeruko lagunzak. Zer geiago? Egiten du festa andi bat Zeruan. Au guzia aditzera emana utzi zuan Jesu-Kristok.

        Aditzen dezu au guzia, konfesioak berritzeko premian bizi zeran bekataria? Eta alaere egon nai dezu lertzeko zorian zauzkan karga izugarri orrekin? Ea, presta zaite arreta onarekin, eta zoaz zere Aita Zerukoagana, eta artuko zaitu biotz bera-urrikaritsu batekin, eta zu nor bazera, emango dizu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa