www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEITA AMAZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña ezkonzako edo Matrimonioko Sakramentuaren gañean bigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Asi nintzan azkeneko Erakusaldian ezkonzako Sakramentuaren gañean itz egiten. Aditu zinduan orduan, nere Kristaua, Sakramentu oni dagozkan zenbait berri. Aditu zinduan gañera, ezkonduai, paramentzen diranean, Eliz Ama Santak botatzen diezten bendizioak. Sakramentu au da lotura, eta korapillo bat beñere eteten ez dana, eta berekin dakartzi egin-bide, edo obligazio andiak, baña guziak arintzen eta gozaten ditu Jaunaren lagunzak, eta ezkonduak elkarri zor dioen, ongi nai, eta amorioak. Orregatik esan zuan S. Agustiñek: Burniazkoak dira ezkonzaren kateak: maite izan bezee elkar, eta urrezkoak izango dira. Ongi nai ta amorio oni ongi begiratzen bazaio, erraz ezagutzen dira ezkoduen egin-bideak, eta au izango da gaurko itz aldiaren gaia. Aurrena ekusiko degu, zer doai bear dituan ezkonduak elkarri zor dioen ongi nai, eta amorioak. Urrena, ongi nai, eta amorio au aitu ezkero, zeñ samiña, eta pisua dan ezkonduen gurutzea. Enzun kontuz, ala ezkonduak, nola ezkontzeko asmoan zautenak.

 

 

§ I.

 

        Ezkonzako Sakramentuak biren borondateak bat egiten ditu, ongi nai, eta amorioaren loturarekin. Orregatik ongi nai, ta amorio au ardura andiarekin gorde bear due ezkonduak. Baña zer doai, edo kondizio eskatzen ote ditu ongi nai, ta amorio onek? Lenengo doaia da, ez batarena bakarrik, baizik biena, eta elkarganakoa izatea. Zer balioko du gizonak emaztea benaz, eta biotzetik amatzeak, ezpadio emazteak borondaterik batere? Zer emazteak gizona maite izateak, ekusi nai ezpadu gizonak? Onelakoen ezkonza da burnizko katea, eta biziko dira gazteluetan katez lotuak dabiltzanak bezala: edo traillan katua, ta zakurra egongo lirakean eran.

        Ezkonduen ongi nai, ta amorioak eskatzen duan bigarren doaia da, bakarra izatea esan nai det Jainkoaz osteronzean bizi lagunari bakarrik begiratzen diona. Anziñako denboran ongi gorde bear ziran gauzai eraztunarekin ipintzen zitzaten marka, dio S. Franzisko Salesek: eta Elizak ipintzen dio gizonari, ezkontzen danean, eraztuna, adirazteko, ordutanik markatua bezala geratzen dala beraren biotza emaztearentzat bakarrik: eta au bera egiten du gero emaztearekin ere. Aditu det, toki batzuetan emakume ezkonduak ez dirala kontentu, senarraz kanpora ezpadue ezkutariren bat, noizean beñ itz egiteko, eta norabait joan edo ibilli nai duenean laguntzeko: eta orobat gertatzen bide da gizonakin. Dirudi, etxeko ogiak gogo betetu dituala, eta gauza berrien naikundeakin daudela. Ez da gure errietan ekusten onenbeste zorakeria, eta alde onetatik laudagarriak dira leku oetako ezkonduak. Gaizki dirudien usanzak dirade oek; eta kiratsa zabalduko due goiz, edo berandu.

        Ezkonduen ongi nai eta amorioak eskatzen duan, irugarren doaia da leiala izatea. Leiala gogo, eta pensamentuetan, esan nai det, ez senarrak, ez emazteak ipiñi bear duala bestegan bere gogo, eta biotza. Paramendu zanean, Elizak esan zion gizonari: ematen dizut laguna, ez neskamea: maite izan ezazu Jesu-Kristok bere Eliza maite duan bezala: Sociam trado tibi, non ancillam, dilige illam, sicut Christus diligit Eclesiam. Eta Jesu-Kristok bere gogo, ta biotza ez ditu ipintzen hereje, ta fedegabeen bilkui, batzarre, edo Elizetan, baizik bere Eliza bakarrean. Gizonari bezala aditzera ematen dio emazteari ere, beti gorde bear diola leialtasuna bere senarrari. Ezkonduen ongi nai, ta amorioak leiala izan bear du gañera itz egite, begiratze, ta modu guzietan; bestela erraz autsiko du dagokan garbitasuna. Badira ezkondu batzuek añ enasak gai onetan, non Kristauen artean lekurik eman bear ez litzakeen. Onelakoak, beren animak zikintzea gutxi baliz bezala, gazteai erakusten, eta eragiten diezteza bekatu asko. Eta gogo, ta itzetan leiala izan bear badu ezkonduen ongi nai, ta amorioak, zer esango du obrazko gauzaz? Ezkonduak gai onetan besterekin erortzea añ gauz itsusi-nazkagarria da Jaunaren begietan, non lege zarrean agindu izan zuan, ken zekiola arrika bizia onelako bekatari zikiñari. Jaungoikoaren begietan ezezik, munduarenetan ere itsusia izan da bekatu au; baña Españako legeak eriotzaren pena ipiñi zuen gizonarentzat; eta emakumeak erabiltzen ziran kalez kale asto gañean, eta borreroak azotearekin zeatzen zituan. Ote da pena au irabazi duanik leku oetan? Ez da sinisteko gauza. Alaere gerta liteke etxeko mai ona ipintzen duanari batzuekin gertatzen zaiona. Ipiñi bedi bazkaririk onena, ta txukunena: alaere batzuek otorduan ez due ezer jaten, eta gero ixilka gogotik ariko dira jaten edozeñ gauza; beste batzuek muziñak egingo diozkee etxeko ipintzen dan janariari ederki maneatua egon arren, eta arratsaldean pozik aseko dira txardiña gaziz, piperrez, tipulaz, edo bakallao ustelez. Orregatik esan zuan Espiritu Santuak: gozoagoak iduritzen dirala ostutako uurak: Aquae furtivae dulciores sunt.

        Ezkonduen ongi nai, eta amorioak eskatzen duan laugarren doaia da onestidadea itz egite, ta modu guzietan, ez arrotzakin bakarrik, baita elkarren artean ere. Gai onetan letraz ezarriak daude ezkonduen arteko gauz itsusi asko. Batzuek ezkonzaren ondoren ezin daude ixilik, eta eren lagunai erakusten diezteza gogo, eta biotza zikintzeko egokiak diran gauzak. Onelakoak markatu bear lirake mingañean burni gorituarekin. Besteak aur gogortuak idukiko ditue berak dautzan oian, eta oek ikasten ditue, ikasi bear ez litukeen gauzak, eta au izan oi da askorentzat ezin konta al bekaturen sustraia. Onelako ezkonduak mendira bota bear lirake zintzerri andi banarekin. Beste batzuek atzenean egin oi omen ditue, Jaunak debekatzen dituan, gauz itsusiak elkarrekin. Jauna, esango due: senarra ezta emaztearena, eta emaztea ezta senarrarena? Bai, ez ordea Jaunak bedekatzen diezten gauz itsusiak egiteko. Demagun, zure gelan daukazula Tudelako, edo Peraltako ardo-puska bat, adiskide batek bidaldua. Ardo au da zurea, ez besterena; alaere orditzen bazera, bekatu egingo dezu, zeren Jaunak debekatzen dizun gauza egiten dezun. Judas Patriarkaren seme nagusi, Her zeritzana, ezkondu zan Jamarrekin, eta Jaunak kendu zion bizia, zeren gaiztoa zan beraren begietan, dio Eskritura Santak: Nequam in conspectu Domini. Ez digu esaten zertan zegoan gizon onen gaiztakeria; baña askoren iritzia da, egiten zituala gauza itsusiak bere emaztearekin. Patriarkaren beraren seme bigarren zan Onan: ezkondu zuan Aitak Tamarrekin, eta egiten zituan gauz itsusi-nazkagarriak, aurdun geratu etzedin Tamar; eta bereala kendu zion Jaunak bizia. Ekusten dezu, Kristaua, nola ezkonduen artean ere gorde bear dan onestidadea? Ekusten dezu, bakoitzak bere senar, edo emaztearekin ere ezin egin dezakeala edozeñ gauza? Zenbat izango dira ezkonduen artean gauz itsusiak, eta bekatu andiak diranak sarritan egiten dituenak? Badue barrengo kezka, eta ar bat, esaten diena: au ez da gauz ona; ta alaere ez due utzitzen, eta are geiago dana, ez due konfesioan ere esango. Zenbat izango dira, aur asko izan ditzeen beldurrez, bekatu itsusiak egiten dituenak? Oek, berak ala nai izatera, denbora puska batean gorde dezakee garbitasuna, S. Paulok esaten dien bezala: Nolite fraudare invicem, nisi forte ex consensu ad tempus (1 ad Corint. c. 7): era onetan ezta aur geiegi izateko beldurrik. Jauna, ez giñan orretarako ezkondu. Atozea, eta ezkondu ziñan zerriak baño ere enasago izateko? Zure zori gaiztokoa konfesio on batekin jartzen ezpazera Zerurako bidean!

        Ezkonduen ongi nai, eta amorioak eskatzen duan bostgarren doaia da modestia janzian eta gastuetan. Onetan zabaldu omen dira munduan usanza gaizto ez gutxi. Oetatik bat da eztaietan gastatzea, zorrak ateratzeko, eta etxea oñ eder batean ipintzeko, bear lizakeana, eta nork eztakus, gaizki dirudian gauza dala au? Igarotzen dira eztaiak: asitzen dira estutzen zorrak, eta ezta zerekin oei eranzun. Bigarren usanza gaiztoa da nori nai edari biziak ateratzea, eta uura bezala edatea. Irugarrena da, gurasoak eztaietara bidaltzea alabak, batzuek arilkai, matazur, eta linaiakin; besteak katillu, eta platerakin; besteak eltze, edo lapikoakin. Zer etorriko da emendik? anima zikintzeko gauz asko aditzea, ekustea, eta egitea, mutil, eta neskatxak zokoetara joatea, gaua triskan, eta lasaikerietan igarotzea. Eztaiak bakoitzaren mallari dagokan bezala, egitea ongi dirudian gauza da; baña ukitu diran zorakeri oekin ondatzen dira etxeak, desonratzen da Sakramentua, eta gertatzen dira asko bekatu. Españako erri batean ezteietara bildu ziran gizon, eta emakume asko. Bazkalondoan asi ziran triskan, añ modu itsusiakin, non laster erakarri zuen beren gañera jaunaren aserrea. Nondik, eta nola etziakiela batetan erazeki zitzaion etxeari alde guzietatik, eta su, ta garren artean ill ziran eun, eta zortzi gizon, eta emakume.

        Ezkonduen ongi nai, eta amorioak eskatzen duan seigarren doaia da, bizi lagunak nai duana egiteko, ez izatea mukerra, eta gozakaitza, baizik erraza, samurra, gozoa; aditzen da bekatu ez diran gauzetan. Doai au da ezkonduen ongi nai, ta amorioaren gañ, eta lorea bezala. Onelako ongi nai, ta amorioak gozatzen ditu jeniorik mukerrenak ere, baña asitzen badira ezkonduak, bakoitzak nai duana baizik, egin nai ez duela, ez da aen artean ekusiko amorio egiazkoaren siñalerik, eta pakerik: eta egunetik egunera astunagoa, samiñagoa, ta gogaikarriagoa izango da ezkontzako korapillo, ta gurutzea.

        Ezkonduen ongi nai, eta amorioak eskatzen duan zazpigarren doaia da egillea izatea etxeak bear dituan gauzetan. Gizonak arretarekin egin bear ditu, gizonari dagozkan lanak, eta emazteak emakumeari dagozkanak. Gizonari dagoka berak, eta etxekoak bear duena irabazteko arreta ipintzea, edanari, jokoari, alperkeriari ederretsi gabe; bestela bera, eta etxeko guziak geratuko dira zerekin bizi ez duela, zorra zorraren gañean egiten duela, eta iñork ere begi onez ekusten ez dituala. Esku nagi, edo alperrak berekin ekarri du premia, ta arloteria, dio Espiritu Santuak: Egestatem operata est manus remissa. Emazteari dagoka etxeari ongi kontu egitea; ergelkerian, eta ipui biltzen ez ibiltzea. Emazteari dagoka gizonak irabazten duana ongi gastatzea: senarraren, ume, ta etxekoen garbitasunari begiratzea. Atzenean biai dagote umeai aziera ona ematea, eta elkarri bizitza onarekin Zerurako bidean laguntzea.

        Ezkonduen ongi nai, eta amorioak eskatzen duan zortzigarren doaia da eramankorra izatea. Ongi nai, eta amorioa eramankorra da, dio S. Paulok: Charitas patiens est. Eta au onela bada, edozeñ ongi nai, ta amorio egiazkoren gañean itz egiten dala, zer esango degu ezkonduen ongi nai, eta amorioaz? Txit eramankorra ezpada au nekez pakean biziko dirala ezkonduak, eta itzaliko da oen ongi nai, ta amorio guzia. Bizi laguna aserre bada, etzaio eranzun bear ezer, bere kontrako gauza bada; zeren sasoi txarrean arkitzen dan ongi aditzeko: itxedon bear da denbora egokiraño: eta gauza bearra bada zerbait esatea, egin bedi au modu onean; onelako eranzuerak alabaña itzaltzen du aserrea, Espiritu Santuak esaten digun bezala: Responsio mollis frangit iram.

        Aditzen dezu, Kristaua, nolako ongi nai, eta amorioa dan ezkonduak elkarri zor dioena? Aditzen dezu, zer doaiak bear dituan amorio onek? Dakuskun oraiñ, zeñ samiña, eta pisua dan ezkonduen gurutzea, amorio au aitu ezkero.

 

 

§ II.

 

        Ezkontzako aurreneko denborak igaro oi dira atsegin, eta kontentuen artean, askotan beintzat. Baña askotan gertatzen da, laster agertzea ezkonduak bere griña txarrak, eta itzaltzea bien arteko ongi nai, ta amorioa. Ekusten du batak, bizilagunak ez diola borondaterik; ekusten du besteak, gizonak, edo emakumeak norbaiti diola bere jaiera: ekusten du, neke dala leiala izatea bere gogo, itz, eta obretan besteren arrastoan onela dabillena. Ekusten du, eragiten diozkala, Jaunak debekatzen dituan, asko gauza. Ekusten du, egiten dituala ezin irozo ditzakean gastuak, dala janzian, dala erriz-erri premiarik gabe dabillela. Ekusten du, dala mukerra, gozakaitza, eta besteren ongi-esanak aditu nai ez dituana. Ekusten du nekeari jarraitu nai ez diola, egunetik egunera zorrak ugaritzen dirala, eta etxea arkitzen dala azkeneko asnasetan bezala. Ekusten du atzenean pakearik ez dala etxean. Gisa onetan aitutzen zaio bizilagunaganako ongi nai, eta amorioa: eta andik aurrera edozeñ gauzak erretzen du. Badakus beste aldetik, gurutze onek iraun bear duala, bata, edo bestea ill dedin artean: eta emendik illuntasunez betetzen zaio barren guzia. Esan zadazu, nere Kristaua, zeñ pisu eta samiña izango ez da gurutze au? Eta zenbat, eta zenbat izango dira onelako gurutzearen azpian bizi diranak?

        Eta zer egin al dezakee onelako ezkondu urrikalgarriak beren animak ez galtzeko? Egin bear duena da, lenengo lekuan, Jaunarekin ongi jartzea konfesio on baten bidez. Bigarrena, gaurdanik betiko elkarri barkatzea gertatu diran utsegiteak, diranak dirala, naiz andiak, naiz txikiak. Irugarrena elkarganako ongi nai, eta amorio egiazko bat biotzean sortzea, eta aurrera ongi, ta Jaunaren izenean igarotzea gertatzen diran nekeak. Onela arinduko da gurutze pisu, edo astun ori, eta irabazi dezakee betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa