www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUROGEI TA BATGARREN ERAKUSALDIA

 

Baña Ezkontzako edo Matrimonioko Sakramentuaren gañean seigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian itzegin nizun, gazte ezkongaia, ezkonzako Sakramentua Jaunak nai duan eran artzeko, lenengo lekuan bear diran, bi gauzaren gañean. Oek ziran arretarekin begiratzea, aurrena: zer estadu, edo bizimodu dan zuretzat egokiena, urrena, zeñetara deitzen dizun Jaunak. Bi gauz oez gañera bear dira beste asko, ta oek adiraztea izango da gaurko erakusaldi guzia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Zuk, gaztea, ongi begiratu dezu, zer bizimodu lizakean zuretzat egokiena? eta zer bizimodura deitzen dizun Jaunak? Uste dezu, ezkonduen bizimodura deitzen dizula Jaunak? Ongi; baña jakizu, bizimodu ori Jaunak nai duan eran artzeko, bear dirala beste zenbait gauza. Ara oetatik batzuek. Lenengoa: ez degiozula ezkon-gurari toki geiegi eman, baizik zure suertea utzi ezazu Jaunaren eskuetan; bestela ezkonzaren era gabeko gurak erraz amilderazoko zaitu bekatuan, eta gerta liteke, Jaunak zuretzat prestaturik zedukan, suertea galtzea: jakizu, asko ezkutari dirala neskatx ergelak losentxakin kuturtzen dituenak bekatura, eta nai duena egiñ ondoan, igesegiten due, esaten duela isekaz: Pu kiratsa dakar. Sarritan gertatzen da au, eta alaere ezkongurarekin itsutua dagoana nekez zentzatuko da beste askori gertatuarekin, eta zentzatu bearrean, sartuko da edozeñ perilletan. Enzun ezazu, gaztea, Isaias Profetak Jerusalengo alabai esan ziena. Atelekatu zituan eren ergelkeria, eta janziera arroakgatik: aditzera eman zien, nola gerrakin gutxituko ziran gizonak, eta gero esan zien: orduan egingo dieza emakumeak gizonai: gizon bakoitza inguratuko due zazpi emakumek, eta esango dioe: ez kezkarik artu guk bear degun janaz, eta janziaz: ori guzia gure gaiñ geratuko da, guk ez degu zure emazteen izenarekin onratuak izatea besterik nai: Tantummodo invocetur nomem tuum super nos. Eta Isaias Profetak Jerusalengo alabaz ziona ez ote diteke esan gaurko egunean beste askoz? Nik eztakit, zer gertazen dan munduan, baña gauz asko esaten dira gai onetan. Emendik igerri dezakezu, gaztea, zeñ gauza bearra dan ezkongurari leku geiegi ez ematea.

        Bigarrena: zuk mutilla, Jaunak nai duan eran artu nai badezu ezkonzako Sakramentua, ezkazaiozu Jaunari bizi lagun ona, eta aldegizu bekatutik. Etzabiltzala beñ bat, gero beste bat engañatzen ezkonzaren uste-pixka emanaz. Atozea, onela bazabiltza zer aurpegirekin Jaunari eskatuko diozu bizi lagun ona? Zerori abererik zikiñena bezala bizi bazera, nola nai dezu Jaunak zuri ematea lagun garbia, ta onestidade andikoa? Geiegi balio du onelako bizi lagunak zerriai botatzeko.

        Irugarrena: zuk, neskatxa, Jaunak, eta Eliz Ama Santak nai duen bezala, artu nai badezu ezkonzako Sakramentua, Jaunaren doaia da bizi lagun ona, eta berari eskatu bear diozu: bizi zaite Jaunaren beldur santuan, aldegiten dezula bekatutik, eta bekatuaren bideetatik: zure ibillera, itz egite, eta janzian aditzera emazu onestidade, eta modestia andi bat. Au da bide zuzena, Jaunagandik iristeko bizi lagun ona, eta ematen ezpadizu, ori izango da, zeren ezkonzarako nai etzaituan. Bide au artu ordean, batzuek ibilli oi dira erriz erri, eta festaz festa suerte onaren billa, eta bati baño geiagori gertatu zate, atez ate salgai dabiltzan soñeko ederrai gertatzen zatena, au da etxean balio zuenaren erdirik ez eskeintzea. Beste batzuek uste due, agertzen diran moda guziai jarraitu bear diezala, zori ona arkitzeko. Apaintzen dira arrotasun andiarekin, eta bear bada onestidadeari, eta duen mallari ez dagokan eran. Zer dator emendik? Ekusten dituen ezkutariak esatea: egoaren kolpe andiak ditue oek, nor bizi oen aldarteakin eta nork irozo oen janzia?

        Laugarrena: ezkontzeko eraren bat agertzen bazatzu, ez dezazula bereala esan: bai, bizik jakizu ongi, nolakoa dan zu nai zaituan urlia; ezkontzako Sakramentua alabaña da lotura, eta korapillo bat, eriotzarekin baizik etengo ez dana eta itsuan artuko dezu onelako korapilloa? Gañera ezkonzako Sakramentua artu ezkero, gizona ezta gizonarena, baizik emaztearena, eta emaztea ez da emaztearena, baizik gizonarena, eta betiko emango diozu zere burua, nori ematen diozun eztakizula? Zekor, edo biga bat artu bear dezunean, galdetzen dezu, zenbat urte dituan, jalea dan, jotzeko griña, eztula, edo beste gaitzen bat ote duan, eta betiko zure laguna artuko dezu, nolakoa dan jakin gabe? Ez dezazula orrelako zorakeriarik egin, baizik ixilik galde ezazu, zuri dagokizuna, paketsua, bizitza onekoa, ta beargillea dan. Esan det ixilik galde dezazula; baña oraiñ diot gañera, urliaren kontrako gauzaren bat jakiten badezu, ixilik gorde bear dezu zeregan; bestela orraz etorri litezke gorroto, eta esanmesa andiak, eta urliak bere aserrearekin agertuko lituke zure zauri guziak, eta zureak ezezik, zure aide, ta aurrekoenak ere bai. Ez da arbolarik arkituko adar oker, edo igarren bat ez duanik, eta au bera gertatu oi da etxeakin. Ona, eta askotan bearra da dotea, baña bearragoa da bizi laguna zintzoa, eta Jaunaren beldurrekoa izatea. Ez ibilli azal-frinz txit ederraren billa; bestela erraz gertatuko zatzu ispillurik ederrenarekin ere egun oro ekusten dana. Ezpadaukazu ispillua miisa, edo sareren batekin ongi estalia, laster goroztuko due euliak; eta au bera egin lezakee euli andiren batzuek zure bizi lagun ederrarekin, ongi gordea ezpadaukazu.

        Bostgarrena: ezkonzako Sakramentua Jaunak nai duan eran artzeko, gauza bearra da asmo garbi, eta ona. Onelako asmoa da Sakramentu au artu nai izatea, Jauna obeto serbitzeko, eta aurrik izaten bada ongi azitzeko. Asko ezkontzen dira abereak bezala, edo beren gura asetzea baizik billatzen ez duela: eta onelakoetan badu Demonioak bere eskua, Tobias gazteari S. Rafaelek esan zion bezala. Au ekusi zan Sararen lenengo zazpi senarrakin; bada zazpiak urkatu zituan Demonioak, ezkondu ziran arratsean bertan, Sararen gelara sartzean. Ezkonza etzan artean Sakramentu, eta alaere gauz itsusia zan Jaunaren begietan asmo garbiarekin ez artzea. Zer izango da asmo zikiñarekin artzea, Jesu-Kristok bere Sakramentuen mallara altxa zuan ezkero?

        Seigarrena: etzaitezela igaro ezkontzeko itzak ematera gurasoen baimena gabe. Ala erakusten dizu ezaguera zuzenak, eta ala nai du Eliz Ama Santak. Anziñako denboran etzuen gazteak egiten gurasoak nai zuena baizik ezkonzari zegozkan gauzetan, eta askoren iritzian etzuan ezkonzak balio gurasoen borondate gabe. Gero alako ausardia artu zuen umeak gai onetan, non atrebitzen ziran ezkonzera ixilik, testigurik, eta Apaizik gabe: eta are gaiztoago zana, onela ixilik ezkonduak zeudela, agirian ezkontzen ziran batzuek besteren batekin. Orregatik erabaki zuan Trentoko Konzilioak, andik aurrera etzezala baliorik batere izan ezkonzak, ezpazan egiten Apaizaren, eta bi, edo iru testiguren aurrean.

        Etzuan orduan ezer erabaki Elizak ezkontzeko itzen gañean, eta gazteak sarritan trabatzen ziran onelako itzetan. Emendik askotan auziak, gorrotoak, esanmesak. Emendik asko neskatxa prestu galduak geratzea. Kalte oek aienatzeko, Karlos irugarrenak milla zazpi eun, eta irurogei ta amaseigarren urtean ipiñi zuan lege bat, non agindu zuan, lenengo lekuan: ogei ta bost urte ez dituen seme, eta alabak eskatu bear diezala gurasoai beren baimena ezkontzeko itzak emateko. Bigarrena, ogei, ta bost urte izan arren, eskatu bear diezala gurasoai, konsejua bederik. Irugarrena, gurasoen baimena, edo konsejua eskatu gabe ezkontzen badira, ez dezeela izan beren etxeko ondasunetan esku, ta eskabiderik. Atzenean aditzera eman zien Obispo Jaunai, nola nai zukean, ezkontzeko itzen gañean ipiñi oi diran auziai lekurik ez ematea, baldin gurasoen baimenik ezpadue. Obispo Jaunak ontzat artu zuen lege au, eta gordetzen da, oraindañokoan beintzat. Karlos laugarrena etzan onenbesterekin kontentatu, eta agindu zuan, ez dakiela ezkontzeko itzen auziai lekurik eman, letraz ezarriak, eta Eskribauaren, eta testiguen aurrean emanak ezpadira. Baña Obispo Jaunak ez due artu bigarren lege au, eta etzan erraz artzea, ala nai izan arren; Zeren Aita Santu Benedikto Amalaugarrenak dionez, ez duen onenbeste esku. Nafarroako Konsejuan, eta Probinzia onetan ere, etzitzaion lekurik eman ezkontzeko itzen modu berri oni. Atera ezazu emendik, gaztea, ezkontzeko itzak Jainkoaren aurrean balio dezakeala, letraz ezarria, eta Eskribau, ta testiguen aurrean emana ez izan arren. Atera ezazu urrena, gurasoen baimena gabe emandako itzak ezer ez dirala auzia ipintzeko Obispo Jaunaren, eta bere ordekoaren aurrean, zeren lekurik emango etzaten. Au onela izan, eta alaere badira ezkutariak ezkontzeko itzaren bixkarekin neskatxak engañatzen dituenak? Oek dira Satanasen eskola-maisuak. Eta zer esango det ezkontzeko itzen goxoakin edozeñ gauzatara kuturtzen diran neskatxaz?

        Zazpigarrena, ezkontzeko itza eman ondoan ez ibilli, elkarren arrastoan bezala: bego bakoitza bere etxean, eta zerbaiten gañean itzegin bear bada, ori egin dezakee gurasoak. Erreñu guzietan gizon jakintsuak erakusten due, bekaturako perill andia dala, ezkontzeko itzak eman dituen gazteak elkarrekin bakarrik egotea: eta toki batzuetan onela egon diranak ez ditue ezkontzen, bekatu onen barkazioa Obispo Jaunagandik iritsi dezeen artean. Alaere toki batzuetan ekusten omen dira gaizki dirudien zenbait gauza. Oetatik bat da, deiak asitzen diran egunean senargaia neskatxa ekustera joatea ardo onez betetako zatoarekin. Au egiten ezpadu, muzindurik geratzen omen da emaztegaia, eta esaten omen du: Au oraiñ, zer izango da gero? Bigarrena: gurasoak utzitzen omen dieza elkarrekin nai duen bezala egoten, esaten diezala bear bada: zaute zaute, gero ere elkarrekin bizi bear dezue. Ha! guraso madarikatua, umeen bekatuen estalkiña! Irugarrena, toki batzuetan ezkontzeko itzak eman dituenak bizi oi omen dira ezkonduak balira bezala, eta lotsa gutxirekin esaten bide due: gu Jaungoikoarekiko ezkonduak gaude. Au da herejia bat, bada ez da Jaungoikoaren, eta Elizaren aurrean egiazko ezkonzarik, Apaizaren, eta testiguen aurrean egiten dana baizik. Ez det uste, inguru oetara zabaldu dala onelako usanza itsusirik; baña kontuan ipintzen zaituet, engañatu etzaitezten.

        Zortzigarrena: gauz ona, eta askorentzat premiazkoa da ezkonzarako konfesioak berritzea; aurtasuneko konfesioak alabaña egin oi dira prestaera gutxirekin, eta gazte denboran burua arrotzen, eta gaitzeronz kolokatzen asitzen danetik beregana dediñ artean, doi doia daki gazteak nondik, eta nola dabillen. Orregatik ezkonzeko deiak eskatzen dituenai, esan oi diet, presta ditezela, konfesioak berritzeko, baldin berritu berriak ezpaditue.

        Atzenean, ongi dirudian gauza da ezkontza onratzea eztaiakin, eta deitzea aide, ta adiskideak. Ala deitu zituan Tobias zarrak, semea ezkondu zanean: eta Kana Galileakoan eztaietara deituak izan ziran Jesus eta bere Ama Birjiña guziz Santa. Baña ezkonza onratu nai duanak, begira beza zer mallan Jaunak ipiñi duan, zer erak dituan, eta egin bitza eztaiak, dagokan neurri, ta modua igarotzen ez duala. Ez dira eztaietara deitu bear lasaikerian, edo bekaturako bidea ematen ibilli oi diranak. Baña gauz oek ukituak daude len, eta asko degu.

 

 

§ II.

 

        Aditu dituzu, gazte ezkongaia, Jaunak nai duan eran ezkonzeko, bear diran gauzak. Ezkonzara makurtua bazaude, ezkondu zaite ordu onean, ezkondu zaite Jaunak nai duan bezala: bizi zaite beraren beldur santuan, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa