www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA AMAIRUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Mezako Sakrifizio miragarriaren gañean laugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Mezako Sakrifizio miragarria izanda azkeneko iru Erakusaldien gaia. Sakrifizio au eskeintzeko leku berezia da Eliza, eta deitzen diogu Jaunaren etxea. Ainbeste, ta añ andiak dira Jaunaren etxeari egiñ oi zaizkan bidegabeak, non odolezko malkoakin negar egin bear gendukean. Era onetan aditzera ematen degu, ez degula benaz sinisten noren aurrean, eta etxean gauden; Sakramentuak artzen dira nola nai eta Mezako Sakrifizioan ezin gaude, mez-emallea ezpada postarka. Orregatik gaur itzegin nai dizut, Kristaua, Jaunaren etxeari zor diogun begiramentu, edo errespetoaren gañean. Aurrena ekusi bear degu, nolako begiramentu, edo errespetoa zor zaion Jaunaren etxeari. Urrena, nolako bidegabeak egin oi zaizkan. Irugarrena, zer egin bear degun oker oek zuzentzeko. Emendik aterako da otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Nai dezu zuk, Kristaua, ezagutu, nolako begiramentu, eta errespetoa zor zaion Jaunaren etxeari? Begira ezazu bada benik beiñ, noren bizilekua dan; eta au ekusi ondoan, begira zertako dan.

        Noren bizilekua ote da Eliza, edo Jaunaren etxea? Da Jaungoiko Guzialdun, ta guziz andiaren bizileku, ta Jauregia. Leku guzietan arkitzen da Jauna; ez du alabaña beraren izateak neurririk, mugarik, eta bazterrik, eta toki guziak betetzen ditu. Alaere autu izan ditu leku batzuek bere ontasun, ontarte, ta mesedeak berezkiro agertzeko. Leku oetatik bata da Zerua. An dago bere Aingeru, eta anima doatsuakin, erakusten dieztela bere edertasun baztergabeak, eta perfekzioak. Beste lekua da Eliza. Autu ditu Jaunak Elizak, gurekin, eta gure artean bizitzeko: gure erregu, eta premiak aditzeko, batezere Aldareko Sakramentua gau, ta egun gorderik dagoan Elizetan; oetan alabaña bizi da Jaungoikoa, ez nola nai, baizik bere gizatasun Santuarekin bat egiña, Zeruan dagoan bezala: bizi da gure biotzetara etortzeko, eta guri bere ondasun guziak emateko. Orra, esaten digu Jesusek: zuekin, eta zuen artean nago, eta egongo ere naiz munduaren bukaeraraño: Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consummationem saeculi. Eta izanik au onela, nolako begiramentu, edo errespetoa zorko etzaio Jaunaren etxe, edo Elizari? Jakob Patriarkak ekusi zuan beñ eskallera bat lurretik Zeruraño iristen zana; gora, ta beera zebiltzan an Aingeruak, eta goieneko mallan zegoan Aita Zerukoa. Au ekusi zuan Patriarkak lo zegoala, eta esnatu zanean, arrituaren eran asi zan esaten: zeñ izugarria dan leku au! Quam terribilis est locus iste. Zer esango zuan Patriarka onek, ekusi balitu gure Elizetan Zeruko Aingeruak gau, ta egun Jauna adoratzen? Moysesek, Horeb zeritzan basoan zijoala, ekusi zuan sasi bat garretan, eta alaere batere erretzen etzala. Zer mirari gertatzen zan jakin naiez, alderatu zan sasironz; baña aditu zuan Jaunaren ots bat, esaten ziona: gera zaite, bada toki au Santua da: ken itzatzu oñetakoak, eta atoz gero. Aditu zuanean Moysesek, an zegoala Jauna, eta Santua zala leku ura, ikaratu, eta auspez jarri zan. Eta baso bateko lekuari ainbeste begiramentu gorde bazion Moysesek zer egingo etzuan gure Elizetan sartu baliz? Salomonek Jerusalenen egin zuan Jaunaren onran Eliz eder bat: zazpi urte igaro ziran asi zanetik bukatu zaneko. Aritu ziran berreun milla, ta sei eun langille, eta baziran gañera iru milla, ta sei eun maisu, ta kontu arzalle. Alaere, añ modu ederra gorde zan, non etzan malluaren otsik ere aditu: eta gauza guziak erriaz kanpora ebaki, laundu, eta prestatu ziran. Zergatik onenbeste ardura ipiñi zan Jerusalengo Elizako lanean? Zeren Jaunaren bizilekua egin bear zan. Bukatu zanean, eskeñi ziozkan Salomonek Jaunari asko Sakrifizio: agertu zan Elizan odei bat, eta onen bidez aditzera eman zion Jaunak Salomoni, an arkitzen zala, eta agradatu zitzaizkala Eliza, ta eskeñi zitzaizkan doaiak. Arriturik geratu zan Salomon, eta esan zuan; sinistu diteke beraz, Jaungoikoa bizi dala lurrean gizonakin? Jauna, Zeruetako Zeruak gutxi badira zuretzat, zer izango da nik egin dizudan etxea au? Orra, Kristaua, nolako begiramentua zor zaion Elizari, zeren dan Jaunaren bizilekua.

        Au bera ezagutuko dezu, begiratzen badezu, zertako dan. Zertako dala uste dezu, Jaunaren etxea? Da lenengo lekuan, Jaunari guk agertzeko gure premiak, eta erregu umillak egiteko, eta beragatik zor zaio begiramentu andia. Ekusi zituan beñ Jesus onak Jerusalengo Elizan zenbait, Sakrifizioetarako bear ziran gauzak saltzen, eta erosten: eta mansotasuna bera bazan ere, ainbesteraño aserratu zitzaion, non egin zuan azote bat, eta onekin aienatu zituan Elizatik, atelekatzen zituala garraztasun andiarekin: letraz ezarria dago, esan zien: Scriptum est: nere etxea otoiz, edo orazioaren etxea izendatuko da: eta zuek lapurzulo biurtu dezue: Domus mea domus orationis vocabitur; vos autem fecistis illam speluncam latronum.

        Jaungoikoaren etxea da bigarren lekuan beraren Itza enzuteko leku berezia. Emen bakoitzari aditzera ematen dizkigu gure eskergabekeri, ta animako zauriak, bai eta oen sendagaiak ere. Emen bizitza ondo nai duan bekatariarentzat agertzen du bere ontasun, eta urrikimentu baztergabea. Eta era onetan Jaungoikoak itz egiten duan lekuari, zer begiramentu, edo errespeto etzaio zor? Orregatik S. Agustiñek etzuan nai, Jaunaren Itza eserita enzutea baizik zutik, gaixo ezpazegoan bat.

        Jaungoikoaren etxea da irugarren lekuan, Sakramentuen bidez gure animak garbitzeko, eta gau, ta egun, guri ongi naiez, Sakramentu orretan dagoan, Jesus ona adoratzeko. Da atzenean jaunari emateko eman ditekean onrarik andiena, eta beraren diñako eskerrak, Mezako Sakrifizioarekin. Sakrifizio au eskeintzen danean idikitzen dira Zeruak, dio S. Gregoriok, jatxitzen da Jesus Jaungoiko-gizona Aldarera: jatxitzen dira Zeruko Aingeruak ere, eta beldur Santu batekin arriturik daude: Stupent Angeli. Ala dio S. Juan Krisostomok.

        Esan gidazu oraiñ, nere Kristaua, au guzia onela bada, dan bezala, nolako begiramentu, edo errespetoa ez diogu zor Jaunaren etxeari? Baña, zer gertatzen da leku askotan? Zer ezpada bidegabe andi, ta itsusiak egitea? Oei eman bear diegu oraiñ begiraldi bat.

 

 

§ II.

 

        Zoaz Kristaua, asko Elizetara, eta arriturik geratuko zera, gertatzen dana dakusazunean. Ekusiko dituzu zenbait, errosario, bezperak, edo Meza nagusia esaten diran denboran, ostatuetan edanean, eta iskanbillan. Ekusiko dituzu batzuek errosarioko denboran Eliz-inguruan pillotan. Non dira animen arzaiak? Non dira gurasoak? Non dira eskola-maisuak? Ekusiko dituzu besteak Elizako ateetan pipa, edo zigarroa artzen: batzuek zekorren tatxak, edo alabanzak kontatzen; besteak Meza asi ta geroz ere erausian daudela. Oek dira Elizara baño len gertatu oi diran gauzak.

        Sar zaite Kristaua Elizetan. Zer ekusiko dezu? Ekusiko dezu, batzuek daudela galtzak belaunetan estu gabe, besteak almilla, edo txupa gorputzean sartu gabe. Atozea Kristaua: joango ote ziñake gisa onetan Obispo Jaun baten aurrera? Ez noaski. Nola bada zoaz Jaungoikoaren etxera, eta aurrera? Batzuek edariz beroturik sartuko dira Elizako zokoren batean, eta egongo dira erausi, edo marmarretan, aldamenean daudenai eragozten diezala jaieraz egotea; besteak sartuko dira emakumeen artean. Au da gaizki dirudian gauza. Orregatik Elizak beti nai izandu gizonezkoak bereziak egotea emakumeetatik. Batzuek Elizara etorriko dira beren zakurrakin, eta oek bota bear lirake Elizatik zakurrakin batean. Atozea Kristaua, ongi da zakurtegi egitea Jaunaren etxea? Beste batzuek sartzen dira Meza entzutera ollo, ollasko, edo beste egaztiak otarran dituela, eta oen otsarekin asaldatzen ditue Elizan daudenak. Zergatik uzten ez ditue etxeren batean? Batzuek Elizara dakartzie aur txiki negartiak, edo batetik bestera oska, ta lasterka dabiltzanak. Ona da aurrak, zerbait gogortuak, edo aziak diranean ekartzea Elizara, oitu ditezen gauz onetara; baña orretarako bear due zai ona, bestela aurtasunetik artuko ditue oitura txarrak. Beste batzuek, batezere eskola mutillak, ibilliko dira Elizan ate batetik bestera lasterka, eta iskanbillan. Au badakie guraso, eta erakusleak, eta alaere ez ditue zeatzen onelako mutil lotsagabeak? Zer esango det mutillak, eta neskatxak nasteka ezkillak jotzera bidaltzeaz? Batzuek Mezatan, edo Jaunaren itza adirazten danean egongo dira lo, edo erausian: oek dira Satanasen euli andiak, edo belzunzak. Beste batzuek manteliñatik manteliñara, bear bada sorbaldaz Aldareronz, egongo dira hipui kontatzen. Batzuek egun onak ematen, besteak aldamenekoaren apaindurari begira Mezaren ardurarik gabe, ta besteak bear bada gogorazio gaiztoetan.

        Aditzen dezu, Kristaua, nolako bidegabeak egiten zaizkan Jaunaren etxeari, edo obeto esateko Jaun berari? Herejeak ere beren Elizetan ez due geiago egingo: eta Turkoak berak begiramentu, eta jaiera andiagoarekin, egoten dira eren Eliza-moduetan. Erri batean bizi zan doai ederretako Turko bat, eta erria zan Katolikoena. Asko nai zioen guziak Turkoari, eta egin zioen alegiña arrerazteko gure lege Santa; baña alperrik. Billatu zuen atzenean onetarako gizon trebe-jakintsu bat. Egin zuan onek al zuan guzia Turkoarekin; baña onek eranzun zion: askotan gogora zitzaiola Kristau egitea; baña ekusi zuala, Turkoak beren Elizetan jaiera, ta begiramentu andiagoarekin zeudela, eta osotoro sinistu zuala, obea zala zuan Erlijioa, ezen ez gurea. Orra zer kalteak dakartzian Jaunaren etxeari, zor diogun, begiramentua ez gordetzeak. Zer ote da bada, oker oek desegiteko, guk egin bear deguna? Au da oraiñ ukituko dedana.

 

 

§ III.

 

        Guk lenengo lekuan egin bear deguna da, Jaunaren etxera etortzea, nora, ta norekin itzegitera gatozen, gogora ekartzen degula. Erregerekin egon, edo itzegin nai duanak, ongi gogora ekartzen du, nora joan, eta zer itzegin bear duan. Gure aldetik bear dan bigarren gauza da umiltasun andi batekin Jaunaren etxean egotea. Umiltasun andi bear da bai biotzaren aldetik, ezagutzen degula gure ezereza, ta Jaunaren anditasuna. Umiltasun andia gañera egoeran, ta janzian. Ez da ongi emakumeak gorputz utsean ibiltzea Elizan, eta orregatik esaten die S. Paulok estali ditzeela buruak: Mulieres velent caput. Ezta ongi, soñeko arroakin, eta bear bada goiak estali gabe Elizara etortea, eta are gutxiago konfesatzera, eta komunioko Sakramentua artzera. Nork sinistuko du, onelakoak bear dan damu, ta asmoarekin datozela? Zergatik bait agindu zuan Elizak, ez dakiela Sakramenturik eman onelakoai. Era berean gaizki dirudi estalki lasai, ta sarearen anzekoakin egotea. Irugarrena da modestia, ta modu eder batekin egotea Elizan. Atzenean ixildasun andia gorde bear da, batezere Jaunaren Itza adirazten danean, bezperak, errosario, eta Mezak esaten diran denboran. Orregatik Elizak agindu zuan, amar egunez ur, ta ogi barau zedilla onelako denboran Elizan itz egiten zuana. Españako errege Felipe bigarrena zegoan beñ Meza enzuten, eta oartu zan, izketan igaro zuela Mezako denbora, aldamenean zeduzkan, andietatik bik. Meza bukatu zanean, esan zien: Ez geiago nere aurrean jarri. Alako lotsa, ta naigabea artu zuen, non bata bereala ill zan, eta bestea geratu zan burutik galdua. Beldur naiz, Errege ark bi gizon andi aei esan ziena, esan degien Jaunak Kristau askori eriotzako orduan.

        Orra, nere Kristaua, zer egin bear degun Jaunaren etxeari zor zaion begiramentua gordetzeko. Eta aditurik, aditu ditugun gauzak, ez gera onetara saiatuko? Baietz uste det, eta au egiteko bear dan asmo osoa sortu dedin gure biotzetan, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko, eta gogoan erabilli ditzakun ukitu diran gauzak. (Belaunikatzen dira guziak).

 

1

        Begira, Kristaua, lenengo lekuan, nolako begiramentu, edo errespetoa zor zaion Jaunaren etxeari. Arriturik geratu zan Jakob Patriarka, lo zegola ekusi zuanean eskallera bat lurretik Zeruraño iristen zana, eta an zebiltzala gora beera Aingeruak, eta goieneko mallan Aita betikoa. Arriturik geratu zan Moyses, Horeb zeritzan basoan, zeren Jaunak esan zion: gera zedilla; Santua zala leku ura. Arriturik geratu zan Salomon, zeren Jaunaren onran egin zuan Elizara jatxi zan Jauna odei batean. Zer esango zuen, gure Elizetan gertatzen dana ekusi balue animaren begiakin? Emen bizi da Jesus Jaungoiko gizona gau, ta egun, gure erreguak aditzeko, gure biotzetara etorteko. Emen eskeintzen zaio Jaunari Mezako Sakrifizio izugarria: eskeintzen dan doaia da Jaungoikoaren Semea bera, eta berritzen da gurutzeko eriotzaren oroipena. Arriturik, eta auspez daude orduan Zeruko Aingeruak...

 

2

        Begira urrena, nolako bidegabeak egiten diozkagun Jaunaren etxeari! Zenbat bidegabe Elizako ate, eta atarian? Zenbat Elizan bertan? Zenbat Mezako denboran, eta ondoren? Nola gertatu da au, espadasun andiarekin esaten digu Jaunak Jeremiasen autik: Quid est quod dilectus meus in domo mea fecit scelera multa (Jeremiae 11). Lotsa gaitezen Jaunaren aurrean: aurrerako artu ditzakun bear diran asmoak... (Altxatzen da Erakuslea eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Nere Kristaua, ez gaitezen izan fedegabeak baño ere eskergabeagoak: zuek gurasoak, eta Erakusleak egizue alegiña gazteai erakusteko, nola egon bear dan Jaunaren etxean, eta ekusten bada norbait edo erausian, edo modestia gabe, ez barkatu. Onela Jaunaren etxeari gordeko zaio dagokan begiramentua: ixuriko ditu Jaunak gure gañera bere bendizioak, eta uste izan dezakegu betiko bizitza. Amen.

aurrekoa hurrengoa