www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMAIKAGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean ogeigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Luzaro itz egin dizut, Kristaua, konfesio ona egiteko bear dan bostgarren gauzaren, edo satisfakzioaren gañean. Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Kristau guziak beartuak ote daude konfesatzera? Eranzuten du: bai, Jauna, gaitzarekin-onaren ezagueran sartu ezkero. Urtean zenbat bider? Urtean beñ bederik. Urtearen zer denboraz egin bear du Kristauak, Eliz Ama Santak agintzen duan, konfesio au? Ez du Elizak siñalatu denbora au, baña Iruñeko Apaiz Nagusiaren mendeko errietan ala legez, nola usanzaz garizuman egiñ oi da.

        Urtean beñ ezezik, beste zenbait aldiz ere konfesatzera beartua ote dago Kristaua? Bai, Jauna. Lenbizia, iltzeko perillean dagoanean. Bigarrena, komulgatu bear badu, eta bekatuan arkitzen bada. Irugarrena, sarritan, edo noizean beñ konfesatu gabe ezin bekatuaren berrizkaturak utzi baditu.

        Urtean beñ bederik konfesatzeko aginte au gordetzen ez duenai zer kastigu siñalatzen die Elizak? Agintzen du, bizitzan ez dakiela utzi Elizan sartzen, eta iltzen diranean, ukatu dakiela Eliz-lurra». Orra lenbiziko komunioaren liburuak gai onetan dakarrena.

        Kristau guziak konfesatzeko degun egin bide, edo obligazioaren gañean izango da gaurko itzaldia. Aurrena emango ditut egin bide onen berriak, liburuak dakartzian baño ugarisêago. Urrena aditzera emango ditut egin bide onen kontra sarritan gertatzen diran bekatuak. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Elizaren asierako denborai begiratzen badiegu, ez degu arkituko konfesio, ta komunioaren aginterik. Zergatik ori? Zeren denbora aetako Kristauak etzuen agindu bearrik, Sakramentu oek sarritan artzeko. Añ andia zan orduko Kristauen jaiera, eta añ ederra egiten zuen bizitza, non Meza enzuten zuen guziak artzen zuen Komunioko Sakramentua. Baziakien, Adanen bekatuarekin geratu giñala txit eriak, eta gaitzeronz makurtuak; eta Jesus onak utzi zigula Konfesioko Sakramentua, bataioa ezkero egindako bekatuak barkatzeko: eta onetarako eman ziela bear dan eskua Apostoluai, eta oen ondorengo Apaizai: arrezazue, esan zien, Espiritu Santua: Accipite Spiritum Sanctum: Zuek barkatzen dieztezuenen bekatuak barkatuak izango dira: Quorum remisseritis peccata remittuntur eis: eta zuek barkatzen ez dieztezuenenak barkatu gabe geratuko dira: Et quorum retinueritis retenta sunt. Baziakien, bekatuen gaitza sendatzeko, ezagutu bear dituala Apaizak, bekatariak egin dituan bekatuak, dala itzez, eta obraz, dala gogoz, edo pensamentuz, Trentoko Konzilioak dion bezala, eta onetarako gauza bearra zala bekatuak agertzea, edo aitortzea sendatzalleari. Baziakien atzenean, S. Paulok esaten digula: Aldareko Sakramentua artu baño len proga dezala bakoitzak bere burua, eta bekatu larri, edo mortalean erori bada, ezdezala artu Sakramentua, konfesioko Sakramentuarekin anima garbitu gabe. Au guzia ongi ziakienak bezala sarritan artuko zuen konfesioko Sakramentua, Elizaren aginteen bearrik gabe. Onela joan ziran zazpi eun, eta geiago urte. Asi ziran Kristauak anziñako jaiera ona utzitzen, eta agindu zuan Elizak, urtean iru aldiz bederik artu zezeela Komunioko Sakramentua, au da Pazkoa loratuan, Maiatzekoan, eta Eguerriz, eta aginte bera aditu zan konfesiorako ere. Alaere asko ziran Sakramentu oez azturik bizi ziranak, eta agindu zuan azkenean, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartutako Kristau guziak aitortu degiozkeela beren bekatuak, urtean beiñ bederik, barkatzeko eskua duan Apaizari. Eta ona Elizak guzioi ipiñi digun agintea.

        Aginte onek ez du itzegiten gaitzaren, eta onaren ezaguera ez duenakin; konfesioa alabaña da bekatuen barkaziorako, eta bekaturik ez du ezagueran sartu ez danak. Gaitzaren eta onaren ezaguera ez dator guzietan berdiñ: batzuek due adimentu argiagoa, besteak baño; batzuek aziera obea besteak baño: eta erreñu batzuetan etorri liteke ezaguera besteetan baño lenago. San Gregoriok dionez bost urteko aur bat infernura joan zan, Jaungoikoaren kontra esan zituan, itz gaizto batzuekgatik. Baña geienak asi oi dira ona, eta gaitza ezagutzen zazpi urteetatik aurrera: Eta S. Karlos Borromeok dio, oitura ona dala, bost, edo sei urte izan ezkero, aurrak ekartzea Konfesoreagana, egin ditezen gutxika konfesatzeko modura. Konfesioa egin bear zaio, ez nori nai, baizik barkatzeko eskua duan Apaizari. Len egin bear zitzaion konfesio au Artzaiari, edo onek siñalatzen zuanari. Arzaiak berea Obispoari, Obispoak Arzobispoari, onek Patriarkari, eta Patriarkak Aita Santuari; eta ekusirik emendik zetozen neke, eta luzapenak, Elizak eman zion Kristau bakoitzari eskua, urte oroko konfesio au egiteko Obispo Jaunak konfesioak aditzeko ipintzen duan, edozeñ Apaizi. Baña kanpoan konfesatzen diranak ekarri bear lukee beren agiria. Elizak siñalatu zuan urte oroko Komunioaren denbora, baña ez konfesioarena. Orregatik gizon jakintsu askoren iritzian konfesatzeko urtea aditzen da urte berritik urte berriraño, baña Iruñeko Apaiz Nagusi, edo lenenaren mendeko lekuetan garizuman egin bear da konfesio au, legeak dionez. Aginte oni erantzuteko ez da asko nola nai konfesatzea, baizik ongi, eta bear diran damu, eta asmoarekin konfesatzea. Orregatik, konfesio gaiztoak egin dituana beartua dago, lenbait len konfesioak berritzera; eta zabartzen bada, bekatu larri, edo mortalean eroriaz dijoa, zabarkeriak dirauen bitartean.

        Eliz Ama Santaren aginte onez gañera bada beste bat Jesu-Kristorena; Jesu-Kristok alabaña Sakramentu au utzi zuan bere Elizan, gure animak bekatuaren eriotzatik ateratzeko, eta animako zauriak sendatzeko, eta nai du artzea premia degunean bederik. Baña noiz beartzen ote gaitu Jesu-Kristoren aginte onek? Beartzen gaitu benik beñ eriotzaka perillean. Beartzen gaitu urrena, Komunioko Sakramentua artzeko, baldin bekatuan bagaude. Atzenean konfesioko Sakramentua sarritan, edo noizean beñ artu gabe, bekatuaren berrizkaturak ezin garaitu baditugu, askorekin gertatzen dan bezala. Zer penak ote ditu urtean beingo konfesioa egiten ez duanak? Debekatu bear zaio Elizan sartzea, eta illtzen danean, etzaio eman bear Eliz-lurrik: eta badu emen eskomikuaren pena ere Pazkoatik illa beteren barrunbean ezpadira konfesatzen, eta komulgatzen. Dakuskun oraiñ, zer utsegiteak sarritan gertatzen diran aginte onen kontra.

 

 

§ II.

 

        Eliz Ama Santak, esan dedan eran, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartu diran Kristau guziai agintzen die, urtean beñ bederik konfesa ditezela, baña zenbat izango dira, batezere erri andietan, Aginte oni erantzuteko arretarik ez duenak eta bortxaz baizik konfesioko Sakramentua artzen ez duenak?

        Iruñeko legeak agintzen digue, konfesio au egin dezagula garizuman, eta zenbat izango dira garizuma guzian esnatzen ez diranak, konfesiora etortzeko? Igarotzen da garizuma, igarotzen da Pazko astea, eta orduan agertuko dira lotsa gutxirekin: beste batzuek jarriko dira Komunioko maiean, kanpoan konfesatu balira bezala; besteak garizumarako joango dira ikazkintzara, uzten dituela errian Elizaren aginte, eta Sakramentuak.

        Konfesioko aginteari erantzuteko, ez da asko, esan dan bezala, nolanai konfesatzea, baizik bear da ongi konfesatzea. Eta zenbat izango dira urteko konfesio au gaizki egiten duenak? Gaizki, examinaren aldetik; zeren saiatzen ez diran urte guzian itzez, gogoz, eta obraz egindako bekatuak gogora ekartzeko. Galdetuko die Konfesoreak, zenbat bider ori gertatu da? Erantzungo due: frankotan Jauna. Eta zenbat ote dira frankotan gertatu dirala, diozun oriek? makiña bat, Jauna. Atozea: egun guzietan gertatu ote dira? Astean, edo illean zenbat bider? Askotan Jauna. Ezta gauza garbirik onelakoetatik aterako, zeren nekatu ez diran kontu ateratzen. Baña demagun saiatzen dirala zerbait: baldin atzo esan, edo gogoan igaro ziran gauzaz gaur ezin oroitu bagera, nola oroituko gera arte guzikoaz? Santo Tomas Villanuevak dio urtetik urtera konfesatzen diranak nekez oartuko dirala bekatuen amarrenaz ere.

        Eta zer esango det damu egiazko, ta bizitza ontzeko asmo oso gabe konfesatzen diranaz? Zer ezpada Kristaurik geienak era onetan konfesatzen dirala? Zer esango det, bekatuak lotsaz aitortugabe uzten dituenaz? Ez dira oek ere gutxi, len adinbat ezpadira ere. Diot au, zeren, dioenez, gaurko egunean ez dakar bekatuak ainbeste lotsa, nola zekarren beste denbora batean.

        Eta emendik igarotzen bagera Jesu-Kristok konfesioko Sakramentua artzeko utzi zigun Agintera, uste dan baño geiago izango dira, Sakramentu au gabe bekatuaren berrizkaturak utziko ez dituenak, eta alaere berandutik berandura baizik konfesatzen ez diranak. Urlia gaztetxoa zala, oitu zan ukitze lotsagarrietara bere bakarrean, edo besterekin: sandia itz desonestoak esatera, edo keñada itsusiak egitera: berendia birauak botatzera, edanen igarotzera, eta lagun urkoaren kontra nola nai itz egitera. Demagun, egitera duala konfesioren bat ona, edo garizuman, edo beste denboraren batean. Nola iraungo du onek Jaunaren grazian, edo leneko bekatuetara biurtu gabe, artzen ezpaditu urte guzian konfesio, ta Komunioko Sakramentuak? Nola soro bat egongo da garbia, edo belar gaizto gabe, urte guzian maneatzen ezpada? Nola argalez doi doia agoan dagoana, sendo jarriko da janari, eta edari egokirik artzen ez duala? Badira, ez det ukatzen, beste sendagaiak ere, baña laster aspertuko due bekataria, sarritan konfesatzen ezpada, eta biurtuko da lenekora. Ala gertatu da oraindañokoan, eta ala gertatuko da aurrera ere.

        Nere Kristaua, etzaitezela engañatu munduaren losentxa, eta erausiakin. Gaitzeronz makurtuak, eriak, argalak, eta konfesio, ta komunioko Sakramentua sarritan artzeko premia andian gaude. Oitu zaite sendagai oek ongi, eta maiz artzera. Eta irristadaren bat gertatzen bazatzu, zoaz lenbait len konfesioaren sendagaia artzera. Kolpe gaizto bat artu duanak, laster egin bear du, berez, edo bestez, sendagaia billatzera, bestela erraz gerta diteke kolpea beñere ez sendatzea, eta eria illtzea. Ez bada beldurrez, edo lotsaz egon gertatu zatzuna esateko; baizik zoaz umilki konfesioko Sakramentua artzera, Bizi zaite aurrera zintzoro: eta Jaunaren lagunzarekin iraun dezakezu beraren grazian, eta onela iritsiko dezu, betikotasun guzian zure Jaunarekin Zeruan bizitzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa