www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA ZAZPIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amabostgarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldietan aditzera eman dizut, Kristaua, zer egin bear gendukean, komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro, edo ugari artzeko. Emendik lenbiziko komunioaren liburua igarotzen da komunio gogozko, edo espiritualaren gañean itzegitera, eta galdetzen du gisa onetan.

        «Zer komunioaren gañean itzegin da aurreko Erakusaldietan? Aldareko Sakramentua egiaz arturik, egiten dan komunioaren gañean. Omen da beste komunio-mota bat Sakramentua egiaz artu gabe egiñ oi dana? Bai, Jauna, eta da komunio gogozko, edo espirituala deritzana. Zer ote da gogozko komunio au? Guganako ongi nai, eta amorioz Sakramentuan dagoan Jesus maitagarria artzeko gogo, egarri, eta deseo bero batzuek biotzean sortzea. Zer bear da gogozko komunio ona egiteko? Bi gauza: lenengoa da Jaunaren grazian egotea. Bigarrena, fede, esperantza, eta karidadezko afektoakin biotza prestatzea, eta apaintzea. Beraz prestaera onen ondoren egiñ, edo sortu bear dira, Jesus ona biotzean artzeko, ta idukitzeko gogo, egarri, eta deseo beroak? Bai, Jauna.

        Non, eta zenbat aldiz egiñ diteke gogozko komunioa? Non ere nai, niaz etxean, naiz Elizan; eta zenbat aldiz nai dan, ainbeste bider Noiz egin diteke ongiena, edo obeto? Meza enzuten, eta Sakramentua bisitatzen danean.

        Eta gogozko komunio utsa egiten duanak, artzen ote ditu Sakramentuaren ondasunak? Bai, Jauna, eta batzuetan Sakramentua egiaz artzen duenak baño geiago. Nola ori? Zeren gogozko komunioa egiten duana askoz ederkiago prestatzen dan zenbait aldiz, Sakramentua egiaz artzen duana baño». Orra lenbiziko komunioaren liburuak gogozko komunioaren gañean erakusten diguna.

        Kristau gutxi dira komunio-mota onen ezaguera argia duenak, eta beragatik beraren gañean izango da gaurko Erakusaldi guzia. Aurrena ugarixeago aditzera emango ditut liburuak ukitzen dituan gauzak. Urrena, emendik aterako det otoiz, edo orazioaren gaia. Enzun, Kristaua, kontuz.

 

 

§ I.

 

        Bi gisatara egin diteke, eta egiten da komunioa. Egin diteke benik beñ, egiaz artzen dala auan Sakramentua, eta irintsitzen dala barruna; eta au da Jesus onari geiena agradatzen zaion komunioa, eta berak esandako itzai obeto dagotena. Ezpadezue gizonaren semearen gorputza jaten, eta odola edaten, ez dezue iritsiko betiko bizitsua, esan zuan beiñ: Nisi manducaveritis carnem filii hominis, et biberitis ejus sanguinem, non habebitis vitam in vobis. Nere gorputza egiaz janaria da dio berriz eta nere odola edaria: eta ogi onetatik jaten duana biziko da beti: Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est potus: siquis manducaverit ex hoc pane vivet in aeternum. Nork eztakus, itz oetan aditzera ematen duala Jesusek egiazko jatea, eta au dala geiago agradatzen zaion komunioa? Santa Katalina Senakoa joan zan beiñ, beste askotan bezala, Sakramentu ori artzera, baña etzan iritsi garai onean Elizara. Asi zan gogozko komunioaren prestaera egiten, añ ederki, eta egarri andiarekin, non aura joan zitzaion Sakramentua. S. Buenabenturak, begiraturik zeñ misterio andi, eta arrigarria dan Aldareko Sakramentua, eta zeñ ezereza dan gizona, iduritu zitzaion, obe zuala Mezarik ez esatea, eta Mezako komunioa utzitzea, eta onen lekuan egitea komunio espirituala, edo gogozkoa, esaten ziola Jesus onari. Jauna pozik ni komulgatuko nintzake, eta atsegin andia nuke orretan; baña ez naiz ni orretarako diña: egizu zuk zere Aldaretik, nere biotzera etorririk egingo zendukean guzia, eta indazu zere lagunza, eta grazia. Au esan zion Santuak Jesus onari Meza enzuten zegoan batean; baña Jesusek aditzera eman zion, naiago zuala, umilki Sakramentua artzea ezen ez artzeko gogo utsa: onetarako aura bidaldu zion Mezako ostia konsagratuaren zati, edo puskatxo bat.

        Egin diteke urrena komunioa, Sakramentua egiaz auan artzen ez dala, baizik biotzean sortzen dala Sakramentuaren, eta Sakramentuak dakartzian ondasunen gogo, eta egarria:

eta gogo oni deitzen zaio komunio espirituala, edo gogozkoa: ala erakusten digue Elizako gurasoak Trentoko Konzilioarekin. Komunio gogozko au ez da ordea guk komunio egiazkoa nagitasunez, edo zabarkeriaz utzitzeko, baizik onez gañera, edo au egiteko erarik ez danean, gogoz komulgatu dedin bakoitza, eta bere gogo, eta jaieraren neurrian artu ditzan Sakramentuaren ondasunak. Badira zenbait anima egun oro Sakramentua artu lezakeenak, lenbiziko Kristauak artu oi zuen bezala, baña konfesorearen iritziarekin ez due artzen egun jakiñetan baizik. Badira gañera Sakramentu orren anditasunak izutzen dituanak sarritan artzeko. Badira atzenean Elizatik urruti bizi diranak, gaixo daudenak, edo erarik ez duenak Jauna nai bezeñ sarritan artzeko: eta oentzako guziz egokia da komunio espirituala, edo gogozkoa.

        Komunio espirituala ongi egiteko, bear dira bi gauza, lenengoa da Jaunaren grazian egotea. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Bekatu larri, edo mortalean dagoanak, bekatutik irten gabe artu nai baluke Sakramentua, nai au izango litzake gaiztoa, zeren Judasen eran saldu nai duan Jesus; baña baldin bekatuan dagoanak sortzen badu nai, edo gogo andi bat, artzeko Sakramentua bekatutik irteten danean, orduan nai, edo gogo au izango da ona, ez ordea egokia komunio espirituala egiteko, eta Sakramentuaren ondasunak artzeko; oek alabaña ez dira ixurtzen bekatuz zikindua dagoan biotzean. Komunio espirituala ongi egiteko bear dan bigarren gauza da biotza prestatzea fede, esperanza, eta karidadearekin. Ezpada fedearen argiarekin gogora ekartzen, nor dagoan Sakramentuan, eta zer ondasunak dakartzian guretzat, ez da gure biotzetan sortuko Sakramentu ori artzeko nai, gogo, eta egarria.

        Era onetan prestaturik biotza, orduan egiten da gogozko komunioa, lenbiziko komunioaren liburuak Mezaren enzunbidean erakusten duan bezala. Komunio au egin diteke, non ere nai, naiz etxean, naiz Elizan, zenbat aldiz nai dan ainbeste bider, eta denborarik egokiena da Meza entzuten danean, eta Sakramentua bisitatzen danean: eta era berean komunio aurrean, eta ondoren; eta orduan komunio-mota biak lagunduko due Sakramentuaren ondasunak naroro artzeko.

        Sakramentua egiaz arturik egiten dan komunioak berez ondasun geiago emango diozka artzalleari, gogozko komunio utsak baño, prestaera berdiña bada; baña eziñ ukatu diteke, komunio espiritual, edo gogozkoak ematen diozkala ongi egiten duanari bere ondasunak prestaera, eta jaieraren neurrian, Trentoko Konzilioak erakusten digunez. Voto caelestem panem edentes fide viva, fructum, et utilitatem sentiunt. Nola izan diteke au, esango didazu, baldin gogozko komunio utsa egiten duanak artzen ezpadu egiaz bere biotzean Sakramentua? Zeren Jesus dan Jaungoiko-gizon Guzialduna, eta nai izate utsarekin egin dezakean, Aldarean dagoala ere, gure biotzean sartuta egiten duana. Onelako aldietan egiten du Jesusek, Kafarnaungo eri batekin egin zuana. Eun soldaduren agintea zuan bati gaixotu zitzaion maite zuan morroi bat, eta zegoan au illtzeko perill andian. Aditu zituan agintariak, Jesusek egiten zituan gauza miragarriak; sendatzen zituan alabaña eriak, argitzen itsuak, eta piztutzen illak. Fedegabea, edo jentilla bazan ere, mandatariz, eta bitarteko onakin erregutu zion Jesusi, senda zegiola gaixo zeukan bere morroia. Mandatu au artuta bereala, ekin zion Jesusek Kafarnaungo bideari. Jakin zuanean au soldaduak, gaztigatu zion Jesusi: etzezala ainbeste neke artu: ez naiz, Jauna, ni Zu nere etxera etortzeko diña. Asko da zuk itz bat esatea, eta sendatua geratuko da nere morroia: Dic verbo, et sanabitur puer meus. Baditut nik ere nere mendean zenbait soldadu: batari esaten diot: zoaz, eta badijoa; besteari atoz, eta badator; eta morroiari esaten diot: egizu au, eta egiten du. Miretsi zan Jesus mandatu au aditzean; itzuli zan berarekin zijoazenetara, eta esan zien: egiaz diot, ez det Israeltarren artean ere arkitu onenbeste siniste: Non inveni tantam fidem in Israel. Egin bedi gizon onek eskatzen duana, sinistu, eta uste izan duan bezala. Ozta esan zuan au Jesusek, sendatu zan gaixo zegoan mutilla. Orra nola Jesusek egin zuan au, eriaren etxean sartu gabe. Zergatik egin ez dezake Aldareko bere tokian dagoala, gure biotzetara etorrita, egiten duana, edo bere ondasunak ematea?

        Esan det, Sakramentua egiaz arturik, egiten dan komunioak berez ondasun geiago emango diozkala artzalleari, komunio espiritualak baño. Alaere gerta diteke, komunio espiritualak besteak baño ondasun geiago ematea. Nola ori? Zeren gogo utsez egiten danean komunioa, izan lezakean batek, jaiera askoz andiagoa. Eri zegoan beñ Santa Jetrudis: etorri zan monjen komunioko eguna, eta ezin komulga zitekean Santa. Biurtu zan Jaunagana, eta esna zion: orra, Jauna: ez naiz ni beñere izan zu nere biotzean artzeko diña; eta alakoa banintz ere, ezin artuko zinduket gaur nere gaitzagatik. Ekusten dezu zuk, zeñ andia dan, nere biotza ongi prestatzeko, eta zu artzeko gogoa. Dizula bada, Jauna, nere gogo onek komunioak adiña onra, eta atsegin; eta didala niri bear dedana. Ainbeste agradatu zitzaion Jaunari Jetrudisen komunio gogozko au, non aditzera eman zion, monja guziak, egun artan Sakramentua arturik, egin zuen Zerurako irabazia baño andiagoa egin zuala ark gogo utsezko komunioarekin. Santa Juliana denbora luzean egon zan, artzen zuan janari guzia gora botatzen zuala. Jauna artzeko alako gogoa zedukan, non eskatu zuan, eraman zegioela, adora zezan. Eraman zioen, denbora aetan askotan egiten zan bezala. Eta gauza miragarria! Apaizaren eskuetatik ezkutatu zan Sakramentua, eta ill zan Juliana atsegin, eta poz andiarekin. Etzan jakin zer egin zan Sakramentuaz, Santaren gorputza askatu zuen artean. Orduan bularraren ezkerreko aldean arkitu zan ostiaren anz, edo iduria, sillu batekin ezarria bezala: eta onela ezagutu zan Apaizaren eskuetatik ezkutatu zan, Sakramentua joan zala Julianaren biotzera. Emendik atera ezazu, Kristaua, gogozko Komunioaren prestaera añ andi, ta ederra izan ditekeala, non atera litzakean, Sakramentua egiaz artzen duenak baño, ondasun geiago, Santa Jetrudisegan gertatu zan bezala. Eta au gerta diteke, prestaera obeagatik ezezik, beste alde batetik ere bai, eta da zeren gogozko komunioa egin ditekean non nai, eta egunean askotan, baña ez komunio osoa, edo, Sakramentua egiaz artuta, egiten dana. Sakramentua eziñ artu diteke egunean beiñ baño geiagotan, eta txit gutxi dira egunean beiñ ere artu dezakeenak; baña gogozko komunioa egin diteke egun oro eun, edo berreun aldiz, eta aldi bakoitzean artuko ditu onela gogoz komulgatzen danak, ondasun berriak, eta azkenerako ugarituko dira alako eran, non askoz geiago izango diran noizean beñ Sakramentua artzeak dakartzianak baño. Ageda de la Kruz, Santo Domingoren ordenako monjak Sakramentua artzeko añ egarri andia zuan, non jartzen zan iltzeko zorian, zeren ezin artu zezakean nai zuan aldi guzietan. Agindu zion konfesoreak, noizean beñ egin zezala gogozko komunioa: eta egiten zuan goiz oro eun aldiz, eta arrats oro beste ainbeste bider. Nork sinistuko ez du, Agedak astean beiñ Sakramentua artuta baño ondasun geiago artuko zuala egun oroko komunio espiritualarekin?

        Ekusten dezu, Kristaua, zenbat ondasun atera ditzakegun Sakramentu orretatik gogozko komunioarekin? Ekusten dezu au egin dezakezula non nai, eta zenbat bider nai dezun, ainbeste bider? Eta zergatik ez gera saiatuko jaiera eder au artzera? Onetarako gogo, eta asmo oso bat gure biotzetan sortu dedin, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko, eta gogora ekarri ditzakun, ukitu diran gauzetatik andienak. (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, Sakramentu orren ondasunak artu ditzakezula, ez bakarrik Jesus ona zure biotzera etortzen dala, baita Aldarean dagoala ere, gogozko komunioaren bidez. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Beraz zuk, Kristaua, naiz zere neke, ta lanetan ari zaitezela, naiz gaixo zaudela, gogozko komunioaren bidez artu ditzakezu Sakramentu miragarri orrek guretzat dakartzian ondasunak. Zeñ ona, eta emallea gure Jesus ona! Baña saiatu ote gera gisa onetan komunioko ondasunak ateratzera? Nola saiatuko ziñan, oraindaño gogozko komunioaren izenik ere ezpaziñakean, eta lenbiziko komunioaren liburuan argiro gauz au egon arren, irakurtzen ezpadezu an erakusten dana?...

 

2

        Begira gañera, nola gogozko komunioarekin animako ondasunen gordairu txit andia bildu dezakezun; komunio au alabaña egin dezakezu nai dezun aldi guzietan. Baña nagiak, eta narrak gera animaren egitekoan, eta arkitzen gera, Zeruko ondasun guzien iturria, eta emallea geren artean Sakramentu orretan daukagula, baña beti beartsu, alferrai gertatzen zaion eran. Zeñ gauza lotsagarria! noizbait ar dezagun benaz Sakramentu miragarri orren ondasunak irabazteko asmo oso bat... (Altxatzen da Erakuslea belauniko dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Aditu dezu, Kristaua, nola Sakramentu orretatik atera ditzakezun ondasun ugariak, Sakramentu bera artuaz sarritan, eta prestaera onarekin, eta gogozko komunioarekin. Meza bakoitzean, Sakramentua bisitatzean, edo etxean zaudenean gaixo edo eguraldi gaiztoakin ezin etorri zaitezkeanean, gogozko komunioa erraz egin dezakezu. Onela bilduko dezu Zeruko ondasunen gordairu andi bat, eta iritsi dezakezu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa