www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMERETZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean zortzigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko Erakusaldian aditu zenduan, Kristaua, zer doaiak eskatzen dituan gutxienez, konfesio ona egiteko, bear dan damuak. Doai oen artean lenengoa da Zerutikakoa, edo sobrenaturala izatea. Bigarrena: barrendik, edo biotzetik jaioa izatea. Irugarrena, bekatu larri, edo mortal guzietara zabaltzen dana. Laugarrena, kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea. Oraiñ lenbiziko Komunioko liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Zenbat gisatara da damu Zerutikakoa, edo sobrenaturala? Eranzuten du: Bitara. Zeiñ dira? Bata da beldurrezkoa, ta berekoia, eta deritza Atrizioa; bestea onezkoa, eta deritza Kontrizioa. Zer da Atrizioa? Damu bat biotzean sortzen dana, len bizia, zeren gauza guziz itsusia dan, Zerurako egin, eta bere Semearen odol preziotsuaren kostuz erosi ginduan, Jaunaren kontra altxatzea, eta bekatu egitea. Bigarrena, zeren bekatu larria egitean galdu degun Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, ta deretxa guzia. Irugarrena, zeren bekatu larri bakoitzarekin irabazi ditugun betiko su, eta garrak, edo infernuko penak. Laugarrena, zeren Jaunak guganako urrikimentuz deitzen digun, bekatutik irteteko, eta eskeintzen digun gure eskergabekeria guzien barkazioa, Jesusen eriotza, eta merezimentuak bitarteko dirala.

        Zergatik deitzen zaio Atrizioari beldurrezko damua? Zeren sortu oi dan betiko bizitza galtzeko, eta betiko su, eta garren artean erortzeko beldurrez. Zergatik deitu diozu berekoia? Zeren biotzak, atriziozko damua sortzen duanean, bere on, eta egitekoari bakarrik begiratzen dion. Asko ote da Atrizioa konfesio ona egiteko? Bera utsik ezta asko, bekatariari graziaren apaindura ederra emateko; baña prestatzen du au iristeko konfesioko Sakramentuarekin batean: eta onena da beñ saiatzea Atriziora, eta gero onezko damu, edo kontriziora». Ona lenbiziko Komunioko liburuak Atrizio, edo beldurrezko damuaren gañean dakarrena.

        Damu au biotzean sortzeko gauza bearra da fedearen argiarekin damubide egokiren bat gogora ekartzea, eta au da gaur aurrena ukituko dedan gauza. Gauza bearra da gañera, damu bide egokiak gogora ekarririk, alik ongiena oez baliatzea, damu egiazkoa biotzean sortzeko, eta au nola egin gentzakean adiraztea izango da gaurko Erakusaldiaren bigarren partea. Asi gaitezen bertatik, nere Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Gizonaren biotzean ez da jaiotzen, eta ezin jaio diteke onginai, ta amorioa, ez eta gorroto, ta damua ere, artarako bideren bat agertzen ez diola adimentuak. Orregatik ez diogu gorrotoz begiratuko bekatuari, eta ez dira gure biotzak bekatutik Jaungoikoaganonz aldatuko, bide egokiren bat gogora ekartzen ezpadegu.

        Gizonaren biotza berekoia da, eta ezta geienetan kuturtzen bekatuen damu, edo gorrotora, baldin betiko ondasunak galtzeko, eta betiko su, ta garren artean erortzeko beldurrak esnatzen ezpadu. Orregatik aurrena ipintzen ditu lenbiziko Komunioaren liburuak Atrizioa sortzeko bideak. Baña zer egiten degu oek aditzearekin, arretarik ipintzen ezpadegu, oez baliatzeko? Zer baldin ezpadakigu, nola au egin dezakegun? Egizu kontu, Kristaua, guraso batek esaten diola semeari, soro andi ori maneatu bear dezu garia ereiteko. Aurrena kendu bear dira larrak, eta zorkotzak: gero laiatu bear da, eta aretu. Atzenean sasoi onean ereiñ bear da azia. Aditzen du semeak au guzia, baña nola lan oetara oitua ez dagoan, eztaki nondik, ta nola ekin lanari. Artzen du Aitak berekin, eramaten du sorora, eta Aitarekin batean lana egiñaz, ikasten du nola egin. Au bera, edo onen anzeko gauza bat egin bear da, Kristaua, zurekin, Atrizioaren damu bidez baliatzen ikasi dezazun. Atoz nerekin.

 

 

§ II.

 

        Egin dezu, Kristaua, zure bekatuen examina? Sortu nai dezu orien damu bizi bat, Atrizioa deritzana? Ipiñi itzaztu bada animaren begien aurrean, damu oni dagozkan, bide egokiak, fedeak erakusten dizkitzun eran. Damu bide oen artean aurrena aitatzen, du Trentoko Konzilioak bekatuaren itsustasuna, ez ordea zerez dezun argitasunarekin igerritzen dezuna, baizik fedeak erakusten dizuna, egin dezagun kontu, zeren gauza guziz itsusia dan, Zerurako egin, eta bere Semearen odol preziotsuaren kostuz. erosi ginduan, Jaunaren kontra altxatzea, eta bekatu egitea. Egin det bekatu, esan dezakezu Jaunaren aurrean: Peccavi. Egin det bekatu ezin konta al bider, ni Zerurako egin, eta bere Semearen odol preziotsuarekin erosi ninduan, Jaunaren kontra. Peccavi. Esan det, itzez ezpada, obraz: ez det Jaun au serbituko. Au da Jaun onek Jeremiasen autik gure kontra erakusten duan espadasun andia. Autsi dezu, dio, nere legearen uztarria, urratu dituzu nere Aginteen edeak, eta esan dezu: ez det Jaun au serbituko. Confregisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti: non serviam. Nere anima, ez da au eskergabekeria guziz itsusia? Luzifer, Jaunaren grazian zegoan bitartean, eguzkia, ta izarrak baño ederragoa, ta argiagoa zan: baña leen eman zion antuste, edo soberbiaren bekatuari eta bereala amildu zan betiko su, eta garren artera. Eta nork esan, zeñ itsusi, ta nazkagarria geratu zan? Santa Katalina Senakoari agertu zion beñ Jaunak Deabruaren itsustasuna, eta ainbesteraño izutu zan, non esan oi zuan, naiago zuala oñ utsetan, eta brasa erazekiz ezarritako bidean munduaren bukaeraraño ibilli, ezen ez berriz Demonioa ekusi. Nondik datorkio Demonioari onenbeste itsustasun? Egin zuan bekatu artatik. Eta antuste, edo soberbiaren bekatu batek au egin bazuan Aingeru añ eder bategan, zer egingo ez due, Kristaua, zugan ainbeste bekatuk? Zeñ itsusi, ta nazkagarria etzera egongo Jaunaren begietan?

        Peccavi: egin det bekatu, esan dezakezu, eta galdu det Jaunaren grazia, eta Zerurako esku, ta deretxa guzia. Au da Atrizioa sortzeko bigarren bidea, fedeak bakarrik erakusten dizuna; zeren fedeaz kanpora gauz oen berririk eztan. Galdu det bai benik beñ Jaunaren grazia. Ai! eta bazinaki zeñ andia dan graziaren doai au! Si scires donum Dei! Doai au zuretzat irabazteko, etorri bear izan zuan lurrera Trinidadeko bigarren personak, eta kosta zitzaion bere bizitza ematea. Doai onek, animan sartzen dan unean bertan, aienatzen ditu bekatu guziak: piztutzen du bekatuan illa arkitzen dan anima, apaintzen du Zeruko birtute, ta doaiakin. Orregatik deitzen dio Jesu-Kristok eztaietako janzia. Eta doai au galdu dezu añ erraz? Doai onek gizona egiten du Jaungoikoaren Seme, eta adiskide, Jesu-Kristoren senide, Espiritu Santuaren Jauregi, eta Zeruaren jabegai? Eta doai au galdu dezu bekatuaren atsegin apur bategatik? Peccavi: egin det bekatu, eta galdu det gañera betiko bizitza doatsua; galdu ditut betiko atsegin-kontentuak, eta itz batean, galdu det nere Jaungoikoa. Au egin dezu, nere anima? eta etzera damuz, eta negarrez desegingo?

        Peccavi: egin det bekatu: eta zer irabazi det? Zer atera dezu oraiñ lotsatzen zaituen bekatu orietatik, esaten digu S. Paulok: Quem ergo fructum habuistis in illis, in quibus nunc erubescitis? Zer, betiko su, eta garrak, betiko pena, ta oñazeak baizik? Eta au da atrizioa sortzeko irugarren bidea. Jatxi zaite nere anima, pensamentuz oñaze aen togi izugarrira, edo infernura, gero jatxi etzaitezen betiko. Zer dala uste dezu infernua? Ura da Demonioaren, ta bere serbitzarien lize izugarri bat non betikotasun guzian egon bearrak diran oñazez lertzen. Ura da beti sutan dagoan labe ikaragarri bat, beñere itzaliko ez dana: ta bekatariak berak izango dira ango egurra, ilintxak, eta illetiak. Ura da sufre erazekiz irakiten dagoan ainzira, edo putzu bat, non Satanas, Ante-Kristoa, eta bekatuaren erakusleak egon bearrak diran betiraunde guzian. Ura da neke, eta pena guziak onaren kutsurik gabe arkitzen diran lekua. Au guzia, ta geiago aditzera eman digu Jaunak Eskritura Santan toki izugarriaren gañean. Ara amiltzen dira biraugilleak, eta umeak ongi azitzeko arretarik ez duenak. Ara amiltzen dira, edanari, ta aisiari ederretsirik, etxeaz, zorraz, eta beste eginbideaz aztuta bizi diranak. Ara amiltzen dira lagun urkoai bekaturako bidea ematen diezenak, dala itzez, dala ezkontzaren ustearekin, dala bestela. Ara amiltzen dira bekaturako bideak, etxeak, eta lagun gaiztoak, ibillera lotsagarriak utzi nai ez dituenak. Ara amiltzen dira irabazi debekatuetan eta besteren gauza, dala erriarena, dala besteren batena, biurtu naigabe bizi diranak. An daude oñazez lertzen, adiaz, eta orroaz.

        Gaitz erdi litzake, noizbait bukatu bearrak balira neke oek; baña ez dira beñere bukatuko. Joango dira urteak urteen gaiñ, eta etzate puskarik txikiena ere kenduko. Galde Luziferri, galde Kaini, galde an arkitzen diran beste guziai. Luzifer munduaren asieratik an dago, eta asieran bezala daude aren oñazeak. Sei milla urte bezala dira Kain ara jatxi zala, eta ez dira batere arindu aren penak: milloika joango dira urteak, eta ez dira gutxituko aren nekeak. Ezagutzen due au an arkitzen diran doakabeak. Badakie beste asko (bearbada bekatari andiagoak) Zerura joan zirala, zeren garai onean zentzatu, ta biurtu tiran Jaunagana; eta ai! esango due! Ni emen, eta betiko! betiko! betiko! Betiko au izango da ar bat, animari ozka bezala beti ariko zaiona, eta beñere ilko ez dana. Kendu naiko du ar ozkari au, baña ezin kendu duala ekusirik, asiko da birauka bere gurasoen, eta lagunen kontra. Gutxi da au: madarikatuko ditu Jaungoikoa bera, Birjiña txit Santa, Aingeruak, eta Santuak. Bukatu naiko du bere burua, eta otsegingo die mendiai, eta aitzai: amildu zaitezte nigana: cadite super nos; baña alperrik, zeren iges egingo duan eriotzak an arkitzen diran doakabeetatik, dio S. Juanek: Mors fugiet ab eis. Ekusten dezu, nere anima, zer irabazi dezun zure bizitza lotsagarriaregin? Eta au guzia ekusirik, ez ote zera zure Jaunagana biurtuko?

        Baña zoaz laugarren damubidera, edo Jaunaren guganako ontasun, urrikimentu, edo Miserikordiari begiraldi bat ematera. Erori zan Adan bekatuan: galdu zuan Jaunaren grazia, ez beretzat bakarrik, bai ta guretzat ere: eta ainbesteraño urrikaldu zan guzaz Jauna, non eman zuan bere Seme bakarra, gu Zerurako bidean ipintzeko. Sic Deus dilexit mundum, ut filium suum unigenitum daret. Egin zuan Dabidek bekatu, eta beragana biurtu zan bezala, barkatu zion. Magdalenak bere ergelkeria, eta janziera arroakin eman zuan asko bide bekaturako. Biurtu zan Jaunagana, eta barkatu ziozkan bekatu guziak: Abanjelioko Seme ondatzailearekin au bera egin zuan. Biurtu zion galdu zuan graziaren apaindura ederra, eta egin zuan festa andi bat. Ez du mingañik Dabid Santuak Jaunaren urrikimentuaren alabantzak kantatzeko. Batzuetan dio, Jaunaren Miserikordiaz betea dagoala lur guzia: Missericordia Domini plena est terra: bestean dio Zeru guzien erpiña baño ere gorago igotzen dala Miserikordiaren anditasuna: Magnificata est super Caelos missericordia tua. Jaunaren miserikordiak kantatuko ditut, dio, betikotasun guzian:Missericordias Domini in aeternum cantabo Eta miserikordia au ezagutzeko, asko dezu, nere anima, zurekin egin duanari begiratze utsa. Oroi zaite, zenbat bider bidaldu zintzakean betiko su, eta garren artera, eta nola itxedon dizun, beragana biurtu zaitezen. Beste asko, bear bada zuk baño bekatu gutxiago zuenak, eta lagun izan zinduanak zere zentzugabekerietan galdu ziran, eta zu arkitzen zera zere utsegiteak zuzentzeko eran. Nondik onenbeste ontarte, edo rnesede? Nondik, Jaunaren miserikordiagandik baizik? Jaunaren miserikordiari eskerrak, bukatu ez geranean, esan dezakezu Jeremiasekin: Missericordiae Domini, quia non sumus consumpti. Zer geiago bear dezu, nere anima, Jaun onen kontra egin dituzun bekatuen damu andi bat sortzeko? Besoak zabaldurik, Aita urrikaritsuak bezala, deitzen dizu, eta Jesusen eriotza, ta merezimentuak bitarteko dirala, barkatu nai dizkitzu egin diozkatzun eskergabekeria guziak. Ez det nai, dio, bekataria galtzea, baizik nigana biurtzea, eta nere grazian bizitzea: Nolo mortem impii, sed ut convertatur... et vivat. Bekataria nigana biurtzen dan unetik aztuko naiz egin dizkidan eskergabekeria guziaz. Nere anima, zoaz laster zure Aita urrikarritsu onen besoetara. Zoaz, eta esan zaiozu: zeñ andiak diran, Jauna, zure miserikordiak! Eta zeñ izugarriak nere eskergabekeriak! Zu zera nere ongille ezin andiagoa. Zu zera nere zori ona, eta doatasuna. Zu zera, zere seme bakarra, niri onginaiez, mundura bidaldu zenduana. Zu zera, beraren eriotza, eta merezimentuak bitarteko dirala, bekatuak barkatzen dituzuna konfesio onaren bidez. Zu zera Zeruko graziaren, ta doaien emallea. Sinistu det au guzia, zuk esan, eta Eliz Ama Santak erakutsirik: eta zugana nator, zure miserikordien uste, edo esperanza osoarekin. Ai nere ongille andia! Damu det zu ofendituaz, eta damu det gauza guzien gañetik. Ill banintz, eta iltzen banintz, zu ofenditu baño len. Artzen det asmo osoa, ez geiago bekaturik egiteko, bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta. konfesatzeko.

        Ekusten dezu, Kristaua, nola, ta zer bidez baliatu gaitezkean Atrizioa deritzan damua gure biotzetan sortzeko? Sasoi onetan jartzen danean biotza, neke gutxirekin igo diteke onezko damu, edo kontriziora, begiratzen duala, zeñ on, ta maitagarria izango dan Jauna beregan gurekin onelakoa danean. Saia gaitezen, Kristaua Jaunaren laguntzarekin, gure bekatuen damu egiazkoa sortzera, eta bekatuaren bideetatik aldegitera, onela iristeko betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa