www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA ZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean amazazpigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        «Konfesio on bat egiteko bear dan bostgarren gauza zeñ da? galdetzen du lenbiziko komunioaren liburuak: eta erantzuten du: satisfakzioa. Zer aditzen dezu satisfakzioaren izenez? Konfesoreak emandako penitenzia leialki egitea. Konfesoreak ematen dion penitenzia egiteko asmo gabe konfesatzen danak zer bekatu egiten du? Bekatu larria. Emandako penitenzia autsitzen, edo egin gabe uzten duanak zer bekatu egiten du? Autsitzen badu penitenzia larria, eta aintzakotzat emana, bekatua izango da larria; baña autsitzen duan penitenzia txikia bada, txikia, edo beniala izango da alde onetatik egiten dan bekatua ere, gizon jakintsu askoren iritzian. Konfesoreak agintzen dizun penitenzia eziñ ongi egin dezakezuna bada, zer egingo dezu? Umilki eskatuko, edo erregutuko diot, alda degidala beste penitenzia batera, alda baditeke.

        Konfesoreak ematen diezten penitenziaz gañera, zer egin oi due Kristau onak? Onzat edo Jaunaren izenean artzen ditue emengo gurutze, edo samintasunak: eskeintzen diozkee Jaun berari beren obra guziak, eta egiten due alegiña induljenziak, edo barkazioak irabazteko». Ona lenbiziko Komunioaren liburuak satisfakzioaren gañean dakarrena.

        Azkeneko aldian aditu zenduan, Kristaua, zeñ gauza bearra dan Zerurako, gure bekatuai dagoten penitenzia egitea. Aditu zenduan gañera zer penitenziak ematen dituen konfesoreak, eta nola oek egin bear diran. Baña añ minberaak, eta nagiak gera, animaren onerako diran, nekeetan, non uste duen batzuek, geiegiak dirala ematen zaizten penitenzia-apurrak ere. Emendik, oek erraz utzitzea, eta bekatuaren berrizkaturak. Emendik konfesoreak, zer penitenzia eman ez dakiela, geratzea. Emendik azkenean asko anima betiko galtzea. Au gerta eztakizun zuri ere, aditzen zauden bekatari minberatxoa, begiratu bear dezu gaur, benik beiñ, zer neke, eta penak dagozten zure bekatuai. Urrena, nolakoa utzi zaituen zure bekatuak. Atzenean, nolako penitenziak siñalatzen zituen anziñako denboran Obispo Jaunak. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Zuk, nere Kristaua, ongi begiratzen badiozu zere bizitzari, arkituko dituzu ezin konta al bekatu, batzuek larriak, edo mortalak, besteak benialak. Demagun larrien barkazioa bederik iritsi dezula konfesio onaren bidez. Nortaki, zer pena, ta nekeak zor dituzun bekatu oriek gatik? Adanek iritsi zuan bere utsegitearen barkazioa; baña bederatzi eun, ta geiago urte igaro bear izan zituan, Paradisutik kanpoan, neke, ta naigabe andien artean. Dabidek ere iritsi zuan, bere bekatuaren barkazioa, baña ondoren ekusi zituan bere gañean gurutze, eta samintasun txit andiak, eta luzeak. Zer pena, eta nekeak ez dituzu bada zuk zorko, ainbeste utsegite, ta bekaturen ondoren? Baña jakizu ariñak, edo ezer ez dirala emengo penak, eta nekeak, beste bizitzakoen aldean ipintzen badituzu. Ango pena bata izango da Zerutik erbestetua egotea. Egarri andiarekin egongo da anima, Jaunaren edertasun neurririk ez duana ekusteko, baña debekatzen dio Jaunak au, bere zorra azkeneko apurreraño atera dezan artean. Beste pena izango da su, eta gar erretzalle baten erdian egon bearra. Pena onen anditasuna aditzera ematen digu Eskritura Santak Malakias, eta Isaiasen autik: eseriko da Jauna, dio Malakiasek; aize emango dio suari, eta garbituko ditu Lebiren semeak, urrea, eta zillarra garbitzen diran bezala: Sedebit conflans, et purgabit flios Levi, et colabit eos quasi aurum, et argentum. Garbituko ditu, dio Isaiasek, garbituko ditu Siongo alaben, edo animaen erdoiak su, ta garraren espiritureakin: Abluet Dominus sordes feliarum Sion in spiritu ardoris. Jaungoiko Guzialduna bera sua erazekitzen, eta bizkortzen ari dala esate au da adirazteko guri, zeñ andia izango dan animaren ango bigarren pena. Gaitz erdi lizake pena au laburra baliz, baña guk uste degun baño luzeagoa izango da. Dionisio Kartujarrak, eta Beda Beneragarriak dioe, asko animari eman diela Jaunak azken-kontuen eguneraño Purgatorioan egoteko pena: eta au bera eman omen zion Aita Santu Inozenzio Irugarrenari ere, Elizaren onerako neke andiak artu zituan Aita Santua izan bazan ere. S. Bizente Ferrerrek esaten digu, anima bat bidaldu zuala Jaunak Purgatoriora urte beterako bekatu benial bategatik. Au onela bada, zeñ da nere Kristaua; zeñ, beste onenbeste, edo azken-kontuen egunerañoko pena zorko ez duana, edo bekatu larri barkatuak gatik, edo uura bezala oituraz edaten diran bekatu benialak gatik? Atozea, eta alaere muzindua geratuko zera ematen dizkitzuen penitenzia-piskakin? Baña zoaz aurreraseago, eta begira gañera nolakoa utzi zaituen zure bekatuak.

 

 

§ II.

 

        Zu, nere Kristaua, egin dituzun bekatuakin geratu zera onerako narra, eta nagia, eta gaitzerako zaletua, eta gose andi batekin dagoanaren anzekoa: eta konfesio onarekin bekatuen barkazioa iritsita ere, eritasun au, edo onerako nagia, ta gaitzeronz makurtua egotea, ezta batetan aienatzen. Eritasun onek berriro amilderazoko zaitu bekatuan, eta atzenean betiko galduko du zure anima, ezpadituzu artzen sendagai egokiak. Begira ezperen egun oro munduan gertatzen danari. Urliak leku eman zion antuste, edo soberbiari, eta oitu zan lagun urkoaren kontra edozeñ gauza esatera, eta egitera giarrean ukitzen badue. Sandia oitu zan birauak botatzera etxean, eta kanpoan lagun urkoaren kontra: gurasoari zor zaion begiramentu, eta errespetoa galtzera, itz loi desonestoak esatera, keñada itsusiak egitera, edanera, lagun gaiztoakin ibiltzera, edo bere buruarekin atsegin lizunak artzera. Berendia oitu zan litxarreriara, edo lagun urkoari zor diona ez biurtzera, edo aren tatxak agertzera. Oek guziak, edo geienak, noizbait egingo zuen konfesio onen bat; baña ez dira sendatu, eta amilka dijoaz bekatutik bekatura, eta betiko su eta garren artera. Zergatik au? Zeren bekatuari jarraituaz, geratu zitzaten gaitzerako makurtasun ura kentzeko, sendagaiak garai onean artu nai izan ez dituen. Au da, nere Kristaua, munduan egun oro gertazen dana, eta zerorrek ekusten dezuna. Eta zer zurekin ere gertatuko da griña txar on aienatzeko, sendagai onak artu nai ezpadituzu, eta konfesorea uzten badezu, zer egin eztakian eran? Nai dezu aditu zurekin gertatuko dana? Etzera sendatuko: gero, eta geiago eroriko zera bekatuan, eta neke izango da zuk zure egunak ongi bukatzea. Jakizu, konfesoreak zuri eman nai dizkitzun sendagaiak ez dirala añ samiñ, eta garratzak, nola ziran, anziñako denboran Obispo Jaunak siñalatzen zituen penitenziak. Oek oraiñ ipiñi nai ditut zure begien aurrean.

 

 

§ III.

 

        Elizaren lenengo urteetan oraiñ bezala gutxi gora bera eman oi zitzaizten bekatariari penitenziak. Altxa ziran Elizaren, eta fedearen kontra ekaitz andiak, eta eriotzaren beldurrez asko erori ziran idolatrian, eta beste bekatuetan. Eliz Ama Santak etzien ukatu nai barkazioa, baña beldur zan, errazegi barkatzen bazitzaten, geitu edo ugaritu zitezen bekatuak. Orregatik erabaki zuan bekatuen barkazioa iristeko, nola egin bear zuen bekatariak penitenzia: siñalatu zuan, non, nola, eta zenbat denboran egon bear zuen, eta Obispo Jaunak aditzera ematen zuen, zer penitenziak ipiñi bear ziran bekatu-mota bakoitzarentzat.

        Lau malla siñalatu ziran, penitenzia egiteko. Lenengo malla zan negartiena. Jartzen ziran Elizako ateaz kanpora, zaku bat janzirik, eta gizonezkoak mozturik illea. Ezin sar zitezkean Elizan, denborak bete artean. Negarrez erregutzen ziezan Elizan sartzen ziranai, urrikaldu zitezela aezaz. Onela egon bear zuen batzuek lau urtean, besteak gutxiago. Bi garren malla, eta lekua zan enzunleena, Elizako ateaz barrendik. Oek entzuten zuen Jaunaren itza, edo sermoia eta au bukatzean botatzen zituen Elizatik. Gisa onetan igarotzen zituen iru, lau, edo geiago urte. Iruarren malla zan auspez zeudenena. Malla onetan zeuden auspez: askotan ipintzen ziezten eskuak buru gañean Apaizen batek; eta egin bear zituen penitenzia txit samiñak, nola ziran ur, ta ogi barautzea, limosnak, eta beste onelako gauzak: eta botatzen zituen Elizatik ofrendarako. Laugarren malla zan Meza enzuten zuenena. Lenengo ira malletan denbora siñalatua ongi bete zuenai, utzitzen zitzaten Meza enzuten, baña ez Jaunaren maian jartzen, ez ofrendarik egiten penitenziako urteak igaro artean, aditzen da, eriotzako perill, edo beste bide andiren bat ezpazan penitenzia au bukatu ta, Elizaren barkazioa iritsi ondoan, biurtzen bazan bekataria lenekora, etzitzaion Sakramenturik ematen eriotzako orduaz kanpora, Aita Santu Inozenzio lenengoak dionez. Penitenzia egiten zeudenai debekatzen zitzaten ezkonza, zaldiz ibiltzea, festetara joatea. Aditu orañ, Mandamentu bakoitzaren kontrako bekatuentzat, Obispo Jaunak siñalatu izan zituen penitenzia batzuek.

        Lenengo Mandamentua da Jaungoikoa gauza guzien gañean amatzea: eta debekatzen du eskuz egindako idolo, edo Jaungoiko falsoak adoratzea. Bekatu onentzat eriotzaren pena ipiñi zuan Jaunak Lege zarrean. Lege berrian asko kuturtzen ziran idoloak adoratzera, zeren Errege, ta Enperadoreak ala agintzen zuen eriotzaren penarekin, eta biurtzen baziran Elizara, ipintzen zitzaizten penitenzia garratz, eta luzeak. S. Basiliok nai zuan, onelakoak bizitza guzia igarotzea Elizako ateetan negartien mallan, eriotzako orduaz kanpora Sakramenturik artu gabei. Ez da leku oetan idolatriaren perillik; baña eskuz egindako idoloen lekuan, ez dira adoratzen emengo ondasunak? Ez dira adoratzen aragizko idoloak? Eta nolako penitenzia ez litzake ipiñi bear bekatu onegatik?

        Bigarren Mandamentua da aren izen Santuaz juramentu alferrik ez egitea. Juramentu gezurraren egitea gauza itsusia da Jaunaren begietan, zeren gezurraren testigotzat ipintzen dan: eta S. Basiliok siñalatu zion amaika urteko penitenzia. Eun juramentu gezurrezko egin zituanari zer penitenzia emango zitzaion, amaika urtetakoa bazegokan juramentu bati? Eta zuk, Kristaua, penitenzia garratza dala, uste dezu, baldin agintzen badizue, goiz oro lurrean arrastatu dezazula mihia, ill bitan?

        Irugarren Mandamentua da festak, edo jai egunak santifikaizea. Lege zarrean Jaunaren egun, edo jai andia zan larunbata, eta ausitzen zuanari ipiñi zion Jaunak eriotzaren pena: morte moriatur: eta pena au eman zion Moisesek larunbatean egurra egiten arkitu zuan gizon bati. Jesu-Kristoren legea askoz gozoagoa da; alaere ipintzen ziran len, oraiñ baño penitenzia garratzagoak, jaiak autsitzen zituanentzat. Ara oetatik batzuek. Iru igandetan Elizaratzen etzanari, errian arkitzen zala, debekatzen zion Españiako Konzilio batek Elizan sartzea, eta Sakramentuak artzea. Onela eskomikuaren azpian bezala egon bearra zan Obispoak Elizan sartzeko, eta Sakramentuak artzeko baimena eman zegion artean. Bigarrena, Elizako ateetan, edo aurrean triskan ibilli zanari iru urteko penitenzia, esan ditugun malletan. Eta zer penitenzia ipiñiko zate Mezaurrean, errosarioa esaten denboran erausian, iskanbillan daudenai, edo pillotan dabiltzanai? Zer bezperetako denboran ostatuan deadarka daudenai? Irugarren penitenzia: Meza, edo bezperak esaten ziran denboran, Elizan itz egiten zuanari premia gabe, amar egunez ur, ta ogi barautzea. Eta zer penitenzia emango zaio ordu onean Meza entzutera ez datorrenari, edo Elizan lo egiten duanari? Laugarren penitenzia: igandean lan debekaturen bat egiten duanari iru egunetan ur, ta ogi barautzea. Penitenzia au eman bear balitzate zenbaiti, zenbat barauren zorrarekin egongo lirake oraiñ?

        Laugarren Mandamentua da Aita, ta Ama onratzea. Ara Mandamentu onen kontrako bekatuentzat siñalatu ziran penitenzia batzuek. Lenengoa: gurasoa jotzen zuanari zazpi urte penitenzian igarotzea, eta lege zarrean eriotzaren pena. Bigarrena, gurasoari bidegaberen bat egiten zionari iru urte penitenziako malletan igarotzea. Irugarrena, gurasoaren kontra birau egiten zuanari berrogei egunez ur, ta ogi barautzea. Penitenzia oek oraiñ emango balira, ez lirake diran bezeñ errebesak, eta lotsagabeak izango zenbait seme, ta alaba.

        Bostgarren Mandamentua da ez iñor iltzea. Mandanmentu onen kontrako bekatuentzat ipiñi oi ziran penitenzietatik batzuek dirade oek. Lenengoa: eriotza egiten zuenari S. Gregorio Nisakoak siñalatu zion ogei, ta zazpi urte penitenziako malletan igarotzea, Beste batzuek nai zuen bizitza guzia onela igarotzea: eta lege zarrak ipiñia zeukan eriotzaren pena. Bigarren penitenzia: aurdun ez geratzeko, edariak ematen zituanari, eriotza egiten zuanari bezala. Irugarren penitenzia: lagun urkoaganako gorrotoan bizi zanari ur, ta ogi barautzea, pakeak osotoro egin artean. Goazen seigarren Mandamentura.

        Mandamentu au da aragizko bekaturik ez egitea. Era askotara utsegiten da Mandamentu onen kontra, eta orregatik asko dira ematen ziran penitenziak. Enzun itzatzu, oetatik batzuek. Lenengoa, donzellaren bate ganako gura gaiztoari leku eman diona, bego urte betean penitenzia egiten. Bigarrena: bekaturik egiteko asmo gabe bere burua loitzen duanak itz desonestoakin, edo begiratze lotsagarriakin, igaro bitza ogei egun penitenzia egiten. Phelipe bigarrenak penitenzia gogorragoa ipiñi zien itz desonestoak esaten, eta kanta zikiñak kantatzen dituenai, bada agindu zuan eun azote emanik, bota zitezela erritik. Au da oitura itsusi bat anima asko galerazten duana, eta txit nekez sendatzen dana; baña sendatuko litzake Phelipe bigarrenaren penitenziarekin. Irugarren penitenzia: gizonezkoai agradatu naiez, ukenduz bere burua edertzen duana, iduki bedi penitenzia egiten iru urtez. Laugarren penitenzia: eskuz bere burua zikintzen duana, iduki bedi penitenzia egiten, lenengoan amar egunez, urrengoan ogei, gero ogei ta amar, eta atzenean eun egunetan. Bostgarrena, ezkongaia ezkongaiarekin erori bada obrazko bekatuan, igaro bitza zazpi urte penitenzia egiten. Ala zion S. Basiliok. Seigarrena, Mandamentu au autsitzeko estalkiñari ematen zitzaion bizitza guziko penitenzia, eta ukatzen zitzaizkan Sakramentuak, eriotzako orduaz kanpora. Españako legeak ala agindurik, erabiltzen dira onelako estalkiñak kalez kale asto gañean, borreroak azotatzen dituala: eta eraman oi due siñaletzat tontor farragarri bat. Onelako mandatari, ta estalkiñak eztira bearbada gutxi erri andietan, eta batzuetan gertalike txikietan ere zer, edo zer izatea; baña gutxituko lirake, legeak diona maiz egingo baliz.

        Zazpigarren penitenzia: aideak elkarrekin erortzen baziran, igaro bear zituen leku batzuetan amabost urte penitenziako malletan; eta lege zarrean zuen eriotzaren pena. Zortzigarren penitenzia: ezkonduak elkarri zor dioen leialtasuna autsitzen bazuen, San Basiliok siñalatzen ziezten amabost urte penitenzia egiteko, eta lege zarrean arrika iltzen zituen. Bederatzigarren penitenzia: gizonezkoak gizonezkoakin zenbait bekatu nazkagarri egitea, emakumeakin erortzea baño ere itsusiagoa da Jaunaren begietan, eta era berean emakumeak emakumeakin egitea: eta bekatu-mota onegatik auts biurtu zituan Jauna Sodoma, Gomorra, ta beste erri batzuek, eta Lot, bere emaztea, eta bi alaba ez beste gizon, eta emakume guziak, ala zarrak, nola gazteak an bukatu ziran. Españako Konzilio batek agindu zuan, onelako bekatari zikiñak zeudela bizitza guzian penitenzia egiten, eta eriotzako orduan ere etzekiela Komuniorik eman. Españako legeak eriotzaren pena ipintzen dieza onelakoai, eta gañera erretzen, eta auts biurtzen ditue. Ala askotan eginda gizonakin, eta zenbait aldiz emakumeakin ere bai. Amargarren penitenzia: gizonak bere emaztea bortxatuko balu asko gauz enas egitera, Elizak ematen ziozkan penitenzia luze, eta samiñak, baña Españako legeak samiñagoa, bada ipintzen dio eriotzaren pena. Antonio Gomezek dio, berak ekusi zuala Talavera deritzan Españako erri batean, nola, bizia kendurik, erre zuen gizon bat, zeren bere emaztea bortxatu zuan zenbait gauza itsusi egiteko. Amaikagarren penitenzia: abere, edo ganaduarekin zikinkeriak egiten baditu batek, S. Basiliok nai zuan, onelako zikiña idukitzea penitenziako malletan amabost urtez; baña gogorragoa zan Jaunak onelako bekatariari ipiñi zion pena, nola zan eriotzarena. Pena au bera ipiñia daukee Españako legeak, eta bizia kendurik, erretzen dira onelako enasak aberearekin batean. Ote da gure artean onelako bekatari nazkagarririk? Jakin beza bada (baldin onelakorik bada), Elizak Ama urrikarritsuak bezala artuko duala, baña justiziakoak jakiten badio, emango dioela legeak agintzen duan pena.

        Zazpigarren Mandomentua da ez ostutzea. Ara Mandamentu onen kontrako bekatuentzat siñalatu ziran penitenzia batzuek. Lenengoa: litxarreriak egiten dituana iduki bedi urte betean penitenzia egiten. Bigarrena, usurak egiten dituanak igaro bitza iru urte penitenziako malletan, eta lenengo urtea ur, ta ogi barautzen dala. Irugarren penitenzia: besteren gauza bide gaiztoz nai duana, eta ondasunen kutiziarekin itsutua dagoana bego penitenzia egiten iru urtean. Laugarrena, Elizako ofrendak, gordetzen, edo sisatzen dituanak, atera bitza berrogei barau ur, ta ogi. Bostgarrena, amarrenak beretzat gordetzen, edo egitea ez dituanak eman beza lau bider geiago, eta atera bitza ogei barau ur, ta ogi. Seigarrena: pisu, edo neurrian ostutzen duanak, atera bitza ogei barau ur, ta ogi.

        Zortzigarren Mandamentua da, testimonio falsorik ez altxatzea, ta gezurrik ez esatea, eta onen kontrako bekatuentzat ipiñi oi ziran penitenzietatik batzuek dira oek. Lenengoa, lagun urkoari egotzi badioe ez duan tatxaren bat, eta gezur au egia dala esaten duanak, igaro bitza amabost urte penitenzia egiten. Bigarrena: lagun urkoaren kontra itz egiteko griña txarra duanak, gezurra esaten badu, atera bitza zazpi barau ur, ta ogi. Uzten ditut beste penitenzia asko, geiegi luzatu ez nadin.

        Aditzen dezu, Kristaua, nolako penitenziak agintzen zituen anziñako denboran Obispo Jaunak? Zer dira oraiñ ipintzen diranak aen parean? Andienak ere ezer ez. Ta au onela izanik, gogo gaiztoarekin artuko ditugu ematen dizkiguen apurrak ere? Ea, ez gaitezen engañatu: bekatuan erori ezkero ez dago penitenzia egitea beste biderik Zerurako. Egin dezagun gogor, ta leialki agintzen zakuna, onela gure bekatuen zorrak gutxitzeko, eta gero iristeko betiko bizitza, Amen.

 

aurrekoa hurrengoa