www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMARGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean emeretzigarrena

 

ALABATUA &.

 

        «Konfesio on bat egiteko, bear dan bostgarren gauza zeñ da? Galdetzen du lenbiziko Komunioaren liburuak: eta erantzuten du: Satisfakzioa. Zer aditzen dezu Satisfakzioaren izenez? Konfesoreak emandako penitenzia leialki egitea. Konfesoreak ematen dion penitenzia egiteko asmo gabe konfesatzen danak zer bekatu egiten du? Bekatu larria. Emandako penitenzia autsitzen, edo egin gabe uzten duanak zer bekatu egiten du? Ausitzen badu penitenzia larria, eta aintzakotzat emana, bekatua izango da larria; baña autsitzen duan penitenzia txikia bada, txikia, edo beniala izango da alde onetatik egiten dan bekatua ere, gizon jakintsu askoren iritzian. Konfesoreak agintzen dizun penitenzia eziñ ongi egin dezakezuna bada, zer egingo dezu? Umilki eskatuko, edo erregutuko diot, alda degidala beste penitenzia batera, alda baditeke.

        Konfesoreak ematen diezten penitenziaz gañera, zer egiñ oi due Kristau onak? Ontzat, edo Jaunaren izenean artzen ditue emengo gurutze, edo samintasunak: eskeintzen diozkee Jaun berari beren obra guziak, eta egiten due alegiña induljenziak, edo barkazioak irabazteko». Orra lenbiziko Komunioaren liburuak satisfakzioaren gañean dakarrena.

        Guri ematen zaizkun penitenziak gure utsegiteai dagoztenak baño ariñagoak izan, oi dira noaski: eta beragatik geratuko zaku, bekatu barkatuai zegoten penaren zorra, eta zor au atera bear degu edo emen, edo Purgatorioko nekeen artean: eta atera dezakegu, dala emengo gurutze, edo samintasunak ontzat, eta Jaunaren izenean artzen ditugula, dala gure obra onak beraren onra, eta gloriarako egiten ditugula. Baña gerta diteke gure neke, eta obra onak zorraren diña ez izatea, zeren denbora luzeak joan zaizkigun bekatuaren bideetan, eta zor andien azpian geratu giñan, konfesio ona eginta ere. Ez ote da beste bideren bat zor au kentzeko? Bai, nere Kristaua, eta bide au da Elizak ematen dituan, barkazio, edo induljenziak irabaztea. Azkeneko aldian itzegin nizun, Kristaua, emengo gurutze, eta obra onen gañean. Gaurko Erakusaldia izango da barkazio, edo induljenzien gañean. Aurrena aditzera emango dizkitzut, Kristaua, barkazio oen berriak. Urrena, oek irabazteko, gure aldetik bear diran, gauzak. Entzun arretarekin..

 

 

§ I.

 

        Ekusirik Eliz Ama Santak, bere umeak bekatuen zorrez beteak, eta nekez oen mendetik irten zitezkeala; eta beste aldetik izugarriak dirala Purgatorioko penak, anziñatik, edo bere asieratik ipiñi zituan, bekatu barkatuai dagozten zorren barkazio, edo induljenziak, eskeintzen diozkala Jaunari bere gordairu, edo tesorotik Jesusen, Birjiña txit Santaren, eta beste Santuen nekeak.

        Egin due Elizaren etsaiak alegiña barkazio oen kontra; baña Jesu-Kristok berak esan zien Apostoluai: zuek barkatzen dieztezuenen bekatuak barkatuak izango dira: Quorum remisseritis peccata remilluntur eis. Itz oetan ematen zaio Elizari bekatuak barkatzeko eskua; eta bekatuak ditu bi gauza, bata da oben, edo kulpa, bestea pena.

        Esan det, Elizak bekatu barkatuen zorren alde eskeintzen diozkala Jaunari, bere gordairu, edo tesorotik Jesusen, Birjiña txit Santaren, eta beste Santuen nekeak. Au ongi aditzeko, eutzun itzatzu, Kristaua, orain ukitzera noan gauz oek. Lenengoa: edozeñ obra onek ditu bi gauza, bata da Zeruaren irabazia, eta bestea bekatuaren zorrak kentzeko egokia izatea. Bigarrena, obra ona egiten duanak, beretzat irabazia badu ere, eskeñi degioke Jaunari obra bera lagun urkoaren zorraren alde. Ala Elizaren lenengo denboretan Martiriak eskeintzen zituen beren oñazeak, eta eriotza penitenziako malletan zeuden zenbaiten alde. Irugarrena fedeko gauza da, Jesusen neke-oñazeak izan zirala neurririk gabe baliotsuak, eta bekatu guzien zorrak ateratzeko diña ezezik, askoz geiago. Oek utzi zituan bere Elizan gure bekatuen zorren alde, etzuan alabaña premiarik beretzat. Laugarrena, fedeko gauza da, Birjiña txit Santak etzuala izan bekaturik, eta bekatuen zorrik; beste aldetik igaro zituan gurutze, eta naigabeak, eta egin zituan obra onak, eta bekatuen zorrak ateratzeko, zuen balioa nora zan? Utzi zion Elizari. Au bera esan bear da beste martiri, eta Santu askoz; zeren egin zituen obra onak, eren bekatuen zorrak ateratzeko ezezik geiagorako ere asko ziran, eta geiago zan ura guzia utzi nai izan zuen Elizaren eskuetan. Orra, zer dan Elizaren gordairua, eta nondik eskeintzen diozkan Jaunari gure bekatuen zorrak ateratzeko nekeak, eta pagua: eta orra zertan dagoan, Elizak ematen dituan barkazio, edo induljenzien sustraia. S. Paulok Korintoko bekatari andi bati barkatu zion zegokan penitenzia Jesu-Kristoren izenean; eta Korintokoen erreguakgatik: beraz bazuan Jesu-Kristok emandako eskua bekatuen zorrak barkatzeko. S. Ziprianek dio, Martiriak eskatzen zuena penitenziako malletan zeudenen alde, ontzat eman zitekeala. Asko zan denbora aetan martiriorako karzelan zegoan batek bekatariren baten alde erregizea, barkatzeko oni penitenziako urte guziak. Eta orduan martiri baten erregua asko bazan, barkazio osoa emateko, zer ez dezake egin Eliz Ama Santak, Jesusen, Birjiña txit Santaren: eta Santuen obra on, eta nekeak Jaunari eskeintzen diozkala?

        Eliz Ama Santak bekatarien alde ematen dituan, barkazio oek batzuek dira osoak, edo plenariak, bekatuen zor guzia ateratzeko, eman oi diranak; besteak ez osoak, nola diran egun, edo urteren batzuetako barkazioa dakartenak. Batzuek dira illen, besteak bizien alde. Batzuetan induljenzia etorri izan da itz oekin: osoa, osoagoa, eta guziz osoa, eta aditzera ematen da, beregan danez, Aita Santuak ematen duala eman dezakean barkaziorik andiena. Beste batzuetan dator induljenzia itz oekin: onenbeste egun, urte, eta garizumetakoa: eta aditzera ematen da, anziñako eran denbora orietan penitenzia eginda, irabaziko zan adiña barkazio irabaziko dala Alita Santuak bidaltzen duan induljenzia au irabaztearekin. Bada induljenzia, edo barkazio bat jubileoaren izena ematen dioena. Lege zarrean berrogei ta amar urtetatik beñ zuen jubileo-urtea. Urte artan etzan ezer ereiten, eta zeuden lurrak atsedeten. Bartatzen ziran zorrak, eta saldu baziran lurren-batzuek, biurtzen zitzaizten leneko jabeai. Au onela egiten zan, etxe bakoitzean gorde zedin, Josuek Jaunaren agintez eman zion lurra. Jubileoko urtean Israeltarrak munduaren lau aldeetatik joan oi ziran Jerusalengo Elizara Jauna adoratzera. Jesu-Kristoren legean erri guzietan dira Elizak, Jauna adoratzeko; alaere jaiera andia zitzaion S. Pedroren Erromako Elizari, guzien amari bezala, eta ara joan oi ziran Errege, Obispo, eta malla guzietako jendeak: eta jaiera oni begiraturik, asi ziran Aita Santuak jubileoa deritzan barkazioa ipintzen, ez ordea, emengo zorrena, baizik bekatuen eta bekatuari darraikan penarena. Lenengo jubileoa ipiñi bide zuan Bonifazio zortzigarrenak, eta agindu zuan, eun urtetatik eun urtetara izan zedilla jubileoko urtea. Klemente seigarrenak berrogei, ta amar urtetatik beñ. Urbano seigarrenak ogei, ta amairu urtetatik beñ, eta Paulo bigarrenak agindu zuan, ogei ta bost urtetatik ogei ta bost urtetara izan zedilla jubileoko urtea: eta atzenean Elizaren premia andietan, eta Aita Santu berria sartzen danean, ipiñi izan da batzuetan jubileoa. Aurreneko denboran, jubileoa irabazteko joan bear zan Erromara, eta egin bear ziran Aita Santuak agintzen, edo siñalatzen zituan obra onak: baña gero etzan Erromara joan bearrik. Jubileoak, bekatuen zorra osotoro ateratzeaz gañera, dakar boto, edo promesak aldatzeko eskua. Zer boto, edo promesa diran oek, eta nola aldatu ditezkean, jakin dezake bakoitzak, premia duanean, bere konfesorea gandik.

        Anziñako denboran Obispo Jaunak eman oi zituen barkazio, edo induljenzia osoak ere, baña Elizak Aita Santuagan bakarrik ipiñi zuan esku au. Orra induljenzia, edo barkazioai dagozten zenbait berri. Dakuskun oraiñ, zer bear dan gure aldetik oek irabazteko.

 

 

§ II.

 

        Onetarako lenengo gauza da, agintzen diran, gauzak ongi egitea. Elizaren lenengo denboran Martirien bitartekotasunez eman oi ziran barkazioak, ezer egiteko kargarik ipiñi gabe, eta oraiñ ere ala eman oi zaizte eriotzako zorian arkitzen diranai; baña gañerakoan agindu oi ditu Aita Santuak obra onen batzuek. Bigarrena egin bear dira obra oek Aita Santuak aditzera ematen duan fiñerako. Irugarrena, induljenzia irabazi nai duanak, egon bear du Jaunaren grazian, azkeneko obra ipintzen duanean bederik. Laugarrena, induljenzia, edo barkazioak irabazi nai badituzu, erabaki ezazu zeregan, bekatuen zorrak obra onakin alegiñean ateratzea; diot au, zeren gizon jakiunde andikoak erakusten digue, induljenzia, edo barkazioak ez dirala, bekatuen zorrak ateratzeko, arretarik ipiñi nai ez duenentzat. Bostgarrena, induljenzia, edo barkazio osoa irabazi nai badezu, egitzu agintzen diran obrak alik ongiena, eta jaiera andiarekin; zeren beregan danez eman arren Aita Santuak barkazio osoa, eztakigu, zer prestaera, eta jaiera eskatzen duan Jaunak onetarako. Seigarrena barkazio osoa iristeko, ez da asko konfesio ona egitea Aita Santuak siñalatzen dituan beste obrakin batean, baizik sortu bear da gañera bekatu benialen damua; bestela oei dagozten penak eren oñean egongo dira. Orregatik egin bear da alegiña, benik beiñ bekatu benialetarako gogo, eta borondatea utzitzeko, eta akto fede, esperanza, karidade, eta kontriziozkoak egiteko: eta onela karidadearen suak kenduko ditu bekatu benialen erdoiak, eta anima geratuko da barkazio osoa iristeko aro eta sasoian. Atzenean induljenzia, edo barkazioa illentzakoa bada, zeregan erabaki bear dezu, norentzat irabazi nai dezun: eskatzen diran erreguak egin bear dira Aita Santuak adirazi duan fiñerako: eta alegiñean Jaunaren grazian zaudela, eta gutxienez bekaturako borondatea osotoro utzirik. Orra, nere Kristaua, nola gure bekatuen zorrak atera ditzakegun, ematen zaizkigun penitenziak ariñegiak balira ere. Atera ditzakegu emengo gurutze, eta samintasunak ontzat, eta Jaunaren izenean artzen ditugula. Atera ditzakegu, egiten ditugula obra onak, bakoitzak bere bizi modu, edo estaduan. Atera ditzakegu atzenean irabazten ditugula, Elizak ipintzen dituan, barkazio, edo induljenziak. Baña arretarik ezpada onetarako, egunetik egunera andiagoa izango da gure bekatuen zorra, eta nortaki, zeñ luzeak, eta noiz artekoak izango diran geroko, neke, eta penak. Denbora degun bitartean bizi gaitezen kontuz: onela iristeko gure bekatuen zorrak ateratzea, eta betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa