www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA EMEZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean seigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Gure Jesus onak gu ume zurtzen eran mundu galdu onetan ez uzteagatik, erabaki zuan gure artean geratzea, gure biotzetara etortzeko, eta bere ondasunak emateko. Orra, esan zien Apostoluai, zuekin nago eta egongo ere naiz munduaren bukaeraraño: Ecce ego vobiscum sum omnibus diebus usque ad consumationem saeculi. Onetarako ipiñi zuan Sakramentu miragarri ori, lenagoko Erakusaldietan adirazi dan eran: eta berekin dakartzi ondasun guziz andiak, prestaera onarekin artzen duen animentzat. Ondasun oen gañean asitzen da itz egiten lenbiziko Komunioaren liburua, eta galdetzen du gisa onetan.

        «Zer ondasun ote dakartzi Komunioko Sakramentuak? Erantzuten du: txit andi miragarriak, eta asko. Esaitzu andienak bederik. Lenengoa, animako janari, ta edaria dan bezala, animari graziaren bizitza ugaritzea. Bigarrena, ongi prestaturik artzen duanari bekatu benialak barkatzea. lrugarrena, bekatu larrian ez erortzeko sendagai txit andia izatea.

        Laugarrena, animaren etsaiak garaitzeko Zeruko indarrak ematea. Bostgarrena, bekatuak animan utzi oi dituan zauriak, nola diran onerako gogoaren gabea, eta gaitzerako makurtasuna sendatzea. Seigarrena, bekaturako oiturak, eta erraztasunak desegitea, eta birtuteak iristeko laguntzea.

        Zazpigarrena, prestaera ederrarekin artzen duanaren biotzean ixurtzea, askotan beintzat, bere gozotasun miragarriak, animako pakea, eta atsegin-kontentu garbiak. Zortzigarrena, betiko bizitza doatsuaren prendatzat gure biotzetan geratzea».

        Orra Komunioko Sakramentuak dakartzian ondasunen gañean lenbiziko Komunioaren liburuak erakusten diguna. Ondasun oen ezaguera gutxi due Kristaurik geienak, eta emendik datoz jaiera gutxirekin, Sakramentu au artzea. Orregatik gauz ona ezezik, premiazkoa da ondasun oek zuei adiraztea alik ongiena, eta lenengo irurak izango dira gaurko itzaldiaren gai guzia, eta emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia ere. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Komunioko Sakramentuak dakartzian ondasunen artean lenengoa da animako janari, ta edaria dan bezala, animari graziaren bizitza ugaritzea. Gorputzak badu bere bizitza, eta bizitza au ugaritzen, eta gordetzen da dagokan jan-edanarekin. Animak ere badu graziaren bizitza, oroi zaite ezperen konfesio on batekin zure animari gertatu zitzaionaz. Zure anima arkitzen zan bekatuz loitua, eta gorputz illa bezala. Etzan gai, edo gauza, ala zegoan bitartean, Zerurako irabazirik txikiena ere egiteko. Fedea eta esperanza illak arkitzen ziran, eta karidadearen birtute ederra galdu zan. Baña konfesioko Sakramentua ongi artu zenduan unean bertan Espiritu Santuak ixuri zuan zure animan graziaren doai miragarria. Doai bat zure anima piztu zuana bekatuaren eriotzatik. Doai bat, zu Jaungoikoaren adiskide, beraren seme, ta Zeruaren jabegai, edo heredero egin zinduana: Apaindu zinduan karidadearen birtute andiarekin, eta Espiritu Santuaren doaiakin, eta gisa onetan geratu ziñan Zerurako bidean ederki ibiltzeko bizirik. Ona zertan dagoan graziaren bizitza. Bizitza onek, irauteko, eskatzen du bere janari, ta edaria, bestela erraz argalduko, eta atzenean illko da. Zer janari, ta edari ote dira animarentzat, graziaren bizitzan irauteko? Otoiz, edo orazioa, Jaunaren itza, obra onai jarraitzea. Oekin ugaritzen da graziaren doaia. Baña Jesusen guganako ongi nai, eta amorio baztergabeak asmatu zuan beste janari, eta edari bat, ez gizonak, eta ez Aingeruak asma zezakeana, au da Jesus bera zure biotzera etortzea, ta grazia ugaritzea zure jaieraren neurrian, eta au da graziaren bizitza ugaritzea. Nere gorputza egiaz janaria da, eta odola edari, esaten digu Jesusek berak: Caro mea vere est cibus, et sanguis meus vere est potus.

        Zeruko janari au ongi, eta sarritan artzen duanarekin gertatzen da Elias Profetari gertatu zitzaionaren anzeko gauza bat. Bizia kendu nai zion Jezabel Erregiñak Eliasi, eta onek, Erregiñaren asmoen berri ziakianak bezala, iges egin zuan eremu batera. Aunatu zan, eta loak artu zuan arbola baten azpian. Esnatu zuan Aingeru batek, esaten ziola: Altxa ortik, eta jan ezazu. Begiratu zuan Profetak, zer ote zan Aingeruak ekarri ziona, eta ekusi zituan supeko opea bat, eta ura. Jan zuan, eta edan, eta lotara zan berriro. Etorri zan bigarren aldian Aingerua opill batekin, eta urarekin, esaten ziola jan ezazu, bada luzea da igaro bear dezun bidea. Egin zuan Profetak Aingeruaren esana, eta supeko opearen indarrarekin ibilli zan berrogei egun, ta berrogei gautako bide luzean. Aingeruak Eliasi ekarri zion supeko opea ark aditzera ematen zuan denboraz Jesus onak emango zuan, eta ematen duan Aldareko opea, edo Sakramentua: eta opea ark ainbeste denboran bizia eman bazion Eliasi. Zer egingo ez du, Kristaua, Sakramentu orretan zure biotzera datorren Zeruko ogiak, zuk ongi, eta sarritan artzen badezu? Eliasi opearekin gertatua baño, are geiago gertatu zitzaten Israeltarrai Zeruko manarekin. Ejiptoko katiberiotik irten ondoan, bizitu ziran Israeldarrak eremuan berrogei urtez. Etzan an ez ogirik, ez artorik, ez aragirik. Alaere urte aetan guzietan bazkatu zituan Jaunak, egun oro Zerutik bidaltzen zien manarekin: au zan inzaren gisa erortzen, eta azi txikia bezala gogorturik geratzen zan gauza bat. Janari au ere zan Aldareko Sakramentuaren iduria, eta Elizako gurasoak Sakramentu oni deitzen dioe Zeruko manaren izenarekin. Esan zadazu, nere Kristaua, Israeltarren mana ark ainbeste denboran, eta ainbeste laguni bizitza eman bazien. Zer egingo ez du Sakramentu orrek ongi artzen duen animetan? Baña zertako nekatzen gera, anziñako janari aek gogora ekartzen, Jesusek berak esaten digu, Ni jaten nauena, biziko da nigatik? Qui manducat me, et ipse vivet propter me.

        Baña gauz arrigarria! Alaere, Kristaurik geienak ez due janari au artzen, berandutik berandura baizik! Zeñ eskergabekeria itsusia! Baña goazen aurrera, eta dakuskun, Komunioko Sakramentuak dakarren, bigarren ondasuna.

 

 

§ II.

 

        Trentoko Konzilioak esaten digu, Sakramentu on dala, egun oroko bekatuetatik ateratzen gaituan, sendagaia; Antidotum, quo liberamur á culpis quotidianis. Emendik ateratzen degu, Komunioko Sa kramentuaren bigarren ondasuna dala bekatu benialak barkatzea. Baña zer bekatu dira oek, eta nola barkatzen ote ditu? Enzun, Kristaua esatera noana. Bekatu benialak batzuek dira Komunioko denboran bertan egiten diranak, edo gutxienez egiteko gogo, ta gustoan dirauenak. Urlia, egin dezagun kontu, Komunioko denboran dago gogoa beste gauzatan darabillela, edo janziaren, begiratzean modestia gutxirekin. Sandia da ergelkeriara, ibiltzera, janera, edanera, alferkeriara geiegi etziña, eta griña oek uzteko asmo gabe jartzen da Jaunaren maiean. Bekatu oek dira Komunioko denboran bertan egiten diran edo dirauenak, eta ez ditu barkatzen aldi artako Komunioak; nola alabaña barkatuko ditu, orduan bertan egiten badira? edo biotza, aetan erortzeko, prest arkitzen bada? Badira beste bekatu benial batzuek, ez komunioko denboran, baizik lenago gertatu diranak, eta oek izan ditezela gutxi, edo asko, kentzen, eta barkatzen ditu Komunioak, utzi badu biotzak aetara biurtzeko gogo, edo asmoa. Ala erakusten digu Santo Tomasek, eta onekin batean Teologoak.

        Baña nola barkatzen ote ditu bekatu oek? Ara nola. Jesus ona Sakramentu orretan arkitzen da anima onetarako ongi nai, eta amoriozko karobi erazekia bezala. Etorri nintzan, dio, mundura, Jaunaren amoriozko sua animetan zabaltzera, eta zer nai det, su au erazekitzea baizik? Ignem veni mittere in terram ¿et quid volo, nisi ut accendatur?

        Eta prestaera onarekin artzen danean, esnatzen du fedea, eta ekusten dio animari Jaunaren ontasun neurri, ta mugarik ez duana: esnatzen da gañera betikotasun guzian bera ekusteko, amatzeko, eta gozatzeko ustea, eta ondoren jaiotzen da animan, Jaunaganako amorioaren sua. Su onek desegiten ditu bekatu benial igarotako guziak, eta oetatik datorren animako epeldasuna. Burnia, erdoitua egon arren, garbitzen da, sutegian galdatzen danean, zeren suak jaten diozkan erdoiak eta au gertatzen zaio animan, prestaera onarekin artzen badu Sakramentu ori.

        Baña izanik au onela, dan bezala, nola gerta diteke, eta gertatzen da S. Paulok diona, au da Sakramentu ori artuta ere asko argalak, ta erkituak bezala egotea animaren aldetik? Multi inbecilles. Gertatzen da au, zeren jaiera, eta debozio gutxirekin jartzen geran Jaunaren maiean. Zeren gañera gure biotzak, olagarroa arkaitzari bezala, asko utsegite txikiri itsatsiak dauden. Zeren atzenean, Sakramentu ori artu ondoan betarik artu nai ez dan Jaunaren amoriozko sua biotzean sortzeko, eta beta artu lekuan, Elizatik lenbait len iges egiten dan. Nola burniari kenduko zaizka erdoiak sutegian, berotu dedin baño lenago sutegitik ateratzen bada? Ez da beraz zer miretsi, S. Paulok diona gertatzeaz, naiz artu dezala batek Sakramentu ori sarritan, naiz egun oro urteetan, eta urteetan. Ekusi dezagun oraiñ Komunioko Sakramentuak dakarren irugarren ondasuna.

 

 

§ III.

 

        Ondasun au da bekatu larri, edo mortalean ez erortzeko sendagai txit andia izatea. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak: Antidolum, quo... á peccatis mortalibus praeservamur. Nola gordetzen ote du anima bekatu larrietan erortzetik? Gordetzen du anima benik beñ, zeren, esan degun bezala, ugaritzen dan graziaren doai, eta bizitza, eta zenbat eta au geiago ugaritzen dan, anbat urrutiago arkitzen da animaren eriotza, edo bekatu mortala. Zeren gañera ematen dituan Zeruko laguntza, eta indar berriak bekatuaren bideetatik aldegiteko, eta bekatuari lekurik ez emateko. Atzenean, zeren Sakramentu on, ongi artuta, biotzean dagoanean, izutzen, eta aienatzen duan etsaia. Badakus etsaiak, Sakramentu orretan dagoala, hura gurutzean garaitu zuan, Jesus Jaungoiko-gizona, eta jarri dala ongi komulgatu danaren biotzean: oroitzen da Pasioko denboran gertatuaz, eta igesi dijoa, zakurra len burua ausi dionagandik joan oi dan bezala. Orra nola gordetzen duan Sakramentu orrek anima bekatu larrietatik.

        Bazan Paradisuan arbola bat bizitzarena deitzen zitzaiona. Añ miragarria zan aren indarra, non beraren frutarekin bizi zitekean gizona, eritasunik, zartze, eta eriotzarik ekusi bage; eta Sakramentu ori ez da gutxiago animarentzat; ori janaz alabaña bizi diteke anima bat, bekatu larri, edo mortalean erori gabe. Ogi au jaten duana, dio Jesusek berak, biziko da beti: Vivet in aeternum. Ogi au Zerutik datorrena da: eta ez da illko ogi onetatik jaten duana: Hic est panis de Caelo descendens, ut siquis ex ipso manducaverit non morietur.

        Alaere asko daude illak animaren aldetik, S. Paulok dionez: Dormiunt multi, zeren Sakramentu ori gaizki artzen, eta animaren puzoi biurtzen duen. Nor ote dira oek? Oek dira dotrina ikastera saiatzen ez diranak. Oek dira bekaturako bideak uzteko biotzik ez duenak. Oek dira, lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen, itzegite, eta modu itsusiak utzi nai ez dituenak. Oek dira besteren gauza jabeari biurtzeko arretarik ez duenak, eta era berean bekaturako oiturak desegiteko neurri egokiak artu nai ez dituenak, Oek guziak bizitzaren arbolatik jaten due, eta alaere illak daude: Dormiunt multi.

        Nere Kristaua, Sakramentu miragarri orren ondasun añ andiak galdu naiko dituzu emengo aurkeri, ta emengo ezer ezagatik? Non da zure fede, edo sinistea? Ea oraindañoko utsegiteen barkazioa eskatu degiogun Jaunari, eta egin dezagun asmo osoa, emendik aurrera Komunioko Sakramentuaren frutuak prestaera onarekin irabazteko. Jarri gaitezen onetarako Jaunaren aurrean belauniko, eta gogora ekarri ditzakun denbora piska batean ukitu ditugun gauzak (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai).

 

1.

        Begira, Kristaua, Komunioko Sakramentuak dakartzian ondasunen artean lenengoa dala animari graziaren bizitza ugaritzea. Ni jaten nauana, biziko da dio Jesus onak: Qui manducat me, et ipse vivet propter me. Alaere asko dira Sakramentu on artzen ez duenak berandutik berandura baizik, eta orduan ere bortxaz bezala. Ez ote da zurekin ere au bera gertatu, aditzen zauden, Kristaua? Ez ote zera isekaz egon, sarritan Sakramentu on artzen duenen kontra?...

 

2.

        Begira bigarrena, nola Sakramentu orrek barkatzen dituan bekatu benialak, prestaera onarekin artzen bada. Antidolum, quo liberamur á culpis quotidianis. Onela artzen duan animan esnatzen du fede, ta esperanza, eta erazekitzen du karidade, edo Jaungoikoaren amorioa, eta onek desegiten ditu bekatu benialen erdoiak. Baña au egin ote du, Kristaua, zurekin? Ez noaski, zeren, zu jartzen zeran Jaunaren maiean jaiera, ta debozio gutxirekin, eta Jauna artu ondoan arretarik ipintzen ez dezun karidadearen sua piztutzeko. Gañera zure biotza komunioko denboran bertan itsatsia dago emengo aurkeri, ta griña txarrai, eta nola barkatuko dizkigu bekatu benialak era onetan artzen degula Komunio Santua?...

 

3.

        Begira atzenean, Sakramentu on dala bekatu larri, edo mortaletan ez erortzeko sendagai txit andia. Antidotum, quo... a peccatis mortalibus praeservamur. Au da egiaz bizitzaren arbola, eta emendik jaten duana biziko da beti, dio Jesusek berak. Vivet in aeternum. Alaere Kristaurik geienak illak daude bekatuan. Eta nola ote gaude gu Jaunaren aurrean?... (Altxatzen da Erakuslea zerbait denbora gauz oek gogoan erabiltzen igarorik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Nere salbatzalle maitagarria! nere animaren bizitza! Berandu ezagutu det, nolako ondasunak Sakramentu orretan guretzat prestatu dituzun, eta orregatik añ erraz galdu izan ditut oraindaño. Zer egin aldezaket nik, kalte au desegiteko? Nik egin dezakedana da zuri Aita urrikaritsuari bezala barkazioa eskatzea, ta aurrera zu sarritan, eta prestaera onarekin artzea. Au da nere asmo guzia; baña ez naiz gai, edo gauza au egiteko zure lagunza gabe. lndazu bada lagunz au, onekin egin dezadan nik leialki, oraiñ erabaki dedana: onela zure ondasunak Sakramentu orretan artzeko, zure grazian irauteko, eta iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa