www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA BEDERATZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amazazpigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian itz egin nizun, Kristaua, komunioko Sakramentua artzeko guziok degun eginbide, edo obligazioaren gañean. Oraiñ lenbiziko komunioaren liburuak ukitzen ditu aurreneko komunioari dagozkan, gauzak, eta galdetzen du gisa onetan.

        «Noiz egin bear due aurrak lenbiziko komunioa? Erantzuten du. Komunioko Sakramentuaren, eta Sakramentu berak dakartzian ondasunen ezaguera, eta gustoa igarritzen zatenean. Noiz azaldu, edo agertu oi da aurretan ezaguera, eta gusto au? Amar urteetatik amalauren bitartean, geienetan beintzat.

        Zer bear da lenbiziko komunio au aurrak ongi egiteko? Iru gauza, baraurik, eta Jaunaren grazian egoteaz gañera. Zein dira? Lenengoa dotrinaren lau Parteak ongi jakitea. Bigarrena, konfesioko ta komunioko Sakramentuari dagozten gauzak ere jakitea. Irugarrena, ongi konfesatzeko, eta komulgatzeko prestaera nola egin ikastea. Zergatik ori? Zeren prestaera au ikasten ez duan aurra konfesio, ta komunio gaiztoak egiteko perillean biziko dan.

        Pazkoaz, edo zeñ egunez egin bear due aurrak lenbiziko komunioa? Ori erabaki bear due animen arzaiak. Lenbiziko komunioa egiteko berritu bear ote dira arterañoko konfesioak? Ez, Jauna, ongi egiñak badira; baña nola aur-denborako konfesioak egiñ oi diran nola nai, eta ardura gutxirekin, berritu oi ditue leku batzuetan lenbiziko komuniorako. Erakusleak. Ongi diozu: eta konfesioak ezezik, bataioan emandako itzak ere berritzen ditue». Ona zer erakusten digun lenbiziko komunioaren liburuak aurreneko komunioaren gañean.

        Gauz oek berak izango dira gaurko itzaldiaren gaia. Aurrena ukituko ditut lenbiziko komunioari dagozkan gauzak. Urrena gai onetan gurasoak izan oi duen zabarkeria negargarria. Azkenean, ukituko det otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen.

 

 

§ I.

 

        Anziñako denboran leku askotan eman oi zitzaten aur jaio berriai ere komunioko Sakramentua bataio, ta konfirmazioarekin batean, eta oitura au gorde zan denbora luzean; baña etzan premiazko gauza, ez graziaren apaindura ederra aurrari emateko, zeren au artzen duan bataioarekin, ez eta graziaren doaia ez galtzeko ere zeren ezin au galdu dezakean aurrak, gaitzaren, eta onaren ezagueran sartu dedin artean. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak. Etzan oitura au gaiztoa, eta ez du aintzakotzat eman Eliz Ama Santak; baña etzan erraz Sakramentu miragarri orri zor zaion begiramentu, edo errespetoa ongi gordetzea, ematen zitzatela aur ezaguerarik etzuenai: eta utziaz joan ziran Obispo Jaunak anziñako oitura ura. Beste aldetik, Elizak, komunioko Sakramentua artzeko Kristau guziai ipiñi zien, agintean etzituan aitatu ezagueran sartu ziranak baizik.

        Aginte au Elizak ipiñi zuanean, sinits diteke, komunioko Sakramentua artu bear zuela, konfesatzeko adiñean sartu ziran guziak; artean alabaña aur jaio berriai ere eman oi zitzaten asko lekutan. Baña andia da Sakramentu orrek eskatzen duan begiramentua, eta gizon jakintsu askoren iritzia izan zan, etzitzatela komunioko Sakramentua eman bear konfesatzen ziran aur guziai, baizik itxedon bear zala, Sakramentuaren, eta Sakramentu onek dakartzian ondasunen ezaguera, eta gustoa igerri zekien artean: eta iritzi au ipiñi zan Rituala deritzan Elizako liburuan. Ezaguera, ta gusto au lenago izango due aur batzuek, besteak baño; batzuek alabaña adimentu argiagoa, aziera, ta era obea due besteak baño; baña geienetan igerri oi da amar urteetatik amalauen bitartean. Au aditzen da osasuna dan bitartean, zeren iltzeko perillean badago aurra, eta gaitzaren, ta onaren ezagueran sartua bada, emango zaio komunioa Biatikoa bezala, alik ongiena erakusten zaizkala gauzarik bearrenak.

        Baña zer bear ote da lenbiziko komunio au aurrak ongi egiteko? Baraurik, eta Jaunaren grazian egoteaz gañera, bear dira iru gauza. Lenengoa da dotrinaren lau Parteak ongi jakitea. Lau parte oek dotrinako liburutxoak dakartzian eran, dira gaitzaren, eta onaren ezagueran sartzean aurrak jakin bear dituan gauzak. Lenengo partean erakusten dira fedeko misteriorik andienak. Bigarren partean, nola erregutu bear diogun Jaunari, Zerurako bidean bear ditugun gauzak iristeko. Irugarren partean, zer egin bear degun Zerurako. Laugarrenean, zer diran, eta zertako Sakramentu guziak, eta bakoitza. Oek dira dotrinaren lau parteak, edo Kristauak ezagueran sartzen danetik jakin bear dituan lau gauzak. Eta ezpadakizki gauz oek, nola emango zaio komunioko Sakramentua? Lenbiziko komunioa ongi egiteko bear dan bigarren gauza da konfesio, ta komunioko Sakramentuari dagozten gauzak ere jakitea. Dotrinako liburutxoak ukitzen ditu bi Sakramentu oek, baña kontentatzen da, aur batek ezagueran sartzen danean jakin bear duana adiraztearekin. Badatorkio aurrari konfesatzeko, ta komulgatzeko denbora, eta orduan, dotrinako liburuak dakarren argi pixka ez du asko, gauzak ongi egiteko, guziok dakigun bezala. Lenbiziko komunioa ongi egiteko bear dan irugarren gauza da ongi konfesatzeko, ta komulgatzeko prestaera nola egin jakitea. Ala erakusten digu Aita Santu Benedikto amairugarrenak dotrinako bere liburuan. Prestaera au ikasten ezpadu aurrak lenbiziko komuniorako, beti biziko da konfesio, ta komunio gaiztoak egiteko perillean. Gerta liteke onelako Kristauak, suertez bezala, konfesio onen bat egitea, zeren konfesoreak lagundu dion; baña askotan usteko du konfesoreak, ongi prestatua dagoala bekataria eta emango dio absoluzioa, prestaera nola egin ez dakianari. Zer esango det, eriotzako perillean, eta konfesore gabe arkitzen bada onelako Kristaua? Nola moldatuko da, ezpadaki nola fedearen argiarekin gogora ekarri bear dituan onezko damu, edo kontrizio osoaren bideak? Dakuskun oraiñ gai onetan gurasoak izan oi duen zabarkeria negargarria.

 

 

§ II.

 

        Badakit, eta atsegin andiarekin aitortzen det, guraso asko dirala emen, eta inguruko errietan, ederki dakienak ongi konfesatzeko, ta komulgatzeko prestaera, eta alegiña egiten duenak beren aurrai ere erakusteko. Baña beste asko arkituko dira non nai guziz jakinezak, zabarrak, eta sasiko abereak bezala bizi diranak. Arkituko dira Dotrinaren lau parteen izenik aditu ez duenak, eta galdetuko due: Zer dira parte oriek? Arkituko dira Nere Jesu-Kristo Jauna, edo onezko damua sortzeko itzak ez dakizkienak. Arkituko dira, nola examina egin ikasi ez duenak. Arkituko dira, bekatu jatorrizko, edo orijinalaren berririk ez duenak: eta oek nola adituko due Enkarnazioko Misterioa, edo Trinidadeko bigarren Personaren gizon egitea? Egin zan alabaña gizon, Adanek bere bekatuarekin beretzat, eta guretzat galdu zuan animako grazia, eta Zerurako eskua guri biurtzeko, eta kosta zitzaion gurutzean bizitza ematea. Arkituko dira grazia zer dan eztakienak, eta galdetzen bazate, eranzuten due: ez da gure errian orrelako gauzarik galdetzen. Eta añ landugabeak badira guraso oek zer ikasiko due oen umeak? Ikasi lezakee bear adiña, bidalduko balitue eskolara, edo dotriña erakusten dan tokira; baña nola berak ezer ez dakien, ez ditue bidaltzen eskolara, eta dioe: orrelako gabe igaro degu guk gure denbora. Ah! guraso doakabea! Zertako artu zenduan ezkontzako Sakramentua? Zenzurik ez duen abereak bezala bizitzeko? Atozea, etzitzatzun orduan erakutsi, ezkontzako Sakramentua dala ezkonduak pakean bizitzeko, eta aurrik izaten badue, oek Zerurako azi ditzeen? Ez ote dezu oraiñ bederik asmo oso bat egingo, alik ongiena dagokizun dotrina ikasteko, eta aurrak, erakusten dan, lekura bidaltzeko? Asmo au bertatik sortu dedin zure biotzean, gogora ekarri ditzakun denbora pixka batean, gaur ukitu ditudan, gauz oek. Jarri gaitezen onetarako Jaunaren aurrean belauniko. (Ala jartzen dira guziak, ta Erakuslea ere bai).

 

 

§ III.

 

1

        Begira, Kristaua, zer bear dan lenbiziko komunioa ongi egiteko, eta nola egin zenduan, ta zauden gaurko egunean ere. Ikasi ote zinduan ordurako dotrinaren lau parteak, ta ongi konfesatzeko, ta komulgatzeko prestaera? Ote dakizkitzu oraiñ ere? Ez ote zera igesi ibiltzen dotrinetatik? Zer nai dezu nik esatea? Zer, Jesusek diona baizik? Jaungoikoarena danak, dio, entzuten ditu Jaungoikoaren itzak: Qui ex Deo est, verba Dei audit. Argatik ez dituzue zuek enzuten, zeren Jaungoikoarenak etzeraten: Propterea vos non auditis, quia ex Deo non estis.

 

2

        Begira gañera, zure umeai erakutsi dieztezun lenbiziko komuniorako bear diran gauzak: edo beintzat bidaldu dituzun ikasteko lekura. Ai! Au onela egin bearrean, etxean iduki dituzu eskolara bidaldu gabe! Arreta geiagorekin begiratu diozu zure idisko, eta bigatxen azierari. Ez dira zu bezalakoak gurasoak, baizik eralleak, dio S. Bernardok: Non parentes, sed peremptores. Eta S. Paulok dio, ezpadu batek bereen, batez ere etxekoen ardura, edo konturik, ukatu du kargua artzean eman zuan itza, eta fede gabea baño ere gaiztoagoa da: Siquis suorum, et maxime domesticorum curam non habet, fidem negavit, et est infideli deterior. Lotsa gaitezen gure zabarkeriaz, eta egin dezagun asmo osoa, aurrera guri dagozkigun, gauzak ongi ikasteko, eta gure kontukoai erakusteko... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia gisa onetan).

 

3

        Kristaua, aditu dituzun egia oekin, azkartu zaite, eta egizu alegiña Jaunaren itza gogo, eta egarri andiarekin enzuteko. Bidaldu itzatzu aurrak eskolara Zerurako bidea ikasi dezeen artean. Gazteak, gazte dan bitartean artzen duan bidea ez oi du utzi zartzen danean ere. Adolescens juxta viam suam, etiam cum senuerit non recedet ab ea. (Prov. 22). Etzaitezela onenbesterekin kontentatu. Lenbiziko komunioa egin duen aurrak bidal itzatzu dotrinetara, eta sarritan konfesatzera. Onela geratuko dira ederki ikasiak, eta izango dira zure onra, eta atsegin andia, eta uste izan dezakezu, emengo egunak ongi bukatzea, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa