www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI, TA BOSTGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amairugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Komunio gaiztoa ez egiteko bear dira iru gauza, eta oek aditu zinduan, Kristaua, azkeneko aldian; baña galdetzen du lenbiziko komunioaren liburuak gisa onetan.

        «Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko zer geiago bear da? Erantzuten du: bost gauza. Zein dira. Lenengoa da garbitzea anima, bekatu larrien loietatik ezezik, benialen gogoetatik ere bai. Zergatik garbitu bear da anima bekatu benialen gogoetatik? Zeren ala aditzera eman zigun Jesu-Kristok, Apostoluai oñak garbitzean; eta gañera zeren bekatu benialak ezaguera osoarekin, eta ardura gabe egiten badira, galtzen diran Sakramentu onen ondasunetatik asko. Zeñ da bigarrena? Anima ederki apaintzea fede, esperanza, karidade, eta beste birtuteen afektoakin. Zein da irugarrena? Asmo, edo intenzio garbia. Zer aditzen dezu asmo, edo intenzio garbiaren izenez? Aditzen det, komunioko Sakramentua artu bear degula, ez bortxaz, edo borondate gabe; ez besteak egiten duena egiteagatik; ez oitura utsez, baizik bizitz onean, eta Jesu-Kristoren amorioan aurreratzeagatik, edo beste onen antzeko fiñen bategatik. Zein da laugarrena? Janzian modestia. Eta onela dijoaz arrotasun andiarekin janzirik, eta bear bada bularrak estali gabe komunioko maiean jartzen diranak? Ez, Jauna; eta orregatik ukatu bear zate Sakramentua. Zein da bostgarrena? Beldur Santu, eta errespeto andi bat erakustea, egoeran, begiratzean, eta modu guzietan, Noren maiean jarri, eta Nor artu bear dan begiraturik».

        Bost gauza oen gañean ere esan nuan zerbait leneko Erakusaldian, eta balantzan bezala egon naiz, orrenbesterekin utziko dedan, edo ez gai au; baña uste det, ez dirala gauz oek beiñere aditzera eman premiaren neurrian, eta orregatik erabaki det, gauza beren oroipena berritzea: eta alik ongiena aditzera emango ditut, lenengo lekuan, komunioko liburuak dakartzian, bost gauz oek. Urrena, zer, eta nola egin gentzakean konfesioaren ondoren komunioaren aurretik, beta danean. Enzun arretarekin, nere Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Komunioko Sakramentua bere ondasunetan da ondorik ez duan itsasoaren eran, eta alaere batzuek ez due Sakramentuaren ondasunetatik batere artzen; beste batzuek artzen due gutxi, eta besteak naroro, edo ugari. Zertan ote dago au? Bakoitzak daraman onzi, edo prestaeran. Itsasora ur billa bazoaz onzi zulodunarekin, ur gabe geldituko zera; onzi txikiarekin bazoaz, ur gutxi aterako dezu; baña asko, onzi on, eta galantarekin joaten bazera. Orregatik gauza bearra da, nere Kristau, guk ongi begiratzea, zer bear dan komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro artzeko.

        Onetarako bear dan lenbiziko gauza da garbitzea anima, bekatu larrien loietatik ezezik, benialen gogoetatik ere bai. Bekatu benialak batzuek dira igaroen izena Santo Tomasek ematen dienak. Oek dira len egiñak, baña komunioko denboran ez dirauenak. Demagun, zuk izan dezula, etxean ezin egona, eta ergelkerian batetik bestera ibiltzeko griña, baña gauza gaizto andirik egiteko perill gabe. Ezagutzen dezu, txorasken ibillerak dirala oek, eta uzten dituzu, ala berak, nola oetarako borondate, eta gogoak. Orduan bekatu benial oez ez due eragozten komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzea, Santo Tomasek dionez: Peccata venialia (praeterita) nullo modo impediunt effectum hujus Sacramenti. Beste bekatu benial batzuek dira komunioko denboran bertan egiten diranak, eta era askotara gerta diteke au. Lenengo lekuan Sakramentua artzen bada munduaren begietan onaren izena iristeko. Bigarrena, komunioko denboran bertan gogoa badauka batek bere naiez munduko aurkerietan. Irugarrena, denbora artan bertan gogoa itsatsia badauka bekatu benialen batzuetan, egin dezagun kontu onra, ondasun, apaindura, erausi, jan, edan, eta beste onelako gauzetan. Laugarrena, denbora artan egiten bada Sakramentuari zor zaion begiramentu, edo errespetoaren kontrako gauzaren bat beigratzean, edo beste moduren batean. Bekatu oek (berenez benialak izan arren) eragozten due komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro, edo ugari artzea. Orregatik benaz utzi bear ditugu oetarako gogoetak, Jaunaren maiean jartzeko. Au aditzera eman zigun Jesus onak, Apostoluai oñak garbitzean. Eman nai zien lenbiziko komunioa: Judas ez, besteak garbiak arkitzen ziran bekatu larrietatik, baña zituen eren gogoeta, eta utsegite txikiak, eta oek utzierazteko garbitu ziezten oñak. Ekusten det, prestaerarik ederrena eginda ere, izango ditugula bekatu benialak, baña denbora berean ekusia dago, utzi dezakegula aetarako borondate, ta gogoa. Neke da bidez egun oro ibiltzea, eta bideko autsa oñetakoai ez itsastea; alaere ez da neke andia alik garbiroena ibilli nai izatea, eta maiean jartzeko autsak kentzea.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko bear dan bigarren gauza da, fede, esperanza, karidade, eta beste birtuteen afektoakin anima apaintzea: eta au erakusten da lenbiziko komunioaren liburuan. Etxeren batera Erregeren batek joan nai duanean, ez da asko etxea garbitzea, baizik al dan ongiena apaindu bear da. Eta au egiten bada, munduko Errege bat, Obispo Jaun, edo beste gizon andiren bat artzeko etxean, zer egin bear ezta Errege guzien Errege gure biotzetan artzeko? Orregatik piztu bear da fedearen argia, eta argi onekin gogora ekarri bear degu, Nor dan gugana datorrena, norgana, eta zertara datorren. Emendik erraz esnatzen da esperanza, eta karidadea, edo Jaungoikoaganako ongi nai, eta amorioa. Baña  zer gertatzen da? Asko ez dira gauz oetara saiatzen, beste askok doi doia dakie zer artu bear duen, eta geienak emengo arazo, eta kezken barrengo otsarekin, ez dira ongi oartzen, zertara dijoazen.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko bear dan, irugarren gauza da, asmo, edo intenzio garbia, egin dezagun kontu bizitza onean irauteko, eta Jesusen amorioan aurreratzeko asmoa; baña zenbat izango dira onelako asmo garbirik gabe Jaunaren maiean jartzen diranak? Zenbat bortxaz, gogoaren kontra, eta berandutik berandura artzen duenak? Zenbat oitura utsez, edo bizitza ontzeko gogo andi gabe komulgatzen diranak? Orregatik garbitu bear degu gure asmoa Sakramentu ori artzeko, eta onetarako sortu bear degu beraren ondasunak iristeko gose, eta egarria. Gogo, ta gose gabe artzen dan janariak, dan onenak ere, on gutxi egingo dio bati, eta gertatuko zaio Israeltarrai manarekin gertatua. Oek bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean: neke andiak, eta ezin irozo zituenak eragiten zitzaizten, ta aen janaria izan oi zan dongea, nola ziran porru, baratzuri, edo beste onelako gauzak. Atera zituan andik Jaunak, egiten zituala asko gauza miragarri, eta sartu ziran eremu andi batean. Etzegoan an ogirik, artorik, eta jateko gauzarik, eta Jaunak egun oro (larunbataz kanpora) bidaltzen zien Zerutik, mana zeritzan janaria: janari bat txit gozo, eta gusto andikoa. Baña nola oituak zeuden janari txarretara, etzuen jaten askok mana gogoarekin, eta asi ziran esaten: nazkatzen, eta goragalea ematen digu janari ezerez onek: Nauseat anima nostra super cibo isto levissimo (Numer. 21). Au bera gertatzen da gogo gabe artzen dan beste janari edozeñekin, eta orobat komunioko Sakramentuarekin. Zeruko janari onek artzallearen aldetik eskatzen du gosea, dio S. Agustiñek, eta Birjiña txit Santak esan zuan: gose diranak ondasunez beteko dituala Jaunak: Esurientes implebit bonis.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko bear dan laugarren guaza da janzian modestia. Ez da ongi Jaunaren maiean jartzea soñeko enasakin, ez eta arroakin ere, eta are gutxiago goiak salgai bezala erakusten dirala. Orregatik Aita Santu Inozenzio, eta Klemente amaikagarrenak agindu zuen, ez dakiela konfesio, ta komuniorako lekurik eman bularrak, eta sorbalda estali gabe datozenai. Agindu zuen gañera, ez ditezela izan estalkiak lasaiak, baizik tapituak. Ez da, Jaunari eskerrak, gure errietan alde onetatik gauz andirik ekusten, eta dirudi, emakumeak elkarren leian darraizkala modestiari. Baña neke da, askoren artean buru arro, edo txaraskaren batzuek ez arkitzea: eta noizean beñ ekusiko dira manteliña lasaiak, gorpuz guzia erakusteko egokiak. Ekusiko dira goiak ongi estaltzen ez dituenak, eta orratzik ipintzen ez duenak. Ekusiko dira dagoten baño apaindura geiago darabiltenak. Eta ez ote dira gizonen artean ere gizantx, edo anyere biurtu diranak? Oek guziak galtzen ditue komunioko Sakramentuaren ondasun ugariak.

        Azkenean komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, jarri bear da Jaunaren maiean begiramentu, eta beldur andi batekin, gogora ekartzen dala, Noren maiean jarri, eta nor artu bear dan. Testamentuko kutxa etzan Sakramentu orren iduria baizik: Alaere nai izan zuan Jaunak, kutxa oni begiramentu andi bat gordetzea, alako eran, non berrogei, ta amar milla Betsamita ill-otzak geratu ziran, zeren saloegi ibilli ziran kutxa ekusi naiez. Nolako beldur, eta begiramentua zorko ez diogu bada Sakramentu orri, testamentuko kutxari alakoa zor bazitzaion?

        Orra, nere Kristaua, zer bear dan gure aldetik komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro artzeko. Batzuetan guretatzen da, alik ongiena batek bere biotza prestatzea konfesioko Sakramentuarekin, eta konfesioaren ondoren bereala Sakramentua artu bear, edo nai izatea. Orduan len egin duan prestaera, eta fede bizi bat sortzea asko da Sakramentu miragarri ori, eta beraren ondasunak artzeko. Beste batzuetan gertatzen da, konfesioaren ondoren beta izatea, komunioa artu baño len zerbait denbora igarotzeko. Orregatik oraiñ ekusi bear degu, zer eta nola egin gentzakean orduan.

 

 

§ II.

 

        Konfesioaren ondoren jarri zaite leku egoki batean, eta eman giozkatzu Jaunari eskerrak. «Nere Jaun Jaungoikoa, esan degiokezu, nere Aita guziz maitagarria: zure seme Jesusek utzi zuan konfesioko Sakramentua, gure animak sendatzeko. Sakramentu au ongi artzen duanari barkatzen diozkatzu bekatuak, Jesusen eriotza, ta merezimentuak bitarteko dirala: eta uste det, au bera egin dezula nerekin ere, Apaizak barkazioa, edo absoluzioa eman didanean. O ontasun, eta urrikimentu paregabea! Milla esker Jauna mesede berri onegatik.

        Ez naiz, Jauna, eskerrak ematearekin kontentatzen. Berritu nai ditut, bataioko egunean eman nizkitzun itzak. Gaurdanik utzi nai det, eta uzten det Satanas betiko: eta Satanasekin batean uzten ditut beraren lagun, eta langilleak, edo mundu galdua, eta aragiaren, edo nere gura txarren naikunzak. Au da Zeruaren, eta gizonen aurrean eman nizun itza; eta au bera ematen dizut gaur ere betiko: Abrenuntio. Gaurdanik betiko utzi nai ditut, eta uzten ditut Satanasen obrak edo bekatua eta bekaturako bideak. Zoazte nigandik urrutira adiskidetasun gaiztoak, etxe anima galgarriak, eta lagun dongeen bilkui, edo batzarreak. Au da bataioko egunean eman nizun bigarren itza: eta au bera ematen dizut gaur ere: Abrenuntio. Gaurdanik betiko utzi nai ditut, eta uzten ditut Satanasen arrotasun, eta zorakeriak, dala janzian, janean, edanean, ta beste gauzetan, dala atsegin, eta jolasetan. Au da bataioko egunean nik eman nizun irugarren itza, eta au bera ematen dizut berriro benaz, eta biotz guzitik. Abrenuntio. Lagun zaikizkit arren, eta indazu zure lagunza ugaria, agindu dizudana leialki egiteko.

        Eta orain, nere anima, nor ote da gaur zugana etortzeko daogana? Gauz arrigarria! Errege guzien Erregea, Aita Santu guzien Aita Santua, Trinidadeko bigarren Persona, gugatik gizon egin zana, eta gugatik gurutzean bizitza eman zuana bera. Au guzia gutxi bazan bezala, guri ongi naiez jarri nai izan zuan Aldareko Sakramentuan, eta jartzen da Konsagrazioko itzak Apaizak esaten dituanean: eta gaur Sakramentu miragarri orretan zure biotzera etorri nai du. Nere anima, nondik zuri onenbeste mesede, eta ondasun? Arritzen, eta izutzen naiz, nere Jesus ona, Zu nere biotzera etortzeko zaudela gogoratzean; ez da alabaña nere biotz eskergabe au zure diñako tokia; baña izutzen ere naiz denbora berean zure itz oek aditzean: Ezpadezue gizonaren semearen gorputza jaten, eta odola edaten, ez dezue iritsiko betiko bizitza doatsua. Zer egin aldezaket bada onenbeste beldurren artean, nere Jesus ona? Aitrotzen det, ez naizala ni, Zu nere biotzera etortzeko diña. Eta zuk alaere nigana etorri nai! Egin bedi; nere animaren jabe maitagarria, egin bedi zuk nai dezuna; baña egizu zuk lenago, Erregeak, etxeren batera dijoazenean egin oi duena. Aurretik bidaltzen ditue oek etxea apaintzeko bear diran gauzak: bidaldu itzatzu bada Zuk ere, Errege guzien Erregea, nere animako etxe arlote onetara, Zu ongi artzeko bear diran apaindurak, edo Zeruko grazia, doai, eta birtuteak. Esazu itz bat, eta egiña geratuko da guzia. Atoz, nere salbatzallea; egin zaite nere animaren jabe. Atoz, Jainkoaren bildots bekatuak kentzen dituzuna, senda ezazu nere anima bekatuen zauriz betea. Atoz, Zeruko su animen berotzallea; zure amoriozko garrarekin aiena itzatzu nigandik bekatuaren kutsuak, eta onerako epeldasunak».

        Ekusten dezu, nere Kristaua, zer, ta nola egiñ gentzakean konfesatuta komuniorako? Ala egiten due askok, lenbiziko komunioaren liburutik: eta ojala guziok egiten bagendu! Ez ote gera emendik aurrera prestatuko, komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko eran? Onetarako bear diran asmo on-sendoak egiteko, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko, eta gogoan erabilli ditzakun aditzera gaur eman diran gauzak. (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, Sakramentu ori dala Zeruko ondasunen itsaso ondorik, eta bazterrik ez duana. Artzalleak ezin konta al izan arren, eta artu al guzia artuta ere, ez da agortzen, ez gutxitzen. Baña guk, ondasun oek ugari artzeko, eraman bear degu onzi egokia, edo biotz ederki prestatua. Onetarako garbitu bear da anima, bekatu larrietatik ezezik, benialen gogoetatik ere: apaindu bear da fede, esperantza, eta karidadearekin, eta Sakramentua artu bear da begiramentu andi batekin. Era onetan prestatutako onzi, edo biotzakin joan ote gera Jaunaren maiera? Ai! nere Jesus ona! Zenbat bide eta gai degun, negar egiteko zure aurrean!...

 

2

        Begira urrena, zeñ ederki igaro gentzakean Komunioko aurreko denbora piska lenbiziko komunioko liburuak erakusten digun eran. Alaere guraso asko dira aurrak eskolara bidaltzeko nagiak, edo obeto esateko sorrak, eta gorrak. Ezpaliz Erakuslerik, izango lukee eren zabarkeriaren edergarri egoki bat; baña Erakusleak diran ezkero, zer kontu emango degu Jaunaren aurrean? Ea, nere Kristaua, ez gaitezen engañatu, eta galdu betiko. Egin dezagun asmo oso bat, komunioko Sakramentuaren prestaeran gerok ez zabartzeko eta gure kontukoai bear dana erakusteko... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakus-aldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Gure Jesus ona! Andia izan da gure zabarkeria, zure ondasunak ugari artzeko, eskatzen dezun eran gure animak garbitzeko, eta apaintzeko: eta oraiñ ere ez gera gai onetarako zure grazia ta lagunza gabe; baña onekin batean guzia dezakegu. Ez arren ukatu grazia, ta laguntza au. Era onetan uste degu, emendik aurrera Zu biotz garbiarekin artzean zure grazian irautea, eta iristea betiraunde guzian zu alabatzea. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa