www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

EMEZORTZIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Konfesioko Sakramentuaren gañean zazpigarrena.

 

ALABATUA &

 

        Itzegin dizut, nere Kristaua, konfesio on bat egiteko bear dan lenengo gauzaren, edo examinaren gañean. Igaro gaitezen bigarrenera, eta da dolorea, edo egindako utsegiteen damua. Onen gañean lenbiziko Komunioko liburuak galdetzen du era onetan:

        «Konfesio on bat egiteko, bear dan bigarren gauza zeñ da? Eranzuten du dolorea, edo egindako utsegiteen damua. Zer doai, edo kondizio eskatzen ditu damu onek? Lau doai, edo kondizio. Zein dira? Lenengoa Zerutikakoa, edo sobrenaturala izatea. Bigarrena, barrendik edo biotzetik jaioa izatea. Irugarrena, bekatu larri, edo mortal guzietara zabaltzen dana. Laugarrena, kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea.

        Zer aditzen dezu Zerutikako damuaren izenez? Aditzen det, damu au dala Espiritu Santuaren lagunz, eta graziarekin sortzen dana. Aditzen det gañera, damu au sortzen dala, fedeak erakusten duan, damubide, edo motiboren bategatik. Zer aditzen dezu barrendik, edo biotzetik jaiotzen dan damuaren izenez? Aditzen det, ez dala asko auaz esatea: damu det Jauna, ez eta bularrari kolpe andiak ematea ere, baizik bear dala biotzetik egiaz, eta benaz sortzen dan damua. Zer aditzen dezu, bekatu larri guzietara zabaltzen dan, damuaregin? Aditzen det, ez dala asko bekatu larri batzuen damua, baizik bear dala guziena, Zer aditzen dezu kalte, eta gaitz guzien gañetikako damuaren izenez? Alako eran, eta añ biotzetik damutu bear zaiola bekatariari, non naiago lukean beste edozeñ kalte, eta gaitz gertatu balitzaio, ezen ez bekatuan erortzea».

        Ona konfesio on bat egiteko, bear dan damuaren gañean lenbiziko Komunioko liburuak dakarrena. Gai au andia da, eta andia ezezik guziz bearra, ta premiazkoa. Orregatik egingo det alegin guzia al dedan ongiena, eta argiroena itzegiteko damuaren gañean, iru erakusalditan. Gaur aditzera emango det, benik beñ: zeñ gauza bearra dan egindako utsegiteen damua, barkazioa iristeko. Urrena, zer doai bear dituan gutxienez damu onek. Atzenean, nola utsegin oi dan bear dan damua konfesiorako sortugabez. Asi gaitezen, Kristaua, bertatik.

 

 

§ I.

 

        Gizonak, bekatuari biotzean leen ematen dionean, uzten du bere Jaun, eta Jaungoikoa, eta biurtzen da emengo gauza debekatuetara: eta Jaunari egin dion bidegabearen barkazioa iristeko, gauza bearra da bekatariak damuaren bidez kentzea biotza emengo gauza debekatuetatik, eta aldatzea utzi zuan Jaunagana. Orregatik esaten digu berak: biur zaitezte nigana. Convertimini ad me. Añ bearra da biotzaren aldaera au, non gizon jakintsu askoren iritzian, Jaungoikoak berak ere ezin barkatu dezakean bekatua, aldatzen ezpada bekatariaren biotza, emengo gauzetatik beragana, damuaren bidez.

        Lege naturalean, edo Moisesen legeraño etzan konfesioko Sakramenturik, eta onezko damu, edo kontrizio osoarekin baizik, etzan arkitzen bekatariarentzat barkaziorik. Zer gertatu zan? Amilka zijoan gizona bekatuaren bideetan, ainbesteraño, non damutu zitzaion Jaunari, gizona egin zualako, eta Noe, ta beraren etxekoak ez, beste gizon, eta emakume guziak osotoro bukatu zituan, bidaltzen zituala mundu guzia estali zuen ujolak. Lege zarrean ere etzan Konfesioko Sakramenturik, konfesioaren iduriren bat bazan ere, eta etzan bekatuen barkaziorik onezko damu, edo kontrizio osoa gabe. Denbora onetan etzan len baño asko obea izan mundua. Etorri zan Jesus, eta gertatu zan guziaren berri ongi ziakianak bezala, ipiñi zuan konfesioko Sakramentua, bekatu guziak barkatzeko indarrez betea. Sakramentu onen bidez alde batetik erraztu zuan bekatuen barkazioa, zeren onezko damu, edo kontrizio osoa baño zerbait gutxiagorekin barkatzen dituan; eta bestetik utzi zigun sendagai txit andia bekaturik ez egiteko. Nork eztakus alabaña, bekaturik ezkutatuenak ere agertu, eta konfesatu bearrak atzeratzen duala gizona bekatu egiteko?

        Esan det onezko damu, edo kontrizio osoa baño zerbait gutxiagorekin barkatzen dituala bekatu konfesioko Sakramentuak: ala erakusten digu ala baña Trentoko Konzilioak; ez ordea damurik gabe. Au da fedeko gauza. Baña zer doai, edo kondizio bear ote ditu damu onek? Ez naiz ni sartuko, gai onetan Theologoak erabilli dituen auzi andietan; baizik aditzera emango ditut, guzien iritzian gutxienez konfesiorako damuak bear dituan, doai, edo kondizioak. Au da bigarren lekuan adirazteko, autu nuan gauza.

 

 

§ II.

 

        Konfesio ona egiteko bear dan damuaren lenengo doaia da Zerutikakoa, edo sobrenaturala izatea. Zerutikakoa beñik beñ, zeren Espiritu Santuaren lagunz, edo graziarekin baizik ezin sortu ditekean, Trentoko Konzilioak erakusten digun bezala. Bekatua da lize bat, nondik ezin irten gaitezkean, bidaltzen ezpadigu Espiritu Santuak Zeruko lagunza. Izan dedilla bekataria Salomon baño jakintsuagoa, eta Sanson baño ere indartsuagoa, ez da irtengo berez bekatutik. Eta zer diot irtengo ez dala? Ez du irteteko pensamentu bat ere egingo, ez gera alabaña gauza Jesus bat esateko ere ezpadigu bidaltzen Espiritu Santuak bere laguntza: dio S. Paulok: Nemo potest dicere Dominus Jesus, nisi in Spiritu Sancto. Damu Zerutikakoa, edo sobrenaturala diot gañera, zeren konfesio ona egiteko damua sortu bear dan fedeak erakusten duan damu bideren bategatik. Au onela! eta alaere izan degu ausardia Jaunaren kontra bekatu egiteko!

        Konfesio ona egiteko bear dan damuaren bigarren doaia da barrendik, edo biotzetik jaioa izatea. Ez da asko auaz esatea: Damu det Jauna, ez eta bularrari kolpe andiak ematea ere, baizik biotz osoz damutu bear zaio bekatariari, Jaunaren kontra egin dituan, bekatuaz. Biur zaitezte nigana biotz guzitik: urra itzatzue zuen biotzak, ez soñekoak: egizue biotz berri bat, esaten digu Jaunak, Joel, eta Ezekiel Profetaren autik.

        Konfesio ona egiteko bear dan damuaren irugarren doaia da bekatu larri, edo mortal guzietara zabaltzen dana izatea. Berez ez da premiazko gauza bekatu benialetara damu au zabaltzea, baña Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko ala egin bear degu alegiñean. Gañera, bekatu benialak baizik aitortzen ezpadira, orduan gauza bearra da oen guzien, edo oetatik baten damua sortzea: bestela ezta egingo konfesio ona. Ez da asko konfesio ona egiteko bekatu larri, edo mortal batzuen damua, baizik bear da guziena; Jaunak alabaña agintzen digu, biur gaitezela beragana biotz guzitik, eta egin dezagula biotz berri bana; eta bekatu larri guzien damua sortzen ezpada, ez da bekataria biurtzen Jaunagana biotz guzitik, baizik erdizka, edo laurdenka: eta ez du egiten biotz berria, baizik erdia zarra, eta erdia berria, edo obeto esateko guzia geratzen da zarra.

        Konfesio ona egiteko bear dan damuaren laugarren doai, edo kondizioa da kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa izatea: esan nai det, alako eran, eta añ benaz damutu bear zaiola bekatariari Jaunari egin diozkan bidegabeaz, non naiago lukean edozeñ kalte, eta gaitz gertatu, eta gertatzen balitzaio, ezen ez bekatuan erortzea. Era onetan prest arkitzen zan S. Paulo Jesus maitagarriaren ongi nai, eta amorioa ez uzteko, ez bizitzagatik, eta ez eriotzagatik. Askotan gertatzen da, emengo neke, ta naigabeak dakarten damua nabarbenagoa, eta aziagoa izatea bekatuen damua baño. Badira gurasoak maite dituen umeen eriotzarekin gaixotzen, eta iltzeko perillean jartzen diranak; baña ez due erakutsi onenbesterañoko bekatuen damurik. Jakob Patriarkak, Joseren ill berria eman zioenean, naigabearen anditasunez urratu zituan soñekoak, janzi zan zilizioz, eta denbora luzean negar egin zuan. Bildu ziran beste seme guziak, eta egin zuen alegiña Aitaren naigabea arintzeko; baña alperrik. Etzuan Patriarka Santuak damu añ nabarbena erakutsi bere bekatuen gañean. Ala ere bekatuen damua, añ agiria, ta nabarbena izan ez arren, andiagoa izango da bere balio, eta prezioan, baldin kalte, eta gaitz guzien gañetikakoa bada; zeren damu onekin biotza prest arkitzen dan, guzia galtzeko Jaunaren kontra bekatu ez egiteagatik. Ezkutu lodi bat andiagoa da onz-erdi bat urre baño; baña onek askoz balio andiagoa du.

        Lau doai oek gutxienez bear ditu, konfesio ona egiteko, sortu bear degun damuak. Berekin bear du bizitza ontzeko edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa, baña ez det onen gañean itzegin nai oraiñ, zeren gero berezkiro ukitu uste dedan asmo au. Bizitza ontzeko asmoarekin batean bear da konfesatzeko nai, edo borondatea. Atzenean oitu zaite, Kristaua, konfesatzeko prestaera egiten dezunean, akto fede, esperanza, karidade, eta kontriziozkoak alik ongiena egitera. Asko buruausitze due Theologoak erabakitzeko nolako, eta zeren sinistea, eta esperanza bear dan konfesio ona egiteko, eta neke au kentzen da akto fede, ta esperantzakoak egiten badira konfesiorako prestaeran. Oek ikasi ez dituanak, aurrena esan beza Kredoa, gero Aita gurea, eta atzenean Nere Jesu-Kristo Jauna. Kredoa ongi esaten, eta esaten duana sinisten duanak, egiten ditu Akto fedekoak, eta Aita gurearekin esperantzakoak. Dakuskun orain; nola utsegiñ oi dan bear dan damua sortu gabez.

 

 

§ III.

 

        Baldin arretaz begiratzen badegu, alde batetik zer doaiak eskatzen dituan konfesio ona egiteko bear dan damuak, eta bestetik zer prestaera egin oi dan erraz igerriko dezu, Kristaua, geienak bear dan damuagabe konfesatzen dirala. Ekusiko dituzu zenbait, akto fedekoak ez dakizkienak, eta fedearen argia piztugabe nola nai konfesatzera dijoazenak. Ekusiko dituzu asko emengo kalteren bat etorri artean, gozotoro dabiltzala bekatuaren bideetan, eta au datorkienean naigabe andiarekin, eta malko ugariakin aitortzen dituela beren bekatuak. Urliak negar egiten du, bekatua agertu danean, edo uste zuan era galdu duanean: Sandiak pena, ta naigabe andia dauka, arditik gabe bere burua dakusanean, zeren edanari, jokoari, alperkeriari ederretsi zion, edo ezin irozo zitzakean zorakerietan sartu zan. Onelakoen damua ez oi da izan Zerutikakoa, edo sobrenaturala, baizik emengo kalteetatik jaioa. Alaere emengo nekeak asko lagundu dezakee Zerutikako damura igotzeko. Abanjelioko seme ondatzallea, Aitak emandako ondasunak aitu zitzaizkan artean, etzan zentzatu: baña ekusi zuanean bere burua txerrizai, eta goseak igaroa, oroitu zan bere etxeaz: eta damu egiazkoarekin biurtu zan bere Aita onagana. Ekusiko dituzu asko, damu det Jauna esan arren, biotzik ez duenak bekaturako bideak, etxeak, eta lagunak uzteko, edo bakoitzari berea emateko. Oek ez due damuaren iduria baizik. Ekusiko dituzu asko bekatu batzuen damua nolerebait sortzen duenak, baña beste batzuena txit nekez. Urliak erraz sortuko du juramentu gezurrezkoen damua, baña ez bearbada birauena, zeren griña anziñakoa duan. Sandiari neke andigabe damutuko zaio ordikeriaz, baña ez saldu-erosian, egin dituan tranpaz, zeren kutiziari itsatsia daukan biotza. Berendiak erraz damu izango du lagun urkoari bota zion birauaz; baña ez, duana, eta ez duana edariari emateaz. Urliari neke andi gabe damutuko zaio mandamentu batzuen kontrako bekatuaz, baña lagun gaiztoakin biltzeaz? itz loiaz, keñada itsusiaz? ez, ez geienetan beintzat. Lasaikeria oen damu egiazkoa sortu baño len utziko du larrua. Au bera gertatzen da alperkeriari ederretsi dioenakin. Au bera errietako kargetan gaizki sartu, eta gaizki bizidiranakin. Atzenean Kristaurik, geienen bizitzari begiratu ezkero, zeregan esango dezu: gutxi dira kalte, eta gaitz guzien gañetikako damuarekin konfesatzen diranak, zeren erraz, eta alde aldean biderik iñork eman gabe uura bezala edaten dan bekatua. Baña asko da gaurko.

        Nere Kristaua, ez gaitezen izan arduragabeak animaren egiteko andian. Egin dezagun alegiña Konfesioko Sakramentua damu egiazkoarekin, eta sarritan artzeko. Era onetan Sakramentu onek barkatuko ditu gure bekatuak, eta aurrera Jaunaren aginduak leialki egiten ditugula, iritsiko degu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa