www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEI TA LAUGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean amabigarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Aldareko Sakramentuak dakartzian ondasunen gañean galdetzen du lenbiziko komunioaren liburuak gisa onetan.

        «Esangidazu, guziak artzen ditue komulgatzen diranean, ondasun oek? Eranzuten du: ez, Jauna, zeren asko diran komunio gaiztoak egiten dituenak. Zer bekatu da komunio gaiztoa? Sakrilejio guziz izugarria, zeren Judasen eran saltzen duan Jesus Jaungoiko biziaren semea, eta beregan danez berriro ipintzen duan gurutzeko neke-oñazeen artean; orregatik jaten, eta edaten du, S. Paulok dionez, bere betiko galera.

        Komunio gaiztoa ez egiteko zer bear da? Iru gauza: lenengoa, zer, eta nolako prestaerarekin artu bear dan jakitea. Bigarrena, Jaunaren grazian egotea. Irugarrena, barau naturalean, edo gau erdia ezkero, ezer ere jan, eta edan gabe egotea. Onezko damu, edo kontrizioarekin Jaunaren grazian jartzen bada bekataria, komulgatu ote diteke? Konfesio gabe ez Jauna. Iltzeko perillean Sakramentu au artzen duanak Biatikoaren eran, artu ote dezake baraurik egon ez arren? Bai Jauna. Esan dituzun iru gauz oek asko ote dira komunioko Sakramentuaren ondasunak artzeko? Asko dira gizon jakintsuen iritzian, Sakramentuaren ondasunetatik zerbait artzeko, baña ez ugari artzeko. Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, zer geiago bear da? Bost gauza. Zeñ dira? Lenengoa da, garbitzea anima bekatu larrien loietatik ezezik, benialen gogoetatik ere bai. Zergatik garbitu bear da anima bekatu benialen gogoetatik? Zeren ala aditzera eman zigun Jesu-Kristok, Apostoluai oñak garbitzean, eta gañera, zeren bekatu benialak ezaguera osoarekin, eta ardura gabe egiten badira, galtzen diran Sakramentu onen ondasunetatik asko. Zeñ da bigarrena? Anima ederki apaintzea fede, esperanza, karidade, eta beste birtuteen afektoakin. Zeiñ da irugarrena? Asmo, edo intenzio garbia? Zer aditzen dezu asmo, edo intenzio garbiaren izenez? Aditzen det, komunioko Sakramentua artu bear degula, ez bortxaz, edo borondate gabe; ez besteak egiten duena egiteagatik; ez oitura utsez, baizik bizitza onean, eta Jesu-Kristoren amorioan aurreratzeagatik, eta beste onen anzeko fiñen bategatik. Zeiñ da laugarrena? Janzian modestia. Eta onela dijoaz arrotasun andiarekin janzirik, edo bear bada bularrak estali gabe Komunioko maiean jartzen diranak? Ez, Jauna, eta orregatik ukatu bear zate Sakramentua. Zeiñ da bostgarrena? Beldur santu, eta errespeto andi bat erakustea egoeran, begiratzean, eta modu guzietan, Noren maiean jarri, eta Nor artu bear dan, begiraturik». Orra lenbiziko komunioaren liburuak gai onetan erakusten diguna.

        Azkeneko bi Erakusaldietan aditu dezu, Kristaua, zeñ bekatu itsusia dan komunio gaiztoa. Gaur ekusi bear degu, aurrena: zer bear dan Komunio gaiztoa ez egiteko. Urrena zer bear dan Sakramentu miragarri orren ondasunak ugari artzeko. Atzenean emendik aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Komunio gaiztoa ez egiteko bear diran gauzetatik bat da zer, eta nolako prestaerarekin artu bear dan jakitea. Ala ikasi zenduan, Kristaua, aurtasunetik, eta erakusten digu lenbiziko komunioaren liburuak. Anziñako denboran aur jaioberriai ere eman oi zitzaten leku batzuetan komunioko Sakramentua bataioarekin batean, baña obeto iritzi zion Eliz Ama Santak ezagueran sartugabeko aurrai Sakramentu au ez ematea, eta nai du, Sakramentu onen ondasunen ezaguera, eta gustoa izan dezeen artean itxedotea. Au onela egiten ezpada, gertatuko da aurrera ere, len askotan gertatu dana. Zer ote? Jaun andi ori prestaera, ta begiramenturik gabe nola nai artzea. Zer geiago? Zartuta ere ez jakitea zenbaitek, nola moldatu ditezkean Jaunaren maian jartzeko. Ai guraso zabarrak! Baziñakie, nolako kalteak datozen aurrak eskolara ez bidaltzetik! Baziñakie zeñ kontu estua eman bearrak zeraten Jaunaren aurrean!

        Komunio gaiztoa ez egiteko, bear dan bigarren gauza da Jaunaren grazian egotea; ala erakusten digu gure fede Santak. S. Paulok esaten digu: proga dezala bakoitzak bere burua, Probet autem se ipsum homo: eta gero jan dezala Zerutik gugana jatxi dan ogi orretatik: Et sic de pane illo edat. Zer aditzera ematen ote digu S. Paulok itz oetan? Begira degiogula bakoitzak bere biotzari, eta arkitzen badegu bekatu larri, edo mortalen bat, Konfesioko Sakramentuaren bidez barkatu ez dana, ez gaitezela jarri Jaunaren maiean. Ala aditzen ditu Trentoko Konzilioak S. Pauloren itzak: Eam probationem esse necesariam, ut nullus sibi conscius peccati mortalis... accedeser debeat. Orregatik anziñako denboran komunioko aurrean otsegiten zuan Diakonoak Sancta Sanctis.., esaten bazuan bezala: Sakramentu miragarri au Santuentzat ipiñia dago, eta ez datorrela bekatuan dagoanik. Eta ez da asko Jaunaren grazian nola nai jartzea bekataria, baizik jarri bear du Konfesioko Sakramentuarekin. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak.

        Komunio gaiztoa ez egiteko bear dan irugarren gauza da barau naturalean, edo gau erdia ezkero ezer ere jan, eta edan gabe egotea. Luterok, eta hereje askok ez due ezertan artu barau au, baña guk, Eliz Ama Santak erakusten diguna, entzun, eta egin bear degu, ez Elizaren etsaiak daraustena. Ez dakigu noiztanik agindu zuan Elizak barau au, baña bai anziñatik agindua dagoala. Alaere Sakramentu au artu dezakee, eta artzen due eriotzako perillean arkitzen diranak, baraurik egon ez arren, eta perillak badirau, ar dezake sarritan, edo konfesoreak ongi deritzan aldi guzietan.

        Iru gauz oek askok dira, gizon jakintsuak erakusten diguenez, Komunio gaiztoa ez egiteko: eta au aditzera ematen digu Trentoko Konzilioak. Baña asko ote dira Sakramentuaren ondasunak artzeko? Batzuek dioe, iru gauz oez gañera gauza bearra dala komunioko denboran jaiera, edo debozioa, eta bekatu benialen gogoetak ere aienatzea. Emendik iritzi onek dionez, asko, edo obeto esateko, banakaren batzuek ez, beste guziak Sakramentu orren ondasunak dastatu, eta progatu ere gabe bizi dira, bekatu larririk ez izan arren. Baña Teologorik geienak Santo Tomasekin erakusten digue, komunioko Sakramentuaren ondasunak dirala asko; oetatik bat da grazia ugaritzea. Ondasun onetatik zerbait artzen due Jaunaren grazian komulgatzen diran guziak, ez ordea jaiera, ta prestaera onarekin komulgatzen diranak bezala. Beste ondasuna da animako poz, eta atsegin-kontentu bat, alaitzen duana gizona, emengo neke, ta gurutzeen artean gogotik Jauna serbitzeko. Eta animako poz, eta atsegin au ez oi due artu Jaunaren grazian komulgatzen diran guziak, baizik Jaunaren grazian egoteaz gañera, jaiera, ta prestaera eder batekin Jaun bera artzen duenak. Eta ona zergatik geienak, komunio askoren ondoren, erkituak bezala arkitzen diran animaren aldetik; ez dira alabaña bear dan jaierarekin prestatzen Jaun andia artzeko. Dakuskun oraiñ, zer bear dan Sakramentu miragarri orren ondasunak ugari artzeko.

 

 

§ II.

 

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko bear diran gauzak, ukitzen dira lenbiziko komunioaren liburuan; baña ugarixeago adirazi bear dira, ongi aditu ditezen. Lenengo gauza da garbitzea anima, bekatu larrien loietatik ezezik, benialen gogoetatik ere bai. Bekatu benialak batzuek dira igaroak, au da len egin badira ere, komunio denboran egiten ez diranak. Demagun, nere Kristaua, zuk utzi dezula bekatu oetarako gogoeta, ta naikundea: orduan bekatu benial oek ez dizue eragotziko Sakramentuaren ondasunak ugari artzea. Ala erakusten digu Santo Tomasek. Beste bekatu benial batzuek dira komunioko denboran bertan egiten diranak. Gerta diteke au era askotara. Lenengo lekuan Sakramentua artzen bada, munduaren begietan onaren iduria egiteko. Bigarrena, komunioko denboran gogoa badauka batek bere naiez munduko aurkerietan. Irugarrena, denbora artan bertan gogoa itsatsia badauka bekatu benialen batzuetan, egin dezagun kontu onra, ondasun, apaindura, erausi, jan, edan, eta beste onelako gauzetan. Laugarrena denbora artan egiten bada, Sakramentuari zor zaion begiramentu, edo errespetoari ongi ez dagokan gauzaren bat, dala begiratzean, dala beste moduren batean. Bekatu oek (berenez benaialak izan arren) eragozten due komunioko ondasunak ugari artzea. Orregatik arreta andiarekin utzi bear ditugu, ez bekatu larriak bakarrik, baita benialen gogoak ere Jaunaren maiean jartzeko. Au aditzera eman zigun Jesus onak, Apostoluai oñak garbitzean. Badakit, Kristaua, izango ditugula bekatu benialak, prestaerarik ederrena eginda ere, baña denbora berean utzi dezakegu aetan irauteko, eta aek egiteko nai, eta gogoa.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko bear dan bigarren gauza da anima ederki apaintzea fede, esperantza, karidade, eta beste birtuteen afektoakin, eta au erakusten da lenbiziko komunioaren liburuan. Etxeren batera Errege batek joan nai duanean, ez da asko etxea garbitzea, baizik alik ongiena apaindu bear da. Eta au onela egin bear bada munduko errege bat etxean artzeko zer egin bear ez da Errege guzien Erregea gure biotzetan artzeko? Orregatik piztu bear da fedearen argia, eta argi onekin gogora ekarri bear degu, Nor dan gugana datorrena, norgana, eta zertara datorren. Emendik erraz piztutzen dira esperanza, eta karidadea. Baña zer gertatzen da? Asko ez dira gauz oetara saiatzen, eta artzen due Jaun Andia nolanai, edo jaieraren apurgabe.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, bear dan irugarren gauza da, asmo, edo intenzio garbia. Eta gutxi ote dira asmo au gabe Jaunaren maian jartzen diranak? Ez noaski. Oetatik izan oi dira bortxaz, edo gogoaren kontra berandutik berandura datozenak. Oetatik dira, Jauna artzen duenak, ez bizitza ondu naiez, baizik oitura utsez? Orregatik alik ongiena garbitu bear degu gure asmo, edo intenzioa, artzen degula Jauna bizitza onean irauteko, eta Jesusen amorioan aurreratzeko gogoz, edo onen anzeko fiñen bategatik. Gañera sortu bear degu, Sakramentu orren ondasunak artzeko gose, eta egarria, zeren gogo gabe artzen dan janariak on gutxi egin dezake. Zeruko janari onek artzalleagan eskatzen du gosea, dio S. Agustiñek, eta anziñatik esan zuan Dabidek: gose dan anima ondasunez bete, eta aseko zuala Jaunak: Animam esurientem satiabit bonis.

        Komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, bear dan laugarren gauza da janzian modestia. Ez da ongi Jaunaren maiean jartzea soñeko enasakin, ez eta arroakin ere, eta are gutxiago goiak salgai bezala erakusten dirala. Orregatik Aita Santu Inozenzio, eta Klemente Amaikagarrenak agindu zuen, ez dakiela konfesio, ta komuniorako lekurik eman bularrak, eta sorbalda estali gabe datozenai. Agindu zuen gañera, ez ditezela izan estalkiak lasaiak, baizik tapituak. Ez da (Jaunari eskerrak) gure errietan alde onetatik gauz andirik ekusten, eta dirudi emakumeak elkarren leian darraizkala modestiari. Baña neke da, askoren artean buru arro, edo txoraskaren batzuek ez arkitzea: eta noizean beiñ ekusiko dira manteliña lasaiak, gorputz guzia erakusteko egokiak. Ekusiko dira goiak ongi estaltzen ez dituenak, eta orratzik ipintzen ez duenak. Ekusiko dira dagoten baño apaindura geiago darabiltenak. Eta ez ote dira gizonen artean ere gizantx, edo anyere biurtu diranak? Oek guziak galtzen ditue komunioko Sakramentuaren ondasun ugariak.

        Azkenean komunioko Sakramentuaren ondasunak ugari artzeko, jarri bear da Jaunaren maian begiramentu, eta beldur andi batekin, gogora ekartzen dala, Noren maiean jarri, eta nor artu bear dan. Testamentuko kutxa etzan Sakramentu orren iduria baizik. Alaere nai izan zuan Jaunak, kutxa oni begiramentu andi bat gordetzea, alako eran, non berrogei, ta amar milla Betsamita ill-otzak geratu ziran, zeren saloegi ibilli ziran kutxa ekusi naiez. Nolako begiramentu, eta beldurra zorko ez diogu bada Sakramentu orri, testamentuko kutxari alakoa zor bazitzaion?

        Orra, nere Kristaua, zer bear dan komunioko Sakramentuaren ondasunak naroro, edo ugari artzeko. Erraz emendik igerri dezakegu, zergatik gu beti arkitzen geran animaren aldetik gauden bezeñ beartsu; baña au are obeto ezagutzeko, eta bear diran asmo onak ateratzeko, jarri gaitezen Jaunaren aurrean belauniko, eta gogoan erabilli ditzakun gaur ukitu ditugun gauzak. (Jartzen dira guziak belauniko, eta Erakuslea ere bai).

 

1

        Begira, Kristaua, lenengo lekuan, zer bear dan komunio gaiztoa ez egiteko. Gutxienez Jaunaren grazian egon bear da. Baña zenbat dira graziaren soñeko ederra gabe Jaunaren maiean jartzen diranak? Batzuek lotsaz bekatuak aitortu gabe bizi diranak; besteak lagun urkoen gorrotoa biotzean gordetzen duenak; batzuek bekaturako bideak, eta anziñako oitura zarrak uzteko biotzik ez duenak; besteak lagun urkoari, edo erriari egindako kalteak desegiten ez dituenak, edo umeai Zerurako bidea erakusteko arretarik ez duenak. Oek Jaunaren maiean jartzen dira graziaren apaindura gabe. Zer esaten ote die onelakoai Jesus onak? Esaten die eztaiera soñeko egokirik gabe sartu zanari esan zitzaiona: Adiskidea, nola zatoz mai onetara, eztaietako soñekoa gabe? Amice, quomodo huc intrasti, non habens vestem nuptialem? Zer geiago esaten die? Judasi esan ziona, musuka, ta adiskidearen idurian bere etsaien atzaparretan ipiñi zuanean; Judas, adiskidea baziña bezala, musu ematen didazu, eta nere etsaien eskuetan ipintzen nazu? Juda, osculo filum hominis tradis? Kristaua, eta gu nola ote goaz Jaunaren maiera?...

 

2

        Begira urrena, zer bear dan, Sakramentu orren ondasunak naroro, edo ugari artzeko. Onetarako ez da asko bekatu larri, edo mortalik ez izatea, baizik garbitu bear da anima bekatu benialen gogo, edo borondatetik ere: apaindu bear da anima fede, esperanza, eta karidadearen birtuteakin: Sakramentua artu bear da asmo, edo intenzio garbiarekin, ez bortxaz, ez oitura utsez. Joan bear da janzian modestia andi bat erakusten dala; begiramentu, eta beldur andi batekin. Ongi, nere Kristaua eta nola joan ote gera gu Jaunaren maiera? Garbitu ote degu anima bekatu benialen autsetatik? edo aetara biurtzeko gogoetatik? Ai! gutxi dira au egiten duenak. Apaindu ote degu anima fede, esperanza, eta karidadearen birtuteakin? Asko dira gauz oez oroitzen ere ez diranak. Ez ote gera askotan jarri Jaunaren maiean oitura utsez, Sakramentuaren ondasunak artzeko gose, eta egarri gabe? eta atzenean begiramentu, eta beldur santurik gabe? Ez da beraz miretsitzeko gauza, baldin komunioko ondasunetatik gutxi artu badegu. Nere Kristaua, ez da au gauza negargarria? Ez ote gera oraiñ bederik saiatuko, Sakramentu miragarri orrek eskatzen duan prestaera ongi egitera?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Kristaua, gure animen jabe, eta salbatzalle Jesus maitagarria etorria dago Sakramentu orretara, guri eman al guzia emateko, eta naroro ematen diezte prestaera onarekin artzen duenai; baña guk guzia galdu degu, animako gauzetan degun nagitasun, eta zabarkeriarekin. Zer egiñ aldezakegu, etorri zaizkigun kalteak desegiteko? Ez dago beste biderik, ezpada oraiñdañokoaz Jaunari barkazioa eskatzea, eta aurrera gure arreta egunetik egunera ugaritzea. Egin dezagun au, eta Sakramentu orren ondasun, eta laguntza ugariak artuaz iritsi dezakegu gure egunak ongi bukatzea, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa