www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Zazpi sakramentuen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1808, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA AMASEIGARREN ERAKUSALDIA

 

baña Aldareko Sakramentuaren gañean laugarrena.

 

ALABATUA &.

 

        Azkeneko aldian ekusi zenduan, Kristaua, zer ematen digun Jesus onak Sakramentu orretan, edo ematen digula eman al edo bera dan guzia. Oraiñ lenbiziko Komunioaren liburuak galdetzen du gisa onetan.

        «Esan dezu len, Komunioko Sakramentuari deitzen zaiola guziz miragarria, zeren mirari guzien artean andiena, guzien oroipena, eta guzien miragarritasuna berekin duana dan. Esazu zer gauza miragarri egiten ditu Jesu-Kristok, Sakramentuan jartzean, eta jarri ezkero? Asko, eta oen artean zortzi txit arrigarriak. Zeñ dira? Lenengoa, konsagrazioko itzak esaten diran une, edo puntuan bertan jartzea Sakramentuan Jesus Jaungoiko eta gizon egiazkoa, naiz izan Apaiza ona, naiz ez, naiz Katolikoa, naiz herejea. Bigarrena, ezin konta al Elizetan egun oro jartzea, eta egotea Jesu-Kristo, Zeruko bere jarlekua utzi gabe. Irugarrena, konsagrazioko itzak esatean bertan biurtzea len ogi zana Jesu-Kristoren gorputz, eta len ardo zana Jesu-Kristoren odol. Laugarrena, Konsagrazioko itzak esan ondoan ogirik, eta ardorik batere Sakramentuan ez geratzea, baña bai ogi-ardoen anz, eta iduriak, nola diran usaia, kolorea, gusto, eta indarra.

        Bostgarrena, ogiaren, eta ardoaren anz, eta iduri oek artzen dituanari ematea, ogiak eta ardoak adiña indar. Seigarrena, ostia batek duan bezeñ toki txikian jartzea, eta egotea Jesu-Kristo Jaungoiko, eta gizon egiazko. Zazpigarrena, ostia erdiratzen, eta puskatzen danean, ez puskatzea Jesu-Kristoren gorputza, eta puskatu ordean, osorik arkitzea puskarik txikienean ere. Zortzigarrena, bizirik, eta Zeruan dituan, doai, eta edertasun guziarekin jartzen bada ere, illaren eran egotea Sakramentuan. Nola gerta ditezke gauz añ miragarriak? Jaungoikoak nai izate utsarekin. Sakramentua agertzen, edo Sagarako denboran goratzen duenean, zer ekusten dezu? Ez ogirik, zeren ez dagoan: ez Jesu-Kristo, zeren ezkutatua dagoan, baizik ogiaren anz, eta iduria». Orra, lenbiziko Komunioaren liburuak gai onetan dakarrena.

        Komunioko Sakramentua Jesusen guganako amorioaren mirari, edo milagroa da, len esana dagoan bezala: Miraculum amoris. Amorio au agertu du gugana etortzeko, eta gurekin bizitzeko izan zuan egarri andian. Agertu du Sakramentu on ipintzeko denboran gertatu ziran gauz arrigarrietan. Agertu du Sakramentu orretan ematen duanarekin, leneko Erakusaldietan aditu dezun eran. Ez du gutxiago agertu, Sakramentu orretan jartzean, eta jarri ezkero egiten dituan gauza miragarrietan. Gauz oek ukitzen ditu ederki liburuak, baña laburkiro. Orregatik gauza berak ugarisêago adiraztea izango, da gaurko Erakusaldia eta ondoren aterako degu otoiz, edo orazioaren gaia. Enzun kontuz.

 

 

§ I.

 

        Ongi nai, eta amorioaren anditasuna igerritzeko, obrai begiratzea da biderik egokiena: eta bide oni jarraitu nai badiozu, ezagutuko dezu, Jesusen guganako ongi nai, ta amorioa Sakramentu orretan, dala geiegia, eta neurrirk ez duana.

        Zer ote da Sakramentu orretan jartzean, eta jarri ezkero Jesusek egiten duana? Apaizak Konsagrazioko itzak esaten dituan unean bertan jartzen da Sakramentuan Jesus Jaungoiko, ta gizon egiazkoa, naiz izan Apaiza ona, naiz ez, naiz Katolikoa, naiz herejea, Au da nere gorputza, esan zuan Jesu-Kristok, eta nork izango du ausardia Jesusek esana ukatzeko, edo ez sinisteko? Nik oraiñ egin dedana, egizue zuek ere, nizaz oroitzen zeratela: Hoc facile in meam Commemorationem. Jesusek emandako esku onekin Apaizak esaten ditu Jesusen itzak berak, eta bereala jartzen da Jesus Sakramentuan. Ala erakusten digu gure fede Santak, eta sinisten degu Katoliko guziok. Gauz arrigarria! Nor da alabaña, Sakramentu orretara datorrena? Jesus Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, gauza guzien Egillea. Eta nor da Mezemalle konsagrazioko itzak esaten dituana? Gizon bat bere griña txarrak dituana, bearbada, birtutetsua, eta bearbada Judasen anzekoa. Alaere gizon errebes onen otsera jartzen da Jesus Sakramentuan? eta jartzen da onelako gizonak nai duan denboran, nai duan lekuan, eta nai duan adiñatan? Arritu zaitezte Zeruak, arritu Zeruko Aingeruak, eta lurreko anima onak! Josue pelean ari zan beñ Amorreoen kontra. Izutu ziran Amorreoak, eta asi ziran iges egiten. Beldurtu zan Josue, illundu zekion etsaiak osotoro desegin baño len. Altxa zuan biotza Jaunagana, eta agindu zion eguzkiari, zegoala geldirik: Sol, contra Gabaon ne movearis. Eguzkia Josueren otsera geratu zan, eta izan zuan Josuek bere etsaiak urratzeko denbora. Baña zer da au Aldareko Sakramentuan gertatzen danaren, aldean? Ezer ez Josueren otsera alabaña beñ bakarrik geratu zan eguzkia; baña Apaizaren otsera jatxitzen da Sakramentura Jesus, Eguzkiaren egillea; egun oro, eta egunean asko aldiz, Josue zan Jaunaren adiskide andia; baña beñ baño geiagotan gerta diteke, Apaiza gizon errebes bat izatea. Eta ala ere jartzen da Jesus onelako gizonaren otsera Sakramentu orretan!

        Sakramentu orretan egiten dan bigarren gauza miragarria da ezin konta al Elizetan egun oro jartzea, eta egotea Jesu-Kristo Zeruko bere jarlekua utzi gabe. Igo zan Jesus Zeruetara, eta an dago eserita bere Aitaren eskuiean eta ango jarlekua utzi gabe jartzen da Sakramentuan ezin konta al Elizetan. Nola au gertatzen dan, ez da erraz itzez adiraztea, baña fedearen argiarekin iristen degu, egin dezakeala Jaunak, eta osotoro sinistu bear degu, dio Trentoko Konzilioak. Ostegun Santu arratsean jarri zan Jesus Sakramentuan, maiean zeukan lekua utzigabe. Zergatik ez dezake egin au oraiñ ere, Zeruko bere tokia utzi gabe?

        Sakramentu orretan Jesusek egiten duan irugarren gauza miragarria da, konsagrazioko itzak esaten duan denboran len ogi zana biurtzea bere gorputz, eta len ardo zana bere odol. Deitu zuen, beñ Kana zeritzan Galileako erri batera eztaietara. Aittu zan ardoa, eta uura biurtu zuan ardo. Mirari andia zan au, eta ez da gutxiago konsagrazioko itzakin Apaizak egiten duana.

        Sakramentu orretan Jesusek egiten duan laugarren, gauza miragarria da konsagrazioko itzak esan ezkero, ez geratzea Sakramentuan ogirik, eta ardorik, baña bai ogi-ardoen anz eta iduriak, nola diran usaia, kolorea, gusto, eta indarra. Ala erakusten digu fedeak, eta sinisten degu guziok. Demagun Eliz onen pareteak erortzen dirala lurrera, eta ala ere airean daudela tellatuak. Zer esango genduke, nere Kristaua? Zer ezpada mirari, edo milagro andi bat gertatu dala? Tellatuak alabaña ezin dautezke airean irozgarri gabe, mirari andi bat egiten ez duala Jaunak. Ez da gutxiago gertatzen Sakramentu orretan ogi-ardoen anz, edo Akzidenteakin. Oen irozgarri, edo pareteak bezala dira ogiaren, eta ardoaren izatea: eta ez dago au Sakramentuan konsagrazioko itzen ondoren. Alaere geratzen dira ogiaren, eta ardoaren usaia, kolorea, gustoa, indarra, biribiltasuna. Sakramentu on agirian dagoanean, oraiñ bezala, ogia ekusten degula dirudi; baña fedeak erakusten digu, ekusten degun ori, ez dala ogia, baizik ogiaren-anza, eta anz onekin ezkutatua dagoala Jesu-Kristo.

        Sakramentu orretan Jesusek egiten duan bostgarren gauza miragarria da ogiaren, eta ardoaren anz, eta iduriak artzen dituanari ainbeste indar ematea, nola emango liokeen ogi, ta ardoak. Demagun, kaliz andi batean konsagratzen dirala Malagako ardotik bi pitxarra. Konsagrazioko itzen ondoren ez da an egongo ardorik, baizik ardoaren anz, eta iduri utsa. Alaere iduri oek izango lukee orditzeko indarra ardoak bezala.

        Sakramentu orretan Jesusek egiten duan seigarren gauza miragarria da ostia batek duan bezeñ toki txikian jartzea, eta egotea Jesu-Kristo Jaungoiko, eta gizon egiazkoa: eta zenbat diran, konsagratzen diran ostiak, beste ainbestetan jartzen da. Ez da iristen gizonaren adimentuak, nola gertatzen dan au, baña fedeak erakusten du, ala gertatzen dala, eta sinistu bear degu guziok. Ezpagendu sinistu bear, gure adimentuak iristen duana baizik, txit gauza gutxi sinistu bearko ginduke.

        Sakramentu orretan Jesusek egiten duan zazpigarren gauza miragarria da ostia erdiratzen eta puskatzen danean, ez puskatzea Jesu-Kristoren gorputza, eta puskatu ordean osorik arkitzea puskarik txikienean ere zenbat gauza miragarri ez dira arkitzen onetan bertan?

        Atzenean, Jesus ona bizirik, eta Zeruan dituan doai, eta edertasun guziarekin jartzen bada ere, illaren eran egotea Sakramentuan, ezkutatzen dituala bere doaiak ogiaren, eta ardoaren iduriakin, odei batekin bezala. San Juan Abanjelistak Profetaren begiakin begiratu zion Jesusi Sakramentu orretan, eta dio, ekusi zuala bildots illaren eran: Vidi agnum stantem tanquam occissum. Zergatik ezkutatzen ote ditu Jesusek era onetan bere edertasuna, eta doaiak? Anima onak dijoazkion beren biotzetan artzera; zeren bestela izuturik ez lirakean atrebituko beraren maiera joatera, ez eta begiratzera ere.

        Ekusten dezu, Kristaua, zeñ gauza miragarriak egiten dituan Jesusek Sakramentu orretan? Ekusten dezu, zeñ ederki agertu, eta agertzen duan bere guganako ongi nai, ta amorio geiegia? Eta alaere ez degu guk serbitu nai Jaun au? Nor serbituko degu, Jaun au serbitu nai ezpadegu? Jarri gaitezen beraren aurrean belauniko; gogoan erabilli ditzakun gaur ukitu diran gauzak, eta egin dezagun asmo oso bat, Jaun au serbitzeko beti benaz, eta biotz osoarekin. (Jartzen dira guziak belauniko, eta erakuslea ere bai).

 

1.

        Begira, Kristaua, zeñ gauza miragarriak egiten dituan Jesusek Sakramentu orretan, eta nola oekin agertzen duan guganako ongi nai, ta amorio baztergabe bat. Dana dala Mezemallea, onen otsera jatxitzen da Aldarera, len ogi zana biurtzen da Jesusen gorputz, eta len ardo zana Jesu-Kristoren odol: eta (utzirik beste mirari asko) gure biotzera etortzeagatik, ezkutatzen ditu bere doai, eta edertasuna, eta jartzen da, nork nai erraz artu dezakean eran. O ontasun, eta amorio baztergabea...

 

2.

        Begira urrena, zer egin degun guk, ainbeste gauza miragarri guri ongi naiez egin dituan, Jaunagatik. Zer? Jaun orrez azturik, bekatua bekatuaren gañean egitea baizik? Ez ote degu Jaun au serbituko?... (Altxatzen da Erakuslea belaunikatua dagoan tokitik, eta bukatzen du Erakusaldia oraiñ ipiñiko dan eran).

        Ekusi dituzu, Kristaua, edo aditu Jesus onak gure amorioz Sakramentu orretan egiten dituan, gauza miragarriak, eta guk beragatik zer egin degun. Orregatik espa andiakin dio: autsi dezu nere Legearen uztarria: urratu dituzu nere aginteen lotura guziak, eta esan dezu: ez det Jaun au serbituko: Confregisti jugum meum, rupisti vincula mea, et dixisti: Non serviam. Kristaua, Jesusen espa oek bidezkoak dira, eta eskatzen due, guk lenbait len gure eskergabekeriak damu egiazkoarekin desegitea, eta aurrera bizitza on-eder bat egitea. Egin dezagun au, onela iristeko gure bekatuen barkazioa, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

 

aurrekoa hurrengoa